2025-12-26
Blog Page 184

Makinak bailiran tratatzen dituen GSR enpresari negoziazioa behingoz ahalbidetzeko eskatu diote Santa Mariñe egoitzako langileek

Urdulizko zentroko beharginek pikete feminista egin dute udalerrian barrena, eskatzeko zaintza lanek merezi duten aitortza lan-baldintzetan isla dadila eta ez ditzatela kudeatu negozio-iturri hutsa bailiran.

Gaur GSRk (Mondragon Taldea) kudeatutako Urdulizko Santa Mariñe egoitzako langileak Urdulizen mobilizatu dira. Bide mozketak egin dituzte, eskuorriak banatu eta manifestazioan joan dira egoitzaraino. Apiriletik ari dira mobilizatzen eta lanuzteak egiten. Dituzten lan baldintzak eta zaintzera behartzen dituzten modua salatu dituzte, eta negoziazio-mahai bat eskatu diote enpresari, egoerari heltzeko helburuarekin.

Haien egoera salatu dute, eta langileak izan beharrean makinak balira bezala tratatzen dituztela esan dute. Tratu duinarekin bateraezinak diren baldintzetan zaintzen dute: 6 minutu inguru dituzte egoiliar bakoitza oheratzeko. Ez dagozkien funtzioak egiten dituzte: gerokultoreek paziente diabetikoei intsulina emateaz arduratzea nahi dute, eta horrek, beren funtzioetatik kanpo egoteaz gain, egoiliarren osasuna arriskuan jartzen du, ez gerokultoreek ez erizaintzako laguntzaileek ez baitute horretarako prestakuntzarik.

Enpresak errepresaliak eskaintzen ditu, elkarrizketa eta negoziazioaren ordez. Langile sumisoak nahi dituzte, beren eskubideengatik borrokatu ez daitezen. Grebarako eskubidea urratzen dute, langileak mehatxatuz eta baldintzatuz, antola ez daitezen. Eta beren eskubideen alde antolatzen eta borrokatzen diren langileak zigortzen dituzte.

Egoera horren aurrean, langileek zaintza eta baldintza duinak eskatzen dituzte enpresaren diru gosearen aurrean. Enpresari eskatzen diote eser dadila haiekin hitz egitera eta neurriak har ditzala lan-baldintzak eta zerbitzua hobetzeko. Besteak beste, ratioa handitzea proposatu dute; izan ere, salatu dutenez, esku gehiago behar dituzte lan egiteko. Era berean, beren eskubideak aldarrikatzen dituzten eta antolatzen diren langileak ez zigortzea eta jazartzea eskatu dute.

Pribatizazioa zaintzako langileen miseria da. Horregatik, zaintzaren sektorearen publifikazioa aldarrikatzen dute, administrazio publikoak interpelatuz zaintza publiko bihurtzeko bidea egin dezaten, enpresek beren bizitzekin negozioa egiten jarrai ez dezaten.

Horregatik, azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorrean parte hartzeko deia luzatu diete pertsona guztiei, zaintzarako eskubide unibertsalaren eta zaintzarako sistema publiko eta komunitario baten alde.

Kaleratze baliogabea Saltoki Logistika Araban

EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo du LAB sindikatuak Saltoki Logistika Araba enpresan duen langileen ordezkariaren kaleratzea, Gasteizko lan-arloko epaitegiek lehen auzialdian egin bezala.

Aldeko bigarren epai horrek berretsi egiten digu enpresa honetan antolatzeko eta gure presentzia indartzeko beharra, langileen lan baldintzak axola ez zaizkion eta adierazpen sindikal oro desagerrarazteko bere eskura dituen baliabide guztiak erabiltzen dituen zuzendaritzari aurre egiteko, eta langileei antolatzea eta beren lan-baldintzak hobetzeko borrokatzea ahalbidetzeko.

Azken urteotan ikusi dugu enpresak, diziplina araubidea aplikatuta, kaleratu egin dituela lan baldintzak hobetzeko antolatzen saiatu diren langileak. Kasu gehienetan, aipatu kaleratzeak bidegabetzat jo izan dira beranduago.

