2026-04-29
Blog Page 183

Ezinbestekotzat jotzen dugu Nafarroako langileek eragiten dieten politika publikoak garatzeko duten eskubidea defendatzea, kanpoko esku-sartzerik gabe

Espainiako Auzitegi Gorenak Trafikoko eskumenaren transferentzia bertan behera uzteak Nafarroa Garaiko subiranotasunari eman dion astindua dela-eta, LAB sindikatuak adierazi nahi du bat egiten duela zenbait alkatek eginiko deialdiarekin, eta langile klaseari dei egin dio parte har dezan heldu den larunbatean, martxoak 2, Iruñean, 17:30ean, Sarasate pasealekuan, autogobernuaren alde eginen den elkarretaratzean.

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak, Guardia Zibilari arrazoia emateko ilusionismo juridikoaren ariketa argian, elite erreakzionarioen jokabide historikoaren berri ematen digu, eta Nafarroa espainiar oligarkiaren menpeko lurralde bihurtzeko duen interes bereziaren berri ematen digu, Nafarroako herritarren borondatearen eta beharren gainetik.

Hala ere, Nafarroako langileek politika publiko eraginkorrak eskatzen dituzte, beraien beharrei eta kezkei konponbidea emateko gaitasuna izanen dutenak; beraien bizi eta lan-baldintzak hobetuko dituzten erabakiak behar dituzte, eremu guztietan: bide-segurtasuna, lan-harremanak edo eredu politikoa, ekonomikoa eta soziala.

Nafarroako langileriak aldaketak behar ditu, bai ekonomian, baita eredu instituzionalean ere. Nafarroak tresna subirano berriak behar ditu, gehiengo sozialaren eskakizun sozial, politiko, linguistiko eta kulturalak bermatu eta ahalbidetzeko.

Ez dugu Gipuzkoako okindegietako aurreakordioa sinatuko

Hitzarmena 8 urtez izoztuta egon da eta 16 bilera egin ondoren, LAB sindikatuko kideok ez dugu Gipuzkoako okindegietako hitzarmenaren aurreakordioa sinatuko, atzerapausoak egon direlako eta inolako borrokarako proposamenik mahai gainean jarri gabe egin delako.

Duela urtebete hasi ginen hitzarmena negoziatzen, eta 16 bilera egin ditugu ordutik. Lehenengo bileran plataforma bateratu bat aurkeztu bazen ere, handik gutxira UGT atera  zen. Azken hilabeteetan berriz, ELA eta CCOO sindikatuek gehiengoa zuen proposamen berri bat aurkeztu zuten. LAB sindikatutik ez genuen proposamenarekin bat egin atzerapausoa ematen zelako antzinatasunean.

Ukaezina da 8 urteko izoztearen ostean pozgarria dela hitzarmena berriz indarrean izatea. Hobekuntza ekonomiko zein sozialak jaso badira ere akordio berrian,  antzinatasunari dagokionez, negoziaketaren abanikoan eduki genezaken aukera okerrenetakoa adostu da azkenean.

Orain arte antzinatasuna LGSren %10 zen eta orain, LGS 1.134 euro izanda ere, erreferentzia antzinatasunerako 751,85 euro izango da. Gure ustez atzerapauso galanta da eta artikulo honek ez ditu 2016tik gaurdaino egondako KPIaren igoera guztiak bermatzen.

Honekin batera gainera, langileek ez dituzte 2022ko soldata atzerapenak jasoko, nahiz eta, hasiera batean patronala emateko prest egon.

Sektore zaila da okindegiena, errealitate oso ezberdinak biltzen dituelako. Lan industriala egiten den enpresetan ordezkaritzaren bidez lan baldintzak hitzarmen propio bidez hobetuta dituzten bitartean, auzoetako okindegi txikietan, ordezkaritza gabe, hitzarmena da haien oinarri eta topea. Industriako sektoreko beharrak begi bistatik galdu gabe, lehentasuna okerren zeuden langileengan jarri nahi izan dugu LAB sindikatutik, horregatik adibidez, igandetan lan egiteko betebeharra mugatu nahi izan dugu. Baina industria-sektorearen lehentasunak baldintzatu egin du bai soldataren igoera, antzinatasuna kalkulatzeko modu horren bidez, bai kolektiborik prekarizatuenarentzat lor zitezkeen beste hobekuntza batzuk.

