2025-12-26
Blog Page 185

Lan Ikuskaritzak arrazoia eman digu, eta Kasedako zahar etxeko gerentziak berehala prestatu beharko ditu langileen lan egutegia eta oporren plangintza #LortuDugu

LAB sindikatuak aurkezturiko salaketari erantzunez, Kasedako zahar egoitza kudeatzen duen enpresak ez baitu ikusgai jarrita urteko lan txanda eta ordutegien egutegia eta enpresak oporren urteko plangintza egiten ez baitu, Lan Ikuskaritzak egiaztatu du salaturikoa egia dela eta enpresari eskatu dio “berehala eta jarraian” bete dezala indarrean dagoen legerian ezarritakoa. Pozgarria da ebazpena, eta langileak animatzen ditugu beren eskubideen alde antolatzen eta borrokatzen jarrai dezaten.

Aurtengo maiatzean, LAB sindikatuak salaketa bat aurkeztu zuen Lan Ikuskaritzan, Kasedako (Nafarroa Garaia) zahar etxea kudeatzen duen SG Caseda SL enpresaren aurka, lan arloko zenbait irregulartasunengatik. Handik egun gutxira, ikuskatzaile bat joan zen zahar egoitzara, baina gero enpresari bi hilabete kostatu zitzaion eskaturiko informazioa ematea. Ikerketatik sorturiko txostenak arrazoia eman dio sindikatuari, eta azpimarratu du enpresak eginiko irregulartasunek “zaildu egiten dutela, neurri handi batean, langileen kontziliazio pertsonala, lanekoa eta familiakoa”, eta, beraz, legeak ezarritakoa betetzera premiatu du.

Duela urte eta erdi, gutxi gorabehera, gerentzia berri bat iritsi zen Kasedako zahar etxera. Aurrekoak ihes egin zuen, adinekoen egoitza eta langileak egoera benetan kezkagarrian utzi ondoren. Hori dela eta, hasiera batean langileek konfiantzazko botoa eman zioten gerente berriari. Baina konfiantza hori erabat desagertu da, langileen egoerak ez baitu hobera egin, eta are okerrera egin du alderdi batzuetan.

Urteko lan egutegirik edo oporren plangintzarik ez emateak izugarri zailtzen du langileen kontziliazioa. Baina, gainera, gerenteari balio izan zaio asmatzeko langileek orduak zor zizkiotela. Horren aurrean, LABek Lan Ikuskaritzan irregulartasunak salatzea erabaki zuen. Sindikatu hau pozik dago arrazoia eman diotelako, ezin zen bertzela izan, eta langileak animatzen ditu antolatzen jarrai dezaten eta beren eskubideen eta lan-baldintza duinen alde borrokan segi dezaten. Alde horretatik, LABek batzarra eginen du langileekin bihar, azaroak 15, gai hau eta bertze batzuk azaltzeko; 15:00etan izanen da, zahar etxean.

Gipuzkoako Aniztasun Funtzionaleko pertsonentzako arreta zerbitzuetako langileak borrokan

Aniztasun Funtzionala duten pertsonen zaintza eta arreta zerbitzuak eskaintzen dituzten elkarteetako langileak gara eta denbora luze daramagu sindikatuen bitartez antolatu eta nork bere enpresa hitzarmenak negoziatzen. Negoziazio Kolektiboaren bitartez ordea, ez dugu gure lan baldintzen hobekuntza soilik bultzatzen, eskaintzen ditugun zerbitzuen kalitatea hobetzea ere bai noski.

Hala baina, 2023. urte honetan oraingoz ez dugu inolako soldata-igoerarik izan eta gaur gaurkoz dakigunez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentutik ez dugu KPIa bermatzeko inolako konpromisorik jaso. Gure elkarteetako zuzendaritzen partetik bestalde, ez dira langileon askotariko aldarrikapenei erantzun ematen dioten akordio proposamenik egon.

