2025-12-17
Blog Page 18

Garbiñe Aranburu, LABeko koordinatzaile orokorra: “Palestinaren alde egotea Trump, Netanyahu eta enparauen aurka egotea da; sionismoari, autoritarismoari eta faxismoari aurre egitea”

Bilboko manifestazioan parte hartu du Garbiñe Aranburuk eta honakoa adierazi du hedabideen aurrean egindako adierazpenetan: 

“Gaurkoa elkartasun internazionalista adierazteko ariketa erraldoia izaten ari da. Milaka langile kalean, lanuzte eta mobilizazio egun arrakastatsua. Euskal langileok berriro argi utzi dugu Palestinar Herriarekin gaudela. Palestinako egoerak mobilizatzen eta eremu guztietan presio egiten jarraitzea eskatzen du:

Batetik, su-etena gauzatzeko, eta, Israelek beste behin ere adosturikoa ez betetzeko tentaziorik izan ez dezan. Israelek eraso oro bertan behera uztea eskatzen dugu, horrek lagundu behar du muturreko egoeran bizi diren Gazako herritarren gosetea arintzen eta Gazako hondamendiari aurre egiten, azken batean, Gazako herritarren egunerokoa hobetzen.

Bestetik, Palestinako Herriak, Jordan ibaitik Mediterraneo itsasora, aske izateko eskubidea du. Konponbide integrala aldarrikatzen dugu: presoen etxeratzea, hala nahi duten errefuxiatuen itzulera; Palestinako Herriaren okupazioaren eta kolonizazioaren amaiera eta autodeterminazio eskubidea egikaritzea eskatzen dugu. 

Era berean, Palestinako langileen lan eta bizi baldintzei ere erreparatu nahi diegu, Gazan txikizioa da nagusi eta gutxieneko bizi-baldintza duinak ez dira ziurtatzen. Horrekin batera, ez dezagun ahaztu Cisjordaniak bizi duen kolonizazioak ondorio oso kaltegarriak dituela hango langile klasearentzat, eta palestinar langileak lan eta bizi prekario batera kondenatzen dituela.

Honengatik guztiagatik, genozidioaren erantzuleak epaitzea eskatzen dugu eta Israel isolatu egin behar dela diogu:

Ezin dugu ahaztu Palestinar herriaren aurkako genozidioa izan dela, Israelgo Estatu genozidak gizateriaren kontrako krimenak burutu ditu, eta erantzuleak ezin dira zigorgabe geratu.

Israeli eremu guztietan boikota egin behar zaio. Israelekin harreman sindikal, instituzional eta komertzial oro eten behar da. Genozidio eta kolonizazioaren kontura ezin da negoziorik egin eta gaurkoan patronalak duen arduran jarri nahi dugu arreta bereziki. CONFEBASK eta CENi eskatzen diegu posizio argi bat har dezatela eta enpresak interpelatu ditzatela, enpresei eskatu behar diete Israelekin dituzten konpromisoak errebisatzeko, Israelekin negoziorik ez egiteko.

Gaurko arrakasta baliagarri izan da etorkizunean ere Palestinar Herriaren aldeko elkartasuna eta konponbideak eskatzen jarraitzeko indar berriak biltzeko, jarraituko dugu presio egiten. 

Palestinaren alde egotea Trump, Netanyahu eta enparauen aurka egotea da, sionismoari, autoritarismoari, faxismoari aurre egitea. Faxismoa pairatu duen herria da gurea. Hainbatetan aldarrikatu izan dugu, ez dira pasako! Eta gaur Palestinari buruz gauza bera esaten dugu, Palestinatik ez dira pasako. Gora Palestina askatuta!”. 

Lehen datuek adierazten dute Palestinaren aldeko greba orokorrak jarraipen zabala izan duela

Deitzaile diren sindikatuek (LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde, EHNE-Nafarroa, Solidari eta HIRU) bildutako lehen datuek baieztatzen dute gaur Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan deitutako greba orokorrak jarraipen handia izaten ari dela.