LAB sindikatutik uste dugu negoziaketan ez dela fokua jarri gehien behar zuten langileetan eta kontzesio handia egin dela, inolako borrokarako proposamenik mahai gainean jarri gabe gainera.

Programaturiko hiru lanuzteen lehena egin dugu Nafarroako zahar egoitzen hitzarmena desblokeatzeatzeko

LAB sindikatuak deituta, Nafarroako zahar egoitza pribatuetako langileek bi orduko lanuztea egin dute gaur, eskatzeko Gobernuak eta patronalak behingoz desblokea dezaten sektoreko Nafarroako lehenbiziko hitzarmena izan beharko lukeenaren negoziazioa. Gaurkoa zen LABek programaturik dituen hiru lanuzteetako lehena; bertze biak martxoaren 12an eta 26an izanen dira, goizeko zortzietatik hamarretara. Lanuzteez gain, LABek gaur kontzentrazioak egin ditu Iruñean, Tuteran eta Tafallan.

Nafarroako zahar egoitzetako langileek, LABen eskutik, hiru urte baino gehiago daramatzate beren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen sektorial probintziala lortzeko borrokan. Duela hilabete batzuetatik, eta intersindikalaren pasibotasunaren aurrean, LABek borrokarako bide propioa hasi zuen, mobilizazioekin eta ekintza sindikalaren barneko ekintza desberdinekin, hala nola bi orduko hiru geldialdi hauek.

LABek patronalari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die egoera hori desblokeatzeko beharrezko urratsak egin ditzatela. Baina sektore horrekiko axolagabekeria erakusten jarraituz gero, LABek lanuzte eta mobilizazioekin jarraituko du. Alde horretatik, LABek zahar egoitzetako langileak animatu nahi ditu hurrengo bi lanuzteetan sar parte har dezaten, langileen konpromisorik eta borrokarik gabe Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmena ezinezkoa izanen baita.

Nafarroako Kimiketako hitzarmena adosteko patronalak egin beharreko lanketa bizkor dezan exijitzeko mobilizatuko gara

Azken hilabete luzeetan LAB eta ELA aldarrikatzen ari garen Nafarroako Kimiketako hitzarmenaren lanketaren barnean eta intersindikalak egindako eskaera baten ondorioz, pasa den otsailaren 23 eta 26an bi sindikatuak CEN patronalarekin batzartu ziren, nor bere aldetik. Baina enpresaburuen erantzuna mantso doanez eta, gainera, ez doanez bi sindikatu hauek nahi duten ildotik, martxoaren 1ean elkarretaratzea eginen dute CEN-en Iruñeko egoitzaren parean.

Otsailaren 23ko eta 26ko bileretan sindikatuek 25 lantegitako batzordeetako hitzarmenaren aldeko atxikipenak aurkeztu zituzten (Icer Rail, Lozys, CINFA, Viscofan, Maier Navarra…) eta horren inguruan solastatzeko beraien prestasunaren inguruan galdetu zioten patronalari. Tamalez, erantzuna ez zen baiezkoa izan; enpresa desberdinetan galdetuko zutela erran zuten eta horren esperoan dira sindikatuak orain. Hala eta guztiz ere, CEN patronalak aitzindu zuen, beraiek dakitenaren arabera, enpresak eroso daudela hitzarmen estatalarekin; gogoratzekoa da Espainiako hitzarmen horrek %1 (2021), %2 (2022) eta %2ko (2023) soldata igoera xumeak ezartzen zituela, bertze eduki eskasekin batera.

Gauzak horrela, LAB eta ELA ez gara geldirik egonen eta Nafarroako Kimiketako hitzarmen duinaren aldeko aldarrikapena karrikara aterako dute. Martxoaren 1ean, 10:30ean, elkarretaratzea eginen dute CENen Iruñeko egoitzaren aitzinean eta bertan, batetik, patronalari exijituko diogu bizkor dezan berak egin beharreko lanketa eta, bertzetik, UGTren eta CCOOen jarrera salatuko dugu, bi horiek Nafarroako hitzarmenaren aurka agertu duten jarrerak guztiz baldintzatzen baitu oraingo egoera.

Beraien lan baldintzak hobetzea eta gauzak Nafarroan erabakitzea nahi duten Kimiketako langileei dei egiten diegu LABek eta ELAk, martxoaren 1eko elkarretaratzean parte har dezaten.

