2024-07-27
HomeEkintza SindikalaOsakidetzako zuzendaritzak beste behin ere iskin egin dio langile faltaren arazoa konpontzeari...

Osakidetzako zuzendaritzak beste behin ere iskin egin dio langile faltaren arazoa konpontzeari eta aparteko orduen bidez ezarri nahi du adabakia

Astebete igarota, gaur beste mahai sektorial bat egin da, baina horrek ez du esan nahi zuzendaritzak edozelako negoziazio kolektiboren aurrean izan ohi duen blokeo-jarrera baztertu duenik; aitzitik, behartuta ikusi du bere burua, urte luzez bere erantzukizuna saihestu ostean, egoera kaotiko honi behin-behineko erantzuna ematera.

Udaren atarian gauden honetan, Lehen Mailako Arretako zentroen % 40k bakarrik funtzionatuko dute normaltasunez: Etengabeko Arretako Puntuek 1.000 txanda baino gehiagoko langile-defizita dute udan betetzeko, eta larrialdietan egoera kaotikoa da arrazoi beragatik. Era berean, eta herritarrei emandako zerbitzuen gainbehera horren aurrean, ospitaleko larrialdietan ere ez da errefortzurik planteatu kalte horien ondorioei aurre egiteko. Hain zuzen ere, Txagorritxuko larrialdietako lankideek argi utzi dute asteburu honetan, beste behin ere, zer gertatzen ari den larrialdi-zerbitzuetan, eta egungo kudeatzaileen utzikeria ikusarazi dute.

Hutsune handia sortuko denez, zuzendaritzak epe laburreko neurriak planteatu ditu berriro, urtez urte narriadura handiagoa izatea eragiten duten neurri berberak, hain zuzen ere. Autokontzertazioa, aparteko orduak eta deribazioak/pribatizazioak baino ez ditu planteatzen zuzendaritzak, beste urte batez egiturazko arazo larriak alde batera utzita.

Zuzendaritzak planteatzen duen “negoziazioa”, autokontzertazioan zentratzen dena (aparteko orduak), plangintzarik eta konponbiderako borondaterik ezaren ondorio da. Bada, horren aurrean lau kontu plazaratu ditugu LABetik:

  • Udan, Gabonetan, eta azkenaldian are Aste Santuan gertatzen den egoera ez da koiunturala, urtez urte errepikatzen da, eta, hain zuzen ere, “koiunturaltasun” izaera hori emateak eragiten du egoera onbideratzeko neurri sakonik ez hartzea. Zuzendaritzak koiunturaltasuna aipatzen du bere erantzukizuna ezkutatzeko, eta ekintza burutuen egoera bat ezartzen saiatzen da herritarrentzako, Osasun Sailak planteatutako “aldaketa kulturalak” markatutako ibilbide-orria normalizatze aldera.
  • Neurri horiek erabat zapuzten dute lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliaziorako aukera oro. Lan-karga handitzen da, atsedenaldiak gutxitzen dira eta estres-egoerak areagotzen dira, funtsezko zerbitzu asko itxi eta murrizten direlako, eta, beraz, pentsatzekoa delako lana zaildu egingo dela. Gogoan izan behar da, era berean, plantillaren zati handi baten egoera psikosoziala, muturreko akidura eta burn-out koadroak baitituzte. Gainera, autokontzertazioak soldata-arrakala areagotzea dakar.
  • Urtez urte eta hamarkadaz hamarkada luzatu da plangintza iraunkorrik gabeko egoera, eta horrek oso egoera larrian jarri du Osakidetza. Testuinguru horretan, lankidetza publiko-pribatua sartu nahi dute ekuazioan. LABek inola ere ez du onartuko negoziazio sakon oro (2008tik datorren hitzarmena berritzea, esaterako) blokeatzen urteak daramatzan zuzendaritzak egoera kritikoaz hitz egitea, ustekabekoa balitz bezala. Beste behin ere, aurreikusi egin zitekeen, eta azken mahai sektorialean adierazi zuen bezala, urte askoan proposamenik egin ez denez, LABek zalantza bakarra dauka: ea egoera horrenbeste tenkatzearen arrazoia zuzendaritzaren gaitasunik eza izan den edo, aldiz, bilatutako eszenatoki bat izan ote den.
  • Hori gutxi balitz, proposamena erabat diskriminatzailea eta arbuiagarria da, erizaintza eta medikuntza kategoriak bakarrik hartzen baititu kontuan. Argi dago zuzendaritzak sindikatu korporatiboen babesa bilatzen duela neurri onartezin horiek aurrera ateratzeko.

Ezin da onartu negoziazioa horrela bideratzea, ordu estren prezioetan zentratuta, aurreikus zitekeen lehen mailako larrialdi asistentzial baten aurrean gauden honetan. Osakidetzan lan egiten duten pertsonek oporrak hartzeko eskubidea dute, bai, noski, eta bizitza pertsonala eta lan-bizitza uztartzeko eskubidea ere badute. Beraz, eskubide horiek kontuan hartuta zehaztu beharko litzateke plantillaren tamaina. Herritarren osasun-arreta ezin da profesionalen aparteko orduak egiteko prestasunaren menpe utzi. Kontziliazio-eskubideen aurkako erasoa da egiturazko gabezia guztia langileen bizkar uztea.

Autokontzertazioaren negoziazioa, planteatzen ari den bezala, salerosketa kutsuko negoziazioa da, eta LAB ez da inoiz joko horretan sartuko. Plantilla egonkortzeaz gain, berau handitzeko estrategia bat markatu behar da, eta lan-baldintzak hobetu behar dira hori lortzeko. Plantilla behar bezala dimentsionatzeko ahalegin guztiak egiten ez diren bitartean, autokontzertazioa negoziatzeak epe ertain eta luzerako konponbideak bilatzea eragozten duen zurrunbiloa dakar, eta egiturazko arazoak arazo ekonomiko huts bihurtzen ditu. Konponbidea ez da hain erraza, eta halako neurriek benetako konponbidea atzeratzen dute.

Bestalde, hauteskunde sindikalen prestaketak aurrera darrai. Urtearen amaieran egingo dira, eta azkenean, Osakidetzako zuzendaritzen erruz urteetan blokeatuta egon ondoren, ordezkaritza sindikalak berritu egingo dira, behingoz amaiera emateko hauteskunde sindikalik izan gabeko tarte honi, hamarkada bat baino gehiago luzatu denari.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz

Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.