Egoera honen aurrean, sektoreko langileok honako hau adierazi nahi izan dugu mobilizazioen bitartez:

Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundia izanik eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatearen, bai eta langileon baldintzen arduradun nagusia, datozen legealdian zehar langileon ordezkariekin eta zerbitzuen kudeaketaz arduratzen diren enpresetako zuzendaritzekin elkarlan bat abiatu dezatela sektoreak dituen erronkei eutsi eta lan baldintzak hobetzeaz gain, zerbitzuen kalitatea ere hobetzeko: eros ahalmena bermatuz, lan-kargak gutxitzeko neurriak hartuz (ratioak aldatuz eta hobetuz), lana eta bizitzaren kontziliaketa hobe baterako neurriak ezarriz edota langile helduenen jubilazioa erraztuz, besteak beste. Horretarako, LAB, ELA eta CCOO sindikatuekin bilera egun bat zehaztu eta langileen lan-baldintzak hobetzera zuzenduriko konpromisoak hartzeko exijitzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiken Departamentuari.

Bestetik, ATZEGI, ASPACE, FUNDACION GOYENECHE, GAUTENA ETA ARANSGIko zuzendaritzei beren ardura bete eta langileen aldarrikapen eta beharrei erantzun ematen dien hitzarmenak sinatzeko eskatzen diegu. Ez dugu ahaztu behar hauek direla negoziazio mahaietan alderdi sindikalarekin batera esertzen direnak, eta ondorioz, lan baldintzak negoziatzeko ardura dutenak.

Azkenik, Gipuzkoako herritarrei adierazi nahi diegu, aurrera pausurik eman ezean, Ekintza Sindikala martxan jarriko dugula, blokeo egoera honi irtenbide emateko asmoz.

Azken finean, jokoan dagoena ez baita gure eros ahalmena edo gure lan baldintzen hobekuntza bakarrik, kalitatezko zaintza eta gizarte zerbitzuak jasotzeko Gipuzkoar guztiok dugun eskubidea baizik.

Greba mugagabeari ekin diogu Microdecon, 100 lanpostu baino gehiago suntsitzeagatik

Ermuko enpresa hartzekodunen konkurtso batean murgilduta dago duela bi urtetik. Denbora horretan, enpresaren zuzendaritzak, Rodas aholkularitza-enpresak eta egun enpresa zuzentzen eta erabaki guztiak hartzen diharduen duen administrazio konkurtsalak, egoera okertu besterik ez dute egin, Microdecoko langileen kaltetan.

Microdeco Ermuan dagoen enpresa bat da, 1963an sortua, mekanizazioa eta prezisio altuko dekoletajea egiten du. Urte gutxiren buruan, 160 pertsonako plantilla izatetik 88 pertsonakoa izatera igaro da, eta azken horietatik 36 pertsona kaleratu nahi dituzte orain, iraungitzeko Enplegu Erregularizazio Espediente (EEE) baten bidez.

Hau da hilabete batzuetan jasan duten bigarren kaleratzeko EEE-a. Zuzendaritzak lanpostuak murriztearen alde egin du plantillari eustearen alde egin beharrean, eta ez die jaramonik egin langileen planteamenduei. Planteatu duten tresna bakarra kaleratzea eta enplegua suntsitzea da, baita lan-baldintzak okertzea ere.

Bigarren EEE honek dakarren enplegu-suntsipenaz gain, enpresa ahalik eta gehien murriztuz, LABi erabat salagarria iruditzen zaio kaleratuen zerrenda aukeratzeko irizpideak nahierara, era arbitrarioan eta irizpide objektiborik gabe egin izana. Bereziki salagarria da kaleratuen kolektiboan ekoizpeneko emakumeen %100a dagoela, eta hori onartezina eta diskriminatzailea iruditzen zaio LABi.

100 lanpostu baino gehiagoren suntsiketa nahikoa ez, eta geratu daitezkeen 52 langileen lan-baldintzak prekarizatu nahi ditu enpresak, indarrean dagoen enpresa-hitzarmena erabat aldatuz eta egungo soldatak eta lan-eskubideak murriztuz. Hori guztia, gainera, enplegua bermatu gabe.

