2025-12-18
Blog Page 17

LABek ez du bat egin Segregazio Mahaian aurkeztutako behin-betiko diagnostikoarekin eta hala adierazi du mahaian zein kanpoan mobilizatuz

Proposamen argia jarri du LABek mahai gainean: hezkuntzan dauden mahai negoziatzaileetan ere segregazioari loturiko diagnostiko eta neurriak lantzea, bertan langileon ordezkarion gehiengoz adostuak eta onartuak izan daitezen.

Segregazio Mahaiaren bigarren bilera burutu da gaur Gasteizeko Salburua BHI ikastetxean. Bertan eskola-segregazioaren inguruko diagnostikoaren behin-betiko dokumentua aurkeztu da eragileok egin genituen ekarpenak Hezkuntza Sailak aztertu, eta egoki iruditu zaizkionak aintzat hartzea erabaki ondoren. 

Diagnostikoak Hezkuntza Sailak orain arte hartu dituen neurri eskasak -Arartekoak Ordiziaren kasu konkretuan halaxe baieztatuak- balioan jartzen dituen arren, gaurko bileran Begoña Pedrosa Sailburuak berak onartu egin du ezarri diren neurriak ez direla nahikoak. LABetik adierazi dugu nahikoak ez izatearekin batera, kasu batzuetan eskola-segregazioa ahalbidetu eta sakondu egiten duten hezkuntza politikak bultzatu direla eta horren adibide dira orain bi aste ohiko matrikulaziotik kanpo Gasteizen Kristau Eskola jakin batzuetan zaurgarritasun egoeran dauden familiei eskaturiko kuotak.

Horregatik, LABek uste du eta ekarpenetan horrela adierazi du, diagnostikoan aintzat hartu ez diren elementu gehigarri batzuk jaso behar dituela: 

• Eskola segregazioaren arrazoien artean sistemaren antolaketa dualaz ari denean, legez debekaturik dauden kuoten kobrantzaren errealitatea jaso behar da. Kuota horien auditoretza egiteaz gainera, Hezkuntza Sailak dituen datuak eragileokin partekatu behar ditu eta kuotak debekatzeko planifikazioa egin. 

• Ikaspostuen gain-eskaintza egoeraren aurrean bestelako eskola planifikazio bat behar dela jaso behar da, era orokortuan D ereduko sare publikoa erdigunean jarriko duena eta modu deszentralizatuan tokian toki erabakiak hartzea ahalbidetuko duena. Diagnostikoak ez du esaten zenbat esku hartze egin diren tokiko administrazio eta Hezkuntza Sailaren artean. 

• Sare publikoa sistemaren ardatza izateko, bere aldeko desoreka positiboa egin beharra jaso behar du diagnostikoak eta hori planifikatu behar dela. Era berean, LABek arbuiatu du itunpeko ikastetxeen artean patronalek ezin dutela gaur gaurkoz haien birdimentsionamendua helburu gisa ezarri (Kristau Eskolak ikasturte hasierako ekitaldian esan zuen bezalaxe). 

• Hizkuntzagatik gertatzen den segregazioa jaso behar du diagnostikoak, izan ere, hezkuntza legeak jaso duen arren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean ikasleek euskaraz B2 maila eskuratu behar dutela, gaur gaurkoz eta hizkuntza ereduak mantentzen diren bitartean hori ez da horrela. Funts publikoak lortzeko betekizun izan behar badu ere, diagnostikoak ez du jaso zenbat ikasle ez diren iristen euskarazko B2 mailara. 

Hori horrela, LABek argi adierazi du lehenik bilera baino lehen burutu duen mobilizazioan, eta ondoren mahaian bertan, eskola-segregazioari aurre egiteko bestelako hezkuntza politika batzuk behar direla. Gainera, eskola-segregazioari aurre egiteko printzipio gisa gizarte kohesioa kokatu du, hezkuntza politiketan eta hezkuntza sistemaren planifikazioan erabakigarria izan behar da familien ikastetxea erabakitzeko eskubidearen gainetik.

Diagnostikoaren edukiez gain, LABek berriro ere salatu egiten du adostasunak irudikatu nahi dituen beste mahai baten aurrean gaudela, Osasun Mahaiarekin bezala itxurakeriaz josia dagoena. Metodologia zehatza zein den ez da argitu nahi izan eta bilera zehazki zertarako zen ez da argitu, eragileok tarte labur batez hitz egiteko bai, gehiengoak eta adostasunak eraikitzeko, berriz, ez. Bileran zehar jakin dugu gaurkoan ez zela diagnostikoa bozkatuko eta aldiberean ezagutu dugu dokumentua itxi nahi zela. Hezkuntza Sailak horren inguruan hitz egin nahi ez duen arren, mahaian eragile asko izan gara metodologiaren inguruko kritika plazaratu dugunak. 

Gauzak horrela, LABek diagnostikoarekin bat egiten ez duela argi utzi nahi du eta mahairen bere parte hartzearen inguruan hausnartuko duela adierazten du. Izan ere, mahaian proposamen zehatza egin du segregazioari loturiko diagnostiko zein neurriak hezkuntzako mahai negoziatzaileetan depositatu beharko liratekeela adieraziz, hezkuntza sistemako langileon ordezkaritzaren gehiengoekin adostu behar direla iritzita. Eta Hezkuntza Sailak ezezko borobila erantzun du, argi adieraziz segregazio mahaia dela horretarako foro bakarra. Araurik gabe, nahieran eta bere interesen arabera moldatzen duen foroa, alegia. 

Palestinaren aldeko mobilizaziorik handienaren ostean, Israelekin harreman oro eteteko ekimen berriak sustatuko ditu LABek

LABeko Koordinatzaile Orokor Igor Arroyok eta nazioarteko arduradun Koldo Saenzek prentsaurrekoa eskaini dute Bilbon, urriaren 15eko mobilizazioaren balorazioa egin eta aurrera begira ekimen berriak iragartzeko.

