2026-09-18
HomeIndustriaArte GrafikoakDuela hamar urte eroritako Nafarroako Industria Grafikoaren hitzarmen kolektiboa berreskuratzearen alde gaude

Duela hamar urte eroritako Nafarroako Industria Grafikoaren hitzarmen kolektiboa berreskuratzearen alde gaude

Gaur goizean Iruñean eman dugun prentsaurrekoan azaldu dugu Nafarroako Industria Grafikoaren hitzarmena 2014an erori zela, eta ordutik sektoreko langileen lan baldintzek nabarmen egin dutela okerrera. LABen uste dugu badela garaia tresna hura berreskuratzeko eta langileen baldintzak duintzeko; horregatik, udaren bueltan sektoreko intersindikala deituko dugu.

2014an, Nafarroako Arte Grafikoen sektoreko patronalak PP-UPNk ezarritako lan erreforma baliatu zuen sektore horretako hitzarmen probintziala kentzeko. 1977az geroztik existitzen zen hitzarmena, sektorean gutxieneko baldintza duinak ezartzeko ezinbesteko tresna izan zena.

1990eko urteetan, patronalak hitzarmena desagerrarazteko ahalegina egin zuen, sektoreko langileek 46 egunez greba historiko bat eginez gelditu zutena. Patronala berriz saiatu zen 2009ko negoziazioan, baina berriz ere greban eta bukaera arte borrokatzeko prest zeuden langile batzuekin topo egin zuen. Zoritxarrez, hirugarrenean bai, eta 2014an patronalak hitzarmena ezabatzeko helburua lortu zuen, horretarako PPren eta UPNren lan-erreforma baliatuz.

Hitzarmena erori zenean, negoziazio eremuak aldatu egin ziren: kolektiboak izatetik banakakoak izatera pasatu ziren, eta enpresa bakoitza bere lan baldintzak negoziatzen hasi zen. Hala, enpresa gehienek negoziazio esparru berri hori erabili zuten langileek Nafarroako hitzarmenean aitortuta zituzten eskubideak kentzeko eta Espainiako baldintzak ezartzeko.

Hamar urte igaro dira ordutik, eta denborak erakutsi du Nafarroako Industria Grafikoaren hitzarmena nahitaezko tresna dela sektore osoak gutxieneko lan baldintza duinak izan ditzan. Orain, 1994ko eta 2009ko grebak egin zituzten beteranoei belaunaldi berriak gehitu zaizkie, eta, hala, historikoki borrokalaria izan den sektore bateko erreleboa hartu dute.

Hartara, hitzarmen hura erori zenetik hamar urte joan diren honetan, LAB sindikatuan iragarri nahi dugu bertze borroka aldi bat zabalduko dugula lapurtu zuten hura berreskuratzeko. Sektorean ordezkaritza handiena izanik (ia %40koa), Hitzarmen honekiko konpromiso irmoa adierazi dugu eta datorren ikasturtean beharrezko mobilizazio eta interpelazioak eginen ditugu tresna hau berreskuratzeko. Hasteko, sektoreko intersindikala deituko dugu, sindikatu guztien artean dinamika bateratua egiten saiatzeko. Patronalak argi izan dezala LAB aurrean izanen duela, lantokietan eta kalean, askotan erakutsi izan duen bezala.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.