2025-12-30
Blog Page 148

Correoseko eskandaluzko langile faltak gehiegizko karga dakar langileentzat eta Gasteizko hiritarrak kaltetzen ditu

LAB sindikatuaren Arabako Correosen duen Atal Sindikaletik salatu nahi dugu Gasteizko banaketa-unitateetan langile falta larria dagoela. Kasu zehatz bat aipatzeko, Salburua edo Arana auzoak banatzen dituen 2. banaketa unitatean, lanpostuen % 50a baino gehiago hutsik dago.

Dauden 27 plazetatik, 14 bete gabe daude: 7 plaza hutsik, baten bat titularrak erretiroa hartu zuenetik bi urte baino gehiago pasa direnean, 3 bajan, 1 desplazamenduan eta 3 baimenarekin. Hori guztia hauteskunde autonomikoen kanpainaren hasieratik hilabete falta denean, eta Errentarena bezalako ezohiko kanpainak datozenean. Horrek lan-karga asko handitzea dakar. Banaketa- unitate hau jarri dugu adibidetzat, baina egoera antzekoa da gainerako guztietan.

Ia 2.000 jakinarazpen daude egiteke, Salburua bezalako auzoek egunak daramatzate gutunen banaketarik izan gabe, hamarnaka pakete daude eramateke. Honek zuzenean eragiten dio milaka gasteiztarri, eta ondorio zuzenak ditu hiritar eta inguru honetako enpresentzat.

Horrek guztiak Posta Zerbitzu Unibertsalaren banaketa kaltetzea suposatzen du eta langileentzako gainkarga bat dakar.

Kalitatezko zerbitzu publiko bat eskatzen dugu, Correosek egin beharrekoa, eta langile nahiko kontratatzea, hiritarren komunikazio postaletarako eskubidea bermatzeko.

LABek kontzentrazioa egin du biltegien pribatizazioan eta enpleguaren suntsiketan aurrera egiteko Osakidetzako zuzendaritzak eta enpresek egindako bileraren aurrean

Gaur, Osakidetzako zuzendaritza hainbat enpresarekin biltzen hasi da Osakidetzako biltegien pribatizazio proiektuarekin aurrera egiten jarraitzeko. Osakidetzako zuzendaritzak pribatizazioarekin tematuta jarraitzen duela salatzeko mobilizatu gara. LAB sindikatuak OARC/KEAO-ri aurkeztutako helegiteen aurrean eta OARC/KEAO-k berak prozesuaren kautelazko gelditzea erabakitzeko aukeraren aurrean ezikusiarena eginez.

LABek kautelazko geldiaraztea eskatu du. Hala ere, zuzendaritzak aurreranzko ihesaldian jarraitzen du eztabaida eta halako neurriko proiektua ezartzeko beharrezkoa den negoziaketa eragotziz. Iurretako plataforma logistikoak, zuzendaritzak diseinatu duen bezala, plantillan eragin handia izango du hainbat kategoriatako lanpostuen desagertaraztea ekarriz, hala nola, zelariak, administrari-laguntzaileak, gidariak, zerbitzuetako langileak…

Plataformaren kostua 130 milioi ingurukoa da. Osakidetzako zuzendaritza, publikoa den eraikina egin eta haren ustiapena eta kudeaketa enpresa pribatuei oparitzera ausartzen ari da. Hau da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako arduradunek hainbeste goraipatzen duten eta osasun publikorako hain kaltegarriak diren Isabel Diaz Ayuso bezalako pertsonaien kudeaketa EAEn imitatzen ari diren publikoa eta pribatuaren arteko elkar hartzearen beste adibide bat.

Ez dago arrazoirik plataforma logistikoaren ustiapena pribatizatzeko, Osakidetzako kontratazio-zerrendetan milaka langile daude eskatzen zaien tokira lan egitera joateko. Gainera, gaur egungo 48 biltegietako langileak ikusten ari dira zuzendaritzak, berriro ere, arriskuan jartzen dituela sektore publikoko lanpostuak, zehaztasun falta, omisio, anbiguotasun eta faltsukeriak dituzten pleguen bidez.

