2025-12-31
Blog Page 162

Protesta Donostiako Zinema7 hotelean lanpostuaren amortizazioaren 7 jakinarazpen egin dituelako zuzendaritzak

Kirol eta Ikuskizunen Sozietate Anonimoak (aurrerantzean, SADE Taldea), gaur egun Astoria Hotel historikoa eta Lasala Plaza Hotela zuzentzen dituenak, urtarrilaren 23an jakinarazi zien jatetxe eta kafetegia saileko 13 langileri lanpostua amortizatu zitzaiela, erabaki horrek Zinema7 Hotelean (Astoria historikoa) 7 langileri eragiten dielarik.

Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren arabera, sektore hori “inoizko unerik onenean” dago autonomia-erkidegoan, eta hotelen okupazioa % 10 igo da 2023an Gipuzkoan, hiru milioi ostatu-gau inguruko datuak lortuz. Aldiz, enpresak datu ekonomiko negatiboak eta defizitarioak argudiatu ditu Elikagaien eta Edarien saileko egungo negozio-ereduan –zeinak, Enpresa Batzordearen iritziz, datu akastun eta lerratuak diren erabat-.

Egungo kafetegia eta jatetxe zerbitzua kanpo faktoreetara eta faktore orokorretara zein ziurgabetasun-egoera berrietara egokitzeko beharra defendatzen du enpresak (Ukrainako gerra edo inflazioa adibidetzat jarriz). Aldiz, Enpresa Batzordetik argi ikusten dugu guztiaren atzean eraiste-maniobra bat besterik ez dagoela, zeinak helburu gisa duen SADE Taldearen onura ekonomikoa neurri handiagoan handitzea.

Hori bai, berriro ere langile klaseak jasan behar ditu enpresaren zikoizkeriak eragindako ondorio latzak: gauetik goizera lankideak kalean gelditu direla barneratzeak dakarren kolpe gogorrari aurre egitea, lan-karga handitzen den bitartean gure lan-baldintzak nola prekarizatzen diren ikustea, eta abar.

Ez dago arrazoi errealik enpresak hartutako neurria justifikatzeko. Sinetsarazi nahi digute jatetxe eta kafetegiaren sailak ez duela behar bezala funtzionatzen, eurek direnean sailaren aldeko apustua egiten ez dutenak. Gure ustez, argi dago ezinbesteko pieza dela hotel osoaren funtzionamendu egokian. Gainera, denboraldi baxuko garaietan ere, auzoaren beharrak asetzen dituen zerbitzua eskaintzen da bertan. Horixe da Amarako ohiko bezeroek adierazten digutena.

Horregatik guztiagatik, SADE Taldeak egindako bidegabekeria publikoki salatzera eta euren lankideak berehala lanera itzul daitezen aldarrikatzera behartuta ikusi dute euren burua, eta mobilizazioei ekin diete.

2024an 10 dira dagoeneko lan istripuz hildako langileak

Jakin berri dugu, atzo, Ibarrako Voith Hydro enpresako langile bat Ourenseko RubĂ­a herriko zentral hidroelektrikoan hil zen. Jaso ditugun datuen arabera, langilea makina baten harrapatua hil zen eta suhiltzaileek erreskatatu behar izan zuten bere hilotza. Lehenik eta behin senide, lankide, zein gertukoei, LAB sindikatutik gure samina eta elkartasuna luzatu nahi genieke.

2024a hasi denetik 10. hildakoa da. 3. hildakoa industria arloan, makinak harrapatuta edo hauen kolpeen ondorioz. 1997tik, langileentzako eskuragarri jartzen diren makinek araudi zorrotza bete behar dute. Gaur egun oraindik ere ohikoa da araudia betetzen ez duten makina arriskutsuak nonahi topatzea. Ez da kasualitatea beraz, urteroko ezbeharren tauletan makinek eragin handia izatea. Patronalak inpunitate osoz egiten ditu arauen ez betetzeak, nahiz eta araudiak hamarkadak daramatzan abian.

