2025-12-25
Blog Page 176

EAJk atea itxi dio EAEko hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak egiteko legeari

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, EAJk eta PSEk adostutako Hezkuntza Lege berriari ezetz esateko, ez baitio erantzuten egungo ereduak behar duen eraldaketari. “Euskal Herriaren zati honetan, Hezkuntza Sistemak behar dituen sakoneko aldaketarik ez da izango. Horretarako aukera emango lukeen legeari ateak itxi dizkio EAJk”, adierazi du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak.

“EAJ eta PSEk onartu asmo duten hezkuntza legearen kontrako jarrera azaltzen dugu”, gaineratu du LABeko ordezkariak, “kontrako jarrera daukagu, hezkuntza eredua aldatzeko LABek eginiko ekarpenak ez direlako jasoak izan”.

Jarraian, LABek ortzimugan duen Euskal Eskola Publiko komunitario burujaberako trantsizioari ateak irekiko dizkion legea izateko egindako ekarpenak zerrendatu ditu:

  • Trantsizioa egin behar da, hezkuntza eskumen mugatuetatik, hezkuntza sistema burujabera. Euskal Herria badela aintzat hartuko duena eta Euskal Curriculuma egiturazko bilakatuko duena.
  • Trantsizioa, bi saretan oinarritutako hezkuntza sistema dualetik, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berrira, eskola publikoa erdigunean jarriko duena.
  • Trantsizioa, euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduetatik euskaldunduko duen murgiltze eta mantentze eredura.
  • Trantsizioa segregazioa eragiten duen eredutik inklusiboa izango den eredura.

Aranburuk gogoratu du, ekainean, Hezkuntza Sistema Publiko euskaldun eta burujaberantz jotzeko proposamenak egin zituen LABek, bi kontutan azpimarra jarriz. Batetik, euskalduntzean urratsak emateko zehaztasun handiagoak eskatu zituen, B2raino iristeko, EAJren arabera, lege honekin lortu nahi duen mailara. Horretarako gainditu egin behar dira hizkuntza ereduak, eta ez mantendu, Urkullu eta PSEk nahi duten moduan. “Euskara ikasteko eredu orokortu bat ere zehaztu behar da”, zehaztu du LABeko ordezkariak. Bigarrenik, egungo sistema duala gainditzeko proposamenak. Zuzenketak aurkeztu zizkion LABek Euskal Hezkuntza Zerbitzuari, bakarra eta deszentralizatua izango den sare publiko bakarreranzko trantsitzioa ahalbidetzeko.

Horretarako, funts publikoak jasotzen dituztenen eginbeharrak arautu behar dira, eta batez ere, eginbehar hauek ez betetzearen ondorioak zehaztu.

Beste neurri batzuk ere beharrezkoak dira, adibidez, titulartasun pribatuko zentro gehiago ez kontzertatzea plaza publiko nahikoak baldin badaude. Titulartasun partekatua arautzea, udal edo mankomunitateeen partehartzea ahalbidetuz zentroen titulartasunean, sare publiko bakarreranzko trantsiziorako tresna bezala.

“Ematen digu Hezkuntza Legearen inguruan gertatu den guztia ezin dela deslotu momentuko joko politikotik”, gaineratu du Araburuk, “EAJk lehentasuna eman dio PSErekiko duen aliantza eta honen botoak ziurtatzeari”.

Eta hain kaltebera eta garrantzitsua den hezkuntza bezalako gai batean egin du. “Hezkuntza Legea babesteko behar zuen garaikurra eman dio PSEri”, zehaztu du LABeko ordezkariak, “eta hori oso larria iruditzen zaigu, are gehiago egungo testuinguruan, euskararen normalizazioaren kontrako ofentsiba oso bat dagoen garaiotan”.

“EAJk arazo bat dauka. Ez du ulertu nahi patronalaren aldeko politika neoliberalen aldeko apostu bat egitean desgaste bat dakarrela berarekin. Hemen ez dago azpijokorik, hemen dagoena da jendea gogaituta dagoela”, zehaztu du.

