2025-12-30
Blog Page 168

Amazoneko langileak arriskuan

Atzo, asteartea, urtarrilak 2, Amazonek Trapagarango lantokiko langileak ebakuatu behar izan zituen lantokiko teilatua erori zelako. Beraz, atzo ez zen banaketarik egin ez Bizkaian, ez Araba, Gipuzkoa, Burgos eta Errioxaren zati handi batean, Trapagarango zentro logistikoan gertatutakoagatik.

Enpresak etxean geratzeko agindu zien arratsaldeko eta gaueko txandako langileei. Enpresako zuzendaritzak gaur goizean ekin nahi zion berriro jarduerari, eta informaziopiketeak goizetik egon dira bertan, teilatua konpontzen ari ziren azpikontratatutako enpresetako langileen segurtasun neurriak betetzen ari zirela zaintzeko.

Ez da plantillaren osasuna arriskuan jartzen den lehen aldia, teilatu hori gehiagotan hautsi delako eta behin eta berriz eskatu duglako lanetik onik itzultzea.

Gainera, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Trapagarango instalazioetara joan da grebarako eskubidea urratzeagatik jarritako salaketa ikertzeko. Salaketa hori abenduaren 22an jarri zuten LABek eta ELAk, urtarrilaren 3ko, 4ko eta 5eko greba deitu zuten sindikatuek.

Amazonek 16:00ak arte lantokia itxita jarraitzea erabaki du. Teilatuaren konponketa-lanak hasi dira, eta prebentzio-ordezkariek informaziorik gabe jarraitzen dute, eta orain logistika zentroaren barruan daude.

Greba ez da eten eta informazio piketea Trapagarango lantokiaren sarreran dago oraindik.

Ordubeteko lanuztea deitu dugu Telefonicaren Enplegu-Erregulazio Espedientearen aurrean, enpleguaren eta lan-esparru propioaren alde

Ordubeteko lanuztea deitu dugu, 11:00etatik 12:00etara, urtarrilaren 3rako, hau da biharko, Telefonicaren Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lantokietan. Horrez gain, elkarretaratzea egingo dugu 11:00etan Bilbon (Tutulu kalea, 3), telekomunikazio enpresaren Enplegu-Erregulazioko Espedientearen aurrean, honek ekarriko duen enplegu-suntsiketaren aurrean protesta egiteko eta lan-esparru propioaren alde egiteko.

Abenduaren 28an, III. Hitzarmenaren eta kaleratze kolektiboaren negoziazio-mahaian Telefonican bildutako sindikatuek, UGTk eta CCOOk, behin betikotzat jo zuten (urtarrilaren 3ko bileraren faltan) enpresaren azken eskaintza eta, beraz, ontzat eman zuten plantillaren zati bat nahitaez kaleratzea. Plantilla murrizteko plana aurrera eramateko langile boluntario nahikorik lortzen ez bada, langileak nahitaez kaleratzen hasiko dira adinaren arabera, zaharrenetatik hasita.

LABen erabat gaitzesten dugu aipatu enplegu-erregulazio espedientea (Telefonicak, CCOOk eta UGTk aurretik onartutako plan guztien aurrean egin dugun bezala). Telefonica bezalako enpresa batean enplegua suntsitzea arbuiatzen dugu, azken hiru urteetan 11.782 milioi euroko irabaziak izan baititu.

Gainera, CCOOk eta UGTren jarrera amore emaile, zuritzaile, arduragabe eta antisindikala salatzen du, sindikatuok Telefonica bezalako enpresetako enplegu suntsiketa onartzen baitute.

Duela urte askotatik hona (aurreko planetan EEEekin eta Banaketa Plan Indibidualekin…) langileen zati bati sinetsarazi diote “bake sozialaren” gainean finkatutako Estatuko negoziazio-mahaien babespean negoziatuz, enpresaren plan aseezinak mugatuko zituztela, baina Telefonicaren planak eta nahiak onartuz joan dira, langileak inolako defentsa-gaitasunik gabe utziz.

