2025-12-30
Blog Page 172

LAB pozik agertu da Osasunbideko karrera profesionalak aurrera jarraitzen duelako eta gainkargari buruzko taldeak martxan jarri direlako

Aste honetan, LAB sindikatuak eta Osasun Departamentuak sinaturiko akordioaren ondorioz, martxan jarri dira Lehen Arretako eta Arreta Espezializatuko lan gainkargari buruzko lan mahaiak, bai eta oraindik onartua ez duten Osasunbideko langileen karrera profesionala garatzeko mahaia ere. LABek begi onez ikusten du hitzarturikoa betetzen ari dela, eta buru-belarri ari da lanean mahai horietatik atera daitezen Osasunbideko langile guztien lan-baldintzak hobetzeko neurriak.

Aste honetan abiatu dira Osasunbideko Lehen Arretako eta Arreta Espezializatuko lan gainkargari buruzko mahaiak, bilera kronograma bat planteatuta eta prebentzio zerbitzuak egoeraren diagnostikoa eginda. LABen ustez mahai horiek izan behar dute lan baldintzei, langile eskasiari, arrisku psikosozialen igoerari (barneko eta kanpoko erasoak) eta ebazpenik gabe dauden arazo ugariei irtenbidea bilatzeko beharrezko proposamenak egiteko tresna. Ildo horretan, LABek Osasunbideko langile guztiak animatu nahi ditu beren lanpostuen erronkak, arazoak eta konponbideak sindikatuari helaraz diezazkioten, talde horietan landu eta transmititu ahal izateko.

Hasierako eszeptizismoa gorabehera, sindikatu honek jarrera propositiboa eta salaketak egitekoa izanen du, lan talde horiek arazo kronikoei konponbide errealak eman diezazkieten, Osasunbideko langile guztiei mesede eginen dieten proposamen zehatzekin. Halaber, eskatuko du lan talde horiek sorturiko neurriak benetan ezartzea gainkargaren eta/edo funtzionamendu txarraren arazoak detektatu diren zerbitzuetan.

Nabarmentzekoa da Lehen Arretako lan mahaian agertu den arazo orokorra, berehala konpondu behar diren arazo ugari barnebiltzen dituena: nahikoa langilerik ez dagoela, eta badaudela arazoak arreta behar bezala bermatzea uzten ez dutenak, eta horrek okerrerako eragiten diola langileen lan baldintzei, prozesuak behar bezala burutu ahal izateari eta Arreta Espezializatuaren jarduerari.

Karrera profesionalari buruzko legea, “lehenbailehen”

Karrera profesionalari buruzko lan mahaiari dagokionez, aipatzekoa da Osasun Departamentuak asmoa duela legea “lehenbailehen” prestatuta izateko. Administrazioak aurkezturiko proposamenari lehen ekarpenak egin zaizkio gaurgero. LABek Espainiako estatuan dauden karreren azterketa bat egin du, bere plantillaren behar eta errealitateetara egokituko den eta kalitatezko prestakuntza garapena bermatuko duen Osasunbideko karrera profesionala diseinatu ahal izateko.

LAB sindikatuarendako funtsezkoa da karrera profesional honetan Osasunbideko langile batzuk ez diskriminatzea. Hala, eskatu du karrera profesionala aitortzea Osasunbideko langile guzti-guztiei, izan osasun arlokoak ala ez, funtzionarioak ala lan-kontratudunak, den-denak ere baldintza beretan. Gainera, LABek lanbide kategoria guztien aintzatespen profesionalaren aldeko apustua egin du, eta, horregatik, erdi-mailako teknikarien aitortza espezifikoa eskatu du (erizaintzako zainketako teknikari laguntzaileak, farmaziako teknikariak eta osasun larrialdietako teknikariak), Espainiako estatuan gertatzen den bezala.

