2025-12-23
Blog Page 145

FCC Neumaticako langileek eta enpresak aurreakordioa sinatu dute, Nafarroako KPIdun soldata-igoera bermatuko duena #LortuDugu

Iruñerriko hondakinak neumatikoki biltzeko sistemak kudeatzeko eta mantentzeko kontratuari atxikitako FCC Neumatica Casco Antiguo ABEEko langileek enpresarekin aurreakordioa sinatu dute gaur, eta bertan behera utzi dute martxoaren 28tik apirilaren 1era bitarte deitua zuten greba. Nafarroako KPIren igoera kontuan hartzen duten soldata igoerak lortu dituzte aurreakordioan. LABek langileak zoriondu nahi ditu, gutxi izanagatik ere, borroka eredugarri baten bidez garaipen handia erdietsi baitute.

Lan-baldintzak arautzen dituen enpresa-ituna 2022ko abenduaren 31n amaitu zen. Horregatik, 2023ko ekainean hasi ziren enpresa-ituna berritzeko negoziazioak, plantillak eta ordezkari sindikalak hala eskatuta. Hasieratik, plantilla inoiz baino elkartuago egon da, jakin baitzekien negoziazioak ez zirela batere errazak izango langile gutxi direlako.

Negoziatzen hasi zirenetik, langileen ordezkariek, negoziazioak lehenbailehen amaitzeko gogoz eta premiaz, ez zuten erreparorik izan beren eskaera “neurrigabeak” , FCC enpresaren arabera, eraldatzeko; hala, zenbait bilera egin ondoren, aipaturiko eskaerak egokitzen joan ziren. Langileek akordiora iristeko zuten azken aldarrikapena soldataren igoera zen, Nafarroako benetako KPIa eskatuz, hau da, pobretu gabe eta erosteko ahalmenari eutsiz eta mugarik gabe, enpresak proposatzen zuen bezala.

Aste Santurako deitutako grebaren atarian, gaur, urgentziazko bilera bat egin dute eta, azkenean, soldata-igoera adostu dute, Nafarroako KPI erreala bermatuko duena kontzeptu guztietan 2023. 2024. eta 2025. urteetarako; gainera, norberaren gauzetarako egun bat lortuz eta plantillaren antzinatasunari bosturteko bat gehituz.

LAB sindikatuak zorionak eman nahi dizkie FCC Neumaticako langileei, batuta eta enpresaren aurrean inoiz amore eman gabe, eta haien lan baldintzen defentsan eginiko borroka arrakastatsuaren kalitatea azpimarratu nahi du.

Patronalaren interesak nagusitu zaizkio Bizkaiko eraikuntzaren sektoreko langileen lan-baldintzen negoziazioari

Gaur, 2024ko martxoaren 26an, Lan Harremanen Kontseiluan, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuak Bizkaiko eraikuntzaren sektoreko patronalekin bildu dira, hitzarmen kolektibo berrirako negoziazio-mahaia eratzeko asmoz.             

Egia bada ere indarrean dagoen Hitzarmen Kolektiboak berau sei hilabete lehenago salatu behar dela zehaztu arren, deigarria da CCOOk bederatzi hilabete lehenago salatu izana.         

Itxaropentsua izango litzateke CCOOen estrategia denbora irabaztea izango balitz gainerako sindikatuekin batera ekintza sindikal kolektibo bat antolatzeko, sektorean hobekuntza nabarmenak lortzeko, prekaritate-faktore guzti-guztiak behingoz ezabatzeko eta, batez ere, langile guztiei hitzarmeneko lan-baldintzak errespetatzen zaizkiela bermatzeko.      

LABetik, beldur ginen CCOOk egindako salaketaren oinarria ez ote zen negoziazio-mahaiko ordezkaritzaren gehiengoa bere gain hartzea, horrek dakartzan arriskuekin eta beste interes batzuekin.                                

Patronalak pentsio pribatuen plana garatzeko proposamena aurkeztu du. Eta ezustea eman du. Bizkaiko Eraikuntzako Hitzarmen Kolektibo Sektorialaren negoziazio-mahaia eratzeko benetako arrazoia pentsio-funts pribatu baten sorreran aurrera egitea zen. Bere garaian, Patronalak eta CCOOk nahitaezko gisa defendatu zuten Estatuko Hitzarmen Kolektiboak jasotzen zuelako, eta gaur egun, patronalak ukatu egin du. Gogoratu behar da patronalak argudiatzen duela ezin dela soldatarik hobetu hitzarmenean pentsio-planari ekarpenak egin behar  zaizkiolako.              

Gaur, patronalak arrazoia eman digu. Ez zen derrigorrezkoa pentsio-plan pribatua osatzea. Gainera, bere garaian CCOOekin lortu zuen akordioak soldatetara joan beharko luketen zenbateko ekonomikoak putre funts batera bideratzea ekarri du, eta hori guztia langileen interesen kaltetan.

Indarrean dagoen hitzarmenean adostutako pentsio-plana onartzea eta garatzea nori dagokionaren inguruko segurtasun juridiko faltak zalantzak sortu ditu mahai osaketarekin. Gure aldetik, apirilaren 10ean, mahaia eratzeari eta gure pentsio-sistema pribatizatzeko patronalaren eta CCOOren interesari buruzko iritzia emango dugu.

Salatu dugu etxeko langileen hitzarmena negoziatzeari uko egitea lan hau duintzeari uko egitea dela

Martxoaren 30ean da Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna eta honetarako egun batzuk falta direnean, LABek eta Trabajadoras No Domesticadas-ek elkarretaratzea egin dute Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, etxeko langileentzako hitzarmena aldarrikatzeko.

Bi urte igaro dira LABek etxeko langileen sail sindikala osatu zuenetik eta Lan Harremanen Kontseiluan eta CONFEBASKen etxeko langileentzako EAEko lehen hitzarmen kolektiboa egiteko negoziazio mahaia ireki zedin eskaera aurkeztu zuenetik. Harrezkero, ez du aukerarik galdu Euskal Herriko hainbat tokitan antolatzeko eta LABeko etxeko langileen sail sindikala zabaltzen jarraitzeko. Sindikatuak argi du, langileak indartsuagoak izateko eta lanean duten prekaritatea agerian uzteko, zeinetara instituzioek behartzen dituen, sektoreko langileak antolatzen jarraitu behar duela.

LABek etxeko eta zaintzako lankideekin lanean dihardu sektore prekarizatu eta feminizatu honen lan baldintzak arautuko dituen hitzarmen kolektiboaren plataforman. Are gehiago, ikusita azaroaren 14ko 1620/2011 Errege Dekretuaren neurriek eta eguneratzeek, familia-etxeko zerbitzuaren lan-harremana arautzen duenak, ez diola sektore honetako hainbat egoera espezifikori erantzunik ematen. Hori dela eta, LABen sinetsita daude hitzarmen propio bat izateak errege dekretu hori eta Langileen Estatutua konbinatu behar izatea ekidingo zuela, etxeko enpleguko lan-zuzenbideko egoera larriei erantzuterako orduan; eta, batez ere, etxeko langileen gaueko lana eta barne erregimena bezalako gaietan.

LABeko etxeko langileen eta zaintzako langileen sail sindikalak argi dauka batzen eta antolatzen jarraitzea dela aukerarik onena sektore honetako langileen eskubideen urraketari aurre egiteko. Etxeko langileen eskubideak urratzen dituzten kasu guztiak salatuko dituzte, eta hitzarmen kolektiboa izateko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dute. Hitzarmen kolektiboa ukatzea Euskal Herriko bizitzei eusteko hain funtsezkoa eta lehentasunezkoa den sektore hau duintzea ukatzea da.

Ziur daude euren lana funtsezkoa dela, eta, beraz, euren eskubideak ezinbestekoak direla. Batez ere, etxeko enpleguko eta barne araubideko emakume* langileen kasuan, aldiro beraien eskubideak urratzen zaizkienean. Ez da bidezkoa beste lurralde batzuetatik emakume* asko zaintzera etorri izana, eta oraindik aitortzarik jaso gabe jarraitzea.

Justiziaren atzerapen gehiagorik ez egotea eskatu dute eta hartutako eta erdizka utzitako konpromisoak betetzeko itxaronaldi luze gehiagorik ez egotea; Laneko Arriskuak Aplikatzeko Erregelamenduarekin gertatzen den bezala, 2022ko irailaz geroztik garatu gabe dagoena.

Etxeko langileak bakarrik ez daudela adierazi dute, eta egoeraren kontziente den sindikatu baten parte direla, euren borroka lehentasunezkoa dela ulertzen duena. Eta, eurekin batera, emakume* aliatuz osatutako mundu bat dagoela gaineratu dute, euren salaketak beraienak bezala identifikatzen dituena. Hala erakutsi ahal izan zuten, besteak beste, azaroko Greba Feminista Orokorrean, zaintzako sektore gisa batu zirenean. Greba horretan berretsi zuten euren eskubideak eskatu behar dituzten bakoitzean etxeetatik eta etxeko eremutik aterako direla.

Dei egiten diete sektoreko langile eta gizarte-eragile guztiei eurekin mobilizatzera. Etxeko Langileen Nazioarteko Egunean, LAB sindikatuak sektorerako lehen hitzarmen kolektiboa eskatuko du, eta berretsi egingo du duela bost urte baino gehiago hasitako apustua eta borroka: etxeko langileen sail sindikala handitzea eta langile hauen eskubideen urraketaren aurrean indar gehiago izatea eta dagokiena aldarrikatzeko indartsuagoak izatea.

Hitzarmen kolektiborik gabeko etxeko langilerik ez. Hitzarmena ukatzea etxeko lana duindu nahi ez izatea da.

Bake Artisauen absoluzioaren alde mobilizatuko gara

Prentsaurrekoa egin dute gaur Bilbon Foro Sozialaren kide izandako LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek eta jendarte zibileko hainbat ordezkarik, hala nola, Antxeta Irratia, Bilgune Feminista, Etxerat, Egiari Zor, Gernika Batzordea, Herri Eliza, Hitz & Hitz, Bakea eta Duintasuna eta Sare Herritarra. Bertan, apirilaren 2an eta 3an, Parisen egingo den Bakearen Artisauen aurkako epaiketaz aritu dira. Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry auziperatu gisa bertaratu beharko dira. Bien absoluzioa eskatu dute eta apirilaren 3an Euskal Herriko zazpi hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

Bakearen artisauen aurkako epaiketaren aurrean erantzuteko beharra partekatzen dutela nabarmendu, eta Ipar Euskal Herrian auzi hori dela-eta garatzen ari den dinamika zabalarekin bat egiten dutela adierazi dute.

Igor Arroyok ere hitza hartu du eta nabarmendu du Luhusoko epaiketak argi adierazten duela Euskal Herrian egondako bake prozesuaren izaera ezohikoa. Alde batetik, bi estatuetako egitura politiko, juridiko eta polizialek jarritako oztopoak izan direlako; eta bestetik, oztopo horiek gainditzeko egindako ahaleginak, ez soilik Ezker Abertzalearen aldetik, baizik eta Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politiko anitzen aldetik ere. “Euskal eragileen bultzadaz eta nazioarteko eragileen babesaz egin du aurrera konponbidearen agendak”, adierazi du.

Gaineratu du estatuek jarritako oztopoak ez direla guztiz desagertu, bake artisauen aurkako epaiketak erakusten duen bezala. Espainiako estatuari dagokionez, berriz, adierazi du azken legegintzaldian aurrerapausoak eman badira ere, bi eremutan dirau jarrera ukatzaile eta oztopatzaileak.

Lehenik eta behin, mugatuak izanda ere euskal instituzioek biktima guztien aitortzarako bideak ireki dituzten bitartean, Espainiako estatuak ez du halakorik egin; ez da egon gerra zikinaren, indarkeria polizialaren eta torturaren ondorioz eragindako minaren aitortzarik.

Bigarrenik, sakabanaketarekin amaitu bada ere, euskal presoei ezarritako salbuespenezko legedi penala eta penitentziarioa ez da erabat indargabetu. Kondenen luzapena helburu duen ingenieria juridikoa eraistea eskatu du, baita euskal presoek baldintzapeko askatasunerako ibilbidea egitea eragozten duen jarduera oro bertan behera uztea ere, hala nola, gradu aldaketaren aurkako helegiteak.

Langabeziak behera egin arren, enpleguak ez du bermatzen bizitza duina izateko diru-sarrera nahikorik Nafarroan

Bizi baldintza duinak eta prekarioak dituzten herritarren arteko arrakala handitzen ari da, jendartearen dualizazioan sakontzeko baldintzak erreproduzituz. Gero eta nafar gehiago daude egoera zaurgarrian, oinarrizko eskubideak unibertsalizatzetik urrun jarraitzen dute. Aberastasuna ez da banatzen; hortaz, ez dago aukera berdintasunik eta herritarren arteko ezberdinkeriak handituz doaz. Horixe egiaztatu du Ikusmiran 17, Nafarroa Garaiko langileriaren lan eta bizi baldintzak izenburuko txostenak. Azterketa Ipar Hegoa Fundazioak egin du eta gaur aurkeztu dute Iruñean fundazioko kide Edurne Larrañagak eta LABeko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak.

Nafarroako Gobernuak enplegu plan berria 2024ko irailean abiaraztea aurreikusten du. Horretarako, Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua dagoeneko hasi da plan berriaren neurriak garatzeko lanak planifikatzen, eta Nafarroako Gobernuak 2025eko aurrekontuetan sartzea espero du. Beste behin ere, eztabaidarako zaharkitua eta mugatua den eliteen eredua aukeratu du Txibiteren gobernuak.

Aldiz, Nafarroako langileriak, eta gizarteak oro har, gehiengo sozialaren kezka eta behar nagusiei begirako irtenbideak exijitzen ditu. UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboetatik harago eta CENeko enpresarien betoaren gainetik. Horregatik guztiagatik, politika publikoetan aldaketa sakonak eginez eta erabaki propioak hartuz, Nafarroan berehalako eta etorkizuneko erronka handiei buruzko benetako eztabaida zabal eta estrategikoari ekiteko aukera bermatu behar da, arrakastaz Nafarroako langileen bizi eta lan baldintzak hobetzeko.

Gaur LAB sindikatuak aurkezten duen nafar langileen lan eta bizi baldintzen inguruan Ipar Hegoa Fundazioak egindako txostenak aurrera egiteko halabeharrez gainditu beharreko bost ondorio uzten ditu. Horiek ez dute autokonplazentziazko egoerara mugatzeko aukerarik ematen. Hala, errealitatearen azterketak argi erakusten du behin-behinekotasunarekin amaitzera zetorren espainiar lan erreformak goia jo duela, ez baita gai lan merkatuko desoreka zuzentzeko. Eta horrek, batez ere, garesti ordaintzen dute langile emakumeek*.

Bestalde, bizitza gero eta garestiagoa den garaietan, KPI asko handitu den garaietan, aldiz, Nafarroako enpresariak ordezkatzen dituen CEN patronalak soldata igoera zaildu egiten du, langileon lan eta bizi baldintzen kaltetan. Hala ere, arazoa Bermatutako Errentan ikusten dute. Lan istripu hilgarriak ekidin beharrean, absentismoaz hitz egiten dute. Eta soilik interesatzen zaizkien gaiak mahai-gaineratzen dituzte (AHT, Ubidea, eta Madrilera hegaldiak) enpleguaren kalitatea baztertuz. Beraz, Nafarroako enpresarien erabakietan jarrera erreakzionarioa ikusten da, eta horrek ez du ahalbidetzen Nafarroak aurrera egitea, ongizatea babestea eta etorkizuna bermatzea.

Azterketaren ondorio nagusiak

BAT. Nafarroako bi herritarretik bat egoera prekarioan dago. 25 eta 64 urte arteko nafarren %50,3 prekaritate egoeran bizi da, bizitza duina bermatzeko diru-sarrera nahikorik gabe, enplegua izan arren. Pentsionisten kasuan, %38,9k 1.134 eurokoa edo baxuagoa den pentsioa jasotzen dute eta horietatik %53,7 emakumeak* dira.

BI. Enpleguak ez du bermatzen bizitza duina izateko diru-sarrera nahikorik. Langabeziak behera egin arren, prekaritate ekonomikoan bizi den herritarren kopuruak bere hartan jarraitzen du; beraz, sortzen ari den enplegua lan baldintza prekarioetan oinarriturikoa da.

Horren adierazle, langile klasea eros-ahalmenean izaten ari den galera da.

  • 2023an Nafarroako lan hitzarmenetan adosturiko soldata igoerak batez beste %4,1ekoa izan zen, KPIaren azpiko igoera (2022ko abenduko urte-arteko batezbestekoa %6,4 izan baitzen).
  • 2011 urtetik egondako pentsioen eguneratzea eta ordutik metatutako KPI-aren bilakaera aztertzen badugu, pentsiodunek eros-ahalmenean izaniko galera argia da.

HIRU. Etxeko lanetara emanda zauden gero eta emakume* gehiagok egin du lan merkaturanzko igarobidea, lanaldi prekario bikoitzera behartuta.

Etxeko lanetara emanda zeuden 2.100 emakumek*, etxeko lanen ardura nagusia mantenduz, lan merkaturanzko igarobidea egin dute, bizi-unitatearen egoera ekonomiko kaskarrak behartuta kasu gehienetan. Eta lan baldintza prekarioak kronifikatuta dituen lan merkatua aurkitu dute parez pare:

  • Behin-behineko kontratua duten langileen %59,91 emakumeak* dira.
  • Aldizkako kontratu finkoa emakumeen* artean gehiago zabaldua dago (%5,33; eta gizonezkoen artean, %3,37).
  • Lanaldi partzialean dauden 3 langiletik 2 emakumeak* dira.
  • Soldata arrakala egiturazkoa da: emakume* batek gizon batek baino %20,1 gutxiago kobratzen du Nafarroan.

LAU. Bizi-unitatearen diru sarreren gero eta kopuru altuagoa bideratzen dugu etxebizitza eskuratzera, bizitza duina oztopatzen duen gako nagusienetakoa. Nafarroako etxebizitza indizeak adierazten duen bezala, 2015. urtetik etxebizitzaren prezioak etengabeko hazkundea izan du.

  • Etxebizitza librearen prezioa (€/m2) %20 garestitu da 2015. urtetik.
  • 2020. urtean baino 135 € gehiago bideratzen ditugu hilabetero alokairua ordaintzera, soldata garbiaren %46.
  • Nafarroako biztanleria pobrearen %60k du etxebizitza gastu altua.

BOST. Osasun sistema publikoa indartu beharrean, pribatizazioranzko bidea indartzen ari da. Osasunbidearen ohiko jarduera pandemia aurreko egoerara itzultzetik urrun, pandemia garaian hartuko “ez-ohiko” neurriak egiturazko bilakatu dira:

  • Itxaron zerrendak gero eta luzeagoak dira: 2019an pazienteen %63 lehen hitzorduaren zain zegoen bitartean, 2022an %77 izatera pasatu ziren.
  • Kanpo kontsultetan, itundutako zentroetara bideratzen den jarduera %58,72 igo zen 2019-2023 aldian.

Osakidetza, atzeraka Korrika

Iritsi da Korrika eta iritsi da Osakidetzak euskarari dagokionean aurpegia zuritzeko momentua. Oso erraza eta ikusgarria da lekukoa hartu eta euskararen aldeko lasterketa erraldoiarekin urratsak ematea. Euskarari bultzada emateko, kilometroa erosi eta eurak ere euskararen alde daudela aldarrikatzeko momentu ezin hobea. Politikoki zuzena gainera.

Hauexek dira ordea, Osakidetzak euskararen alde egiten duen urrats bakarrak. Aurreraka behintzat. Ze, agian, Osakidetzak euskararen lasterketan korrika egiten du, baina atzeraka. Euskaldunon eskubideak gehituz ez ezik, murriztuz doazela esan dezakegu euskal osasun publikoan.

Euskaraz lan egiteko erraztasunak eman ordez, oztopoak jartzen dizkigu Osakidetzak. Web orri berria martxan jarri du, eta euskaraz nabigatu nahi duenak esfortzu handi bat egin behar du, edonor nazkatzeko modukoa. Euskaraz lan egiten duenak eta bere ebolutiboak hala idazten dituenak eraso desberdinak jasan izan ditu, eta Osakidetzaren kudeaketak horrelako jarrera euskarafoboak baimentzen ditu. Plaza lortzeko oposizioak euskaraz egitea benetako abentura izan daiteke (hortik azterketa euskaraz egiten dutenen datu negargarriak). Euskaraz artatua izatea eskubidea izan arren, benetako zorte kontua izan daiteke.

Eta zerrenda asko luza genezake. Baina bien bitartean, Osakidetzak harro eramango du lekukoa herritarren aurrean, bere langileak Korrikan parte hartzera gonbidatuz eta euskararen alde dagoela garbi utziz gizartearen aurrean. Izan ere, betiko moduan jarraitzen dute Osakidetzako arduradunek euskarari dagokionez: borondate gutxi eta itxurakeria franko!

Hezkuntza Laguntzako Espezialistek negoziazioaren blokeoa salatu dute PSNren egoitza aurrean

Nafarroako eskola publikoko Hezkuntza Laguntzako espezialistak (HLE) PSNren egoitzaren aurrean elkarretaratu dira gaur eguerdian, alderdi horrek eta beronek zuzentzen duten Gobernuak langile horienganako duten immobilismoa salatzeko. Izan ere, gogoratu behar da 2021ean Hezkuntza departamentuak bertan behera utzi zuela, alde bakarrez, kolektibo horren ordezkaritza sindikalarekin irekita zegoen negoziazioa, ordutegiaren erregulazioa aldatzeko (gaur egun 9 ordu lan egin dezakete egunean, eta 43’5 ordu astean).

Nafarroako Parlamentuak behin baino gehiagotan eskatu dio Hezkuntza departamentuari eser dadila langileen ordezkariekin lan baldintzen aldaketak eta hobekuntzak negoziatzeko. Izan ere, premiazkoa baita, profesional horiek ikasle ahulenekin, Hezkuntza Premia Bereziak dituztenekin, egiten duten esku hartzearen kalitatea bermatzeko baldintzak hobetzea. Hala ere, gaur den egunean, Hezkuntza departamentuak ez ditu kontuan hartu horien beharrak, eta kolektiboa osatzen duten 500 langile horien ordezkaritza sindikala gutxiesten jarraitzen du.

Gaurko egunean, PSNri dei egin diogu gehiengoaren korrontearekin bat egin dezan eta, hartara, jar ditzala baldintza egokiak ikasle horien inklusioa bermerik handienaz egin dadin.

Kolektibo horrek aspalditik eskatzen dituen eskaerak guztiz zentzuzkoak dira:

– Profesionalen arteko koordinazioa.

– Talde-lana.

– Zeharkako arretarako, materialak prestatzeko eta abarretarako denbora.

– Kalitatezko prestakuntza (gaur egun ez dago horrelakorik).

– LEP bat, Administrazioak ezarritako behin-behinekotasunaren gehienezko tasara (%8koa) iritsi dadin kolektiboa. Gaur egun, langileen % 13 baino ez dira funtzionarioak.

Gautenako langileek murrizketarik gabeko hitzarmen duina aldarrikatu dute

Atzo, autismoaren inguruan lan egiten duen Gautena elkarteak antolatutako hitzaldiak baliatuz, 80 langile inguruk elkarretaratzea egin zuten, murrizketarik gabeko hitzarmen duin bat aldarrikatzeko.

Enpresaren egungo proposamena KPIa bermatzera iristen da, baina lankideen eskubideak urratzen dituzten murrizketekin. Murrizketa horiek bajetan osagarriak galtzeari, norberaren gauzetarako egunak ezabatzeari, oporraldietan lan egiteko derrigortasunari eta abarri lotuta daude. Hori dela eta, enpresa-batzordeak, LABek proposatuta, atzoko egunez mobilizatzea erabaki zuen, eta atzokoa, etorkizuneko protesten hasiera baino ez da izan.

0-3 zikloko sindikatuek kezkaturik jarraitzen dute Nafarroako Gobernuak apenas zehaztu baitu nola ezarriko dituen 2 urteko haurren ikasgelak

Iragan martxoaren 20an, Nafarroa Garaiko 0-3 hezkuntza zikloko sindikatu guztiak (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusiarekin eta 0-3 Zerbitzuko zuzendariarekin izandako bileratik sartu aurretik genuen baino zalantza gehiagorekin atera ginen. Eman ziguten informazioa lehengo egunean Carlos Gimeno kontseilariak Parlamentuan egindako agerraldiaren errepikapena izan zen; ez ziren ezarritako gidoitik atera.

Oraindik ez genekien gai garrantzitsu bakar bat argitu ziguten: 2 urtekoen gela berrietan zerbitzua emateko kontratatuko diren langileak Hezkuntza Departamentuko haur-eskoletako zerrendetako langileak izango dira, hau da, C mailako langileak, eta ez B mailako Hezkuntzako zerrendetako maisu-maistrak. Ez zuten zehaztu nahi izan langile horiek zer egutegi eta ordutegi izango duten, ikasgela horiek ezarriko diren zentroetakoak edo Haur Eskoletakoak izango diren. Kezka sortzen digu maisu-maistren eta hezitzaileen artean emango diren maila profesionalen arteko aldeak, titulazioari, soldatari, egutegiari, ordutegiari eta gainerako lan-baldintzei dagokienez.

Ikastetxeak hautatzeko moduak ere harritu gaitu. Onartu zutenez, dituzten denboretan eta ikasleen eta landa-eremuen kalteberatasun-premisak kontuan hartuta, 2 urteko haurrak artatzeko beharrezkoak diren aldaketak egiteko eskuragarriak ziren ikastetxeak aukeratu dituzte, ekimen honen bat-batekotasuna argi eta garbi utzita.

Gainerako gaiei dagokienez, azpimarratu zuten zorrotz betetzen ari direla martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Erkidegoan Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duena eta hura ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak ezartzen dituena. Antolakuntzari dagokionez, oraindik erabaki gabeko gauzak dituztela ikusten dugu (egutegia, ordutegia, jantokia…).

Akordio Programatikoari eta Nafarroako 0-3 zikloaren kudeaketa komunerako lan taldeari buruz ez zuten iritzirik eman nahi izan, gai horiei buruz hitz egiteko foroa ez zela argudiatuz. Beraz, prozesuaren zein unetan gauden jakin gabe jarraitzen dugu, eta zalantza handiak ditugu akordioa betetzeko asmoa ote duten.

Sindikatu sinatzaile guztien izenean, Hezkuntza Departamentuari hurrengoa eskatzen diogu: Nafarroa osoan 0-3 ziklorako kudeaketa bateratua behingoz antolatzeko ardura har dezala eta ikastetxe publikoetako 2 urtekoen gelen plan pilotua bezalako adabakiak alde batera utz ditzala. Berriro diogu, erabaki hori alde bakarretik hartu zen, profesionalekin eta sektoreko langileen ordezkariekin kontsultatu gabe, eta nahasmen eta mesfidantza handia sortzen ari da, batez ere formengatik eta, informazio gehiago izaten ari garen heinean, baita edukiagatik ere.