Duela hilabete batzutatik hona salatzen egon garen bezala, 2021eko urrian LAB sindikatuaren eskutik hauteskundeak deitu zirenetik, ikusi dugu enpresak ez dituela oinarrizko eskubideak onartzen, hala nola askatasun sindikala, antolaketa edo lan-baldintza duinak.

Klase sindikalismo borrokalari batetik soilik lortuko dugu Saltoki Logistika Araban gure eskubideak babestea, prekaritatea mugatzea eta lan-baldintzak duintzea.

Hezkuntza sailarekin sinatutako akordio laboraletik eratorritako lehenengo ituna sinatzea #LortuDugu Sukalde eta Garbiketako kolektiboan

Ekoizpenagatiko kontratuaren iraupenaren luzapena jasotzen du, bakante berrien sorreraren eta adinagatiko jardunaren murrizketaren baldintzapean

2023ko ekainaren 1ean, EAEko Hezkuntza Legea garatzeko langileen lan-baldintzak hobetzeko sindikatuen eta Hezkuntza Sailaren arteko akordioa sinatu zuen LABek.

Akordio honetan adierazitako konpromisoak dagozkion negoziazio-mahaietara eramango direla sinatu zuten, bertan berretsiak izan zitezen, dagozkien gehiengoak lortu ezkero. Kolektibo feminizatu eta prekarizatuenetik hasita, akordioa lortu du orain LABek, gehiengoak sindikatuaren proposamena babestu duelako.

Akordioan jaso zen, besteak beste, honako hauek aztertu eta adostuko direla: lanpostuak mantentzeko eta esleitzeko irizpideak, 60 urtetik gorakoentzako gazteberritze planak eta behin-behinekotasuna %5tik igoko ez dela bermatzeko neurriak hartzea.

LABek Hezkuntza Saileko kolektibo feminizatu eta prekarizatuenean lortu du lehenengo akordioa. Azkenengo Lan Erreformaren ondorioz 6 hilabetetara mugatuta dauden produkzioagatiko kontratuak sektoreko hitzarmen kolektiboaren bidez 10 hilabetera luzatzeko proposamena egin zuen administrazioak aurreko ikasturtean. Bada, hori aprobetxatuz, negoziazioa mahai sektorialera ekarri eta akordioa erdietsi du LABek.

Abian dugun Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioaren kaltetan izan gabe, eta salbuespenez, ekoizpen gorabeherengatiko kontratuak ekainaren 30era arte hitzartu ahal izango dira, baldin eta jankideentzako edota garbiketako metrajeentzako gorabeherak ekar ditzakeela aurreikusten ez bada.

Dagoeneko eginda dauden 29 kontratuen luzapenak jada tramitatu dituzte.

Sukalde eta garbiketako langileen lanpostuen zerrendan sartuko diren egiturazko bakanteak sortuko dira

  • Sukalde eta Garbiketako langile propioen plantilla erregularizatuko du urtero.
  • Lanpostu horiek lanpostuen zerrendan (LPZ) agertuko dira kategoria horietan, eta ordeztu egingo dituzte ekoizpenaren beharrengatik egindako kontratazioak.
  • Ekoizpenaren beharrengatik kontratua egin den ikastetxe batean, hurrengo ikasturterako behar hori mantenduko dela aurreikusten baldin bada, LPZn agertuko da.
  • 2021-22, 2022-23 eta 2023-24 ikasturteetan ekoizpenaren beharrengatiko 20 orduko edo gehiagoko kontratuak izan dituzten ikastetxeetan egiturazko bakanteak sortuko dira 2024-25 ikasturtean.
  • Hiru ikasturtetan betetako bakanteak lan-eskaintza publikoetan deituko dira. Behin-behinekotasun tasa gehienez %5ekoa izango da.

