2026-11-09
Blog Page 18

Udal alarde publiko eta feminista bakarraren alde egiten dugu

Hogeita hamar urte pasa dira Irun eta Hondarribiko emakume* batzuek gizonek dituzten eskubide berberak bere egin eta euren herrietako alardeetan parte hartzen saiatu zirenetik, hots, emakumeek* ere jaietan modu aktiboan parte hartu ahal izateko bidea hartu zutenetik.

Ekintza hark pauso bat gehiago ekarri zuen emakumeen* eskubideen aldeko borroka feministan. Argi esan behar delako: emakumeen* parte hartze librerik gabe, jaiak ez dira ez parekideak, ez askeak. Kaleak emakumeenak* ere badira, horregatik, egunerokoan eta jaietan libre izateko eta ibiltzeko emakumeen* eskubide osoa aldarrikatzen dugu. Ezin dugulako onartu halako diskriminaziorik espazio publikoan, ezta emakumeen* aurkako halako biolentziarik ere.

Hogeita hamar urtez ukazio, gatazka, biolentzia, irain eta ezeztatze politikoa ezagutu dugu eta, oraindik ere, ez da konponbidearen bidean jarriko gaituen ekinbide argirik egin Irunen. Hondarribian ere ekimenak ez dira sekulakoak izan, hala ere, azken urteetan izan den udal gobernu berriak aurrerapauso txikiak egin ditu. Hala ere, Alarde baztertzaileak, eta horiek babesten dituzten alderdi politiko eta enparauak, emakumeak* espazio publiko eta politikoan normaltasunez aritzearen kontra dabiltza urterik urte. Esku-hartze garbirik egon ez izana, bere horretan, emakumeen* zapalkuntzari gorazarre egitea da eta, beraz, klase zapalkuntza betikotzea. Aldiz, Irunen ez bezala, Hondarribian aldaketarako zenbait urrats izan dira azken hiru hamarkadetan borrokan aritu diren emakumeei* esker.

2023ko Udal eta Foru hauteskundeen ondoren, Hondarribian, EAJren gotorlekua izan den herrian, aldaketarako aukerak zabaldu ziren. Hala ere, balizko normaltasun baterako bidean urrats txikiak eginagatik ere, azken asteetan jasotako berriek argi utzi dute, aurtengoan ere, mugimendu feminista dela, oraindik ere, eraldaketaren ikur nagusi eta bakarra. Zentzu horretan, LABek Jaizkibel konpainiari elkartasun osoa helarazi nahi dio. Era berean, ekidinezina den parekidetasuneranzko bidean trabak jartzen dituzten ente erreakzionarioen jarrera baztertzaileei gaitzespen gogor eta irmoa egin nahi die LABek.

LABek argi du aldaketa bazterketa sustatzen duten horiek egin behar dutela eta, haien jarrerak berdina izaten jarraitzen badu, mugimendu feministaren koordenadetatik abiatutako esku-hartze instituzional irmoa egon behar dela. Beraz, eskaera zehatza egin nahi du LABek: alardea udalak antola dezan bidea berreraiki beharra dago eta, era berean, feminista bilakatzeko behar beste baliabide jarri behar dira.

Instituzioei ahoa betetzen zaie berdintasun politikak sustatzen dituztela esatean. Ordea, halako praktika baztertzaileen aurrean ez dute behar adinako adore eta konpromiso politikorik adierazten.

Lortutako aurrerapenak eta askatasunak arriskutan diruditen garai nahasiotan, udal alarde publiko eta feminista bakarraren alde antolatzen eta borrokatzen dabiltzanei eta, bereziki, Jaizkibel Konpainiaren sortzaile eta bultzatzaileei gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiegu. Ez gaude lanean, etxean, kaleetan, jaietan ezta alardean ere bazterkeriarik onartzeko prest!

Gora Jaizkibel Konpainia!!

Gora borroka feminista!!

Ikasturte berrian, zaharrak berri Nafarroako irakaskuntzan

2026/2027 ikasturte berriari ekin diogu eta Nafarroako hezkuntzako langileak gogotsu daude parean ditugun erronka guztiei aurre egiteko. Edonola ere, berriz ikus dezakegu Hezkuntza Departamentuak bere horretan jarraitzen duela, lehengo lepotik burua: langileei entzungor egitea, elkarrizketarik eza, harrokeria eta argitasun falta besterik ez.