Berriro diogu enpresak enplegua suntsitzeko eta prekarizatzeko azaldutako argudioen aurrean neurri alternatiboak daudela. Neurri horiek lanaldi-murrizketara bideratu behar dira, egungo plantillaren prestakuntza egokira, bai eta kanpora atera den eta kanpora ateratzen jarraitzen den jarduera berreskuratzera ere…

Enplegu-erregulazioko espediente berri hau sinatuko duten sindikatuek, aurreko enplegu-erregulazioko espedienteetan egin duten bezala, konbentzitu nahi digute erantzukizun sindikalagatik eta gaitz txikiena bezala negoziatu behar direla espediente berri honen emaitzak. Era berean, hitzarmen kolektiboaren negoziazioari batu nahiko diote, etorkizunerako berme gisa.

Baina, zoritxarrez, ikusten dugu sindikatu batzuek beren sinadurarekin eta laguntzeko eta ez borrokatzeko politika sindikalekin bermatzen dituzten mota guztietako erreformek, pribatizazioek eta espedienteek gobernuen eta multinazionalen politika ultraliberalak sendotzera garamatzatela, soldatapekoen egungo eta etorkizuneko gizarte- eta lan-baldintzak okertuz, eta enplegua galtzera eta langile-klasea ahultzera.

Gaur egun, inoiz baino gehiago, uste dugu beharrezkoa dugula Lan Harremanen eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua izatea, hemen gure gizarte- eta lan-politikak arautu eta erabaki ahal izateko mekanismo eta tresna nahikoak izango dituena, eta orain behar ditugun gizarte-zerbitzuak eta zerbitzu publikoak bermatuko dituena, Madrildik datozen inposaketarik gabe.

Espedienteari ezezko biribila ematea proposatzen dugu LABen, kontzientzia sindikal eta sozialagatik, lan-merkatuan sartu ezin denarekiko elkartasunagatik, milioika langabe eta lan-prekarietaterik ankerrena pairatzen dutenekiko erantzukizunagatik.

Horrela, dei egiten diogu Hego Euskal Herriko Telefonicako plantillari bihar, urtarrilak 3, deitutako ordubeteko lanuztean parte har dezan eta, horrela, EEE berri honi ezezko argia adieraz diezaion, baita enpresa hau desegiteko arriskuari ere.

Azken hauteskundeetako emaitzen arabera, kolektibitateen sektorean LAB lehen indarra da Araban eta Gipuzkoan

LAB sindikatuko kolektibitateen ordezkariok eskerrak eman nahi dizkizuegu Araban eta Gipuzkoan egin diren azken hauteskundeetan sindikatuarengan konfiantza izan duzuen langileoi. Emaitza horiekin kolektibitateen sektorean, 2023. urtea sindikatu nagusia izaten amaituko dugu, Araban zein Gipuzkoan, %52tik gorako ordezkaritzarekin.

Azken hauteskundeetako datuak:


LABELAUGT
Serunion (Araba)72
CC Magui (Araba)63
Eurest (Araba)773
UTE Serunion-Aibak (Gipuzkoa)85
Eurest (Gipuzkoa)103
Auzo lagun (Araba)432
Delegatu guztiak42235

2024. urtea hauteskunde-prozesu berriekin hasiko dugu Bizkaian eta Araban, eta espero dugu kolektibitateetako langileok LAB sindikatuarengan eta ordezkariengan konfiantza izaten jarraitzea, orain arte egin duzuen bezala.Hauteskundeen emaitzak oso garrantzitsuak dira: izan ere, ditugun ordezkarien kopuruaren arabera, ordezkaritza izango dugu, ez bakarrik enpresetan, baita sektoreko hitzarmenen negoziazio-mahaietan ere (ostalaritza, kudeaketa zuzena, …).

Laster irekiko da kudeaketa zuzeneko hitzarmenaren negoziazio-mahaia, eta lurralde-negoziazio kolektiboari buruzko dekretu berriarekin, gero eta gertuago dago sektoreko hitzarmena lortzea. Borrokan jarraitu behar dugu herrialdetako ostalaritzako hitzarmena aplikatzen dizueten langileen lan-baldintzak hobetzeko, eta behingoz estatalizazioa desagertzeko. Hemen lan egin, hemen erabaki!Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez dio erantzunik eman egungo jangela-eredua aldatzeko negoziazio-prozesua hasteko gure eskaerari. LAB sindikatuak oso argi utzi du, negoziatzera eseri ezean, urtarrilean kudeaketa zuzeneko jangelako langileok grebara joango garela.Eta amaitzeko, kolektibitateen sektoreko LAB sindikatuko delegatuok 2024. urte zoriontsua opa dizuegu, guztion artean amets iraultzaileak ereiten jarrai dezagun.