Koordinatzaile orokorrak gaineratu du langileak ez datozela bat zerbitzu publikoak ahultzearekin. “Jendeak gero eta barneratuago dauka zaintza sistema publikoa behar dugula, antolatu egin behar garela aberastasunaren banaketa bidezkoagoa lortzeko, borrokan egin behar dugula soldata eta lan-baldintzak hobetzeko”.

EAJ eta PSEk EAEko Hezkuntza Legea urtea baino lehen onartuko dutela ere aipatu du, aldaketarik ez bada behintzat. “Amaiera ez da guk nahiko genukeena izan”, gaineratu du. “Hilabete intentsoak izan dira, mobilizazioak, ekarpenak, barne mailako bilerak, sindikatuen arteko eta hezkuntza komunitatea osatzen dugunon arteko ikuskera desberdinak etab. Hala ere, ez dugu zalantzarik, berriro ere berdina egingo genuke”.

Egindako lan eskergak utzi du emaitzarik. “Legeak ez ditu hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak bermatuko. Edozein kasutan, horrek ez du hezkuntzako langileen lan baldintzak hobetzeko erdietsitako akordioaren garapena mugatzen” zehaztu du LABeko ordezkariak.

Eremu laboralean Hezkuntza Sailak, LABek eta Interinok taldeak egindako akordioa ere mintzagai hitz du, “LABek berau negoziazio mahai bakoitzean zehaztu eta garatu dadin Eusko Jaurlaritza interpelatzen jarraituko du. Sukaldari eta garbitzaileen eremuan lehen lorpen garrantzitsuak eskuratu ditugu eta beste mahaietan negoziazioak irekita daude”.

Hori bai, greba eta mobilizazioen aukera beti mahai gainean egongo da. “Guk argi dugulako, edozein akordio betearazteko eta zer esanik ez EAJrekin, praktikatzen dugun ekintza sindikal borrokalariak ematen digula indarra”, ohartarazi du.

Eskola jangeletako egoera ere aipatu du Aranburuk, pribatizazioaren ondorioak zeintzuk diren ikusi dugula zehaztuz. “Pribatizazioaren eraginez, guztiz feminizatua den sektore horretako emakumeen lan baldintzak prekarizatzen dira”.

“Eta onartezina da, gure haurren osasunarekin horrela jolastea, Hezkuntza Sailak, kalitatezko jana eta osasuntsu jaten dutela bermatu behar du. Hau, pribatizatua dagoen zerbitzu publikoa da, ez luke negozio egiteko lekua izan behar. Hezkuntzarekin eginiko akordio laboralean jasotzen zen moduan, jangelen aferari lehen bait lehen heltzeko konpromisoari eutsi behar zaio”, gaineratu du LABeko ordezkariak.

“Prozesu honetan guztian, batzuen berez betetzen den profeziara jolasteko joeraren aurrean, LABek gogor lan egin du ahalik eta legerik onena ateratzen saiatzeko. Mobilizatu egin gara eta eragiteko proposamenak egin ditugu”, adierazi du Aranburuk.

“Oso lan akordio garrantzitsua lortu dugu, negoziazio-mahaietara eramaten ari dena, eta dagoeneko fruituak ematen dituena. Lortu dugu lehen akordio handia sinatzea sukaldarien mahaian. Gainera, ziur gaude, lehenago edo geroago, gainerako sindikatuek bat egingo dutela bide horretan”, gaineratu du.

Amaitzeko, adierazi du “ez dugu lortu nahiko genukeen guztia hezkuntza-lege on bat izateko. Hezkuntza-sistemak behar duen eredu-aldaketari dagokionez, proposamen garrantzitsuenak hautsita geratu dira. Baina ez dugu zalantzarik, ahalegin bera, lan bera eta estrategia bera egingo genuke”.