Osakidetzako oraingo eta aurreko zuzendaritzaren politika pribatizatzaileak ez dira berriak, ezta euren plantillaren gaitasunarekiko mespretxua ere. LABetik, orain arte, 30 kanporatze-plegu inpugnatu ditugu, 160 milioi euroko kanporatzeen geldiaraztea izan dutenak ondorio moduan.

Proiektu honen iluntasuna erabatekoa da. Ez da azalpen bat ere eman mahai sektorialean eta Legebiltzarretik informazioa eskatu denean, EAJk modu anbiguoan eta gezurrekin erantzun du.

Ohartarazi behar dugu, beraz, proiektu hau ez doala soilik plantillaren interesen aurka edota osasun publikoa indartzearen aurka. 130 milioi euroko aurrekontua duen proiektu honek, herritarrei bizkarra emanez, gure osasunarekin eta lanpostuekin negozioa egitera datozen enpresen eskuetan amaituko du.

Osakidetzako zuzendaritzari biltegien pribatizazioa bertan behera utzi eta sindikatuekin negoziazio-prozesu bat hasteko exijitzen diogu. Osakidetzako kate logistikoa optimizatzeko, dagoeneko kontratatuta dituen eta gaur egun lan logistikoak ondo egiten ari diren profesionalekin egitea eskatzen dugu.

Egintza burutuen aurrean, publikoaren eta pribatuaren arteko esku-hartzearen aurrean eta enpleguaren suntsiketaren aurrean, mobilizazioa baino ez zaigu geratzen.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Gaur hasiko da 23. Korrika, Irunen, Harro Herri lelopean. LABek, euskararen aldeko lasterketa erraldoia hasi zenetik gaur arte egin duen modu berean, bat egin du aurten ere Korrikarekin. Hainbat kilometro erosi ditu, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatura batzera dei egin nahi die LABek euskal langileei.

Tokian toki LABek erositako kilometroetan ez ezik, sindikatuak lekukoa hartuko du gehiengo sindikalak Euskal Herriko hiriburuetan izango dituen kilometroetan; martxoaren 16an, 17:53an, Iruñean; martxoaren 18an, 21:38an, Gasteizen; martxoaren 21ean, 21:38an; martxoaren 23an, 20:47an, Donostian; eta martxoaren 24an, 12:17an, Baionan.

Zenbait eremu judizial, politiko eta sindikaletatik euskararen eta hizkuntza eskubideen aurka egiten ari diren oldarraldiaren testuinguruan dator aurten Korrika. Euskararen normalizazioa trabatzea beste helbururik ez dute, eta, horretarako, sarritan, lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak kontrajartzen dituen diskurtso tranpatia darabilte. Halakoen aurrean, eta iazko azaroan Bilbon erakutsi moduan, beharrezkoa da euskaraz lan egiteko eta bizitzeko herri gogoa erakustea, eta horretarako aukera bikaina emango du Korrikak.

Horrekin batera, ordea, euskalduntzean jauzi bat egiteko beharrezkoa da hizkuntza politika berri bat, euskalgintzako eragileek azkenaldian hainbatetan adierazi moduan. Zentzu horretan, Korrikan bistaratuko den herri gogoa euskaraz lan egitea eta bizitzea bermatuko duten politiketara eramateko eskatzen die LABek instituzioei.

0-3 hezkuntza zikloko sindikatuok bat egin dugu Nafarroako ikastetxe publikoetan 2 urtekoen gelak ezartzeari buruzko informaziorik ez dagoelako

0-3 zikloko LAB, ELA, Steilas, AFAPNA, UGT eta CCOO sindikatuek asteak daramatzate elkartzen Hezkuntza Departamentuak Nafarroa Garaiko ikastetxe publikoetan 2 urteko haurren gelak ezartzeari buruzko informaziorik eman ez eta gardentasunik erakutsi ez duela-eta kezkatuta. Gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute Parlamentuaren aitzinean, Carlos Gimenok zuzentzen duen Departamentuaren jokabidearengatik protesta egiteko.