Karrera profesionalari loturiko prestakuntza ibilbideari dagokionez, LABen ustez, prestakuntza eskubide bat izanik, arlo publikotik antolatu, sustatu eta kudeatu behar da, eta egokia eta adostua izan behar du. Administrazioak errespetatu egin behar du urteko prestakuntza-kreditua, eragozpenik gabe, eta ikastaro enpresa pribatuen eta prestakuntza lobby-en merkatua behingoz bukatu. Era berean, garapen profesionalak izan behar du maila guztietara egokitua, irisgarria eta arina.

LABen argi daukagu lantalde horien garrantzia. Erabakietan profesionalek parte hartzea funtsezkoa izanen da akordioak lortzeko; beraz, uneoro emanen dizuegu horren berri. Lanetik, mobilizaziotik eta irmotasunetik soilik lortzen dira erronkak. Aurrerapen horiek ez ziren posible izanen Administrazioarekin sinaturiko konpromisorik gabe.

ELAk Gipuzkoako kale garbiketako langileak saldu ditu

Atzo, abenduak 14, Gipuzkoako Kale Garbiketako beste negoziaketa bilera bat izan dugu. Astebeteko epean greba mugagabea iragarrita, patronalak “azken proposamena” aurkeztu du eta gaurko bilerarako erantzun bat izateko konpromisoz amaitu zen bilera. LAB sindikatuko kideok proposamena nahikoa ez dela aurreratu dugun bitartean, ELA sindikatuak prentsa bidez iragarri du akordioa lortu dela. Sektoreko langileak saldu dituztela iritzi dugu.

LAB sindikatukatuko delegatu, afiliatu eta hurbileko kideekinbilduta, goizeko lehen balorazioan berretsi eta proposamena nahikoa ez dela baloratzen dugu. Hobekuntzak badaude ere, egun sektoreak dituen hainbat aldarriri entzungor egiten zaiela uste dugu, eta greba mugagabe batean atarietan, benetan, gehiago lortu genezakela uste dugu. Horregatik, LAB sindikatutik ez dugu akordioa sinatuko.

Urtebete badaramagu ere bilerekin, negoziaketak azken hilabetean langileon presioari esker hasi dira. Iraileko agerraldia, azaroko manifestazio eta abenduko greba mugagabearen deialdia klabea izan dira, edukia mahai gainean jartzeko, izan ere, patronalak orain arte atzerapausoak eta baloraziorik ere merezi ez zuten proposamenak egin baititu.

Zoritxarrez ordea, azken asteetako negoziaketaren eduki guztia sindikatu batek markatutako lehentasunetara mugatu da, eta elkarrekin eraikitako 28 aldarri jasotzen zituen plataforma, ezerezean geratu da.

Erosteko ahalmena bermatzen dela iragarri bat bada ere, ez da urte bakoitzean, KPI osoa bermatzen. Honek eros ahalmena kentzen digu, ez baita berdina 5’4% igoera edo 3’5ekoa. Ulertzen genuen guztiontzat marra gorria zela hau, baina ematen duenez ez. Errelebo kontratua egiteko enpresen derrigorrezkotasuna 13 urtetara murriztea oso positiboa da, eta baita administrazio zein erraustegietako langileek kategoriak jasota izatea ere. Azken puntu honetan ordea, ez dugu uste langileen lana eta baldintzak balioan jartzen direnik. Erraustegian NON STOP turnoan dauden langileak daude, astelehenik igandera, goiz, arratsalde eta gaueko turnoetan lan egiten dutenak. Sektorean beste inork ez ditu baldintza horiek guk dakigula, eta hori, balioan jarri behar dela uste dugu. Mantenimenduko langileei berriz, guardia/disponibilitatea eskatzen bazaie ere, plus honen baldintza eta prezioa airean geratu dira. Azkenik, lehen aldiz Geroa sartzea onartu da. Gako polemikoa dela ulertzen dugu, langile asko ez daudelako ados, eta lehentasuna berriz, inor gutxirentzat.

