2025-12-25
Blog Page 172

Lanuzteak Alconza-Irizarren borroka sindikalaren alde eta enpresa eta Jaurlaritzari eskatzeko irekitako prozesu judizialak bertan behera utz ditzan

Datorren abenduaren 18an Alconzako grebalari bat eta LABeko kide bat deklaratzera deitu dituzte Getxoko epaitegira, Irizar-Alconzak egindako kaleratzeen aurka eta lantegiaren etorkizuna defendatzeko egindako borrokagatik. Kalteak eta agintaritzaren aurkako atentatua egozten diete. Alconza-Irizarri eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen diegu irekitako prozesu judizialak bertan behera uzteko.

Salaketa horiek guztiak Ertzaintzak egindako muntaketetan oinarritzen direla salatu du LABek; izan ere, Alconzako gatazkan langileak eta ordezkari sindikalak mehatxatu eta erreprimitu zituen, eta hainbatek ospitaletik pasa behar izan zuten, poliziaren bortizkeriagatik.

Errepresio-dinamika horren helburua langile-klasearen edozein borroka kriminalizatzea da, lan-baldintza duinen eta enpleguaren defentsan eginiko beste gatazka batzuetan gertatu zen bezala.

Alconzan egindako borrokaren ondorioz, urtarrilean beste bi langile deklaratzera deituak izango dira. Grebak iraun zuen bitartean, errepresioak ez zuen etenik izan; isun ekonomikoak jaso zituzten Mozal legea aplikatuz, eta Ertzaintzak hainbat langile jipoitu eta zauritu zituen.

Langileek lanpostuak defendatzeko egindako mobilizazioetako partaideekiko jazarpena salatu du LABek, eta irekitako prozesu judizial guztiak bertan behera uzteko exijitu die Irizarri, Ertzaintzari nahiz Eusko Jaurlaritzari.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak lanuzteak deitu ditu enpresan (11:45-13:45), eta eguerdiko 12:00etan kontzentrazioa antolatu du Getxoko epaitegiaren atarian, deklaratzera deituak izan direnei babesa emateko, prozesu judizial guztiak bertan behera uzteko eskatzeko eta borroka sindikala delitua ez dela aldarrikatzeko.

Kaleratzeak salatu ditugu Serveon

Besteak beste Lasarteko Michelin enpresarentzat lanak egiten dituen azpikontrata honetan (lehenago Ferrovial izena zuenean) langile ugari dabiltza garbitasun, mantenimendu, logistika eta beste hainbat zerbitzu ematen. Elkarretaratzea egin dugu pneumatikoen lantegiaren aurrean.

Langile horien jarduna Michelineko produkzioa aurrera ateratzeko beharrezkoa izan dela aldarrikatu du sindikatuak, batez ere ekonomikoki egoera onean egon den garaietan.

Orain, aldiz, egoera bestelakoa da. Michelinek etekinetan milioika euro izanda ere zenbait zerbitzu bere gain hartu eta azpikontratekin inolako erantzukizunik ez balu bezala, bere eskuak garbitu eta gutxienez zazpi lankide kale gorrian utziko dituen politika aplikatuko du. Logika kapitalista krudel horren lehen biktimak izango dira Serveoko langileak.

Egoera guzti hau salatzeko gaur Lasarteko Michelinek duen enpresa parean elkarretaratzea egin dute, azpikontraten joko honek dakarren prekaritatea salatzeko.

Azkenik, LABek Serveon duen sail sindikaletik adierazi dute Michelinen zein Serveoren jarduteko modu krudel hori guztiz arbuiatzen dutela eta lanpostu guzti-guztiak defendatzen jarraituko dutela.

Bizkaiko grafikagintzako hitzarmenaren mahaia blokeatzen du CEBEKek

Gaur beste bilera bat egin da, zazpigarrena, Bizkaiko arte grafikoen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko.