Horregatik, langileek greba mugagabeari ekin diote gaur, hilak 13, egungo 88 familientzako konponbideak bilatu daitezela, lan baldintza duinak ezar daitezela, eta Microdeco SAko langileentzako etorkizuneko proiektua aldarrikatzeko.

2024rako aurrekontuetan langileen aldeko egiturazko neurriak eskatu ditugu

Hiru lehentasun finkatu ditugu sindikatuan hala EAEko nola Nafarroako aurrekontuei begira: herritarrak zaindu eta babestuko dituzten zerbitzu publikoen garapena, eremu publiko eta azpikontratatuetako lan baldintzen hobekuntza eta bidezko trantsiziorako batzordeak abian jartzea. Ostegun honetan aurrekontuen inguruan egingo den EAEko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean aurkeztuko ditu bere gogoeta eta proposamenak.

Sindikatuko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Ekintza Sozialeko arduraduna den Endika Perezek EAE eta Nafarroako aurrekontuei begirako gogoeta plazaratu dituzte.

Arroyok salatu duenez, “aurrekontuena afera tekniko hutsa bailitzan aurkezten digute gobernuek. Propaganda asko eta eztabaida gutxi egiten da. Bada, horixe bera da gure eskaria, herri honek eta zehazki langileriak dituen behar eta erronken inguruko eztabaida estrategikoa ahalbidetzea”.

LABen iritziz, datorren hamarkadan erronka handiak ditugu, hala nola ekoizpen eta kontsumo eredua irizpide ekosozialen arabera eraldatzea, ondasunaren banaketa gero eta desorekatuagoari aurre egitea edota zaintza nahiz osasun krisiari aurre egitea. Politika eta zerbitzu publikoak indartzea funtsezkoa da erronka horiei aurre egiteko, baina azken hamarkadan egindako zerga politikak erabat hipotekatu du EAEko zein Nafarroako instituzioek horretarako daukaten ahalmena. Zerga erreforma sakona egitea da, beraz, LABen lehen eskaria. Europako Batasuneko batezbestekoarekin parekatuko bagina, Hego Euskal Herrian 4.600 miloi gehiago izango genituzke zerbitzu publikoak indartu eta garatzeko.

Inbertsioen atalari dagokionez, aurrekontuak ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik berrikustea eskatzen du LABek. Aurrekontuak ez dira neutroak, klasea eta generoa bezalako aldagaien arabera berrikustea beharrezkoa da, areago Greba Feminista Orokorraren atarian. Ikuspegi feminista batetik, emakumeek pairatzen duten egiturazko diskriminazioa eta ezartzen zaizkien arrakala desberdinak gainditzeko beharrezkoak diren baliabideak zehaztu beharko lirateke: zaintza lanak erantzunkidetasunez banatu eta zaintzaileen lan baldintzak hobetzeko, indarkeria matxistari aurre egiteko edota kontziliazio neurriak hartzen dituzten emakumeek pairatzen duten errenta galerari aurre egiteko.

Orain arte ezagutu dugunaren arabera, ordea, ez da aipatutako eztabaida estrategikoa egiteko, diru-sarrerak indartzeko eta inbertsioak birnorabidetzeko asmorik: “Urkulluren Gobernua hipotekatua dago, Patronalarekiko daukan menpekotasunaren ondorioz. Eskari sindikal eta sozialei entzungor egiten jarraitzen die. Ez ditu lan baldintzak hobetu, zerbitzu publikoak indartu edota pentsioak osagarritzeko interesik adierazten. Eta gainera, bere erantzunkizunari muzin egin eta biktimaren papera hartzen ari da, pentsiodunen, zerbitzu publikoetako langileen edota mugimendu feministaren dinamika zabal eta transbertsalak bere aurkako erasoak bailiran aurkeztuz”.

Endika Perezek aurrekontuei begirako LABen hiru lehentasunen berri eman du eta EAEri dagokionez zertan gauzatu beharko liratekeen zehaztu du.

