Gaur hasiko da 23. Korrika, Irunen, Harro Herri lelopean. LABek, euskararen aldeko lasterketa erraldoia hasi zenetik gaur arte egin duen modu berean, bat egin du aurten ere Korrikarekin. Hainbat kilometro erosi ditu, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatura batzera dei egin nahi die LABek euskal langileei.
Tokian toki LABek erositako kilometroetan ez ezik, sindikatuak lekukoa hartuko du gehiengo sindikalak Euskal Herriko hiriburuetan izango dituen kilometroetan; martxoaren 16an, 17:53an, Iruñean; martxoaren 18an, 21:38an, Gasteizen; martxoaren 21ean, 21:38an; martxoaren 23an, 20:47an, Donostian; eta martxoaren 24an, 12:17an, Baionan.
Zenbait eremu judizial, politiko eta sindikaletatik euskararen eta hizkuntza eskubideen aurka egiten ari diren oldarraldiaren testuinguruan dator aurten Korrika. Euskararen normalizazioa trabatzea beste helbururik ez dute, eta, horretarako, sarritan, lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak kontrajartzen dituen diskurtso tranpatia darabilte. Halakoen aurrean, eta iazko azaroan Bilbon erakutsi moduan, beharrezkoa da euskaraz lan egiteko eta bizitzeko herri gogoa erakustea, eta horretarako aukera bikaina emango du Korrikak.
Horrekin batera, ordea, euskalduntzean jauzi bat egiteko beharrezkoa da hizkuntza politika berri bat, euskalgintzako eragileek azkenaldian hainbatetan adierazi moduan. Zentzu horretan, Korrikan bistaratuko den herri gogoa euskaraz lan egitea eta bizitzea bermatuko duten politiketara eramateko eskatzen die LABek instituzioei.
0-3 zikloko LAB, ELA, Steilas, AFAPNA, UGT eta CCOO sindikatuek asteak daramatzate elkartzen Hezkuntza Departamentuak Nafarroa Garaiko ikastetxe publikoetan 2 urteko haurren gelak ezartzeari buruzko informaziorik eman ez eta gardentasunik erakutsi ez duela-eta kezkatuta. Gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute Parlamentuaren aitzinean, Carlos Gimenok zuzentzen duen Departamentuaren jokabidearengatik protesta egiteko.
Sindikatu hauek behin baino gehiagotan jo dute Departamentura beren zalantzak eta kezkak planteatzeko, eta jaso duten erantzuna isiltasuna edo zehaztasun falta izan da beti. Alde horretatik, Hezkuntza Departamentuaren jarrera eta sindikatuen eta langileen iritzirik gabe eta gai honi buruzko inolako azalpenik eman gabe erabakiak alde bakarretik hartzeko duen modua salatu nahi dute sindikatuok.
Ikastetxe publikoetan bi urtekoen gelak ezartzeko asmoaren berri izan zenetik, aipaturiko sindikatuek Hezkuntzako kontseilariarekin, Zerbitzuko zuzendariarekin eta 0-3 Zerbitzuarekin batera bilera egiteko beharra azpimarratu dute behin eta berriz. Atzo jaso zuten erantzuna, eta bilera datorren asteazkenean, martxoak 20, izanen da.
LABetik sektoreko langileak zoriondu nahi ditugu, Hitzarmen honekin lan baldintzen hobekuntzan aurrerapausu handiak emateaz gain, soldaten eros ahalmena bermatzea ere lortu delako 2023-2025 aldirako %12’9ko igoeren bitartez (beti ere KPIaren gutxieneko bermearekin). Hobekuntza nagusien artean daude ordezkapenak bi egun lehenago hasteko aukera, lan postu berrien esleipena barne prozedura gardenen bidez egin behar izatea, dokumentazio lanak lanaldiaren baitan kokatu eta egutegian zehaztea edota sektoreko soldata arrakala gutxitzeko kategoria baxuenentzako hilean 50 euroko konpentsazioa.
