2025-12-29
Blog Page 142

Laneko istripu eta gaixotasunak ekidin daitezkeelako, prebentzioa bermatzeko betebeharrari behingoz heltzeko eskatuko diegu arduradunei

Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren bueltan, aste bereko ostegunean (apirilak 25) mobilizazioak egingo ditugu LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxande eta Hiru sindikatuak bat eginda. Iruñean, Donostian edota Bilbon egingo diren mobilizazioen bitartez langileen aktibazioan eta prebentzio neurrien garrantzian jarriko dugu arreta berezia.


Ia hiru hamarkada igaro dira Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea onartu zenetik. Hiru hamarkada dira patronalak laneko osasunari buruzko araudia behin eta berriz urratzen duela, gobernuen beharrezko konplizitatearekin. Ez dira guk asmatutako datuak, datu ofizialek berresten dute: 2024an %30 igo dira lan-istripu larriak eta arinak, ia %50 lan-istripu hilgarriak eta% 19 gaixotasun profesionalak. Ez da uneko egoera soil bat, langileen lan-osasunaren galeraren egoera kezkagarri baten isla baizik.

Hori dela eta, apirilaren 25ean, apirilaren 28ko Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-ETXALDE eta HIRU sindikatuok kalera aterako gara Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan, eta langileen lan-osasunaren galeraren egoera zehatzak salatuko ditugu, arduradunak seinalatuz. Sektore feminizatuei lotutako lanbide-gaixotasunak sistematikoki ezkutatu eta ukatzen direla ere salatuko dugu, eta laneko arriskuen balorazioetan ez dela kontuan hartzen sexu-generoaren osagaia. Borrokarako eta aldarrikapenerako eguna izango da, eta aipatutako sindikatuok jarraipena emango diogu lan-ezbeharren gaitzaren aurrean egiten ari garen elkarlanari.

Egungo prebentzio-sistema errotik aldatzeko beharra jarriko dugu erdigunean. Sistema honek, hiru hamarkadatan enpresak araudia bete gabe egon ondoren, porrot egin duela frogatu da. Patronalak ezin du laneko osasunari buruzko araudia urratu; izan ere, ez du ondorio larririk jasotzen. LANEKO OSASUNARI BURUZKO ARAUDIA BETE BEHAR DU. Langileen lan osasuna galtzea ezin da zigorgabe geratu.

Eta, horretarako, EAEko eta Nafarroako gobernuek hori betearazteko behar diren bitartekoak jarri behar dituzte. LAB, ESK, STEILAS, EHNE-ETXALDE eta HIRUk honako hau exijitzen dugu:

  • Egungo lan-ikuskatzaileen kopurua nabarmen handitzea, Europako batezbestekoarekin parekatuz.
  • Osalanek eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) gaitasun exekutiboa izan behar dute, ezin dira aholkulari hutsak izan.
  • Administrazioak jarrera aktiboa izan behar du laneko osasunari buruzko araudia betetzen dela bermatzeko, eta, enplegatzailea den tokian, beharrezko lan osasuneko klausulak txertatu behar ditu kontratazio-pleguetan.

Azkenik, dei egiten diegu langileei antolatzen jarrai dezaten, eta egunero borroka egin dezaten gure osasunaren alde lantokietan eta sektoreetan. Apirilaren 25ean bultzada handia emango diogu laneko osasunaren defentsari, baina beharrezkoa da egunero defendatzea.

Gure eguneroko antolaketarekin eta borrokarekin patronala gure osasuna bermatzeko derrigorrezko neurriak hartzera behartzen jarraituko dugu, eta ziur gaude gobernuak eta erakundeak ere behartuko ditugula prebentzioa benetakoa izan dadin eta ez lortu beharreko betiereko helburua.

Izan ere, datuek ere gauza bat argi uzten dute: langileak antolatuta dauden eta prekaritate txikiagoa duten lekuetan, lan-istripuak eta gaixotasun profesionalak izateko arriskua nabarmen jaisten dela. LANEKO ISTRIPUAK ETA LANEKO GAIXOTASUNAK EKIDIN DAITEZKE!