Enpresa askok geldialdi osoa edo ia osoa egin dute, hala nola Beasaingo, Irungo eta Lebarioko CAFek, Beasaingo Indarrek, Olabarriko Arcelorrek, Itsasondoko Jasok, Indauxek, Nemakek, Oñatiko Hijos Juan de Garay eta Natra Zahorrek, Azpeitiko Bielek, Leitzako Torraspapelek, Aceros Moldeadosek, Guerra Hermanosek, La Barranquesak, Irunberriko Accionak, Kybserek, Cementos Lemonak, Gestamp Bizkaiak, Cemosak, Forgingek, Consonnik, Con Protec Arisawak, Unileverrek, Auria Solutions-ek, PEPSI Gasteizek, Laminaciones Arreguik, Astigarraga Kidlinek, Sapak, Mendiolak, Sammicek eta Elkar argitaletxeak.

Era berean, kooperatibek ere bat egin dute: Oñatiko Ulma, Fagor Automation eta Fagor Ederlan, Arrasateko Copreci, Eskoriatzako eta Aretxabaletako HUHEZI, eta Lakuntzako Sakana Kooperatiba, besteak beste. Gasolindegi gehienek gutxieneko zerbitzuetan baino ez dute lan egin.

Halaber, grebak eragin nabarmena izan du enpresa handietan ere, hala nola Mercedes, Volkswagen Nafarroa, Cinfa, KSB ITUR, Sidenor Basauri, MESA Mungia, MASA, Radimer Forjas de Berriz, ECS Zaldibar, Mondy, Arteche, Aludium, ZIV, Acciona Irunberri eta Arcelor Mittal Tubular Legutio. Horietako batzuetan —eta baita Arcelor Sestaon bezalako beste zenbaitetan ere— ekoizpena eten egin da.

Sektore publikoan ere, azpikontratek barne, grebak eta mobilizazioek eragin handia izan dute Eusko Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan, Osakidetzan, Osasunbidean, EiTBn, Guggenheim Museoan, Portu Agintaritzan, suhiltzaileen parkeetan, garraio publikoan (Donostian hamabi linea urbano eten dira eta Euskotren gutxieneko zerbitzuetan ari da), justizia administrazioan, hiru Foru Aldundietan eta unibertsitateetan. Hogueita bat bat udalek itxi dute, besteak beste Usurbil, Hernani, Astigarraga, Beasain, Zizurkil, Ordizia eta Bergarakoek, baita udal kiroldegi askok ere.

Hezkuntza publikoan eta ikastoletan jarraipena oso zabala izan da, eta ia eskola-jantoki guztiak ixteko iragarpena egin da. Lehenengo balorazio baten arabera, hezkuntza publikoari dagokionez, Gipuzkoan eta Bizkaian jarraipena %60 ingurukoa izan da; Araban portzentaje hori gainditu du, eta Nafarroan apalagoa izan da. Bestalde, Haurreskolak Partzuergoan jarraipena %85 eta ikastoletan jarraipena %80koa izan dela kalkulatu da. 

CCOOk Bizkaiko eraikuntzan hitzarmen eskasa sinatu du, gardentasunik gabe negoziatu ondoren

CCOO sindikatuak Bizkaiko eraikuntzaren sektoreko aurreakordioa sinatu du. LABek erabateko desadostasuna adierazi nahi du hitzarmenaren edukiarekin. Izan ere, edukiak ez dira inondik ere nahikoak sektorearen benetako beharrei erantzuteko: soldata-igoera eskasak sektorearen egoera kontuan hartuta, lan-eskubideetan eta laneko segurtasunean eta osasunean aurrerapenik ez eta hitzarmena betetzea bermatuko duen inolako neurririk ez (sektoreko arazo nagusietako bat).

Horrez gain, CCOOk gainerako sindikatuen bizkar negoziatu duela ere salatu nahi du LABek, patronalarekin partekatutako mahai batean, gardentasunik eta parte hartzerik gabe.

Hitzarmen hau borrokarik eta mobilizaziorik gabe eta langileei entzun gabe itxi da. LABek, ordea, uste du eskubideak ez direla bulegoetan lortzen, kalean baizik. Izan ere, negoziazio kolektiboak lan eta bizi baldintzak hobetzeko tresna izan behar du, eta ez patronalaren neurrira egindako gutxieneko akordioak zilegiztatzeko bidea. Horregatik, LABek eredu sindikal borrokalari baten aldeko apustua egiten du, behetik gorakoa eta langileekin batera landuko dena, eta honako ezaugarri hauek izango dituena:

  • Langileen benetako parte hartzea erabakietan
  • Presioa eta mobilizazioa funtsezko hobekuntzak lortzeko
  • Negoziazio eredu gardena

Horregatik, atzerapausorik edo apurrik ez du onartuko LABek, eta dei egiten die Bizkaiko eraikuntzako langileei antolatzen eta borrokan jarraitzeko.