Hobekuntza hauez gain, lau lan lerro nagusi zabaldu ditugu datozen bi urtetarako; hau da, Patronala derrigortua egongo da ratioen, jubilazioaren, klasifikazio profesionalaren edota sektorearen euskalduntzearen inguruko hobekuntzak negoziatzera.
Bide beretik, Gipuzkoako Foru Aldundiari erantzukizunez jokatzeko eskatu nahi diogu, zaintza eta gizarte zerbitzuen kalitatea hobetzeko neurriak sektorean ordezkaritza dugun sindikatuekin adosteko beharra azpimarratuz.
LAB sindikatua gara sektoreko lehen indarra Gipuzkoan %44ko ordezkaritzarekin. Honek bai negoziaketa prozesuan, baita ekintza sindikalean ere lidergotza izateko ahalmena eman digu, eta Hitzarmen Kolektibo hau indar posizio honen emaitza izan da. Hala ere, argi adierazi nahi dugu, ikuspegi elektoral edo korporatiboetatik kanpo, erantzukizun osoz, azpijokorik gabe, batasun sindikala lehenetsiz eta sektoreko langile guztien interesak erdigunean jarriz aritu garela.
LAB sindikatuak salatu nahi ditu kolektibo jakin batzuk kriminalizatzeko eta atxiloketa ugari samarren bidez propaganda-helburu bat baino ez duten polizia operazioak, hala nola martxoaren 7an Indar Gorriko 61 kide atxilotzera eraman zituena. Kasu horri dagokionez, gainera, LABek gogor salatu nahi du poliziak hainbat lantokitan sartu zirela epailearen nahitaezko baimenik gabe.
Sindikatu honek ere jasan ditu era horretako polizia-operazioak eta badaki atxiloturiko pertsonak baldintzarik gabe aske gelditzen direla; beraz, agerikoa da nahikoa izaten dela pertsona horiei zitazio huts bat ematea eta ez halako polizia-operazioa egitea. Ez da harritzekoa, gainera, gero halako kausa horiek artxibatzea. Hala gerta daiteke Indar Gorriren kasuan ere, instrukzioko epaileak ere ez baitzuen bat egin poliziaren bertsioarekin; horixe erakusten du atxilotuei estadioetara sartzea debekatu ez izanak.
Martxoaren 7ko operazioari dagokionez, sindikatu honek egiaztatu ahal izan du Espainiako Polizia Nazionala baimen judizialik gabe agertu eta sartu zela gutxienez bi lantokitan langileak atxilotzeko. Kasu horietako batean, Espainiako Poliziako kideak, kaleko jantzita, eskolako jantokiko eraikinera sartu ziren, epailearen nahitaezko baimenik gabe eta zentroko langileei jakinarazi gabe, eraikineko irteerak okupatuz. Eta langilea bazkaltzera joateko prestatzen ari ziren haurrekin agertu zelarik, hau da, lanean ari zela, atxikitu eta atxilotu zuten.
LABek egiaztaturiko bertze kasuan, enpresak berak galarazi egin zien Espainiako agenteei baimen judizial hori ez aurkezteagatik. Sindikatu honek badaki Nafarroako bertze lantoki batzuetan ere antzeko jarduerak egin zirela. Jokabide hori onartezina eta arrazoirik gabea da, eta langileen eskubideen aurka egiten du.
LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, CNT sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean. Bizkaiko metalgintzako langile bat epaitu dute gaur eta langileari babesa erakutsi diogu eta borroka sindikala delitua ez dela adierazi.
Epaiketa, 2022an Bizkaiko metalgintzan izandako 11 greba egunetan egindako piketeetan eta mobilizazioetan parte hartzeagatik izan da. Bizkaiko metalgintzan egindako borroka dela eta, oraingoz 22 prozesu judizial ireki dira, batzuk artxibatu egin dira, eta oraindik 4 pertsona epaiketaren zain daude. Desorden publikoak, koakzioak, erresistentzia eta agintearen aurkako erasoa izaten ari dira akusazioak. Gainera, 15 isun ekonomiko baino gehiago jaso dira, 91 €-tik 1.200 €-ra bitartekoak. Badakigu ez direla azkenak izango. 2019ko grebetan 17 pertsona pasatu behar izan ziren epaitegietatik (batzuek espetxe eskaerekin), eta zigor ekonomikoak ugariak izan ziren.
