2026-07-03
Blog Page 169

Exijitu dugu Erorien Monumentu frankistan aldaketa erradikal bat egotea

Frankismoa eta faxismoa goraipatzen dituen Erorien Monumentuaren izaera eta esanahia errotik aldatzeko aukera demokratiko guztiak babestu ditugu beti LAB sindikatuan. Garaian, Mola eta Sanjurjoren gorpuzkiak ateratzea babestu genuen bezala. Legegintzaldi honetan Monumentu frankista horretan aldaketa erradikal bat gauzatzea (eraispenaren aukera barne) aldarrikatzen dugu, eta horretarako herritarren parte hartzea ahalbideratzea. Nafarroan frankismoak erabilitako lan esklaboaren inguruko dinamikarekin erakusten ari garen moduan, LAB sindikatuan, langileon ikuspegitik, klase kontzientziatik memoria historikoari, memoria demokratikoari ekarpena egiteko konpromisoa berresten dugu.

LAB sindikatuarentzat epe motzean, hau da, legegintzaldi honetan, Erorien Monumentu frankistan aldaketa erradikal bat egotea ezinbestekoa da. Horren alde denok bat egiteko unea da, memoria demokratikoa aldarrikatzen dugunon arteko batasuna eta bide orri komuna funtsezkoak baitira horren aldeko gehiengo sozial bat osatzeko. Lan filosofiak horri erantzun behar dio. Ikuspegi demokratizatzailetik proposatu diren alternatiba ezberdinen arteko talkarekin nekez lortuko da aipatutako helburua.

Halaber, ezer ez egitea ez dela aukera bat. Beste era batera esanda, eskuin frankistaren kontakizunaren aurrean garrantzitsuena da memoria integrala eta haustura ordezkatuko eta irudikatuko duen aldaketa erradikal bat ziurtatzea. Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua, eragile sozial eta sindikalak, nahiz oroimenaren inguruko eragileak, nor bere izaera eta ikuspegitik baina denok batera aritu behar dugu erronka hau bururaino eramateko. LABen ustez, interbentzio erradikal horrek eraispenaren aukera ere aintzat hartu behar du. Beste aukera batzuen gainetik, eraispenaren aukera lehenesten dugu.

Azkenik, aipatutako helburua lortzeko tresna eraginkorrak erabiltzea defendatzen dugu, eta horien artean herritarren aktibazioa eta parte hartzea kokatzen dira.

Patronala da absentismoaren eragile nagusia,lan osasuneko arau hauste etengabeko eta zigorgabeeen ondorioz

Azken hilabeteotan, Eusko Jaurlaritza, patronala eta eurekin lerrokatutako komunikabideak absentismoaren inguruko etengabeko erasoan ari dira, baina datu ofizialek erakusten digutenez, patronalak berak erantzukizun handia dauka gai honekiko. Izan ere, bajak daude honen atzean, eta horietako askok, gainera, laneko jardunarekin lotura zuzena daukate. Lan istripuek gora egiten eta laneko gaixotasunek aitortu gabe jarraitzen dute.

Arrisku psikosozialak dira azken urteotan lanak eragindako arrisku faktore nagusiak, aldi baterako ezintasunak eragitean duten garrantziagatik. Gogorarazi nahi dugu mutualitateek ez dituztela sekula laneko kontingentzia bezala aitortzen, nahiz eta ikerketa guztiek, baita gobernuenek ere, lanak eragindako faktore nagusien artean kokatu. Beraz, aldi baterako ezintasunen atzean dagoen baja andana lanak eragindakoak dira, nahiz eta ofizialki ez diren aitortzen. Adibide honek azaltzen du patronalak luzatzen duen mezuak ez duela oinarririk. Izan ere, patronala da absentismoaren eragile nagusia, lan osasuneko arau hauste etengabeko eta zigorgabearen ondorioz. Guzti hau ordea, langileok pairatzen dugu gure osasun fisiko eta mentalean.