LAB sindikatutik aldarrikapen asko airean geratu direla uste dugu. Plusetan hobekuntzak eskatzen ziren, baita errealitate berrietara egokitzen ziren konpentsazioak. Bajak 100% osagarritzea beti, lan fisiko handia dagoelako sektorean, baina zoritxarrez, ez da ezer aldatu. Beste aldarrikapen franko ere bazterrean gelditu dira, askok gainera, kostu ekonomikorik suposatzen ez dutenak enpresentzat, eta onura handia berriz, langileentzat. Esaterako, partzialitatean dauden langileek bi egunetako atsedena noiz duten aurrez jakitea.

ELAk langileen baldintzak saldu dituela uste dugu.
Sektorean indarra eta nahia badago, eta hitzarmena ekonomikoki zein sozialki duintzeko aukerak zeudela benetan sinisten dugu. Tristuraz eta haserre hartu dugu gehiengoa duen sindikatuaren erabakia, aldarri sindikalak, langileen beharren gainetik lehenetsi direla ikusten dugulako. Gainera, negoziaketa zehar, gainontzeko sindikatuokin, baina bereziki, langile kolektiboarekin kontatu ez duela uste dugu.Bigarren negoziaketa da aho zapore bera uzten diguna, eta beraz, zalantzak sortzen dizkigu borrokaz hitz egiten badute ere, sindikaturen benetako asmoak zeintzuk diren. Negoziaketa honetan argi geratu da, hitzarmen duin bat lortzeko ezinbestekoa dela borroka, eta beraz, ezinbestekoa da egungo indar korrelazioa aldatzea, hau da, ELA sindikatuari gehiengo absolutua kentzea. Hau bai, langieen eskuetan dago.

Lanuzteak Alconza-Irizarren borroka sindikalaren alde eta enpresa eta Jaurlaritzari eskatzeko irekitako prozesu judizialak bertan behera utz ditzan

Datorren abenduaren 18an Alconzako grebalari bat eta LABeko kide bat deklaratzera deitu dituzte Getxoko epaitegira, Irizar-Alconzak egindako kaleratzeen aurka eta lantegiaren etorkizuna defendatzeko egindako borrokagatik. Kalteak eta agintaritzaren aurkako atentatua egozten diete. Alconza-Irizarri eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen diegu irekitako prozesu judizialak bertan behera uzteko.

Salaketa horiek guztiak Ertzaintzak egindako muntaketetan oinarritzen direla salatu du LABek; izan ere, Alconzako gatazkan langileak eta ordezkari sindikalak mehatxatu eta erreprimitu zituen, eta hainbatek ospitaletik pasa behar izan zuten, poliziaren bortizkeriagatik.

Errepresio-dinamika horren helburua langile-klasearen edozein borroka kriminalizatzea da, lan-baldintza duinen eta enpleguaren defentsan eginiko beste gatazka batzuetan gertatu zen bezala.

Alconzan egindako borrokaren ondorioz, urtarrilean beste bi langile deklaratzera deituak izango dira. Grebak iraun zuen bitartean, errepresioak ez zuen etenik izan; isun ekonomikoak jaso zituzten Mozal legea aplikatuz, eta Ertzaintzak hainbat langile jipoitu eta zauritu zituen.

Langileek lanpostuak defendatzeko egindako mobilizazioetako partaideekiko jazarpena salatu du LABek, eta irekitako prozesu judizial guztiak bertan behera uzteko exijitu die Irizarri, Ertzaintzari nahiz Eusko Jaurlaritzari.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak lanuzteak deitu ditu enpresan (11:45-13:45), eta eguerdiko 12:00etan kontzentrazioa antolatu du Getxoko epaitegiaren atarian, deklaratzera deituak izan direnei babesa emateko, prozesu judizial guztiak bertan behera uzteko eskatzeko eta borroka sindikala delitua ez dela aldarrikatzeko.

Kaleratzeak salatu ditugu Serveon

Besteak beste Lasarteko Michelin enpresarentzat lanak egiten dituen azpikontrata honetan (lehenago Ferrovial izena zuenean) langile ugari dabiltza garbitasun, mantenimendu, logistika eta beste hainbat zerbitzu ematen. Elkarretaratzea egin dugu pneumatikoen lantegiaren aurrean.