Busturiako Zelaiondo zahar egoitzan ez dugu kaleratzerik onartzen eta hitzarmena errespeta dadila exijitzen dugu

2023ko otsailean Busturian kokatua dagoen Zelaiondo egoitzako egoeraren berri izan genuen. Langile talde batek sindikatuarekin harremana egin eta urteetan gertatzen hari zena kontatu ziguten. Istorioak feudalismo garaikoa zirudien.

Bizkaiko erresidentzietako lan hitzarmenak 1592 lan ordu urteko zehazten ditu; Zelaiondon, aldiz, langileek urte askotan zehar 1800 ordu baino gehiago lan egin dituzte, hau da, urteko 200 ordu baino gehiago muxutruk. Datu bezala, Zelaiondoko langileek 3800 lan ordu guztira (urtero) kobratu barik egin dituzte.

Bizkaiko Egoitzetako Hitzarmenak dio antzinatasuna, jai egunak, asteburu egunak ordaindu behar direla edo konpentsatu behar direla. Aldiz, Zelaiondon urteetan ez dute hau sekula ere konpentsatu, ezta ordaindu ere; hau da, langileei iruzur eta diru lapurreta egin diete. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Hitzarmenak bajak ordezkatu behar direla dioten bitartean, Zelaiondon ez dira ordezkatu langileen bajak. Hala, langile hauen lan karga berez handia bada, areagotu egin izan da. Langileek bete behar ez dituzten funtzioak inposatu dizkiete (garbiketa, adibidez,
edota formakuntza 14 urteetan ez da egin, medikuetara joateko baimenik ez da eman….). Jarrai genezake urteetan Zelaiondon gertatutako esplotazio egoeraz hitz egiten edo, hobeto esanda, feudalismoz, mehatxuz eta jarrera iraingarriekin kudeatzen dutenez. Guztiaren gainetik dagoen zuzendaritza dela uste dute. Baina aurrean topatu gaituzte.

Gustatuko litzaiguke jakitea hainbat urtetan Bizkaiko Foru Aldundia, udalak etab. non egon diren eta zeri egon diren begira erresidentzien ereduaz ahoa betetzen zaien hauek. Ez al du Aldundiak inspekziorik egiten erresidentzietan? Ez zeukaten hainbat urteetan gertatutakoaren berri? Ez dugu sinisten.

30 urteren ondoren, 2023ko apirilean hauteskunde sindikalak deitu genituen, eta LABeko ordezkaritza lortu genuen, enpresak aurkeztutako kandidatura Independientearen kontra. Egun horretatik hona, langileen mesedetan jarri ditugu sindikatuko esfortzu guztiak, gure helburua argia izan da: feudalismotik erresidentzia ateratzea, langileak ahalduntzea, Bizkaiko hitzarmena errespetatzea eta ratio duinak eskatzea.

Ez da erraza izan hauteskundeen prozesua (milaka oztopo hauteskundeak ekiditeko) ezta Zelaiondon delegatua izatea ere (mehatxuak, jazarpena, irainak..). Zuzendaritzaren partetik, egun horretatik hona langileek egunero jazarpen sindikala jasaten dute, kriminalizatuak eta irainduak dira. Haien helburua argia da, langileek haien eskubideak ez eskatzea eta aldarrikatzea eta, nola ez, sindikalismo borrokalariaren kontra egitea.

Hilabete hauetan zehar langileek kaleratze mehatxuak jasan dituzte zuzendaritzaren partetik; Bizkaiko Erresidentzietako Hitzarmena aplikatzeak Zelaiondon langileen kaleratzeak dakartza. Urteetan langileen esplotazioaz aberastu direnen hitzak dira. Abenduan mehatxu hori egi bihurtu da. Olentzero etorri bezperatan langile bat kaleratua izan da eta beste hainbat mehatxatuak izan dira eurei ez dagozkien funtzioak ez egitea eskatzeagatik.