Balorazioari dagokionez honako hiru gako hauek nabarmendu dituzte: U15ekoa Palestinaren aldeko mobilizaziorik handiena izan da; LABek bere sorreratik defendatutako sindikalismo soziopolitikoa indartu da; eta Hego Euskal Herria borrokarako subjektu bezala indartu egin da.

U15aren ondotik, LABek instituzio eta Patronalari galdegin die lau hiriburuetako kaleak bete zituzten 110.000 langilek babestutako eskariari men egin diezaioten: Israelekiko harreman instituzional eta komertzial oro etetea.


1. Palestinaren alde orain arte egin den mobilizaziorik handiena izan da

U15ekoa Euskal Herrian Palestinaren alde inoiz egin den mobilizaziorik handiena izan da: 110.000 lagun baino gehiago sindikatuok eguerdian Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean deitutako manifestazioetan eta 50.000 inguru arratsaldean Gernika-Palestinak herriz herri egindako burrunbetan.

Lan munduan izandako eragina oso esanguratsua izan da: enpresa txiki askotan eta 50 bat enpresa handitan geldialdia erabatekoa izan zen. Beste ehunka enpresetan eragin aipagarria izan zuen. Irakaskuntzan deitutako egun osoko grebak jarraipen zabala izan zuen, %60 eskola publikoetan, %80 ikastoletan eta %85 Haurreskolak Partzuergoan; EHUn jarduera akademikoa bertan behera geratu zen eta lantokiz lantoki 200 mobilizazio baino gehiago egin ziren.

Kopuru hauek azken bi hamarkadetan egindako Greba Orokorretatik gertu daude, alegia, Lanuzte Orokor honek Greba Orokor baten pareko jarraipena izan du mobilizatutako langile kopuruari dagokionean. Europa mailan ez dago beste lurralderik tamaina honetako mobilizazio sindikala egin duenik; bakarrik Italia gerturatzen zaio Euskal Herriari.


2. Sindikalismo soziopolitikoa indartu da

Greba eta Lanuzte Orokor guztiek dimentsio politikoa badute ere, izan dira espresuki gai politiko baten harira antolatzen direnak. Ildo honetan, Hego Euskal Herrian ez zen lanuzte soziopolitikorik egiten 2008. urtetik.

Iraila erdialdean LABek argi ikusi zuen Palestinaren genozidioaren aurrean horrelako ekimen bat abian jartzeko aukera eta beharra zegoela. Eta burubelarri aritu da Greba edo lanuzte orokor baten eraikuntzarako beharrezkoak diren hamaika zereginetan: gainontzeko sindikatuek horrelako urrats bat eman dezaten bultzatzea, ekimena aurrera ateratzeko adostasunak eraikitzea, lanuztearen deia zehaztu eta erregistratzea, sindikatuaren oinarri soziala mobilizatzea, lantokietan informazioa zabaldu eta batzarrak antolatzea, merkatariekin harremanetan jartzea, ehunka kontzentrazio eta hiriburuetako lau manifestazio handiak antolatzea eta azkenik, eguna bera gauzatzea.

Ibilbide honetan izan da zailtasunik baina emaitzak merezi izan du zalantzarik gabe: ñabardurak ñabardura, Hego Euskal Herriko sindikatu guzti-guztiok egin dugu Palestinako genozidioa salatzeko lanuzte orokorrerako deialdia. Honela, LABek bere sorreratik aldarrikatu eta praktikatu duen sindikalismo soziopolitikoa indartu egin da. Praktikan erakutsi dugu sindikatuon ardura eta funtzioa ez dela mugatzen lan-baldintzen negoziaziora, badugula zer esanik afera politiko eta sozialetan.

Palestinaren kasuan, lanuzte politikoa deitzea beharrezkoa zen ez soilik elkartasun internazionalistaren ikuspegitik, baita Euskal Herriaren eraldaketaren aldeko borrokaren ikuspegitik ere. Mundu mailan olatu erreakzionario eta autoritarioa zabaltzen ari den garai honetan, urriaren 15ak mezu argia helarazten du: sionismoa ez da Palestinan gailenduko eta faxismoa ez da Euskal Herritik pasako.


3. Euskal esparrua indartu da

Estatu mailako egun berean eginagatik ere, urriaren 15ean Hego Euskal Herria subjektu bezala irudikatu da. 2018ko pentsiodunen olatuarekin gertatu bezala, Hego Euskal Herriko deialdiak estatu mailan egindakoa gainditu du.

Horrela izan da bai mobilizazio ereduari dagokionez, estatuan lanuzte isolatuen aukera zegoen bitartean Hego Euskal Herrian Lanuzte Orokorra egin zelako, bai mezuari dagokionez, estatuan mezu lausoagoa izan zen bitartean Hego Euskal Herrian Israelekin harreman komertzial eta instituzional oro eteteko eskaria egin zelako, baita mobilizazio mailari dagokionez ere, inon baino grebalari eta manifestari gehiago izan zirelako.

Gainera, U15eko ekimena euskal lurraldetasunaren irizpidean oinarritu da, lauak bat, eta irizpide horren arabera aritu gara lanean ez soilik sindikatu abertzaleak baita estatalak ere. Manifestazioen amaieran Palestinako komunitateak hitza hartu duenean ere, herritik herrira mintzatu zaio Euskal Herriari. Honela, U15arekin euskal esparrua indartu egin da zalantzarik gabe.


4. Aurrera begira: instituzioak eta Patronala interpelatzen jarraitzeko ekimena

Lanuzte orokorraren eskaria argia izan da: Israelekin harreman instituzional eta komertzial oro etetea. Instituzioek eta Patronalak ezin dute ezikusiarena egin azken urteotako mobilizazio sindikal handienaren aurrean.

Gazan su-eten hauskor bat egoteak ez du eskari honen beharra eta premia gutxitzen. Izan ere, Palestinako gatazkaren konponbidea sakonagoa da: Palestinako lurralde osoa deskolonizatu behar da, Jordan Ibaitik Mediterraneo Itsasoraino; Palestinako errefuxiatuek euren lurraldera bueltatzeko eskubidea gauzatu behar da; eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea gauzatu.