Salaketa horiek guztiak Ertzaintzak egindako muntaietan oinarrituta daudela salatu nahi dugu. Bizkaiko metalgintzako gatazkan langileak eta sindikatuetako ordezkariak mehatxatu eta jipoitu zituen, eta 8 pertsonak ospitaletik pasatu behar izan ziren, greba eskubidea zapaltzeko erabilitako basakeria polizialaren ondorioz.
Ertzaintza, patronalaren aginduz, Greba Batzordea enpresetara sar ez zedin saiatu zenean gertatu ziren jarduera horietako gehienak. Zenbait enpresak ukatu egin zioten Batzordeari greba egunetan barrura sartzea, enpresen barruan eskubiderik urratzen ez zela egiaztatzeko.
 Salatu nahi dugu, halaber, patronalaren jarrera argi eta jarduteko modu hori eta Ertzaintzaren inpunitatea erabaki politikoak direla. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren erabakia, eta zalantzarik gabe, Lehendakariaren onespena duena. Metalgintzako milaka langilek grebetan eta mobilizazioetan modu baketsuan parte hartu zuten egunetan, atxiloketak, identifikazioak eta kolpeak izan ziren Eusko Jaurlaritzaren estrategia Bizkaiko metalaren borrokaren arrakasta borobila ezkutatzeko. Beharrezkoa da eskuin politikoak eta poliziek langile klase antolatu eta mobilizatuari eraso egiteko erabiltzen duten Mozal Legearekin amaitzea.
Bizkaiko metaleko gatazka 2023ko otsailaren 3an amaitu zen, akordio bat sinatuta, baina Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren jarduera errepresibo eta mendekatzailea ez da amaitu. Akordioa sinatu ondoren, oraindik ere salaketak eta zigor ekonomikoak iristen zaizkie langileei.
Argi daukagu errepresio dinamika honen helburua dela lan baldintza duinen alde eta enpleguaren defentsan egiten den edozein borroka kriminalizatzea, 2019an eta 2023an Bizkaiko metalgintzan eta beste gatazka batzuetan gertatu den bezala: Alconza, Gaude, Tubacex, PCB, Petronor, Artiach, Osakidetzako garbiketako azpikontratak..
Amaitzeko, Ertzaintzari eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen diegu jarritako salaketa guztiak eta isun ekonomiko guztiak kentzeko. Langileen eskubideak eta gure eskubideak defendatzea ez da inoiz delitu izango. Hori dela eta, argi eta garbi diogu salaketek, isunek eta errepresioak ez dituztela geldituko lan eta bizi baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak. Borroka sindikala ez da delitua.
Stellantisekin atzo lehen bilera egin ondoren, Mecaner-eko enpresa-batzordeak agerraldia egin du honen balorazioa egiteko, eta aurrean duen fase erabakigarriari begira eman beharreko hurrengo urratsen berri emateko.
Enpresa-batzordearen irakurketa
Hilabeteak igaro ditu batzordeak bilera bat egiteko enpresa interpelatzen eta zuzendaritza kontsultaldiaren zain egon da, langileen aurrean aurpegia emateko eta enpresa ixteko arrazoiak azaltzeko.
Atera dugun lehen ondorioa da Stellantisek ez duela Mecaner-en etorkizunaz eta 148 langileez hitz egiteko ez proposamenik eta borondaterik.
Sindikatuok negoziazioa alternatibak bilatzeko eta Mecaneko industria-jarduerarekin jarraitzeko irtenbide bat bilatzeko baliatu behar dela pentsatzen eta eskatzen dugun bitartean, Stellantis lehenengo minututik ari da itxiera baldintza jakin batzuetan negoziatzen.
Ez dute etorkizunaz hitz egin nahi, negoziazio-mahaira etorri dira, plan finko eta aldaezin batekin, hau da, Mecaner ixtea. Guk argi daukagu; Mecaner bideragarria da izaten jarraitzen du. Ez du justifikazio ekonomiko, produktibo ezta organizatiborik; deslokalizazioa da.