Salicako enpresa-batzordeak erabat gaitzesten du enpresak inposatutako Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea

Kontserba-enpresako enpresa-batzordeak agerraldia egin du Bermeon eta bertan azaldu du, joan den azaroan, beste Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea (ABEEE) bat hasteko asmoa zuela adierazi ziola zuzendaritzak, bigarrena jarraian. Honela, 2023an bezala, Salikako langileak dira berriz ere enpresarako plan estrategikorik ez izatearen ondorioak ordaintzen dituztenak. Berriro ere erabiltzen da ABEEEa “tresna” bezala malgutasun handiagoa izateko bide moduan.

Iaz, langileek euren burua egoera horretan lehen aldiz ikusi zutenean, enpresak esan zien koiunturala zen arazo bati erantzuna emateko neurria zela. Adierazi dute, urte honetan, antolaketa faltak ekarri duela ABEEEa izatea elementu bat Salicako langileak enpresaren esanetara egoteko, hau da, malgutasuna nahieran. Bigarren ABEEEaren jakinarazpenak gainera, argi utzi zien ez zela egoera koiuntural bat, eta  jardunaldien gaineko malgutasuna egiturazkoa beharrizana izan daitekeela enpresarentzako.

Historikoki, sektoreko enpresek baino kontratazio eta baldintza egonkorragoak izan dituzte. Salican, beste enpresa batzuetan ez bezala, langileak ez dira aldizkako finko moduan kontratatzen, , plantillako 170 pertsonetatik gehienak lanaldi osoko finkoak dira. Hori horrela da, batez ere langileak eta enpresa-batzordea beti egon direlako prest euren eskubideak eta urte hauetan lortutako hobekuntzak defendatzeko. Barne antolaketa sindikala funtsezko faktorea izan da eskubide horiek lortzeko eta sendotzeko. Eta orain, ziurgabetasun egoera honen aurrean, ez da desberdina izango.

ABEEEak iraun dituen ia 14 hilabete hauetan langileengan sortzen ari den eragin ekonomiko eta soziala oso kezkagarria izaten hasi da. Egoera horrek eragiten duen ziurgabetasuna, emakume langileak jasaten ari diren diru-sarreren murrizketarekin batera, jasanezinak dira, baita gizarte-segurantzaren prestazioaren bera agortzea ere. Gainera, ez bakarrik Salicako langileek, kontserben sektoreko langile guztiek ere ikusten dituzte haien lan- eta bizi-baldintzak enpresen diru-goseen mesedetan kaltetuak, Salica beti izan baita erreferente Bizkaiko kontserbetako sektorearentzat.

Kontserbetako sektoreak Busturialdean eta, batez ere, Bermeon duen garrantzia ezaguna da eta Salica erreferentea izan da eta da sektoreko langileentzat lan baldintzen arloan. Langileen borroka erreferentzialtasun hori mantentzeko eta hobetzeko da. Ezin dugu ahaztu sektore honetan emakumeak direla nagusi. Honek esan nahi du, berriz ere, kolektibo honen eskubideak prekarizatu egin nahi direla, urte asko baitaramatzate borrokan genero-arrakalarekin amaitzeko. “Beraz, ez dugu amore emango gure enpresaren aurrean, erakusten ari baita ez dagoela prest bere pribilegioak galtzeko”, adierazi dute enpresa-batzordeko ordezkariek.

Salicako langileek ez dute onartuko enpresa-kudeaketa txar batengatik euren eskubideetan atzera pausurik. Hauek mantentzeko borrokan gaurko eta atzoko langileen ahalegina eta, batez ere, gure lanetik bizitzeko aukera emango dien lanpostu finko eta ordenatua babesten jarratuko dute.

Horregatik, euren asmoa ere bada bizi duten egoeraren berri ematea entzun nahi dituzten instituzio guztiei. Hau ez da soilik Salicako, Bermeoko edo eskualdeko langileen borroka, gizarte osoaren borroka baizik.

Esandako guztiagatik, publikoki adierazi diote, berriz ere, euren gaitzespen osoa enpresak inposatutako ABEEEari. Enpresak bere plan estrategiko integrala eta ez partziala aurkeztea eskatzen dute. Langile bezala urteetan zehar lortutako eskubide guztiak bermatzea eskatzen dute, bizi baldintza duinak izateko, euren enpresan lan egonkorra mantenduz.