“Argi daukagu, galtzen diren gudu bakarrak egiten ez direnak dira. Galtzen den borroka bakarra egiten ez dena. Jarraituko dugu, lantokietan, kalean eta instituzioetan borrokatzen, proposamenak egiten eta eragiten, hezkuntzan eta bestelako politika publiko eta soziolaboraletan”, amaitu du bere hitzartzea.

23. Korrikarekin bat egin dugu, euskaraz lan eta bizitzeko eskubidearekiko LABek duen konpromisoari jarraikiz

Ttipi-ttapa badator hurrengo Korrika. Gaur AEKko eta LABeko ordezkariak bildu gara 2024an ospatuko den 23. Korrika aurkezteko. Euskararen aldeko bi urteroko hitzordu erraldoia bertan dugu eta AEKk datorren Korrikaren nondik-norakoen berri eman dizkio LABi. Sindikatuaren izenean Urko Aierbe Euskara idazkariak eta Nazio Komiteko kide Josune Eroak egin diete harrera antolatzaileei.

Duela lau hamarkada Korrikak lehenengo urratsak eman zituenetik edizioz edizio egin dugun bezala, LABek bere atxikimendu eta laguntza osoa emango dio hurrengo Korrikari. Bai herrietako antolaketan zein Korrika igarotzean, bai Korrikaren berri enpresa eta lan-tokietara eramanez eta langileak Korrikan inplikaraziz, Euskal Herri euskaldunarekin eta helduen euskalduntzearekin LABek duen konpromisoa berretsi dugu gaurkoan.

Abenduaren 21 eta 28rako greba egun bi deitu dituzte Bizkaiko Esku Hartze Sozialeko langileek

Gaur, Bizkaiko esku-hartze sozialeko sektoreko langileek agerraldia egin dute Bilbon, Gizardatz patronalaren egoitzaren aurrean, greba egunak iragartzeko. Gizardatz eta Geroan patronalei exijitu diete hurrengo negoziazio mahaian euren aldarrikapenak erantzun ditzatela:

– KPItik gorako soldata igoerak.

– Erosteko ahalmenaren % 15 baino gehiagoko galera berreskuratzea.

– Asteko 35 orduak lanaldia.

– Bajak %100ean osatzea.

– Ordezkapenak lehenengo egunetik.

– Enpleguaren egonkortasuna.

– Hobekuntzak kontziliazioan eta berdintasun-planak adostea.

– Lan-baldintzen aldaketak bereizi gabe erabiltzearekin amaitzea.

– Arrisku psikosozialen eta babes bereziko jarduera/zentroetan

Halaber, EUDELi eta Bizkaiko Foru Aldundiari, arduradun gisa, eskatzen diete aurpegia emateko eta gatazkari irtenbidea emateko beharrezko urratsak emateko.

“Ez dugu onartuko gure soldatak murriztea, eta ez dugu onartuko lanera joatea gure laneko segurtasuna eta osasuna bermatu gabe”, adierazi dute.

“Ezinbestekoa da gure eguneroko lanaren balio produktiboa erdigunean jartzea aurrera jarraitzeko eta eskubidez dagokiguna aldarrikatzen jarraitzeko”, gaineratu dute.

Correoseko garbiketako langileek mobilizazio bateratua egin dute Bilbon, zor dietena behingoz ordain diezaieten

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako beharginak Asturiastik eta Galiziatik etorritako kideekin batera atera dira manifestazioan. Correoseko bulegoetan lan egiten dute, J. Cordoba garbiketa enpresak azpikontratatuta. Bada, gehienek urte erdi daramate beren soldata jaso gabe.

Hala, Correosi exijitu diote berehala ordain dezala zor duen guztia, eta horixe oihukatu dute guztiek batera eta horiz jantzita Bilboko erdiguneko kaleetan barrena. Goizean Correosen Etxebarriko logistika gunean abiatu dituzte protestak, eta ondoren, eguerdian, manifestazioa egin dute Bilbon. Urkijo zumarkaleko bulegotik hasi dute ibilbidea, eta Areatzakoaren aurrean beste geldialdi bat egin dute, eserialdia egiteko eta nazkatuta daudela argi uzteko.