Bitartean, Osalan zein Lan Ikuskaritza eraginkorrak ez izateko sortuak izan direnez, patronalak lasai jarraitzen du lan osasunerako neurriak bete gabe. Lan osasuneko araudia, ez betetze gehien pairatzen dituen araudi bezala da ezaguna esparru juridikoan. Egitura instituzional horiek iraultzen ez diren bitartean, patronala kontrolatu eta isuntzeko plangintza gogor bat ezartzen ez den bitartean, egoerak berdin jarraituko du. Guzti hau gure bizitzarekin ordaintzen dugularik.

Langile klase antolatuak soilik lortuko ditu aldaketa sakonak. Egoera hau salatzeko eta langileriaren elkartasuna adierazteko, datozen orduetan Voitheko enpresa-batzordeak Ibarran deituriko elkarretaratzearekin bat egingo dugu.

Mobilizazioa egin dugu Gasteizen, urte hasi zenetik hildako langileen heriotza salatzeko

LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu gaur Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, urtea hasi zenetik lan istripu asko izan direla salatzeko. Izan ere, 9 langile hil dira jada lan-istripuz Euskal Herrian. Azkena, joan den ostiralean, Urizaharrako harrobian. Urte hasiera hau, beraz, oso gogorra izaten ari da langileentzat. Baina gogorrena da ez dela une puntuala edo isolatua. Urtero, batez beste, 60 langile hiltzen dira lan-istripuen ondorioz Euskal Herrian, eta 1.000 baino gehiago hil dira 2008tik.

Zerrenda amaigabe horren atzean lan-osasuneko araudiaren ez-betetze larriak daude. Araudia duela hiru hamarkadatik existitzen den arren, patronalak ez du betetzen eta, inpunitate osoz, zerrenda makabro hori elikatzen jarraitzen du.

Horrela, bada, gaur Gasteizen salatu dugu Urkullu jaunaren Eusko Jaurlaritzak ez duela borondaterik prebentzio-legea betearazteko. Salatu dugu patronalaren zigorgabetasuna langileen heriotza dela, eta, horregatik, baliabideak eta neurriak eskatu ditugu, behingoz lan-osasunari buruzko araudia bete dadin.

LABek honako hau eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari:

– Patronala behartzea, behingoz, laneko osasunari buruzko araudia betetzera. Lan-eremuan ere jarrera bera ikusi nahi dugu bizitzako beste esparru batzuetan aplikatzen den araudia betetzeko. Trafiko-istripuetan eta lan-istripuetan hildakoen kopurua ia berdina izanik, lehenengo kasuan, 293.000 isun jarri zitzaizkien gidariei 2022an, eta 700 isun baino ez ziren jarri prebentzio-araudia betetzen ez zuten enpresei. Onartezina da.

– Lan-ikuskatzaile gehiago. 41 ikuskatzaile besterik ez daude EAE osoko enpresa guztiak kontrolatzeko, Europako kopuruetatik oso urrun.

– Osalaneko teknikariek gaitasun exekutiboa izan behar dute, alegia, bere ebazpenak bete behar dituzte enpresek. Egun, aholkularitza-erakunde hutsa baino ez da, eta haren ebazpenak ez dituzte nahitaez bete behar enpresek.

Beraz, gobernuei exijitzen diegu neurriak har ditzatela patronalak lan osasuneko eta prebentzio neurri guztiak bete ditzan. Hori gertatzen ez den bitartean, patronalak neurriak bete gabe jarraituko du. Hori lortu arte, LABek langileak lantokietan antolatzen eta kalean mobilizatzen jarraituko du.

Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek gizarte ekimeneko negoziazio mahaira eduki nahiko ekarri ezean 5 greba egun gehiago deituko ditugu otsailean

Urtarrileko mobilizazio eta 5 eguneko greba dinamikari bukaera ematen diogu. Guztira 14 greba egun egin ditugu lan gatazka honetan. Hori dela eta, LABek sektoreko langileak zoriondu nahi ditu egindako lana eta borrokagatik eta adierazitako konpromisoagatik.

LABek gatazka desblokeatzeko lan kargak arintzeko neurriak, langileak birkokatzeko bermedun prozedura hitzarmenean txertatzea eta langile publikokoekin soldata ekiparatzeko bidean eros ahalmena berreskuratzeko proposamena mahai negoziatzailera ekartzea eskatzen die Kristau Eskolak eta AICE-IZEA patronalei.