Berriro ere, patronalak negoziazioari aurrera egiten utzi ez dion bilera batera joan gara, eta sindikatuoi nahitaezko malgutasuna duen proposamen bat eramateko eskatu digu. LABek argi utzi du gure malgutasun-proposamena enpresa-batzordeen eta langileen adostasunarekin izango dela.

Era berean, oso argi utzi nahi izan dugu gure negoziazioa sektore horretan lan egiten duten pertsonen lan- eta bizi-baldintzak hobetuko dituen akordio bat lortzera bideratuta dagoela.

CEBEKek, bestalde, behin eta berriz esan du ez dituela soldata-taulak KPIari lotuta eguneratuko, erosteko ahalmena % 20 baino gehiago galdu den sektore batean. Gai horretaz gain, oso elementu atzerakoiak planteatzen jarraitzen du, hala nola antzinatasuna mugatzea edo gaixotasun arruntagatiko bajak okertzea.

Blokeo horren aurrean, LABek sindikatuen arteko bilera bat egitea proposatu die sektorean ordezkaritza duten gainerako sindikatuei, egoera aztertzeko eta negoziazio mahaia desblokeatzen saiatzeko. Gure ustez, prozesu honek bigarren fase batean sartu behar du, non aliantzak, batasuna eta sektorearen aktibazioa ezinbestekoak diren

La Pauren gezurrei erantzun die Bizkaiko Larrialdietako Garraio Zerbitzuko enpresa batzordeak

Bizkaiko Garraio Sanitario Ez Presazkoaren Zerbitzuko Enpresa Batzordeak erantzun nahi abenduaren 7an argitaratutako artikuluan La Pau enpresak adierazitako gezurrei eta difamazioei, herritarrek sektorearen egoeraren irudi argiagoa izan dezaten.

Artikulu horretan, La Pau anbulantzia-kooperatibak salatu du zenbait hilabete daramatzala plantillaren aldetik “ezkutuko greba” jasaten, lan-absentismoa plantillaren %25etik gora igo delarik eta zereginak aurrera eramatean langileek arreta eta ardura “justifikaziorik gabe bereziki areagotu” duelarik, eta saiatzen dela zerbitzua “nahita” atzeratzen, Bizkaiko eta Arabako zerbitzuaren “kalitateari eta eraginkortasunari kalte larria” eraginez.

Jakina, laneko absentismoa (hau da, langileen baja medikoak) handia da. Urteak dira hala gertatzen dela, eta azken hilabeteetan zertxobait gora egin badu, La Pauk Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea ez betetzeagatik da, modu sistematikoan, gainera. Hori dela eta, Lan Ikuskaritzak behin eta berriz zigortu du enpresa, langileen osasun egoera larriagotzen ari delako eta hainbat lan-istripu eragiten dituelako: lesio muskulu-eskeletikoak prebenitzeko beharrezko bitartekoak ez jartzea; lan-ekipoen eta konponketa lardaskarien mantentze-lan baliogabeak; pneumatikoen adabaki irregularrak eta akastunak eta horien ondoriozko eztandak eta istripuak; langileei oso tratu txarra ematea, etengabeko kalte psikosozialak eragiten baititu; zerbitzuen kudeaketa ez-eraginkorra, langileei estres handia eragiten baitie; eta abar. Eta, zerbitzua kudeatzen daramatzan hiru urteetan, legeak langileei ezartzen dizkien osasun-azterketak ere ez ditu egiten.

“Justifikaziorik gabeko gehiegizko ardurari” dagokionez, segurtasun- eta osasun-batzordeak Lan Ikuskaritzarekin eta Osalanen (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) aholkularitzarekin ezarritako jarraibideen aplikazioa baino ez da, hain zuzen ere absentismoaren sortzaile nagusia (bajak) geldiarazten saiatzeko, eta ahal den neurrian langileen osasuna babesteko, enpresaren jarrera arduragabeak erabat babesik gabe uzten baitu, laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko printzipioak alde batera uzten baititu.