Langile horien jarduna Michelineko produkzioa aurrera ateratzeko beharrezkoa izan dela aldarrikatu du sindikatuak, batez ere ekonomikoki egoera onean egon den garaietan.

Orain, aldiz, egoera bestelakoa da. Michelinek etekinetan milioika euro izanda ere zenbait zerbitzu bere gain hartu eta azpikontratekin inolako erantzukizunik ez balu bezala, bere eskuak garbitu eta gutxienez zazpi lankide kale gorrian utziko dituen politika aplikatuko du. Logika kapitalista krudel horren lehen biktimak izango dira Serveoko langileak.

Egoera guzti hau salatzeko gaur Lasarteko Michelinek duen enpresa parean elkarretaratzea egin dute, azpikontraten joko honek dakarren prekaritatea salatzeko.

Azkenik, LABek Serveon duen sail sindikaletik adierazi dute Michelinen zein Serveoren jarduteko modu krudel hori guztiz arbuiatzen dutela eta lanpostu guzti-guztiak defendatzen jarraituko dutela.

Bizkaiko grafikagintzako hitzarmenaren mahaia blokeatzen du CEBEKek

Gaur beste bilera bat egin da, zazpigarrena, Bizkaiko arte grafikoen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko.

Berriro ere, patronalak negoziazioari aurrera egiten utzi ez dion bilera batera joan gara, eta sindikatuoi nahitaezko malgutasuna duen proposamen bat eramateko eskatu digu. LABek argi utzi du gure malgutasun-proposamena enpresa-batzordeen eta langileen adostasunarekin izango dela.

Era berean, oso argi utzi nahi izan dugu gure negoziazioa sektore horretan lan egiten duten pertsonen lan- eta bizi-baldintzak hobetuko dituen akordio bat lortzera bideratuta dagoela.

CEBEKek, bestalde, behin eta berriz esan du ez dituela soldata-taulak KPIari lotuta eguneratuko, erosteko ahalmena % 20 baino gehiago galdu den sektore batean. Gai horretaz gain, oso elementu atzerakoiak planteatzen jarraitzen du, hala nola antzinatasuna mugatzea edo gaixotasun arruntagatiko bajak okertzea.

Blokeo horren aurrean, LABek sindikatuen arteko bilera bat egitea proposatu die sektorean ordezkaritza duten gainerako sindikatuei, egoera aztertzeko eta negoziazio mahaia desblokeatzen saiatzeko. Gure ustez, prozesu honek bigarren fase batean sartu behar du, non aliantzak, batasuna eta sektorearen aktibazioa ezinbestekoak diren

La Pauren gezurrei erantzun die Bizkaiko Larrialdietako Garraio Zerbitzuko enpresa batzordeak

Bizkaiko Garraio Sanitario Ez Presazkoaren Zerbitzuko Enpresa Batzordeak erantzun nahi abenduaren 7an argitaratutako artikuluan La Pau enpresak adierazitako gezurrei eta difamazioei, herritarrek sektorearen egoeraren irudi argiagoa izan dezaten.

Artikulu horretan, La Pau anbulantzia-kooperatibak salatu du zenbait hilabete daramatzala plantillaren aldetik “ezkutuko greba” jasaten, lan-absentismoa plantillaren %25etik gora igo delarik eta zereginak aurrera eramatean langileek arreta eta ardura “justifikaziorik gabe bereziki areagotu” duelarik, eta saiatzen dela zerbitzua “nahita” atzeratzen, Bizkaiko eta Arabako zerbitzuaren “kalitateari eta eraginkortasunari kalte larria” eraginez.