Argi dugu borrokan jarraituko dugula eta argi dugu zaintza ez dela negozio bat, ez ditugula kaleratzeak onartuko eta langileak antolatzen jarraituko ditugula. Zaintza sistema publikoaren bidean langileak lehen lerroan jarriko ditugu. Argi gera dadila zaintzarekin negozioa egiten dutenek zein prekarietatea betikotu nahi duten horiek LAB sindikatua aurrean izango dutela.

Euskal Herriko armagintza enpresek Palestinako sarraskian konplize izateari utzi behar diote

Egoitza Getxon duen Sener enpresaren aurrean mobilizazioa egin dugu.

Amaitzear da 2023a, urte beltza, urte latza izan da palestinar herriarentzat. Han erasoek, zibilen hilketek, giza eskubideek urraketek, minak eta sufrimenduak ez dute etenik. Israelen okupazio, kolonizazio eta apartheid politika salatu nahi dugu berriro, eta elkartasuna adierazi Palestinari.

Gaur, bereziki, armagintzan jarri nahi dugu arreta eta gerra arma enpresetan hasten dela salatu. Horregatik mobilizatu gara Getxon, Sener enpresaren aurrean. Sener bezala, Euskal Herrian badira hainbat enpresa armagintzarekin erlazionatuak.

Euren erantzukizuna seinalatu eta sindikatu palestinarren eskariarekin bat egiten dugu: utz diezaiotela Israel armaz hornitzeari, Israelentzat bideratutako armak egiteari eta garraiatzeari utzi behar zaio. Merkataritza militar oro eten egin behar da, genozidioaren konplize izateari utzi behar diote.

Azken mugimendu geopolitikoei dagokienean, AEBk itsaso gorrian bultzatutako operazio militarraren baitan Yemenen esku-hartu izana salatzen dugu, bakea eta egonkortasuna helburu lituzkeen konponbide politikoa bilatu beharrean genozidioa areagotzea dakarrelako. Gatazkak irtenbide diplomatikoa eskatzen du, ez esku-hartze militar gehiago.

Palestinako herriaren suntsiketa eta okupazioa gelditzeko eskatzen dugu. Azken hilabeteetan euskal langile eta sindikatuok mobilizatzen ari gara: EAEko ospitaletan, Bizkaiko zein Nafarroako suhiltzaileen eskutik, CAF enpresan, Bilbon eta Iruñean egindako mobilizazio sindikaletan…

Gaur, berriro, langileok gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diogu palestinar herriari. Eta eskari zehatza ere bai: berehalako su-etena, preso politikoen nahiz errefuxiatuen itzulera, Gazaren desblokeoa eta Nazio Batuen ebazpenetan oinarritutako elkarrizketa eta negoziazio prozesua aldarrikatzen dugu, Palestinaren eskubide nazionalak errespetatuko dituena. Palestinak irtenbide integrala behar du, eta horren baitan, palestinar Estatu baten zilegitasuna aitortzea eta bizitza duinerako eskubide bermatzea palestinarrentzat.

CCOOk, UGTk eta Lankidek KPIa bermatzen ez duen Nafarroako bulegoen hitzarmena sinatu dute

Bulegoetako negoziazio prozesua luzea izan da, 2021etik darama hitzarmen honek ultraktibitatean. Langileak 3 urtez egon dira soldata izoztuekin, azken urteetako KPIa nabarmenki igo bada ere. Prozesua luzea izateaz gain, forma eta intentsitate ezberdinak ere izan ditu. Irmo aurkeztu ginen patronalaren aurrean eta argi esan genion Nafarroako hitzarmen duin baten alde ari ginela borrokan. Bideoak egin genituen, baita mobilizazioak eta greba egunak ere. Asko izan dira bidetik borrokara batu diren eta ekimenetan parte hartu duten pertsonak. Harro sentitzeko modukoa da erakutsitako inplikazioa, konpromisoa eta gogoa. Zalantzarik gabe, negoziazioa baldintzatzea eta sektorea astintzea lortu dugu.