60 urte baino gehiago dituzten sukaldeko eta garbiketako langileei laneko jarduna herenean murriztuko zaie

60 urte bete duten finkoei zein bakantean dauden langileei prebentzio zerbitzuak dei egingo die egokitzapen espezifikoak behar dituen jakiteko. Egokitzapen horietan lanaldia herenean murrizteko neurriak ezar daitezke, murrizketa hau ordaindua eta ordezkatua izango da.

Egun sukaldean lan egiten duten 120 langileri eta garbiketan diharduten 94ri, guztira 214ri, eragingo die neurri honek.

Gauzak horrela, Hezkuntza sailari Akordio laborala mahai negoziatzaileetara eramaten jarraitzea eskatzen dio LABek, eta langileen lan baldintzak hobetzeko proposamenak egiten jarraituko du kolektiboz kolektibo.

CAFeko langileek beste protesta bat egin dute amiantoaren eraginpean egon izana salatzeko

Gaur, CAFek Beasainen dituen 7, 8 eta 9. akabera-nabeetako langileek protesta zaratatsua egin dute eremu horretako desamiantatzea kudeatzeko moduaren eta horrek langileengan izan ditzakeen ondorioen aurka.

10:00etan, Enpresa Batzordeak deituta, 300 pertsona inguruk zarataz bete dituzte hiru nabe horiek. Metalezko egiturak mailuekin kolpatzen, trenen bozinak aktibatzen edo tronpetekin lan egiten duten langileek gogorarazi nahi izan diete enpresako zuzendaritzari eta dibisioko agintariei kapitulu hori ez dela itxi.

Enpresaren egiturako kargu batek ere ez du erantzukizunik bere gain hartu gertatutako guztiagatik, eta oraindik ez dago argi amiantoaren eraginpean egon daitezkeenen zerrenden osaera.

Datozen egunetan, Enpresa Batzordeak administrazioa ere interpelatuko du gai horretan duen erantzukizunagatik.

Zerbitzuaren kalitateagatik zalantzan dagoen Serunion enpresak emango du zerbitzua Araba ESIko kafetegietan, kontratuaren kudeatzaileen utzikeriaren ondorioz

Araba ESIaren arduragabekeriak ahalbidetu du jantoki eta kafetegiak ustiatzeko zerbitzuaren lizitazioaren irabazlea Serunion izatea, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak, aldi berean, enpresa horren aurkako ekintzak hasi dituen kalitate eta osasun-kontrol faltagatik.

Joan den urriaren 20an, Osakidetzako Araba ESIk 2,64 miloi euroko balioa duen 2023/02495 lizitazioa argitara eman zuen, Araba ESIko jantoki-kafetegi zerbitzuaren ustiapenerako.

Azaroaren 8an, espedientearen balio-judizioen txostena argitaratu zen EAEko kontratazio-plataforman, Arabako ESIko Ekonomia Zuzendaritzaren mendeko Zerbitzu Orokorren arduradunak sinatua.

Lizitazioaren pleguen arabera, eskaintzaren kalitateari dagokion puntuazio subjektiboa ezarri behar da, balorazioaren %50 suposatzen duena (50 puntu). Pleguaren arabera, eskaintzaren kalitatea irizpide hauen arabera baloratzen da:

Kontuan hartzekoakPuntuakGutxieneko atalasea
Menuen eskaintza eta hornituko diren produktuen kalitatea30

25
Ingurumenaren kudeaketa, zerbitzuaren kalitatea, lan arriskuen prebentzioarekin lotutako kalitate-sistemak10
Zerbitzua ustiatzeko proiektua eta prestakuntza programa5
Proposamen berritzaileak5
GUZTIRA50

Txosten teknikoa aztertu ondoren, argi eta garbi geratzen da Arabako ESIko zuzendaritzak duen kudeaketaren kontzeptua zein den, non eta ospitaleko kafetegian jan behar duten profesionalen eta pertsonen elikadura bezalako gai delikatu batean. Txostenean ez da eskaintzaren kalitatearen araberako puntuaziorik esleitzen, ezta justifikatzen ere, pleguan bertan adierazitakoaren arabera; aldiz, hainbat kontzeptu ateratzen dira, solteak, eskaintzetatik jasotakoak, eta 50 puntuko berdinketa ematen da, lehiaketaren ebazpena prezioaren esku soilik utziz (eskaintzaren ebaluazioaren gainerako % 50).