Digi-ko langileak lan-baldintza prekarioak salatu eta estatu mailako Hitzarmenaren inposizioari aurre egiteko berriro ere grabara

Gaur, 2025eko urriaren 14an, Arabako eta Bizkaiko Digi enpresetako langileek beste hiru greba eta mobilizazio egun hasi dituzte euren lan-baldintzen prekarizazioa salatzeko; Madrilen UGT eta CCOOk negoziatutako Estatu mailako Hitzarmena ezarriz gero okerrera egingo luketenak. Urriaren 14, 15 eta 16rako deitu dira datozen greba egunak, eta Euskal Herriko beste hainbat ordezkaritza (Gipuzkoa eta Nafarroa) batu direlarik, baita Kantabriako, Galiziako eta Asturiaskoak ere.

Aurten, martxoan, enpresak eta Espainiako estatu mailako sindikatu nagusiek (CCOO eta UGT) negoziazio-mahai bat ireki zuten Euskal Herriko lantokietako ordezkaritza legalekin (RLT) kontatu gabe. Hitzarmen Estatal bat adostuz langileen bizkarretara, eta, oro har, Digi-ko langileen egungo baldintzak nabarmen okertzen dituzten lan-baldintzak arautuz. Digi Spain Telecomek egun herrialdeetan lan harremanak erregulatzeko adostutako hitzarmenen gainetik pasatuz.

Eraso horren aurrean, eta Madrildik inposatu nahi dizkiguten lan-baldintzen prekarizazioa geldiarazteko, langileek mobilizatzen jarraitzen dute delegazio bakoiktzean eta lurralde bakoitzaren errealitatea kontuan hartuko dituzten lan-baldintza duinak negoziatu ahal izateko.

LABetik, enpresaren zein CCOO eta UGT sindikatuen jarrera salatu nahi dugu, Euskal Herrian lan-harremanak zeintzuk izan behar diren erabakitzeko dugun eskubidea ukatu nahi dutelako.

Enpresari bere jarrera inposatzailea alde batera utzi eta Euskal Herriko DIGIko langileei entzuteko negoziazio-mahai batean esertzeko exijitzen diogu.

DIGIko lan-baldintzen prekarizazioari EZ!

Borroka da bide bakarra. Hemen lan egin, hemen erabaki

Gasteizko FIBERTECNIC enpresan greba deituko dugu

Batzordeak urriaren 16, 21 eta 23an deitu ditu grebak, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta baitago.

Gasteizko Fibertecnic enpresa Aernnova taldeko enpresa bat da, kimika sektorean kotatua. Bertan lan egiten duten 160 pertsona inguruk hegazkingintza multinazionalaren baitan konponentean egiten dituzte.

Negoziazioa maiatzan hasi zen, eta 9 bilera burutu ostean, ez dago inolako aurrera pausurik. Enpresa tematuta dago eros ahalmena ez bermatzen, eta gainera eskala bikoitza sartu du kontratazio berriak kategoria prekarioenetan betikotzeko. Horrenbestez, pasa den urriaren 10ean egin zen langile asanbladan, gehiegoa greba deitzearen alde agertu zen. Asanbladak esandakoari jarraiki, Enpresa Batzordeak 3 egunetako greba deitu du datorren urriaren 16, 21 eta 23rako. Dei egiten diogu enpresari langileon eskaerei entzun eta beharginek merezi duten hitzarmena negoziatu dezaten, langileon eros ahalmena bermatuz, kontziliazio neurriak hobetuz, inongo atzera pausorik eta eskala bikoitzik gabe

Gutxieneko pentsioak, zaintza estrategia eta Palestinarekin elkartasuna izan ditu hizpide aurtengo LAB Helduak eta pentsiodunen asanbladak

Ikasturte hasierako asanblada nazionala egin du LAB sindikatuko Helduak eta Pentsiodunen arloak, eta ehun militante baino gehiago bildu dira. Hego Euskal Herriko hamaika herritatik etorritako militanteak bildu dira Errotxapeako Civibox-en, testuinguruaz eta datozen hilabeteetako erronkez aritzeko.

