2025-12-24
Blog Page 152

Natra Oñatin aurreakordioa #LortuDugu

2022tik hitzarmena berritu gabe pasa eta gero, 2023 osoa negoziatzen egon ondoren, eta enpresaren aldetik mespretxua besterik jaso ez dugun honetan, gaur, 2024ko martxoaren 1ean, aurreakordio bat sinatzera iritsi gara bi aldeak.

Komitearen aldetik, hasieratik eskakizun hauek egin genituen:

-Ultraaktibitate mugagabea.
-KPIaz gaindiko soldata igoerak.
-Aldizkako langile finkoak, lanaldi partzial mugagabeko kontratu finkoetara igarotzea automatikoki, kontratu horrekin 18 hilabete igaro ondoren.
-Errelebo-kontratoa egitea baldintzak betetzen dituzten langileei.
-Lehen mailako ofizialeko kategoriak %18tik %20ra igarotzea.
-Lehen mailako A ofizialeko kategoriak progresiboki igotzen joatea 100 pertsonaraino hitzarmenak irauten duen urteetan.
-4 errelebotara dauden langileen baldintzak hobetzea.
-Inaplikazio klausula.

2023ko abenduaren 18an, mahai negoziatzailea blokeo egoera batera iritsi zen, enpresak 4. erreleboa flexibilitate osoz erabiltzeari uko egin geniolako. Natrako langileon lan baldintzak okertzea ez genuela onartuko esan genielako. Ondorioz, enpresa mahaitik altxa zen. Ordutik, enpresak ez digu mobilizazio planteamendu batean sartzea ez den beste irtenbiderik utzi, eta hala erabaki genuen. Grebak, manifestazioak, kotxe karabanak, eserialdiak, kontzentrazio zaratatsuak… Gaur da eguna, mahaian eseri eta akordio duin batera iritsi garena. Hau izan da sinatutako aurre akordioak eman duena:

-2023-2025 aldia: enpresak uko egiten die malgutasun neurriei.
-Ultraktibitate mugagabea.
-Inaplikazio klausula enpresak onartuta.
-Aldizkako kontratu finkoak: 24 hilabeteko epean 18 hilabete lan egin ondoren, kontratu finko etenak automatikoki finko mugagabeetara igaroko dira lanaldi partzialean.
-Soldata igoerak:
2023: KPI
2024: KPI + %0,9
2025:
KPIa %3a baino handiagoa bada; KPI + %0,5.
KPIa %3a baino txikiago bada; KPI + %1.
-Enpresak errelebu kontratua onartzen du.
-Lehen mailako ofiziala: 2026ko hurrengo berrikuspenean %18tik %20ra pasako da, beti ere lanpostuan 12 urteko antzinatasuna badu.

-1. A mailako ofizialen kategoriak gehitzen joango dira 2025 arte.
2023: 85.
2024: 90.
2025: 95.
-Laugarren txandak, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako hurrengo ondorio ekonomikoak izango ditu:
Larunbateko plusa: 100 euro.
4. txandako plusa: 75 euro hilean.
61 urtetik gorako langileek laugarren txandatik kanpo gelditzeko aukera izango dute.

Hasierako plataformaren helburu batzuk lortzeke gelditu dira, baina ezin da ukatu akordio duina lortu dugunik. Aldarrikapen guztiak lortzeko lanean jarraituko dugu. Orain, langileek erabaki beharko dute negoziaketek eman dutena onartu edo borrokan jarraitzea. LAB sindikatuak, bederen, akordioa ontzat eman du orain bertan bukatu berri dugun batzarrean.

Borrokak merezi du!

Konpromiso zehatzak eskatu dizkiegu instituzioei, Mecaner zabalik mantentzeko agertoki berriak zabaldu ahal izango dituztenak

Aste honetako asteazkenean eta ostegunean Mecanerreko langileok bilerak izan ditugu Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordearekin eta Industria sailburuordearekin, hurrenez hurren. Ez da beraiekin egiten dugun lehen bilera, badakite zer egoera dugun eta zer prozesu egiten ari garen. Bi bilera horietan galdetu diegu zer egin behar zuten Mecaner itxi ez zedin, eta zer konpromiso hartu behar zituzten plantillarekin.