LABek oso argi du: neurri eraginkorrak behar ditugu, hitzetatik harago. Hezkuntza publikoa indartu beharra dago; 0-3 zikloaren publifikazioaren bidean Nafarroako Haur Hezkuntzako lehenengo lan hitzarmena lortu behar da eta ikastoletan lan hitzarmena berritu eta ekiparazioa lortu. Era berean, ratioak jaitsi behar dira, unitate guztiak mantendu lanposturik ez galtzeko eta euskararen zabalpenaren kontrako neurriak eten behar dira (Lanbide Heziketan, Haur Eskoletan, Ikastoletan, NUPen…).

Gimeno kontseilariak ratioen jaitsiera markatu du aurten lehentasun gisa. Askotan entzun behar izan dugu nola botatzen dituen, batere lotsatu gabe gainera, hamaika astakeria: ratioen jaitsierak ez duela orokorra izan behar edo jaisteak berak ez duela hezkuntza kalitatea hobetzen besteak beste.

Hamaika mobilizazio eta greba egin dugu eta, sortutako presioaren ondorioz, lortu dugu Gimeno kontseilariak bere diskurtsoa aldatzea. Bada garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko, eta horrela exijitzen diogu Hezkuntza kontseilariari. LABek urte luzeak daramatza hezkuntza kalitatea hobetzeko, ikasleen beharrei aurre egiteko eta irakasleen lan gainkarga arintzeko funtsezko neurria den ratioen jaitsiera aldarrikatzen eta borrokatzen.

Beraz, jarraitu dezagun kalitatezko hezkuntzaren alde mobilizatzen eta borrokatzen. Horretarako, lehen oztopoa gainditu beharra dago, Gimeno kontseilariaren ezintasuna eta gaitasun falta. Ikastetxeetan eta kalean elkar ikusiko dugu.

¡Kalitatezko hezkuntza eta lan baldintzen alde, Gimeno kanpora!

LABek Lizarraldean arreta traumatologikoa bermatzeko exijitzen du

LAB sindikatuak hilabeteak daramatza Lizarrako Osasun Barrutiko Traumatologia Zerbitzuaren egoera monitorizatzen. Bete gabeko guardia-aldiak daude, itxaron-zerrendak handitu dira, hainbat paziente Iruñera bideratu dira eta profesionalen eta herritarren artean gero eta kezka handiagoa dago zerbitzu hori mantenduko ote den. Ezin da onartu Osasun Departamentuak eta Kudeatzailetzak gaur egun ez bermatzea 60.000 biztanle baino gehiagok oinarrizko zerbitzu baten izatea.

Hau ez da lehenengo aldia gure sindikatutik Lizarraldean zerbitzuak mantentzea eta zabaltzea eskatzen duguna, bai eta arreta espezializatu ezin hobea ziurtatuko duen aurrekontu egokia izatea ere. Lizarrako Osasun Barrutiko biztanleek eta profesionalek kanpo kontsulten zentro huts bat baino zerbait gehiago behar dute. Arreta jasotzeko joan-etorri etengabean ibiltzea eta zerbitzuak hiriburuan zentralizatzea ez da egokia inolaz ere, eta mesede egiten die despopulazioari eta ekitaterik ezari.

Argi dago Traumatologia Zerbitzuaren eta Osasun Departamentuaren artean ageriko ezinikusia dagoela eta, ondorioz, etengabeko tentsio hori modu alderdikoi eta interesatuan erabiltzen dute zenbaitek. Halaber, agerikoa da itxaron-zerrendak handitu egin direla eta pazienteak zentro pribatuetara bideratzen direla etengabe. LABetik espero dugu Lizarrako Osasun Barrutiko burutza berriak eta Osasun Departamentuak konpromisoa hartuko dutela osasun arreta egokia bermatzeko eta, lehenbailehen, elkarrizketarako irtenbide bat jartzeko, osasun zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia ziurtatu eta finkatzeko. Ez plantillak ez Lizarraldeko bizilagunek ez dute merezi egoera hau.

