2025-12-24
Blog Page 155

Grebara deitu duten Nafarroako eskola-jantokietan ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatu ditugu

Kontzentrazioa egin dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurrean. Lanaldi txikiak dituen eta feminizatuta dagoen sektore batean, grebara deitu duten eskola-jantokietan ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatu ditugu, zerbitzuak eta lan-baldintzek okerrera egiteko arriskua dagoelako.

Azpimarratu dute, greba dela, askotan bezala, langile guisa duten azken aukera. Azken ordu hauetan babes handia eta kritika gutxi batzuk jaso dituzte, baina badaude. Gaur hirugarren greba eguna da Zizurreko ikastetxeetan eta gaur Patxi Larraintzar eta Bernart Etxepare zentroak gehitu dira.

Jardunaldi jarraituaren prozesuarekin, urteak daramatzate adierazten ikusezinak eta baztertuak direla Nafarroako Gobernuak antolatzen duen prozesu batetik, familien eta irakasleen esku utziz ikastetxeen etorkizuna eta eurena aukeratzea.

Baztertutako jantokietan langileak, ahotsik eta botorik gabe, ikusezinak dira prozesu honetan eta beste hainbatetan. “Eta orain funtsezkoak gara?”, galdetu dute.

Zerbait historikoa eta etorkizunerako ondorioak izan ditzakeena da Gobernuak lehen aldiz ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak kudeatzen ez dituen zentroetan, hala nola Patxi Larraintzar eta Bernart Etxeparen, langile horien grebarako eskubidea urratuz.

Beste behin ere, hezkuntza-komunitatetik kanpo geratzen dira jadunaldi jarraituak eurei eta zerbitzuari zuzenenean eragiten dienean.

Adierazi dute gezrurra dirudiela hezkuntza-komunitatean sar ditzaten eskatzea baina hala da, komunitate horren barruan funtsezko zerbitzua baitira. Txikiei arreta egokia emateko borrokan jarraituko dute, lanaldi duinak, guztiondako eskola publikoa, kalitatezkoa eta inklusiboaren alde.

Arabako CEAReko langileek esku hartze sozialeko herrialdeko hitzarmena aplika diezaietela eskatu dute

Arabako CEAReko langileek 3 orduko lanuztea eta mobilizazioa egin dituzte Gasteizko egoitzaren aurrean, erakundeak behin eta berriz uko egin baitio 2023ko maiatzean onartu zen Arabako Esku-hartze Sozialerako III. Hitzarmenaren aplikazioari buruz hitz egiteari.

Hilabeteotan langileen lan-baldintzak hobetzea negoziatzeari uko egin dioten bitartean, erakundeak jakinarazi zuen alde bakarreko erabakia hartu duela %23rainoko erantzukizuna duten lanpostuei zuzendutako soldata-igoera bat egiteko, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin. Neurri hori, besteak beste, talentua atxikitzeko eta erantzukizuneko postuetako soldatak hirugarren sektoreko gainerako erakundeen soldatetara egokitzeko premian oinarrituta argudiatu da, eta hausnarketa horretatik atera da talentu hori erantzukizuneko postuetan baino ez dagoela.

Soldaten alde bakarreko igoera hori kategoria altuenetan kontzentratzen da, erakundearen barruan soldata-arrakala areagotuz; beheragoko kategorietan, berriz, prekarietate ekonomikoko egoeran daude. Hori guztia erakundeak sustatzen dituen berdintasun eta justizia sozialaren printzipioen aurka doala uste dugu.

Arabako CEAR zentroetako langileak diskriminazio-egoeran daude esku-hartze sozialeko gainerako erakundeekin alderatuta, horiei probintziako hitzarmena aplikatzen baitzaie. Horrek esan nahi du lan-baldintzak, oro har, okerragoak direla, batez ere esparru ekonomikoan, eta urtean 5.000 € arteko soldata-aldeak daudela.

Horrez gain, lantaldeak indartzeari, oporren estaldurari eta abarri dagokienez argudio ekonomiko batean oinarrituta etengabe jaso diren ezezkoak kontuan hartuta, plantilla tentsionatu egin da, lantalde eta zerbitzu guztiak gehiegi kargatuta baitaude, eta, ondorioz, CEAR zentroen erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kalitateak okerrera egin du, zuzenean jasotzen duten esku-hartzearen kalitatea jaitsi delako. Hala ere, ez dugu ahaztu behar CEAR zentroetan artatzen diren pertsonak jada zaurgarritasun-egoera batean dauden pertsonak direla, eta egoera hori larriagotu egiten dela erakundeko langileok ditugun lan-baldintzen ondorioz.