Gaur, abenduaren 13an, CCOOk, UGTk eta Lankidek KPIa bermatzen ez duen Nafarroako bulegoen hitzarmena sinatu dute. LABek ezin du proposamen hau babestu. Izan ere, 2020-2024ko KPIa edozein izanda ere, %100ean bermatu behar da. Langileon eros ahalmena ezin da muga batzuek baldintzatuta egon. Hortaz, ezinbestekoa da patronalak proposatzen dituen ehunekoak alde batera uztea eta KPIa edozein izanda ere, guztiz bermatzea. Bestalde, igoerak soldata errealetara izatea eskatzen dugu. Sektore honetako langileen gehiengo handi batek tauletan ezartzen denaren gainetik kobratzen du. Hortaz, soldata igoerak taula horien arabera sinatzen badira, dituzten plus-ekin konpentsatu eta diru kopuru berdina jasotzen jarraituko dute.

Honengatik guztiagatik, sinatutako proposamena oso eskasa iruditzen zaigu, ez baititu islatzen sektorearen errealitatea, ezta langileriaren beharrak ere. Beraz, argi eta garbi diogu sinatutakoak ez diola inolako mesederik egin ez langileei, ezta borroka sindikalari ere. Agerian geratu da zenbait sindikaturen lehentasunak ez direla baldintzak hobetzea, baizik eta patronalari bidea erraztea. Izan ere, hasieratik izan duten sinatzeko prestutasunak posizio indartsuagoa eman die enpresei. Hala eta guztiz ere, mobiliziazio arrakastatsuak burutzea lortu dugu; beraz, LABetik eskerrak eman nahi dizkizuegu hauetan parte hartu duzuen langile guztiei. Oso argi dugu zuen borrokari esker lortu dugula patronala bere lekutik mugitzea. Beraz, ZORIONAK! Emaitza edozein izanik ere, BORROKAK MEREZI DUELAKO!

Amazonek eta Manpowerrek greba eskubidea urratzen dute

Abenduko grebetan mehatxuak eta ezohiko kontratazioak egin ostean, urtarrila hasierarako aparteko lanorduak eskaintzen ari dira aldi baterako langileei. Gaur goizean elkarretaratzea egin dugu Manpowerren egoitzaren aurrean, Bilbon.

Trapagarango Amazonen zentroko hitzarmen propioa eskatzeko abenduaren 17an eta 18an egindako greba egunek arrakasta handia izan zuten parte-hartze aldetik. Amazoneko zuzendaritzak ezin izan zuen bere ekoizpena atera nahiz eta Manpower aldi baterako lan enpresaren laguntza izan. Enpresa horrek, azaroaren hasieran, 40 kontratazio baino gehiago egin zituen Gabonetarako, eta hori ez zen ohikoa, inondik inora ere. Pandemiaren unerik txarrenetan ere ez zen langile kopurua 160 baino gehiagora iritsi, gabon hauetan gertatu bezala.

Amazon eta Manpower langileek grebarako duten eskubidea urratzen ari dira, aldi baterako langileei telefono-deiak eginez, Whatsapp mezuak bidaliz edo plantilla osoari e-mailak bidaliz, mehatxuzko tonuan: “Ez dira absentziak justifikatzen sarrerako argazki bat bidaliz, sarbidea segurua izango baita. Eta zehapen prozedura aplikatuko da, edozein absentzia gertatzen denean bezala”.

Hori guztia gutxi balitz, joan den ostiralean, abenduaren 22an, Manpowerrek Whatsapp eta email mezu gehiago bidali zituen, urtarrilaren lehen astean ordu osagarriak eskainiz. Aste horretan, langileek grebara deitu dute urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean.

Lan Harremanei buruzko Errege Lege Dekretuaren 6.5 artikuluak ezartzen duenez, grebak irauten duen bitartean enpresaburuak ezin izango ditu grebalariak ordezkatu grebaren berri eman den unean enpresari lotuta ez dauden langileekin. Beraz, legez kontrakoa da greba iragartzen den unean enpresakoak ez diren langileak aldi baterako kontratatzea, hura indargabetzeko helburu bakarrarekin.