Jakina, laneko absentismoa (hau da, langileen baja medikoak) handia da. Urteak dira hala gertatzen dela, eta azken hilabeteetan zertxobait gora egin badu, La Pauk Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea ez betetzeagatik da, modu sistematikoan, gainera. Hori dela eta, Lan Ikuskaritzak behin eta berriz zigortu du enpresa, langileen osasun egoera larriagotzen ari delako eta hainbat lan-istripu eragiten dituelako: lesio muskulu-eskeletikoak prebenitzeko beharrezko bitartekoak ez jartzea; lan-ekipoen eta konponketa lardaskarien mantentze-lan baliogabeak; pneumatikoen adabaki irregularrak eta akastunak eta horien ondoriozko eztandak eta istripuak; langileei oso tratu txarra ematea, etengabeko kalte psikosozialak eragiten baititu; zerbitzuen kudeaketa ez-eraginkorra, langileei estres handia eragiten baitie; eta abar. Eta, zerbitzua kudeatzen daramatzan hiru urteetan, legeak langileei ezartzen dizkien osasun-azterketak ere ez ditu egiten.

“Justifikaziorik gabeko gehiegizko ardurari” dagokionez, segurtasun- eta osasun-batzordeak Lan Ikuskaritzarekin eta Osalanen (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) aholkularitzarekin ezarritako jarraibideen aplikazioa baino ez da, hain zuzen ere absentismoaren sortzaile nagusia (bajak) geldiarazten saiatzeko, eta ahal den neurrian langileen osasuna babesteko, enpresaren jarrera arduragabeak erabat babesik gabe uzten baitu, laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko printzipioak alde batera uzten baititu.

Gainera, enpresak ziurtatu duenez, absentismo horren eta “gehiegizko ardura” horren ondorioz, “etengabeko aldaketak” eragiten ari dira zerbitzuetan, eta, ondorioz, “ahalegin handiagoa” egin behar da pazienteei zuzenean eragiten dieten atzerapenak saihesteko.

Langileen eguneroko ahaleginari esker, zerbitzua ez da hondoratzen, nahiz eta langile gutxi, baliabide falta eta kudeaketa ezegokia izan. Izan ere, langile horiek pazienteez arduratzen dira, eta ez dituzte zifra bat bezala tratatzen. La Paueko zerbitzuaren kudeaketa negargarriaren ondorioz etengabeko atzerapenak, tratamendu-galerak eta ospitaleetan egin beharreko gaualdiak jasan dituzten ehunka pazienteei galdetzea gustatuko litzaiguke. Eta hori guztia ez da hasi duela hiru hilabete, baizik eta kudeaketa hasi zenetik, duela hiru urte.

Ondoren, inolako lotsarik gabe, La Pauk zioen “ezkutuko greba” hori egiten dela sindikatuok orain arte deitutako bi grebetan langileen partetik “jarraipen eskasa” (%30 baino gutxiago) egon delako.

Gertaerak gehiago desitxuratzea ezinezkoa da. Neurrigabeko gutxieneko zerbitzuak ezarri ondoren (greba-egunetan zerbitzu bat bera ere egin ez zuten anbulantziak eta, ondorioz, atera beharrik izan ez zuten gutxieneko zerbitzuetako langileak egon izanak argi uzten duenez), gutxieneko zerbitzuetan ez zegoen inor ez zen lanera joan, eta, beraz, grebaren jarraipena grebarekin bat egin zezaketen langileen % 100ekoa izan zen.

Eta langileak iraindu ondoren zein gertaeren inguruan inolako lotsarik gabe gezurretan aritu ondoren, herritar guztiak zuzenean gutxietsiz, La Pauk dio konpromiso irmoa duela elkarrizketarekin eta konponbideak bilatzearekin, eta sindikatuei elkarrizketa eskaintzen diela berriz ere akordio bat lortzen saiatzeko. Ausarta izan behar da gero!

Ez dakigu zer elkarrizketa eta akordio motari buruz ari den; izan ere, La Pau enpresak eskaintzen digun guztia honako hau da: lan-arriskuak murrizteko beharrezko neurriak ukatzea; lan-egutegia ezartzea, hitzarmena eta araudia bete gabe; sektoreko hitzarmenaren egungo negoziazioan baldintzak eta eskubideak murriztea; greba-egunetan gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezartzea, indarra erabilita, eta langileen zati handi bati grebarako eskubidea ukatzea… Hori da La Pauren elkarrizketarako borondatea.

