2025-12-31
Blog Page 189

Murriztuz doa bila ari denari lana topatzeko lan merkatuak duen gaitasuna

Guztion lan eta bizi baldintzen alde azaroaren 30ean egingo den Greba Orokor Feministaren garrantzia azpimarratu du LAB sindikatuak.

Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian: 3.614 langabe gehiago daude eta azken hilabetean %3 hazi da langabetuen kopurua. Azken hilabetean herrialde guztietan langabezia igo arren, Araban azpimarra jarri behar da, pasa den urtetik hona igotzen jarraitzen baitu.

Emakumeek langabetuen gehiengoa izaten jarraitzen dute, zehazki %58,40. Era berean, emakumeen lan baldintzak prekarioagoak dira, kontratu motak ere aztertuz gero. Batetik, lanaldi osoan emakumeen %57,7 dagoen bitartean, gizonezkoak %78,7 dira. Bestetik, lanaldi partzialekin alderantziz gertatzen da, emakumeen %25,4k baitu lanaldi partziala eta gizonen %10,9k.

Espainiar estatuko azken lan erreformak ere emakumeen egoeran eragin negatiboa izan du. Izan ere, kontratu mota guztiak kontutan hartuta, aldizkako kontratu finkoak %4,1 igo badira ere, emakumeen artean igo da kopuru hau bereziki (%5,4 emakumeen artean, %2,8 gizonezkoen artean). Beraz, aldizkako kontratu finkoen artean, %64,08 emakumeei dagokio. Hala ere, eragina lan merkatu osoan izaten ari dela esan dezakegu. Izan ere, azken hilabetean 8.369 kontratu gutxiago egin dira eta egin direnen artean, %74,40 behin-behinekoa izan da. Kontratu guztien artean mugagabeak igo izanak ez du merkatuaren egonkortasun edota lan baldintzen hobekuntza nabarmenik ekarri, aldizkako finkoak baitira igoera hori hauspotu dutenak.

25 urtetik beherako langabeziak pasa den urtetik hona izan duen gorakada kezkagarria da. Izan ere, %6,86 egin du gora gazteen langabeziak, epealdi berean langabezia orokorra %2,36 jaitsi arren.

Sektore guztietan ere antzeko proportzioan igo da langabezia. Zerbitzu sektoreak gero eta pisu gehiago duenez ekonomian zein lan merkatuan (afiliazioaren %73,27 zerbitzu sektoreari dagokio), sektore honetan langabezian gelditu den langile kopurua nabarmen handiagoa da, 2.645 langabe gehiago baitaude zerbitzuetan. Azken hilabetean langabezian dauden herritarren %70,06 zerbitzu sektoreari dagozkio.

Pasa den hilabetetik hona, aurreko enplegurik gabeko herritarren kopuruak gora egin du Hego Euskal Herrian eta datu honek azaldu dezake langabeziaren gorakada, afiliatu kopuruak gora egin baitu. Izan ere, lan bila ari diren herritar gehiago dago (pasa den hilabetean baino 3.614 gehiago), lana topatu dutenak baino (451 afiliatu gehiago). Hori dela eta, lan bila ari diren herritarrei lana topatzeko merkatuaren gaitasunak behera egin du azken hilabetean. Beraz, lan baldintzen prekaritatean oinarrituriko enplegua handituz doan bitartean, enplegua sortzeko zailtasun gero eta handiagoak ditu lan merkatuak. Bi errealitate hauek Hego Euskal Herrian dagoen Prekaritate Indizea handitu besterik ez du egingo. Gogora dezagun bi herritarretik bat prekarioa dela, enplegua izan arren, bizitza duina bermatzeko diru sarrera nahikorik ez duena.

Hilabete honetako datuek egoeraren gordintasuna agerian utzi eta lan merkatuan sortzen ari diren pitzadurak sistema aldatu ezean konponezinak direla erakusten dute. Hilabete honetan ere badugu aukera zaintza erdigunean izango duen eredu berri baten alde kalera ateratzeko, feminista izango den ereduak guztion lan eta bizi baldintzak hobetuko baititu. Beraz, eta amaitzeko, langile klase osoari azaroaren 30eko Greba Orokorrean parte hartzeko deia luzatzen dio LABek.

Zazpi kaleratze Guascor Energy R & D-ren Gasteizko instalazioan

Mutares inbertsio-funts alemaniarrak, Guascor Energy R & D-ren jabeak, zazpi pertsona kaleratu ditu Arabako Parke Teknologikoan duen egoitzan.