[IRITZIA]: Irakasgaiak Cardiffetik: burujabetza, klasea eta kultura

Jarraian irakur dezakezue Koldo Saenz LABeko Nazioarteko arduradunaren iritzi artikulua.

LAB Cardiffen izan berri da, Eskoziako ordezkaritza batekin batera, Galesko UNDEBek antolatutako topaketa batean, azken honek gonbidatuta. Plaid Cymru alderdi independentistaren sindikalisten sarea da UNDEB, eta modu aktiboan parte hartzen du mugimendu sindikalak bultzatzen dituen borroketan; nagusiki, eskubide parekidetasunaren alde eta faxismoaren eta arrazismoaren aurka.

Cardiffekoa ez zen nazioarteko topaketa soil bat izan. Errealitateen arteko desberdintasunak gorabehera, aukera eman zigun oinarrizko hausnarketak partekatzen ditugula ikusteko; alde batetik, burujabetza eta eraldaketa soziala uztartzeaz, eta, bestetik, sindikalismoak eraldaketa politiko nahiz sozial sakonak bultzatzeko duen ahalmenaz.

Plaid Cymru alderdia Galesko gobernuan dago egun, baina testuinguruk ez du zerikusirik Eskoziako independentismoak 2007an eta 2014ko erreferendumean inguruan izan zuen itxaropenezko giroarekin. Zerbitzu publikoen krisia, aurrekontuen murrizketa, ezinegon soziala eta eskuin muturraren gorakada ditu ezaugarri nagusi, baina baita ezker subiranistaren hazkundea ere, lehen aldiz lehen indarra baita Galesen, Eskozian eta Ipar Irlandan.

Galesen, independentismoak bere nortasun politikoa ardaztu du burujabetzaren, Galesko kulturaren eta hizkuntzaren defentsaren eta ezkerreko proiektu baten arteko konbinazioan. Hizkuntza mugimenduaren muineko elementu politikoa da, topaketan ikusi ahal izan dugunez. Galesaren erabilera normalizatuak burujabetza kulturala berreskuratzea ere langile klasearen emantzipaziorako baldintza dela erakusten zuen.

Hizkuntza, identitatea, burujabetza eta eskubide sozialak ez dira esparru bereiziak. Aitzitik, herrialde burujabe bat eraikitzeko prozesuak lotuta egon behar du bertan bizi diren pertsonen lan eta bizi baldintzen inguruan erabakitzeko gaitasunarekin. Era berean, lan eskubideen eta zerbitzu publikoen defentsak tresna politiko eta ekonomiko propioak behar ditu, gizartearen beharrei erantzuten ez dieten estatu egiturek ezarritako mugak gainditu ahal izateko.

Topaketak proiektu subiranisten eta mugimendu sindikalaren arteko harremana ere jarri du mahai gainean. Galesen ez dago sindikatu subiranistarik, eta sindikalismoa oso lotuta egon da egun lur jota dagoen laborismoari. Horregatik, klase sindikalismo subiranista indartzea funtsezkoa da, prozesu politikoari eduki sozial sendoa emateko eta lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dituzten politikekin lotzeko. Galesen subiranismoak egungo testuingurua ezin hobeto ulertu du, auzi nazionala auzi sozialarekin uztartuz herrialdeko indar politiko nagusia bihurtzeraino.

Eskoziako ordezkaritzaren hausnarketak ildo berekoak izan ziren. Topaketan adierazi zuten SNP urteetan gobernuan izateak ekarri duela alderdian gero eta eragin handiagoa izatea enpresa-lobby nagusiek eta politika neoliberalek, eta, beraz, auzi nazionala ezin dela kudeaketa instituzionalera mugatu.

Subiranismoak gehiengoak mobilizatu, eguneroko arazoekin konektatu eta politika neoliberalen aurrean alternatiba sinesgarriak eskaini behar ditu. Horregatik, proiektu subiranistek gai izan behar dute eskubideak bermatzeko, zerbitzu publikoak indartzeko, lan baldintzak hobetzeko, aberastasuna birbanatzeko eta gizarte justuagoak eraikitzeko.

