2026-05-02
Blog Page 18

LABek desgaitasunaren sektoreko elkarretaratzea egin du hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko

LAB sindikatua desgaitasunaren sektoreko langileekin mobilizatu da berriz ere, oraingo honetan Aspaceren aurrean, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa desblokeatzea exijitzeko. Negoziazioa blokeatuta dago gaur egun, entitateen eta Nafarroako Gobernuaren borondate faltagatik.

LABek salatu du blokeo egoera honek sektorea lan-prekaritatean mantentzen duela, eta horrek eragin zuzena duela bai langileen lan-baldintzetan, bai desgaitasuna duten pertsonek jasotzen duten arretaren kalitatean. Sindikatuak azpimarratu du ezin dela onartu neurri handi batean finantzaketa publikoarekin sostengatzen den funtsezko sektore batek bere lan-esparruan benetako aurrerapenik gabe jarraitzea.

LABek entitateei eta Nafarroako Gobernuari eskatu die beren erantzukizuna bere gain har dezatela eta negoziazioari berriro ekin diezaiotela proposamen zehatzekin, sektorearen errealitatera egokituko den hitzarmen duin bat adosteko.

San Juan de Dios Ospitaleko Enpresa Batzordeak aldarrikatu du osasun publiko garden eta kalitatezkoa

Nafarroako San Juan de Dios Ospitaleko Enpresa Batzordeak, LABek eta delegatu independienteek osatutakoak, publikoki salatu du zentroko langileek bizi duten egoera eta ospitaleak Nafarroako Gobernuarekin duen harremana osasun-zerbitzu bat ematerakoan, ā€œ%100 publikoa, gardena eta kalitatezkoa den osasungintza batetik bermatu beharko litzatekeenaā€.

San Juan de Dios Ospitalea zentro pribatua da, eta Batzordeko ordezkariek diotenez, zuzendaritzak behin eta berriz justifikatzen du lan-baldintzak ez hobetzea, ā€œdirurik ez dagoelaā€ argudiatuz. Egoera hau lan eskubideetan edozein aurrerapauso blokeatzeko etengabeko aitzakia bihurtu dela gaineratu dute. ā€œGaur egun, gerentziak benetako negoziazio bati uko egiten dio hitzarmen kolektibo berri baten inguruan, eta 2025etik aurrerako KPIaren soldata-eguneratzea ere baztertzen du; hau da, zero soldata-igoera, eta horrek etengabeko erosteko ahalmenaren galera dakar langileontzatā€.

Batzordeak salatu du sendotzen ari den eredua lan-baldintzen prekarizazioan oinarritzen dela: plantilla eskasak, lan-karga handiak, ezegonkortasuna eta soldaten izoztea. Bere iritziz, errealitate horrek ez du soilik langileen osasunean eta duintasunean kalte larria eragiten, baizik eta zuzenean eragiten du herritarrek jasotzen duten arretaren kalitatean ere. ā€œEzin da osasun-arreta segurua eta kalitatezkoa bermatu lan-baldintza prekarioekinā€.

Ordezkari sindikalek salatu dute ospitaleko langileek bederatzi urtez osasun-kontzertu garden, publiko eta argi zehazturik gabe egon direla, eta bidegabeko aberaste egoera eman dela. Zentroaren kudeaketak erantzukizun eta gaitasun falta erakutsi duela adierazi dute, bai lan-baldintza duinak bermatzeko, bai Nafarroako herritarren beharrei erantzuten dien osasun-zerbitzua eskaintzeko. ā€œFunts publikoen erabileran gardentasun faltak eta plangintza ezak agerian uzten dute agortuta dagoen eredu bat, San Juan de Dios ospitalea Nafarroako osasunaren low cost aukera bilakatzen duenaā€.

