2025-12-23
Blog Page 141

50. urteurrenaren harira, Maiatzaren Lehenean manifestazio eta jaialdi nazionala antolatu ditugu IruƱean

LABen 50.urtemugako ospakizun betean dator aurtengo Maiatzaren Lehena. Une gozoa da sindikatuarentzat, zalantzarik ez. Hala ere, ez diogu gure bilakaerari bakarrik begiratzen. Gure misioa langileen lan eta bizi baldintzen alde borrokatzea da, eraldaketa soziala eta aldaketa politikoak eragitea.

Langileon egoerari erreparatuz, testuinguru globalak ez du baikortasunerako tarte handirik uzten. Geroz eta bortitzagoa da kapitalismo heteropatriarkal eta koloniala: dirua eta boterea esku gutxi batzuetan metatuta, zaintza krisia, krisi ekologikoa zein munduan zehar eragindako gerrak.

Sindikatuak eginiko azterketa ezberdinetan dualizazioa ikusten da: euskal langileen %50 baino gehiago egoera prekarioan bizi dira, izan beharturiko eta ordaindu gabeko zaintza lanetan ari direlako, langabezian daudelako edo 1400€-tik beherako soldata kobratzen dutelako. Bizi baldintza duinak dituztenen eta egoera prekarioan daudenen arteko aldea areagotzen ari da. Sistema honek langileen artean genero, adin nahiz jatorriaren araberako arrakalak eta desberdintasunak sortzen ditu.

Zerbitzu publikoak ahultzen ari dira. Kolaborazio publiko-pribatuaren izenean, sistema publikoa indartu beharrean, diru publikoa esku pribatuetara bideratzen da, izan zerbitzu publikoen pribatizazioa bultzatuz, edo izan kontzertazioaren bidetik. Osasungintzaren egoera kaskarra da horren adibide argiena. Baita zaintzarekin egiten ari den negozioa ere. Sistema publiko komunitario sendorik ezean, zaintza lanak berrantolatzeko apusturik gabe, ez dago zaintza eskubide unibertsala bermatzerik.

Honela, bizi baldintza duinak dituztenen eta prekarioan daudenen arteko aldea areagotzen ari da. Sistema honek langileen artean genero, adina edo jatorriaren araberako arrakalak eta desberdintasunak sortzen ditu.

Kapitalismoak bizi baldintzak erasotzen ditu eta langileok alternatibak, aldaketa politikoak behar ditugu, exijitzen ditugu. Europako hauteskundeak ate joka ditugun honetan, ikusten ari gara Estatu desberdinetan ultraeskuina eta faxismoa direla egoeraz baliatzen ari direnak. Mezu populistak erabiliz, balore atzerakoiak inposatzen dituzte, krisi ekologikoa ukatzeraino, matxismoa ere ukatuz eta feminismoaren kontrako jarrerak bultzatuz, segurtasunaren afera langile migranteen kontrako mezuak zabaltzeko erabiliz…

Gure herria ere ez dago neoliberalismoak eragindako indibidualismotik eta jarrera autoritario, matxista zein arrazistetatik salbu. Baina, zorionez, gurean badugu balore atzerakoi horiei aurre egiteko antidotoa: ezker independentismoa sozialki zein politikoki indartzen ari da alternatiba bezala.

Gehiengo sozialak bestelako politikak nahi ditu, eta bertan erabakitzearen alde dago. Euskal Herriko gehiengo zabalak bat egiten du eraldaketa sozialaren aldeko aldarriekin. Politika publiko hobeak nahi ditu, osasun sistema publiko sendoa, zaintza sistema publiko komunitarioa, soldata eta pentsio duinak. Horiek guztiak aldarrikatu ez ezik, lantokietan eta kalean borrokatzen ari gara. Azken bi urteotan bizi-bizi egon da borroka sindikal eta soziala.

LABen argi daukagu langileak antolatzen eta borrokak bultzatzen jarraitu behar dugula. Herri langilearen alde, kapitalaren interesei aurre egiteko eremu guztietan lehiatu behar gara: lantokietan, kalean, baita instituzioetan ere.

