2026-06-16
HomeEkintza SindikalaIlundain gizarteratze eta laneratze enpresarekin adostu dugu bigarren hitzarmenak erosteko ahalmena bermatzea...

Ilundain gizarteratze eta laneratze enpresarekin adostu dugu bigarren hitzarmenak erosteko ahalmena bermatzea eta atxikimendu sozioafektiboa barne hartzea

Hilabete batzuetako negoziazioen ondoren, LAB sindikatuan —ordezkaritza sindikal osoa baitugu— akordioa lortu dugu Nafarroako Ilundain gizarteratze eta laneratze enpresarekin, bere bigarren hitzarmena sinatzeko. Hitzarmen horrek nabarmen hobetzen du aurrekoa, soldata taula osoan KPIaren igoera ziurtatzen du, eta, lehenbiziko aldiz, aukera ematen du langile bakoitzak ordaindutako baimenak lor ditzan ahaidetasunik gabeko pertsonen zaintzarako.

Beraz, hitzarmen berriak soldata taula osoan bermatzen ditu KPIren igoeraren araberako igoerak, bai oinarrizko soldatetan, bai osagarrietan, eta bermatutako gutxieneko igoera % 1,35era igo da soldata taula osoan. Hori guztia ultraaktibitate mugagabearekin eginen da, eta soldata taula KPIaren arabera igotzen jarraituko da.

Bertze plus batzuei dagokienez, antzinatasunak aldatzea lortu da, eta 5 hirurteko eta 3 bortzurteko egon beharrean, lehen hitzarmenean prezio bera zutenak, 10 hirurteko egotera pasatu da. Horrek erran nahi du langileek maizago kobratuko dituztela antzinatasunak. Gainera, plus hori ere KPIaren hazkundeari lotuta egonen da, eta urteko gutxieneko igoera % 1,35ekoa izanen da.

Berrikuntza gisa, hitzarmenean atxikimendu sozioafektiboa gehitzea lortu da. Ilundain izanen da, lehenbizikoa ez bada, Euskal Herri osoko lehen enpresetako bat baimen hau sartzen bere hitzarmenean. Atxikimendu horri esker, langile bakoitzak odol-ahaidetasuneko graduetan aitortuta ez dagoen pertsona bat gehitu ahal izanen du pertsona hori zaintzeko konpromisoa hartuz, eta ordaindutako baimenak (ospitaleratzea, zaintzagatiko eszedentziak eta gainontzeko baimenak) baliatu ahal izanen ditu, lehen mailako ezkontza-ahaidetasuneko edo odol-ahaidetasuneko senide bat balitz bezala. Hori urrats txiki bat da zaintza sistema publiko komunitario bat eraikitzen joateko, egungo eredutik aldenduko dena.

Hiru puntu horiez gain, langileen lan osasuna kualitatiboki hobetzea lortu da, maila handiko beroaren aurkako protokoloa erantsiz eta norbera babesteko ekipamenduetan hobekuntzak eginez.

Hitzarmen honen bidez, argi uzten dugu gizarteratzeko eta laneratzeko enpresekin dugun konpromisoa, eta erakusten dugu sektore horretan ere aplika daitezkeela munta handiko lan hobekuntzak. Horrela, bai teknikariek, bai laneratze prozesuan dauden pertsonek, beren lana lan baldintza duinetan egiten ahal dute. Bigarrenen kasuan, baldintza duinak izateak –eta baldintza horien alde borrokatzen ikasi izanak– asko laguntzen du gizartean berriz sar daitezen, bai maila sozialean, bai maila laboralean.

Bigarren hitzarmen hau 2026ko bukaera arte egonen da indarrean, eta, beraz, hemendik gutxira bi aldeek berriz ere eseri beharko dute negoziatzeko laneratze enpresa honen hirugarren hitzarmena izanen dena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.