LAB sindikatuko ordezkariok, trantsizio ekosozialeko planarekin aurrera eramaten ari garen estrategiari jarraituz, Mecanerren etorkizuna ziurtatzeko irtenbideak bilatzeko eskatu diegu. Zehazkiago, Industria sailari hau exijitu diegu: Stellantis-ekin prozesuan bitartekari izatea, itxiera ez gauzatzea exijitzea edo alternatibak bilatzea, diru publikoa inbertituz, laguntza publikoak emanez edo inbertsoreak bilatuz. Azken finean, parte aktiboa izan behar dutelako konponbideak bilatzen. Haien erantzuna bide-laguntza besterik ez da, inolako iniziatiba hartzeko asmorik gabe, eta uko egin nahi diete dagozkien erantzukizunei.

Ez dugu ulertzen bizi dugun une erabakigarriaren aurrean, erakundeak alde batera jartzen jarraitzea eta erantzukizunik ez hartzea enpresaren, eskualdeko industria-sarearen eta bertako langileen etorkizuna bermatzeko.

Erakunde publikoen inplikazio aktiboa funtsezkoa da. Agertoki berriak ireki eta Mecaner irekita edukitzeko urratsak eman ditzaketen konpromiso zehatzak hartu behar dira.

Larunbatean hitzordu garrantzitsua dugu Urdulizen, enpleguaren defentsan eta eskualdearen etorkizunaren alde. Bete ditzagun kaleak eta herri gisa erantzun dezagun. Entzun gaitzatela!

1.376 bozka eta 58 delegaturekin, LAB sindikatua da EAEko administrazioko langileen sindikatu nagusia

Milaka izan dira azken hilabeteetan zerbitzu publikoen lantokietako hauteskunde sindikaletan parte hartzeko aukera izan duten langileak. Horren ondorioz, bestelako proposamen sindikalen artetik LAB izan da ordezkaritza handienarekin gailendu den sindikatua. Bide horretan, langileek argi adierazi dute zerbitzu publikoen ahultze sistematikoarekin amaitzeko unea heldu dela, eta, orain arte bezala, bihartik aurrera ere zaindu, hezi, osatu eta artatzen gaituen sistema publiko komunitarioa indartzen jarraitzeko konpromisoari lotzen zaio LAB sindikatua.

Eusko Jaurlaritzan azaroan egindako hauteskunde sindikalen behin betiko emaitzak ezagutu dira otsailaren 29an. Bertan, bozka eta delegatu gehiago lortu ditu LABek, eta, horren ondorioz, lehen indarra bilakatu da administrazio publikoan (Eusko Jaurlaritza, Lanbide, Osalan eta Ibaiondoko langileen ordezkaritza osoarekin).

Enplegua sortu eta egonkortzearen aldeko aldarriak langileen bultzada izan du. Bai udazkenean eginiko grebetan, bai zaintza sistema publikoa defendatzen azaroan. Eta izango du martxoaren 12an ere. Hemen lan egiten dugunok hemen erabaki nahi dugu. Eta ez zaizkigu onargarriak iruditzen Madrilek inposaturiko soldata eta birjarpen mugak, ezta Gasteizko eta Iruñeko gobernuen negoziazio kolektiborako antzerkiak ere.

Gauzak horrela, gobernuek ezarritako hitzarmenaren ukapena gainditzeko lanean jarraituko du LAB sindikatuak. Zerbitzu publikoetako langileen ordezkari nagusia izanik, aurrerantzean ere erantzukizunez eta gardentasunez jarraituko dugu lanean. Egonkortze prozesuen amaieran bermeak ezarriz, feminismoa gure lan-baldintzetan ezartzeko eraginez, euskara lanerako tresna izan dadin jardunez eta Jaurlaritzako langileon beharrei erantzungo dieten baldintzak sortzera bultzatuz.