Euskararen aurkako azken epaia salatzeko mobilizatu dira gaur Pasaiako Udaleko langileak

Bihar beste hitzordu bat izango dugu, 18:30ean Pasai Antxoko Biteri plazan, Euskalgintzaren Kontseiluarekin eta Bokale elkartearekin batera. Izan ere, azkenaldian bizi izaten ari garen oldarraldi judizialaren enegarren epai honek bigarren mailako hizkuntzatzat jotzen du euskara, eta LABek ez du halakorik onartuko.

Jarraian irakur daiteke Pasaiako Udalaren aurrean gaur eguerdian eginiko elkarretaratzean irakurritako adierazpena:

EUSKARAREN AURKAKO OLDARRALDIARI EZ!
EUSKARAZ LAN EGITEKO ETA BIZITZEKO ESKUBIDEA ALDARRIKATZEKO GAUDE HEMEN


Euskal langileok Euskal Herrian euskaraz lan egiteko eta bizitzeko dugun eskubidearen aurkako oldarraldirik ez dugu onartuko, lanerako dugun eskubidea eta gure herrian euskaraz bizitzeko duguna ez baitira kontrajarriak, osagarriak baizik. Ildo horretan, ez dugu ontzat emango Pasaiako Udalean kale-garbitzaile lanpostuetan gutxieneko euskara mailaren ezagutza kentzeko kaleratu diren ebazpen judizialak.

Deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera, kale-garbitzaile izateko beste hainbat eskakizunen artean, euskarazko B1 (1. hizkuntza eskakizuna) maila ezarri zen 2015. urtean. Bada, epaiei jarraikiz, diskriminatzailea da euskararen gutxieneko eskakizun hori ezartzea, argudiatzen baita lanpostu publikoetara baldintza beretan iristeko oinarrizko eskubidea urratu egiten dela.

Baina zergatik da diskriminatzailea gutxieneko euskara maila bat eskatzea eta ez deialdiaren oinarrietan ezartzen diren gainerako eskakizunak eskatzea? Udaleko langile guzti-guztiek ordezkatzen dute Udala, kalean dabiltzanek nahiz bulegoetan dihardutenek. Guztiak dira Udalaren ispilu. Eta herritar guztiek dute herri administrazioarekin nahi duten hizkuntza ofizialean harremanak izateko eskubidea. Ezinbestean, beraz, herri-langileen betebeharra da eskubide hori muga edo trabarik gabe betetzen dela ziurtatzea, kontuan izanda langile bakoitzak bere lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizunaren arabera jardungo duela.

Euskararen erabilera sustatzeko eta euskararen normalizazioa planifikatzeko Udalari legez ezarri zitzaion eskumena baliatuz, urteak daramatza Udalak erakundea bera zein udalerria euskalduntzeko planak bideratzen, eta horretarako, langileei dagokien hizkuntza eskakizuna lortzeko baliabideak eskaintzen.

Hortaz, lege arloan ez dugu ulertzen azken 40 urteotan indarrean egon den Euskara Legea, eta lege hori garatzeko dekretu guztiak gehi 2/2016 Legea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa, normaltasunez bideratu direnean, horiek aldatu gabe orain sekulako oldarraldi juridikoan murgildu izana. Legeak onartu badira, zergatik jotzen dute epaileek lege horien kontra? Ez al dira ba gehiengo zabal batez onartu? Zer aldatu da? Ondorio linguistikoak dituen inboluzio politiko zabalagoaren baitan dago erantzuna. Erabat antidemokratikoa da, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea zapuztea legaltzat jotzen bada ere.