Ekintza Sozialeko arduradunaren hitzetan, batetik, langile jendearen babesa eta zaintzari behar bezalako lekua eman behar zaie aurrekontu politikan. Honen baitan kokatu ditu osasungintza, hezkuntza, pentsioak edota zaintza sistema publiko komunitarioaren garapena. “Osasungintzako inbertsioa inoizko handiena dela adierazita ere, Aspiazuk ez du esaten oraindik ere Europako bataz bestekotik urrun gaudela, hiru puntu baino beherago hain zuzen”. “Noiz eta ezagutu berri dugunean Osakidetzako kexa eta erreklamazioen kopurua hazi egin dela edota pribatizazio asmoak bere horretan dirautenean. Gogorarazi behar da LABen ekimenez Osakidetzako hainbat zerbitzu pribatizatzeko kontratuak etetea lortu dela, guztira 11.000.000 euro baino gehiagokoak”.

Norabide berean, Euskal Eskola Publikoak beharrezkoa duen plan estrategikoa ekarri du gogora Perezek, berriz ere atal honetako inbertsioa Europatik urrun dagoela azpimarratuz. Pentsioei dagokienez,1080eurotako gutxieneko pentsioa osagarritzea aurrekontu proiektuetan jaso beharko litzatekeela adierazi du, EHko Pentsiodunen Mugimenduak egindako estimazioen arabera 235M-ko kostua izango lukeela gogoraraziz. Azken honekin bezala, zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko inbertsio zehatzik ez dagoela salatu du.

Aurrekontuei begirako bigarren lehentasun bat ere aipatu du “langileon lan baldintzak hobetu eta lan gatazka zehatzei soluziobideak emateko aukera dago aurrekontuen bidez. Arrazoiak soberan dituzte langile publikoek eta azpikontratatutakoek greba eta mobilizazioak egiteko. Zerbitzu publikoetako langileen aldarrikapenei muzin egin die Urkulluren gobernuak. Eta eskumenen aitzakia baztertuta, adibide zehatzagoak ere aipatu daitezke, izan anbulantzietako langileek ekiparazioa eman dadin behar duten diru partidarik aurreikusten ez delako, izan EHUko irakasle prekarioekin dagoen lan gatazka konpontzeko beharrezkoak diren 8 niloi euroak jasota ez daudelako”

Azkenik, krisi energetiko eta oro har ekologikoak galdegiten duen eraldaketa sozioproduktiboa gauzatzeko inbertsio eza kritikatu du Perezek. Historia amaigabearen kontakizuna bihurtu den Abiadura Handiko Trenak ohiko diru partida eskandalagarria izaten jarraitzen duen bitartean, aurrekontu hauek ez dute langileak eraldaketa sozioproduktiboaren parte izateko Bidezko trantsizio Batzordeak finantziatzeko aukerarik irekitzen edota krisian dauden enpresen birmoldaketak eta enpleguen defentsarako eskuahartze publikorik zehazten. “Ikusi besterik ez dago diru publikoz hornitutako Siemens Gamesarekin gertatzen ari dena edo maila txikiagoan Mecaner edota Glavista bezalako enpresa industrialek bizi dutena. Non dago diru publikoa langileek aldarrikatzen duten enpresa hauen birmoldaketa eta bideragarritasuna gauzatzeko?” galdera horrekin amaitu du bere interbentzioa Ekintza Sozialeko arduradunak.

Estatuko legegintzaldi berrian, euskal langileon agenda erdigunean jartzeko lan egiten jarraituko du LABek

Aste honetan baieztatu denez, independentismoaren babesa izango duen Gobernu berria osatuko da Madrilen. PP-VOX bloke erreakzionarioari atea ixtea berri ona da, bloke horrek abiatu duen oldarraldia salagarria den bezala. Era berean, estatu mailan lor daitezkeen hobekuntza soziolaboralak ongi etorriak izango dira. Halere, Hego Euskal Herrian lan harremanetarako eta babes sozialerako eredu propioa garatzeko dauden galgak eta oztopoak altxatzea da LABentzat hurrengo urteetako erronka. Madrilen eta Parisen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian eragiteko baldintzak sortzea.