Prekaritateak ez du etenik langile hauen egunerokoan, eta oraingo egoera muturrekoa da jada. Gaur argi adierazi dutenez, egoerak berehalako konponbidea eskatzen du, eta langileek beren bizitza aurrera eramateko ezinbesteko duten soldata berehala jaso behar dute.

Enplegu Zentro Berezietako langileak Gasteizen mobilizatu dira, merezi duten aitortza aldarrikatzeko

Ez da lehen aldia LAB sindikatua Enplegu Zentro Berezietako langileen egoera salatzeko mobilizatzen dena eta langile horien aitortza aldarrikatzen duena, gainerako langileen baldintza berberetan enplegua lortzea exijituz.

Administrazio publikoak aniztasun funtzionala duten pertsonen esplotazioa bultzatzen eta ahalbidetzen du, eta eskulan merkea izatera bultzatzen gaituzte. Erritmo jasangaitzetan lan egiten dugun bitartean, enpresek irabaziak lortzen dituzte, gure lan indarraz baliatuta.

Diotenez, enplegu zentro bereziak aniztasun funtzionala duten pertsonek beren autonomia garatzeko guneak dira, enplegu arrunta lortzeko aukera duten bitartean, baina LABek salatzen du hori ez dela horrela. Erakundeek ez dute inolako jarraipenik egiten, ezta lan egiten dugun baldintzen benetako kontrolik ere; sektoreko enpresak diru publikoarekin finantzatzen dituzte; eta enpresa horiek, berriz, miseriazko lan-baldintzetara kondenatzen gaituzte. Kolektibo zaurgarria gara, baina horrek ez du esan nahi eskubide guztiak ditugun langileak ez garenik.

Enplegu Zentro Bereziak gutxi batzuen negozioa dira, eta patronalen etekin ekonomikoei ematen zaie lehentasuna. Langileak lan-baldintza
eskasetan egotera kondenatzen dituzte, enplegu arrunterako benetako trantsiziorik egin gabe.

Hala, gaur manifestazioa egin dugu Lanbidetik Gasteizko Legebiltzarrera, erakundeei eta alderdi politikoei honakoak helarazteko:

  • Indarrean dagoen legeria diskriminatzailea dela, eta, gainera, hori gutxi ez, eta ez duela kontrolik eta ez dela bete ere egiten. Horregatik, aniztasun funtzionala duten langileentzako lan-baldintza duinak bermatzeko neurri erreal eta eraginkorrak hartzea eskatzen dugu.
  • Gure sektorerako hitzarmen kolektibo orokorra behar dugu. Beharrezkoa da, oro har, gure sektoreko lan-baldintzak arautzea. Erakundeei Hitzarmen Kolektibo hau garatzeko eta lortzeko konpromisoa eta inplikazioa eskatzen diegu.
  • EZBen finantzaketa gehiago kontrolatzea. Zentro horiek finantzatzeko diru publikoaren kontrol eta jarraipen zehatza eskatzen dugu.
  • Laneko arriskuen eta arrisku psikosozialen etengabeko ebaluazioa enpresa guztietan. Kolektibo zaurgarria gara, eta, horregatik, ezinbestekoa da jasaten ditugun arriskuak behar bezala ebaluatzea eta horiei aurre egiteko neurri eraginkorrak sustatzea eta ezartzea.
  • Aniztasun funtzionala duten pertsonen errealitatera egokitutako prestakuntza erreala. Gure beharretara egokitzen diren eta benetako garapena eta sustapena bermatzen duten benetako prestakuntza-planak.

Gasteizko Michelinen aurtengo egutegiaren negoziazioekin izan den antzerki tamalgarria salatu nahi dugu

Batzordea eta enpresa bilduta zeuden bitartean 150 pertsonako ustezko “soberakina” filtratzearekin hasi zen guztia, eta horrek batzordearekiko eta ordezkatzen duen langileriarekiko errespetu falta erakusten ditu. Iragarpenaren ondoren, enpresak Lan Baldintzen Funtsezko Aldaketa bat jarri zuen abian, eta bertan ez da aurkeztu alde sozialak eskatutako dokumentazioa, ustezko soberakina justifikatzeko.