Honek, hain delikatua den kontu batean Araba ESIko Zuzendaritza Ekonomikoaren utzikeria frogatzeaz gain, Sektore Publikoko Kontratuen 9/2017 Legeak jasotzen duen izpirituari iruzur egiten dio, horren hitzaurrean bertan adierazten baita lege honen bi helburuetako bat kalitatearen eta prezioaren arteko erlaziorik onena lortzea dela.

Utzikeria horren ondorioz, Serunion enpresa izan da kontratua lortu duena, zerbitzuaren kalitate ezagatik albistegietan agertu den enpresa. Izan ere, Eusko Jaurlaritza enpresa horrekin kontratuak deuseztatzen ari da kalitate-kontuengatik, Arabako ESIko zuzendaritza ekonomikoak, egiten dituen balorazioetan, utzikeriaz jokatu duen kontuengatik.

Kasu honetan adierazitakoak, Osakidetzak, oro har, bere profesionalekiko eta herritarrekiko duen begirune eskasa islatzen du, sektore pribatuko empresekiko duen eskuzabaltasunarekin kontrajartzen dena.

LAB sindikatuak lan handia egin du Osakidetzak argitaratzen dituen pleguak inpugnatzen, kontratuei buruzko legea eta akordio sektorialak ez betetzeagatik. Horietan argi ikusten da Osakidetzak nahiago duela zerbitzuak kanpora ateratzea (batez ere ez-sanitarioak), enpresa pribatuei diru publikoa emanez, lan-eskubideen urraketa zein eroskeria kontuetan nahasita daudenak. Aste honetan bertan jakin ahal izan denez 2024 eta 2025 urteetarako etxeko hemodialisi peritonealeko eta hemodialisiko zerbitzuen esleipenean. Orain arte lortutako geldiarazteek guztira 180 milioi euroko zenbatekoa suposatzen dute pribatizazioetan.

Adibide gisa ondorengoak aipa genitzake:

– 2022/03041 Bizkaiko osasun-barrutian dauden Osakidetzako zentroetako elektromedikuntzako ekipoak mantentzeko zerbitzua. Bi aldiz.

– 2023/00791 Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko lehen mailako arreta zentroetako ikuztegi zerbitzua.

– 2023/00140 Barrualde-Galdakao ESIko higiezinak eta obra txikiak mantentzea eta kontserbatzea.

– 2023/00729 Santa Marina Ospitaleko sukaldeko ostalaritzako makineriaren hornidura-, laguntza-, laguntza tekniko- eta azterketa-zerbitzua.

– 2023/00797 Osakidetzaren arreta sareko zentroetako erradiodiagnostiko-instalazioetan segurtasunaren eta kalitate-irizpide normalizatuen eremuko ebaluazioak egiteko zerbitzuak kontratatzea. Hau ere birritan geldiarazitakoa.

– 2023/01241 Donostialdea ESIrako elektrizitate-lanak.

– 2023/01568 Agerraldi epidemiologikoen aurrean babesteko materialak hartzeko, biltegiratzeko eta banatzeko logistika-zentroa.

Sagarduik eta Urkulluk behin eta berriz errepikatzen dute Osakidetza ez dela pribatizatzen. Erabat baztertu beharreko baieztapena da hau. Gainera, berez malguak diren arauak alde batera utziz ari dira pribatizatzen, eta langile publikoen eskudideak urratuz. EAJren kudeaketak helburu argia du: osasun sistema publikoa zatikatu eta enpresa pribatuei saltzea. Eta horren lekuko zuzenak dira Osakidetzako langileak.

Egungo eskola-jangela eredua agortuta dago eta aldatzeko prozesua irekitzea premiazkoa da

Hezkuntza Sailari eskatzen diogu eser dadila eragile sindikalekin eta sozialekin, jangela-eredua aldatzeko prozesuari ekiteko.