Itxiera justifikatu nahi digute, bideragarritasun eza, merkatuan dagoen errentagarritasun txikia, sektorearen testuingurua Europan edo merkatuko prezioen lehiakortasuna argudiatuz.
Baina, zein dira Mecaner ixteko benetako arrazoiak? Duela hamar urtetik, Carlos Tavares eta PSAren plan estrategikoak argiak dira; ez dute zerikusirik Mecaner-en produktibitatearekin, lehiakortasunarekin edo errentagarritasunarekin, baizik eta irabaziak ahalik eta gehien optimizatzeko erabakiarekin, produkzioa planetako beste puntu batera eramanez.
Krisiaz hitz egiten digute, baina badirudi gauzak ez zaizkiola gaizki ateratzen Stellantisi. Alde batetik, Stellantis-ek %18 handitu zuen Espainiako estatuan 2023an izandako auto-ekoizpena. Gainera, Stellantisen muntatze-instalazioek Espainiako estatuko %100ean elektrikoak diren automobiilen %90 ekoitzi dute, eta horrek esan nahi du ondo kokatuta dagoela etorkizun hurbileko ekoizpen-eraldaketetarako. Bestalde, 2022an, Stellantis-ek %26 gehitu zituen aurreko urteko irabaziak, eta 16.779 milioi eurora iritsi zen; ibilgailu elektrikoen munduko salmentak, berriz, %41 igo ziren. 2023an, 18.000 miloi euroko irabaziak gainditu ditu.
Stellantisekin lehen bilera egin ondoren, eta Mecaner-eko plantillaren etorkizunari buruz hitz egiteko proposamenik eta borondaterik ez dagoela ikusita, eta plantaren eta eskualdearen etorkizuna jokoan dagoen fase erabakigarri batean sartuta, Mecaner-eko batzordeak greba mugagabeari ekitea erabaki du, Stellantisi eta Eusko Jaurlaritzari Mecanerrentzako alternatibak bilatzeko exijitzeko, bai eta lantegia itxiera sahiesteko indarrak batzekoa ere.
Borroka-fase berri honetan, oztopo eta zailtasun ugari gainditu, eta itxiera sahiesteko agertoki berriak irekitzea izango da helburua. Lantegiaren etorkizuna oraindik ez dago erabakita, eta ate hori irekita dagoen bitartean, borrokan jarraituko dugu.
Hilabete honetan hainbat ekimen garatzen jarraituko dugu, eta erakundeei eskatzen jarraituko dugu beren erantzukizuna beren gain har dezatela eta konpromisoak har ditzatela. Mecaner salbatzea ahalbidetuko duen industria-politika aktibo baten alde.
Fase honetan, plantillak, eragile sozial eta politikoek eta gizarteak asko dugu esateko eta egiteko.
Mecaner-en etorkizuna posible da, baina guk bakarrik ezin dugu egin. Ezinbestekoa da borrokak fabrikako hormak gainditzea. Guztion konpromisoa eta borroka ezinbestekoak dira.
Envases Ugaoko enpresan 50 langile kaleratzea aurreikusten dituen EEE bat aurkeztu dute. Honen aurrean, enpresa-batzordeak prentsaurrekoa egin du espedientea errefusatzen duela adierazi eta manifestazio bat deitzeko. Mobilizazioa martxoaren 16an izango da, 17:30ean, Ugaoko Udaletxetik aterata.
Adierazi dute enpresak arrazoi produktibo eta organizatiboak argudiatzen dituela EEErako, eta hau erabat baztertzen dute enpresa-batzordetik. Orain arte egin diren lau bileretan agerian geratu da multinazionalaren diruzalekeriak ez duela mugarik. Zehaztu dute enpresaren ekoizpena ez dela jaitsi eta erabaki estrategiko bat dagoela, produkzioa Ugaoko lan-zentrotik atera eta berau Leon eta Holandako lan-zentroetara eramateko.
Euren iritziz, ez gaude produkzioaren jaitsiera baten aurrean, deslokalizazio baten aurrean baino. Horrela, urtero irabaziak dituen Envases enpresak, are gehiago irabazi nahi du eta horretarako 50 langile kaleratu nahi ditu, inolako begiramenik gabe eta pertsonak kontuan izan gabe.
Enpresa-batzordeak orain arteko ekoizpena Ugaon mantentzearen eta enpleguari eustearen alde egiten du.
Aste hauetan babes ugari jaso dituzte eta euretariko batzuk agerraldian parte hartu dute. Hauen artean daude Hego Uribe eta Arratiako hainbat enpresa-batzorde, Megatech, Maderas de Llodio, DYF, Cartisa, Residencia Etxe Maitia, Acciona, Galletas Artiach, Cementos Lemona, Bilboko Argiak, Tubacex, Elis Arrigorriaga, Lavanindu edota Dascor. Eskualdeko hainbat gizarte eragilek ere babesa erakutsi diete, hala nola Txarraska, Kiskali, Basauriko Pentsiodunen Elkartea, Elkarlaguntza Galdakao, Emahots talde feminista, Ugaoko Pentsiodunen Elkartea, Ugaoko Merkatarien Elkartea, Zizpa Gazte konpartsa, Momoak talde feminista edo Ernai Galdakao.
Oraindik ari dira martxoaren 16an 17:30ean Ugaoko Udaletik abiatuta egingo dute manifestaziorako babes eta atxikimenduak jasotzen. Hauek dira deialdiaren aldarrikapenak: Envaseko produkzioak Ugaoko lan-zentroan jarraitzean, Enplegu Erregulazio Espedientea erretiratzea eta enplegua enpresan, Ugaon eta eskualdean mantentzea.
Instituzioei eskatu diete Envaseseko gatazkan inplikatzea. Era berean, langileria, enplegua suntsitu eta Euskal Herria desindustrializatzen ari diren enpresen eskuetan erortzetik babestuko duten politikak exijitu dituzte.
Euskal erakundeetan gobernatzen duten alderdiek aldatu egin behar dituzte haien politikak langileen erosteko ahalmena berreskuratzeko, pribatizazioak geldiarazteko, enplegu publikoa sortzeko eta kontsolidatzeko. Estatuko aurrekontuak aukera bat dira Madrilen ezarritako betoak ezabatzeko.
LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuak EAEko sektore publiko osoan deitutako grebak jarraipen oso zabala izan du. Aurreko grebak baino jarraipen handiagoa, besteak beste, hezkuntzan, administrazio orokorrean eta udaletan. Grebaren arrakastaren adibide garbia da EAEko hiru hiriburuetan eguerdian deitutako manifestazioetan 30.000 langile baino gehiagok parte hartu dutela “Zerbitzu publikoen alde, soldatak eta enplegua hemen adostu“ lelopean.
Grebaren arrakasta ikusita, hauteskunde osteko Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, Udalek eta Estatuko Administrazioak errotik aldatu behar dituzte orain arte aurrera eraman dituzten politika publikoak. Erakunde horiek benetako neurriak hartu behar dituzte zerbitzu publikoak indartzeko eta hemen erabakitzeko, pribatizazioekin amaitzeko, enplegu publikoa sortzeko eta finkatzeko, lan baldintzak hobetzeko, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko, langileen lan osasuna bermatzeko, administrazioaren euskalduntzean urratsak egiteko eta genero diskriminazioarekin amaitzeko.
Bestalde, euskal alderdi politikoek euren botoak baliatu behar dituzte Estatutik datozen mugak eta betoak behingoz ezabatzeko, hemen enplegua, soldatak eta plantillen lan baldintzak erabakitzeko. Laster Estatuko aurrekontuak negoziatuko dira, eta euskal alderdi politikoen botoek helburu hori lortu behar dute.