Salatu dugu Ausolanek kanpoko enpresa bat kontratatu duela baja medikoak kontrolatzeko

Ausolan enpresako kolektibitateetarako sukaldaritzako eta garbiketako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Espartzan (Nafarroa), enpresaren egoitzaren aitzinean, salatzeko posta elektroniko bidez izan dutela kanpoko enpresa bat kontratatzeko alde bakarreko erabakiaren berri. Kanpoko enpresa horrek langileen baja medikoak kontrolatuko ditu. Erabaki hori ez da sindikatuetako ordezkariekin partekatu ez negoziatu. Langileek aldarrikatu dute diru hori prebentziorako erabiltzea, eta ez kontrolerako.

Bajak kontrolatzeko enpresa horiek ez dute inolako onura edo laguntzarik ematen. Langileen kolektiboari presioa egin, kontrolatu eta beldurra sartzeko baino ez dira, iruzurrezko susmagarritzat jotzen baitituzte guztiak. Langileekiko susmo bat sortzeaz gain, Osasunbideko eta Osakidetzako medikuen aurka ere egiten dute, baja medikoak ematerakoan beren profesionaltasunaz fidatzen ez direlako.

LAB sindikatuak enpresa animatu nahi du diru hori bere langileen lan baldintzak prebenitu eta hobetzeko erabil dezan, langile gaixoak lanera lehenbailehen eta edozein modutan bidalita aberasten diren enpresa mota horiek kontratatzen gastatu beharrean.

Gogoratu behar da langileak otsailaren 13an kontzentratu zirela Arrasateko (Gipuzkoa) Ausolanen bulegoen aurrean, bajak kontrolatzeko enpresa berri horri uko egiteko. Neurri hori Arrasateko ospitalean ezarri dute, eta aurten Gipuzkoako zentro gehiagotan ezarriko ez dela diote.

Astebete geroago, otsailaren 20an, Nafarroako eta Gipuzkoako langileen ordezkariak enpresarekin bildu ziren kanpoko enpresa horren kontratazioa bertan behera uzteko eskatzeko, eta erantzun zieten ezinezkoa zela, kontratazioa urtebeterako baita (2024). Enpresak argudiatu zuen kontratazio horren arrazoia zela enpresan dagoen absentismo handia, eta arazoak detektatzeko eta epeak arintzeko “proba pilotua” dela diote; erran dute langileen onerako eta hobetzeko dela. Baina langileek badakite errealitatea bertzelakoa dela. Neurri honen bidez, langileek egoera deserosoei aurre egin beharko diete, aldi baterako ezintasunaren ondorioz duten egoera pertsonalari gehituko zaizkionak.

Arestian aipaturiko guztiagatik, gaur, otsailaren 27an, langileak Ausolanen bulegoen aurrean elkartu dira Comarca II industrialdean. Lantoki hori hautatu baitu enpresak esperimentu honetarako, bai sukaldaritzan bai garbiketan (Geslagun). Enpresak neurri hori deuseztatzeko inolako jarrerarik ez duenez, LABek langileak animatu nahi ditu beren eskubideen berri jakin dezaten, kanpoko enpresa honen dei bat jasotzen badute ere.

2024a hasi denetik 17 langile hilik lan istripuz

Atzo arratsaldean Arrasaten, beste langile bat hil da altueretako erorketa baten ondorioz. 2024an dagoeneko 17 langile hil dira lan istripuz, eta lau dira erorketetan hildakoak.

Hildako langilea, 54 urteko R.M.P, Arrasateko udalaren promozio publikoko lan bat burutzen ari zen, kontrata baten azpikontrata batentzako lanean ari zen. Altuna y Uria enpresak azpikontratatutako Proyectos y obras Garci, Galizako enpresarentzako hain zuzen. Lehenik eta behin, LABetik, gure samina eta lankide senide eta lagunekiko elkartasuna adierazi nahi genuke.

LABek jasotako datuen arabera, igogailu baten instalakuntzan azken erremateak egiten ari zela 3 metroko altueratik erori zen, eta bertan hil zen. Ez dakigu lan hori bakarrik egiten ari ote zen, ez dakigu altueretako lanak egiteko babes neurririk ba ote zuen, ez dakigu lan hori ikuskatzen inongo errekurtso prebentiborik ba ote zegoen. Dakiguna da istripuaren baldintzak aztertuta, aipatutako derrigorrezko neurri gehienak ez direla bete, hau da, enpresak ez dizkiola bermatu eta horrek eragin duela heriotza.