Horregatik guztiagatik, Gasteizko eta Langraizko lantokietako langileak kalera atera dira, Estatuko gainerako zentroetan bezala, lan-baldintzak hobetzea eskatzeko: euren kasuan, Esku-hartze Sozialeko Hitzarmen Probintziala aplikatzea eskatzeko.

LABek ere parte hartuko Gernika Palestina deialdi herritarraren elkartasun aktiboko kanpainan

Gernika Palestina deialdi herritarrak martxan jarri du elkartasun aktiboko kanpaina, Palestinak Israelen aldetik bizi duen eraso larriaren aurrean. Helburu hirukoitza dauka kanpainak: Netanyahu nazioarteko epaileen aurrera eramatea, Gazan elkartasun proiektuak bultzatzea eta Palestina leku guztietan ikustaraztea.

Laguntzeko moduak ere askotarikoak dira. Batetik, dohaintza ekonomikoa (Laboral Kutxako ES0530350083240830140015 kontu zenbakian). Bigarrenik, Mundubat GKEaren dohaintza atalean ekarpenak eginez (BIZUM bidez  08736 kodearekin) eta hirugarrenik, Palestinarekiko elkartasun taldeetan parte hartuz edo era indibidualean.

Palestinako bandera etxeko balkoian jartzeko eskaria ere egin dute. Honetaz gain, kanpainaren irudiaren kartela norberak inprimatu eta komertzioetan, etxean, lantokietan eta ibilgailuetan jartzea ere proposatzen dute. Azkenik, kanpainaren ikonoak sare sozialen profiletan jartzeko eskaria ere egin dute. Banderak, kartelak eta ikonoak lortzeko aukera desberdinak daude. Batetik, www.gernikapalestina.eus webgunean eta bestetik herri eta auzoetako taldeen bitartez.

Herrietan lan egiteko deialdia ere egin dute Gernika Palestinatik, formulario bat beteta: http://bit.ly/BOL-HERRIAK

EAEko sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko Eusko Jaurlaritzak onartuko duen dekretua administrazioaren euskalduntzean jauzi egiteko aukera galdua da

Eusko Jaurlaritzak onartuko duen Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua-ren balorazio kritikoa egiten du LABek. Aurreko dekretuarekiko aurrerapauso batzuk dakartzan arren, guztiz ez-nahikoa da. Finean, dekretua berritzeko prozesu hau aukera galdua da benetan EAEko administrazioaren euskalduntzean jauzi egiteko. Batetik, euskararen normalizazio-prozesuak egun dituen aldeko baldintzak ez dituelako baliatzen; bestetik, prozesu horrek une honetan eta epe motz batean dituen beharrei eta izango dituen erronkei ez dielako erantzuten.

Administrazioaren euskalduntzeak egun dituen behar eta erronkei erantzuten ez dien dekretua.

Dekretu berriak orain arte indarrean egon den 86/1997 dekretuarekiko aurrerapauso batzuk dakartzala diogu, baina ez da lorpen esanguratsua, izan ere hau onartu zenetik 27 urte igaro dira. Hiru hamarkada hauetan administrazioaren euskalduntzean urrats nabarmenak eman diren arren, dekretu honek ez du anbizioz jokatzen eta ez du planteatzen aurreratutako hori baliatzea jauzi kuantitatibo eta kualitatibo berriak emateko. Baina horrekin batera, ez du kontuan hartzen ere jendartean euskararen ezagutzak izan duen hedatzea, bereziki adin tarte gazteenetan. Horrek administrazioaren hizkuntza-eskakizunen eskaera anbiziosoagoa egitea ahalbidetzen du, besteak beste, dekretu honekin egiten ez dena.

Aukera horiek ez baliatzeaz gain, kezkaz baloratzen du LABek dekretuak ez dielako behar bezala heltzen administrazioaren euskalduntzeak une honetan dituen beharrei eta epe motz batean heldu beharko dien erronkei.

Horrela, administrazioaren euskalduntzearen aurka azken garaian areagotzen ari den ekinbide judizialari aurre egin eta babes juridikoa eskaintzeko beharrari ez dio behar bezala erantzuten dekretu honek.

Horrekin batera, dekretuak datorren garaiko erronka nagusiena izango den itzulpen-automatikoari ere ez dio erronkak eskatzen duen tamainan heltzen.