Mutares-ek Guascor Energyk (lehen Siemens Energy) erosi eta urtebetera, zazpi langile kaleratu ditu Miñaoko egoitzatik. Kaleratze horiek, neurri kolektibotzat hartu ezin diren arren, kolpe latza dira langileentzat, langileen % 12 kaleratu baitira. Guascor Energy taldearen egoera zailean, Mutares ez da joera aldatzeko gai izan urtebeteren ondoren.

Enpresa-batzordearen arabera, hartutako kontingentzia-neurriak, Research & Development (Ikerketa eta Garapena) alorreko langileak kaleratuta, epe laburrekoak dira argi eta garbi, enpresaren talentuari muzin eginez eta etorkizuna hipotekatuz.

Guascor Energy R & Dko enpresa-batzordeak, plantilla osoaren izenean, kaleratze horiek eta Mutaresek langileei emandako tratua salatu ditu. Lehen urte honetan, enpresak uko egin dio langileen ordezkariekin funtsezko gaiak jorratzeko elkarrizketari.

Guascor R & D puntako lantegia da teknologia berrietan, eta Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde batzuek dirulaguntza ugari eman dizkiote hasieratik. Eusko Jaurlaritzak kontuan hartu eta inplikatu beharko luke diruz laguntzen dituen zentroen enpleguari eusten. Beraz, batzorde gisa dugun betebeharra da mezu hau helarazteko egoki ikusten ditugun ateetara deitzea.

Gainera, egoera bidegabe hori desberdina da aplikazioan; izan ere, argi eta garbi maskulinizatutako enpresa batean ( % 30 emakumeak plantillan), eta berdintasun-planaren negoziazioan murgilduta, benetako asmoak dituzte, kaleratutako emakumeen ehunekoa %40koa baita.

Enpresaren egoera txarraren eta Mutaresek sustatutako ezegonkortasunaren ondorioz, plantillaren bolumena murrizten ari da, ordezkatu gabeko borondatezko bajekin.

Egoera laster itzultzen ez bada, langileek ez dute baztertzen beste ekintza batzuk hartzea, lanuzte puntualetatik manifestazioetaraino.

Alconza-Irizarri exijitzen diogu langileen borrokaren aurkako kriminalizazioa nahiz irekitako prozesu judizial guztiak bertan behera uzteko

Datorren azaroaren 8an, greba egitea eta lan zein bizi baldintza duinak izatearen alde borrokatzea erabaki zuen langileetako bat deklaratzera deitu dute Getxoko epaitegira.

Denok gogoratzen duzuen moduan, Alconzako kaleraketen aurrean, 5 hilabeteko greba burutu zen. Borroka horren ondorioz, hemendik
urtarrilera bitarte, 4 langile deklaratzera deituak daude.

Grebak iraun zuen bitartean, errepresioak ez zuen etenik izan; isun ekonomikoak jaso genituen mozal legea aplikatu izanaren bitartez, eta Ertzaintzak hainbat langile jipoitu eta zauritu zituen.

25 lankideen kaleratzea gutxi balitz, grebalarien kontrako mendeku gosea bere baitan mantentzen dute. Alconzak, Irizarren oniritziarekin, langileen aurkako prozesu judizialei eustea erabaki du.

LABetik salatu nahi dugu langileek lanpostuak defendatzeko egindako mobilizazioetako partaideekiko jazarpena, eta irekitako prozesu judizial guztiak bertan behera uztea exijitzen dugu.

Langileen eskubideak, gure eskubideak eta lanpostuak defendatzea ez da sekula delitua izango. Hori dela eta, salaketak, isunak eta errepresioak ez dituzte lan eta bizi baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak geldituko.

Horregatik guztiagatik, azaroaren 8rako LAB sindikatuak lanuzteak deitu ditu enpresan (11:00-12:30) eta (13:45-14:45), eta goizeko 11:15ean kontzentrazioa antolatu du Getxoko epaitegiaren atarian, Alcontzako lankideari babesa emateko, prozesu judizial guztiak bertan behera uzteko eskatzeko eta borroka sindikala delitua ez dela aldarrikatzeko.

Azken urteetan garatutako ibilbideak pentsiodunon eskubideak lortzeko Pentsio Sistema Propio eta Publikoa behar dugula adierazten digu

Gasteizen egindako LABen Helduen eta Pentsiodunen Arloaren Batzar Nazionalean 150 lagunek parte hartu dute. Bilkuran Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, Endika Perez Ekintza Sozialeko Idazkariak eta Maddi Isasi Idazkaritza Feministako arduradunak hitz egin dute.