Horretarako, batetik, Palestinaren aldeko gehiengo sindikal, sozial eta politikoak artikulatu behar dira Euskal Herrian nahiz nazioartean. Eta bestetik, Boikot, Desinbertsio eta Zigorren nazioarteko kanpaina sustatu beharra dago, apartheida aplikatzen zuen Hego Afrikarekin egin bezala, apartheidean oinarritzen den Israelgo estatu koloniala eremu guztietan isolatuz.

Urriaren 15ean egindako eskarien alde presio egiten jarraitzeko, bi dira datozen hilabeteetan LABek jorratu nahi dituen ildoak. Lehenik eta behin, LABek euskal alderdi politikoei galdegiten die sionismoarekin harremanak eteteko proposamena instituzio guztietara eraman dezaten: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Aldundiak eta Udalak. Bigarrenik, Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresetara mozio bat eramango du LABek, Enpresa Batzordeak zuzendaritzari harreman horiek eten ditzan proposatu dakion. Horrelako mozioak onartu egin dira CAFeko Enpresa Batzorde desberdinetan nahiz beste zenbait enpresetakoetan. Gainontzeko sindikatuekin elkarlanean, ekimen hau zabaltzeko eta indartzeko lan egingo du LABek.

Azkenik, maila sindikalean ere badago zer eginik: sindikatu sionistak isolatzea. LAB kide den eta aurten 80 urte betetzen dituen FSM-Munduko Federazio Sindikalean ez dago halako sindikaturik, sionismoa eta kolonialismoa FSMren oinarri ideologikoen aurkakoa delako. Aldiz, Histradut sindikatu sionista mundu mailako CSIko, mundu mailako beste federazio sindikal nagusia, kide da eta normaltasun osoz parte hartzen du bere ekimenetan. Era berean, izaera tripartitoa duen OIT-Nazioarteko Lanaren Erakundean parte hartzen du Histradutek.

LABek eskatu du Parlamentuan jauzi kualitatiboa Foru Hobekuntzan, Nafarroan lan eta bizitza duinak bermatzeko

Imanol Karrerak, LAB Nafarroako bozeramaileak, Foru Hobekuntza eguneratzeko, errealitate sozialera eta XXI. Mendeko Nafarroako herritarren sentipenera egokitzeko azterketa ponentzian parte hartu du gaur goizean Nafarroako Parlamentuan. Bere hitzaldian, “eguneratze formal hutsetik harago jauzi kualitatibo bat ematea ahalbidetuko duen eztabaida baten beharra” azpimarratu du, “Nafarroako herritarrentzat lan eta bizitza duin bat bermatzeko helburuarekin”. Foruaren Hobekuntza berri hau, LABen arabera, Nafarroako herritarrek berretsi behar dute.

“LABek sustrai sakonak ditu Nafarroan, eta gertutik jarraitu du bere garapen politiko eta instituzionala azken hamarkadetan”, adierazi du Karrerak bere hitzaldian. Foruaren Hobekuntzaren 40. urteurrenean, LABek Altxa gaitezen! 40 urteren ondoren, egin dezagun posible! Adierazpena aurkeztu zuen. Sindikatuaren ustez, lau hamarkada horien osteko balantzea defizitarioa da, ez bakarrik demokratizazioari dagokionez, baita bizi eta lan baldintzei dagokienez ere.

LABen hitzetan, “ezin da autogobernuaz hitz egin autogobernuaren maila erabat mugatua bada eta Estatuaren kontrolpean jarraitzen duten lan- eta gizarte-gaietan eskumen osorik ez badago”. Enplegu-politikaren arloan Nafarroak ezin duela bere behar sozioekonomikoekin bat datorren gutxieneko soldata propiorik ezarri edo lanaldia arautu salatu dute. Era berean, ezin da gutxieneko pentsio bat definitu pentsiodunek eskatzen duten moduan. Erkidegoak zenbait eskumen fiskal baditu ere, sindikatuak kritikatu du ez direla baliatzen politika progresiboak eta birbanatzaileak ezartzeko, eta BEZa bezalako zeharkako zergetan erabateko subiranotasunik ez dagoela deitoratu du, zerga horiek Estatuaren eskumenekoak baitira oraindik.

Hobekuntzaren egiturazko defizit horri, gehitzen zaio LABen arabera transferentzia-prozesuaren agortzea, Estatuak ezarritako lan-erreformak, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa, Konstituzio Auzitegiak Nafarroako lege ugari aurkaratzea, oinarrizko legeak ezartzea eta Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua aldatzea.

“Etorkizunari anbizioz begiratzeko,” LABek dio, “autokonplazentziatik haratago joan behar da eta errealitate eskas hori gainditu behar da”. Zentzu horretan, sindikatuak Foruaren Hobekuntzaren eguneratzean aurrera egitea bilatzen duten proposamen batzuk aurkeztu ditu, “berrikuspen huts batera mugatu gabe”. Prozesu horrek, diotenez, “jauzi kualitatiboa izan behar du, eskualdeko bizi- eta lan-baldintzak hobetuko dituena”.

Sindikatuak Nafarroako lurralde osoan euskararen ofizialtasuna ezinbesteko aldarrikapentzat jo du. Azpimarratu duenez, “ezin da Nafarroa ulertu euskararik gabe”, eta salatu du ulertezina dela demokratikoki eta giza eskubideen ikuspegitik hizkuntza hori baztertzeko diskurtsoak eta dekretuak egitea, hura defendatu eta haren eskubideak zabaldu beharrean. LABen arabera, “Nafarroa eta bere gizartea kohesio eta berdintasun printzipioetan oinarrituta egon behar dira, eta printzipio horiek hizkuntza arloan ere aplikatu behar dira, lurraldea zonaldetan zatitzea saihesteko eta herritar guztientzako eskubide berdintasuna bermatzeko”. Ildo horretan, sindikatuak gogorarazi du euskara berezko hizkuntza gisa onartzen bada eta Europaren aurrean ofizialtasuna eskatu bada, Foru Hobekuntzak “berezko izaera hori jaso behar duela, hau da, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan”.