Greba egun arrakastatsua Amazonen, enpresak langileen asmoei jaramonik egiten ez dien bitartean

Gaurko greba egunaren balorazioa oso positiboa da, parte-hartzea erabatekoa izan dela esan dezakegu. Plantilla finkotik arduradun gehienak sartu dira, baina kontuan izan behar da arduradunek ez dutela pakete bat bera ere ukitzen, eta, beraz, oinarrizko langileek ez badute lan egiten Amazoneko operatiba guztia ez da ateratzen.

Gabonetatako greba egunekin konparatuz, aldi baterako laneko enpresak ez du atera ekoizpena, MANPOWEReko langileek grebarekin bat egin dute eta.

Berriro ere, Amazonek ez dio ezer eskaini bere plantillari. Bere eskaintza bakarra 3 langileri 3 zigor gutun jartzea izan da. Hau da Amazonek negoziaziotzat ulertzen duena. Negoziazioa beldurrean eta mehatxuetan oinarritu nahi dute, baina langileak inoiz baino elkartuago daude eta ez dute amore emateko asmorik xantaien aurrean.

Gaur eta bihar Amazoneko langileak greban daude prekaritatearen aurka eta lan zentro seguru batean lan egin ahal izateko. Bi aldarrikapen hauek lortzeko Amazonek hainbat kontu negoziatu behar ditu: soldata KPIari lotuta, jai egunak, larunbat eta igandeetako plusa lortzea, gaueko lanaldia, oporrak, antzinatasuna, garraioko gastuak, flexibilitatea, laneko segurtasuna, azpikontratutako enpresentzako subrogazioa…

LABek beste greba egun baterako deialdia du biharko, baina enpresaren jarrera mugiezina ikusita, ez dira azken mobilizazioak izango langileen lan-baldintzak hobetzeko.

SKOLAEren kontrako azken erasoa salatzen dugu

Administrazioari eskatzen diogu har ditzala beharrezko neurriak ikastetxeetan aniztasunaren aldeko programa hau aurrera eramaten dela bermatzeko. Hezkidetzan eta feminismoan oinarritzen den programaren aurkako enegarren erasoa da hau, eta LAB sindikatuan ez dugu onartuko horrelako eraso gehiagorik!

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du, bigarren aldiz, SKOLAE programa barne hartzen duen Nafarroako Gobernuaren 2021-23 aldirako hezkidetza plana, tramitazio akatsak argudiatuta.

2020an ere salatu genuen, eta behin eta berriz salatuko dugu! Ez al zuen Hezkuntza Departamentuak tramitazio akats hura zuzendu? Edo epaitegietatik datozen erasoen aurrean entzungorrarena egin eta ez du horiei erantzuteko egiazko borondaterik? LABetik, azalpenak emateko exijitzen diogu Hezkuntzari, dela Gil Sevillano zuzendari orokorraren bidez, dela Gimeno kontseilariaren bidez.

LABek erabateko konpromisoa adierazi nahi du bai SKOLAE programarekin eta bai berau bultzatu eta ikasgeletara eramaten duten profesionalekin. Nafarroako botere faktikoek, baina, beren esku dauden trikimailu guztiak erabiltzen dituzte SKOLAEren aurka egiteko, eta agerian gelditu denez, Hezkuntza Departamentuak ez du egoerak eskatzen duen adinako erantzunik ematen berea ere baden programa hau behar bezala defendatzeko.

Lehentasunezko kontua da irakasleek eta gainerako langileek formazioa jasotzea eta ikasketa-proposamenak izatea, horrela soilik lortuko baitugu ikasleak berdintasunean heztea, sexismoa eta matxismoa ahultzea eta hezkidetza bultzatzea.

Hori dela eta, LABek ez du SKOLAEren aurkako eraso gehiagorik onartuko!