Administrazioaren euskalduntzean gertatzen ari den distentsioan are gehiago sakontzeko arriskuak areagotzen dituen dekretua.

Azken urteetan administrazioaren euskalduntzean tentsioa nabarmenki galtzen ari dela salatu izan du LABek hainbatetan. Bada dekretu hau ez dator apalaldi kezkagarri hori iraultzera. Helburu hori ez du jasotzen ere. Aipatu inertzia konformista horretan beste urrats bat da. Euskara lan-hizkuntza gisa hedatu nahi dela adierazten da, baina ondoren horretarako ez da benetako neurri multzo eraginkor eta indartsurik jasotzen, eta ez da norabide horretan bultzada irmorik transmititzen.

Tentsio galtze horretan sakontzeko arriskua dute ere dekretuan jasotzen diren euskara maila egiaztapena malgutzea edo hizkuntza-eskakizunen asimetria bezalako neurriek. Eskakizun maila jaitsi edo moldatzeak bere aukerak dituen bezala, arrisku nabarmenak dituen apustua da. Egiaztapen orokor eta ia mugagabe hori egiaztatutako ezagutza-mailarekiko errealki baliokidea ez bada, administrazioak bere buruari sartutako ziria izango da, euskaraz arreta eskaini eta lan egitea oztopatuko duena. Iruzurrerako ihesbide zabal bat zabaltzen ari ote ez den kezka du LABek.

Administrazioa euskalduntzeak ezin du prozesu betierekoa izan.

Euskara-planen eta dekretuen ohikeriazko sekuentzia hori ezin da betierekoa izan, administrazioaren arduradun politikoek hori adieraztera ematen duten arren. Euskararen normalizazio-prozesuak helburu jakin bat du, administrazioak normaltasunez eta osoki euskaraz lan egin eta zerbitzua euskaraz eskaintzea, eta helburu hori argi eta garbi jaso beharko litzateke dekretu honetan ere. Ez hori bakarrik, hori lortzeko epemuga eta urrats zehatzak jaso beharko lirateke ere. Horretarako baldintzak egon badaude eta euskal herritarren gehiengoak hori eskatzen du.

Horri begira, Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek duela bi urte EAEko administrazio publikoa 15 urtetan euskalduntzeko proposamen errealista eta lorgarria aurkeztu genuen. Hori aurrera eramateko borondate politiko zintzoa da behar dena.

Administrazioa euskaldundu ahal izateko euskara lege berria eta hizkuntza-politika berria.

Dekretu honek 1982tik indarrean dagoen Euskararen Legean du oinarria. Dekretu hau ordezkatzera datorren 1997ko dekretua zaharkitua baldin badago, zer esanik ez 15 urte zaharragoa den legea. Araudi eta hizkuntza-politika zaharkituak eta euskalduntzearen egungo beharrei eta erronkei erantzuten ez dietenak. LABen ustez instituzioek Euskararen Lege berri egokia onartzeko eta hizkuntza-politika berri eragingarria aplika dezaten garaia da.

SAPAko langileek mobilizazioei ekitea erabaki dute lan-baldintzak hobetuko dituen lan-itunaren alde

Gaurtik hasita, eta otsaila bukatu arte, astearte eta  ostegunero ordubeteko lanuzteak egingo dituzte. Negoziaketan zuzendaritzak erakutsitako jarrera inmobilista aldatzen ez den bitartean eta langileen aldarrikapenak jasotzen dituen proposamen serio bat mahai gainean izan arte, protesten dinamikarekin jarraituko dute.

Martxoaren 12ko EAEko zerbitzu publikoetako grebaren atariko, erregistroa eta elkarretaratzeak

LAB, ELA,CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok greba erregistratuko dugu otsailaren 28an, eta martxoaren 5ean elkarretaratzeak egingo ditugu lan zentroetan. Salatu nahi dugu erakundeek ez dutela pausurik eman sektore publikoko lan baldintzak eta zerbitzua hobetzeko, eta alderdiak interpelatzen dituzte bide horretan pausoak eman ditzaten.

Sindikatu deitzaileok grebaren prestaketarekin jarraitzen dugu. Hori dela eta, datorren asteazkenean, otsailaren 28an, greba erregistratuko dute Eusko Jaurlaritzako Bilboko Lan Delegaritzan, eta segidan elkarretaratzea egingo dute 11:00etan. Egun eta ordu berean, elkarretaratzeak ere egingo ditugu Gasteizen Santiagoko Ospitalean eta Donostiako Foru Aldundiko Jauregiaren aurrean.