Auzi demokratikoari dagokionez, LABek eskatzen du nafarrek beraiek erabaki dezatela libreki haien etorkizuna, gogoraraziz duela 40 urte ez zela inolako eztabaidarik edo erreferendumik izan Hobekuntza onartzeko, eta proposamen baztertzaile baten ondorioz Espainiako Konstituzioaren menpe dagoen Estatutu Autonomikotzat jotzen dute. “Defizit demokratiko objektiboa eta egiaztatua da, eta Foruaren eguneraketzeak hori zuzendu behar du”, diote.

Halaber, sindikatuak azpimarratu du beharrezkoa dela Nafarroak eskumen osoak izatea bere politika soziolaboralak eta babes sozialeko sistema erabakitzeko, eta lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propio bat sortzea defendatu du, lan kode eta gizarte segurantza propioarekin. Adierazi dutenez, “40 urtek erakutsi dute lan-harremanen estatalizazioak eskubideak galtzea dakarrela; eta berezko hitzarmenak eta lege propioak, berriz, Nafarroako langileen alde egiten dute”.

LABek eremu instituzionaletan sindikatuen parte-hartze plurala eta eraginkorra bermatzea eskatzen du, Nafarroako ehun ekonomikoaren beharrei eta eskualdeko langileen interesei erantzungo diena. Sindikatuak salatu du patronalak (CENen ordezkatua) eta UGT eta CCOO sindikatuak (gaur egun ordezkaritza sindikalaren %50 baino gutxiago biltzen dute) “ordezkaritza sindikala eta Elkarrizketa Soziala usurpatu izana” eta arbuiatu ditu “monopolioa eta ordezkaritza alboratua, parte-hartzearen eredu baztertzailea iraunarazten dutelarik.” Ildo horretan, azaldu dute, “onartezinak dira iraganeko garaietara eramaten eta interes politiko eta korporatiboak lehenesten dituzten planteamenduak, Estatuaren eredua eta harreman sozio-laboralen esparrua eusten dituztenak”.

Amaitzeko, sindikatuak eztabaida prozesu “zabal eta mugagabea” abiatzeko deia egin du, Nafarroako eredu sozial, ekonomiko eta instituzionalari eta Erkidegoak Espainiako Estatuarekin eta gainerako euskal lurraldeekin izan nahi dituen harremanei buruz hitz egiteko.

56 hildako lan istriputan 2025ean, 15 garraiolariak izan direlarik

LAB Sindikatuak salatu du Transportes Barreira enpresak urte batean 600 ordu extra sartu arazi dizkiola langile bati, Sindikatuak hainbat prozesu juridiko irabazi dituelarik gai honetan. Nekea da, garraiolarien artean istripu hilgarrien arrisku faktore nagusietakoa.

Aste hontan bi langileren heriotza jakin dugu, bata Zuberoako hiriburuan Maulen, 20 urteko nekazaria traktore istripuz hila. Atzo berriz, Bizkaiako Muxikan kamioi istripuz garraiolari bat hil zen.

Lehenik eta behin, LAB Sindikatuak bere samina eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei.

2025a garraiolarien artean ematen ari den sarraskia nabarmena da, 15 hildako utziaz. Kausa ezberdinak daude hoien atzean eta atzokoa ez da trafiko istripu arrunta. Hildako langilea Transportes Barreira Arabako Langraitz herrian basea duen enpresako langilea zen, 63 urteko A.C.T hain zuzen.

Enpresa honetan bertan 2020an langile bat hil zen lan istripu batean eta 2023an beste batek lan istripu larria izan zuen, eta LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzan salatu zuen.

Horrekin batera, enpresan lan osasunean eragina duten erreklamazio desberdinak egon dira, bereziki gehiegizko lanaldiaren salaketak, kontu hau langileen artean oso zabalduta dagoelarik. Hain da horrela, langile batek urtebetean 600 ordu extratik gora egitearen erreklamazioa judizializatzera iritsi garela, artean hainbat prozesu irabaziaz. Hortaz, errepideko istripuen artean nekea izan ohi da arrisku faktore nagusietakoa, eragin hilgarria izan dezakeen arrisku faktorea. 

Oraingoan hori gertatu ahal izan da, faktore horrek heriotzaraino eraman izana hain zuzen ere. 

Gaurkoan istripu traumatiko bat izan da heriotzaren eragile baina beste askotan eta beste lanbide batzutan baina maila handiagoan, garraiolariek bihotzekoak pairatu ohi dituzte lanean, aipatutako arrisku faktoreak tarteko, zalantzarik gabe, lanak eragindakoak.

Honekin, LAB sindikatuak bai Osalani eta bai Lan ikuskaritzari eskatzen dio hartu ditzala beharrezko neurriak eta garraio patronalari prebentzio araudia zorrotz bete arazi diezaiola.

Datorren astelehenean mobilizazioak burutuko ditugu laneko osasunerako intersindikalak deituta. Langraitzeko industria gunean kontzentratuko gara, Transportes Barreira enpresaren aurrean, goizeko 12:30etan. 

Eskola segregazioari aurre egiteko neurrien dekalogoa aurkeztu du LABek

Gaurkoan, eskolan ematen den segregazioari aurre egiteko hainbat neurri aurkeztu nahi ditugu. Segregaziorako faktore bat baina gehiago daude, baina nagusiki arrazoi sozioekonomikoengatik ematen den segregazioaz ari gara; gainera, sarritan jatorriarekin gurutzatua egoten da inklusioa sustatu beharko luketen politika publikoen faltagatik. Gauza jakina baita, Atzerritar Legearen eraginez hainbat oztopori aurre egin behar diotela eta bizi baldintza duinak ziurtatuak izateko zailtasun handiagoak dituztela. 

Segregazioaren gaia, hezkuntza sistemaren arazo nagusienetakoa bilakatu da. Egungo sistemak, heteropatriarkala, koloniala eta ekozida denak, eragiten dituen gerra, gosete eta larrialdi klimatikoak, migrazioaren areagotzea dakar; ondorioz, gure herrian azken urteetan jatorri geografiko ezberdinetako herritarren kopuruaren gorakada nabarmena izan da.