Gainera, enpresak ziurtatu duenez, absentismo horren eta “gehiegizko ardura” horren ondorioz, “etengabeko aldaketak” eragiten ari dira zerbitzuetan, eta, ondorioz, “ahalegin handiagoa” egin behar da pazienteei zuzenean eragiten dieten atzerapenak saihesteko.

Langileen eguneroko ahaleginari esker, zerbitzua ez da hondoratzen, nahiz eta langile gutxi, baliabide falta eta kudeaketa ezegokia izan. Izan ere, langile horiek pazienteez arduratzen dira, eta ez dituzte zifra bat bezala tratatzen. La Paueko zerbitzuaren kudeaketa negargarriaren ondorioz etengabeko atzerapenak, tratamendu-galerak eta ospitaleetan egin beharreko gaualdiak jasan dituzten ehunka pazienteei galdetzea gustatuko litzaiguke. Eta hori guztia ez da hasi duela hiru hilabete, baizik eta kudeaketa hasi zenetik, duela hiru urte.

Ondoren, inolako lotsarik gabe, La Pauk zioen “ezkutuko greba” hori egiten dela sindikatuok orain arte deitutako bi grebetan langileen partetik “jarraipen eskasa” (%30 baino gutxiago) egon delako.

Gertaerak gehiago desitxuratzea ezinezkoa da. Neurrigabeko gutxieneko zerbitzuak ezarri ondoren (greba-egunetan zerbitzu bat bera ere egin ez zuten anbulantziak eta, ondorioz, atera beharrik izan ez zuten gutxieneko zerbitzuetako langileak egon izanak argi uzten duenez), gutxieneko zerbitzuetan ez zegoen inor ez zen lanera joan, eta, beraz, grebaren jarraipena grebarekin bat egin zezaketen langileen % 100ekoa izan zen.

Eta langileak iraindu ondoren zein gertaeren inguruan inolako lotsarik gabe gezurretan aritu ondoren, herritar guztiak zuzenean gutxietsiz, La Pauk dio konpromiso irmoa duela elkarrizketarekin eta konponbideak bilatzearekin, eta sindikatuei elkarrizketa eskaintzen diela berriz ere akordio bat lortzen saiatzeko. Ausarta izan behar da gero!

Ez dakigu zer elkarrizketa eta akordio motari buruz ari den; izan ere, La Pau enpresak eskaintzen digun guztia honako hau da: lan-arriskuak murrizteko beharrezko neurriak ukatzea; lan-egutegia ezartzea, hitzarmena eta araudia bete gabe; sektoreko hitzarmenaren egungo negoziazioan baldintzak eta eskubideak murriztea; greba-egunetan gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezartzea, indarra erabilita, eta langileen zati handi bati grebarako eskubidea ukatzea… Hori da La Pauren elkarrizketarako borondatea.

Benetan gertatzen dena da La Pau EAEra iritsi zela, zerbitzua arduradun inkonpetente batzuen esku utz zezakeelakoan, eta ahalegin txikiarekin etekin on batzuk lor zitzakeelakoan. Baina ez zuten kontuan izan hemen sindikatuak ez direla saltzen, eta langileen eskubideak defendatzearen alde borrokatzen direla beste ezeren gainetik. Eta orain, tratu txarrak emateaz gain, iritzi publikoaren aurrean txarretan txarrenak bagina bezala agertu nahi gaituzte. Baina beren egintzekin beren burua agerian uzten ari direnak beraiek dira.

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako laugarren greba egunean ere milaka langile izan dira hiru hiriburuetan antolatutako mobilizazioetan

Bihar, aste honetarako deitutako azken greba egunean, Bilboko kaleetan bilduko dira hiru lurraldeetako langileak manifestazio zentralizatu batean.