Horrela, Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak hartu du lehen hitza, LABen sindikalgintza eraldatzailearen balioa azpimarratuz. “LAB lantokietan eta lantokietatik kanpo antolatzen da, lan baldintzak eta bizi baldintzak borrokatzen ditu, bizitza laborala amaitu bezala edota Palestinako genozidioari salatzeko lanuzte orokorrak antolatuz. Hori da gure sindikalismo soziopolitikoa”.

Arroyok arloko militantzia goraipatu du eta, sindikatuko erronka nagusien berri ematearekin batera, bihar gauzatuko den lanuzte orokorraren balioa azpimarratu du. “Erantzun ahalik eta bateratuena emateko ahalegina egin dugu etengabe, Euskal Herritik merezi duen erantzuna artikulatzeko lan egin dugu eta 2008tik hona egin ez dena lortu dugu, lanuzte politikoa arrakastaz egiteko baldintzak eraiki ditugu lantokietan. Biharkoa, Italiarekin batera, azken bi urteetan Palestinarekiko elkartasunez eta Israelekin harremanak eten daitezen eskatzeko egingo den ekimenik indartsuenetakoa izango da”.

Asanbladari jarraipena eman diote, ondoren, Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak eta Ane Escondrillas Soziokomunitarioko arduradunak. Lehenak gutxieneko pentsioa osagarritzeko EAJk eta PSEk Herri Ekimen Legegileari emandako erantzun antidemokratikoa salatu du eta indarrak biderkatzeko deia luzatu die bertaratutakoei. “Pentsio sistema publiko eta propioaren bidean, gutxieneko pentsioa nola osagarritu behar dugun eztabaidatzeari uko egin nahio diote, eta, erabaki horren aurrean, ekimen berrien bidez erantzun behar dugu” adierazi du Perezek. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduan ekarpena egiten jarraitzeko deia luzatu du.

Ane Escondrillasek sindikatuaren zaintza estrategiaren ardatzak azaldu ditu, eta “publikoak gara” dinamikaren berri ematen du asanbladaren bigarren zatian. Zaintzak pribatizatzeko erabaki politikoei aurre egin eta sektoreko langileen erronkez zein jendartearen arteko aliantzez aritu da soziokomunitarioko arduraduna. Lantaldeetan egindako ariketan, LAB helduak eta pentsiodunek borroka honetan egin dezaketen ekarpena zehazten aritu dira.

Asanbada amaituta, ohikoa den bazkariari hasiera eman diote, aspaldi ikusi gabeko lagunak eta etortzerik izan ez dutenak gogoan.

Sindikatu deitzaileek jarraipen handia aurreikusten dute biharko Palestinaren aldeko lanuzte orokorrean

LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde, EHNE-Nafarroa, Solidari eta HIRU sindikatuek biharko deitutako lanuzte orokorrak jarraipen handia izango duela aurreikusten dute.

Nahiz eta Gazan adostutako su-etenak Palestinako biztanleriaren egoera arindu duen, deialdia egin dutenek nabarmendu dute oso garrantzitsua dela Israeli presioa egiten jarraitzea Palestinan genozidioa, okupazioa eta kolonizazioa behin betiko bertan behera uzteko eta herri palestinarrak askatasunean bizitzeko duen eskubidea bermatzeko.

Lanuztearen erreferentziazko ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da, eta 15:00ak arte luzatuko da ordu horretan lanaldia amaitzen duten jardueretan. Gaueko txandan 03:00etatik 06:00etara egingo da geldialdia, eta arratsaldekoan 19:00etatik 22:00etara.

Enpresa bakoitzeko ordezkaritza sindikalak lanuztearekin bat egiteko eskatu die langileei, eta dozenaka mobilizazio antolatu dira Mercedes, Volkswagen Nafarroa, Michelin Gasteiz eta Lasarte, Laminaciones Arregi, Sidenor Basauri, Arteche, Aludium, Gestamp, ZIV, CAF Zamudio eta Acciona Irunberri enpresetan. Plantillari lanuztearekin bat egiteari buruz galdetu ohi dioten enpresetako bozketen emaitzek (Beasain eta Irungo CAF, Beasaingo Indar, Itsasondoko Jaso, Getariako Indaux, Garai eta Oñatiko Natra Zahor, Azpeitiko Biele, Leitzako Sarrio Papel edo Lakuntzako Aceros Moldeados) gehiengoaren babesa islatzen dute, % 70etik gorakoa kasu batzuetan.