Horregatik guztiagatik, San Juan de Dios Ospitalerako kudeaketa-eredu berri bat ezartzea eskatzen dute Batzordeko kideek. Administrazio publikoarekin parekatzea jasoko duen eredua, hain zuzen ere. Neurri hori funtsezkoa dela uste dute zentroko langileentzat egonkortasun handiagoa eta lan-baldintza bidezkoak bermatzeko. ā€œUste osoa dugu ospitalea sektore publikoarekin parekatutako eskema baten pean integratzeak haren jasangarritasuna indartuko duela, arreta-kalitatea hobetuko duela eta komunitate osoarentzat zerbitzu eraginkorrago eta bidezkoagoa bermatuko duelaā€.

Amaitzeko, Enpresa Batzordeak erantzukizunak eskatu ditu eta San Juan de Dios Ospitaleko gerentziaren dimisioa exijitu dute; aldi berean, Nafarroako Gobernuari osasun-kontzertuen premiazko berrikuspena egitea eskatu diote.

Ororbiako KYBSEko enpresa-batzordeak irabazitako epaia lan kolektiboa izan zen

Ororbiako KYBSEko LAB, ELA, UGT eta CC sindikatuetako ordezkariok otsailaren 3an prentsan agertutako informazioa argitu nahi dugu. Bertan, CCOO sindikatuak enpresa batzordeak irabazitako epaia aldebakarreko garaipen sindikal gisa aurkeztu zuen, benetan lan kolektiboa izan denean.

Enpresa-batzordearen lan-formula da ahobatezko langileen defentsarako salaketa kolektiboak txandaka jartzea. Gure batzordean ordezkaritza duten sindikatuen artean zerbitzu juridikoekin berdintasunez jokatzeko eta lan sindikala banatzeko mekanismoa da.

Beti errespetatu izan dira lorpen eta garaipen judizialak, atal sindikal guztiek egindako lan kolektiboa inork bereganatu gabe, norberen mesederako zabaldu gabe. Sinatzaileok gure atsekabea adierazi nahi dugu jokatzeko modu honen aurrean. Fabrikako langile guztiekiko, alegia 750 pertsona baino gehiago, errespetu falta nabarmena da.

Hau esanda, demanda kolektiboak epaitegian lortutako garaipena positibotzat jotzen dugula azpimarratu nahi dugu. Epaiak enpresa zigortzen du Ororbiako fabrikako muntai lerro bat garaiz martxan ez jartzeagatik eta bolumenak ez betetzeagatik.

Mezu argia helarazi nahi diogu multinazionalari: hitzarmena betetzeko dago. Eta betetzen ez denean borroka sindikala funtsezkoa deritzogu zuzendaritzaren jarduna eta lantegiak duen lan karga kontrolatzeko eta gure lan eskubideak defendatzeko.

Enpresak epaiaren aurka errekurtsoa aurkezteko asmoa du, baina epai honek mezu argia helarazten du, enpresa-alderdiari gogoeta eginarazi behar diona: akordioak nahitaez bete beharrekoak dira, hala ez bada, langileok zorrotzak izan behar dugu gure hitzarmen kolektiboaren defentsan, eta bide judiziala beste tresna bat da gure eskubideak baliarazteko.

Esku-hartze soziala Bizkaian: sektorea salbatzeko premiazko hiru eztabaida

Bizkaiko Esku Hartze Sozialeko negoziazio mahaiaren esparruan, funtsezko hiru eztabaida planteatzen ditugu, elkarri lotuak eta zatiezinak, zerbitzu publikoaren kalitatea eta sektorearen etorkizuna bermatzeko.


1. Egiturazko eraldaketa behar duen eredu agortua

Esku Hartze Sozialaren egungo eredua agortuta dago. Egitura akats larriak ditu ereduan eta finantzaketan. Bizirik irautea ez da irtenbidea.

Egungo ereduak ez du kalitatezko zerbitzurik bermatzen. Langileak agortzen ditu, taldeak tenkatzen ditu eta erabiltzaileen arretan eragin negatiboa du.