Ildo honetan, bi lehentasunetan arreta jartzea eskatu zien LABek EH Bildu eta EAJri, urrian egindako alde biko bileretan. Batetik, euskal langileon lan baldintzak Euskal Herrian bertan erabaki ahal izatea. Bestetik, gizarte segurantzaren kudeaketa eskuratu eta EAEn nahiz Nafarroan pentsioak 1.080 eurotaraino osagarrituko dituen sistema publiko osagarria ahalbidetzea. Bi aldarrikapen horien aldeko mobilizazio ugari egin dira azken urteotan, besteak beste, 2020ko Greba Orokor arrakastatsua. EH Bildu nahiz EAJrekin egindako alde bikoen ondotik, euskal langileon agenda presente egon da euskal alderdien eta PSOEren arteko elkarrizketetan

Atzo EAJ eta PSOEren arteko akordioa egin zen publiko. Lan baldintzen eremuari dagokionez, PSOEren eta EAJren artean sinatutako akordioan badago urrats positibo bat: bertako hitzarmenen lehentasuna. Alabaina, akordioa ez da nahikoa ez eremu publikoko langileentzako, ezta sektore prekarizatuetarako ere.

Eremu publikoaren kasuan, negoziaketa kolektiboa ukatzen jarraitzen da; erreposizio tasa eta langileen soldatak ez dira negoziazio kolektiboaren eremuan negoziatuko eta, ondorioz, erabakitzen dena langileei inposatu ahal izango zaie. Halaber, Madrilek beto eskubidea izaten jarraituko du, Madrilgo Gobernuaren zein EAE nahiz Nafarroako Gobernuen arteko adostasuna beharko delako. Gauzak horrela, EAEko zerbitzu publikoetako sindikatuok abenduaren 19rako egindako grebarako deialdia berresten du LABek.

Sektore prekarioei begira, berriz, ez da ezertxo ere jasotzen: ez etxeko langileek EAEn eta Nafarroan hitzarmen propioa izateko aukera (kontutan hartuz Confebaskek uko egin diola negoziazio mahaian esertzeari), ezta sektore prekarioenen egoera hobetuko lukeen 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko aukera ere. Azken eskakizun honi dagokionez, gogoan hartu behar da pasa den martxoan EH Bilduren ekimenez Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu ziola 1.400 euroko gutxieneko soldata lortzeko kudeaketak egin ditzan. Bada, akordioaren bi sinatzaileak (PNV-PSOE) era berean Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiak izanda ere, gai garrantzitsu hau ez da akordioan jaso.

Pentsioei dagokionez, berriz, EAEko estatutuan jasota dagoena (Gizarte Segurantzaren kudeaketa, ez arauketa) beteko dela esatera mugatzen da EAJ eta PSOEren akordioa. Eragile berberek aipatutako konpromisoa beste zenbaitetan adierazi bai, baina bete ez dutenez, zuhurtziaz hartzen dugu iragarpen hori. Gainera, Gizarte Segurantzaren kudeaketa eskuratzea ez da nahikoa euskal pentsiodunen egoera hobetzeko; horrekin batera, bai EAEn baita Nafarroan ere 1080 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko duen pentsio sistema publiko osagarria eskatzen dute hala LABek nola pentsiodunen mugimenduak berak. Bigarren urrats hau eman gabe, Estatuak erabakitakoa kudeatzera mugatuko lirateke euskal instituzioak.


Gauzak horrela, eremu politiko-instituzionala interpelatzen eta borroka sindikalaren bidez baldintza berriak sortzen jarraituko du LABek datozen aste eta hilabeteetan, euskal langileon lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren norabidean. Legegintzaldi berriaren hasiera honetan lortutako urratsak, ez nahikoak izanda ere, Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalek egindako borrokaren emaitza dira. Eta aurrerantzean ere, urrats berriak egoteko, borroka sozial eta sindikala ezinbestekoa izango da. Ildo honetan, datozen asteetan bi hitzordu garrantzitsu ditugu: lehenik eta behin azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra, zaintzarako eskubide kolektiboaren alde; eta bigarrenik, abenduaren 19an zerbitzu publikoak indartu nahiz bertako langileen baldintzak hobetzearen aldeko greba.

