2026-09-19
HomeEkintza PolitikoaPreso orok du espetxe zigorra bete ahala nahiz bete ostean bere bizitza...

Preso orok du espetxe zigorra bete ahala nahiz bete ostean bere bizitza berregiteko beharra eta eskubidea, besteak beste, lan duin bat eskuratuz

“Langileok konponbidean, salbuespen neurriak STOP” lemapean mobilizazioak egin ditugu berriro gaur Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean, ELA, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT eta HIRU sindikatuekin. Hauetan, preso politikoak jasaten ari diren salbuespenezko espetxe politika guztiz gainditzea eskatu dugu.

Izaskun Garcia LABeko Batzorde Exekutiboko kidea Bilbon izan da, Bizikidetzaren plazan egindako mobilizazioan, eta onartu du azken urteetan, euskal preso politikoei dagokionez urrats garrantzitsuak eman dira, hala nola, Euskal Herriratzea edota gradu aldaketak.

Hala ere, nabarmendu du oraindik ez dela guztiz gainditu salbuespenezko espetxe politika, zenbait erakundek eta eragilek oztopoak jartzen dituztelako euskal presoek legedi arruntaren arabera egin beharreko ibilbidean.

LABeko ordezkariak argi utzi du sindikatuaren jarrera: “Bereziki salatu nahi dugu euskal presoek eta preso ohiek lanerako duten eskubidea auzitan jartzen duen gorrotozko diskurtsoa”. Norbanakoaren oinarrizko eskubideen kontrakoak izateaz gain, ikuspegi kolektibotik elkarbizitzaren kontrako erasoak ere badirela azpimarratu du.

“Preso orok badu espetxe zigorra bete ahala nahiz bete ostean bere bizitza berregiteko beharra eta eskubidea, besteak beste, lan duin bat eskuratuz. Eta euskal jendarteak badu oroimenerako, bakerako eta elkarbizitzarako beharra eta eskubidea”, gaineratu du Garciak.

LABetik salbuespenezko legedia salatzen eta konponbide osoa aldarrikatzen jarraituko dugu kalean zein lantokietan, eta baita horrek eskatzen duen bultzada sozial eta sindikala sustatzen ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.