Gure erantzukizun sindikaletik, ezinbestekotzat jotzen dugu erantzun integralak emango dituen eredu berri baterantz aurrera pausoak ematea ahalbidetuko duen elkarlana bultzatzea.

Praktikan, erakundeek herri administrazioek hartutako erabaki politikoen betearazle gisa jarduten dute, irizpide edo behar teknikoei jaramonik egin gabe. Sistema horrek ez die balio ez langileei, ez erakundeei, ezta herritarrei ere. Erakundeei esaten diegu entitate gisa bizirautea ez dela konponbidea.


2. Kudeaketa publikoko eredu publiko baterantz

Eredua aldatzearekin batera, sektoreak egiten duen lan publikoa aitortu behar da.

Ez dugu soilik eskatzen kudeaketa pribatuko eredu baten barruan burutzen den funtzio publiko baten aitortza. Eredu erabat publiko baterantz aurrera egiteaz ari gara, kudeaketa eta erabakitzeko gaitasuna ere publikoak izan daitezen.

Publikoa izateak, berez, ez ditu automatikoki emaitza hobeak bermatzen. Hala ere, sektorea kudeaketa publikoko esparru batean kokatuko lukeen egiturazko aldaketa batek sektorearen egonkortasuna, kalitatea eta koherentzia indartzea ahalbidetuko luke.

Publifikazioa etorkizuneko helmuga gisa ikusten da, eta ekiparazioa bide horretan aurrera egiteko tresna gisa. Sektoreko langileak hasi dira bide hori egungo ereduaren krisiaren irtenbide posible gisa identifikatzen. Erakundeek beren posizionamendu estrategikoa definitzeko unea da.


3. Sektorearen baldintzak hobetzeko neurri zehatzak

Aurreko negoziazioan eztabaida biziak baina beharrezkoak izan ziren, hala nola arrisku psikosozialen aurkako neurriak ezartzea edo aldi baterako ezintasunak arautzea, erosteko ahalmena berreskuratzea, partzialtasuna mugatzea, funtsezko aldaketen erabilera mugatzea, 60 urteko langileei soldata murriztu gabe lanaldia murriztea, etab.

Neurri horiek aurrerapenak ekarri zituzten langileentzat, eta, gainera, egungo eredua zalantzan jartzen zuten beharrezko eztabaidak irekitzea ahalbidetu zuten.

Gure ustez, ezinbestekoa da orain ere eztabaida horiei aurre egitea, lan baldintzak hobetuko dituzten eta zerbitzuaren kalitatea indartuko duten neurri zehatzak txertatuz.

Horregatik, honako hau planteatuko dugu negoziazio mahaian:

  • Bikote Hezitzailearen beharra zerbitzu eta esku-hartze gehiagotan ezartzeko neurriak.
  • Adingabeen zentroetarako ratioen proposamen bat, gainerako zerbitzuetarako ratio proposamen bati bidea irekiko duena.
  • Langile publikoekiko soldata ekiparazioa.
  • Prekarietatearen aurkako neurriak.
  • Kontziliazio neurriak, hala nola ordutegi malgutasuna, kontsultetara laguntzeko denbora mugagabea, binkulograma eta abar.
  • Sektorearen euskaldunizazioa bultzatzeko neurri zehatzak.
  • Lan-bizitzaren azken etapari aurre egiteko neurriak: %40ko murrizketak soldata murrizketarik gabe eta kontratu erreleboa.

Bizkaiko Esku Hartze Sozialaren sektoreak erabaki ausartak eta egiturazkoak behar ditu. Kalitatezko zerbitzu publiko bat eta eusten ditugun pertsonen etorkizuna bermatzeko, hiru eztabaida horiek irekitzea beharrezkoa da, eta erantzukizun kolektiboa dela uste dugu.

1.700 enpresa batzorde eta langileen ordezkaritza organok bat egin dute greba orokorrarekin, eta martxoaren 17an aktiboki mobilizatzera deitu dute

Ehun bat ordezkari sindikalek Bilbon eta IruƱean egin dute agerraldia 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikapen masiboa dela azpimarratzeko.