Nazio askapenean eta eraldaketa sozialean aurrera eginez egin beharreko bidea da hori. Nazioarte mailako krisi ekologiko eta ekonomikoari aurre egiteko, Euskal Herrian estatu tresnak behar ditugu, burujabetza maila handiagoak behar ditugu.

Ziklo politiko berria irekitzen ari da. LAB ere bada ziklo berri horren parte, sustatzaile. Aldaketa politikoak bultzatzeko eragile aktibo izango gara, burujabetzaren aldeko borroka eta bizi baldintzen aldekoa banaezinak direlako. Langileen artean pedagogia hori egitea dagokigu, baita langileen aldarrikapenak eztabaida politikoaren erdigunera ekartzea ere.

Maiatzaren Lehen honetan, sorrerako konpromisoan berresten gara: langileen antolakuntza eta borrokaz, Euskal Herriaren nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen jarraituko dugu.

Hitzordu nazional handia IruƱean

Arestian aipatu bezala, aurtengo Maiatzaren Lehena berezia izango da. LABen 50. urtemugaren ospakizunen baitan, Langileon Nazioarteko Egunak erabateko zentralitatea hartuko du.

Duela 50 urte sortu zen LAB sindikatua, anbizioz, aurrera egiteko bokazioarekin. Mende erdiko ibilbidearekin, osasuntsu gaude: sustraiak sendo, enborra tinko eta adarrak zabaltzen ari da. 50.000 afiliatuko langa gainditzea horren adierazle da.

Bada, aurtengo deialdia ere berezia izanen da, nazionala, IruƱean, Euskal Herriko hiri buruzagian. Egun osoko ospakizun egitaraua izango da bertan. LABen komunitatea eta LABen lagunak elkartzeko eguna izango da.

Bada, honako hauek izango dira eguneko hitzordu nagusiak:

• 11:30ean: MANIFESTAZIOA, Gazteluko plazatik abiatuta

• 12:30ean: EKITALDIA Anaitasunan

• Segidan, egun osoko ospakizuna: herri bazkaria eta kontzertuak

Deialdiak badu salbuespen bat, Ipar Euskal Herrian ere mobilizatuko baikara. Urte luzez egun honetarako bazterketa sindikala pairatu behar izan ostean, azkenean zentzugabekeria hori gainditzea lortu dugu. Ondorioz, aurten dagokigun tokia aitortua izango dugu. Azkenik intersindikalaren baitan egon ahal izatea garaipena da, eta horregatik, LABen ordezkaritza bat bertan izango da.

Eguna borobiltzeko, nazioarteko gonbidatuak ere izango dira IruƱean: lehen aldiz MFS-ko (Mundu Federazio Sindikala) idazkari nagusia etorriko da, baita palestinar kideak ere, eta beste hainbat herrialdetakoak: Vietnam, Sardinia, Kortsika, Bretaina, Aosta, Andaluzia, Katalunia, Galiza, Aragoi, Asturies eta Pais ValenciƠ.

Intersindikalarekin mobilizatuko da LAB Maiatzaren Lehenean Baionan, bazterketa gaindituz

Prentsaurrekoa egin dugu Baionako Merkatuan LAB, CFDT, CGT, UNSA, FSU eta Solidaires sindikatuok aurtengo Maiatzaren Lehenean bertan egingo den manifestazioa iragartzeko. Bertan izan da Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko bozeramailea, izan ere, aurten LAB intersindikalarekin batera mobilizatuko gara langileen egunean, urte luzez pairatu behar izan dugun bazterketa gaindituz.

Ez da lehen aldia LAB intersindikalarekin batera mobilizatuko garena, adibidez, 2020an, covid garaian, horrela izan zen. Iaz, erretretaren erreformaren borroka zela eta Parisen intersindikal bat bazenez, LAB berriz ere baztertuak izan ginen, bai mobilizazio guztietan bai Maiatzaren Lehenean.

Bazterketa honen unerik ikusgarriena 2023ko martxoaren 28ko manifestazioan izan zen, Force OuvriĆØre sindikatuko kide bat Argitxu Dufau LABeko ordezkaria mobilizazioaren burutik bortizki botatzen saiatu zenean, oso modu zakarrean, Maite Ubiriaren bideo honetan ikus dezakegun bezala.