Bost greba egunak deitu ditugun sindikatuok (LAB eta ELA) Bizkaiko Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari jakinarazi diogu gertaturikoa, eta ahalik eta azkarren jarduteko eskatu, Manpower eta Amazon egiten ari diren greba eskubidearen urraketaren aurka egiteko.

Hamar greba egun gehiago deitu ditugu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

Grebak urtarrilaren 17, 18, 23, 24 eta 25ean eta otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20an izango dira. Aurrez egindako bederatzi greba eguni gehitzen zaizkie eta Lan Hitzarmenaren negoziaketa dugu helburu LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok.

Langileek bederatzi greba egun egin dituzte jadanik, apirilaren 25ean lehena, urrian hiru greba egun eta abenduan bertan bost greba egun. Greba hauek langileen babes zabala izan dute, %65ekoa bataz beste.

Helburua 2021eko abendutik iraungita dagoen Lan Hitzarmena berritzea da. Onartezina eta arduragabekeria da abenduko bost greba egunen ostean mahairik deitu gabe eta proposamenik egin gabe jarraitzea Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronal nagusiek.

Beraz, sindikatuok urtarrila eta otsailerako beste hamar greba egun deitzea erabaki dugu. Grebak urtarrilaren 17, 18, 23, 24, eta 25erako eta otsailaren 6,7,8, 19 eta 20rako deitu ditugu.

Sindikatuok adostasunetara iristeko borondatea eta prestutasuna dugu, eta patronalei arduraz jokatzeko eta Lan Hitzarmena berritzea ahalbideratuko duten edukiak eta proposamenak egiteko eskatzen diegu.

Izan ere, azken hilabeteetako greba dinamika honek behartuta patronalen aldetik mugimenduak egon badira ere, ez da ez negoziaketa errealik egon ez eta proposamenik mahai gaineratu ere. Horrela, Patronalek azaroaren 27rako negoziazio mahaia deitu zuten arren, ez zuten proposamenik ekarri bertara.

Hezkuntza Sailak ere bilera batera deitu gintuen sindikatuok abenduaren 5ean, baina bilera hura ere aurrerapausorik gabe amaitu zen. Hezkuntza saila ez da edozein eragile eta badu zeresanik langile hauen lan baldintzen inguruan; beraz gatazka bideratzeko esku har dezala galdegiten diogu.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialei aurre egiteko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.

Lan Hitzarmenaren negoziaketarako sindikatuon aldarrikapen nagusiak

IRAUPENA

2022-2024 (2021eko soldatak barne).

LAN ZAMAK ARINTZEKO NEURRIAK

  • Irakasleak: eskola orduen murrizketa esanguratsua.

Murrizten diren eskola orduak ordu osagarri bihurtzea eta ordu osagarri horiek lan pertsonalerako izatea.

  • Irakasle ez diren langile tituludunak: Irakasleen urteko lanaldi berdina
  • Kolektibo guztietan ordezkapenen erregimena hobetzea

SEKTORE FEMINIZATU ETA PREKARIONENTZAT HOBEKUNTZAK

  • HH Lehen zikloko langileen HH bigarren zikloko langileekiko homologazioan pausu garrantzitsuak
  • Hezkuntza Laguntza Espezialistak (EAE) lanaldi osoak bermatzea eta ordu osagarriak gehitzea arreta zuzenekoak murriztuz
  • AZP urteko lanaldi murrizketa esanguratsua, lan zamak neurtzeko eta mugatzeko neurriak ezarriz

SOLDATAK:

  • KPIaren bermea
  • Aurrez galdutako eros ahalmena berreskuratzen joatea.
  • DBH 1 eta DBH 2ko irakasleen soldata parekatzea

ENPLEGUA. LANPOSTUAK MANTENTZEKO

  • Birkokapen prozedurari buruzko erreglamendua Hitzarmenean jasotzea eta betearazteko bermeak ezartzea
  • Birkokapen akordio mugagabea bermatzea