Enpresa-batzorde eta langileen ordezkaritza-organotako ehun bat ordezkari sindikalek Bilbon eta IruƱean egin dute agerraldia, martxoaren 17ko greba orokorrak Euskal Herriko langile klasearen artean duen babes zabala ezagutarazteko. Zehazki, ordezkaritza sindikaleko 1.750 organok gehiengoz onartu dute beren lantokietan ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiruk deitutako martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egitea. Azpimarratzekoa da atxikimendu horietako asko aho batez onartu direla.

Momentuz, martxoaren 17ko deialdira batu diren enpresa-batzordeen artean daude, besteak beste: CAF (Beasain), ArcelorMittal, Sidenor (Basauri), Ingeteam (Beasain), Serveo-Sacyr, ISS Facility Services Gipuzkoa, Garbialdi (Bilbo), Metro Bilbao eta Bilbobus, Eusko Jaurlaritzako sukalde eta garbiketa zerbitzuak, Deustuko Unibertsitatea, Lantegi Batuak Fundazioa (Loiu), Auzo Lagun Bizkaia, Berriztu Bizkaia Hezkuntza Elkartea, Gorabide Bizkaia, Aita Menni Ospitalea (Arrasate), FCC Medio Ambiente Gipuzkoa, EULEN Donostia, Otxarkoaga Egoitza (Ortuella), Froneri Iberia (NestlƩ), Matia Fundazioa Donostia, Gasteizko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko UTEa, Ercoreca Bizkaia, Lanalden Bizkaia, Bilboko Ur Partzuergoa, IMQ Zorrozaurre, Gastronomƭa CantƔbrica S.A., Smurfit Kappa eta Productos Kol (Zangoza), Neinsa (Agoitz), Josefina Arregui eta Lacunza Calor (Altsasu), Nordex (Barasoain) eta Elaborados Naturales eta Inlemaz (Funes).

Horiez gain, Administrazio Publikoko hainbat organotako langileen batzorde eta ordezkaritzek ere bat egin dute: hezkuntza publikoa, justizia administrazioa, Eusko Jaurlaritzako heziketa berezia, EITB, Eusko Trenbideak eta Euskal Trenbide Sarea (EAE mailan), Gasteizko, Donostiako eta Bilboko udalak eta beste udalerri batzuk, Osakidetzako hainbat ESI eta foru aldundietako langileak.

Gaur atxikimenduen zerrenda aurkeztu duten ordezkariek gogorarazi dute martxoaren 17ko greba ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deitu dutela, ā€˜Gutxieneko soldata hemen erabaki. SMI 1.500 €. Aberastasuna banatzeko soldatak hobetu’ lelopean, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan ezarriko den lanbide arteko gutxieneko soldata propioa lortzeko helburuarekin.

Alde batetik, Nafarroako Parlamentuak txosten juridikoak aitzakia hartuta erabaki zuen Herri Ekimen Legegilearen izapidetzea bera ere ez hastea; eta Eusko Legebiltzarrean, EAJ, PSE, PP eta Voxen botoek eztabaidarako bidea itxi zuten, horrela HELaren alde bildutako 138.000 sinadura baino gehiago gutxietsiz. Halaber, Confebaskek eta CENek (bigarren kasuan, UGT eta CCOOren adostasunarekin) uko egin diote gutxieneko soldata propioa sektorearteko negoziazio kolektiboaren bidez negoziatzeari.