Hiru herrien arteko harremana bereziki baliotsua da. Alde batetik, sindikalismo subiranisten arteko zubiak eraikitzen dituelako; bestetik, iaz Bartzelonan sortu zen Herrien Sare Sindikala indartzen ari garelako; eta, azkenik, Erresuma Batuan eta, beraz, Eskozian, Galesen eta Ipar Irlandan jada ezer ez dela berdina izango lehen pertsonan egiaztatu ahal izan dugulako.

Estrategia komunak artikulatzea ez da ereduak kopiatzea edo errealitate guztietan errezeta berbera erabiltzea; kontua da, bide desberdinetatik, zerbitzu publikoen ahultzearen eta lan eta bizi baldintzen prekarizazioaren aurrean, gure herrietan autodeterminazio eskubidearen aldeko gehiengo sozialak eraikitzeko ditugun esperientzietatik ikastea da.

Urteetan, Eskozia erreferentea izan da bertze mugimendu subiranista batzuentzat, eta gaur egun Galesek gako berriak eskaintzen ditu. Klase sindikalismo independentistaren begiradatik, hausnarketa nagusi bat dakarkigu: ez dagoela burujabetza nazionalik eraldaketa sozialik gabe, eta ez dagoela eraldaketa sozialik burujabetzarik gabe; eraikuntza nazionalak eta sozialak batera egin behar dutela aurrera. Euskal Herri burujabe, sozialista, feminista eta euskalduna amesten dugunok horretan segiko dugu, sindikalismoa horretarako tresnatzat hartuta.

LABek eskari zuzena egin dio FVEMi, Bizkaiko metalgintzan dagokion erantzukizunari heldu eta negoziatzen has dadin

Patronala edukirik gabe azaldu da 57.000 langile baino gehiagori eragiten dien hitzarmenaren negoziaziora. Negoziazio mahaian euskara lehenetsi du LABek, eta irekita dauden gainerako 47 hitzarmenetan ere euskaraz aritzeko eskubidea bermatu behar dela aldarrikatu du.

Hilabete hauetan, FVEM patronalak lau plataforma sindikal egotearen argudioa erabili du negoziazioan aurrera ez egiteko. Sindikatuok planteamendu hori jaso dugu, eta ahalegina egiten ari gara plataforma bateratu bat lortzeko. Lan horrek aurrera jarraitzen du. Dena den, sindikatuok adostasunak bilatzeko denbora eta ahalegina eskaintzen ari garen bitartean, FVEM jarrera pasiboan mantentzen da, eta negoziazioa baldintzatu nahian jarraitzen du, alderdi sindikalak nola antolatu behar duen inposatu nahian. Aniztasun sindikala ez da anomalia bat, ezta negoziatzen hasi aurretik konpondu beharreko arazo bat ere. Negoziazio kolektiboaren beraren parte da.

FVEMek ezin du sindikatuok lan hori amaitu arte itxaron berea egiten hasteko; hori ez da dagokion erantzukizunez jokatzea. Gaur berriro galdetu diogu zer negoziatzeko prest dagoen. Eta erantzuna, beste behin ere, izan da plataforma bateraturik ez dagoen bitartean ez duela ezer esateko.

Horrek ezin du horrela jarraitu; FVEMen erantzukizuna da negoziatzea. Are gehiago, Bizkaiko metalgintzako 57.000 langile baino gehiagori eragiten dien hitzarmen bati buruz ari garela aintzat hartuta. Negoziazioak aurrera egiten ez duen bitartean bizi-kostuak gora egiten jarraitzen du, eta langileen erosteko ahalmena presiopean dago.

FVEMek ez du erantzunik eman nahi oinarrizko gai bati buruz ere: zer egiteko prest dagoen langileen erosteko ahalmena bermatzeko.

LABek batasun sindikalaren alde lanean jarraituko du; aldi berean, sektorea antolatzeko eta aktibatzeko prestatzen hasi beharra dago.

LABek euskara lehenetsiko du negoziazio guztietan

Gaurkoan ere Bizkaiko metalgintzako mahai negoziatzailean euskararen defentsa irmoa egin du LABek, LABentzat ez baita berria euskaraz lan egiteko, bizitzeko eta negoziatzeko eskubidea aldarrikatu eta borrokatzea.