Langile migratu horien zein bertan jaiotako langileen seme alabak eskolaratzeko orduan, ikastetxeen artean desoreka handiak daude. Egun indarrean dagoen hezkuntza sistemak eragin nabarmena izan du desoreka horretan. Haurren eskolaratze orekatua eta euskalduntzea bultzatuko duen hizkuntza politikarik ez dago. Gurera etortzen diren gurasoei ez zaie behar bezalako informaziorik ematen euskalduntzearen garrantziaz eta euskalduntzeko dituzten aukerez, haurrak D ereduan matrikulatzera ez dituzte animatzen. 

Kuoten kobrantzak ere eragina du. oako ikasketak eskaintzen ditu eskola publikoak – hezukuntza sistemaren % 50,8- eta oraindik kuotak kobratzen dituzte sare itunduan Gizarte Ekimeneko ikastetxeek – % 39,5- eta Ikastolek -% 9. Ikastoletako batzuk, ordea, utzi diote kuotak kobratzeari.

Honek hainbat ondorio ditu eta desberdintasun sozioekonomikoak iraunarazi ez ezik, areagotu ere egiten ditu; eskola publikoaren azpifinantzazioa bultzatu du eta haren kalitatean eragiten du. Horrez gain, euskararen ezagutza eta honen bermerako euskarazko murgiltze ereduaren hedapena zailtzen du.

Bestalde, klase ikuspegitik testuinguru orokorrari erreparatzen badiogu, langileon kontrako oldarraldi giroa bistakoa da. Langileen artean arrakalak sortzen ditu, klasismoa, matxismoa, arrazismoa sistemikoak dira. Olatu erreakzionarioa gero eta gehiago indartzen ari da, neomatxismoa, homofobia, xenofobia eta migratuen kontrako jazarpen giroa.

Testuinguru horretan ulertu behar ditugu ere eraso euskarafoboak. Euskara, oso momentu aurgarrian dago, larritasun egoeran dago. Eskola segregazioa gainditzeko borrokak euskarari arnas emateko borroka ere izan behar du. 

Hortaz, eskola mapan ematen diren desorekak gainditu egin behar dira, desoreka horiek, goian aipaturiko ondorioez gain, klasismorako eta arrazismorako joerak indartu baititzake. Horregatik, LABetik gizarte-kohesioaren alde egiten dugu eta hor, euskarak inklusio- sozialerako tresna garrantzitsua izan behar du. 

Honengatik guztiagatik, premiazkoa da eskola eremuan ematen den segregazioari aurre egitea. Eskola mapak planifikazio berri bat behar du, D ereduko sare publikoa ardatz hartuta. Hori ezinbestez, herriz herri, auzoz auzo, tokiko errealitatea aintzat hartuz egin behar da, egun dagoen ikaspostuen gain-eskaintzari heldu behar zaio, eta erantzun egokia eman, murriztekotan, D eredukoak ez diren eta laikoak ez diren plazak murriztetik abiatuz.

Erronkari aurre egiteko, segregazioaren kontrako Itun Sozial baten beharra aldarrikatu izan dugu behin baino gehiagotan. EAEko Hezkuntza Sailak mahaia sortu du eta Osasun Mahaian erabilitako metodologia bera erabili nahi dutela dirudi. Hau da, argitasun gutxi, adostasunak eraikitzeko borondate handirik ez eta itxurakeria asko.

LABen aburuz, langileen ordezkarien gehiengoarekin adostu behar da segregazioari loturiko edozein erabaki, eta abian jarri den mahaiak ez du hori ziurtatzen. Gure ustetan, irakaskuntzako mahai sektorialetan ere landu eta adostu behar dira segregazioaren kontrako neurriak. LABentzat ezinbestekoa da horretarako aukerarik izango den ala ez argitzea, mahaian gure parte-hartzearen nondik norakoak baloratzeko. Hau da, joko-arau argiak nahi ditugu. Ez dago segregazioaren kontrako itunik langileen gehiengorik gabe.

Jarraian aurkeztuko dugu LABen DEKALOGOA eskola segregazioari aurre egiteko neurriekin: 

  1. Gizarte-kohesioa oinarri: gizarte-kohesioa, eta, ondorioz, ikasleen aukera berdintasuna erabakigarria izan behar da hezkuntza sistemaren planifikaziorako.
  2. Ikasleen eskolaratzea eta ikaspostuen planifikazio deszentralizatua, udalerrietatik abiatuta. Matrikulazioa eta ikaspostuen planifikazioa herrika garatzea eskatzen dugu, kudeaketa bulego bakar eta loteslearen bitartez egin behar da.
  3. Bizitoki-segregazioaren aurrean auzo barrutia zabaldu: egoera sozio-ekonomiko ezberdinak dituzten auzoak barne hartzeko eta bizitoki-segregazioa eskolan ez erreproduzitzeko.
  4. Matrikulazio baremo bateratua hezkuntza-sistemako ikastetxe guztietarako: neurri gehigarriak ezarri behar dira eta baremazioa homolagatua izan behar da sare eta ikastetxe guztietarako. 
  5. Laikotasunaren bermea: Eragin eremu guztietan eskaintza laikoa bermatu behar da, izaera erlijiosoa segregaziorako iturri bihurtu ez dadin.
  6. Euskaraz ikasteko eskaintza bermatu: Euskara segregaziorako elementu bihur ez dezaten, eta inklusiorako elementu izateko, neurriak behar ditugu. Hizkuntza ereduen sistemarekin ikasle askori euskaraz ikasi eta bizitzeko eta euskal kultura ezagutzeko aukera ukatu egiten zaie, horregatik, eragin eremu bakoitzean D ereduan ikasteko eskaintza nahikoa egon behar da. 
  7. D ereduko ikaspostu publikoak hedatu: Eskola publikoen arteko fusioak gertatuz gero, D ereduko ikaspostuen galerarik ezin da egon. D ereduko ikaspostu publikoak hedatzeko planifikazioa behar da. 
  8. Konfluentziaren norabidean urratsak ematea: Euskal eskola publiko komunitario baten alde borrokan jarraitzea. Euskal Curriculumean, doakotasunean, laikotasunean, inklusioan, ekitatean, euskararen murgiltze ereduan eta pedagogia feministan oinarrituko den sare publiko bakar, berri, propio, burujabe, euskaldun eta deszentralizaturen alde.
  9. Auditoretza-unitatea, ikastetxe guztietako diru-kontuak gardentasunez publiko egitea eta hauen kontrol publikoa.
  10. Segregazioari aurre egiteko neurriak edota ikasleen eskolatze eta planifikazioari loturiko araubideak langileokin negoziatu eta adostu behar dira. 