Aranburuk testuinguru politiko, ekonomiko eta sozialari aurre egiteko LABen lan ildo nagusiak ekarri ditu gogora. Europa mundu mailan duen posizioari eutsi ezinik dabilela esan ondoren, etorkizuna aberastasuna birbanatu, enplegua duindu eta zerbitzu publikoak indartzearen bidetik eraiki beharra dagoela ziurtatu du. Gure misioari heldu eta eraldaketa prozesua elikatzeko Ezker Independentismoaren hegemonia politiko instituzionala, baina baita soziala ere hedatzen jarraitzeko, borroka sindikal eta sozialen garrantzia azpimarratu du. LAB ezker independentismoaren erreferentzia sindikal moduan indartzeko dugun erronkaz ere mintzatu da.

Ekintza Sozialeko Idazkaria den Endika Perezek, eremuz eremu jorratutako ibilbideari erreparatu ostean, gure sindikalismoa eraldatzen jarraitzen dugula esan du eta berrikuntza bezala sindikatuak abian jarri berri duen Idazkaritza Antirrazistari egin dio aipamen. LABeko Ekintza Sozialeko Idazkariak hurrengo ikasturterako LABeko Helduen eta Pentsiodunen arloa indartuko dugula iragarri du. Bestaldetik, Pentsio Sistema Publiko eta Propioaren bidean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduan garatu behar den lana sindikatuarentzat estrategikoa dela ziurtatu du.

Maddi Isasi Idazkaritza Feministako arduradunak, azaroaren 30ean deituta dagoen Greba Feminista Orokorraren nondik norakoak azaldu ditu. Isasik borroka honetan guztion esku hartzea ezinbestekoa dela esan du. Izan ere, zaintza sistema publiko eta komunitarioren beharra pentsiodun arloko aldarri nagusitako bat izan beharra dago.

CCOOk eta patronalak sinatutako akordioak ez du langileen erosahalmena bermatzen, eta pobretzea eta prekaritatea ekarriko dizkio Bizkaiko eraikuntzaren sektoreari

Gaur lortutako akordioa itzalez eta urraketaz jositako hitzarmen kolektibo baten parte da.

Gaur, 2023ko azaroaren 2an, Lan Harremanen Kontseiluan 5. Negoziazio Bilkura egin da, Bizkaiko 2021-2024ko Eraikuntzaren Hitzarmen Kolektiboaren baldintza ekonomikoei heltzeko.

Gogoratu behar da Bizkaiko eraikuntzaren arloan indarrean dagoen hitzarmena 2023 – 2024 urteetarako soldata-igoerak zehaztu gabe sinatu zela. LABek une horretan salatu zuen bezala, CCOOk eta UGTk akordio baten alde egin zuten. Akordio horretan, eraikuntzaren sektoreko lan-baldintzak behar bezala ez arautzeaz gain, indarraldiaren erdiak ez zuen soldata-igoerarik zehazten.

Gaurko saioan, zeinetan argi zegoen patronalak eta CCOOk akordioa aurrez prestatu zutela, CCOO sindikatuak akordiora iristeko proposamen bat aurkeztu du. Igoera hori % 4koa izango da 2023rako, eta KPI % 4,5ekoa mugatua, 2024rako, % 1,7 gehituta.

Patronalak onartu egin du proposamena, eta akordiorako aurkeztu du Bizkaiko eraikuntzaren sektoreko langileentzako pentsio-plan bat sortzea. Azkenik, akordioa CCOO sindikatuak eta patronalak sinatu dute.
LABek, indarrean dagoen hitzarmeneko soldatak eguneratzeko negoziazioan adierazi duen bezala, ez zuen akordiorik sinatuko gutxienez Bizkaiko eraikuntzaren sektoreko langileen eros-ahalmena bermatzen ez bazen.

Sektorean inflazio handia egon dela eta irabaziak handiak izaten ari direla aintzat hartuta, langileen mugimendu bat artikulatzea tokatzen zen, ekintza sindikal kolektiboaren bidez 2023. eta 2024. urteetarako soldata-igoeren bidez sortutako aberastasunaren banaketa behartuko zuena.

CCOOk, hasieratik, eredu sindikal desmobilizatzailearekin jarraitzea erabaki du, babesik gabeko grebak deituz, aurretiazko lanik gabe, duten balioa eman gabe eta negoziazio kolektiboa mugatuz negoziazio-mahaiak ezartzen dituen aukeretara.