Gaur egun, enpresak ez du 150 pertsona soberan daudela argudiatzen duen dokumentu bakar bat ere jarri mahai gainean, baieztapenetatik harago. Ez eskaera-jaitsierei, kantzelazioak, aurreikuspenei eta abarri buruzko txostenik. Are gehiago, sistema-aldaketekin, pertsona asko urtean 164 eta 237 ordu gehiago lan egitera igaroko dira (21 eta 30 egun bitartean). Beraz, ez dago produkzio-jaitsierarik, lan bera pertsona gutxiagorekin egin nahi ez bada. Tamalez, beste sindikatu batzuek, hala nola CCOOk eta UGTk, ez dute inoiz zalantzan jarri zifra hori.

Bere isatsari hozka egiten dion arraina da: enpresak egutegi murriztaileak aurkezten ditu, eta sindikatu batzuek zalantzarik gabe bermatzen dituzte. Jarraian, jendea soberan dago, adostutako egutegietan soberakina baitago. Bitartean, iaz baino gehiago zerbitzatu diogu Valladolid. Orain egutegiaz hitz egin behar zen, eta multinazionalaren interesei erantzunez, CCOOk eta UGTk beren burua eskaini dute plantilla murrizteko ustezko premia hori bermatzeko. Korrika azkarregi egin dute.

Berriro diogu Michelinek mendeku hartu duelako gertatu dela hau, bere lan-eskubideen alde antolatu den plantilla zuzentzeko. Mobilizazio horiek CCOO eta UGT jokoz kanpo harrapatu zituzten, eta enpresaren eskutik orain posizioak berreskuratu eta salbatzaile gisa geratu nahi izan dute. Nola ulertu behar da, bestela, enpresak inbertsioak eta plantillako soberakinak geldiarazteko mehatxua egiten duenean, sindikatu horiek zifra horiek zalantzan jarri ez izana eta hasiera hasieratik “irtenbideak bilatzeko” prest egotea? Gainera, ez dute inolako bermerik jasotzen ematen ari diren diziplinazko kaleratzeen uholdeari buruz, eta akordio-proposamenak jasotzen du enpresak ez betetzeko aukera izango duela, baldin eta enpresari “kalte argia” eragiten badio, inolako kontrol mekanismorik gabe. Berriz diogu kontsulta-aldian ez dutela soberakin hori frogatu, eta gainerakoek eskatu dugula etengabe enpresak egin dezala. Logikoa denez, enpresak ez du halakorik egin, ez baitu behar. Horregatik azpimarratu nahi dugu aldez aurretik idatzitako gidoia duen antzerki baten aurrean gaudela, eta uste dugu akordioa aldez aurretik idatzita egongo daitekeela.

LAB, ELA eta ESK sindikatuok zentzugabekeria hori geldiarazteko hartu beharreko ekintzak aztertuko ditugu, bai judizialki, bai sindikalki. Orain, inola ere justifikatu ez diren arrazoi batzuk onartzeak atea irekitzen du, etorkizunean, arrazoi berberei buruz, enpresak neurriak hartu ahal izateko, batzordea babesik gabe utzita. Lanpostuak suntsitzeaz ari gara, horrek dakarren guztiarekin, nahi duten bezala makillatu nahi badute ere, irteera ez-traumatiko gisa, mugikortasun geografiko gisa. Behar beste aldiz errepikatuko dugu: Michelinen ez dago inor soberan.

Orokorrean langabeziak behera egin badu ere, prekaritatea areagotuz doa eta nagusiki emakumeek* egiten dituzte doako zaintza lanak

Hego Euskal Herrian langabezia jaitsi egin da, baina 138.312 langabetutik %58,04 emakumeak* dira.