Azken aste hauetan, hainbat komunikabideren eta EAEko hainbat eskola publikotako familien bitartez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kudeaketa zuzeneko jangela publikoak kudeatzen hasi den enpresa berri (multinazional) baten janariaren kalitatearekin hainbat jangelatan izandako gertakari oso larriak ezagutu ahal izan ditugu.

Janariaren kalitatearekin izandako gorabeherak ez dira azken aste hauetako gertakari bakan batzuk; aitzitik, aurreko ikasturteetan sektoreko beste multinazional batekin hainbat gertakari izan ziren, familiek jendaurrean horien berri eman zutelarik.

LAB sindikatuan argi dugu gertatutakoaren erantzukizuna Eusko Jaurlaritzarena dela, zehazki Hezkuntza Sailarena: “Zer espero dugu lizitazio batzuetatik zeintzuetan ikasleen elikadurarekin eta jangeletako langileen lan-baldintzekin merkantilizatzen den?” Kudeaketa zuzeneko eskola publikoetako jangelak kudeatzeko lizitazio hauetara aurkeztu diren enpresek, lehen plateraren, bigarren plateraren eta postrearen prezioaz gain, jangelako langileen orduko prezioarekin enkantea eginez lehiatu nahi izan dute. Hau da, besteak beste, eskaintza ekonomikorik merkeena aurkeztu duen enpresak lortzen du kudeaketa.

LAB sindikatuan janariaren kalitatea eta segurtasuna lehenesten dituzten jangelak nahi ditugu, langileek lan-baldintza duinak izango dituztena, ikasleen beharrak zentroan jartzen dituena. Baina, horretarako, jangelen egungo kudeaketa-eredua lehenbailehen aldatu behar da, zerbitzuaren pribatizazioa bere osotasunean alde batera utzita, bertako sukaldeak lehenetsiz.

Premiazkoa da jangelen kudeaketa-eredu berri bat sortzeko prozesua hastea, egungoa ez bezalakoa, sindikatu zein hezkuntza eragileekin, elikaduraren kalitatea eta zerbitzuaren publikotasun osoa erdigunean jarriz.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzen diogu jangela kudeatzeko eredu berri baterako prozesua has dezala.

CAFeko langile batzarraren gehiengo zabalak borrokan jarraitzea lehenetsi du

Langileen batzarrek berretsi egin dituzte aurretik bozkatuak zeuden eta ELAk, CCOOk eta UGTk bertan behera utzi nahi zituzten lanuzteak, lan-hitzarmenaren negoziazioa bultzatzea helburu dutenak.

Hainbat presio-neurri aktibatu eta hainbat lanuzte egunen ondoren, Zuzendaritzak hitzarmen berrirako laugarren proposamen bat egitea lortu zuten CAFeko langileek. Azken egunetan, ordea, mobilizazioak bertan behera uzteko Zuzendaritzak eginiko eskaerei men eginez, ELAk bultzatuta eta CCOOren eta UGTren babesarekin, Beasain, Irun eta Madrilgo lantegiak biltzen dituen lantokiarteko batzordean gehiengoz presio-neurriak bertan behera uztea eskatu zuten.

Hala ere, Beasaingo eta Irungo zentroetako batzordeen gehiengo sindikalak (LABek eta ESK-k osatuak) presio-neurriei eustea eskatu dute, ez baitzuten uste langileak desmobilizatzeko behar besteko edukirik eta arrazoirik zegoenik.

Gaur izan dira mobilizazio eta lanuzteekin jarraitu edo ez erabakitzeko batzarra, eta Beasaingo lantegietan mobilizazioak bertan behera uzteko proposamenak 411 boto jaso ditu guztira, eta mobilizazioei eusteko proposamenak, LABek eskatu bezala, 825 boto. Irunen 41 izan dira mobilizazioak bertan behera uztearen aldeko botoak, eta 172 mantentzearen alde. ELAk, CCOO eta UGTren babesarekin lanuzteak bertan behera uzteko egindako proposamenak Madrilgo lantegian egindako batzarrean bakarrik egin du aurrera. Langileen gehiengo zabalak mobilizazio eta lanuzteekin aurrera jarraitzea lehenetsi du, eta ostegun honetan bertan izango da hurrengo mobilizazio eta lanuzte eguna.