Testuinguru horretan, Gasteizko eta IruƱeko gobernuei eta Confebask eta CEN patronalei erantzun irmoa ematea adostu dute ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek martxoaren 17rako greba orokorra deituz. ā€œOso larria da ordezkari politikoek gizarteari lege-aldaketak proposatzeko bide bakarra ukatzea; demokrazia nabarmen mugatzen ari diraā€. Gainera, sindikatu deitzaileek nabarmendu dute ā€œlangile klasearen eskubideak defendatzeko autogobernu eta burujabetza ariketa bat ere gutxietsi dela; bai Gasteizko eta IruƱeko gobernuek, bai patronalek Espainiako lan-legedia inposatu nahi dute, Euskal Herriko langile klasea are gehiago prekarizatzekoā€.

Bizkaiko CONTENURreko langileek hitzarmen propio baten negoziazioa eskatu eta lan-baldintzen okertzea salatu dute

CONTENUR enpresak garbiketako, bideak, paperontziak, edukiontziak eta haur-parkeak mantentzeko zerbitzuak kudeatzen ditu Bizkaiko hainbat udalerritan, besteak beste, Barakaldon. Azken horrek bost kontratu ditu enpresarekin.

Jarduera horrek behartzen du, lan zentro bakoitzeko lan-baldintzak negoziatu behar dituela.

Enpresak Estatuko hitzarmen bat aplikatu izan du, benetako jarduera jasotzen ez zuena, kimikako hitzarmena, eta hemen negoziatu ez dena. Estatuko hitzarmena aplikatzeak aldeko jarrera hartu du hirugarren enpresen aurkako udal-lizitazioetan, soldaten eta lan-baldintzen kostu txikia dela eta.

Duela gutxi, estatu-mailako enpresa-hitzarmen bat ezarri du, baina Bizkaiko lantokiko langileek ez dute sinatu.

Estatuko enpresa-hitzarmenak okerrera egin du lan- eta soldata-baldintzetan. Gainera, enpresak langileen lan-baldintzak aldatu ditu, eta okerrera egin du. Aldaketa horiek epaitegian inpugnatu dira.

Langileek behin eta berriz eskatu diote enpresari Bizkaiko lantokirako lan-baldintzak adosteko negoziazioak hasteko, eta horiek ezartzea eta okertzea aurpegiratu diote.

Enpresaren ezezkoaren aurrean, Bizkaiko udal-zerbitzuetan lan egiten duten eta CONTENUR enpresak kudeatzen dituen langileek egoera horren berri eman behar izan diote Barakaldoko Udalari, udal hori baita zerbitzuen titular eta finantzatzaile nagusia, eta CONTENUR enpresaren aurrean babesa bilatu behar izan dute.

Otsailaren 26an, osteguna, egingo den udalbatzan jorratzeko eskatu dute. Bertan parte hartuko dute, osoko bilkuraren erabakiaren bidez enpresari Bizkaiko lan zentroko hitzarmen bat lortzeko negoziazioak hasteko eskatzeko.

Egun horretarako, 10:00etatik 11:30era bitarteko lanuzte partziala deitu dute, Udalaren aurrean 10:15ean elkarretaratuz, eta arratsaldean alderdi politiko guztiek 18:00etan babesteko mozio bat aurkeztuko dute Udalbatzan.

CONTENURek bere betebeharrak bete behar ditu, hitzarmen propioa negoziatu behar du hemen eta atzera egin behar du inposatutako atzerapauso guztietan. 

Greba hau zurea ere bada. 10 arrazoi langile migratu eta/edo arrazializatuentzat

Martxoaren 17an greba orokorra egingo dugu Hego Euskal Herrian, gutxieneko soldata hemen erabaki nahi dugula aldarrikatzeko, eta aberastasuna modu justuagoan banatu dadin exijitzeko.

Izan ere, ez da zilegi da batzuen irabaziak esponentzialki haztea geroz eta langile gehiago hilaren amaierara ez iristearen kontura.

Langileen arteko arrakalek gora egiten jarraitzen dute, eta are gehiago eragiten diete jendarteko sektore eta kolektibo jakin batzuei; horien artean, emakumeak*, gazteak, migratuak eta/edo arrazializatuak. Horregatik, greba honetan bereziki garrantzitsua da hainbat errealitateren presentzia, ikusgarritasuna eta parte hartzeko moduak bermatzea. Greba hau guztion artean eraikko dugu.