Gizarte Ekimeneko lan-hitzarmena berritzeko borrokan hamalaugarren greba eguna egin dute gaur sektoreko langileek. Gaurkoan ere Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimo gehiegizkoen aurrean milaka langile bildu dira Bilboko kaleetan.

LABek berriro ere adierazi nahi du ikastoletan lorturikoa Gizarte ekimeneko mahaira ekarri behar dela eta bide horretan Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei eduki horiek mahai negoziatzailera ekarri behar dituela eskatzen die lan gatazka konpondu nahi badute.

Zehazki, hurrengoa eskatu du LABek: 2024rako %15etik gorako soldata igoera, 0-2 urteko hezitzaileen soldata 2 urteko hezitzaileekin parekatzea, lan-hitzarmenean bermeduna izango den birkokapen klausula jasotzea eta lan zamak jaisteko neurri konkretuak. Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu osagarri gehiago norberaren lanetarako izan behar dira, DBHn ikastoletako lan-hitzarmenean dauden neurriak ekarri behar dira eta Lanbide Heziketan bikoizketak arautzeko prozedura zein konpentsazio ordu gehigarriak behar dira.

LABek patronalei eskatzen die eskakizun gehigarri horiek mahaira ekartzeko eta bere prestasuna adierazten die negoziazioetan jarraitzeko. Izan ere, LABek Kristau Eskola eta AICE-IZEAri erantzukizuna eskatzen die eta gatazka luzatzera ez jolasteko. Egin ezean LABek ez du beste biderik ikusiko eta otsailaren 6, 7, 8 eta 19 eta 20an grebak eta mobilizazioak deituko ditu.

Negoziazio mahaiak aipatutako edukiekin deitzen ez diren bitartean, LABek gainerako sindikatuekin batera greba eta mobilizazio dinamiketan jarraituko du, diskurtso propioarekin, langileek behar dutena eskuratu arte.

Basurtuko Ospitalean langileentzako uniformeak eta erabiltzaileentzako izarak eta mantak falta dira

Bilboko Basurtuko Ospitalean aspalditik bizi den egoera salatu nahi dugu, lentzeriako material gutxi dagoelako. Hain zuzen ere, langileen uniforme eta neurri urritasun kezkagarria dago kategoria guztietan, eta, bestalde, izara eta manta falta dira ospitaleratutako pertsonen oheetarako.

Adierazi nahi dugu ikuztegi-zerbitzua (banaketa, bilketa eta garbiketa) pribatizatuta dagoela Bilbo-Basurtu ESIan, eta  Ilunion enpresari esleitu zaiola.

Uniformerik ez izateak arazoak eragiten dizkie ospitaleko langileei; izan ere, beren kategoriako koloreko jantzirik ezean, beste kategoria batzuetako koloreak eta neurri desegokiak konbinatu behar izaten dituzte. Ondorioz, ezin da identifikatu pertsona bakoitza zein kategoriatakoa den, eta langileek deseroso lan egin behar dute, egokiak ez diren neurriak jantzi behar dituztelako.

Bestalde, izararik, oheko arroparik eta mantarik ez izateak gainkarga dakarkio pazienteen oheak egiten dituzten erizain-laguntzaileen lan-zamari, beste zerbitzu batzuetara joan behar baitute jantzi horien bila. Era berean, egoera horrek zuzenean eragiten du ospitaleratutako pertsonen ongizatean.

LAB sindikatuak askotan salatu du egoera hori ESIko hainbat arduradunen aurrean, baina jakinarazi digute zerbitzua enpresa pribatu bati esleitu zaiola, eta Ilunion enpresa esleipendunari eskatu zaiola arazo horiek lehenbailehen konpontzeko. Uniformeen gaiarekin, konponbide gisa, uniformeak banatzeko sistema berri batean itxaropena jarri da, txipen bidezko sistema automatikoa duen karrusel batean, proba fasean dagoena eta egun hauetan martxan jartzen ari  dena, pixkanaka.