WECeko langileek akordio handia lortu dute

Bi astetik gora luzatu den greba-prozesuaren ondoren, atzo, urriaren 16an, Haize Grupo WEC enpresako komiteak greba-deialdia bertan behera uzteko aurreakordioa sinatu zuen, eta honek 2025-2029 aldirako hitzarmen baten sinaduran amaituko du. Besteak beste, sinatutako aurreakordioaren laburpena honako hau da:

  • Soldata-igoerak: KPI bermatua 5 urteko indarraldian.
  • Lan-ordutegia: 1.727 ordutik 1.704 ordura jaitsiera + 2 lanaldi pertsonaleko egun.
  • Arriskugarritasuna: orain arte kobratzen ez zena 2029an 4,5 € izango da; igoera hau urtez urte progresiboa izango da.
  • Errelebo-kontratuak: enpresak konpromisoa hartu du 2029ko abenduaren 31ra arte kontratu guztiak egiteko.
  • 55 urtetik gorako langileak: borondatez, gaueko txandan ez aritzeko aukera izango dute.
  • Ordaindutako baimenak: laguntza-baimenetan hobekuntzak.

Hau guztia langileen borrokari esker izan da posible. LABetik ahal izan dugun guztia ekartzen saiatu gara, baina alde batera utzi gaituzte, komunikatuak komitearen izenean bidaltzera arte gurekin kontrastatu gabe. Grebara jotzea erabaki zenean, LABek bilera bat egiteko eskatu genion komiteari batzarra prestatzeko, edukiei buruz hitz egiteko eta greben diseinua egiteko ere. Izan ere, LABentzat, greba ez da soilik lanera ez joatea eta piketean egotea: grebak prestatu eta planifikatu behar dira. Presio handiena egin behar da, eta inprobisazioari ahalik eta leku gutxien utzi. ELAren erantzuna, hainbat egunez, “joango gara ikusten” izan zen. Urriaren 7an izan zen, jada 5 eguneko greba eginda geneukanean, komitea lehen aldiz elkartu zenean bi astetan negoziazioa lantzeko.

Halaber, enpresaren jarrera ere deitoratzen dugu, langileak gatazkara eraman baititu, aurreko bi hitzarmenetan erabili zuen negoziazio-eskema bera errepikatuz, azkenean proposatutakoari men eginez: Aguraingo WECeko langileak ez daitezela izan Haizea taldeko beste lantokietako langileen bigarren mailako plantilla bat. Enpresak langileak beldurtu nahi izan ditu, prentsa-ohar katastrofikoak bidaliz, eta bitartean, polizia-presentzia neurrigabe bat jarri da grebalarien aurrean. Garaia da enpresak gidoia aldatzeko eta muturreraino eraman gabe negoziatzeko.

Azkenik, LABetik zoriondu nahi ditugu langileak lortutakoaren eta enpresaren erronkari irmotasunez eutsi diotelako. Espero dugu behingoz negoziazio-dinamika berriak ezartzea lantoki honetan. 

LABek urriaren 31ra arte luzatuko du Kubarekiko elkartasun kanpaina

Kubarako taupada-markagailuak erosteko eta sendagaiak, osasun-materialak eta ekarpen ekonomikoak biltzeko abian jarritako Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi! kanpainak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. LABeko osasun ordezkarien elkartasunari eta afiliazio osoaren lan militanteari esker, emaitzak ikaragarriak izan dira.

Materialak biltzeko gaitutako LABen 22 egoitzek eta LABek ordezkaritza sindikala duen osasun-zentroek elkartasun-oldea bizi izan dute: lurretik sabaira zihoazen dohaintza kaxekin kolapsatutako korridoreak, ordezkarien eguneroko deiak beren ekarpenak bideratzeko, kamioi oso baten kargamentua Iruñeko egoitzan kanpaina itxi aurretik eta Bilboko Errondabiden Kubako diasporaren eta LABeko sindikalisten arteko solasaldia izan dira uholde internazionalista horren adibide, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, dohaintza handiak biltzen jarraitzen duten eskualdeetakok LABeko militantziaren eskariei erantzunez eta Euskadi-Cuba, Sierra Maestra eta Desembarco del Grama elkarteekin batera, LABek kanpainaren itxiera urriaren 31ra atzeratzea erabaki du. Beraz, oraindik ekarpenik egin ezin izan dutenek ordura arte izango dute aukera.

Kanpainaren hasieran salatu bezala, Donald Trumpen gobernuak Kubaren aurka onartu berri dituen neurri hertsatzaileek, azken 5 urteetan aplikatutako 243 neurriei gehituta, Kuba hornidurarik gabe uztera eramaten dituzte enpresa farmazeutikoak eta nazioarteko hornitzaileak, AEBen errepresalia ekonomikoen beldur. Gainera, AEBek uhartea “terrorismoaren babesle” diren herrialdeen zerrendan sartzeak finantza zehapenak dakartza, eta horiek eragotzi egiten diote Kubari nazioarteko kredituak eskuratzea osasun materiala erosteko. Gaur egun, Kubako ospitaleek eta farmaziek oinarrizko sendagaien % 30 baino ez dute.

Nola lagundu daiteke?