LANBIDE HEZIKETA

  • Lanaldi irregularra arautzea: Asteko ohiko eskola orduak gainditzeko baldintzak negoziatu eta hitzarmenean txertatu:

Ordu lektibo eta osagarrien proportzioa mantendu beharko da

Konpentsazioa egon beharko da

  • FCTs: 6 ordu astean ikasturte osoan; ez bakarrik praktika garaian
  • Tailerretan bikoizketa arautu
  • Lanbide Heziketako lege berriak ekar ditzaken aldaketen aplikazioa negoziatzea

BEHIN BEHINEKO KONTRATAZIOA ETA ALDIZKAKO KONTRATAZIO FINKOA

  • Lanaldi osoko kontratu mugagabeen nagusitasuna jasotzea
  • Aldizkako kontratu finkoen erabilpenik ez dela egongo jasotzea arau orokor bezala.

LAN OSASUNA

  • Behin behineko ez gaitasun osagarria baja-denbora efektibo osoan.
  • Arrisku psikosozialak, bai prebentzioan baita identifikatutako gabeziak konpontzeko planak ezarri ikastetxe guztietan, jazarpen-protokolak barne

EUSKARA PLANAK

  • Plantilla osoarentzat, irakasleak ez direnak barne

BERDINTASUN PLANAK

  • Hitzarmeneko zentro guztietan.

Bilboko Udalean kalitatezko zerbitzu publikoak indartzeko beharrizana nabarmendu dugu, aurrekontuek ez baitute halakorik bermatzen

Erreklamazioak aurkeztu dizkiogu EAJ-PSEk 2024rako proposatutako udal aurrekontuei.

Bilboko Udaleko LABen atal sindikalak urteak daramatza udal-aurrekontuari erreklamazioak egiten. Bada, aurten ere hala egin dugu, inoiz baino zentzu handiagoarekin gainera; izan ere, aldarrikapenak LAB sindikaltuak azken hilabeteotan eginiko mobilizazioekin (zerbitzu publikoetako bi greba egunak barne) lotuta daude.

Kanpaina honetan defendatutako puntuen artean honako hauek daude:

  • Estatuaren mugak ez onartzea
  • Lan-kargak arintzea, lan-osasuna bermatuz
  • %10eko soldata-igoera, aurreko zorra berreskuratzea
  • Enplegua sortzea eta egonkortzea
  • Arlo publikoa indartzea, ez pribatizazioak
  • Zaintza-sistema publikoa, politika feministak

Bilboko Udaleko langileek bi oztopo izaten dituzte nagusiko negoziazio kolektiboan akordioak erdiesteko: batetik, estatuak mugatzen dituen soldata-igoerak; eta, bestetik, Madrilgo gobernuak enplegua sortu eta egonkortzeari jartzen dizkion mugak zein oztopoak.

Gogora ekarri behar da aurtengo azaroaren 10ean udal hau gobernatzen duten alderdiek (EAJ-PSE) Madrilgo gobernuari inbestidurarako egonkortasuna emateko konpromisoa sinatu zutela. Akordio horrek birjarpen-tasak eta enplegatu publikoen ordainsari-masaren gehikuntza aipatzen ditu.

Bada, LABen sail sindikalak aurkezturiko erreklamazioa onartuz eta udal aurrekontua egokituz, orain da unea akordio hori baliatzeko.

LABen erreklamazioa, batez ere, zerbitzu publikoak indartzeko plaza berriak sortzean oinarritzen da. Besteak beste, honako hauek behar dira:

  • Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak indartzeko gizarte-langileak
  • Politika feministetan aurrera egin ahal izateko berdintasun-teknikariak
  • Euskara teknikariak, euskalduntzearen arloan Bilbok merezi duen bultzada emateko

Gainera, dagoeneko pribatizatuta dauden zerbitzuen publifikazioa eskatzen dugu, baina, era berean, sortu berriak diren zerbitzuen pribatizazioaren aurkako jarrera daukagu. Horren adibide da laster Esperantza kalean irekiko den ekipamendu berria, gobernu-taldeak enpresa pribatu baten bidez kudeatu nahi duena. Horren aurrean, LABetik argi diogu: udal zerbitzu publikoak udal langileek kudeatu behar dituzte.