Langabetu kopuruak behera egin arren, 25 urtetik beherakoen artean gora egin du pasa den urtetik. Era berean, nabarmentzekoa da pasa den urtetik hona migratuen artean langabeziak %4,17 egin duela gora. Beraz, lan merkatuak gazteak eta migratuak beharren arabera erabiltzen ditu eta lehenak izaten dira lan merkatutik kanporatzen.

Bestalde, afiliazioak gora egin du, pasa den hilabetetik 2.305 emakume* afiliatu gehiago baitaude, langabezian 1.239 emakume* gutxiago dauden bitartean. Honek esan nahi du gero eta emakume gehiago dagoela lan bila, bizi unitatearen egoera prekarioa dela medio lanaldi bikoitza egitera behartuta. Izan ere, azken Ikusmiran txostenean jaso zen bezala, emakumeen* bizkar dago zaintza lanen ardura nagusia (etxeko produkzioaren %67,2 emakumeei* dagokie, eta etxeko lanen, haurren zaintzaren edota menpeko pertsonen zaintzaren ardura nagusia ere emakumeena* da). Beraz, modu bikoitzean dago prekarizatua, afiliazio datuak aztertuz gero, lau emakumetik batek baitu lanaldi partziala (afiliaturiko emakumeen %25,5ek), afiliaturiko 10 gizonetik batek duen bitartean (%11k). Aldizkako finkoei dagokienean ere, afiliaturiko emakumeen artean proportzioa handiagoa da (%5,3), gizonezkoen artean baino (%2,8). Gogora ekarri beharra dago kontratu mota honek ezegonkortasuna areagotzen duela eta sektore feminizatuetan zabalduago dagoela (jantokietako hezitzaileak, ikastetxeetako garbitzaileak…).

Lan bila gero eta herritar gehiago egon arren, afiliazioaren gorakadaren datuak azaltzen duen bezala, lan merkatuak herritar horiei enplegua eskaintzeko zailtasunak dituela ere esan daiteke. Izan ere, aurreko enplegurik gabeko herritar gehiago daude pasa den urtearekin zein hilabetearekin alderatuta, eta gaur egun langabetuen %12,25 dago egoera honetan, hau da, urtebete edo gehiago daramalarik lanik egin gabe.

Amaitzeko, manufaktura industriak pisua galtzen jarraitzen du, zerbitzuetan oinarrituriko ekonomiaren mesedetan (azaroko azken egunean, afiliazioaren %73,44 zerbitzuen sektoreari zegokion). LAB sindikatuarentzat kezka iturri da, lan baldintza kaxkarragoak dituen zerbitzuen sektorea nagusitzen ari baita eta lanesku merkeagoa lortzeko beste herrialdeetara manufaktura industria eramatearen ondorioz, menpekoago bilakatzen duelako Euskal Herria.

Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrak meloi asko ireki zituen, kontraesanak agerian utzi zituen eta zaintzaren beharra eztabaida politikoaren erdigunean kokatu zuen. Gaur publiko egin diren datuok eredua aldatzeko beharra berretsi egiten dute, prekarietatea bizi unitateen barne zein kanpoan dagoela agerian utziz. LAB sindikatuak lantokietan, kalean, instituzioetan eta beharrezkoa den toki guztietan lanean jarraituko du zaintzak erdigunean kokatuz, langile guztion lan eta bizi baldintza duinen alde.

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako ordezkariekin batera eman dugu prentsaurrekoa gaur

Abenduaren 11, 12, 13, 14 eta 15ean bost greba egun ditugu deituta EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan. Gaur, hitzarmena sinatzea ahalbideratuko duten balizko proposamenak egiteko eskatu diegu berriro ere Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei.

Gaur ehun ordezkari inguru batu ditugu LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok, hainbat ikastetxez inguratuta dagoen Bilboko Bizkaia plazan. Argazki aldarrikatzaile bat dugu dute eta prentsaurrekoa bertan eman dugu ondoren. Patronalei arduraz jokatzeko eta Hitzarmena berritzea ahalbideratuko duten eduki eta proposamenak egiteko eskatu diegu.