Ondarroan arrantzale bat hilik agertu da eta administrazioak ez du dagokion erantzukizuna bere gain hartu nahi

66 urteko gizonezkoa Euskal Herrian lan istripuz zendutako 47. langilea da, eta itsasotik lehorrerako sartu-irten batean uretara erori da. Osalanek eta Lan Ikuskaritzak ez dute lan-heriotzatzat jo gertatutakoa, behargina atseden egunetan zegoela argudiatuta.

LABek samina eta elkartasuna adierazi die senide, lagun eta lankideei. Lekukoek sindikatuari adierazi diotenez, Galizako Corvo itsasontziak hainbat egun zeramatzan Ondarroako portuan. Itsasontzia atrakatuta zegoelarik, arrantzaleak bertan bizitzen egon dira beraien atseden egunetan eta 66 urteko arrantzalea, itsasontzitik lehorrera atera eta sartze horietako batean uretara erori da. Hainbat ordu beranduago bere hilotza topatu dute uretan.

LABek denbora darama arrantzaleen bizi eta lan baldintza prekarioak salatu eta hauek duintzeko borrokatzen. Arrantza jardunaren ezaugarriak tarteko, arrantzaleak behartuta daude porturatutako herrian atseden denboran bizitzeko lekua topatzera. Baina baliabide eta laguntza mugatuak dituzte horretarako eta, gehienetan, atseden tartean ere, itsasontzian gelditzen dira. Ondarroaren kasuan, badago Itsastarren Etxea, baina egunotan jakin dugunez, zerbitzu hau kendu eta adingabeak artatzeko jarduera pribatizatua ezarriko du bertan Bizkaiko Aldundiak. LABek ohar bidez adierazi duen moduan, Inoren Kargura Ez Dauden Adingabeen zentroa ezartzeko zerbitzua beharrezko ikusten du, are gehiago Bizkaiko sarea gainezka dagoela eta egungo baliabideekin kalitatezko zerbitzua ematea oso nekeza dela aintzat hartuta, baina plangintza integral baten bidez egin beharko litzateke, ez inprobisazioz eta pribatizazioen bidez.

Zoritxarrez, ohikoak dira itsasontzitik porturako sartu-irtenetan gertatzen diren istripuak, eta sinestezina bada ere, oraindik ez dira existitzen arrantzaleen bizitzak babesteko beharrezkoak diren pasarelak eta segurtasun neurriak. Lehorreko azpiegiturak berriztu eta egokitzen diren bezala, kasu honetan, Ondarroan, orain gutxi, nahitaezkoa da itsasontzietan ere lan segurtasunari lotutako egokitzapenak lehenbailehen egitea. Heriotza honek argi uzten du Portu Agintaritzak neurriak hartu behar lituzkeela.

Egoera hau izanik, ez Osalanek ez Lan Ikuskaritzak ez dute lan istriputzat hartu, eta horrela adierazi diote LABi. Bere lanaren baldintzak behartuta itsasontzian bizi diren arrantzaleek pairatzen dituzten istripuak baldintza horiek eragindakoak dira. Ez dago inolako zalantzarik, beraz: lanak eragindako istripuak saihesteko neurriak hartu behar dituzte patronalak eta administrazioak, arestian aipatutako terminoetan.

Sektorearen baldintza prekarioak iraultzea da neurri prebentibo garrantzitsuena eta, bide batez, administrazioak ez dezala bere ardura saihestu heriotza hauek lanetik kanpo kokatuz, honela ez baitira sekula ekidingo.

Hormigoizko horma bat erori da Bilboko TMB enpresan, LABek arriskuaz hainbatetan ohartarazi izan duen arren

LAB sindikatuak gogorarazi du istripua gertatu aurretik hainbat bider salatu izan duela TMB Arraiz enpresaren lantegiko instalazioak egoera negargarrian daudela. Enpresa hori Bizkaiko hondakinen tratamenduaz arduratzen da, eta horren jabetza Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Garbikerrena da.