LAB sindikatuak langile guztientzako tresna izan nahi dugu. Horregatik, pertsona migratu eta/edo arrazializatuen erakundeetako ordezkariekin lan saio bat egin du, eta greba orokorrarekin bat egiteko argudiategi bat osatu du, haiekin batera eta haien errealitatetik abiatuta.

Espero dugu pertsona migratu eta/edo arrazializatuekin batera greba eraikitzeko eta sozializatzeko erabilgarria izango dela.

Argudiategia hemen deskargatu daiteke, hainbat hizkuntzatan:

Azken 24 orduetan Euskal Herrian gertatutako bi lan-istripu salatu ditu LABek

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere elkartasunik zintzoena adierazi nahi du, eta doluminak eman nahi dizkie hildako bi pertsonen familiei eta lagunei.

Atzo gertatu zen lehen istripua: langile bat hil zen Lantaronen (Araba), eta beste bat larri zauritu zen lanean ari ziren piroteknian izandako leherketaren ondorioz.

Bigarren lan-istripua gaur goizean gertatu da, bigarrena 24 ordu baino gutxiagoan Euskal Herrian, oraingoan Berriobeitiko (Nafarroa) Rokopolis rokodromoan.

LAB sindikatuak jakin ahal izan duenez, istripua teilatuan mantentze-lanak egiten ari zirela gertatu zen, antza denez, langilea norbera babesteko neurririk gabe zihoala. Nabearen estalkitik ibiltzean, nabea hautsi egin zen, eta, ondorioz, langilea erori eta hil egin zen.

LAB sindikatuak bere buruari galdetu dio zenbat heriotza gehiago gertatuko diren altuerako erorikoen ondorioz, eta zer gertatu behar den enpresek eta erakundeek gaian ardura guztiak hartzeko eta gaitz hori saihesteko. 2025ean, Nafarroan lan-istripuak eragindako 30 heriotzetatik, langile bat arrazoi horrengatik hil zen eta, 2024an, 26 heriotzetatik 4 arrazoi horrengatik izan ziren.

Heriotza horrekin, dagoeneko bi dira 2026an Nafarroan lan-istripuz hildako pertsonak, urtarrilaren 9an Iruritan lehen lan-istripua izan ondoren.

LAB sindikatuak gogorarazi du enpresen betebeharra dela langileen bizitza eta osasuna bermatzeko beharrezkoak diren babes-neurriak eta -bitartekoak ematea. Halaber, altuerako lanetan, enpresak prebentzio-baliabide bat izan behar du, eta norbera babesteko ekipamendu (NBE) guztien erabilera erraztu eta gainbegiratu behar du.

Lan-istripuen aurkako sindikatuarteko sindikatuok elkarretaratzea egingo dugu datorren ostegunean, otsailaren 26an, goizeko 11:00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, prekarietatea salatzeko eta lan-babeserako neurriak eskatzeko, langileen bizitza eta lan duina bermatzeko. 

LABek Hezkuntza Sailari eskatzen dio Euskara Zerbitzuaren berrantolaketaren etorkizuna langileokin adosteko eta aldabakartasunarekin bukatzeko

Azken aste eta hilabeteetan bolo-bolo dabil IRALE programa irakasle, guraso eta hezkuntza komunitatea osatzen dutenen artean. Izan ere, zurrumurru asko eta informazio gutxi, edo batere ez, jaso dugu azken 40 urteotan ehunka irakasle euskaldundu eta euskal kulturan murgildu dituen programaren etorkizunaren inguruan.