Gutxienez 2026ko iraungipena duten sendagai mota guztiak jasoko dira (likidoak izan ezik). Baita sargaiak, xiringak, eskularruak, esparadrapuak, bendak, zundak, josturak eta higiene-produktuak ere; hala nola, pixoihalak, konpresak eta preserbatiboak. Horretarako, LABen egoitzak prestatu dira Hego Euskal Herriko hainbat eskualdetan:

  • Araba: Gasteiz eta Laudio.
  • Bizkaia: Bilbo, Barakaldo, Durango, Gernika eta Ondarroa.
  • Gipuzkoa: Donostia (Gros), Irun, Orereta, Hernani, Tolosa, Beasain, Zumarraga, Zarautz, Eibar, Bergara eta Arrasate.
  • Nafarroa: Iruña, Lizarra, Tutera eta Altsasu.

Ospitaleetan eta osasun-zentroetan, LABek Osakidetzan eta Osasunbidean dituen ordezkariak arduratuko dira bilketaz. Bestalde, taupada-markagailuak erosteko ekarpena honako kontu korronte honetan egingo da: ES35 3035 0134 43 1340059271 (Laboral Kutxa – Euskadi-Cuba) edo Bizum (04713 kodea – Kontzeptua: “Taupada-markagailuak”).

Kubako osasun sistemak Kubako langile klaseari mesede egiteaz gain, munduko beste herrialde batzuetara zabaldu du bere elkartasuna. Orain, hura babesteko unea da. Euskal Herritik, LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi dio Kubari, eta elkartasun kanpaina honetan parte hartzeko deia egiten du.

Zaintza-sistema publiko komunitario baten bidean, patologia dualean espezializatutako arreta defendatzea

Duela urtebete baino gehiagotik, Abegia patologia dualean espezializatutako egoitza soziosanitario bakarreko langileok kezkaz jarraitu dugu Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatuak Euskal Autonomia Erkidegoko baliabide bakar hori desegiteko iragarritako erabakia. Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) Gizarte Politiketako Sailak erabaki du Abegiako espazioa gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonei arreta emateko erabiltzea, orain arte patologia duala duten pertsonei arreta emateko proiektu espezializatua izandakoa.

Zalantzarik gabe, lurralde honek gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonei arreta emateko sarea sendotu behar du argi eta garbi; izan ere, premia hori benetakoa eta premiazkoa da. Hala ere, Aldundiko gizarte-politiken arduradunak zerbitzu hori lurraldeko gizarte-zerbitzuak indartzeko iragarri zuen, eta zerbitzu hori beste kolektibo kaltebera eta ahaztu baten kontura ezarri da: patologia duala duten pertsonen kontura.

Abegiako zerbitzuak, orain arte, arreta integrala eta espezializatua eskaini izan du, etengabeko itxaron-zerrendarekin, aprobetxamendu handiarekin eta buruko nahasmenduak eta adikzioak dituztenen errealitate konplexuan prestatutako eta konprometitutako taldearekin. Baliabide honek, artatutako pertsonen bizitzan izan duen eragin positiboaren lekuko zuzenak izan gara.

Salatu nahi dugu instituzioen erabakia egungo testuinguru soziosanitarioa aztertu gabe hartu dela. Ez da datu argirik aurkeztu lurraldean kaleko egoeran dagoen biztanleriaren magnitudeari buruz. Esan al dezake Gizarte Politiketako Sailak zenbat pertsonak irauten duten kalean, lonjetan edo baldintza duinik gabeko beste leku batzuetan? Agenda politikoa lehenetsi da asistentzia-errealitatearen gainetik, osasun mentaleko sarearen funtsezko zutabe bat ahulduz.

Bazterkeria-egoeran dauden pertsonentzako baliabideak sortzeko premia aitortzen dugu, baina behar-beharrezkoak diren plaza horiek gurea bezalako arreta espezializatua eta ordezkaezina, sakrifikatzearen kontura izatearen aurka gaude erabat. Ez dugu onartzen bi kolektibo ahulen beharrei aurre egitea, bientzako baliabideak bermatu beharrean.

Abegiako profesionalok, urteetan zehar proiektu hau lagundu eta defendatu dugunok, langile propiotzat hartzen ez gaituen administrazio baten erabakiak gure gain hartzera behartuta gaude. GOFEk urteak daramatza lurraldeko gizarte-zerbitzuen kudeaketa azpikontratatzen. Argi eta garbi esaten dugu: Abegiako langileok langile publikoak gara, eta, beraz, GOFEri zerbitzua publifikatzeko exijitzen diogu.

Era berean, ohartarazten dugu iragarritako eraldaketak ez duela plantilaren benetako hazkundea aurreikusten, ezta egiturazko egokitzapena ere. Plaza gehiagok ez dakarte arreta hobeagoa, giza baliabideak eta baliabide materialak indartzen ez badira.

Horregatik, erabaki honek suposatzen duen galera azpimarratu nahi dugu. Kontua ez da proiektu bat defendatzea soilik, baizik eta arreta duina, espezializatua eta jarraitua izateko eskubidea aldarrikatzea. 

Zerbitzua ixteak, erabiltzaileei baliabide egokia kentzeaz gain, haien familietan ere eragiten du, askotan agortuta eta laguntza nahikorik gabe, eta lurraldeari prebentziorako, tratamendurako eta gizarteratzeko tresna eraginkor bat kentzen dio.

Hilabeteak daramatzagu kalitatezko zaintzarako sistema publiko komunitario bat aldarrikatzen. Erabaki honekin Arabako Foru Aldundiak, norabide horretan aurrera egin beharrean, atzera egin du.

Uko egiten diogu neurri hau oharkabean pasatzeari. Jokoan dagoena ez da baliabide bat bakarrik, gizarte gisa gehien behar dutenak zaintzea eta duintzea erabakitzen dugun modua baizik. 

Palestinaren aldeko lanuzte orokorra: jarraipen handia eta mobilizazio masiboak

Eguerdiko manifestazioetan 110.000 pertsona baino gehiago; ibilbidea lau hiriburuetan manifestariek bete dute.

