2026-10-03
HomeEkintza SindikalaNafarroako Gobernuari exijitu diogu berehala bete ditzala Osasunbidean sinaturiko akordioak

Nafarroako Gobernuari exijitu diogu berehala bete ditzala Osasunbidean sinaturiko akordioak

Elkarretaratzea egin dugu gaur, Osasun Departamentuari eta Nafarroako Gobernuari exijitzeko bete ditzala lehenbailehen eta berme guztiekin urte hasierako grebaren ondoren sinatutako akordioak. Sinatutako konpromisoak lehenbailehen eta berme guztiekin bete behar dira, plantillaren lan-baldintzak hobetzeko eta zerbitzu publikoak defendatzeko.

Azken asteotan Osasun Departamentuarekin izandako bileretan hitz eman digute LABentzat ezinbesteko diren aldarrikapen horiek aurrera eramango dituztela, funtsezkoak baitira osasun sistema publikoa blindatu eta hobetzeko.

Alde batetik, Osasunbidean dauden arazoak konpontzeko, behar-beharrezkoa da Oinarrizko Osasun Laguntzan eta Laguntza Espezializatuan gehiegizko lan-kargak aztertzeko sortu diren taldeek hainbat erreforma aztertu eta aplikatzea, batez ere Oinarrizko Osasun Laguntzaren esparruan. Horrekin batera, Osasun departamentua konprometitu behar da talde horietan proposatzen eta negoziatzen diren erabakiak eta konponbideak benetan aplikatzeko. Gai honetan, LABek ez du onartuko sindikatu korporatibistek eta elkargo ofizialek beren neurriak inposatu nahi izatea, frogatuta dagoelako ez direla eraginkorrak eta ez dutela balio osasun laguntzaren benetako arazoak konpontzeko.

Horrez gain, funtsezkoa da esklusibotasuna kontrolatzeko mahaia lanean jartzea, ezinbesteko tresna delako langile publiko batzuen jarduera pribatua kontrolatzeko. Berriz ere salatu nahi dugu Osasun Departamentuak ez duela interesik erakusten kontrol-talde hori ezartzeko, osasun publikoarekin negozioa egitea besterik bilatzen ez duten lobby medikoen presioengatik.

Osasun departamentuak eta talde parlamentarioek konpromisoa hartu dute Osasunbidean Lanbide Karrera garatzeko. Departamentuak 2024an garatzeko konpromisoa hartu du, beharrezko diren aurrekontua eta arau-esparruak ezarriz. LABetik Osasunbideko langile guztientzako Lanbide Karrera eskatzen dugu, non langileek prestakuntza publikoa jasotzeko eskubidea ere aurreikusiko den. Ez dugu onartuko “minimoetan” oinarritutako Lanbide Karrera bat, ez eta plantillaren zati bat kanpoan uztea ere. Are gutxiago kontuan hartzen badugu nola xahutzen ari diren diru publiko pila bat sistemaren muinean erroturik dauden arazoak konpontzeko balio ez duten neurrietan.

Koherentzia eskatzen diegu Nafarroako Gobernuari eta Osasun Departamentuari. Guk, gure aldetik, mobilizatzen eta salatzen jarraituko dugu osasun zerbitzu publikoen kalitatearen aurka edo langileen edozein kolektiboren aurka doan neurri bat hartzen den bakoitzean. Plantilla osoa animatzen dugu bere eskubideak defendatzera eta lan baldintza duinak argi eta garbi aldarrikatzera. “Aski da” esateko ordua iritsi da!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...