Zerbitzu publikoetan, abusuzko gutxieneko zerbitzuak ezarri dira, gure ustez, inpugnatu egin ditugu, eta ebazpenaren zain gaude. Horrela, lanuzteak eta mobilizazioak aurreikusten dira Eusko Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan, Osakidetzan, Osasunbidean, EiTBn, Guggenheim Museoan, Portu Agintaritzan, justizia administrazioan, hiru aldundietan eta udal nagusietan. Kasu horietan guztietan, azpikontratetako langileek parte hartuko dutela iragarri dute. Garraio publikoan, hezkuntza publikoan eta ikastoletan jarduera gutxieneko zerbitzuetara mugatzea aurreikusten da, eta eskoletako dozenaka jantoki itxiko dira.

12:30ean manifestazioak egingo dira lau hiriburuetan:

• Bilbo: Jesusen Bihotza.

• Donostia: Boulevard.

• Gasteiz: Andre Maria Zuria.

• Iruñea: Golem.

Hiriburu bakoitzean zutabeak antolatu dira, auzo eta poligono desberdinetatik abiatuta dagokien manifestazioaren abiapuntuan bat egingo dutenak. Ordezkari sindikalez gain, komunitate palestinarreko ordezkaritza bat joango da eta azken ekitaldian parte hartuko du.

19:30ean Gernika-Palestinak mobilizazio deszentralizatuak antolatu ditu udalerri bakoitzean. Iruñean, Tuteran eta Lizarran manifestazio sindikal bana egingo da.

Lanuzte eta mobilizazio eguneko aldarrikapenak honako hauek dira:

  • Langile klase osoak Palestinako herriarekin duen elkartasuna adieraztea. AEBko Gobernuaren laguntzarekin Israel herri palestinarraren aurka egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea.
  • Palestinako lurraldea Zisjordanian etengabe kolonizatzen ari direla eta horrek Palestinako langileen lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak salatzea.
  • Gazako genozidioaren berehalako amaiera aldarrikatzea eta Palestinaren okupazioarekin eta kolonizazioarekin amaituko duen eta herri palestinarrak askatasunean bizitzeko duen eskubidea bermatuko duen konponbide integral bat eskatzea.
  • Patronalari eta bertako zein nazioarteko erakundeei eskatzea eten dezatela Israelgo Estatuarekiko merkataritza-harreman oro. Ezin da negozioa egiten jarraitu genozidio baten kontura.
  • Europar Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Akordioa bere osotasunean etetea.

Palestinarekiko elkartasuna eta asteazkeneko lanuzterako deia eskualdez eskualde zabaldu ditu LABek

Azken asteetan eskualdeetako ordezkarien batzarrak egin ditu LABek eskualdez eskualde. Ikasturteko erronka nagusiez aritu dira sindikatuko kideak batzar horietan, eta, horrez gain, Palestinari elkartasuna helarazteko ere baliatu dute hitzordua, baita urriaren 15eko lanuzte eta mobilizazio egunerako deia egiteko ere.

Izan ere, Hamasek eta Israelgo Gobernuak su-eten akordioa sinatu dute, bai, eta LABek erabateko errespetuz hartzen ditu eta hartuko ditu Palestina ordezkatzen duten eragileek unean une hartzen dituzten erabakiak. Hala ere, elkartasun internazionalistaren ikuspegitik, Israelgo Gobernuak su-etena gauzatu dezan maila guztietan presio egiten jarraitu beharra dagoela uste du sindikatuak, batetik, eta Palestina hamarkada luzez pairatzen ari den kolonizazio eta genozidioa amaitu behar dela, bestetik, eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea gauzatu.

Hain zuzen, bi aldarrikapen horiei bultzada eman nahi die urriaren 15eko lanuzte orokorrak. Ozen aldarrikatuko du euskal langileriak: “Genozidioa eten! Kolonizazioa eten! Autodeterminazioa Palestinar Herriarentzat!”