Sindikatu hauek behin baino gehiagotan jo dute Departamentura beren zalantzak eta kezkak planteatzeko, eta jaso duten erantzuna isiltasuna edo zehaztasun falta izan da beti. Alde horretatik, Hezkuntza Departamentuaren jarrera eta sindikatuen eta langileen iritzirik gabe eta gai honi buruzko inolako azalpenik eman gabe erabakiak alde bakarretik hartzeko duen modua salatu nahi dute sindikatuok.

Ikastetxe publikoetan bi urtekoen gelak ezartzeko asmoaren berri izan zenetik, aipaturiko sindikatuek Hezkuntzako kontseilariarekin, Zerbitzuko zuzendariarekin eta 0-3 Zerbitzuarekin batera bilera egiteko beharra azpimarratu dute behin eta berriz. Atzo jaso zuten erantzuna, eta bilera datorren asteazkenean, martxoak 20, izanen da.

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko Hitzarmena sinatzea #LortuDugu

LABetik sektoreko langileak zoriondu nahi ditugu, Hitzarmen honekin lan baldintzen hobekuntzan aurrerapausu handiak emateaz gain, soldaten eros ahalmena bermatzea ere lortu delako 2023-2025 aldirako %12’9ko igoeren bitartez (beti ere KPIaren gutxieneko bermearekin). Hobekuntza nagusien artean daude ordezkapenak bi egun lehenago hasteko aukera, lan postu berrien esleipena barne prozedura gardenen bidez egin behar izatea, dokumentazio lanak lanaldiaren baitan kokatu eta egutegian zehaztea edota sektoreko soldata arrakala gutxitzeko kategoria baxuenentzako hilean 50 euroko konpentsazioa.

Hobekuntza hauez gain, lau lan lerro nagusi zabaldu ditugu datozen bi urtetarako; hau da, Patronala derrigortua egongo da ratioen, jubilazioaren, klasifikazio profesionalaren edota sektorearen euskalduntzearen inguruko hobekuntzak negoziatzera.

Bide beretik, Gipuzkoako Foru Aldundiari erantzukizunez jokatzeko eskatu nahi diogu, zaintza eta gizarte zerbitzuen kalitatea hobetzeko neurriak sektorean ordezkaritza dugun sindikatuekin adosteko beharra azpimarratuz.

LAB sindikatua gara sektoreko lehen indarra Gipuzkoan %44ko ordezkaritzarekin. Honek bai negoziaketa prozesuan, baita ekintza sindikalean ere lidergotza izateko ahalmena eman digu, eta Hitzarmen Kolektibo hau indar posizio honen emaitza izan da. Hala ere, argi adierazi nahi dugu, ikuspegi elektoral edo korporatiboetatik kanpo, erantzukizun osoz, azpijokorik gabe, batasun sindikala lehenetsiz eta sektoreko langile guztien interesak erdigunean jarriz aritu garela.

Salatzen dugu iragan astean Espainiako polizia baimen judizialik gabe sartu zela zenbait lantokitan Indar Gorriren aurkako atxiloketak egiteko

LAB sindikatuak salatu nahi ditu kolektibo jakin batzuk kriminalizatzeko eta atxiloketa ugari samarren bidez propaganda-helburu bat baino ez duten polizia operazioak, hala nola martxoaren 7an Indar Gorriko 61 kide atxilotzera eraman zituena. Kasu horri dagokionez, gainera, LABek gogor salatu nahi du poliziak hainbat lantokitan sartu zirela epailearen nahitaezko baimenik gabe.

Sindikatu honek ere jasan ditu era horretako polizia-operazioak eta badaki atxiloturiko pertsonak baldintzarik gabe aske gelditzen direla; beraz, agerikoa da nahikoa izaten dela pertsona horiei zitazio huts bat ematea eta ez halako polizia-operazioa egitea. Ez da harritzekoa, gainera, gero halako kausa horiek artxibatzea. Hala gerta daiteke Indar Gorriren kasuan ere, instrukzioko epaileak ere ez baitzuen bat egin poliziaren bertsioarekin; horixe erakusten du atxilotuei estadioetara sartzea debekatu ez izanak.