Gaur Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako laugarren greba eguna izan da. Gaur ere milaka langilek hartu dute parte LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan antolatutako kalejira, ekintza eta mobilizazioetan. Grebaren jarraipena ere aurreko egunetakoen oso antzekoa izan da, nahiz eta zerbitzu minimoen irruzurrezko aplikazioa bitartez greba zapuzteko saikerak egon diren ikastetxe askoren aldetik.

Sindikatuek, arduraz jokatzeko eta Hitzarmena sinatzea ahalbideratuko duten edukiak mahai gainean jartzeko eskatzen diete Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei. Eta Hezkuntza Sailari gatazka bideratzeko esku har dezala, beste aldera begiratu ordez.

Bihar hiru lurraldeetako langileak Bilbon egingo den manifestazio zentralizatu batean batuko dira. Manifestazioa goizeko 11.30etan hasiko da Arriaga plazan. Eta sindikatuek adierazpenak manifestazio hasieran egingo dituzte 11.30etan.

SOS Deiak eta Trafikoko telefono zerbitzua ematen duten langileek muturreko egoeran dihardute beharrean

Langile faltak ezinezko egiten du zerbitzua behar bezala ematea, eta eragin nabarmena izaten ari da plantillaren lan-osasunean.

LAB sindikatuak salatu du Lanaldenek, SOS Deiaken (112) eta Trafikoren (011) zerbitzuaz arduratzen den enpresak, urtebete baino gehiago daramala Eusko Jaurlaritzak baldintza-agirietan ezartzen zuena baino plantilla txikiagoarekin.

Hilabete hauetan, hainbatetan eman dute zerbitzua muturreko egoeretan, eta bederatzi pertsonatik lau bakarrik egon dira EAEko lurralde guztietako larrialdiei erantzuteko. Egoera horren ondorioz, SOS Deiakeko (112) eta Trafikoko (011) langileak arrisku psikosozial handian daude etengabe, eta estresagatiko edo antsietateagatiko bajek gora egin dute.

Adibide gisa, azaroko azken astean, Trafikoan hiru pertsonak lan egin zuten goizeko txandan. Azaroaren 29an, egun arrunt batean, hainbat istripu izan ziren, N1, N-634 eta Txorierriko korridorea ordu luzez moztu zituztenak. Hiru orduko epean 135 gertakari jaso ziren, eta bi pertsonaren artean kudeatu behar izan ziren. Egoera bera gertatzen da SOS Deiak-eko plantillan.

LABek salatu du, halaber, Lanalden enpresak ez duela zerbitzu horietarako behar adina langile plantillarentzat eta herritarrentzat segurtasun baldintza duinetan jarduteko, eta, gaur egun, ez dutela gaitasunik dimentsio handietako larrialdi-egoerei aurre egiteko.

LABek horren berri eman dio Eusko Jaurlaritzari, eta bilera bat eskatu dio Jon Aizpuruari, zerbitzu horretako arduradunari, enpresak zerbitzuan duen utzikeriaz hitz egiteko. Gaur egun, Eusko Jaurlaritza ez da oraindik sindikatu horrekin harremanetan jarri.

Gasteizko Txagorritxuko ospitaleko kolapsoa larrialdietan geratu da agerian, baina harago doa, ohe faltagatik ebakuntzak bertan behera uzten direlarik

Osakidetzan zerbitzuak bateratzea eta Santiago Ospitalea eraisteko estrategia dira Gasteizko Txagorritxuko larrialdiko kolapsoaren eta ebakuntzak etetearen arrazoi nagusiak. Zupiria gezurretan ari da Txagorritxuko kolapsoaren arrazoiei dagokienez, fokua kontrolatu ezin diren gaietan jartzeko asmoz.

Azken asteetan berriro ikusi dugu plantillarekin eta bertako ordezkariekin inolako elkarrizketarik gabe espezialitateak Txagorritxura lekualdatu direla, eta Santiago bigarren mailako ospitale gisa utzi dela, hustuta eta desegite prozesuak nabarmen kaltetuta.