Grebaren jarraipena Hezkuntzan: Hezkuntza publiko ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan grebak jarraipen oso zabala izan du. Unibertsitatez kanpoko hezkuntzari dagokionez, grebaren jarraipena %65ekoa izan da. Aipagarriak dira irakas jarduera ia osotasunean geldirik izan duten ondorengo ikastetxeak, irakasleriaren gehiengo zabal batek greba egin duelako: Errekabarri, Toki Eder edo Umandi eskolak Gasteizen eta Legutioko Garazi Eskola Araban; Zubieta edo Aitor eta Ibaia Ikastolak Donostian, Errenteriako Koldo Mitxelena, Eibarreko J.A. Moguel, edo Debako Mendata BHI eskolak Gipuzkoan; eta Bilboko Atxuri eskola edo Basauriko Jose Etxegarai eskolak Bizkaian.
Heziketa Bereziko langileen kasuan, gutxieneko zerbitzuak handitzeak eta azken orduko nahasmenak erabat baldintzatu du jarraipena. Halere, greba egiteko aukera izan duten hezitzaileen zati handi batek grebarekin bat egin du, besteak beste, Donostiako Altza eskolan eta Amara Berriko Ferrerias eraikinean edo Urretxuko Gainzurin Gipuzkoan; Bilboko Basurto eskolan, Balmasedako Mendia eskolan edo Durangoko Zabalarra eta Basauriko Jose Etxegarai Bizkaian; eta Gasteizko Salburua eta Zabalgana eskoletan Araban.
Sukalde eta garbiketako langileei dagokionez, jarraipena plantillaren %60 baino handiagoa izan da. Aipatzekoa da zenbait sukalde itxita izan direla sukaldarien %100k greba egin duelako, esaterako, San Inazio eta Iruarteta Bilbon edo Balmasedako CEP Mendia Bizkaian; Gainzuri Urretxun, Mutrikuko eskola edo Donostiako Intxaurrondo Gipuzkoan. Gernika BHIn edo Zarautzeko eskolan garbitzaile guztiek ere greba egin dute.
Haurreskoletan langileriaren %75 ingururen babesa izan du grebak. Haurreskola askotan, ia erabatekoa izan delarik jarraipena, besteak beste Gasteizko Arana, Izarra edo Mariturri, Erriberabeitiko Haurreskola, edo Amurrioko Ttipi ttapa Araban; Bilboko Miribilla eta Basauriko Etxeko Kuttuna Bizkaian; eta Zaldibarko haurreskola, Donostiako Bidebieta, Deba, edo Beasain eta Oñatiko Haurreskolak Gipuzkoan.
EHUn ere jarduera akademikoa oso urria izan da, leku askotan azterketetarako gutxieneko zerbitzuak izanik emandako jarduera bakarrak. Jarraipen osoa fakultate batzuetan; Araban Magisteritza, Lan Harreman, Enpresa eta Ekonomia, Letra Fakultatean; Bizkaian Kazetaritza, Lan Harremanak; Gipuzkoan Psikologian, HEFA I , HEFAII, Arkitektura, Ekonomia eta Enpresa eta Informatikan. Ikasgelategietan jarduera oso eskasa hiru lurraldetan. Administrazio eta zerbitzuetako langileen artean lekuz leku jarraipen desberdina, baino zerbitzu guztietan izan du eragina.
Udal eta Foru esparruan: grebaren jarraipena oso zabala izan da. Hainbat eskualdetako udal handienetan jarraipena oso esanguratsua, horien artean aipagarriak hiru hiriburuetakoak. Donostia, Bilbo eta Gasteizen, hainbat zerbitzuak itxi dira, hala nola udaltegiak, liburutegiak, kiroldegiak etab. Gipuzkoan: Hernani, Astigarraga, Arrasate, Zarautz, Tolosa, Orio, Beasain, Oñati, Ordizia, Anoeta, Azpeitia, Bergara, Urretxu, Usurbil, Lazkao, Zizurkil, Itsasondo, Idiazabal, Sasieta mankomunitatea, Legorreta, Debagoieneko mankomunitatea , Urretxu Zumarraga euskaltegia, Soraluze, Garbitania zero zabor. Bizkaian: Barakaldo, Ortuella, Trapaga , Markina, Bermeo, Lekeitio, Atxondo, Elorrio, Gernika, Basauri (polikiroldegia eta kultur etxea itxita), Igorre, Getxo, Lemoa, Orozko Galdakao, Berriz eta Arrigorriaga (polikiroldegia itxita), Maruri, Erandio. Araban: Agurain, Laudio eta Amurrio.
