Aste osoan zehar greban egongo gara, eta gaur, hasteko, elkarretaratze bana egin dugu Gurutzeta, Santiago eta Donostia ospitaleetan. Gehiegi luzatzen ari den gatazka honen aurrean, patronalari nahiz Osakidetzari behingoz blokeoarekin amai dezatela eta negoziaketari bide eman diezaiotela exijitzen diegu.
Osakidetzako garraio zerbitzuan azpikontratatutako langileok bi asteko grebari hasiera eman diogu gaur, LAB, ELA, LSB-USO, UGT, CCOO eta ESKk deituta EAEn.
Oraingo ziklo honetako lehenengo eguna arrakastatsua izan da beste behin ere, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak gorabehera. Azken urteotan beharginek galduriko eros-ahalmena berreskuratzea premiazkoa da, eta baldintzak Osakidetzak zuzenean kontrataturiko lankideek dituztenekin parekatzea ere bai.
Bi urte baino gehiago eman ondoren negoziatzen saiatzen, patronalaren aldetik benetako borondaterik egon gabe, gure eskubideetan murrizketa gehiago ezarri nahian eta Eusko Jaurlaritzaren inmobilismoarekin, kalera itzuli behar dugu berriro ere gure eskubideen alde.
Aipatu bezala, aste osoan zehar aurrera jarraituko dugu grebarekin eta mobilizazioekin. Bada, ostiralean, hilak 12, EAEko grebalariok Bilbon bat egingo dugu, manifestazio bateratua abiatuko baita 11:00etan. Eta hurrengo astean ere ez gara geldirik egongo, grebekin, elkarretaratzeekin, manifestazioekin eta abarrekin jarraituko baitugu. Azkenengo greba egunei eta egindako aldarrikapenei entzungor egin diete, baina ez dugu atzera pausurik emango.
LIDL enpresak Olaberriko dendako langile bat kaleratu du. Kaleratze hau, abenduaren 7 eta 9an langileek aurrera eraman zuten grebaren ondorio gisa kokatzen dugu. Onartezina da hartu duten erabakia, mendekuan oinarritua izan delako eta langileok greba egiteko dugun eskubidea urratzen duelako. Elkartasun osoa adierazi nahi diogu langileari eta horretarako, elkarretaratzea egin dugu Olaberriako saltokiaren aurrean.
Hitzarmen propioaren aldeko borrokaldian murgilduta daude Amazonek Trapagaranen duen lan-zentroko langileak. Gaur eman diote amaiera bost egunetako greba zikloari, abenduaren 17, 18 eta urtarrilaren 3, 4 eta 5ean egin baita greba, banaketa enpresako furgonetek erabiltzen duten eta Sestaon kokatuta dagoen aparkaleku baten ekintza eginez. Amazonentzat lanean ari diren ibilgailuen irteera 45 minutuz blokeatu dute, eserialdi bat eginez.
Aipatu furgonetak azpikontratutako langileek erabiltzen dituzte, eta hauek Amazoneko langileak izatea ere izan da grebaren aldarrikapenetako bat.
Greba egunak arrakastatsuak izan dira eta Amazonek 15 hilabetez negoziazioari ezarritako blokeoari bere furgonetak blokeatuz erantzun diote langileek.
LABek Amazoneko langileen erantzuna txalotu nahi du, orain arteko lana ikaragarria izan baita eta bere fruituak eman dituelako, grebaren eraginkortasuna agerian utziz. Enpresak negoziaketarekiko hartzen duen jarreraren arabera erabakiko ditu hurrengo pausuak.
Avanza Movilidad Gipuzkoako enpresa-batzordeak agerraldia egin du gaur Donostian, Azahara Domínguez Gipuzkoako Mugikortasuneko diputatuak abenduaren 9an egindako adierazpenei erantzuteko. Konpainia horretako autobusek arazo izateari utzi ziotela adierazi zuen orduan.
“Ez dugu utziko horrelako adierazpenekin egun bizi dugun errealitatea zuritzen”, adierazi dute batzordeko ordezkariek, eta nabarmendu dute “autobusen matxurei eta errepideko arrisku-egoerei dagozkien gorabeherak ez direla jaitsi, baizik eta berdin jarraitu edo gora egin dutela”. Hala, egoera tamalgarrian dauden autobusekin zirkulatzen jarraitzen dutela salatu dute.
Adierazi dutenez, Aldundiak dagoeneko erretiratuta egon behar zuten autobus batzuek zirkulatzen jarraitzea ahalbidetu du, eta horrek, enpresaren mantentze-faltarekin batera, gidariak eta erabiltzaileak arrisku-egoerak jasatera behartzen ditu haiekin zirkulatzen duten bitartean.
Aurkitzen dituzten arazoak zerrendatu ostean, “lurruna kentzeko modurik ez duten autobusak, ibilbidean zehar potentzia galtzeak, olioa edo hozteko likidoaren galerak, irekitzen ez diren maletategiak, ezer argitzen ez duten argiak”, salatu dute, “gorabehera horiek guztiak jakinarazi arren, denboran luzatzen dira eta ez dituzte konpontzen”.