Txagorritxuk espezialitate horiek guztiak bere gain hartzeak lan asistentzialaren bolumena handitzea dakar, eta hori ez da behar bezala neurtzen ari. Langile falta nabaria da eta jasotako arretaren kalitatea arriskuan jartzen du, baina azken egunotan bizi duguna erabateko kolapsoa da, ez baitago oherik zentro honetan hitzartutako jarduera guztiari erantzuteko.

Egoera hori ezin zaio “oporraldiari” egotzi; izan ere, larrialdiak kolapsatu egiten dira interbentzioak eteten ari diren arrazoi beragatik: langilerik eza eta oherik eza. Ohe falta hori ez da arnas-gaitzak areagotu direlako, egoera ez baita bereziki kritikoa une honetan, eta urte sasoi honetan halako gaitzek izan ohi duten goreneko mailara iristeko asko falta baita oraindik.

Arabako ESIko zuzendaritzak laguntza espezializatu ia osoa Txagorritxun kontzentratzeko egindako berrantolaketa behar bezala diseinatu ez dela garbi dago. Txagorritxun jada ez dago oherik, ezta langile nahikorik ere, programatutako ebakuntzak dituztenentzako ohea izatea bezain egoera arruntei aurre egiteko.

Esan bezala, arnas-gaitzek eragindako intzidentzien maila ez da handia oraindik, eta horrek pentsarazten digu egoera larriagotu egingo dela datozen asteetan.

Arabak eta Gasteizek urteak daramatzate murrizketen politika pairatzen. San Martingo Etengabeko Arretako Gunea eta Santiagoko larrialdietako zuzeneko arreta ixteaz gain, lehen mailako arretako ordutegia murriztuko da hilaren 16tik aurrera. Argazkirik ikusgarriena Txagorritxuko larrialdietako kolapsoak utzi digu, baina egoera are larriagoa da; izan ere, ohe faltagatik ebakuntzak bertan behera uztearen arazoa pandemiaz geroztik bizi izan ez dugun egoera da.

Araba ESIko zuzendaritzaren kudeaketa da bizitzen ari garenaren erantzule bakarra. Horrez gain, Arabako ESIko batzordeek eta enpresa-batzordeek salatu duten bezala, lan-baldintzei eragiten dieten abusuzko neurriak hartu dira kudeaketaren defizitak eta elkarrizketarik eza estaltzeko.

Araba eta Gasteiz oso egoera zailean daude bertan ematen diren osasun-zerbitzuei dagokienez. Hori dela eta, LABek dei egiten die Gasteizko herritarrei Osasun Publikoa Aurrera plataformak hilaren 20an, 17:00etan, San Martingo EAGn egingo duen kontzentrazioan parte har dezaten, berriro irekitzeko eskatzeko, eta langileei dei egiten die hilaren 19an grebara atera eta kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzeko.

ANFASeko langileek greba egingo dute abenduaren 20an hitzarmen duin baten alde

Desgaitasun intelektuala edo garapen-nahasmenduak dituzten pertsonen eta haien familien aldeko Nafarroako elkartea da ANFAS. Bertako enpresa-batzordeak, LABeko lau ordezkarik eta ELAko bostek osatuak, agerraldia egin du Iruñean azaltzeko duela bi urtetik hona zer egoera bizi duten beren enpresa-hitzarmenaren negoziazioan. Anfasek 140 langile inguru ditu, desgaitasun intelektuala duten 1.500 erabiltzaile inguru artatzen dituztenak.

Bi urte daramatzate ANFASen hitzarmen kolektibo berria negoziatzen. Zoritxarrez, denbora horren guztiaren ondoren, ANFASeko zuzendaritzak hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatzen jarraitzen du. Batzordeak langileen eskaera askori uko egin die akordio bat ahalbidetzeko, baina ANFASek bandan itxita jarraitzen du orain arte.