Atzo, 2023ko azaroak 8, azpiegituraren egoera deitoragarria tarteko, 50x10m-ko zementuzko barne-horma bat erori zen eta latorrizko fatxadaren bi aldetan irekidura bat sortu zen, bioiragazkia aire zabalean geratu zelarik. Gailu horrek fluido-korronte batetik (airea edo ura) konposatu kutsatzaile ugari ezabatzen ditu prozesu biologiko baten bidez, eta hori da konposatuok kanpora ateratzea ekiditen duena. Langileek salatu dutenez, inork ere ez die argitu ea ingurumen-segurtasuna kolokan egon daitekeen. Bestalde, langileek ez zuten inolako kalterik pairatu, zorionez une horretan ez baitzen inor igaro ingurutik.

Enpresa Batzordeak aspalditik adierazi izan du instalazioen egoera oso txarra dela, eta Lan Arriskuen Prebentzioko hainbat bileratan enpresari ohartarazi izan dio halakoak gerta zitezkeela. Era berean, LABeko ordezkariek azpiegituraren zein makineriaren mantentze-lan prebentiboak eskatu izan dituzte. Ildo horretan, joan den urriaren 18an, LAB sindikatuak, Enpresa Batzordearekin batera, bilera bat eskatu zion Bizkaiko diputatu nagusi Elixabete Etxanoberi, tratamendu-plantaren egoera negargarriaz hitz egiteko asmoz. Gaur-gaurkoz ez dute erantzunik jaso, eta, beraz, uste dute Aldundiak ez duela inolako asmorik lantegiaren egoerari heltzeko eta Zaldibarko kasuaren antzeko ingurumen- eta giza ondorioak izan ditzaketen istripuak saihesteko; izan ere, orduko hartan ere erakunde arduradunek entzungor egin zieten sindikatuen ohartarazpenei.

Ez da zentro honetan antzeko zerbait gertatzen den lehen aldia; izan ere, 2022ko urrian latorrizko hormetako bat hegan atera zen, eta zulo handi bat utzi zuen heltze-eremuan.

Arraiz TMB ABEEak bere funtzioak alde batera utzi ditu lantegia kudeatzen ari den 10 urteetan ez duelako beharrezko mantentze-lanik egin. Eraikinaren horma eta fatxaden egoera larriaz gain, hondatutako makinak daudela eta plantilla urriegia dela nabarmendu behar da.

Horrenbestez, langileek Foru Aldundiari eskatzen diote, zerbitzuaren zuzeneko arduraduna den aldetik, premiazko bilera bat egiteko eta horrelakorik berriro ez gertatzeko behar diren neurriak hartzeko.

Nafarroako Gobernuari exijitu diogu berehala bete ditzala Osasunbidean sinaturiko akordioak

Elkarretaratzea egin dugu gaur, Osasun Departamentuari eta Nafarroako Gobernuari exijitzeko bete ditzala lehenbailehen eta berme guztiekin urte hasierako grebaren ondoren sinatutako akordioak. Sinatutako konpromisoak lehenbailehen eta berme guztiekin bete behar dira, plantillaren lan-baldintzak hobetzeko eta zerbitzu publikoak defendatzeko.

Azken asteotan Osasun Departamentuarekin izandako bileretan hitz eman digute LABentzat ezinbesteko diren aldarrikapen horiek aurrera eramango dituztela, funtsezkoak baitira osasun sistema publikoa blindatu eta hobetzeko.

Alde batetik, Osasunbidean dauden arazoak konpontzeko, behar-beharrezkoa da Oinarrizko Osasun Laguntzan eta Laguntza Espezializatuan gehiegizko lan-kargak aztertzeko sortu diren taldeek hainbat erreforma aztertu eta aplikatzea, batez ere Oinarrizko Osasun Laguntzaren esparruan. Horrekin batera, Osasun departamentua konprometitu behar da talde horietan proposatzen eta negoziatzen diren erabakiak eta konponbideak benetan aplikatzeko. Gai honetan, LABek ez du onartuko sindikatu korporatibistek eta elkargo ofizialek beren neurriak inposatu nahi izatea, frogatuta dagoelako ez direla eraginkorrak eta ez dutela balio osasun laguntzaren benetako arazoak konpontzeko.