Aurten, berriz ere intersindikalarekin mobilizatuko da LAB, baina ez da beti horrela izan, batez ere manifestazio interprofesionaletan. ā€œBatzutan intersindikalean gara, eta beste batzuetan ezā€, Argitxu Dufauk zehaztu duen moduan: ā€œgure kasuan ez gaude automatikoki barruan, beste sindikatuak bezala, egoeraren arabera baizikā€.

Maiatzaren Lehen batzutan intersindikalaren barruan onartua izan den arren, LAB baztertua izan da beste manifestaldietatik 2000. urtean Ipar Euskal Herrian hedatu zenetik.

Iazko bazterketa bortitz eta zentzugabekoaren ondoren, Dufauk nabarmendu du ā€œberriz lortu dugula Maiatzaren Lehena intersindikalean antolatzeaā€.  

LABek etengabeko lana egin du bazterketa sindikala gainditu eta dagokion aitortza lortzeko. Izan ere, 2000. urtean Ipar Euskal Herrian antolatu zenetik, gero eta gehiago zabaldu da bertako lan-zentroetan, ordezkaritza etengabe handituz.

LABen bultzatu du mobilizazio bateratua ekarri duen sindkatuen arteko elkarlana, otsailetik hasita intersindikaleko sindikatu guztiak interpelatu baititu Maiatzaren Lehena elkarrekin egiteko, eta hori ā€œgarrantzitsuaā€ da Dufauren esanetan. Honetan sakonduz, Dufauk zehaztu du ā€œlan kolektiboaā€ egin dugula, ā€œkartel eta trakta bateratu bat ateratzeko, adostu ditugu lelo bat eta irakurketa batā€. 

Santa Ursula plazatik 11:00etan abiatuko da Maiatzaren Leheneko Baionako manifestazioa eta ondotik herrixka sindikala izanen da.

Amazonen borrokan jarraitzen dugu

Enpresaren jarrerak ezin itxiagoa izaten jarraitzen du, langileon beharrizanei entzungor egiten jarraitzen duelarik. Hala ere, borrokan, lanuzteak egiten eta kalera ateratzen segitzen dugu. Atzo, igandea, hilaren 20ra arte luzatuko den lanuzte-aldia abiatu genuen Trapagarango lantokian, eta gaur goizean goiz manifestazioan atera dira langileak Bilboko kaleetan barrena.

Amazon Trapagarango langileek greba eta lanuzteen aldi luzea daramate; 2022ko Gabonetatik, 11 greba eta lanuzte partzial izan dira, eta aste honetan langileek beste aurrerapauso bat eman dute, lanuzteak 7 egunera luzaturik. Hala, atzo, apirilak 14, abiatu zituzten mobilizazio horiek, eta larunbatera arte luzatuko dira, hilaren 20ra arte. Goizeko 6:00etatik goizeko 9:30era egiten ari dira lanuzte horiek.

Amazoneko langileek enpresaren jarduera gelditu behar izan dute berriro ere, lan-baldintzak hobetzeko gure asmo guzti-guztiei uko egin baitiete, bai lan-osasunaren arloan, baita lan-baldintza duinen arloan ere.

Guitrans patronalari exijitu diogu blokeoa eteteko

Gipuzkoako salgaien errepide bidezko garraioaren hitzarmena berritu nahi dugu behingoz. 6.000 langile baino gehiagori eragiten dio hitzarmen horrek. Patronalaren egoitzaren atarian egin dugu mobilizazioa gaur, errespetu faltak alde batera utzi eta behingoz mugi dadin.

Bilera deialdiei behin eta berriz uko egiten dio patronalak, eta langileak nazkatuta daude. Beharrezkotzat jotzen dugu Gipuzkoako langileei eta, bereziki, Gipuzkoako Salgaien Errepideko Garraioaren sektoreari segurtasun juridikoa eta arau argiak emango dizkien hitzarmen bat berritzea. Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugu.