Horretaz gain, martxoaren 5ean elkarretaratzeak egingo dituzte lan zentro publikoetan. Horrela, langileek grebarekin bat egiteaz gain, beraien erakundeei eskatuko diete zerbitzu publikoen eta horiek ahalbideratzen dituzten langileen alde egin dezaten. Zehazki, honako eskaerekin:

  • Estatutik datozen mugak ez onartzea, Madrilen inposiziorik eta betorik gabe.
  • %10eko soldata igoera, eta aurreko zorra berreskuratzeko konpromisoa.
  • Pribatizazioari atea itxi eta publifikazio planak adostea.
  • Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna %8tik behera kokatuz.
  • Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.
  • Politika feministak, berdintasun plan erreal eta eraginkorrak adostea.
  • Administrazioak eta langileak euskaldundu.
  • Jardunaldiaren murrizketa, 32 orduko lan astearen norabidean ipintzea.

Produktu kimiko arriskutsuekin lan egiteagatik Oñatiko Autlan EMD enpresako langile bati ezintasun iraunkor osoa aitortzea #LortuDugu

Eibarko lan-arloko epaitegiak arrazoia eman dio LABi, eta Oñatiko Autlan EMD enpresako, lehengo Cegasa, langile bati ezintasun iraunkor osoa aitortu dio, produktu kimiko arriskutsuekin lan egiteak osasunean utzi dizkion kalteen ondorioz.

Epaiak frogatutzat jotzen ditu langilearen osasunean eragindako kalte larriak. Oso arriskutsuak diren produktu kimikoekin lan egin arren, enpresak ez zuen 2018. urtera arte ezarri arnasketa-ekipo espezifikoak erabiltzea, eta ordura arte zeuden babes neurriak ez ziren nahikoak, epaiak argi uzten duenez.

Halaber, epaiak onartu du LAB sindikatuko lan-osasuneko teknikariek egindako salaketa, hau da, enpresak ez duela babes-ekipamenduen doikuntza-probarik egin kutsatzaileen kontzentrazioa zehazteko, eta hori nahitaezkoa dela ekipamendu horiek erabiltzeko.

Kasu honek erakusten du lan asko egiteke dagoela patronalak langileen segurtasuna eta osasuna berma ditzan, eta bere onura ekonomikoak langileen osasunaren gainetik lehenesten jarraitzen duela. LABek babes osoa adierazten die langileari eta gainerako lankideei. Langileen osasuna eta segurtasuna defendatzen jarraituko dugu.

Patronalak ez du prebentzio araudia betetzen gobernuek horretarako bide ematen diotelako. Gobernuak ez ditu patronalaren interesak ikutu nahi, ez ditu beharrezkoak diren bitartekoak ipintzen prebentzio araudia betetzen dela egiaztatzeko eta, praktikan, zigorgabetasuna bermatzen die. Egoera latz honen aurrean, langileok borrokatu egin behar dugu gure eskubideak onar daitezen.

Azkenik, Mutualiaren papera salatu nahi dugu, berriro ere langileari bere gaitz larria aitortzearen aurka agertu baita, haren kostu ekonomikoa bere gain ez hartzeko. Mutualitateek, langileen osasuna zaindu beharrean, beren interes ekonomikoak lehenesten dituzte. LABek, beste behin ere, mutualitateak publiko bihurtzea eta osasun-sistema publikoan integratzea eskatzen du.

Zaintza lanak aitortzea eta banatzea beharrezkoa da soldata-arrakalarekin amaitzeko

Otsailaren 22a da soldata-arrakalaren aurkako eguna. Aurten, zaintza lanak aitortzea eta banatzea eskatuko dugu, beharrezkoa baita soldata-arrakalarekin amaitzeko. Gainera, mobilizazioa egingo dugu Iruñean, 10:00etan, Merindadeen plazan.

Soldata-arrakala sexuaren araberako enplegu eta lanaren banaketa desorekatuaren ondorio da. Emakumeok* egiten dugun lana debaluatuta dago eta soldata-arrakala egiturazkoa da. Iturri ofizialek emandako datu orokorrek ez digute errealitate gordina ikusten uzten. Gaur egun, Euskal Herrian ez da soldata berdina kobratzen balio bereko lana egin arren; sexuaren arabera desberdina da.

Emakumeok* egiten ditugun lanak zaintzari loturikoak dira hein handi batean, eta hor dago gakoa: ez zaio balio bera ematen pertsonak zaintzeari edo gurpilak ekoizteari.