Envases multinazionalak 68 kontratu iraungitzeko Enplegu Erregulazio Espedientea aurkeztu du

Envases Universal 7 lantoki dituen multinazionala da, horien artean Ugaokoa, 108 langile dituena. 2023ko uztailera arte lantoki hori Domiberiarena izan zen, harik eta Envases Universal enpresak ordura arte Domiberiarenak ziren lantokiak erosi zituen arte, hain zuzen ere. Aste honetan, multinazionalak Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkeztu du, Ugaoko eta Montmeloko zentroen artean 68 lanpostu iraungitzeko ekoizpen- eta antolaketa-arrazoiak argudiatuta.

Ugaoren kasuan, 50 pertsonari eragiten die eta enpresak, Enpresa Batzordeari emandako dokumentazioaren arabera, ekoizpen-jaitsiera batekin justifikatu nahi du EEEa.

Langileei emandako dokumentazioa irakurri eta aztertu ondoren, LAB, USO eta UGT sindikatuek osatzen duten Enpresa Batzordeak ikusi du ez daudela Enpresak alegatutako ekoizpen-arrazoirik, eta EEE horren atzean benetan ezkutatzen dena deslokalizazio bat dela, ekoizpena ez baita murriztu, multinazionalaren beste lantoki batzuetara lekualdatua izan delako.

Atzo batzarra egin zen plantillarekin lantokian, enpresaren asmoen berri emateko eta ordezkaritza sindikalaren lehen iritziak emateko. Batzar horretan, Enpresa Batzordeak datorren ostegunean, martxoaren 7an, lanuztea deitzeko eta lantokian 10:00etan eta Bilbon (Mazarredo kaleko 9an) 15:30ean kontzentrazio bana burutzeko egindako proposamena babestu da. Horrez gain, mobilizazioen egutegi bat egin da, haien egoera gizarteratzeko, deslokalizazioa salatzeko eta administrazio publikoei politika ausartagoak exijitzeko deslokalizazioen eta enplegu-suntsiketaren aurka.

Eraso judizialen aurrean, euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Botere judizialak euskararen aurka egiten dituen erasoek ez dute etenik. Azken egunotan, Bizkaiko Foru Aldundiaren enplegu publikorako hautaketa-prozeduren aurkako bi epairen berri izan dugu. Deialdi horiei lotutako hizkuntza-eskakizunen betekizuna da zalantzan jartzen dena. Diskriminatzailetzat jotzen da euskara eskatzea, enplegu publikoak baldintza berdinetan eskuratzeko oinarrizko eskubidea urratzen duela argudiatuta. Sententzia zentzugabekeria juridiko izugarria da, inolako oinarri juridikorik gabe euskararen normalizazioaren aurka egitea du helburu bakarra.

Epai hauek euskararen eta bere normalizazioaren aurka doaz, argi eta garbi, eta arriskuan jartzen dituzte Bizkaiko Foru Aldundiaren enplegu publikoa egonkortzeko prozedurak.

Sententziaren arabera Euskararen betekizunak berdintasun baldintzetan sartzeko aukera urratu omen du, baina beste edozein eskakizunek ez. Euskararen aurkako sektore judizial, politiko eta sindikal batzuek euskara aukera bat izatearen mailan utzi nahi dute, beti ere gazteleraren derrigorrezko ezagutzarekiko mendeko egoeran. Horrek islatzen du argi eta garbi horrelako epaiak ematen ari diren epaileen eta hori babesten duten gainontzeko sektoreen euskararen aurkako ideologia militantea.

Herri honen gehiengo politiko eta soziala zein langile gehienok euskararen normalizazioan aurrera egitearen alde daude, eta Administrazioen aldetik euskarazko arreta bermatzearen alde; eta horretarako ezinbestekoa da epai hauei kolektiboki aurre egitea.

Gauzak horrela, alde batetik, LAB sindikatuak euskaraz lan egiten eta bizitzen jarraitzeko eta euskararen aurkako erasoei aurre egiteko mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du.