Onartezina da, hain maiz gertatzen den lan-istripu mota baten aurrean, beharrezkoak diren bitartekoak ez jartzea. Gogoratu eraikuntza dela istripu hilgarrietan liderretakoa. Agerikoa da Lan Ikuskaritzak, Osalanek eta Gobernuek ez dituztela jarduera horiek kontrolatu nahi. Praktikan, patronalari ez zaio araudia betearazten eta honen emaitza agerikoa da, bizitzarekin ordaintzen dugularik.

Eraikuntzaren sektorean dauden lan baldintza txarrak salatzen ditugu. Lanaldi luzeak, azpikontratazioa, autonomo faltsuak, prestakuntzarik eza, prebentzio-baliabiderik eza… Prekaritatea, esplotazio-modu bat izateaz gain, laneko heriotzak eragiten dituen arrisku-faktore bat da.

Honen aurrean eta jakinik ez Osalanek ez Jaurlaritzak ez dituztela eurenak diren eskumenak baliatuko, patronalaren inpunitatea babestuaz, udal gobernuei dei egiten diegu kontratazio pleguen bitartez lan osasuneko araudia betetzea eta lan baldintza duinak bultzatu ditzaten. Hau baita egun, promozio publikoko lanen baldintza duinak bermatzeko trensa administratibo erreal bakarra, eskumena dutenek muzin egiten dietelako.

Argi dago gaitz honen konponbidea langileok egiten dugun presio eta mobilizaziotik etorriko dela. Gure bizitza jokoan dago. Honela, LAB, STEILAS, ESK, HIRU eta EHNE intersindikaletik bihar, otsailaren 28an, 18:30ean Arrasateko Udaletxe Plazan burutuko dugun mobilizazioan parte hartzera dei egiten dizuegu.

Mobilizazioak iragarri ditugu Bizkaiko esku-hartze sozialean

Bizkaiko esku-hartze sozialaren sektorea hitzarmenik gabe dago 2021etik. Izaera ezberdinetako kolektiboei arreta ematen dieten 4 mila langiletik gora hitzarmenik gabe daude. Gizardatz eta Geroan sektoreko patronalak, negoziaziotik desagertu dira azken bileran, abenduaren 29an, LAB eta ESKren proposamenari ostikada bat eman ostean. LAB eta ESKarentzat Patronalaren arduragabekeria oso larria da.

Egoera horren aurrean, honako hau adierazi nahi dugu:

  • Gizardatz eta Geroan 30 bat erakundek, elkartek edo fundaziok osatzen dute, eta Hitzarmena sinatzeko akordio bat bilatzeko borondate gutxi agertu dute.
  • Sektore honetako langileek zerbitzu publikoa egiten dute, langile publikoak dira. Zerbitzu honen titulartasuna eta erantzukizuna administrazioena da, kasu honetan Bizkaiko Foru Aldundiarena, Udalena eta Eusko Jaurlaritzarena. Erakunde horien ardura da gaur egun lan-baldintzak prekarioak izatea eta egiten dugun zerbitzu publikoaren kalitateak okerrera egitea.
  • Negoziazioa bertan behera uzteko arduragabekeriaz gain, Gizardatz eta Geroan eragile koldar gisa agertzen ari dira administrazio publiko horien aurrean.
  • Patronalak entitate edo eta elkarte desberdinen arteko lehia-sistema bati eusten dio diru publikoaren truke, eta honen ondorioz, zerbitzuaren kalitatea galtzen da eta lan-baldintzak okertzen dira ere. Bere helburu bakarra bere entitateen bideragarritasun ekonomikoari eustea da, hau da, “txiringitoak” mantentzea.
  • Gizardatzek, Geroanek eta Erakunde Publikoek (Bizkaiko Foru Aldundiak, Udalek, Mankomunitateek eta Eusko Jaurlaritzak) sektoreko langileei akordio bat onartu dezatela proposatu diete, besteak beste, 2022ko eguneratzea “oparitzeko” eskatu diete, erakundeek ezin baitute bere gain hartu 2022an ordaindu ez zen dirua ordaintzea. Hau da, sektoreko arduradunen arabera, Bizkaiko esku-hartze sozialeko sektorearen bideragarritasun ekonomikoa dela eta, langileek uko egin behar diote 2022ko igoerari.
  • Murrizketen planteamendu hori testuinguru sozial eta politiko batean gertatzen da, non zerbitzu publikoen eztabaida inoiz baino irekiago dagoen, non Bizkaiko Foru Aldundiak eta Udalek inoiz baino diru gehiago bildu duten zergetan eta eskaintzen duten zerbitzu publikoen kalitatea galtzen ari den. Hau da, sistema bat finkatzea proposatzen dute, non langileek erosteko ahalmena galdu behar duten sistema horrek bideragarritasuna izan dezan.
  • Horregatik guztiagatik:
  • LAB eta ESK sindikatuentzat eztabaida sakona da: Bizkaiko Esku-hartze Sektoreko arduradunek, erakunde publikoek eta patronalek, langileen erosteko ahalmenari eusteko gai ere ez den sistema iraunarazi nahi dute. Guk ez dugu egoera hau iraunaraziko duen hitzarmenik sinatuko.
  • LAB eta ESKk Gizardatz eta Geroan elkarteei 2023ko abenduan azken negoziazio.mahaian helarazi genien elkarrizketarako borondateari eusten diogu. LAB eta ESK, akordio bat lortzeko aukera aprobetxatzeko asmoz, eta langileen bizitza eta lan kalitatea hobetzeko helburuaz, proposamen ekonomiko bat eta eduki sozialak dituen proposamen bat jarri genituen mahai gainean.
  • Erakunde publikoak egiten ditugu egoera horren erantzule. Zuzenean interpelatu ditugu , eta erantzuna penagarria da. Erakunde horietako batzuek harrera egin digute, hala nola Teresa Laespadak, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Saileko foru diputatuak, baina oraindik ez dakigu zer egingo duen blokeo horren aurrean. Beste batzuek ordea, hala nola Amaia Antsustegi Gizarte Ekintza Saileko Foru Diputatuak eta Juan Ibarretxe Bilboko Gizarte Ekintzako zinegotziak uko egin diote harrera egiteari eta guri entzuteari. Batzuei eta besteei gatazkaren erantzuleak direla esaten diegu, erantzukizuna beren gain hartzeko eskatzen diegu eta irtenbideak emateko ere.
  • Gizardatz eta Geroan elkarteei eskatzen diegu ezkutatzeari uzteko eta sakoneko eztabaidari aurre egiteko. Halaber, negoziazioari benetako edukiekin berrekiteko eta akordioa errazteko eskatzen diegu.
  • Etorkintza, Bizitegi, Agintzari, Bizgarri, Gizakia, Eguzkilore, Amiarte, Askabide, T4, Zehar-Errefuxiatuekin, Elkarbanatuz, Goiztiri, Lagun Artean, Sortarazi, Suspergintza, Harribide, grupo SSI, Gaztaroa-sartu, Peñascal, Caritas, Stella Maris, Irse-Ebi, Bidesari, EDE, Zubitxe, Bosko taldea, Izangai, Kiribil eta Ortzadarri eskatzen diegu, aurrera pausua eman dezatela, utzidezatela Gizardatz eta Geroanen atzean ezkutatzeari eta har dezatela sektoreak behar duen lidergo papera.
  • Amaitzeko, jakinarazi nahi dugu mobilizazio ziklo berri bat ireki dugula apirilera arte. Kalera aterako gara, sektoreko langileentzako bidezko hitzarmen bat aldarrikatzeko.

  • MOBILIZAZIOAK
    âś” Martxoak 6 asteazkena. Elkarte ezberdinen aurrean elkarretaratzea.
    âś” Martxoak 13 asteazkena. Elkarte ezberdinen aurrean elkarretaratzea.
    âś” Martxoak 20 asteazkena. Ekintza eta elkarretaratze ezberdinak egun osoan zehar.
    âś” Apirilean, Ekintza eta elkarretaratze ezberdinak Gose Greba baten inguruan.

Martxoaren 3ko ekintza bateratuak aurkeztu ditugu

Datorren igandean betetzen dira 48 urte martxoaren 3ko sarraskitik. Eta gaur, agerraldia egin dugu LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuok, Martxoak 3 elkartearekin batera, igandean egingo ditugun ekintzak aurkezteko. 12:00etan, ekitaldia egingo dugu Plazan, monolitoaren ondoran, eta 12:30ean, bertatik abiatuko da Gasteizko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioa.