Benetan gertatzen dena da La Pau EAEra iritsi zela, zerbitzua arduradun inkonpetente batzuen esku utz zezakeelakoan, eta ahalegin txikiarekin etekin on batzuk lor zitzakeelakoan. Baina ez zuten kontuan izan hemen sindikatuak ez direla saltzen, eta langileen eskubideak defendatzearen alde borrokatzen direla beste ezeren gainetik. Eta orain, tratu txarrak emateaz gain, iritzi publikoaren aurrean txarretan txarrenak bagina bezala agertu nahi gaituzte. Baina beren egintzekin beren burua agerian uzten ari direnak beraiek dira.

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako laugarren greba egunean ere milaka langile izan dira hiru hiriburuetan antolatutako mobilizazioetan

Bihar, aste honetarako deitutako azken greba egunean, Bilboko kaleetan bilduko dira hiru lurraldeetako langileak manifestazio zentralizatu batean.

Gaur Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako laugarren greba eguna izan da. Gaur ere milaka langilek hartu dute parte LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan antolatutako kalejira, ekintza eta mobilizazioetan. Grebaren jarraipena ere aurreko egunetakoen oso antzekoa izan da, nahiz eta zerbitzu minimoen irruzurrezko aplikazioa bitartez greba zapuzteko saikerak egon diren ikastetxe askoren aldetik.

Sindikatuek, arduraz jokatzeko eta Hitzarmena sinatzea ahalbideratuko duten edukiak mahai gainean jartzeko eskatzen diete Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei. Eta Hezkuntza Sailari gatazka bideratzeko esku har dezala, beste aldera begiratu ordez.

Bihar hiru lurraldeetako langileak Bilbon egingo den manifestazio zentralizatu batean batuko dira. Manifestazioa goizeko 11.30etan hasiko da Arriaga plazan. Eta sindikatuek adierazpenak manifestazio hasieran egingo dituzte 11.30etan.

SOS Deiak eta Trafikoko telefono zerbitzua ematen duten langileek muturreko egoeran dihardute beharrean

Langile faltak ezinezko egiten du zerbitzua behar bezala ematea, eta eragin nabarmena izaten ari da plantillaren lan-osasunean.

LAB sindikatuak salatu du Lanaldenek, SOS Deiaken (112) eta Trafikoren (011) zerbitzuaz arduratzen den enpresak, urtebete baino gehiago daramala Eusko Jaurlaritzak baldintza-agirietan ezartzen zuena baino plantilla txikiagoarekin.

Hilabete hauetan, hainbatetan eman dute zerbitzua muturreko egoeretan, eta bederatzi pertsonatik lau bakarrik egon dira EAEko lurralde guztietako larrialdiei erantzuteko. Egoera horren ondorioz, SOS Deiakeko (112) eta Trafikoko (011) langileak arrisku psikosozial handian daude etengabe, eta estresagatiko edo antsietateagatiko bajek gora egin dute.

Adibide gisa, azaroko azken astean, Trafikoan hiru pertsonak lan egin zuten goizeko txandan. Azaroaren 29an, egun arrunt batean, hainbat istripu izan ziren, N1, N-634 eta Txorierriko korridorea ordu luzez moztu zituztenak. Hiru orduko epean 135 gertakari jaso ziren, eta bi pertsonaren artean kudeatu behar izan ziren. Egoera bera gertatzen da SOS Deiak-eko plantillan.

LABek salatu du, halaber, Lanalden enpresak ez duela zerbitzu horietarako behar adina langile plantillarentzat eta herritarrentzat segurtasun baldintza duinetan jarduteko, eta, gaur egun, ez dutela gaitasunik dimentsio handietako larrialdi-egoerei aurre egiteko.