LABek uste du ez dela nahikoa egiten ari dena. Karrusel sistemak ekarriko dituen ustezko hobekuntzen zain, ez dugu uste sistema hori panazea eta arazo guztietarako erantzuna denik. Gainera, oheko arropa eta mantak sistematik kanpo geratzen dira. Ez da nahikoa Ilunion enpresaren kudeaketa kaskarrak eragiten dituen arazoak konpondu nahian inpintzen ari diren partxeak.

Ondorioa argia da. Arazo nagusia gure ESIaren funtzionamendu egokirako funtsezko zerbitzu baten pribatizazioa da. Berriz ere ikusten dugu zerbitzu publikoen pribatizazioak, onurak ekarri beharrean, arazoak, kalitatearen galera eta, gehienetan, gastu handiagoa baino ez dakarrela. Ez dugu ulertzen nola den posible hitzartutakoa betetzen ez duen azpikontratatutako enpresa batek diru publikoa jasotzen jarraitzea. Ez du balio kexuekin. Konponbidea kontratua bertan behera uztea da hitzartutakoa ez betetzeagatik, eta publifikazio-prozesu bat abiaraztea, ikuztegi-zerbitzua berriro publikoa izan dadin Bilbo-Basurtu ESIan. Zerbitzu honen esleipena arautzen duen baldintza-agirian bertan jasotzen denez, “Bost akta negatibo betebehar bat ez betetzetzat joko da, eta BILBO-BASURTU ESIak eskatuta kontratua deuseztatzeko arrazoia izan daiteke. Gehienez ere 30 eguneko epea egongo da zerbitzua amaitzeko, eta horrek ez du inolako konpentsazio ekonomikorik ekarriko Bilbo Basurtu ESIaren kalte-ordain gisa, eta esleipendunak fidantza galduko du“. Beraz, arazo hau urrunetik datorrenez, ez dugu ulertzen zergatik ez zaion kontratua eten Ilunioni, beste ESI batzuetan arazoak izan dituen enpresa, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta eta Santa Marinan, kasu.

Ez da onargarria Ilunion bezalako enpresa batek, ONCE Gizarte Taldekoa denak, dirulaguntza publiko ugari jasotzen dituenak, salaketa sindikal asko dituenak plantillari ezarritako lan-baldintzengatik, eta gure ESIan bost urtean 12 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua poltsikoratzen duenak (3 urteko hasierako kontratua gehi balizko bi urteko luzapenak eta gehikuntzak), hain kalitate txarreko zerbitzua eskaintzea, uniformerik eta ohe-arroparik eta mantarik ez izatea eguneroko ogia bihurtuz Basurtuko Ospitalean.

Ildo horretan, gogorarazi nahi dugu Osakidetzako zuzendaritzak osasun publikoaren pribatizazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen duela, adostutakoa ere bete gabe. Urteak dira Bizkaian ikuztegi publikoko zerbitzu bat izan behar genuela, lurraldeko Oskaidetzako zentro guztien eskaerari erantzuteko. Hala hitzartu zen gaur egun indarrean dagoen eta ordutik berritu ez den 2007, 2008 eta 2009ko Lan Baldintzen Akordioan, 12. atalean, honako hau adierazten baita: “12. ATALA – Zerbitzuak kanpora ateratzea. “Osakidetzak, akordio hau sinatzean, bere gain hartzen du erakunde publikoak Bizkairako ikuztegi-zerbitzu propio bat sortzeko berariazko konpromisoa, eta konpromisoa hartzen du zerbitzu hori akordioaren indarraldian martxan jartzeko, Osakidetzako zentroek azpikontratatutako zerbitzuak arian-arian bere gain hartzeko, dagozkien kontratuak amaitu ahala” (ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren 13. atala).

Beraz, LABetik honakoa eskatzen diegu Bilbao-Basurtuko ESIko eta Osakidetzako zuzendaritzei:

– Bilbo-Basurtu ESIan,  pleguak betetzea eta Ilunionekin egindako kontratua bertan behera uztea behin eta berriro hitzartutakoa ez betetzegatik.

– Bilbo-Basurtu ESIan ikuztegi-zerbitzua publiko bihurtzeko prozesua abian jartzea.

– Mahai Sektorialean hitzartutakoa bete eta Bizkairako garbitegi publiko bat abian jartzea, Osakidetzak herrialdean dituen zentro guztien eskaerari erantzuteko.