Era berean, adierazi dute kanpoko enpresen zerbitzuak azpikontratatzen ari direla berriro, ez dagoelako nahikoa ibilgailurik emakidari irteera emateko, eta zerbitzuak bertan behera uzten ari direla ibilgailurik ez dagoelako.
Zirkulatu dezaketen autobusak arestian aipatutako baldintzetan daude errepidean. Gainera, egoera ez da beste edozein enpresa emakidadunen parekoa, prentsan argitaratutako albistean adierazi den bezala.Jakinarazi dute azaroaren 29an, Azahara Dominguezen adierazpenak argitaratu aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundian matxura kopuru handiaren berri ematen zuen dokumentua aurkeztu zutela adierazi dute, bi hilabete baino gehiago zeramatzatenak konpondu gabe.
Azken asteetan jasan behar izan dituzten arrisku-egoerak zehaztu dituzte, hala nola autobus batek gurpil bat galdu izana, martxan zegoela atera zena eta ondorio larriak izan zitzakeena, beste ibilgailure bat jo izango balu. Gainera, adierazi dute gertaera hori ez zela inongo hedabidetan argitaratu, nahiz eta eurek jakinarazi zuten.
Hala, Aldundiko enpresa emakidadun horrren errealitatea ez ezkutatzeko eskatu dute, eta egoera hori hobetzeko lanean jarraitzeko eskatu dute. Horretarako, ibilgailuen eta instalazioen ikuskapen-bitarteko gehiago eskatu dituzte, azken hauek ere egoera penagarrian baitaude, langileen eta zerbitzua erabiltzen duten erabiltzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko.
Gaur, Usurbilgo Correos-eko pabilioiko langileek elkarretaratzea egin dute, joan den astean orga jasotzaile batek harrapatu zuen behin-behineko lankide bati gertatutako azken istripua eta pabiloi horretako lan-baldintzak salatzeko.
Azken istripu hori orain arte instalazioetan gertatu den larriena izan da. Pabilioiak martxan daraman urtebete pasatxoan ere esku harrapaketa kopuru handia izan da sailkapen-makina batean. Enpresa Batzordeak eta Segurtasun eta Osasun Batzordeak zentro horretan lan egiten duten langileen lan-baldintzak salatu dituzte Gipuzkoako Lan Ikuskaritzaren aurrean.
Urtarrilaren 3an Trapagarango Amazonen lantokia itxita egon zen teilatuaren zati bat erori zelako. Gaur, urtarrilaren 4an, enpresak lantokia martxan jarri nahi izan du berriro, langileen segurtasuna arriskuan jarriz eta gainera, greba eskubidea urratuz.
Izan ere, Amazonek berak kontratatutako kanpo ingeniariren txostenaren arabera, haize bolada gogorrak egonez gero, enpresak teilatua konpontzeko egindako lana guztiz eznahikoa izango litzateke. Konponketa plastikozko lonaz, oholez eta hondarrezko zakuz egin dute. Gauza honela, enpresari konponketa duin eta seguru bat exijitzeaz gain, lan ikuskaritza eta Osalanekin jarri gara harremanetan, langileen osasuna bermatzeko.
Bestalde gaur, urtarrilaren 4an, ABLEko langileak bakarrik sartu dira lanera eta beraz, enpresak berriro urratu du langileen greba eskubidea. Hala ere, grebaren eragina agerikoa da oraindik orain. Asteartean ateratzekoak ziren paketeak gaur atera dira teilatuaren apurketagatik baina data hauetan atera ohi diren 30.000 paketeetatik, 12.000 bakarrik banatu dira. Gainera, grebalariek manifestazioa egin dute Trapagaranen, Amazongo lan-zentroaren inguruetan.
Bihar ziklo honetako azken greba eguna izango da. Orain arteko lana ikaragarri izan da eta bere fruituak eman ditu. Grebaren eraginkortasuna agerikoa da. Enpresak negoziaketarekiko hartzen duen jarreraren arabera erabakiko ditugu hurrengo pausuak.
LABeko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan izan da gaur aktualitateko gaien inguruan hitz egiten. Kritiko agertu da amaitzear dagoen Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren agintaldiaz: “Berarekin eskuz esku egoteko aukera izan dugunean mezu argia helarazi genion eta iruditzen zaigu mezu horri entzungor egin diola. Jaurlaritza hau, eta bera zehazki, gehiegitan ikusi dugu patronalaren adierazpenak eta aldarrikapenak babesten, inoiz ez langileenak. Eta higadura horren atzean dagoena ikusteko borondaterik ez du izan. Patronalaren lehendakari izateari uzteko esan diogu eta ez dio horri heldu”.