LABek horren berri eman dio Eusko Jaurlaritzari, eta bilera bat eskatu dio Jon Aizpuruari, zerbitzu horretako arduradunari, enpresak zerbitzuan duen utzikeriaz hitz egiteko. Gaur egun, Eusko Jaurlaritza ez da oraindik sindikatu horrekin harremanetan jarri.

Gasteizko Txagorritxuko ospitaleko kolapsoa larrialdietan geratu da agerian, baina harago doa, ohe faltagatik ebakuntzak bertan behera uzten direlarik

Osakidetzan zerbitzuak bateratzea eta Santiago Ospitalea eraisteko estrategia dira Gasteizko Txagorritxuko larrialdiko kolapsoaren eta ebakuntzak etetearen arrazoi nagusiak. Zupiria gezurretan ari da Txagorritxuko kolapsoaren arrazoiei dagokienez, fokua kontrolatu ezin diren gaietan jartzeko asmoz.

Azken asteetan berriro ikusi dugu plantillarekin eta bertako ordezkariekin inolako elkarrizketarik gabe espezialitateak Txagorritxura lekualdatu direla, eta Santiago bigarren mailako ospitale gisa utzi dela, hustuta eta desegite prozesuak nabarmen kaltetuta.

Txagorritxuk espezialitate horiek guztiak bere gain hartzeak lan asistentzialaren bolumena handitzea dakar, eta hori ez da behar bezala neurtzen ari. Langile falta nabaria da eta jasotako arretaren kalitatea arriskuan jartzen du, baina azken egunotan bizi duguna erabateko kolapsoa da, ez baitago oherik zentro honetan hitzartutako jarduera guztiari erantzuteko.

Egoera hori ezin zaio “oporraldiari” egotzi; izan ere, larrialdiak kolapsatu egiten dira interbentzioak eteten ari diren arrazoi beragatik: langilerik eza eta oherik eza. Ohe falta hori ez da arnas-gaitzak areagotu direlako, egoera ez baita bereziki kritikoa une honetan, eta urte sasoi honetan halako gaitzek izan ohi duten goreneko mailara iristeko asko falta baita oraindik.

Arabako ESIko zuzendaritzak laguntza espezializatu ia osoa Txagorritxun kontzentratzeko egindako berrantolaketa behar bezala diseinatu ez dela garbi dago. Txagorritxun jada ez dago oherik, ezta langile nahikorik ere, programatutako ebakuntzak dituztenentzako ohea izatea bezain egoera arruntei aurre egiteko.

Esan bezala, arnas-gaitzek eragindako intzidentzien maila ez da handia oraindik, eta horrek pentsarazten digu egoera larriagotu egingo dela datozen asteetan.

Arabak eta Gasteizek urteak daramatzate murrizketen politika pairatzen. San Martingo Etengabeko Arretako Gunea eta Santiagoko larrialdietako zuzeneko arreta ixteaz gain, lehen mailako arretako ordutegia murriztuko da hilaren 16tik aurrera. Argazkirik ikusgarriena Txagorritxuko larrialdietako kolapsoak utzi digu, baina egoera are larriagoa da; izan ere, ohe faltagatik ebakuntzak bertan behera uztearen arazoa pandemiaz geroztik bizi izan ez dugun egoera da.

Araba ESIko zuzendaritzaren kudeaketa da bizitzen ari garenaren erantzule bakarra. Horrez gain, Arabako ESIko batzordeek eta enpresa-batzordeek salatu duten bezala, lan-baldintzei eragiten dieten abusuzko neurriak hartu dira kudeaketaren defizitak eta elkarrizketarik eza estaltzeko.

Araba eta Gasteiz oso egoera zailean daude bertan ematen diren osasun-zerbitzuei dagokienez. Hori dela eta, LABek dei egiten die Gasteizko herritarrei Osasun Publikoa Aurrera plataformak hilaren 20an, 17:00etan, San Martingo EAGn egingo duen kontzentrazioan parte har dezaten, berriro irekitzeko eskatzeko, eta langileei dei egiten die hilaren 19an grebara atera eta kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzeko.