2026-08-03
HomeEkintza SindikalaBero boladen aurrean garatu beharreko ekintza sindikalaren inguruko prestakuntza eman diogu 350...

Bero boladen aurrean garatu beharreko ekintza sindikalaren inguruko prestakuntza eman diogu 350 delegaturi

Iaz, lantokietan beroaren arazoari aurre egiteko gida argitaratu genuen Lan Osasuneko idazkaritzaren eskutik. Gure egoitzetan zein sarean eskuragai dagoen argitalpen honek gero eta ohikoagoak diren diren bero egunen aurrean garatu beharreko ekintza sindikalerako proposamenak jasotzen ditu, lan osasunaren arloan prebentzioak duen garrantzia azpimarratuz. Aurten, gaiaren inguruko prestakuntza saioak antolatu ditugu Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Industria, Zerbitzu Pribatuak eta Zerbitzu Publikoetako Federazioetako 350 delegatuk hartu dute parte egin diren 16 saioetan.

Uda ate joka dugun honetan, beroari aurre egiteko garaia da. Klima-aldaketaren eraginez, gero eta bero handiagoa egiten du, eta hau arazo bihurtu da lantoki askotan. Araban esaterako, 2022 eta 2023 izan dira urterik beroenak 1976tik. 2023ko abuztuaren 23an, 44,6 gradu izan ziren Laudion eta 42,2 Amurrion. Bizkaiari dagokionez, 45,3 izan ziren Gueñesen eta 43,1 Loiun egun horretan. Gipuzkoan ere izan ditugu 40 gradutik gorako tenperaturak: 43,5 Hondarribin eta 42,9 Arrasaten, 2022ko uztailean. Nafarroari dagokionez, iaz 42 graduetaraino iritsi ziren termometroak Noainen eta 40,6etaraino Iruñean.

Bero boladek eragin zuzena du lanari dagokionez, eta beharrezkoa da babes neurriak hartzea, tenperatura altuek dakarten arrisku faktorea ere handitu egiten delako. Hori dela eta, arrisku hori identifikatu eta mugatzea ezinbestekoa da eta muturreko kasuetan, laneko jarduera etetea proposatzen dugu.
Lan osasunaren arloan prebentzioak duen berebiziko garrantzia azpimarratu izan dugu behin eta berriro. Horrela, gero eta ohikoagoak zaizkigun bero boladen aurrean garatu beharreko ekintza sindikalerako proposamenen berri eman diegu delegatuei egindako ikastaroetan.
Prestakuntza saioetan, lantokietan beroari aurre egin ahal izateko protokoloaren berri jaso dute delegatuek. Lehenik eta behin, legediak gaiari buruz dioena azaldu diegu, hau da, lantokietan legez eskatu eta kontrolatu dezakeguna. Honekin lotuta, genero desberdintasunak eta bereziki kalteberak diren langileak ere kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu dugu. Gainera, enpresetan landu beharreko ekintza sindikalaren berri eman dugu, salaketak egiteko argibide argiak emanez, beti ere babes juridikoarekin jokatzearen garrantzia nabarmenduz.
LABek beroaren aurrean jarduteko osatu duen protokoloak ibilbide juridiko bat jorratzen du, ekintza sindikalaren bidez, patronalari behingoz lan osasuneko araudia betearazteko. Izan ere, nabarmena da patronalak ez duela lan osasuneko araudia betetzen, eta hau sistematikoa dela. Egoera hau aldatzeko bokazioa dute sindikatuak osatutako protokoloak eta bertan jasotako proposamenek, lan osasuna lehenetsiz. Honela, sindikatuak ibilbide bat garatu behar izan du, langileek, ekintza sindikalaren bidez eta segurtasun juridiko nabarmen batekin, enpresarioek lan osasuneko araudia betetzea lortzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba egingo dute Araban abuztuaren 5ean

Joan den ekainaren 21ean iragarri bezala, Ikuskizun eta Ekitaldien lehen Hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok 3 greba-egun deitu ditugu EAEko hiru lurraldeetan, hiru hiriburuetako...

Gasteizko lan-arloko epaitegiak baliogabe jo du Casa Primicia upategian aurkeztutako Aldi Baterako Lan-Erregulazio Espedientea

Hala, arrazoi eman dio auzia epaitegietara eraman zuen LAB sindikatuari. Gasteizko epaitegiak argitaratutako epaia irmoa bihurtu da. Epai horren bidez, Casa Primician aurkeztutako Aldi Baterako...

Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen Hitzarmenaren aurreakordioa sinatuko dugu, langileen gehiengo zabalaren babesa jaso ondoren

Sektoreko enpresetan egindako langileen batzarren ondoren, langileen gehiengo zabal batek patronalak aurkeztutako Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen Hitzarmenerako proposamena babestea erabaki du. Horrenbestez, LABek...