Martxoaren 7ko operazioari dagokionez, sindikatu honek egiaztatu ahal izan du Espainiako Polizia Nazionala baimen judizialik gabe agertu eta sartu zela gutxienez bi lantokitan langileak atxilotzeko. Kasu horietako batean, Espainiako Poliziako kideak, kaleko jantzita, eskolako jantokiko eraikinera sartu ziren, epailearen nahitaezko baimenik gabe eta zentroko langileei jakinarazi gabe, eraikineko irteerak okupatuz. Eta langilea bazkaltzera joateko prestatzen ari ziren haurrekin agertu zelarik, hau da, lanean ari zela, atxikitu eta atxilotu zuten.

LABek egiaztaturiko bertze kasuan, enpresak berak galarazi egin zien Espainiako agenteei baimen judizial hori ez aurkezteagatik. Sindikatu honek badaki Nafarroako bertze lantoki batzuetan ere antzeko jarduerak egin zirela. Jokabide hori onartezina eta arrazoirik gabea da, eta langileen eskubideen aurka egiten du.

Bizkaiko metalgintzan borroka sindikala ez da delitua

LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, CNT sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean. Bizkaiko metalgintzako langile bat epaitu dute gaur eta langileari babesa erakutsi diogu eta borroka sindikala delitua ez dela adierazi.

Epaiketa, 2022an Bizkaiko metalgintzan izandako 11 greba egunetan egindako piketeetan eta mobilizazioetan parte hartzeagatik izan da. Bizkaiko metalgintzan egindako borroka dela eta, oraingoz 22 prozesu judizial ireki dira, batzuk artxibatu egin dira, eta oraindik 4 pertsona epaiketaren zain daude. Desorden publikoak, koakzioak, erresistentzia eta agintearen aurkako erasoa izaten ari dira akusazioak. Gainera, 15 isun ekonomiko baino gehiago jaso dira, 91 €-tik 1.200 €-ra bitartekoak. Badakigu ez direla azkenak izango. 2019ko grebetan 17 pertsona pasatu behar izan ziren epaitegietatik (batzuek espetxe eskaerekin), eta zigor ekonomikoak ugariak izan ziren.

Salaketa horiek guztiak Ertzaintzak egindako muntaietan oinarrituta daudela salatu nahi dugu. Bizkaiko metalgintzako gatazkan langileak eta sindikatuetako ordezkariak mehatxatu eta jipoitu zituen, eta 8 pertsonak ospitaletik pasatu behar izan ziren, greba eskubidea zapaltzeko erabilitako basakeria polizialaren ondorioz.

Ertzaintza, patronalaren aginduz, Greba Batzordea enpresetara sar ez zedin saiatu zenean gertatu ziren jarduera horietako gehienak. Zenbait enpresak ukatu egin zioten Batzordeari greba egunetan barrura sartzea, enpresen barruan eskubiderik urratzen ez zela egiaztatzeko.

 Salatu nahi dugu, halaber, patronalaren jarrera argi eta jarduteko modu hori eta Ertzaintzaren inpunitatea erabaki politikoak direla. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren erabakia, eta zalantzarik gabe, Lehendakariaren onespena duena. Metalgintzako milaka langilek grebetan eta mobilizazioetan modu baketsuan parte hartu zuten egunetan, atxiloketak, identifikazioak eta kolpeak izan ziren Eusko Jaurlaritzaren estrategia Bizkaiko metalaren borrokaren arrakasta borobila ezkutatzeko. Beharrezkoa da eskuin politikoak eta poliziek langile klase antolatu eta mobilizatuari eraso egiteko erabiltzen duten Mozal Legearekin amaitzea.

Bizkaiko metaleko gatazka 2023ko otsailaren 3an amaitu zen, akordio bat sinatuta, baina Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren jarduera errepresibo eta mendekatzailea ez da amaitu. Akordioa sinatu ondoren, oraindik ere salaketak eta zigor ekonomikoak iristen zaizkie langileei.

Argi daukagu errepresio dinamika honen helburua dela lan baldintza duinen alde eta enpleguaren defentsan egiten den edozein borroka kriminalizatzea, 2019an eta 2023an Bizkaiko metalgintzan eta beste gatazka batzuetan gertatu den bezala: Alconza, Gaude, Tubacex, PCB, Petronor, Artiach, Osakidetzako garbiketako azpikontratak..