Azken datu ofizialen irakurketa

Osalanek 2024ko urtarriletik apirilera artean EAEn izandako lan istripuen datuak argitaratu ditu, eta LABen iritziz esanguratsuak dira. Izan ere, patronalak lan osasuneko araudia urratzearen ondorioz sortutako lan istripuek %7,26 egin dute urtebetean. Honela, iazko lehen lau hilabeteetan 25.673 istripu izan ziren EAEn eta aurtengo denbora tarte berdinean 27.539 izan dira. Guztien artean, baja eragin duten istripuak, larrienak, izan dira gehien igo direnak, %12,1, 12.908tik 14.470era. Gogoratu dezagun hauek datu ofizialak direla, patronalak berak gizarte segurantzari komunikatutakoak, eta jakina da beste milaka istripu ez direla komunikatzen. Bestalde, in itinere istripuak, hau da, lanerako joan-etorrietan gertatutakoak, ez dira aintzat hartzen datu ofizialetan.

Osalanek argitaratutako datuok laneko gaixotasunen aipamen testimoniala egiten dute. Izan ere 1.248 gaixotasun aitortu dira 2024ko urtarriletik apirilera. Honek Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) zehaztuta duen istripu eta laneko gaixotasunen proportzioa iraultzen du, honen arabera laneko gaixotasunak istripuak baino gehiago baitira.

Beraz, istripuen gorakada berri batean gaude, azken urteetako joeraren erakusle. Honek oinarri nahikoa ematen digu Jaurlaritzaren eta Osalanen lan-osasunaren arloko politikek porrot egin dutela esateko, datu guztiek horixe berresten baitute hilabetez hilabete. Askotan salatu dugun moduan, patronalari enbarazurik ez egitea da Jaurlaritza eta Osalanen politiken helburua eta ondorioz, langileon osasuna bermatzea bigarren maila batean geratzen da.

Olaberriako Arcelor Mittalen enplegu arloko akordio baten alde agertu gara

Lantegiak baditu bere beharrizanak eta gabeziak enpleguari dagokionez, maiz azpimarratu izan dugun bezala, eta esparru-akordioak ez ditu horiek konpondu. Bi urte daramatzagu jakin gabe lankideak nola aterako diren, enpresak ez baitu errelebo kontratua aplikatzen, ezta langile berriak noiz hasiko diren ere.

Afiliatuekin bildu eta langileei entzun ondoren, aktibatzeko eta enpresako zuzendaritzaren gelditasuna hausteko urratsak emateko unea dela uste dugu, eta horregatik lanuztea egin dugu gaur.

Adierazi behar da, halaber, mobilizazioen proposamena batzordean aurkeztu genuela LABetik, ikusteko ea gainerako sindikatuek gure irakurketarekin bat egiten zuten Olaberrirako enplegu-plan bat lortzeko aktibatzeko premiari buruz. UGTk eta CCOOek ez zuten bat egin, eta ELA sindikatuak osoko bilkuratik alde egin zuen gainerakoei entzun ondoren, baloraziorik ere eman gabe.

Gure ustez, garrantzitsua izango litzateke gainerako sindikatuek ere bat egitea, egungo egoeraren aurrean eta Olaberriaren etorkizunerako enpleguari dagokionez gauzak ondo egiteak ezinbesteko garrantzia duen honetan.

Langile zahartuak daude oraindik Arcelor Mittalen, milaka aparteko ordu egiten… Zuzendaritzarekin batzartu gara behin baino gehiagotan eta Olaberriari irtenbideak emateko eskatu izan dugu. Erantzunak ez gaitu asebetetzen, enpresak ez baitu konpromiso zehatzik hartzen eta kontua luzatzen baino ez baita ahalegintzen. Gauzak horrela, mobilizazioa eta borroka funtsezkoak dira akordio batera iritsi ahal izateko. LABen ildo horretan lan egiten jarraituko dugu, Olaberriako lantegian enpleguaren arloan akordio duin bat izatea helburu.