Gaurko emaitzekin langileen borroka indartu eta balioesten dela nabarmendu du LABek, eta enpresari galdegin dio behingoz negoziazioa edukiz bete dezan. Bestalde, Zuzendaritzak sustatzen duen zatiketa-politika ez elikatzeko ere eskatu die gainerako sindikatuei, soilik langileen arteko batasun eta determinazioarekin lortuko direlakoan ezarritako helburuak.

[IRITZIA]: Arrakalen aurka, orain 1.080 €

Nafarroan LAB sindikatuko Ekintza Sozialeko arduraduna den Jaime Iribarren Iriartek iritzi artikulua osatu du pentsio duinen gaia hizpide hartuta. Jarraian duzue irakurgai:

Herri solidarioa garela diote. Niri gehiago gustatzen zait herri borrokalaria garela esaten digutenean, jendarte solidario bat eraikitzeko modurik onena bidegabekeria ororen aurka mobilizatzea baita.

“Biztanleria aktiboan” bizitza luzea egin ondoren, Gizarte Segurantzak zahartzaroko pentsioa kobratzeko eskubidea jasotzen du. Kontua da, lan bizitza osoaren finikitoa egitean, ez dela egindako lana kontatzen, legez lan egindako urteetan kotizatutako zenbatekoa baizik. Hasiera batean logikoa dirudi, baina ez da hainbeste.

Lana eta enplegua ez dira gauza bera. Lana ordaindu beharrik ez dagoen jarduera baten emaitza den bitartean, emplegua soldata baten truke egiten den lana da. Horregatik, ordainsaririk gabeko lanak aitortu behar dira: gehienak emakumeek eginak, gehienak zaintza arlokoak. Emakume askok, bizitza osoa lanean eman ondoren, larrituta ikusten dute ez dutela ezer kotizatu, edo ez dutela nahikoa kotizatu, eta kondenatu dituztela kotizazio gabeko pentsio batekin edo bikotekidearen pentsioarekin bizitzera.

Bestalde, bigarren arrakala bat dugu, genero joerak bultzatuta gaizki ordainduta dauden lan prekarioena hain zuzen ere. Soldata txikiarekin lan egin duen pertsonak beste edozein pertsonak bezalako ekarpena egin dio gizarteari, edo handiagoa. Horregatik, ez da bidezkoa bizitzan zehar ekonomikoki gutxietsi izan dituzten emakumeak bere bizitzaren azken txanpan ere pentsio txikiarekin zigortzea. Gaur egun, kaleko garbitzaileek eraikinetako garbitzaileek baino soldata handiagoa dute. Gaur egun, kaleko garbitzaile gehienak gizonezkoak dira, eta eraikinetako garbitzaile gehienak, emakumezkoak. Eta gogoan izan, gutxiago kobratu, gutxiago kotizatu. Soldata arrakala horri aurre gin behar zaio, soldatapeko lanetan pentsiodunen arteko aldea zuzentzeko.

Kotizaziopeko pentsioa jasotzeko eskubidea izateko, legeak eskatzen du gutxienez hamabost urtez kotizatu izatea, eta, dagokizun zenbatekoa kalkulatzeko, azken 25 edo 29 urteetako kotizazio-oinarriak hartzen dira kontuan; azken kasu horretan, gutxien interesatzen zaizkizun biak deskontatuko dira. Arazoa da emakume askok ezin izan dutela hainbeste urtez lan egin kontratu baten estaldurapean, eta horrek ezarritako gutxienekora iristen ez diren pentsioak kobratzera kondenatzen ditu, eta, beraz, minimoetara osatu behar dira. Bidegabe diskriminatu diren emakume guztiei pentsio duinak aitortzearen bidez zigortu behar da patriarkatua.