Akordiorik gabe amaitu da Maderas de Llodio-ko EEE-ren kontsulta epea

Joan den urriaren 9an amaitu zen Garnicako zuzendaritzak aurkeztutako Enplegu Erregulazio Espedientearen (EEE) kontsulta epea. Prozesu osoan zehar, alderdi sozialetik elkarrizketarako borondate osoz jardun dugu, bost proposamen desberdin aurkeztuz, ekoizpenaren %40 mantentzeko eta, horrela, deslokalizazioa eta 39 langileren kaleratzea ekiditeko.

Hala ere, enpresako zuzendaritzak ez du negoziatzeko benetako borondaterik erakutsi. Aurkeztutako proposamenak benetan aztertzea ukatu du, hasieratik jarrera itxia mantenduz. Mahai gainean jarri duen eskaintza bakarra izan da kaleratze kopuruari lau pertsona murriztea eta kalte-ordainak pixka bat handitzea, baina ekoizpenaren %40aren deslokalizazioa eta kaleratzeak bere horretan mantenduz.

Horregatik, proposamen hori onartezina zen, Maderas de Llodioren eta bertan lan egiten dugun pertsona guztien etorkizuna arriskuan jartzen jarraitzen zuelako.

Batzordetik, eta langileen asanbladari helarazi ondoren, berriro ere baieztatu nahi dugu lanpostuak eta ekoizpena bermatuko dituzten irtenbideak bilatzen jarraitzeko konpromisoan berresten garela. Denbora dago oraindik. Garnicako zuzendaritzari eskatzen diogu, bere erabakia berpentsatu dezala eta ez dezala ERE-a aurkeztu.

Bestalde, gure haserrea adierazi nahi diegu erakundeei. Onartezina iruditzen zaigu, egoera larri honen aurrean, ez Arabako Foru Aldundiak ezta Eusko Jaurlaritzak ere ez dutela inolako inplikaziorik erakutsi. Eskualdean ibilbide luzea duen industria-enpresa bati buruz ari gara, zeinak eragin zuzena duen enpleguan, ekoizpen-sarean eta lehen sektorean ere. Hala eta guztiz ere, erantzun instituzionala hutsaren parekoa izan da.

Batzordeak berak jarri behar izan du harremanetan erakundeekin. Arabako Foru Aldundiaren kasuan, ez dira behin ere gurekin bildu gertatzen ari dena lehen eskutik ezagutzeko, ezta beraien eskura dituzten tresnak eskaintzeko ere, enplegua babesteko eta bitartekaritza egiteko. Eta Eusko Jaurlaritzaren kasuan, alderdi sozialak eskatutako lehen bilera baten ondoren, ez da jarraipenik izan, ezta bilera berririk ere, guk horrela eskatu diegu arren.

Oso gertakari larria iruditzen zaigu, langile klasea, enpresen erabakien aurrean are ahulago uzten duelako. Erakundeek beren erantzukizunak bere gain har ditzatela exijitzen dugu, argi eta garbi kokatu daitezela industria eta lanpostuak babesteko, eta demagogia eta hitz hutsak alde batera utz ditzatela.

Berriro ere, bihotzez eskertu nahi diogu Laudioko eta eskualde osoko herritarrei jasotzen ari garen babes eta elkartasun adierazpen ugariak. Egoera hau ez da arazo indibidual bat, kolektiboa baizik, eta horren jakitun izatea funtsezkoa da Aiaraldeako gure etorkizuna defendatzeko.

Horregatik, duela bi aste egin genuen bezala, berriro baieztatzen dugu gure tresnarik onenak borroka eta mobilizazioa direla. Ildo horretan jarraituko dugu, greban, gure lanpostu bakoitza eta Maderas de Llodioren etorkizuna defendatzen. Eta egoera hau gelditzeko behar diren tresna juridiko eta sindikal guztiak erabiliko ditugu.

Azkenik, bi mezu oso argi helarazi nahi ditugu:

  1. Enpresari, bere jarrera berrikus dezan eta EREa erretiratu dezan.
  2. Erakundeei, jardun dezaten berehala. Ez dago aitzakiarik gehiago.

Borroka da bide bakarra!
Gora Maderas de Llodio-ko langileak!
Aiaraldea defenda dezagun!