Emakumeoi* ematen diguten zaintzaile rola enpleguaren eremutik harago doa: zaintzari lotutako lanpostuak guztiz feminizatuak daude eta enplegutik kanpoko zaintza lanak ere emakumeei* egozten dizkigute. Horrek prekaritatean eta soldata arrakalan eragin zuzena dauka: zaintza ardurek enplegu prekarioagoak (lanaldi partzialak…) onartu behar izatera garamatza; adibidez, ostalaritzan edo jangeletan; eta baita zaintza baimenak edo zaintza lanetarako jardunaldi murrizketak hartzera ere. Horrek gero penalizazioak dakartza emakumeentzat*.

Zaintza lanek ez daukate inolako aitortza ekonomikorik eta sozialik, eta ez dugu Zaintza Sistema Publiko Komunitariorik. Emakumeon* lanari esker sostengatzen dira, eta, bitartean, gizonek ez zaintzeko pribilegioari eusten diote.

Patronalak zein instituzioek honetan duten erantzukizuna seinalatu behar dugu: instituzio publikoak generoagatiko soldata-arrakalaren erantzule zuzenak dira; zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzten bakoitzean zaintza lanekin negozioa egitea sustatzen dute. Erantzukidetasun politikak bultzatzeari uko egiten ari dira, gainera.

Horren aurrean, LABetik honakoa aldarrikatzen dugu:

  • Zaintza lanak era justu batean banatu eta baloratzea. Hori horrela ez den bitartean, soldata arrakala mantendu egingo da.
  • Zaintza sistema publiko komunitarioa garatzea.
  • Sexuaren araberako lan banaketarekin amaitzea eta lan eta enplegu guztien birbalorizazio bat egitea. Horretarako, bizitzaren sostengarritasun faktorea aplikatuko genuke.
  • Hitzarmen kolektiboetan lanpostuen balorazio feministak sartzea.
  • Zaintza eta bizitzaren sostengurako beharrezkoak diren lan guztiak emakumeon* gain jarri dituzte eta doakoak dira; sistema kapitalistak eta jendarte osoak atera dio horri probetxua. Horren aurrean, zor patriarkala deitu diogun zuzenketa faktorea aplikatzea proposatzen dugu.
  • Lanaldia murriztea, soldata txikitu gabe: zaintzeko denborak bermatu.
  • Zaintza sektoreko lan baldintzak hobetzea.

Bi orduko lanuzteak deitu ditugu otsailaren 27an, martxoaren 12an eta 26an,  8:00etatik 10:00etara, Nafarroako zahar egoitzen sektore osoan

Hiru urte daramatzagu borrokan Nafarroako zahar egoitzen sektoreko lan- eta bizi-baldintzak hobetuko dituen lehen hitzarmen sektoriala lortzeko. Baina ez Nafarroako Gobernuak, ez patronalek, ez dute benetako negoziazio bat aktibatzeko prestasunik, eta ez dute negoziazio-mahai berririk deitu.

Negoziazio hau desblokeatzea premiazkoa eta beharrezkoa da sektoreko langileentzat, eta horixe da LAB sindikatuak azken hilabeteotan eskatu duena. Mobilizazioak, okupazioak eta desobedientzia ekintzak egin ditugu, eta uste dugu une egokia dela beste pauso bat emateko eta sektorean bi orduko lanuzteak deitu ditugu, eta ez dugu baztertzen etorkizunean grebak deitzea.


LABek Nafarroako zahar egoitzen lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazio-mahairako deialdia egiteko data bat exijitzen du. Sektoreko langileen egoera kontuan hartuko duen eta sektoreko prekaritatea behingoz irauliko duten edukiak mahai gainean jarriko dituen benetako negoziazioa eskatzen dugu.

Zuzenean eskatzen diegu Nafarroako Gobernuari, hitzarmenaren edukiak desblokeatzeko giltza den heinean, eta patronalei  sektorearentzat ezinbestekoak diren gaiak kontuan har ditzatela eta ahalik eta lasterren deitu dezatela benetako edukiak izango dituen negoziazio-mahai batera.

Zahar egoitzetako langile guztiak beren lantokietan mobilizatzera animatzen ditugu, otsailaren 27an, martxoaren 12an eta 26an bi orduko lanuzteak egin ditzaten. Elkarrekin indartsuagoak gara. Nafarroako  zahar  egoitzen lehen lan hitzarmena lortu arte borrokan jarraituko dugu.