2026-10-01
HomeEkintza SindikalaLizarrako osasun barrutiko etxeko ospitalizazioa, ixteko arriskutan berriz ere

Lizarrako osasun barrutiko etxeko ospitalizazioa, ixteko arriskutan berriz ere

Lizarrako Osasun Barrutiko kudeatzailetza ez da gai arazoari konponbide bat bilatzeko, eta litekeena da uda osoan herritarrak etxeko ospitalizaziorik gabe uztea berriz ere, arretarako funtsezkoa den baliabide hori kenduta. Gure sindikatutik salatu nahi dugu kudeatzaileak eta zerbitzuburuak ez dutela deus ere komunikatu itxiera horri buruz eta ez dutela gaitasunik herritarren eta langileen kalterako izanen den egoera hori konpontzeko.

Ez da Osasunbideak Lizarrako herritarrak bigarren mailakoak direla erakusten duen lehenengo aldia. Etxeko ospitalizazioaren itxierak, itxura batean uda guztirako izanen denak, argi eta garbi erakusten du plangintza txarra egin dela, eta, horren ondorioz, erabiltzaileen eta langileen eskubideen urraketa gertatuko da.

Izan ere, orain garrantzitsuena itxaron-zerrendak direla aitzakia hartuta, estaldurarik gabe uzten ari dira hala paziente kronikoa, nola Lizarrako osasun eskualde osoko oinarrizko osasun laguntza. Gure sindikatutik behin baino gehiagotan salatu dugu eskualde hori desegiteko ahalegina, bai eta prozesu anbulatorioen aldeko apustu garbia ere, alde batera utzita herritarren arreta integrala.

LAB sindikatuan argi daukagu profesionalen lan onari esker mantentzen dela hango jarduera, baliabide material eta pertsonalen eskasia handia dagoelako. Lizarran behar bezalako osasun etxerik ez egotea, arreta ginekologikoan gertatzen diren atzerapenak, espezialisten falta endemikoa, osasun etxeetako langile falta eta abar Lizarrako eskualdeko arretaren hondamendiaren isla besterik ez da, zeinaren ondorioz herritarrak kanpora joan beharko baitira arreta duina jasoko badute.

Lizarrako osasun eskualdean bizi diren pertsonen kopuruak nabarmen gora egin duen arren, udan bisitari gehien izan arren eta jarduerak behera egin ez duen arren, osasun barrutiak erabaki du etxeko ospitalizazioa ixtea, langile fakultatiborik ez dagoela argudiatuta, baina hori duela hilabete batzuk aurreikusita eduki beharko lukete. Ezin dute esan etxeko ospitalizazioaren jarduerak behera egiten duela udan; aitzitik, iazko abuztuan okupazio-indizea % 82tik gorakoa izan zen, Iruñekoa eta Tuterakoa baino handiagoa, eta horrek Lizarrako ospitalearen funtzionamendu egokia ahalbidetu zuen.

2023. URTEA
OHEAKOKUPAZIO INDIZEAETXEKO OSPITALIZAZIOEN %, GHO-KO GUZTIEN ALDEANOSPITALIZAZIOAK
UZTAILA12% 79,3% 13,737
ABUZTUA12% 82,8% 9,229
IRAILA12% 70,6% 10,129
METATUA12% 82,5% 11400

Zerbitzua ixten bada, pazienteak Iruñera bideratuko dira, eta, horrez gain, lan-karga handiagoa izanen dute bai Lizarrako Ospitaleko ospitalizazio arloko langileek, bai oinarrizko osasun laguntzako langileek, haien jarduera handituko baita ezinbestean.

Argi utzi nahi dugu profesionalek atsedenerako eta oporretarako eskubidea dutela. Kudeaketa-lanetan dauden gabezien erantzuleak ez dira langileak. Gure sindikatuak zerbitzu horren itxiera salatu du Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailearen eta Osasuneko kontseilariaren aurrean, zeinak erabakiaren ondorioez erabat jakitun baitira. Osasun eskualde honen egoera tamalgarria da, eta, orain, beste ziri bat sartu nahi diote gurpilean, argi utziz gure kudeatzaileek ez dutela interesik osasun arreta berdina izan dadin Nafarroa osoan.

Idazki honen bidez, ospitalizazio zerbitzuaren jarduera mantentzea eskatzen dugu, eta gure laguntza eskaintzen diegu egoera honen kudeaketa txarraren ondorioz kaltetuak gertatuko diren profesionalei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...