Gaur lortutako akordioa itzalez eta urraketaz jositako hitzarmen kolektibo baten parte da. Gaur, berriz ere, babes sindikala eman zaio Bizkaiko eraikuntzaren sektoreko langileen pobretzeari eta prekarietateari.
Negoziazio-bileraren aurretik, CCOOk eta patronalak 2024rako Bizkaiko eraikuntzaren sektoreko lan-egutegia adostu dute. LABek ez du sinatu egutegi hori; izan ere, sindikatuak babestu ez duen (besteak beste, ezartzen duen lan murrizketa nahikoa ez delako) hitzarmenaren parte da.

Lanbideko langileek elkarretaratzea egin dute Gasteizko Legebiltzarrean, enplegu zerbitzuaren izaera publikoa mantentzearen alde

Azken urteotan askotan entzun dugun arren Eusko Jaurlaritzak Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtu nahi zuelaren zurrumurrua, Lanbideko zuzendaritzarekin izandako bileretan ez zaigu inoiz horri buruzko informazio gardena eman. Mahai sektorialetan gaiari buruz zuzenean galdetu arren, Jaurlaritzaren erantzuna hutsa izan da.

Ez da kasualitatea, gaur egungo gobernuak aldaketa hori kudeatu duen iluntasuna. Badaki bere interesei erantzuten diela eta langileei zein herritarrei emango dien zerbitzuari kalte egiten diela.

Badakigu zuzendaritzak eta Gobernuak aurrera egin dutela beren asmoan. Lege-proiektua Eusko Legebiltzarrari aurkeztu diote, eta zuzenketen eztabaidaren zain, bozketa azaroaren 23an egingo da. Lanbiderekin, zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtuta, Jaurlaritzak esan du malgutasun eta dinamismo handiagoa izango dutela enplegu-politika aktiboak gauzatzeko. Hala ere, ez dute argi eta garbi esaten zer ondorio izango dituen horrek.

Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publikoa izanik, alde batera utziko lituzke funtzio publikoaren ia kontrol eta berme guztiak, ehunka enplegatu publikoei dagokienez. Lan-kontratuko langileak hautatzeko sistema ez hain bermatzaileak erabil litezke, administrazio batek erantzun beharreko gardentasun-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-balioetatik urrun.

Gainera, nabarmen aldatuko litzateke aurrekontu-, gastu- eta ondare-araubidea, eta alde batera utziko litzateke kontu-hartzailetzako kontrol publikoa, enpresaren kontu-hartzailetzako kontrola aplikatuz. Gardentasunik ezak eta kontrolak enplegu-programei eta prestakuntzaren azpikontratazioari eta esleipenari eragingo die, eta are gehiago irekiko du pribatizaziorako atea. Hau, larriagotu egiten da enplegua eta prestakuntza-esparruak Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte hartzen duten erakundeen finantzaketa-iturri bihurtuko direlako.

Kalitatezko enplegua sortzeak lehentasuna izan behar du Eusko Jaurlaritzarentzat, herritarrei eskaintzen dien zerbitzuan. Eta administrazioak enplegatzaile gisa duen zereginean, bere plantilla eta lan-baldintzak babesten direla zaindu beharko luke.

Horregatik, LABek eta ELAk uste dugu Lege-proiektu honi EZETZ esateko garaia dela. Eta aldarrikatzen dugu:

  • Enpleguari buruzko Legearen VI. titulua kentzea.
  • Lanbideren izaera juridikoa ez aldatzea.
  • Lanbideko langileen lan-baldintzak mantentzea, erakunde autonomo gisa, Administrazio Autonomoko Mahai Sektorialean.
  • Pribatizazioari ateak ez zabaltzea. Dagoeneko pribatizatuta dauden zerbitzuak lehengoratzea.
  • Enplegua kontsolidatzea eta programa-kontratuen politikarekin amaitzea.
  • Lanpostuak eta zereginak ondo definitzea, lan-kargak orekatuz eta langileen ongizate fisikoa eta emozionala bermatuz.
  • Adierazitako aldarrikapenak lortzeko egingo ditugun mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu langileei. Azaroaren 9an, elkarretaratzea 9:00etan Bilboko Euskaldunaren aurrean eta azaroaren 10ean, elkarretaratzeak lantokietan.

Exijitu dugu Volkswagenen Berdintasun Planean adosturikoa errespetatzea eta kontratu berrien %60 emakumeena izatea

Enpresak enplegu poltsa irekiko duela iragarri ondoren, LABek Berdintasun Planean adostutakoa oroitarazi du, hau da, gutxienez poltsa horren %60 emakumez osaturik egon behar dela.