Amaitzeko, Ertzaintzari eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen diegu jarritako salaketa guztiak eta isun ekonomiko guztiak kentzeko. Langileen eskubideak eta gure eskubideak defendatzea ez da inoiz delitu izango. Hori dela eta, argi eta garbi diogu salaketek, isunek eta errepresioak ez dituztela geldituko lan eta bizi baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak. Borroka sindikala ez da delitua.

Stellantisek etorkizunari buruz hitz egiteari eman dion ezezkoaren aurrean, greba mugagabeari ekingo diote Mecaner-eko langileek, multinazionalari eta Eusko Jaurlaritzari itxiera ekidingo duten konponbide bat bilatzea exijitzeko

Stellantisekin atzo lehen bilera egin ondoren, Mecaner-eko enpresa-batzordeak agerraldia egin du honen balorazioa egiteko, eta aurrean duen fase erabakigarriari begira eman beharreko hurrengo urratsen berri emateko.

Enpresa-batzordearen irakurketa

Hilabeteak igaro ditu batzordeak bilera bat egiteko enpresa interpelatzen eta zuzendaritza kontsultaldiaren zain egon da, langileen aurrean aurpegia emateko eta enpresa ixteko arrazoiak azaltzeko.

Atera dugun lehen ondorioa da Stellantisek ez duela Mecaner-en etorkizunaz eta 148 langileez hitz egiteko ez proposamenik eta borondaterik.

Sindikatuok negoziazioa alternatibak bilatzeko eta Mecaneko industria-jarduerarekin jarraitzeko irtenbide bat bilatzeko baliatu behar dela pentsatzen eta eskatzen dugun bitartean, Stellantis lehenengo minututik ari da itxiera baldintza jakin batzuetan negoziatzen.

Ez dute etorkizunaz hitz egin nahi, negoziazio-mahaira etorri dira, plan finko eta aldaezin batekin, hau da, Mecaner ixtea. Guk argi daukagu; Mecaner bideragarria da izaten jarraitzen du. Ez du justifikazio ekonomiko, produktibo ezta organizatiborik; deslokalizazioa da.

Itxiera justifikatu nahi digute, bideragarritasun eza, merkatuan dagoen errentagarritasun txikia, sektorearen testuingurua Europan edo merkatuko prezioen lehiakortasuna argudiatuz.

Baina, zein dira Mecaner ixteko benetako arrazoiak? Duela hamar urtetik, Carlos Tavares eta PSAren plan estrategikoak argiak dira; ez dute zerikusirik Mecaner-en produktibitatearekin, lehiakortasunarekin edo errentagarritasunarekin, baizik eta irabaziak ahalik eta gehien optimizatzeko erabakiarekin, produkzioa planetako beste puntu batera eramanez.

Krisiaz hitz egiten digute, baina badirudi gauzak ez zaizkiola gaizki ateratzen Stellantisi. Alde batetik, Stellantis-ek %18 handitu zuen Espainiako estatuan 2023an izandako auto-ekoizpena. Gainera, Stellantisen muntatze-instalazioek Espainiako estatuko %100ean elektrikoak diren automobiilen %90 ekoitzi dute, eta horrek esan nahi du ondo kokatuta dagoela etorkizun hurbileko ekoizpen-eraldaketetarako. Bestalde, 2022an, Stellantis-ek %26 gehitu zituen aurreko urteko irabaziak, eta 16.779 milioi eurora iritsi zen; ibilgailu elektrikoen munduko salmentak, berriz, %41 igo ziren. 2023an, 18.000 miloi euroko irabaziak gainditu ditu.

Stellantisekin lehen bilera egin ondoren, eta Mecaner-eko plantillaren etorkizunari buruz hitz egiteko proposamenik eta borondaterik ez dagoela ikusita, eta plantaren eta eskualdearen etorkizuna jokoan dagoen fase erabakigarri batean sartuta, Mecaner-eko batzordeak greba mugagabeari ekitea erabaki du, Stellantisi eta Eusko Jaurlaritzari Mecanerrentzako alternatibak bilatzeko exijitzeko, bai eta lantegia itxiera sahiesteko indarrak batzekoa ere.