Ezinbestekoa da lan-munduan euskara normalizatzea eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatzea. Ezinbestekoa da lantokietan euskararen presentzia eta erabilera areagotzea lan-munduan euskara normalizatzeko eta langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Ezinbestekoa da negoziazio mahaietan euskaraz aritu ahal izatea ere; horretarako behar diren bitartekoak lehenbailehen jarrita; epe eta neurri zehatzekin, alegia.

LABen eskaera ez da Bizkaiko metalgintzara mugatzen, ezta hitzarmen jakin batzuetara ere. Une honetan irekita dauden 47 lan hitzarmenetan lortu behar da euskaraz aritzeko eskubidea bermatzea. Negoziazio guzti-guztietan euskara lehenetsiko du LABek.

LABek argi utzi nahi du: euskaraz aritzeko eskubidearen borroka ezin da hitzarmenen negoziazio mahaietara mugatu; alegia, lan auziekin epaitegietara goazenean, egunerokoan lan zentroetan, erakundeekiko eta eragileen arteko harremanetan… Guztietan horrela izan dadin borrokatuko du LABek. Euskarak urratsak behar ditu. Lan zentroetan euskara planak bultzatzea ezinbestekoa da, eta LAB horretan ari da eremuz eremu. Era berean, hitzarmenen negoziazioetan ere euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatu behar dira. Hori horrela izan dadin lanean jarraituko du LABek.

Ideia faxista eta xenofoboen aurrean jarrera irmoa behar dela aldarrikatzen du LABek

Oldarraldi erreakzionarioari aurre egiteko modurik eraginkorrena kapitalari mugak jartzea, herritar guztien eskubideak bermatzea, birbanaketa politikak ezartzea eta sakoneko agenda eraldatzaile bat aurrera eramatea dela uste du LABek, eta horien alde aktibatzeko deia egin die langileei. Sindikatuak bere aurkakotasuna adierazi nahi die gaurko deitutako elkarretaratze faxista eta xenofoboei.

Ceutako larrialdi humanitarioa da oraingoan eskuin muturrak ideia faxista eta erreakzionarioak zabaltzeko darabilen aitzakia. Krisi humanitario betean, horren ondorioak pairatzen ari direnak erdigunean jarri beharrean, migratzaileak jopuntuan jarri eta erasotu ditu eskuin muturrak, egungo status quo-a defendatzeko eta betikoen pribilegioak mantentzeko helburuarekin. Errezeta ezaguna da: migratzera eta pobreziara behartutako pertsonen eskubideak murriztea, noiz eta horien eskubideak babesteko beharra areagotzen den momentuan. Gero eta pertsona gehiagoren eskubidean ditu jopuntuan eskuin muturrak: migraziora behartutako langileak, emakumeak*, sexu-genero disidenteak, hizkuntza gutxituetako hiztunak…

Izan ere, bizi dugun fase kapitalista geroz eta bortitzago honek autoritarismoan eta faxismoan topatzen du bizirauteko bidea, langileak langileen kontra jarriz, migranteen kontrako jazarpena sustatuz. Azken hilabetean Ceutan gertatzen ari denaz probestu nahian ari da ultraeskuina, bere marko ideologikoa ezarri nahian, baina marko horren hedapena ikus daiteke gertuago ere; hala nola, Bilboko kale saltzaileen kriminalizazioan eta haien kontrako jazarpenean, Donostian kale egoeran dauden herritarrekiko elkartasuna eta laguntza sarea desegiteko Donostiako Udalaren saiakeran eta segurtasunik eza migratzaileekin eta herritar zaurgarrienekin lotzeko zenbait politikarik azken hilabeteetan egindako adierazpenetan. LABek larritzat jotzen ditu halakoak.

Denetan badago elementu komun bat: ultraeskuinak marko ideologikoa ezartzen du, gehienetan gezurretan oinarrituta, eta, ondoren, hainbat alderdik eta insituziok horren araberako politika publikoak garatzen dituzte: eskubide murrizketak dakartzaten politikak. LABek argi du zein den oldarraldi erreakzionarioari aurre egiteko modurik eraginkorrena: kapitalari mugak jartzea, herritar guztien eskubideak bermatzea, birbanaketa politikak ezartzea eta sakoneko agenda eraldatzaile bat aurrera eramatea. Horrekiko konpromiso argia du LABek.

