2026-11-03
HomeUncategorizedGizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalek eta eskolek ez dute sinatutako greba amaierako akordioa...

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalek eta eskolek ez dute sinatutako greba amaierako akordioa bete nahi

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok erabaki dugu otsailean sinatutako akordioa betearazteko mobilizioei ekitea eta bide juridikoa aztertzea.

Greba amaierako akordioa otsailaren 5ean sinatu genuen Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako mahaian ordezkaritza daukagun sindikatu eta patronal guztiek. Akordioa indarrean dago sinatu zen unetik bertatik, hala dago espreski jasota akordioan bertan hamargarren puntuan.

Hiru hilabete igaro dira ordutik. Ez da betetzen ari, ordea, patronalek horretarako borondaterik ez daukatelako. Bitartean, langileek akordioa bete dute eta sinatu zen egunetik greba bertan beherea utzi zuten.

Akordioan jasotako edukiak aplikatzen hasteko eta edukiak hitzarmenean txertatzeko bilerak deitu behar izan genituen sindikatuok, patronalek ez zutelako horretarako pausorik ematen. Bilera egutegi bat adostu arren, patronalek bi bilera bertan behera utzi dituzte. Gainerakoetan akordioa betetzen hasteko oztopoak baino ez dituzte jarri. Patronalek akordioaren aplikazioa atzeratzea eta sinatu zen baldintza berri batzuk ezarri nahi dituzte. Horrela, besteak beste:

  • Ez dira hasi 2024ko soldatak adostutako kopuruetan ordaintzen eta ez dute zehaztu noiz hasiko diren ordaintzen.
  • Mahaian aurkeztutako soldata taulak behin-behineko moduan aurkeztu dituzte, Jaurlaritzaren onespenaren eta finantzaketaren menpe.
  • Adostutako lanaldi murrizketak 2023-2024 ikasturtean aplikatzeko modu murriztatzailea planteatu dute.
  • Irakasleentzat adostutako eskola orduen murrizketa hitzarmenaren artikulatuan jasotzeko trabak jartzen ari dira.
  • Enplegua bermatzeko birkokapen prozesuan kalte ordainak eta aintzinatasuna aitortzeko araubide berria alde batera utzi dute; are gehiago, birkokapen prozesuaren aplikazioa bera ere kolokan jarri dute, erretiro partzialean gerta litezkeen legezko aldaketak aitzakiatzat hartuta.

Hori guztia gutxi balitz, patronalek hitzarmenaren proposamen oso bat ez digute oraindik ere helarazi sindikatuoi, eta bidalitako zatian aldebakarrez eta akordioak jasotzen ez dituen aldaketa atzerakoiak txertatu nahi dituzte.

Jarrera horren aurrean, akordioa betearazteko neurriak hartzea erabaki dugu. Alde batetik, mobilizazioei ekingo diegu. Horrela, datorren maiatzaren 16an elkarretaratzea egingo dugu 11:30ean Kristau Eskola patronal nagusiaren Donostiako egoitzaren aurrean; eta maiatzaren 22an eskoletan elkarretaratzeak egingo ditugu. Bestalde, bide juridikoa aztertuko dugu: maiatzaren 29rako adostutako negoziazio mahairako patronalek ez badute proposamenik ekartzen akordioa sinatutako baldintzetan, demanda judizialen bidea aktibatuko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.

Mallabiko Enerpac enpresaren itxiera salatzen dugu

Errekorreko etekinak dituen multinazional batek 43 pertsona kalean utzi nahi ditu lehenago Larzep izena zuen lantegian.

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.