Aurten ere martxoaren 3ko mobilizaziorako deia egiten dugu. “Ahanzturaren eta zigorgabetasunaren aurkako memoria bizi” horren parte gara, Gasteizen egindako borroka hari eta Poliziak erahildakoei (Gasteizen Pedro MarĂ­a MartĂ­nez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, JosĂ© Castillo GarcĂ­a, Bienvenido Pereda Moral eta Basauriko eta Tarragonako elkartasun mobilizazioetan hildako Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente AntĂłn Ferrero) egindako omenaldiaren eta oroitzapenaren parte. Memoria horrekin bat egiten ari dira erakundeak, behingoz Memoria Gune bat sortuz, sarraski haren biktimen Justizia, Egia eta Errekonozimendua lortzen lagundu behar duena.

Aurtengo leloa da ATZO ETA GAUR BORROKAN, HACIA UN FUTURO JUSTO (ETORKIZUN JUSTU BATERANTZ). Borroka aldarrikatzen dugu, ordukoa eta oraingoa, eta etorkizun justu bat pertsona guztientzat.

1976an, milaka pertsonak parte hartu zuten borroka batean, etorkizun justua ziurtatuko zien orainaldi duin bat aldarrikatuz. Soldatetan eta lan-baldintzetan hobekuntzak eskatzen zituzten, beren bizitza duinak eraikitzeko. Bizitzak erdigunean kokatu zituzten ere, enpleguaren esparruan, baina baita beste eremu batzuetan ere, hala nola zaintzan, emakumeen funtsezkoa konpromisoarekin, borrokan parte hartzeko eta aldi berean une haietan bizitza posible egiteko.

Borroka hura gogor zapaldu eta estali zuen iruzurrezko trantsizio batek, egia, justizia eta biktimentzako erreparazioa ukatuz eta langileriaren esplotazioa bermatzen zuen sistema politiko, sozial eta ekonomiko bati eutsiz. Eta orduko egoeratik dator egungoa.

Gaur egun garai nahasiak bizi ditugu, xenofobiaren gorakadarekin, eskuin muturraren hazkundearekin, gerren areagotzearekin, herri palestinarraren genozidioarekin edo kapitalismoaren garapenarekin, batzuetan berdez mozorrotuta baina edonola ere basati, bizitza eta planeta suntsitzen baititu. Bizitzaren garestitzea biderkatu egiten da, jendearen pobretze-prozesuak jarraitzen du, zaintza-sisteman krisi nabaria dago,…

Horregatik, premiazko trantsizio ekosoziala behar dugu, etorkizun justura eramango gaituena. Horretan ari gara lanean eta borrokatzen agerraldian parte hartu dugun sindikatuok, gizarte mugimenduekin batera, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik.

Aldarrikatzen dugu:


  • pertsona guztientzako planeta bizia eta bizigarria
    • bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema sozioekonomikoa
      • aberastasuna banatzea eta enpleguak duintzea.
        • esparru estrategikoetan erabakiak garatzea, kontrol demokratikoaz eta erantzukizun kolektiboaz.
          • inolako diskriminaziorik gabeko jendartea
            • trantsizio demokratikoa, gehiengo sozial eta langileen protagonismoarekin
              • desmilitarizazioa, bakea eta subiranotasuna, gatazkara eta gerrara garamatzan mundu honetan.Puntu honetan ezin dugu ahaztu herri palestinarra bizitzen ari den genozidioa. Horren aurrean, Israelek genozidio hori gelditzea eta hemen Israelen gerra, okupazio eta genozidio estrategiarekin dauden konplizitate guztiekin amaitzea eskatzen dugu.

Egoera honetan, eta aldarrikapen horiek kontuan hartuta, martxoaren 3an ezin dugu ahaztu azaroaren 30eko greba feminista orokorretik gatozela, ezin dugu ahaztu ere Arabako zaintza-sektorean, egoitzetan, etxez etxeko laguntzan,… prekaritatea nagusi den horietan borrokek eta aldarrikapenek jarraitzen dutela, eta ezin ahaztu ere zaintza-sistemaren krisi nabarmena bizitzen ari garela.

Horren aurrean, zaintzak erdigunean jarri nahi ditugu, bizitza duinak aldarrikatu, eta emakumeek 76ko borrokan izan zuten funtsezko papera gogoratu. Hortaz dei egiten dugu borrokatzen jarraitzera zaintza-lanak duintzeko eta banatzeko eta zaintza-sistema publikoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta erantzunkidea lortzeko.