Borroka-fase berri honetan, oztopo eta zailtasun ugari gainditu, eta itxiera sahiesteko agertoki berriak irekitzea izango da helburua. Lantegiaren etorkizuna oraindik ez dago erabakita, eta ate hori irekita dagoen bitartean, borrokan jarraituko dugu.

Hilabete honetan hainbat ekimen garatzen jarraituko dugu, eta erakundeei eskatzen jarraituko dugu beren erantzukizuna beren gain har dezatela eta konpromisoak har ditzatela. Mecaner salbatzea ahalbidetuko  duen industria-politika aktibo baten alde.

Fase honetan, plantillak, eragile sozial eta politikoek eta gizarteak asko dugu esateko eta egiteko.

Mecaner-en etorkizuna posible da, baina guk bakarrik ezin dugu egin. Ezinbestekoa da borrokak fabrikako hormak gainditzea. Guztion konpromisoa eta borroka ezinbestekoak dira.

MECANER SALBA DEZAGUN! MECANER EZ ITXI!

Envases-eko enpresa-batzordeak manifestazioa deitu du Ugaon martxoaren 16rako, enpleguaren defentsan eta deslokalizazioaren kontra

Envases Ugaoko enpresan 50 langile kaleratzea aurreikusten dituen EEE bat aurkeztu dute. Honen aurrean, enpresa-batzordeak prentsaurrekoa egin du espedientea errefusatzen duela adierazi eta manifestazio bat deitzeko. Mobilizazioa martxoaren 16an izango da, 17:30ean, Ugaoko Udaletxetik aterata.

Adierazi dute enpresak arrazoi produktibo eta organizatiboak argudiatzen dituela EEErako, eta hau erabat baztertzen dute enpresa-batzordetik. Orain arte egin diren lau bileretan agerian geratu da multinazionalaren diruzalekeriak ez duela mugarik. Zehaztu dute enpresaren ekoizpena ez dela jaitsi eta erabaki estrategiko bat dagoela, produkzioa Ugaoko lan-zentrotik atera eta berau Leon eta Holandako lan-zentroetara eramateko.

Euren iritziz, ez gaude produkzioaren jaitsiera baten aurrean, deslokalizazio baten aurrean baino. Horrela, urtero irabaziak dituen Envases enpresak, are gehiago irabazi nahi du eta horretarako 50 langile kaleratu nahi ditu, inolako begiramenik gabe eta pertsonak kontuan izan gabe.

Enpresa-batzordeak orain arteko ekoizpena Ugaon mantentzearen eta enpleguari eustearen alde egiten du.

Aste hauetan babes ugari jaso dituzte eta euretariko batzuk agerraldian parte hartu dute. Hauen artean daude Hego Uribe eta Arratiako hainbat enpresa-batzorde, Megatech, Maderas de Llodio, DYF, Cartisa, Residencia Etxe Maitia, Acciona, Galletas Artiach, Cementos Lemona, Bilboko Argiak, Tubacex, Elis Arrigorriaga, Lavanindu edota Dascor. Eskualdeko hainbat gizarte eragilek ere babesa erakutsi diete, hala nola Txarraska, Kiskali, Basauriko Pentsiodunen Elkartea, Elkarlaguntza Galdakao, Emahots talde feminista, Ugaoko Pentsiodunen Elkartea, Ugaoko Merkatarien Elkartea, Zizpa Gazte konpartsa, Momoak talde feminista edo Ernai Galdakao.

Oraindik ari dira martxoaren 16an 17:30ean Ugaoko Udaletik abiatuta egingo dute manifestaziorako babes eta atxikimenduak jasotzen. Hauek dira deialdiaren aldarrikapenak: Envaseko produkzioak Ugaoko lan-zentroan jarraitzean, Enplegu Erregulazio Espedientea erretiratzea eta enplegua enpresan, Ugaon eta eskualdean mantentzea.

Instituzioei eskatu diete Envaseseko gatazkan inplikatzea. Era berean, langileria, enplegua suntsitu eta Euskal Herria desindustrializatzen ari diren enpresen eskuetan erortzetik babestuko duten politikak exijitu dituzte.