Kristau Eskola eta IZEA patronalek dute gizarte ekimeneko lan gatazka gainditzeko giltza, negoziazio mahaira edukiak ekarriz

Gatazka desblokeatzeko lan kargak arintzeko neurriak, langileak birkokatzeko bermedun prozedura hitzarmenean txertatzea eta langile publikokoekin soldata ekiparatzeko bidean eros ahalmena berreskuratzeko proposamena mahai negoziatzailera ekartzea eskatzen diegu Kristau Eskolak eta AICE-IZEA patronalei.

Gizarte Ekimeneko lan-hitzarmena berritzeko borrokan hamahirugarren greba eguna egin dute gaur sektoreko langileek. Gaurkoan ere Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimo gehiegizkoen aurrean milaka langile bildu dira Gasteizko, Donostia eta Bilboko kaleetan.

LABek berriro ere adierazi nahi du ikastoletan lorturikoa Gizarte ekimeneko mahaira ekarri behar dela eta bide horretan, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei eduki horiek mahai negoziatzailera ekarri behar dituela eskatzen die, lan gatazka konpondu nahi badute.

Zehazki, hurrengoa eskatu du LABek: 2024rako %15etik gorako soldata igoera, 0-2 urteko hezitzaileen soldata 2 urteko hezitzaileekin parekatzea, lan-hitzarmenean bermeduna izango den birkokapen klausula jasotzea eta lan zamak jaisteko neurri konkretuak. Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu osagarri gehiago norberaren lanetarako izan behar dira, DBHn ikastoletako lan-hitzarmenean dauden neurriak ekarri behar dira eta Lanbide Heziketan bikoizketak arautzeko prozedura zein konpentsazio ordu gehigarriak behar dira.

LABek patronalei eskatzen die eskakizun gehigarri horiek mahaira ekartzeko eta bere prestasuna adierazten die negoziazioetan jarraitzeko. Are gehiago, eduki horiek mahai negoziatzailera lehen bait lehen ekartzea exijitzen dio eta negoziazioei bide emateko eta gatazka gehiago ez luzatzeko.

Bestetik, LABek adierazi nahi du soldaten ekiparazioa langileek lortu duten garaipen handia dela eta langileen eros ahalmena berreskuratzeko tresna oso baliogarria dela. Ez dugu ulertzen sindikatu batzuek zergatik ez duten ekiparazioaz hitz egin nahi, mahai gainean dauden edukien artean %18ko eta %20ko igoerak daude, hau da, Gizarte ekimeneko langileek langile publikoen soldata berdina kobratzeko igoerak. Gainerako sindikatuei galdetzen diegu ia zergatik uko egin behar dioten langileek igoera horri. Borroka honen garaipena izan daitekeen igoera osoari uko egiten behar al zaio?

Negoziazio mahaiak aupatutako edukiekin deitzen ez diren bitartean, LAB gainerako sindikatuekin batera greba eta mobilizazio dinamiketan jarraituko dugu, diskurtso propioarekin, langileek behar dutena eskuratu arte.

Greba mugagabea TUVISAn otsailaren 10etik aurrera

TUVISAko enpresa-batzordeko ordezkariek agerraldi bat egin dute Gasteizen, eta adierazi dute, borondate onaren adierazgarri gisa eta gatazka konpontzeko asmoz, otsailaren 10era arte deitutako lanuzteak bertan behera utziko dituztela, PSOEk eta EAJk osatutako gobernu-taldeak, Administrazio Kontseilua osatzen duten gainerako alderdiekin batera, behingoz beren erantzukizuna bere gain hartuko dutelakoan, eta konponbide egoki bat lortzeko eta gatazka hori amaitzeko inplikatzea erabakiko dutelakoan. Horrela ez bada, greba mugagabeari ekingo diote otsailaren 10ean. Enpresa-batzordeak lan egingo du inork nahi ez duen egoera honetara ez iristeko.