Bestalde, Euskararen Lege berri bat eta Administrazioa euskalduntzeko hizkuntza politika berri bat eskatzen diegu indar politikoei. Ildo honetan, Eusko Jaurlaritzak EAEko sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko onartu duen dekretua aukera galdua da administrazioaren euskalduntzean jauzi bat emateko.

LABek borrokan jarraituko du Euskal Herrian euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko, eta hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen.

Hau guztia dela eta, hurrengo martxoaren 6an, asteazkenean, eguerdiko 12:00etan Foru Jauregiaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzera animatzen zaituztegu. Oldarraldiaren aurrean, Euskararekin bat. Euskaraz bat!

Amazonen ereduak dakarrena salatu dugu BECen, greba egunen bezperan

Paketatze, banaketa eta garraio ereduak dituzte hizpide gaur eta bihar bitartean BECen, Barakaldon. Robotizazio, digitalizazio eta automatizazioak sortzen duen lan-eredua definitzen ari dira eta badugu eredu horretan adierazlea den ezaguna: Amazon multinazionala. Lan eredu berriak indarrez inposatu eta edozein hobekuntza negoziatzera uko egiten dion enpresa.

Traparango zentro logistikoa paketatzean ari da, alde batetik; eta bestetik, garraio eta banaketa puntua da, horretarako azpi-kontratatuak dituen 5 enpresa medio. Urtez urte etekinak handitzen dituzte langileon baldintzak prekarizatzen dituzten bitartean, haien helburu bakarra patrikak betetzen jarraitzea da.

Egun batetik besterako zerbitzua emateko gaueko txandetan egiten dute lan langileek. Erritmo itogarriak inposatzen dizkiete, presiopean daude etengabe;eta hori gutxi balitz, App bidezko mekanismoekin etengabe kontrolatzen dituzte. Gainera, ABLE bidez aldi baterako kontratu ezengonkorrei bide ematen die, langile horien prekarizazioan sakonduz.

Lan baldintza hauek langileen osasunari egiten diote eraso. Bihar eta etzi Amazonen egingo ditugun grebekin lan baldintzak duintzeko borrokatuko dugu. Baina zoritxarrez prekarizazio prozesua erabat hedatua dago bestelako sektore eta lanetan, eta baldintza hauetan ez dago kalitatezko bizitzarik. Horregatik aterako gara kalera martxoaren 17an Sestaon. Kaleak hartuko ditugu bizitza duinak izateko egungo enplegu eta jendarte antolaketa irauli behar dela aldarrikatzeko. Enplegua, zaintza lanak eta aberastasuna, alegia, banaketa hirukoitzaren bidez Langileon Ezkerraldea eta Meatzaldearen alde borrokatuko dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ez du bermatzen EAGak irekita izatea oinarrizko plantillarekin

Atzo sindikatuetako ordezkariak, langileak eta herritarrak bildu ginen, EAGetan bizi dugun egoera salatzeko.

Osakidetzako zuzendaritzak EAGtarako dauzkaten planek ez dute bermatzen EAGak irekita mantentzea oinarrizko plantillarekin, hau da, zelariarekin, erizainarekin eta medikuarekin. Horrez gain, langileen lan eskubideak are gehiago prekarizatuko dituen neurriak biltzen ditu plan honek. Kontuan hartzekoa da, gaur egun, lehen arretak asumitu ezin dezakeen guztia asumitu behar dutela EAGek.

Guzti honek, herritarrok jasoko dugun arreta kalitatean ondorio lazgarriak edukiko ditu.

Gauzak horrela, langile eta herritarron osasuna bermatzeko behar besteko baliabideak jar ditzala exijitzen diogu Osakidetzari.

  1. Lehen arreta indartu behar dute.
  2. Lantalde osoak bermatu behar da.
  3. Arreta eskaerari erantzuteko profesional kopurua bermatu
  4. Langileak zaindu, baldintza duinetan lan egiteko baliabideak jarriz.

Hau honela dela ziurtatu arte, lanean aurkituko gaituzue!