Egun, kotizaziopeko gutxieneko pentsioa 743 eurokoa da. Pentsio mota horiek Estatuaren kontua dira. 78ko Espainiako Konstituzioak Gizarte Segurantzaren eskumen guztiak Nafarroara transferitzeko aukera onartzen du, eta hori beharrezkoa da antolaketaren eta funtzionamenduaren ikuspegitik. Baina Madrilek bahitutako eskumena da oraindik ere. Eskumen hori hartzea premiazkoa eta beharrezkoa da. Izan ere, Madrilek bere irizpidea ezartzeko ahalmena duen bitartean, Estatuak oinarrizko legediaren gainean duen eskumen esklusiboa erabiliz, subiranotasun faltak eragotziko du herri gisa dugun errealitate sozioekonomikoari erantzungo dion pentsioen sistema publiko propioa diseinatzea.

Kutxa bakarraren defendatzaileak, finantza-elkartasunaren printzipioa alegatuz, iruzurrezko esparru bat ezartzen ari dira, gure beharrei aurre egitea galarazten digun eskumenen desoreka eragiten duena. Begibistakoa da hemen eta han bizitzaren kostua ez dela berdina, eta, beraz, Estatu osorako pentsio bakar eta berdina ezartzeak desberdintasuna eragiten duela, hain zuzen ere Konstituzioaren defendatzaileek alegatzen dutenaren kontrakoa.

Gure herriko bizitzaren garestitzea Estatuko beste leku batzuetan baino handiagoa da. Baina egia da, ere bai, pentsiodunen erronkari erantzuteko ahalmen ekonomikoa dugula. Tresnak baino ez dira falta.

Bien bitartean, adabakiz konpondu behar dugu arazoa. Bai, “Orain 1.080 € Ahora” herri ekimenetik proposatzen duguna adabakia da, Nafarroako Ogasunetik Madrilek ezartzen duen gutxieneko pentsioa 1.080 €-raino osatzeko. Beste era batera esanda, negu honetan kotizaziopeko pentsioa duen pertsona orok berogailua piztu ahal izan dezan.

Aldarrikapen hori premiazkoa da gaur egungo pentsiodunen bizi-baldintzak hobetzeko; etorkizuneko pentsiodunei bizitza duina emateko palanka da, eta irtenbide partzialetatik harago joateko eztabaida sortzen du, gure lurraren eskumen eta subiranotasun ahalmena handitzeko beharrari aurre eginez.

Kasu honetan, berdintasuna ez da ekitatearen sinonimoa. Diskriminazioa zuzentzeko, diskriminazio positiboa egin behar da. Iritsi da garaia eskubideak borrokatu eta aldarrikatzen dituen herria garela erakusteko. Azaroaren 11n, Iruñeko Baluarten, Nafarroako Parlamentuari gutxieneko pentsioak osatzeko eta funtsean feminista den aldarrikapen honi bizkarra ez emateko eskatu diogu; 1.080 €-ra iristen ez diren 10 pertsonatik ia 7 emakumeak baitira. Eta azaroaren 30ean, ez dago besterik, denok Greba Feminista Orokorrera.

Dornierreko kaleratzeak gaitzesteko mobilizazioa egin dugu Iruñean

Gaur, 2023ko azaroaren 14an, berriz ere, DORNIER SA-k egindako kaleratzeak salatu ditugu, behar bezain azkar ez ibiltzea bezalako argudio berritzaileekin. Hala, gure lankideen azken kaleratzeak gaitzesten eta salatzen ditugula erakutsi dugu Udaletxe plazan eginiko elkarretaratzean.

Egoera horren larritasuna are nabariagoa da aintzat hartuta kaleratze horiek hauteskunde sindikalen, baldintza-agiriaren aldaketaren eta etorriko den hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren garaian gertatu direla. Horrelako ekintzen helburua argia da, langileek egoera zailari aurre egiteko behar duten antolaketa-premia blokeatzea eta beldurra zabaltzea.

Hala, Enpresa Batzordeak exijitu du kaleratze guztiak berehala gelditu behar dira.