Aste honetan, Volkswagen Nafarroak enplegu poltsa irekitzeko asmoa iragarri du publikoki, dauden langile hutsuneak betetzeko dituen zailtasunak direla eta. Berri honen aitzinean, LABek enpresari eta alde sozialari oroitarazi die Berdintasun Planean harturiko konpromisoa, alegia poltsa horren %60 emakumez osatuta egon behar zela. Neurri horrek Volkswagen Nafarroan emakumeek duten azpiordezkaritzari erantzuten dio, langileria guztiaren %15 baino ez baitira.

LABen aldarrikapenak, baina, ezustekoa sortu omen du, enpresak adierazi baitzuen ez zuela konpromiso hori ezagutzen, nahiz eta enpresak Berdintasun Planean harturiko konpromisoa izan. LABek, aipatutako plana sinatu zuelarik, bertan adostutakoaren eta bere garapenaren jarraipen zorrotz bat eginen zuela iragarri zuen, eta horretan ari da.

Horregatik, LABek adierazi nahi du ez duela onartuko Berdintasun Planean adostutakoaren betegabetze txiki bat ere, halako neurriek lantegian modu nabarmenean ematen diren genero desberdintasunei buelta ematen saiatzeari erantzuten diotelako; horren adibide garbia dugu emakumezko langileen %15 hori.

Horrelako egoerek garbi azaleratzen dute berdintasun arloan egiteke dagoen bide luzea, eta horregatik da ezinbertzekoa mugimendu feministak azaroaren 30erako deitu duen Greba Feminista Orokorra, Volkswageneko LABek bultzatuko duena eta Landabengo faktorian jarraipen masiboa izan dezan deitzen duena.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmena ez dielako erantzunik ematen sektoreko arazorik larrienei

Gaur, urriaren 31ean, ELA eta ESK sindikatuek eta ASPEL patronalak Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen Garbiketako hitzarmena sinatu dute. LABek ez du sinatu.

Hauek dira LABek aipatu hitzarmena ez sinatzearen arrazoiak:

  • 2019an ezarritako helburuetatik oso urrun gaude. Soldata arrakala handitu egin da, txikitu beharrean.
  • Garbitzaileak gaur, hitzarmena negoziatzen hasi aurretik baino pobreagoak dira ekonomikoki. Langileek eros ahalmena galdu dute.
  • Sektore honetan dauden arazo larrienei ez zaie irtenbiderik ematen. Partzialitatea eta lan kargei buruz aipamenik ez.

“Guretzat, ezinbestekoa da gure eguneroko lanaren balioa erdigunean jartzea”

Gaur egin dute Bizkaiko esku hartze sozialeko langileek asteko bigarren greba eguna, sektoreko seigarrena. Honela, Bilbon mobilizatu dira, Ugaskotik abiatuta. Adierazi dute euren aldarrikapenei erantzun ezean kalean jarraituko dutela, hitzarmenaren heriotza irudikatuz. Iragarri dute azaroa eta abenduan jarraituko dutela sektoreko mobilizazioek.

Gizardatz eta Geroan patronalei eta Eudel eta Bizkaiko Foru Aldundiari exijitu diote gutxieneko zerbitzu gero eta handiagoak ezartzearen erasoa alde batera uzteko eta euren ahaleginak bidera ditzatela eredua aldatu eta sektoreko 4.000 langileak errespetatzera.

Negoziazio mahaiko 27 bilera baino gehiago egin arren, salatu dute patronalek langileak gutxiesten jarraitzen dutela. “Eros ahalmena galtzea ekarriko luketen proposamen ekonomikoak onar ditzagun nahi dute, eta lan-osasuna bermatzen ez dutenak”.

Egoera honen aurrean, adierazi dute azaroa eta abenduan ere mobilizaziorako deia egingo dietela sektoreko milaka langileei.

“Guretzat, ezinbestekoa da gure eguneroko lanaren balioa erdigunean jartzea, aurrera begiratzen jarraitzea eta negoziazio-mahaian dauden aldarrikapenei egiturazko konponbideak ematea”, gaineratu dute.

“Ez dugu atzera pausorik emango”, zehaztu dute. “Negoziazio hau irabaztera goaz eta eztabaidaren erdian kokatuko dugu egiten dugun lana”.

Sektoreko patronalei, Eudeli, udalei eta Bizkaiko Foru Aldundiari dei egin diete sektoreko langileen aldarrikapenak lehenbailehen erantzutera.