Mecanerren itxiera ekidin eta Euskal Herrian industriaren eta enpleguaren etorkizuna bermatzeko politikak exijitu dizkiegu instituzioei

Urdulizeko automobilgintza lantokiaren jabe den Stellantisek 2023ko irailean jakinarazi zuen enpresa ixteko erabakia, eta orain Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta epean murgiduta dago Mecaner. Bada, langileek erakutsi dute enpresaren bideragarritasuna eta jarraikortasuna posible direla, eta une erabakior honetan arduradunek esku hartzea premiazkoa da.

Mecanerrek 60 urte baino gehiagoko historia dauka, eta Stellantisen erabakiaren ondorioz, 144 lanpostu daude kolokan gaur egun.

Ixteko mehatxuaren aurrean, langileek etorkizuneko aukera sortu nahi izan dute hasiera-hasieratik. Horren helburua argia da: Mecaner eta bertako lanpostuak salbatzea eta eskualdeko industria-ehuna defendatzea.

Horretarako plan bat daukate beharginek: Euskal Herrian lehenengoz trantsizio ekosozialeko plan bat aurrera eraman dute. Enpresaren eta instituzioen utzikeriaren aurrean, Mecanerren etorkizunarengatik borrokatzea erabaki dutela nabarmentzekoa da.

Langileek eginiko trantsizio plan hori negoziaketa kolektiborako tresna bat izan da. Eragile eta instituzio ezberdinekin bildu eta aliantzak sortzeko aukera eman die. Plan honetan, industriaren eta automobilgintzaren sektorearen azterketa sakon bat egin dute. Mecanerren dauden baliabideak eta jakintzak kontutan hartuta, Mecanerren jarduera industrialak aurrera jarraitzeko produktu alternatiboak bilatu dituzte, baita aurkitu ere, hazkundean dauden sektoreak eta dirulaguntza publikoa jasotzen ari diren produktuetan arreta jarriz.

Ikerketa honek emaitzak eman ditu. Mecanerren baliabideekin, makinekin eta berau osatzen duten pertsonen jakintzarekin ekoitzi ahal izango liratekeen hainbat produktu ezberdin proposatu dituzte, eta horietako bakoitzaren bideragarritasun teknikoa aztertu dute, baita plana aurrera eramatea ahalbidetuko luketen kudeaketa eta jabetza ereduak ere. Bestalde, planaren baitan hainbat finantziazio iturri bilatu dituzte.

Ondorioa argia da: Mecaner bideragarria da Stellantisekin edo Stellantis barik, trokelak egiten edo produktu alternatiboak egiten. Mecanerrek etorkizuna dauka.

Plana guztiz bideragarria da, eta horren adibidea da Espainiako Lan Ministeritzak eskatuta Mecanerreko komitearekin bilera bat egingo duela. Bada, LABen Mecanerreko ordezkariek zera esan nahi diote Yolanda Diaz Estatuko Lan Ministroari: hitz eta argazkietatik ekintzetara pasatzea. Aukerak badaude eta posible da horretarako borondatea izatekotan. Horixe eskatzen diete instituzioei, Eusko Jaurlaritzari hain zuzen, borondatea eta inplikazioa.

Trantsizio bat behar du automobilgintzak eta ekonomiak, oro har. Azken urteetan Euskal Herriko ehun industriala desagertzen joan da, inguruko enpresa asko eta asko itxi dituztelarik eta zerbitzuen enpresa handiek eta kateek hartu dituztelarik haien tokiak. Industriaren desagerpena ahalbideratu dute instituzio eta alderdi ezberdinek. Euskal Herriko industriaren desegitearen erantzuleek izen eta abizenak dituzte.

Industriaren suntsiketak, gainera, enpleguaren suntsiketara eta prekaritatera kondenatzen gaitu hemen lan egin eta bizi garen herritarrok.

Horregatik, Euskal Herriko industriaren eta enpleguaren etorkizuna bermatuko duten politika industrialak behar ditugula uste dugu LABen, eta industriaren eta automobilgintzaren trantsizio sozialki justua eta jasangarria aurrera eramateko neurriak hartu behar direla, baita hori posible egiteko trantsizio batzordeak sortu ere.

Enpresaren ixteko erabakiaren aurrean, eta instituzioen utzikeriaren aurrean, guri dagokiguna egin dugu, lanpostuak defendatzeko borrokatu baitugu.