Azken proposamenean, enpresak % 4,5eko soldata-igoera proposatzen die ia kategoria guztiei 2023rako, baina honek ez du bermatzen Nafarroako KPIa  2022 eta 2023 urteetan.

Zuzendaritzaren partetik borondate falta ikusten dute negoziazioan aurrera egiteko eta langileen lan-baldintzak hobetzeko orduan. Azaldu dute bidaltzen dizkieten proposamenak gero eta okerragoak direla, eta 2022. urtea hobekuntzarik  gabe sinatzera bultzatzen gaituzte behin eta berriz.

Nafarroako KPIa % 6,6an itxi zen 2021ean, eta % 6,4an 2022an. “Ez gaude prest langileek erosteko ahalmena gal dezaten. Lanera etortzeagatik pobretu beharrik ez izatea exijitzen dugu. ANFASen kontuak positiboan itxi ziren 2022an, horregatik uste dugu profesionaletan inbertitzeko unea dela, hori baita lan eta bizitza duina eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko modua”, adierazi dute.

Batzordeak, oro har, oso eskari argiak eta bidezkoak ditu, langileek hainbat batzarretan berretsiak: Nafarroako KPI langile guztientzat, kilometraia, lanbide-kategoriak parekatzea eta baimenak hobetzea. “Ez dugu amore emango, bidezko akordio bat behar dugu”, gaineratu dute.

Horregatik guztiagatik, abenduaren 20an greba eguna deitu dute ANFASen, egoera salatzeko eta hitzarmen duin bat eskatzeko. Deialdi zuzena egin diete lankideei: “Langile guztiok gara beharrezkoak borroka honetan; horregatik, datorren abenduaren 20an aktiboki parte hartzera animatzen zaituztegu”.

Hezkuntza Laguntzako Espezialisten Talde Eragilearen eta Nukleo Administrazioko Langileen Batzordearen lan saioa Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearekin

Nafarroako hezkuntza-laguntzako langile espezialisten kolektiboa (HLE) erakunde honekin bildu gara berriro, gure lan-egoera hobetu eta HPBak (Hezkuntza Premia Bereziak) dituzten ikasleekiko hezkuntza-arloko esku-hartzea hobetzeko esku-har dezaten eskatzeko.

Parlamentuko batzordeak langile horien aldarrikapenei harrera ona egin izan die aurreko agerraldietan, baina ez da aurrerapausorik eman. Izan ere, sindikatuekin negoziazio-mahaia ez da berriro ireki Hezkuntza departamentuak aldebakarrez hautsi zuenetik aurreko legegintzaldiaren hasieran.

Langileen kolektibo gisa, abandonatuta sentitzen gara. Hezkuntza departamentuak ez gaitu langile propio gisa hartzen, eta Funtzio Publikoak ez daki zein den gure egoera, Santo Domingo kaletik kudeatzen baita gure jarduna.

Ez dago araudi propiorik, eta kudeaketa inprobisatu egiten da. Kasu batzuetan (gure kalterako izaten da) irakasleei aplikatzen zaien araudi bera aplikatzen zaigu, nahiz eta zehaztuta egon ez zaiela beste beste kolektibo batzuei aplikatu behar. Beste batzuetan, aldiz, Funtzio Publikokoa. Esaten dugu inprobisatu egiten dela, telefonoa hartzen duen langilearen arabera, gauza bat edo kontrakoa aplika daitekeelako.