Azken urteetan irakasleria euskaldundu eta alfabetatzeko IRALEk, beste proiektu batzuekin batera, egindako lanari esker irauli egin da 80 eta 90. hamarkadetako egoera. Egun, ordea, gizartean bezala, euskararen erabilera, kalitatea, belaunaldi berrien euskalduntzea edota euskal kulturaren transmisioa egoera zailean aurkitzen dira. Testuinguru horretan, aurrera urrats ausart eta sendoak emateko abagunean gaude, eta horretarako behar-beharrezkoa da irakasleen prestakuntzarako baliabideak gehitzea; euskalduntzean eta euskal kulturaren transmisioan aurrera urratsak eman ditzagun.

Datorren ikasturteari begira, Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutua sortuko da; dakigun bakarra da 17/2023 EAEko Hezkuntza Legeak zehazten duena: bere eginkizun nagusia hizkuntza-metodologiak lantzea eta irakasleak prestatzea izango dela, eta horretarako, Institutuak bere gain hartuko dituela hezkuntzaren arloko eskumena duen saileko Euskara Zerbitzuak sortu zenetik bete izan dituen eginkizunak. Legeak dioenaz harago, besterik ez dakigu. LABen ulertzen dugu institutu horrek IRALE programak bere gain hartzen dituen helburuak hartu beharko dituela, behar eta garai berrietara egokituta eta hobetuta, aurretik aipatutako egoerak eskatzen duen neurrian.

Zentzu horretan, dena delako egituraren bidez, irakasleen murgiltze-ikastaroak eta euskal kultura lantzekoak mantendu eta indartu egin behar direla adierazi nahi du LABek, ez ikastetxe jakin batzuetara mugatuta. Izan ere, belaunaldi berrien euskalduntzean aurrerapausuak eman nahi baditugu, behar-beharrezkoak izango dira murgiltze-ikastaroak, beste jarduera batzuekin batera; hala nola, kultur transmisioko curriculuma ikasmaterialetara egokitzea. Era berean, ikastaro horien eraginkortasuna areagotzeko prestakuntza, planifikazioa eta ebaluazioa hobetu behar direla uste dugu.Ā 

Aurrekoari lotuta, murgiltze-ikastaroen eta euskal kultura lantzekoen ondorioz, egiturazko ehunka lanpostu hornitzen dira ikasturtero, eta sistemari irakasle horiek egiten dioten ekarpena azpimarratu nahi dugu.

Aipaturiko prestakuntzaz gain, era orokortuan euskararen irakaskuntzaren ebaluazio egokirako egiturazko neurri eta baliabideak sortu behar direla adierazten du LABek. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean ikasle guztiek euskaran B2 maila eskuratu dezaten jarraipen egoki eta planifikatua egiteko.

Bestalde, LABek salatu nahi du Hezkuntza Saila gai hori gardentasunik gabe, aldebakarrez eta informaziorik gabe kudeatzen ari dela bai langileen ordezkari garen sindikatuekiko, bai IRALEko langileekiko, baita irakasleekiko ere. Are gehiago, urtarrilaren 15ean izan zen mahai negoziatzailean IRALEri buruz galdetuta, Sailak mantendu egingo zela adierazi zuen, nahiz eta Euskara eta HizkuntzakĀ Ikasteko Institutuarekin lotuta izan honen jarraipena. Hori dela eta, IRALE eta Institutuaren inguruan azalpenak emateko azken horren zuzendariak otsailaren 26ko mahai negoziatzailean informazioa helaraziko zigula adierazi zuen Hezkuntza Sailak; bada, aurreko astean Sailak sindikatuoi jakinarazi zigun zuzendaria ez dela mahai negoziatzailera azalduko. Jokabide horrek agerian uzten du Sailak duen aldebakarreko jokamoldea eta planifikazio eza. Seriotasun falta nabarmena adierazten du honek.

Egoera honen aurrean, Hezkuntza Sailari Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuaren baitan IRALEk izango duen berrantolaketa sindikatuokin negoziatu eta adostea eskatzen dio LABek, baita horien inguruan, otsailaren 26ko mahai negoziatzailean LABek helarazitako galderei erantzuna ematea ere.