Testuinguru ekonomikoa eta langileen ongizatearen arteko loturaz, gaineratu du “hazkunde ekonomiko garaietan, aberastasunaren banaketa orekatu baterako politikarik ez da egiten eta langileok apenas somatzen dugu onurarik. Aldiz, ekonomiaren moteltze garaietan, langileok izaten gara moteltze horren ondorioak pairatzen ditugunak. Beraz, alde horretatik, ikuskizun ekonomiaren bilakaera hori nolakoa izango den, eta zer-nolako erantzuna eman dezakegun pentsatzen eta hausnartzen ari gara”.
Fiskalitatea ere izan du hizpide LABeko koordinatzaile orokorrak, zergen bidez “gauza asko” sustatu daitezkela nabarmenduz. “Zergen bidez diru gehiago bilduta eta zergapetuta hainbat elementu, lortu daitekeena da bestelako politika publiko batzuk eta bestelako zerbitzu publiko batzuk eskaintzeko diru gehiago, baina horretarako borondate politiko bat behar da eta determinazioa, enpresa handien interesekin talka egiteko eta multinazional horien mehatxuen aurrean amore ez emateko. Eta hori da falta dena”.
Egun bizi dugun langile borroken ugaritzeaz ere aritu da Aranburu: “Pandemia egoeratik atera ondoren guk oso argi ikusten genuen langileen lan eta bizi-baldintzen prekarizazioa eta zerbitz publikoen ahultze eta kaltetze hori ematen ari zela, eta egoera hori iraultzeko oso argi genuen langileek borroketara jo beharko zutela. Langileak gero eta gehiago jabetzen dira egoera horretaz eta gero eta gehiago egiten dute bat horrekin. Eremu ezberdin askotan, izan industrian, izan zerbitzu publikoetan, izan sektore feminizatu eta prekarioetan oso ugariak dira borroka sindikalak”.
Langabeziak behera egin du, prekaritatea epidemia bilakatzen den bitartean. Hego Euskal Herrian, 137.767 langabe zenbatu ziren 2023ko azken hilabetean. Langabeziak beherakada are eta nabarmenagoa izan du pasa den urteko abenduarekin alderatuta (4.641 langabe gutxiago), pasa den hilabetearekin alderatuta baino (545 langabe gutxiago).
Emakumeen* artean jaitsi da langabezia gehien, azken urte zein hilabetean, nahiz eta langabeen gehiengoak (%57,4a) emakumea* izaten jarraitzen duen. Azkenaldian salatzen ari garen bezala, bizi unitateko egoera kaskarrak emakumea* lanaldi bikoitzera behartu du: etxeko zaintza lanen ardura nagusia mantenduz, prekaritatea zein ezegonkortasuna nagusi den lan merkatuan lan eginez. Esaten duguna baieztatzeko, bi datu: emakumeen* %25,7a jardunaldi partzialean ari da eta abenduko aldizkako kontratu finkoen %64,7a emakumeei* dagokio.
Azken hilabetean, industria eta eraikuntza sektoreetan enpleguak galdu dira, afiliazioan sektore hauek izaniko beherakadak argi erakusten duen bezala (industria sektorean 1.761 afiliatu gutxiago eta eraikuntzan 813 gutxiago). Sektore hauetan nagusiki gizonek lan egiten dutenez, 25 urtetik gorako gizonen langabeziak gora egitearen arrazoia datuotan aurkitzen dugu.
Azken urteko bilakaerari erreparatuz, zerbitzuen sektoreak izan du igoera nabarmena, afiliatu berrien %82,46 zerbitzuak sektoreak afiliatu baita. Afiliazio osoa kontutan hartuz, zerbitzuen sektorean afiliazioa %3,20 igo den bitartean, eraikuntzan zein industrian %1,8 besterik ez da igo azken urtean.
Bestetik, abenduan 6.663 kontratu gutxiago sinatu ziren, pasa den urteko abenduarekin alderatuta. Egin diren kontratu berrien %78,76 behin behinekoak izan dira, azaroan baino 2,7 puntu gehiago.
Beraz, langabeziak orokorrean behera egin badu ere, sortu den enplegua lan baldintza prekario zein ezegonkorrak nagusi diren zerbitzuak sektorean izan da. Zoritxarrez, herri baten garapen estrategikorako zutabe diren sektoreen gainbehera baten aurrean gaude, langile klasearen lan baldintzak kaskartzeaz gain, beste herrialdeekiko menpeko egiten gaituena.
Azken urteetan kateatzen ari diren krisiek egoera sozioekonomikoan zein lan munduan egiturazkoak diren arazoak sortzen ari dira, langile klasearen bizkar gainean zamatzen ari direnak. Zentzu horretan, langabeziak aspaldi utzi zuen enpleguaren eta lan merkatuaren joera adierazle izateari eta langile klasearen errealitatea islatzeko iturri berriak arakatu behar ditugu. Bide horretan, Prekaritate Indizea aztertzeari ekin genion, zeinaren arabera 25 eta 64 urte arteko bi langiletik bat egoera prekarioan bizi da, diru sarrera nahikorik gabe bizitza duina bermatzeko. LAB sindikatuko kideok egiturazkoa den errealitatea eraldatzeko borroka egiten dugu, langile guztiontzat duina eta bizigarria izango den Euskal Herri baten alde.