Deitzaile sindikatuek bildutako datuen arabera (LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde, EHNE-Nafarroa, Solidari eta HIRU), gaur Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan deitutako lanuzte orokorrak jarraipen handia izan du. Izan ere, estatuaren eta Europako lurraldean (Italia ondoren) mobilizazio sindikalak Palestinako herriarekin elkartasuna adierazteko izan duen eragina handiena izan du. Era berean, Euskal Herrian egin den mobilizazio sozial handiena da, eguerdiko manifestazioetan 110.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute.

Gaurko eguna arrakastatsua izan ondoren, deitzaile sindikatuek instituzio publikoak (gobernu autonomikoak, udalak, unibertsitateak), enpresa-elkarteak (Confebask eta CEN) eta enpresa guztiak Israelekin dituzten harreman instituzional eta komertzialak bertan behera uztera dei egiten diete: ezinezkoa da genozidio baten kontura negozioak egitea.

Lanuztearen datuak

Beasaingo, Irungo eta Lebarioko CAF, Beasaingo Indar, Arcelor Olabarria, Itsasondoko Jaso, Indaux, Nemak, Oñatiko Hijos Juan de Garay eta Natra Zahor, Azpeitiko Biele, Leitzako Torraspapel, Aceros Moldeados, Guerra Hermanos, La Barranquesa, Acciona Irunberri, Kybse, Cementos Lemona, Gestamp Bizkaia, Cemosa, Forging, Consonni, Protec Arisawa, Tamoin, Delcoi, Purgasa, Fibertecnic, ABC, Artiach, Unilever, Auria Solutions, PEPSI Gasteiz, Astigarraga Kidline, ABB Niessen, Sapa, Mendiola, Sammic eta Elkar argitaletxeak, besteak beste, geldialdi osoa edo nagusia egin dute.

Kooperatibek ere geldialdia egin dute, hala nola Oñatiko Ulma, Fagor Automation eta Fagor Ederlan, Arrasateko Copreci, Eskoriatzako eta Aretxabaletako HUHEZI, eta Lakuntzako Sakana Kooperatiba. Gasolindegi gehienek gutxieneko zerbitzuetan baino ez dute lan egin.

Era berean, lanuzteak eragin nabarmena izan du enpresa handietan, hala nola Mercedes, Volkswagen Nafarroa, Cinfa, SNA Europe, KSB ITUR, Laminaciones Arregi, Sidenor Basauri, MESA Mungia, MASA, Radimer Forjas de Berriz, ECS Zaldibar, Mondy, Arteche, Aludium, ZIV, Arcelor Mittal Tubular Legutio. Batzuetan (VWn gau-aldian 150 auto gutxiago ekoitzi dira) eta beste batzuetan, hala nola Arcelor Sestaon, ekoizpena eten egin da.

Zerbitzu publikoetan, azpikontratek barne, lanuzte eta mobilizazio nabarmenak izan dira Eusko Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan, Osakidetzan, Osasunbidean, EiTBn, Guggenheim Museoan, Portu Agintaritzan, suhiltzaileen parkeetan, garraio publikoan (Donostian hamabi linea urbano eten dira eta Euskotren gutxieneko zerbitzuetan ari da), justizia administrazioan, hiru Foru Aldundietan eta unibertsitateetan. Hogueita bat bat udalek itxi dute, besteak beste Usurbil, Hernani, Astigarraga, Beasain, Zizurkil, Ordizia eta Bergara, baita udal kiroldegi askok ere. 

Hezkuntza publikoan eta ikastoletan jarraipena nagusia izan da, eta ia ikastetxe guztietako jangela ixteko iragarpena egin da. Lehenengo jarraipenaren arabera: hezkuntza publikoan Gipuzkoa eta Bizkaian %60 ingurukoa izan da, Araban portzentaje hori gainditu du, Nafarroan apalagoa izan da; Haurreskolak Partzuergoan %85, ikastoletan %80; EHUn jarraipena masiboa izan da eta jarduera akademikoa bertan behera utzi da.

Mobilizazioak

Oso mobilizazio ugari egin dira, lan-zentroen aurrean hainbat kontzentrazio eta piquete.

Eguerdian 110.000 pertsona baino gehiago parte hartu dute lau hiriburuetako manifestazioetan, ibilbidea bete dute: Bilbon 55.000 baino gehiago, Donostian 18.000, Gasteizen 22.000 baino gehiago eta Iruñean 15.000. Palestinaren alde egin den mobilizazio sozial handiena da Euskal Herrian eta handienetako bat.

Hiriburu bakoitzean kolonak antolatu dira, auzo eta poligono desberdinetatik abiatuta manifestazioaren hasierako puntuan elkartuko direnak. Manifestazio bakoitza amaitzean, sindikatu ordezkariek protesta eskakizunak adierazi dituzte, eta Palestinako komunitateko ordezkari bat ere izan da. Ekitaldia “La Internacional” abesten amaitu da, arabieraz.

Arratsaldean Gernika-Palestinak deitutako 120 mobilizazio baino gehiago egingo dira herri eta auzoetan. Iruñean, Tuteran eta Lizarran greba sindikaleko manifestazioak egingo dira.

Jardunaldiaren eskakizunak:

  • Langile-klase osoaren elkartasuna adierazi Palestinako herriarekin.
  • Israelek Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesean, egiten ari den genozidioa eta giza aurkako krimenak salatu.
  • Mendebaldeko Bankadako Palestinako lurraldearen kolonizazio etengabea eta horrek langile palestinarren lan eta bizitzeko baldintzetan dituen ondorio larriak salatu.
  • Gaza-ko genozidioaren amaiera berehalakoa exijitu eta Palestinako okupazioa eta kolonizazioa amaitzen duen eta herriari askatasunean bizitzeko eskubidea bermatzen duen ebazpen integrala eskatu.
  • Enpresari eta instituzioei, bertako nahiz nazioartekoei, Israelekin dituzten harreman komertzialak bertan behera uzteko eskatzea. Genozidio baten kontura negozioak egitea ez da onargarria.
  • EB-Israel Bazkidetza Hitzarmena osorik bertan behera uztea eskatu.