2026-11-03
HomeEkintza SindikalaSindikalismo antirrazista izan dugu hizpide LABen Topaketa Sindikaletan

Sindikalismo antirrazista izan dugu hizpide LABen Topaketa Sindikaletan

200 sindikalista baino gehiago bildu garaOiartzunen, euskal sindikalismoaren berrikuntza prozesuari hauspoa emateko xedez antolatu ditugun Topaketa Sindikaletan.

LABen X. Biltzar Nagusian (2022, Baiona-Miarritze) hartutako erabaki nagusietako bat honako hau izan zen: LAB sindikatu antirrazista bilakatzea. Independentismoan eta feminismoan egin bezala, sindikalismo antirrazistaren garapenean aitzindari izan nahi dugu.

Biltzar Nagusiko erabaki horren ondotik etorri ziren euskal sindikatu batek egindako I. Barne Plan Antirrazistaren onarpena eta Idazkaritza Antirrazistaren sorrera (2023ko ekaina). Lau dira LABen plangintzaren ardatzak: kontzientzia sindikal antirrazista sortzea; antolaketa eta funtzionamendua berrikustea; langile migratu eta arrazializatuen errealitateari erantzungo dion ekintza sozio-sindikal antirrazista sustatzea; eta Euskal Herrian bizi diren pertsona guztiei eskubide guztiak bermatzeko aldaketa politikoen alde egitea.

Ibilbide horretan sakondu asmo izan dute Topaketa Sindikalek. Goizean sindikalismo antirrazista izan dute hizpide honako lau hizlari hauek: Lucía Mbomio (Madril) kazetari eta ekintzaile antirrazista; Marra Junior (Euskal Herria) Bilboko Mugimendu Panafrikarreko kidea; Pastora Filigrana (Andaluzia) abokatua eta sindikalista, eta Valery Alzaga (AEB) antolatzaile sindikala eta migranteen eskubideen aldeko ekintzailea.

Arratsaldean, berriz, hainbat gairi buruzko lau tailer egin dituzte: Krisi ekosozialari lantokietatik aurre egiteko gakoak; Greba Feminista Orokorra; Ekintza Sindikalerako borroka moldeak, eta borroka sindikalen komunikazio estrategia.

Sindikalismoa [Bir]Pentsatzen

Topaketa Sindikalen bidez, sindikalismoa birpentsatzeko ariketa iraunkortzera goaz, unean une lan munduan nahiz jendartean dauden erronkei helduz. 

Izan ere, 2012ko Biltzar Nagusiaren ondotik, [Bir]Pentsatzen prozesuari ekin genion sindikatuan, eraldaketa sakonen aurrean eredu eta egitasmo sindikala berritzeko asmoz.

Lehen etapa batean, eredu sindikalaren berrikuntzari ekin genion, 2016ra bitartean hainbat barne saio eta hiru jardunaldi publiko antolatuz. Sindikalismoa sektore prekarioetara gerturatzea, sindikalismo feministan sakontzea eta lantokietan ez ezik eremu sozialean antolatzearen beharra izan ziren ateratako ondorio nagusiak.

Bigarren etapa batean, programa sozioekonomikoaren berrikuntzari ekin genion LABen (2019-2021), proposamen berritzaileak eginez: Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza, banaketa hirukoitzerako proposamena (enplegua, zaintza eta ondasunaren banaketa) eta bidezko trantsizio ekosozial baterako batzordeak, besteak beste.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.