2024-10-13
HomeEkintza SozialaEtxebizitza krisiaren aurrean, prezioak jaisteko neurri eraginkorrak eta alokairu parke publikoa indartu...

Etxebizitza krisiaren aurrean, prezioak jaisteko neurri eraginkorrak eta alokairu parke publikoa indartu dadila eskatzen dugu

Gaur, Errenteria Etxebizitza Gune Tentsionatu gisa izendatu du Eusko Jaurlaritzak, udalbatzaren eskariari erantzunez. EAEn lehen udalerria izango da eta Nafarroa Garaian laster dira herrialdeko hainbat eremutan urratsa ematekoak. LABentzat garrantzitsua da izendapen hau politikoki, baina zoritxarrez behar baino eragin mugatuagoa izango du.

Etxebizitzaren arazoa, langileon bizi baldintzak zeharkatzen dituen errealitate gordina da. Bizi proiektu duina garatzeko lekua izan beharrean, merkaturako ondasun gisa darabilte errentistek eta higiezin patronalak. Eskubidea negozioa izaten jarraitzen duen bitartean, milaka herritar biziraupen estrategietan murgilduta izatera kondenatuta jarraituko dugu, alokairu edota hipoteken prezioak itota.

Gune tentsionatuaren izendapenak, bizitoki emergentziari izen abizenak jartzen dizkio eta hori ezinbestekoa da neurri eraginkorrak hartzeko lehen urrats bezala. Gauzak horrela, LABek begi onez ikusten du Errenteriak emandako urratsa eta Hego Euskal Herrian gune tentsionatuak identifikatu eta izendatzeko prozesuak azkartzea eskatzen du lehentasunez. Izan ere, etxebizitzarekin bizi dugun larrialdia ez da udal gutxi batzuetan modu isolatuan ematen eta horregatik neurri zabalagoak behar dira. Berdin, azpimarratu nahi dugu gune tentsionatuak izendatzeko irizpideek ez dituztela bizitoki-emergentziak bizi dituzten herri eta errealitate guztiak barne hartzen, eta hauetan ere etxebizitza problematika aitortu eta honi erantzuteko tresnak garatu behar dira.

Era berean, egiturazko neurriak hartzea beharrezkoa da. Etxebizitzaren merkatuan esku hartu beharra dago, prezioak mugatzeko neurriez harago berauek jaisteko. Alokairu parke publiko eta eskuragarria behar dugu euskal langileok. Eskaintza monopolizatu eta prezioak puzten dituzten atari digitalen eta higiezin putreen eskumenak mugatu behar dira, baita etxebizitza hutsak alokairu eskuragarrian jartzeko presio fiskala handitu.

Emakume*, pertsona migratu eta arrazializatuek edota gazteriak gordinago bizi duen problematika izanik ere, langile oro gaude etxebizitza prezio eta negozioa izatearen ondorioez kaltetuta. Eusko jaurlaritzak egindako ikerketaren arabera, prezioek etengabe egin dute gora; salerosketetan azken bost urteetan %15,5a eta alokairuek soilik azken urtean %5,3a.

Gaur egun etxebizitza baten bataz besteko prezioa 250.000 eurotakoa dela dio Eusko Jaurlaritzak, eta hipotekarik ohikoena 25 urte eta bataz beste %3.35eko interes tasa izanik, bataz beste gure lan bizitza osoaren 15 urte dedikatzen diogu etxebizitzaren prezioa ordaintzera. Berdina, alokairuaz ari bagara: azken zazpi urteetan alokairuen fidantza erregistroan jasotako kontratuen prezioak %20 egin du gora soldaten gero eta zati handiagoa jaten digularik.

LABek langileon lan eta bizi baldintza duinak defendatuko ditu, lantokian, kalean eta instituzioetan. Horrela, 1600 eurotako gutxieneko soldataren aldeko borrokan dihardu, berriki aurkeztu dugun kanpaina konfederalarekin ekimen berriei bide emanez. Era berean, espekulatzaile eta higiezin patronalari aurre egiteko eta negozioa mugatzeko, sindikatua tresna eraginkor izan dadin bere konpromisoa adierazten du. Langileen alde egiteko garaia da, eta LAB borroka egiteko prest dago.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko Udalak berriro utzi du Etxez Etxez Laguntza Zerbitzua multinazionalen esku

Lau urterako lizitatu du zerbitzua hobekuntzetik inbertsiorik egin gabe eta langileen aldarrikapenak kontuan hartu gabe.

Lan egiten zuen enpresaren aurrean salatu dugu astelehenean Funesen hildako langilearen heriotza

Urriaren 7an hil zen 29 urteko langilea Funesen, bezperan makina batek harrapatuta. Azken honekin, gutxienez 45 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak.

Jarrera aldatu eta Gipuzkoako Salgaien Errepide bidezko Garraioaren Hitzarmenaren negoziazioa ahalbidetzea eskatzen diogu GUITRANSi

Gaur egin da Gipuzkoako Errepide bidezko Salgaien Garraioaren Hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bilera, Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan. Bilera aurretik, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazioa egin dugu patronalaren aldetik ez dugulako benetan negoziatzeko inolako asmorik ikusten.