AKT Plasticos-en greba eskubidearen alde mobilizatu gara

Gaur, urtarrilak 24 asteazkena, LAB sindikatuak deituta, AKT Plasticos-eko langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko lan arloko epaitegiaren aurrean. Ordu horretan bertan epaiketa bat egon da LAB sindikatuak AKT Plásticos enpresako zuzendaritzaren eta UGT sindikatuaren aurka jarritako demanda batengatik, negoziazio kolektiboan ordezkaritza urratzeagatik eta grebarako eskubidea urratzeagatik.

AKT Plasticos Zornotzako Zubieta industrialdean dagoen 175 langileko enpresa da eta automobilgintzarako plastikozko osagaiak egiten ditu. ELA sindikatuko 4 ordezkarik, UGTko 3k eta LABeko 2k osatzen dute enpresa batzordea.

Hilabetetan zehar, enpresako zuzendaritzak uko egin dio enpresa hitzarmen berri bat negoziatzeari, enpresa batzordearen planteamenduei entzungor eginez.

2023ko azaroan eta abenduan eta 2024ko urtarrilean 20 greba egun baino gehiago egin arren, enpresako zuzendaritzak ez du akordiorik nahi.

Are gehiago, AKT Plasticos enpresako zuzendaritzak negoziazio kolektiboaren indibidualtasuna sustatu du, eta langileei presioa egin die enpresarekin banakako akordioak sina ditzaten, ordezkaritza kolektiboa alde batera utzi eta hitzarmen kolektiboa desagertzea bultzatu duelarik.

UGT sindikatuak, negoziazio kolektiboaren indibidualtasunaren sustapenean enpresarekin aliatzeaz gain, hasieran bultzatu zuen grebarekin bat ez egiteaz gain, eskirol gisa jardun du, langile grebalariak ordezkatuz beren ordezkari eta afiliatuekin, eta, gainera, enpresaz kanpoko langileen kontratazioa erraztuz, grebalariak legez kanpo ordezkatzeko.

Hori gutxi izanik, enpresak uko egin dio greba egunak egon diren hilabeteetako nominak ordaintzeari, grebalariak are gehiago presionatzen saiatuz, egiten duen enegarren zentzugabekerian.

Legez kanpoko gertakari horiek guztiak, enpresako zuzendaritzak sustatutakoak eta UGT sindikatuaren beharrezko lankidetzarekin egindakoak, epaitegian salatu ditu LAB sindikatuak, eta gaur ari dira epaitzen gertaera horiek.

Grebarako eskubideagatik, negoziazio kolektiborako eskubideagatik, baldintza kolektibo duinetarako eskubideagatik edo jazarpen sindikala etetearen, borrokan jarraituko dugu, eskubideak ez direlako saltzen, defendatu egiten direlako.

CEBEKek atzera pausoak kendu gabe jarraitzen du Bizkaiko Grafikagintzako hitzarmenaren negoziazioan

Gaur, 2024ko urtarrilaren 23an, Bizkaiko Grafikagintzako Hitzarmen Kolektiboaren mahaiaren beste bilera bat egin dugu. Zortzigarren deialdi honetan, patronalak ez ditu negoziaziotik kendu planteamendu erregresiboak: oraindik ez du KPIari lotutako igoerarik proposatu, Aldi Baterako Ezintasunei buruzko baldintzetan atzera egiten jarraitzen du eta era berean, antzinatasuna murriztu nahi du.

Baina, horrez gain, sindikatuok negoziazio-baldintzak eta nahitaezko malgutasunari buruzko edukiak onartzearen baldintza jartzen jarraitzen du negoziatzen jarraitzeko.

LABek ez du inolako asmorik hitzarmen hau lan-baldintzen kontura eguneratzeko, ez dugu sektorean atzerapausorik onartuko eta Bizkaiko grafikagintzan bidezko hitzarmena lortzeko ilusioa dugu.

Horretarako, gure ustez, aliantzetan aurrera egitea izan behar du bideak. Baita sektorearen antolaketa eta borrokak ere. Borroka horretan sektoreko langileek hartu behar dute hitza eta argi utzi lan-baldintzetan aurrera egingo duen eta erosteko ahalmena berreskuratuko duen hitzarmen bat nahi dutela.

Hilabete barru, berriro bilduko gara eta orduan aurrerapauso garrantzitsuak ematea espero dugu, bestela mahaian blokeo gogor baten aurrean egongo ginateke.