Langileak benetako tratu txar gisa bizitzen ari gara egoera hau. Adibide gisa, hona duela gutxiko bi egoera:

  • 2023an kontratu partzialak sinatu dituzten HLE langileei soldata ehuneko bat inguru jaitsi zaie, 2022ko lanordu kopuru bera egin arren. Horren zergatia da 233/2022 Foru Agindua aplikatu zaiela, nahiz eta 2. artikuluko 5. puntuan argi eta garbi adierazten den ez zaiela aplikatuko Hezkuntza departamentuari atxikitako langileei. Gainera, Foru Agindua 2023ko abenduaren 31ra arte indarrean egotea ez da oztopo izan Departamentuak 2024ko abuztuaren 31ra arteko kontratuei soldata-murrizketa hori ezartzeko. Hezkuntza departamentuari atxikitako HLE eta fisioterapeutak dira egoera hori jasaten ari diren langile publiko bakarrak.
  • Egonkortze-prozesuko lekualdatze-lehiaketarako, destino ezagunik gabeko plaza-zenbaki korrelatiboak dituzten plazak argitaratu dira. Beste diskriminazio bat, kolektibo bakarra baita destinoa ezagutu gabe lekualdatu behar duena.

HLE askok auzitara joan behar izan dute lege-iruzurreko kontratuak (epaileek hala baieztatu dute) izateagatik. 2109/2012 Ebazpena (Hezkuntza departamentuaren menpeko HLE, fisioterapeuta eta erizainen ordutegia arautzen duena) indarrean dago oraindik, baina HLE langileei soilik aplikatzen zaie. Une honetan, gure kolektiboko langile batzuek beste batzuek baino 5 edo 6 ordu gehiagoz egiten dute lan astero, eta berdin kobratzen dute. HLE langile batzuei garraioan laguntzeko agintzen zaie, eta horrek lanaldia egunean 9 ordura eta astean 43,5 ordura arte luza dezake.

Ezin dugu aipatu gabe utzi ebazpen hau 2012ko murrizketen ondorio dela. Gainerako langile publikoentzat orduko murrizketak ezabatu dituzten arren, guretzat oraindik ere indarrean jarraitzen dute.

Gainera, autobus zerbitzua eskaini beharrarena loteria hutsa da: hezkuntza bereziko Andrés Muñoz eta Torre Monreal ikastetxeetan, adibidez, HLE langileek ez dute funtzio hori betetzen; gainerako ikastetxeetan, aldiz, denetarik dago, batzuek garraio zerbitzua egiten dute eta beste askok ez.

Garraio arrunta egitea ez da EAEko langileen zeregina, eta hallaxe zehaten dute Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko Gaitasun Unitateek.

Horretaz gain, HLE langileek tentsio handiko uneak jasaten ditugu gure lanpostuan, etengabeko eraso fisiko eta ahozkoak (Nafarroako langile publikoen artean kolektibo profesional erasotuena gara), estres handia eragiten duten osasun–funtzioak ditugu esleituta (botoi gastrikoak, diabetesa…).

Horren guztiaren ondorioak nabarmenak dira kolektiboarengan:

  • Bajak depresioagatik, antsietateagatik…
  • Oso profesional kualifikatuek lanbidea uzten dute.
  • Esku-hartzearen kalitatea gutxitzen da profesionalen arteko behar bezalako
    koordinaziorik ez dagoelako.
  • Material prestaketa eta bestelako zeharkako funtzioak desagertzen dira.
  • Gure funtzioetako bat izan arren, ez dugu Hezkuntza Laguntzarako
    Unitateetan parte hartzen, eta talde-lana hutsaren hurrengoa da.
    Nafarroako hezkuntza alderraai dabil, eta gu horren lekuko pribilegiatuak gara.
    Etengabe eskola inklusiboaz hitz egiten da, baina kontrako norabidean goaz,
    hau da, asistentzialismorantz zuzenki.
    Kolektiboak pairatzen dituen egoerak zerrendatzen jarrai genezake:
  • Formakuntzarik ez izatea eta INAPek antolatutako prestakuntzetara joateko
    baimenak ukatzea.
  • Eskuhartze koherentea eta kalitatezkoa ahalbideratuko lukeen koordinazio
    egituraturik eza.
  • Talde-lan organoetan ez dugu parte hartzen.
  • Kolektiboa ikastetxeen jardueretatik kanpo uztea.