Ilundain gizarteratze eta laneratze enpresarekin adostu dugu bigarren hitzarmenak erosteko ahalmena bermatzea eta atxikimendu sozioafektiboa barne hartzea

Hilabete batzuetako negoziazioen ondoren, LAB sindikatuan —ordezkaritza sindikal osoa baitugu— akordioa lortu dugu Nafarroako Ilundain gizarteratze eta laneratze enpresarekin, bere bigarren hitzarmena sinatzeko. Hitzarmen horrek nabarmen hobetzen du aurrekoa, soldata taula osoan KPIaren igoera ziurtatzen du, eta, lehenbiziko aldiz, aukera ematen du langile bakoitzak ordaindutako baimenak lor ditzan ahaidetasunik gabeko pertsonen zaintzarako.

Beraz, hitzarmen berriak soldata taula osoan bermatzen ditu KPIren igoeraren araberako igoerak, bai oinarrizko soldatetan, bai osagarrietan, eta bermatutako gutxieneko igoera % 1,35era igo da soldata taula osoan. Hori guztia ultraaktibitate mugagabearekin eginen da, eta soldata taula KPIaren arabera igotzen jarraituko da.

Bertze plus batzuei dagokienez, antzinatasunak aldatzea lortu da, eta 5 hirurteko eta 3 bortzurteko egon beharrean, lehen hitzarmenean prezio bera zutenak, 10 hirurteko egotera pasatu da. Horrek erran nahi du langileek maizago kobratuko dituztela antzinatasunak. Gainera, plus hori ere KPIaren hazkundeari lotuta egonen da, eta urteko gutxieneko igoera % 1,35ekoa izanen da.

Berrikuntza gisa, hitzarmenean atxikimendu sozioafektiboa gehitzea lortu da. Ilundain izanen da, lehenbizikoa ez bada, Euskal Herri osoko lehen enpresetako bat baimen hau sartzen bere hitzarmenean. Atxikimendu horri esker, langile bakoitzak odol-ahaidetasuneko graduetan aitortuta ez dagoen pertsona bat gehitu ahal izanen du pertsona hori zaintzeko konpromisoa hartuz, eta ordaindutako baimenak (ospitaleratzea, zaintzagatiko eszedentziak eta gainontzeko baimenak) baliatu ahal izanen ditu, lehen mailako ezkontza-ahaidetasuneko edo odol-ahaidetasuneko senide bat balitz bezala. Hori urrats txiki bat da zaintza sistema publiko komunitario bat eraikitzen joateko, egungo eredutik aldenduko dena.

Hiru puntu horiez gain, langileen lan osasuna kualitatiboki hobetzea lortu da, maila handiko beroaren aurkako protokoloa erantsiz eta norbera babesteko ekipamenduetan hobekuntzak eginez.

Hitzarmen honen bidez, argi uzten dugu gizarteratzeko eta laneratzeko enpresekin dugun konpromisoa, eta erakusten dugu sektore horretan ere aplika daitezkeela munta handiko lan hobekuntzak. Horrela, bai teknikariek, bai laneratze prozesuan dauden pertsonek, beren lana lan baldintza duinetan egiten ahal dute. Bigarrenen kasuan, baldintza duinak izateak –eta baldintza horien alde borrokatzen ikasi izanak– asko laguntzen du gizartean berriz sar daitezen, bai maila sozialean, bai maila laboralean.

Bigarren hitzarmen hau 2026ko bukaera arte egonen da indarrean, eta, beraz, hemendik gutxira bi aldeek berriz ere eseri beharko dute negoziatzeko laneratze enpresa honen hirugarren hitzarmena izanen dena.

Zerbitzu publikoak indartzeko hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diegu EAEko erakunde eta alderdiei

Sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkariordetzaren aurrean, enplegua eta langile publikoen soldatak hemen erabakitzea aldarrikatzeko.

LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek elkarretaratzea egin dugu gaur Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrean, zerbitzu publikoak indartzeko eta hauek hemen erabakitzeko egiten ari garen mobilizazioei eta grebei jarraipena emateko.

Estatuko Gobernuak hirugarren urtez jarraian langile publikoen erosteko ahalmenaren galera ezarri nahi duen egun berean, eta Eusko Jaurlaritza osatuta dagoela, sindikatuek erakunde eta alderdi politikoei eskatu diete hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko, EAEko langile publiko guztien lan baldintzak hemen erabakitzeko benetako urratsak emanez.

Salatu dugu gure erakundeek, azken urteotan, zerbitzu publikoak ahuldu eta pribatizatzea erabaki dutela, eta horrek ondorio larriak ekarri dituela langile publikoen lan eta baldintzetan zein zerbitzuen kalitatean.

Ildo horretan, argi dugu mobilizatzen jarraituko dugula zerbitzu publikoak indartzeko, pribatizazioarekin amaitzeko eta hemen langile
publikoen enplegua eta soldatak erabakitzeko. Hori guztia negoziazio mahaietan galdutako soldata berreskuratuta, enplegu publikoa sendotuta eta sortuta, eta gaztetzeko planak adostuz, plantillen osasuna bermatuz, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatuz eta lanaldia murriztuz.

Duela hamar urte eroritako Nafarroako Industria Grafikoaren hitzarmen kolektiboa berreskuratzearen alde gaude

Gaur goizean Iruñean eman dugun prentsaurrekoan azaldu dugu Nafarroako Industria Grafikoaren hitzarmena 2014an erori zela, eta ordutik sektoreko langileen lan baldintzek nabarmen egin dutela okerrera. LABen uste dugu badela garaia tresna hura berreskuratzeko eta langileen baldintzak duintzeko; horregatik, udaren bueltan sektoreko intersindikala deituko dugu.

2014an, Nafarroako Arte Grafikoen sektoreko patronalak PP-UPNk ezarritako lan erreforma baliatu zuen sektore horretako hitzarmen probintziala kentzeko. 1977az geroztik existitzen zen hitzarmena, sektorean gutxieneko baldintza duinak ezartzeko ezinbesteko tresna izan zena.

1990eko urteetan, patronalak hitzarmena desagerrarazteko ahalegina egin zuen, sektoreko langileek 46 egunez greba historiko bat eginez gelditu zutena. Patronala berriz saiatu zen 2009ko negoziazioan, baina berriz ere greban eta bukaera arte borrokatzeko prest zeuden langile batzuekin topo egin zuen. Zoritxarrez, hirugarrenean bai, eta 2014an patronalak hitzarmena ezabatzeko helburua lortu zuen, horretarako PPren eta UPNren lan-erreforma baliatuz.

Hitzarmena erori zenean, negoziazio eremuak aldatu egin ziren: kolektiboak izatetik banakakoak izatera pasatu ziren, eta enpresa bakoitza bere lan baldintzak negoziatzen hasi zen. Hala, enpresa gehienek negoziazio esparru berri hori erabili zuten langileek Nafarroako hitzarmenean aitortuta zituzten eskubideak kentzeko eta Espainiako baldintzak ezartzeko.

Hamar urte igaro dira ordutik, eta denborak erakutsi du Nafarroako Industria Grafikoaren hitzarmena nahitaezko tresna dela sektore osoak gutxieneko lan baldintza duinak izan ditzan. Orain, 1994ko eta 2009ko grebak egin zituzten beteranoei belaunaldi berriak gehitu zaizkie, eta, hala, historikoki borrokalaria izan den sektore bateko erreleboa hartu dute.

Hartara, hitzarmen hura erori zenetik hamar urte joan diren honetan, LAB sindikatuan iragarri nahi dugu bertze borroka aldi bat zabalduko dugula lapurtu zuten hura berreskuratzeko. Sektorean ordezkaritza handiena izanik (ia %40koa), Hitzarmen honekiko konpromiso irmoa adierazi dugu eta datorren ikasturtean beharrezko mobilizazio eta interpelazioak eginen ditugu tresna hau berreskuratzeko. Hasteko, sektoreko intersindikala deituko dugu, sindikatu guztien artean dinamika bateratua egiten saiatzeko. Patronalak argi izan dezala LAB aurrean izanen duela, lantokietan eta kalean, askotan erakutsi izan duen bezala.

Bero boladen aurrean garatu beharreko ekintza sindikalaren inguruko prestakuntza eman diogu 350 delegaturi

Iaz, lantokietan beroaren arazoari aurre egiteko gida argitaratu genuen Lan Osasuneko idazkaritzaren eskutik. Gure egoitzetan zein sarean eskuragai dagoen argitalpen honek gero eta ohikoagoak diren diren bero egunen aurrean garatu beharreko ekintza sindikalerako proposamenak jasotzen ditu, lan osasunaren arloan prebentzioak duen garrantzia azpimarratuz. Aurten, gaiaren inguruko prestakuntza saioak antolatu ditugu Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Industria, Zerbitzu Pribatuak eta Zerbitzu Publikoetako Federazioetako 350 delegatuk hartu dute parte egin diren 16 saioetan.

Uda ate joka dugun honetan, beroari aurre egiteko garaia da. Klima-aldaketaren eraginez, gero eta bero handiagoa egiten du, eta hau arazo bihurtu da lantoki askotan. Araban esaterako, 2022 eta 2023 izan dira urterik beroenak 1976tik. 2023ko abuztuaren 23an, 44,6 gradu izan ziren Laudion eta 42,2 Amurrion. Bizkaiari dagokionez, 45,3 izan ziren Gueñesen eta 43,1 Loiun egun horretan. Gipuzkoan ere izan ditugu 40 gradutik gorako tenperaturak: 43,5 Hondarribin eta 42,9 Arrasaten, 2022ko uztailean. Nafarroari dagokionez, iaz 42 graduetaraino iritsi ziren termometroak Noainen eta 40,6etaraino Iruñean.

Bero boladek eragin zuzena du lanari dagokionez, eta beharrezkoa da babes neurriak hartzea, tenperatura altuek dakarten arrisku faktorea ere handitu egiten delako. Hori dela eta, arrisku hori identifikatu eta mugatzea ezinbestekoa da eta muturreko kasuetan, laneko jarduera etetea proposatzen dugu.
Lan osasunaren arloan prebentzioak duen berebiziko garrantzia azpimarratu izan dugu behin eta berriro. Horrela, gero eta ohikoagoak zaizkigun bero boladen aurrean garatu beharreko ekintza sindikalerako proposamenen berri eman diegu delegatuei egindako ikastaroetan.
Prestakuntza saioetan, lantokietan beroari aurre egin ahal izateko protokoloaren berri jaso dute delegatuek. Lehenik eta behin, legediak gaiari buruz dioena azaldu diegu, hau da, lantokietan legez eskatu eta kontrolatu dezakeguna. Honekin lotuta, genero desberdintasunak eta bereziki kalteberak diren langileak ere kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu dugu. Gainera, enpresetan landu beharreko ekintza sindikalaren berri eman dugu, salaketak egiteko argibide argiak emanez, beti ere babes juridikoarekin jokatzearen garrantzia nabarmenduz.
LABek beroaren aurrean jarduteko osatu duen protokoloak ibilbide juridiko bat jorratzen du, ekintza sindikalaren bidez, patronalari behingoz lan osasuneko araudia betearazteko. Izan ere, nabarmena da patronalak ez duela lan osasuneko araudia betetzen, eta hau sistematikoa dela. Egoera hau aldatzeko bokazioa dute sindikatuak osatutako protokoloak eta bertan jasotako proposamenek, lan osasuna lehenetsiz. Honela, sindikatuak ibilbide bat garatu behar izan du, langileek, ekintza sindikalaren bidez eta segurtasun juridiko nabarmen batekin, enpresarioek lan osasuneko araudia betetzea lortzeko.

Espainiar Estatuko langile publikoentzako soldata igoera inposatua da eta erosahalmenaren galeran sakontzen du Hego Euskal Herriko langileentzat

LABen ez dugu ontzat ematen bihar Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak Estatu osoko langile publikoentzako (*) onartuko duen %2ko igoera gehi %0.5eko baldintzatutako gehigarria.

  • Madrilgo Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin 2022an onartu zuen hiru urterako soldata igoera ez da nahikoa inondik inora ere, eta baldintzatuta dago. KPIren azpiko igoerak adostu dira, eta oraingo igoerarekin ere erosahalmena galtzen jarraitzen dute langileek. Aurtengo gehienezko igoera %2,5era mugatuko da, eta EAEko eta Nafarroa Garaiko KPIak %3,1 eta 2,9koak izan dira hurrenez hurren.
  • Igoera inposizio bat da, akordioa Madrilen erdietsi delako, Hego Euskal Herriko administrazioetako langileei negoziazio kolektiborako eskubidea ukatuz.

(*) Gogoratu beharra dago langile publiko izanik ere akordio hauetatik kanpo gelditzen direla milaka langile. Izan ere pribatizatutako zerbitzuetako langileek, zaintzetakoek kasu, ez dute igoerarik bermatuta, eta euren eskubideak egunero borrokatu behar izaten dituzte, euren patronalen eta hauek elikatzen dituzten administrazioen aurka.

LABetik euskal alderdiak interpelatzen ditugu zerbitzu publikoak babesteko eta indartzeko. Bestalde, erantzukizuna duten alderdi, gobernu eta administrazioei, batez ere EAJ, PSE eta PSNri, euren eremuetan benetako negoziazio mahaiak dei ditzaten exijitzen diegu, inolako inposiziorik gabe eta gehiengoak errespetatuz.

Zumarragako posta zerbitzuaren egoera onartezina da

Correosen ordezkaritza dugun sindikatuok (CCOO, LAB, ESK, UGT eta ELA) Zumarragako zentroaren egungo egoera jasanezina salatu nahi dugu. Plantillari dagokionez, lanpostu huts ugari daude; adibide gisa, goizeko txandako langileen egoera; izan ere, egun batzuetan 5 pertsona baino ez daude bete beharreko 13 lanpostutarako, hau da, % 62 ez da betetzen. Zoritxarrez, egoera hori oso ohikoa da lantoki honetan. Plantillak hainbat elkarretaratze egin ditu langile-falta salatzeko, baina arazoa ez da hobetzen hauteskunde-aldiaren ondoren, eta enpresak ez du inolako asmorik kontrataziorik egiteko. Uztailaren 7an oporraldian sartuko gara eta oporretara joango diren langileak inork ez dituela ordezkatuko aurreikusten da.

Jakinarazpenak pilatzen hasi dira eta ez da Posta Zerbitzu Unibertsala betetzen Zumarragan, Legazpin, Urretxun, Ezkio-Itxason eta Brinkolan. Arratsaldeko txanda lanaldi osoko lankide batek eta lanaldi partzialeko beste batek osatzen dute aipatutako biztanleentzat, eta horrek ezinezko egiten du esleitutako jakinarazpen guztiak eta 24 orduko paketeriaren entregekin betetzea. Kontrataziorik ez egiteak Correoseko langileen lan-baldintzak okertzea dakar, bai eta herri horietako bizilagunei zerbitzu okerragoa ematea ere. Horrek, aldi berean, lantoki gehienetako plantillan ezinegona areagotzea dakar, hutsik dauden lanpostuen lanaldia beren gain hartu behar dituztelako. Prekarietate-egoera hori larriagotu egiten da laneko estresaren gorakadaren ondorioz, eta horrek eragina du Correoseko langileen osasunean.

Era berean, karteria abandonatuta dagoela salatu nahi dugu. Izan ere, duela urtebete baino gehiagotik apurtuta daude zoruko azulejuak, estropezu eta erorketa ugari eragin dituztenak, eta komunak duela hilabete batzuetatik matxuratuta daude.