Pasa den azaroaren 27rako mahai negoziatzailea deitu zuten patronalek greba dinamikak behartuta. Azken mahai negoziatzailetik 9 hilabete ziren igarota (otsailaren 2tik). Mahaian ordea, ez zen aurrerapausorik egon, patronalek ez baitzuten Hitzarmena berritu ahal izateko proposamenik ekarri. Horregatik sindikatuok abendurako deituta genituen bost greba egunekin aurrera egitea erabaki genuen.

Sindikatuok birritan bilera eskatu ondoren, Hezkuntza Sailak bilera egiteko prest dagoela adierazi digu. Itundutako eskolek dituzten finantzaketa iturrien gaineko gardentasuna kontrolatzeko ardurarekin batera, langileen lan baldintza egokiak bermatzeko ardura berea ere bada. Hala adieraziko diogu bilera horretan eta gatazka hau bideratzeko esku har dezala eskatu.

Sindikatuok gogorarazi dugu ikastetxe hauetako langileek 4 greba egun dituztela eginda, lehena apirilaren 25ean eta hiru egun jarraian urriaren 17, 18 eta 19an. Grebak jarraipen zabala ari dira izaten, %65ekoa batezbeste.

Azkenik, Hitzarmena berritzeko aukera emango duen proposamenik egon ezean, urtarriletik aurrera grebak indartuko ditugula ere iragarri dugu.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.

Garbiñe Aranburu: “Zaintzaren iraultza martxan da, eta ez dauka atzera bueltarik”

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra Hamaika Telebistako Kolpez Kolpe saioan aritu da gonbidatu gisa asteburuan.

Hainbat gairi heldu die elkarrizketan zehar, baina batez ere azaroaren 30ean bizi izan genuen lehenengo Greba Feminista Orokor historikoaz jardun du. Hala, nabarmendu du aitzindaritza markatu dugula geure herrian bertan nahiz geure mugetatik kanpo, eta emaitza “ikusgarria” izan dela gaineratu du. Emaitza horrek, gainera, erakusten omen du “azken urteetan mugimendu feministak eta sindikalismotik bertatik ere feminismoa lantzeko eginiko lan itzela, eta esan dezakegu zaintzaren iraultza martxan dela eta zaintzak behar duen eraldaketak ja ez daukala atzera bueltarik”.

Grebaren ezohikotasuna ere ez du alde batera utzi. Sistemak balioan jartzen ez dituen zaintza lanak ikusarazteko xedea izan du, eta horrek prozesuan bertan ere eragina izan du; besteak beste, “grebaren eragina baloratzeko beste modu bat” ekarri duela aitortu du Aranbururuk, hasteko eta behin, zaintzaren eremuan diharduten askok ez dutelako greba bere horretan egiteko aukerarik izan eta parte hartzeko eta ikusarazteko beste modu batzuk landu direlako.

Bestalde, elkarlanaren pisua ere azpimarratu du. Izan ere, prozesu guztian zehar sindikatuek ez ezik, mugimendu feministak izan du lidergoa, eta lan partekatu horren bidetik jarraitu nahiko lukete bidea, koordinatzaile orokoorraren esanetan.

Elkarrizketan zehar, baina, bestelako gaiak ere jorratu dira, baita modu zirikatzailean jorratu ere. Hala, esate baterako, galdera azkarren tartean Iñigo Urkullu edo Imanol Pradales nahiago ote duen galdetu dio Aranbururi Naroa Iturri aurkezleak. Aranburuk, ordea, ezberdintasun gutxi ikusten ditu bien artean, patronalak diseinatutako “robot erretratua” baita, bere ustez, EAJko hautagai berria, eta, horrenbestez, orain artekoaren jarraipena baino ez dela izango adierazi du. Gaineratu du hurrengo lehendakaria emakumea izatea gustatuko litzaiokela berari, baina feminista ere izan beharko lukeela.