Norabide horretan eta agenda sozial eta nazional eraldatzailearen alde eremu guztietan antolatzeko deia egiten die LABek langileei, horixe izango baita oldarraldi erreakzionarioari atea ixteko antidotoa. Zentzu horretan, LABek bere aurkakotasuna adierazten die gaurko deituta dauden elkarretaratze xenofobo eta faxistei. Era berean, dei egiten die euskal langileei eskuin muturrak inposatu nahi duen agenda erreakzionarioari bizkarra eman diezaioten eta herritar guztien eskubideen alde mobilizatu daitezen.

LABek lau langileren kriminalizazioa salatu du martxoaren 17ko greban parte hartzeagatik

Martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartu zuten lau grebalari Iruñeko epaitegian deklaratzera deitu dituzte gaur, atxilotzeko mehatxuaren pean. Bi delitu egotzi dizkiete: agintaritzari desobedientzia eta trafikoaren segurtasunaren aurkako delitua. 40 pertsona baino gehiago mobilizatu dira Justizia Jauregiaren aurrean, greba egunean parte hartu zutenen aurkako errepresaliak salatzeko eta deklaratzera deitutako lau pertsonei babesa adierazteko.

LAB sindikatuak adierazi duenez, lau langileek mobilizazioetan parte hartu zuten 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde egiteko, eta “inola ere ez zioten agintaritzari desobeditu, eta ez zuten trafikoaren segurtasuna arriskuan jarri”.

Sindikatuak eskatu du greban parte hartu zuten langileen aurkako errepresaliak eteteko, bai isunen bidez —LABen arabera, Iruñerrian dagoeneko 15.000 eurotik gorakoak dira—, bai lau grebalari hauei eragiten dien bezalako prozesu judizialen bidez.

LABek onartezintzat jo du greba eskubidea eta bizi-baldintza duinen aldeko borroka jazarpen eta kriminalizazio arrazoi bihurtzea. “1.500 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzea ez da delitua, langileon behar bat da”, defendatu du. “Hori aldarrikatzen dugu posible delako eta, gutxiagorekin, langileok ezin dugulako duintasunez bizi”, adierazi du.

Azkenik, LABek bere elkartasuna berretsi die deklaratzera deitutako lau langileei, baita, sindikatuaren arabera, martxoaren 17ko greban parte hartzeagatik errepresaliak jasaten ari diren pertsona guztiei ere. “Errepresioaren eta kriminalizazioaren aurrean, greba eskubidea eta langileon bizi-baldintza duinak defendatzen jarraituko dugu”, ondorioztatu du.

Langabeziari dagokionez, uda amaierak beti ekartzen duen egoeran gaude

Abuztu amaieran, SEPEren datuen arabera, 136.372 pertsona zeuden langabezian eta 1.072.124 erregimen orokorrean afiliatuta Hego Euskal Herrian. Horrek esan nahi du afiliazioak behera egin duela eta langabeziak gora egin duela aurreko hilabetearekin alderatuta, behin uda amaituta.

Enpleguak sortzen jarraitzen badu ere, datuek erakusten dute enpleguaren kalitateak okerrera egin duela, behin-behinekotasunaren eta partzialtasunaren ondorioz. Azken hilabete honetan, lanaldi partzialeko kontratu mugagabeen kopuruak nabarmen egin du gora, eta horrek agerian uzten du enplegu ez hain egonkor eta prekarioetarako joera dagoela. Izan ere, abuztuan, hilabete amaieran kontratu gehiago egon badira ere, langabe gehiago erregistratu dira, hilabetean zehar egin diren kontratuak behin-behinekoak izan baitira; aurreko urtean baino 12.007 kontratu gehiago sinatu dira abuztuan zehar, eta horietatik %78,81 izan dira behin-behinekoak.