Osakidetzan: ezarritako gutxieneko zerbitzuek erabat baldintzatu dute grebaren jarraipena. Izan ere, milaka langileri greba eskubidea ukatu zaio, %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarriz. Bereziki deigarria da gaurko egunean EAG bezalako zerbitzuetan %100eko zerbitzua inposatzea, egunerokoan asko medikurik gabe irekita daudenean.
Aurreko deialdietan bezala, grebaren intzidentzia handiagoa izaten ari da Lehen Arretan, batez ere pazientearen arretako langileen artean. Nabarmentzekoa da kolektiboaren jarraipena Gasteizko San Martin Osasun Zentroan; Bilboko Zorrotzan, Boluetan eta Alde Zaharrean; edo Ezkerraldeko Buenavistan eta Mamarigan.
Ospitaleetan, gutxieneko zerbitzuek eragin handiagoa dute, eta, horregatik, jarraipena txikiagoa izan da. Hala ere, Zumarragako Ospitalean ebakuntza gelak itxita daude, eta itxita dago ere Debagoieneko Ospitaleko ebakuntza gela bat eta Txagorritxuko traumatologiako ebakuntza gela guztiak itxita eta isteroskopiarik ez da egin. Baita Arabako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia, Neurokirurgia eta Traumatologia zerbitzuko harrera ere. Era berean, itxita daude Gorlizko Ospitaleko X izpien zerbitzua, Basurtuko Ospitaleko zerbitzu horretako zelari zerbitzua eta Zamudioko Ospitaleko gidari zerbitzua.
Komunikabide eta garraio publikoei dagokionez, greba jarraipen oso zabala izaten ari da. Horren adibide da irrati eta telebista publikoan gutxienezko zerbitzuak ezarritakoa, informatiboak bakarrik emititzen ari direla, eta adibidez Miramonen jarraipena %80 ingurukoa da. Garraio publiko ez pribatizatuan ere jarraipen zabala, nagusiki Eusko Tren eta Metron.
Administrazio Orokorrean eta Justizia administrazioan jarraipena aurreko grebarena baino zabalagoa izan da, baina herrialdeka eta esparruka aldakorra, adibidez, Lakuan jangela zerbitzurik ez da izan. Estatuko langileen esparruan jarraipena apalagoa izan da.
Enpresa publikoei dagokionez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko OSE langileek grebarekin bat egin dute, eta ondorioz, gaur Iruñean eman beharreko kontzertua bertan behera geratuko da.
Iruñeko Claret Larraona ikastetxeko kiroldegiko langileak greban daude atzo eta gaur, 20 urte inguru lan baldintza berberekin eta, beraz, soldata izoztuta daramatela salatzeko. Atzo eta gaur, enpresak kiroldegia ireki du, nahiz eta Lan Ikuskaritzak adierazi zion halakorik ez egiteko, harrerako langileen greba-eskubidea urratzen baitzuen.
Iragan urteko azaroan, langileak enpresarekin bildu ziren egoeraren larria ulertarazteko eta negoziazioa eskatzeko, baina honek berandu eta gaizki erantzun zuen —bi hilabete eta erdi geroago, eta mezu elektroniko baten bidez—. Horrela, immobilismo hori ikusita, plantillak erabaki zuen kalera ateratzea eta bi egun hauetan greba egitea.
Kiroldegia irekitzeaz gain, grebalariek salatu nahi dute klaretarrak greba baldintzatzen saiatu direla, informazio faltsua emanez, hala nola delegatuak komisio bat lortzen duela greba egiten duen pertsona bakoitzeko, eta langileei beldurra eraginez, greba egitea erabakitzen duten pertsonei hitzik ez egiteko eskatu ere.
Hala ere, traba guztiak gorabehera, Claret Larraona kiroldegiko langileek borrokan jarraituko dute beren lan eskubideen alde eta klaretarrek ezartzen dieten prekarizazioaren aurka.