Gauzak horrela, bost dei egin nahi ditugu gaur:
1.- Pasaiako Udalari errekurtsoa jartzeko eta egonkortze-prozesuarekin aurrera egiteko eskatzen diogu, Lanpostuen Zerrendan onartutakoa errespetatuz. Horrekin batera, eskatzen diogu euskara maila hobetzeko udal langileek beharrezkoak dituzten baliabideak ematen jarraitzeko.
2.- Dei egiten diogu euskal klase politikoari horrelako oldarraldia ekidin dezakeen bidea eta akordio politikoa jorra dezan, horretarako legea egokituz, alegia, Euskararen Legea sendotuz. Egia da hizkuntza bat ez dela legez eta dekretuz normalizatzen, baina hizkuntzaren kontrako erasoak ekiditeko tresna izan behar dute legeek eta dekretuek, eta gaur artekoek dagoeneko ez dute horretarako balio.
3.- Dei egiten diogu euskal jendarteari oldarraldiari aurre egiteko, besteak beste, euskaraz bizitzeko hautua egin dezan, euskara nonahi harrotasunez erabiliz.
4.- Dei egiten diegu euskal langileei euskararen alde ager daitezen eta lan-mundua euskalduntzeko prozesuan indar erabakitzaileak izan daitezen.
5.- Dei egiten diegu herritarrei Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak deitu duten elkarretaratzean parte har dezaten: bihar, apirilaren 12an, 18:30ean Pasai Antxoko Biteri plazan.


EUSKAL LANGILEOK EZ DUGU EUSKARAREN AURKAKO EPAIRIK ONARTUKO!

‘Eskuz esku LAB zabaltzen’ dokumentalaren aurkezpenak eta solasaldiak eskualdeetan, 50. urteurreneko ekitaldien barruan

Sindikatuaren 50. urtemugaren baitako ekitaldiak martxan dira. Horrela astelehenean estreinatu genuen Eskuz esku LAB zabaltzen sindikatuaren historia jasotzen duen dokumentala, Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian.

Orain, Euskal Herriko eskualdeetan barrena aurkeztuko dugu dokumentala, eta honekin batera, solasaldiak ere egingo ditugu LABen ibilbidearen inguruan.

Atzo izan genuen aurkezpen eta solasaldi hauetan lehena, Hernaniko Biteri Aretoan, eta apirilean eta maiatzean zehar beste 30 egingo ditugu, herri ezberdinetan. Jarraian duzue zerrenda:

Apirilean

12. Azkoien. Kultur etxea. 18:30

18. Burlata. Kultur etxea. 19:00

19. Lizarra. Los Llanos kultur etxea. 17:00

       Tutera. Lourdes gizarte etxea. 18:00

       Altsasu. Iortia. 18:00

20. Tafalla. Kulturgune. 11:00

21. Lesaka. Kultur etxea. 11:30

22. Sestao. Musika eskola. 18:30

23. Sodupe. Kultur Etxea. 18:30

      Donostia. Ernest Lluch aretoa. Bi saio: 10:15 / 18:00

      Ordizia. Barrena kultur etxea. 18:00

      Leitza. Herri Aretoa. 19:00

24. Muskiz. M gela. 18:30

       Tolosa. Kultur Etxea. 18:00

       Zumaia. Aita Mari antzokia. 19:00

       Gasteiz. Aldabe gizarte etxea. 18:00

25. Bilbo. Itsas Museoa. 18:00

       Lemoa. Gaztetxea. 19:00

       Algorta. Azebarri Kultur Elkartea. 18:30

       Eibar. Portalea. 18:00

26. Irun. Amaia antzokia. 19:00

       Zangoza. Kultur etxea, erakusketa gela. 18:00

       Oion. Bazterra aretoa. 18:30

27. Galdakao. Musika Eskola. 11:30

Maiatzean

3. Ondarroa. Kofradia Zaharra. 19:00

9. Gernika. Astra. 19:00

     Orereta. Niessen aretoa. 19:00

10. Amurrio. Antzokia. 18:30

16. Hazparne. Haritz Barne. 19:45

22. Arrasate. Kulturate. 18:00

Kaleratzeen aurrean, Imegarreko langileak mobilizazioekin hasiko dira

Beste langile bat kaleratua izan da.

LABek, kaleratze hauen aurrean, gaitzespen osoa azaldu nahi du, kaleratzeen helburu bakarra lan sindikala zigortzea baita. Aurretik ateratako prentsa ohar batean sindikatuko delegatu baten kaleratzea salatu zuten. Delegatu horrek langile asanblada batean irabazien banaketa bidegabea egiten ari zela salatu zuen. Enpresak informazio hau langileei ezkutatu egin die eta argitara atera den momentuan, errepresalia eta xantaiak bata bestearen atzetik etorri dira.

Astelehen honetan bigarren kaleratze baten berri izan du sindikatuak, zehazki LAB-eko beste afiliatu batena.

Aurretik azaldutakoa kontuan hartuta, aste honetan, bi langile asanblada burutu dituzte, kaleratze hauen aurrean erantzuna artikulatu ahal izateko eta bi lankideak euren lanpostuetara bueltatzea eskatzeko.

Horregatik, bi kontzentrazio deialdi egongo dira, bata ostiralean eta bestea astelehenean, 13:30etatik 14:30etara. Bi kontzentrazio horien ostean grebarekin hasiko dira langileak, kaleratutakoak berriz onartu arte.

LABek berriro dio egoera honen aurrean elkartasun eta borrokarako deia egiten duela, bai lantokian, baita eskualdean ere. Ez du onartuko lan sindikala burutzeagatik edozein delegatu edo langile kaleratzea.

Gipuzkoako ostatuetako hitzarmena aplikatzen duten enpresek Covid-19 garaiko Aldi Baterako Enplegu Erregulazioen Espedienteen prestazioa %100ean osatu behar dute

Gipuzkoako Ostatuen Hitzarmeneko 25c) artikuluaren harira, Auzitegi Gorenak arrazoia eman die langileei.

Artikulu honek ezinbestez kontratuak bertan behera gelditzen diren egoeretarako osagarri ekonomikoa aurreikusten du. Zer esan nahi du horrek? Covid 19-aren pandemian Aldi Baterako Enplegu Erregulazioan egon ziren langileek SEPEren aldetik jasotako prestazioa %100ean osatu behar dutela enpresek orain.

Osagarri ekonomiko hori erreklamatzeko laguntza behar baduzu, hurbil zaitez LAB sindikatuaren egoitzetara.

Pasaiako kale-garbitzaileen lan-deialdian euskara eskatzearen aurkako epaiak argi uzten du bigarren mailako hizkuntzatzat jotzen dela euskara epaitegietan

Azken garaian jasaten ari garen euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen aurkako oldarraldi judizialaren beste bi epai ezagutu berri ditugu. Kasu honetan bi epaiak Pasaiako udalak 15 kale-garbitzaile hartzeko lan-deialdi baten aurkakoak dira. Lan-eskaintza honen aurka bina norbanakok ezarritako helegitea ontzat eman du epaileak, argudiatuz hautagaiei 1. hizkuntza-eskakizuna ezartzea diskriminatzailea dela. Izan ere, epaileen ustez, plaza horietarako izendatutakoek bete behar dituzten eginkizunen ezaugarriek eta edukiek, funtsean bide publikoen garbiketari dagozkienek, ez omen dute justifikatzen euskara jakiteko eskakizun hori.

Are okerrago, epaian jasotzen denaren arabera, eginkizun horiek betetzeko orduan langile publiko horiek euskara ez jakiteak ezin omen du nahasmendu handirik eragin administratuek Administrazioarekin harremanetan jartzerakoan euskara erabiltzeko duten eskubidean; lanpostu hauetarako ez baita akreditatu herritarren eskubide hori bermatzeko behar-beharrezkoa denik kale-garbiketako langile guztiek euskara jakitea.

Ikuspuntu ideologiko horretatik abiatuta, 15 plazak eskuratu ahal izateko baldintza espezifiko gisa euskararen 1. hizkuntza-eskakizuna eskatzeak errekurtsogileek funtzio publikoan berdintasun-baldintzetan sartzeko duten oinarrizko eskubidea urratzea omen dakar.

Izan ere, epaileek oso ondo laburbiltzen du epaian egun inposatzen zaigun lege-doktrina murriztailea:

“Lehenengoa, printzipio orokorra da gaztelera ez diren “Espainiako hizkuntzak” ezagutzea merezimendu ez-baztertzaile gisa baloratu ahal izatea.

Bigarrena, plaza zehatz eta jakin batzuetarako, botere publiko eskudunek izaera hori (derrigorrezko eskakizuna izatea) eman diezaiokete dagokion autonomia-erkidegoko hizkuntza koofizialaren ezagutza-probari.

Hirugarrena, printzipio orokorraren salbuespen horren helburua da herri-hizkuntza hitz egiten duten langileez administrazioa hornitzea, dagokion erkidegoko herritarrek hizkuntza hori erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko modu gisa.

Laugarrena, helburu zehatz hori betetzen dela behin aintzat hartuta, aipatu eskakizuna diskriminatzailetzat jo behar da administratuek beren autonomia-erkidegoko hizkuntza erabiltzearekin zuzenean lotuta ez dauden plazak betetzeko ezartzen denean. Izan ere, eskakizuna gorde behar da administrazioarekin harremanetan jartzerakoan bere hizkuntza erabiltzeko ezintasunak hura erabiltzeko duten eskubidean nahasmendu handia eragin diezaiekeen plazetarako. Horrek eskatzen du bete nahi den plazaren eskumenekoak diren eginkizunak baloratu egin behar direla kasu bakoitzean, hala nola zerbitzu jakin bat dagokien funtzionario-multzoa ere, halako moldez non aipatutako nahasmendua dagoela hautemango den zerbitzuetako funtzionarioren batek erkidegoko hizkuntza berezia hitz egiten duela bermatzen den. Hori guztia, gure Arau Gorenaren hirugarren artikuluak espainiar guztiei ezartzen dien gaztelera jakiteko betebehar konstituzionalaren indarraldiak ñabartuta.

Bosgarrena, inguruabar horietakoren bat ez dagoenean, autonomia-erkidegoetako hizkuntzen eskakizun derrigorrezkoa, berariazkoa zein inplizitua, diskriminatzailetzat kontsideratzen duen jurisprudentzia-tesi iraunkorrak osoki aplikagarria izaten jarraitzen du.”

Zalantzarik gabe egitura juridiko-politiko osoa eraikia dago euskararen normalizazio osoa ekidin eta euskaldunok euskaraz eroso bizi ahal izatea ezinezko egiteko. Epaiek argi eta garbi adierazten dute mugak zeintzuk diren: euskara-eskakizun bakoitza justifikatu beharra dago, eta, hala ere, ez da beharrezkoa atal horietako langile guztiei eskakizunak ezartzea. Epaietan esplizituki jasoa dagoen bezala, zerbitzuko langileren batek euskara ezagututa nahikoa da. Ahaztu gaitezen administrazioaren barrura begiratu eta langile publikoek euskaraz lan egiteko duten eskubideaz eta hori sustatzeaz. Epaileak lotsarik gabe euskara eskatzea salbuespena izan behar duela zuri-beltzean idatziz jartzera iristen dira.

Hori gutxi ez, eta eremu estu itogarri horretatik harago edonolako euskara eskakizunak egitea diskriminatzailetzat jotzen da. Baina zergatik euskara maila bat eskatzea da diskriminatzailea eta ez deialdiaren oinarrietan ezartzen diren gainontzeko eskakizun guztiak? Argi dago hori soilik ikuspuntu ideologiko batetik kontsideratu daitekeela.

Diskurtso honek guztiak argi adierazten du epaile hauen, eta oro har espainiar justiziaren, posizio ideologiko supremazista eta euskarofoboa. Horientzat euskara espainierarekiko subalternoa da eta euskaldunon eskubideak bigarren mailakoak. Euskarak bere tokia izan dezakeela dio baina beti ere aurrez espainierarena ziurtatzen bada, eta inongo kasutan ere toki hori ezin da izan espainieraren parekoa. Euskara eskatzea justifikatu beharra dago eta salbuespena izan behar da; aldiz, espainieraren derrigorrezko ezagutza eta eskakizun unibertsalak ez du inolako justifikaziorik ez azalpenik behar, Konstituzioan ezartzen zaigu eta kito, hori omen da egoera naturala eta normala. Euskaldunok euskaraz bizi ahal izateko baimen eske ibili beharra inposatzen digute.

Horren aurrean, LAB sindikatutik irmoki salatzen ditugu bi epai hauek eta horiei erantzuteko deitu diren mobilizazioetara dei egiten dugu. Hala, apirilaren 12an Pasai Antxoko Biteri Plazan elkartuko gara 18:30ean, Euskalgintzaren Kontseiluak Bokale Euskararen Aholku Batzordeak antolatuta. Era berean, bihar, hilak 11, Pasaiako Udaleko langileek eguerdian egingo duten mobilizazioan ere parte hartuko du LABek.

Trafikoko eta SOS Deiak-eko langileek behargin falta salatu dute

LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok salatu nahi dugu Trafiko (011) eta SOS Deiak (112) enpresetako langileak indar betean eta larri ari direla lanean egun hauetan, EAEko larrialdiek ahalik eta ondoen funtziona dezaten.

Zalantzan jartzen dugu LANALDEN enpresak, SOS Deiak-eko eta Trafikoko larrialdi zerbitzuaren esleipendunak, halakoetan (joan den larunbatean, Kopako finalean, eta ostegun honetan, Gabarratik irtetean bezalako egunetan) zerbitzua baldintza egokietan eramateko gaitasuna duenik. Gure ustez, joan-etorri handiak eta ospakizun jendetsuak egiten diren egun hauetan zerbitzua emateko dauden langileen kopurua ez da nahikoa, aparteko larrialdiak eragin ditzaketen arrisku-faktore ugari baitaude.

Gabarraren etorrera dela eta, itsasadarraren inguruan milioi bat pertsona espero dira ostegun honetarako, eta, horretarako, Segurtasun Sailak plan berezi bat aktibatu du, segurtasun-operatiboa indartuz, plan osoaren ardatza SOS Deiak izango delarik. Bada, paradoxikoki, zerbitzu hori ez da indartuko.

Hau da, makro-operatibo horren atzean, SOS Deiak-en telefonoan 10 pertsona baino ez dira egongo, eta EAE osoko Trafiko zerbitzuan, berriz, 6, egun arrunt batean bezainbeste. Begibistakoa iruditzen zaigu baliabide horiekin LANALDENek ezin duela bermatu ez herritarren segurtasuna, ezta lan-arriskuen prebentzioa ere, batez ere langileen arrisku psikosozialei dagokienez. Ezin dugu ahaztu, gainera, Bilbo Handiko egoerak baliabideak indartzea eskatzen badu ere, EAEko gainerako lekuetan ere larrialdiak gerta daitezkeela.

Segurtasun Saila horren jakitun da. Are gehiago, beherko irudian ikus daitekeen bezala, zerbitzuaren baldintza-agiriek ezartzen dute muturreko larrialdiko edo hondamendiko arrisku egoera batean gutxienez 19 pertsona egon behar direla, eta premiaren arabera handitu ahal izango dela kopuru hori. Kontuan izan behar dugu hauek direla ezusteko baterako ezarritako zenbakiak, baina, kasu honetan, segurtasun-plana aurreikuspen handiagoarekin egin behar zen.

LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok salatu nahi dugu Segurtasun Sailak badakiela hori guztia, baina ez duela inolako neurririk hartu, eta ez diola enpresari adierazi zerbitzua indartzeko, eta LANALDENekin batera, gauzatu litezkeen arriskuen erantzule dela. Kostuak merkatzearen eta azpikontratazioen ondorioz, zerbitzuak prekarioagoak dira plantillentzat eta herritarrentzat, haiek jasaten baitute kalitatearen galera, eta, kasu honetan, arriskuan jartzen da haien ongizate fisikoa.

Lotsagarria da hain funtsezko zeregina duen zerbitzu bat azpikontratatuta egotea eta hitzarmena Call Center-ekoa izatea, Estatu mailakoa, bere jardueraren ezaugarrietara egokitzen ez dena eta baldintza oso prekarioak ezartzen dituena. Horregatik, langileok urteak daramatzagu lanean Eusko Jaurlaritzak zerbitzua publifikatzeko eta, bien bitartean, enpresak baldintzak hobetu ditzan.

Beraz, ostegun honi begira berehalako neurriak hartzea eskatzen dugu, eta zerbitzua publiko egiteko prozesu serio bati hasiera ematea.

Euskal Herriko industria-ehunaren aldeko apustu aktiboa egiteko beharra azpimarratu dute Mecanerreko beharginek Sabin Etxearen aurrean

Gaur Sabin Etxean, EAJren egoitzaren aurrean, bildu dira Mecanerreko langileak. Azken urteetan Eusko Jaurlaritzaren buru izan den alderdiari Euskal Herriko industria defendatzeko neurriak har ditzan eta trantsizio sozialki justua eta jasangarria ahalbideratu dezan neurriak hartzeko exijitu nahi izan diote hala.

Urdulizen kokatutako automobilginatza enpresa horrek 60 urte baino gehiagoko historia dauka
Bada, jakina denez, 2023ko irailean Mecanerren jabe den Stellantisek enpresa ixteko erabakia hartu zuela jakinarazi zien beharginei.

Mecanerren gertatzen ari dena ez da egoera isolatua; izan ere, azken urteotan Euskal Herriko industria-ehuna desagertzen joan da, gure inguruko enpresa asko eta asko itxi dituztelarik eta haien tokiak zerbitzuetako enpresa handi eta kateek hartu dituztelarik. Industriaren desagerpena ahalbideratu dute instituzio eta alderdi ezberdinek, eta erantzuleek izen-abizenak dituzte.

Gelditzen den industria, gainera, ez da hemengoa, multinazional handiak sartu baitira gure industrialdeetan. Izen eta letreroak mantenduta ere, orain hemengo industria multinazional handien esku dago. Are gehiago automobilgintzaz ari bagara.

Bertako industriaren galerak, beste herrialde batzuekiko dependentziak eta multinazionalen sarbideak industria-burujabetzaren galera ekarri dute. Zer, zelan eta zertarako ekoitzi nahi dugun ez dugu hemengo herritarrek erabakitzen, ezta bertoko instituzioek ere.

Lurraldearekin eta hemengo jendearekin loturarik ez duten enpresak, Stellantis, kasurako, etorri diren bezala badoaz. Hemen ekoizten dutena beste leku batean merkeago ekoitzi ahal badute, behintzat.

Industriaren desegiteak, gainera, enpleguaren suntsipenera eta prekaritatera kondenatzen gaitu hemen lan egin eta bizi garen herritarrak.

Hala, ehun industrialaren suntsiketa eta lanpostuen desagerpenaren erantzukizuna eta ardura
politikoa beraiena dela adierazi nahi izan diete Mecanerreko langileek Sabin Etxekoei.

Azken egun hauetan, hauteskunde politikoen kanpainan ahoa bete zaie industriaz eta etorkizunaz hitz egiten. Bada, promesa elektoral horietatik kanpo ausardiaz pausuak emateko unea da.

Horregatik, Mecanerreko langileek ondorengoa exijitu diete Euskal Herriko industriaren galeraren erantzuleei:

  • Euskal Herriko industriaren eta enpleguaren etorkizuna bermatuko duten industria-politikak.
  • Industriaren eta automobilgintzaren trantsizio sozialki justua eta jasangarria aurrera eramateko neurriak hartzea, eta hori posible egiteko trantsizio batzordeak sortzea.

Mecanerri dagokionez, euren etorkizuna oraindik ez dago erabakita, baina Mecanerrentzako etorkizun industriala posible dela frogatu dute langileek egin duten trantsizio planarekin. Baina egindako bidean jarraitu eta enpresaren itxiera saihesteko borondate politikoa behar da, eta hori exijitu nahi dute:

  • Stellantisekin eta langileekin batera Mecanerren etorkizunaz hitz egiteko negoziazio-mahai bat eratzea.
  • Eskura dauden baliabide eta tresna guztiak erabiltzea Mecanerrentzako etorkizun bat bilatzeko.
  • Finean, paper aktibo eta erabakigarria hartzea 144 lanpostuen eta Mecanerreko etorkizunaren defentsan.

“Aukerak daude eta garaiz gaude, ardura zuena da”, adierazi dute enpresa-batzordeko ordezkariek.

Zahar egoitzetako langileek errepidea moztu dute Iruñean berriz, hitzarmen sektorialaren blokeoa salatzeko

LAB sindikatuaren komunitateko hogei langile inguruk Iruñeko Oliveto kondearen kalea moztu dute gaur goizean, bi noranzkoetan, Nafarroako zahar egoitzetako lehenbiziko hitzarmena izanen denaren negoziazioak blokeaturik jarraitzen duelako protesta egiteko. LABek zahar etxeetako langilen jarrera irmoa eta konpromisoa txalotu nahi ditu, baina Foruzaingoaren jokabidea salatu, gaurkoan modu txarrean atera baititu protestariak errepidetik. LABek bi orduko lanuztea deitua zuen gaurko; apirilaren 17an bertze lanuzte bat egitera deitua du; eta negoziazioak desblokeatu ezean, apirilaren 24an egun osoko greba egitera deituko du.

Iazko azaroan egin bezala, LABek Iruñeko kale bat moztu du gaur, orduan bezala egun ere Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmenaren negoziazioa blokeaturik dagoelako. Hain zuzen ere, gaurko, bi orduko lanuztea egitera deitua zuen sindikatuak, azken hilabeteetan deitu duen laugarren lanuztea. LABek aspaldi erabaki baitzuen kalera ateratzea, zahar egoitzetako langileen lan baldintzak nabarmen hobetuko lituzkeen hitzarmenaren blokeoa salatzeko, eta kezkaz ikusten ari da nolako utzikeria eta arduragabekeria erakusten ari diren LARES eta ANEA patronalak eta Nafarroako Gobernua.

Iazko azaroko kale mozketan ez bezala, gaurkoan polizien jokabidea salatu beharrean dago LAB, modu txarrean atera baitituzte langileak errepidetik. Jendea besotik gogor hartu dute eta kanporantz bulkatu, eta hiru lagun identifikatu dituzte. Nafarroako Gobernuaren poliziak emakume* langile hauen kontra jo du gaur, Nafarroan zaintza lanekin dagoen negozioa eta langileen prekaritate eta egoera jasangaitza estaltzen aritzen den Gobernuaren poliziak. LABek bere elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkie identifikaturiko eta erasoturiko langileei, eta adierazi nahi du langileen kontrako mespretxu hau langileen eskubideen defentsarako indar bilakatuko duela.

Hitzarmenaren alde hiru urte baino gehiago borrokan

LABek 2023ko ekainean borroka ziklo berri bat ireki zuen Nafarroako zahar egoitzen lehen hitzarmen kolektiboa desblokeatzeko eta Nafarroako Gobernuaren eta patronalen utzikeria salatzeko. Ziklo horren barruan LABek gaurkoa bezalako hainbat ekimen egin izan ditu. Apirilaren 17rako, 10:00etatik 12:00etara gelditzera deitu du, eta azken hilabeteetako borzgarren lanuztea izanen da.

Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmenaren aldeko borroka LABek bultzatu zuen 2021eko urtarrilean, estatalizazioari aurre egiteko eta milaka langileren lan eta bizi baldintzak hobetzeko eta duintzeko helburuarekin. Harrezkero, LABek ez du patronalarengan negoziatzeko borondate irmorik ikusi, eta Nafarroako Gobernuak entzungor egin die langileen aldarrikapenei.

LABek patronalei negoziazio mahaia deitzeko eta langileen aldarrikapenak bilduko dituen negoziazio proposamena aurkezteko eskatzen die. Eta Nafarroako Gobernuari eskatzen dio erantzukizunez joka dezala, eta bere gain har ditzala gizartearen oinarrizko premia bati eusten ari diren milaka nafar langile horien zaintza-lanen balioa aintzatestea. Beraz, Gobernuaren betebeharra da sektorean bizi den prekaritatea ezabatzea.

LAB sindikatuak hasitako borroka ziklo honek, eta egindako lan sindikal eta politikoak, bertze sindikatu batzuk kalera ateratzea eragin du. LAB pozik da horrekin. Ongi dago bertze sindikatu batzuk borrokan sartzea, argi baitago borrokarik gabe ez dela hitzarmenik izanen. Kalean zein lantokietan indarra erakusteak LARES eta ANEA behartuko ditu negoziazio proposamen berri bat aurkeztera.