Gainera, egiturazko arrakalek bere horretan jarraitzen dute. Horri aurre egiteko neurri politikoak hartzen ez diren bitartean, egoerak bere horretan jarraituko du. Esaterako;

– Emakumeen* artean %58,7k jardunaldi osoa dute, gizonezkoek aldiz, %78,7k. Hau da, lau emakumetik* 1ek lanaldi partziala du.

– Bestalde, langabeziak gora egin du migratuen artean. Hauen artean, 4.154 langabe gehiago daude azken urtean eta aurreko enplegurik gabekoen artean %39,75 igo da langabezia. Azken hilabetean migratuen artean langabeziak gora egin du (997 langabetu gehiago), ia sektore guztietan. Bereziki aipatzekoa da migratu langabeen artean %47,5 zerbitzutan ibili direla lan bila, zehazki lan prekarioenak eskaintzen dituen sektorean.

Egoera honen aurrean, LAB sindikatuak langile klase osoari mesede egingo dion 1.500 €-ko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzen du. Lan munduan gertatzen dena aztertzeko, langabezia datuak ez dira nahikoa. Enpleguaren kalitatean jarri behar dugu arreta, sortzen den enplegua gero eta prekarioagoa baita. Horregatik, lanpostuak duindu behar ditugu. Izan ere, gaur egun lan bat izateak ez du bermatzen bizitza duin bat garatu ahal izatea.

LABek Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmena sinatu du #LortuDugu

Borrokaldi luze baten ostean, joan den martxoaren 17an Hego Euskal Herri osoan egin zen greba orokorraren alderdietako asko gauzatu dira hitzarmenean, besteak beste, 1.500 €-ko soldata minimoa kategoria guztientzat.

Gaur eguerdian sinatu da Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmena. Azken sei urteotan borroka ia etengabean aritu diren langileei eskerrak eman nahi dizkie LAB sindikatuak, eta aldi berean, bere zorionik beroenak luzatu.

Hitzarmena historikotzat jotzen du sindikatuak, sektoreko lehenbizikoa delako, eta gainera, aurrerapauso itzelak dakartzalako langile guztientzat. Orain arteko hitzarmena, Espainiako Estatukoa, aisa gainditzen du testu berri honek, izan ere, indarrean ziren lan baldintza negargarriei amaiera eman eta sektoreko prekarizazioarekin behin-betiko bukatzeko oinarri sendoak ezartzen baititu.

Honakoak dira hitzarmenak zahar egoitzetako langileei ekarriko dizkien onura nagusietako batzuk:

• 1.500 euroko soldata sektoreko kategoria guztietan.

• 123 orduko jardunaldi murrizketa. 2027an 82 ordu jaitsiko dira.

• Norberaren aferetarako 4 egun.

• Bajen osagarrian aurrerapauso nabarmenak.

• Zenbait enpresatan ezarrita dauden hobekuntzak blindatzea, egoera hobeagoan dauden langileek galerarik izan ez dezaten. Gainera, hitzarmenean araututako gutxienekotik gorako soldatak dituztenek ere urtero izango dute igoera.

Hori guztia, baina, sei urteko borroka luze eta gogorraren ondoren iritsi da: grebak, lanuzteak, ekimen desnormalizatzaileak, asanbladak eta era guztietako mobilizazioak izan dira sektoreko langileen bidelagun.

Horregatik guztiagatik, LABetik eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiegu hitzarmen honetarako era batera edo bestera lanean tinko aritu diren langile guztiei. Behin eta berriz mahai gainean jarri duten antolakuntza gaitasuna, sendotasuna eta ausardia izan dira hitzarmen hau sinatzera eraman gaituztenak. Bejondeizuela guzti-guztioi!

Bestalde, ezinbestekoa da garaipen hau dagokion testuinguruan jartzea, eta hala, harro esan dezakegu martxoaren 17an Hego Euskal Herria astindu zuen greba orokorraren aldarria egi bihurtu dugula hitzarmen sektorial honetan. Frogatu egin dugu Nafarroan posible dela, eta frogatu egin dugu ere estatalizazioari aurre egin dakiokeela: hemen negoziatzeko eskubidea eta gaitasuna ditugu, eta LABek bide horretan jarraituko du nazio eraikuntzan pausoak emanez.

Zorionak zahar egoitzetako langileei!

Gora langileon borroka!