Horrez gain, funtsezkoa da esklusibotasuna kontrolatzeko mahaia lanean jartzea, ezinbesteko tresna delako langile publiko batzuen jarduera pribatua kontrolatzeko. Berriz ere salatu nahi dugu Osasun Departamentuak ez duela interesik erakusten kontrol-talde hori ezartzeko, osasun publikoarekin negozioa egitea besterik bilatzen ez duten lobby medikoen presioengatik.

Osasun departamentuak eta talde parlamentarioek konpromisoa hartu dute Osasunbidean Lanbide Karrera garatzeko. Departamentuak 2024an garatzeko konpromisoa hartu du, beharrezko diren aurrekontua eta arau-esparruak ezarriz. LABetik Osasunbideko langile guztientzako Lanbide Karrera eskatzen dugu, non langileek prestakuntza publikoa jasotzeko eskubidea ere aurreikusiko den. Ez dugu onartuko “minimoetan” oinarritutako Lanbide Karrera bat, ez eta plantillaren zati bat kanpoan uztea ere. Are gutxiago kontuan hartzen badugu nola xahutzen ari diren diru publiko pila bat sistemaren muinean erroturik dauden arazoak konpontzeko balio ez duten neurrietan.

Koherentzia eskatzen diegu Nafarroako Gobernuari eta Osasun Departamentuari. Guk, gure aldetik, mobilizatzen eta salatzen jarraituko dugu osasun zerbitzu publikoen kalitatearen aurka edo langileen edozein kolektiboren aurka doan neurri bat hartzen den bakoitzean. Plantilla osoa animatzen dugu bere eskubideak defendatzera eta lan baldintza duinak argi eta garbi aldarrikatzera. “Aski da” esateko ordua iritsi da!

Garbiñe Aranburu: “Zaintzaren eraldaketa sakona gertatu ezean, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna erretorika hutsa da”

Asteon aurkeztu du LABek 14. Ikusmiran txostena, zaintzaren gaiari buruzko monografikoa. Bada, horixe izan da Naiz irratian gaur, azaroak 10, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrari eginiko elkarrizketan jorratutako gai nagusia, hilabete amaieran datorren Greba Feminista Orokorrarekin lotuta.

Hala, Aranburuk sektore honetan dagoen egoera gordina azaldu dio Peli Lekuona kazetariari: “Azkean batean, ikusten ari garena da sistema kapitalista heteropatriarkal eta arrazista dela egoera honetaz probetxua ateratzen duena. Milaka emakume ari dira doan lanean, eta ordainpeko lana eginten dutenek ere oso baldintza prekariotan egiten dute. Antolaketa horretan generoa, arraza edota kalse soziala bezalako ardatzak gurutzatzen dira, eta ondorioz, emakume langile, migratu eta arrazializatuak dira esplotazio egoerarik gordinenak jasaten dituztenak”.

Hori guztia aintzat hartuta, nabarmendu du zaintza sistema publiko komunitarioa ezinbestekoa dela, eta horixe eratzeko bidean urratsak ematen hasi behar dugula lehenbailehen: “Zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitzak sostengatzeko. Pandemiak hori agerian utzi zuen arren, horren ondotik ez da egon inolako erabaki politikorik zaintzak erregularizatzeko eta egoera onbideratzeko”.

Aldiz, uste du, intituzioek eta patronalak ez bezala, langileak ari direla bultza egiten aipatutako eraldaketa horretarako bidean: “Feminismoak eginiko lanari esker eta ekintza sindikala feminismotik eraikitzeari esker, zaintza lanetan ari diren emakume horiek borrokak ugaritu dituzte azken urteetan; ahalduntzea egon da, emakumeok planto egiten ari gara eta ez gaude prest sistema honek ezartzen digun rola betetzen jarraitzeko”.

Elkarrizketa hemen klik eginda entzun daiteke osorik.