Orain alderdi poltiko eta insitituzioei dagokie. Konpromisoak hartu eta beren ardura betetzea exijitzen diegu:

  1. STELLANTIS: EREaren negoziaketan argi gelditu da enpresa ixteko arrazoiak ez direla existitzen. Mecaner ixteko erabakia erabaki estrategikoa da, produkzioa merkeago ekoitziko duten leku batera eraman nahi dute. Horregatik, Stellantisi EREa kentzeko eta Mecaner zabalik mantentzeko aukerak aztertzea eskatzen diogu.
  2. EUSKO JAURLARITZARI: Paper aktibo eta erabakigarri bat hartzea 144 lanpostuen eta Mecanerreko etorkizunaren defentsan.
  • Stellantisekin eta langileokin batera Mecanerren etorkizunaz hitz egiteko mahai negoziatzaile bat eratzea.
  • Zuen esku dauden baliabide eta tresna guztiak erabiltzea Mecanerrentzat etorkizun bat bilatzeko.

Ez dago aitzakiarik, plan bat dago, eta borondatea badago, Mecanerrek etorkizuna du.

0-3 zikloa babestea eskatzeko manifestazioa egin dugu IruƱean

0-3 urtekoen hezkuntza zikloko sindikatu guztiok manifestazioa egin dugu gaur arratsaldean IruƱean, Carlos Gimenok zuzentzen duen Hezkuntza Departamentuari exijitzeko behingoz har dezala ziklo horren ardura, 0-3 zikloa hezkuntza baita. 300 pertsona elkartu dira mobilizazioan.

Martxoan zehar, 0-3 urtekoen zikloan ordezkaritza dugun sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) Hezkuntza Departamentuari, dagokion moduan, lehenengo ziklo horren kudeaketa bere gain hartzeko eskatuz hainbat kontzentrazio egin ditugu. Gure beste eskarietako bat, Departamentuarekin, sektoreko langileak eta haien ordezkari sindikalak elkartu eta elkarrekin lan egin ahal izateko foro bat eratzea da.

Sindikatuok uste dugu proiektu pilotu hau aurrera eramaten ari direla Nafarroan dauden zerbitzu honen beharren azterketa sakon bat egin gabe, hau da, itxaron zerrendan geratzen diren haurren adina kontuan hartu gabe, hizkuntza eredu ezberdinetan dagoen eskaria kontuan hartu gabe… Uste dugu hori guztia alde batera utzi dutela eta, beraz, proiektu honek ez diela erantzungo Nafarroako familien benetako beharrei.

Martxoaren 20an, bilera egin genuen Hezkuntzako zuzendari Gil Sevillanorekin eta 0-3 zerbitzuko zuzendari Iraida Salaberrirekin, baina orduko hartan argi gelditu zitzaigun gauza bakarra izan zen Departamentuaren planifikazio eta zehaztasun falta.

Jaso genuen informazio berri bakarra izan zen gela hauetako langileak Hezkuntza Departamentuko Haur Eskoletako langileak izango direla. Eta informazio horrek zalantza berri asko sortzen dizkigu: nolakoa izango da bere ordutegia, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko profesionalena bezalakoa edo Nafarroako Gobernuko haur eskoletako langileena bezalakoa? Eta egutegia? Eta zer gertatzen da jantokiarekin? Ezberdintasun horiekin guztiekin beste arrakala bat sortuko da funtzio eta kualifikazio berdina duten langileen artean?

Egoera honetan, ikusten dugu Departamentuak ez duela inolako asmorik Carlos Gimeno kontseilariak horrenbeste aipatzen duen kudeaketa amankomun hori bermatze aldera lan egiteko. Nahiz eta Departamentuak behin eta berriz harro esaten duen Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloko lehentasunezko eredua haur eskolak direla, errealitatea da ez diola jaramonik egiten.

LAB, ELA, STEILAS, AFAPN,Ā· UGT eta CCOOek Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu 0-3 zikloa behingoz bere gain har dezala eta 2 urtekoen gela hauen proiektua bezalako adabakiak egiteari utz diezaiola.

Laneko istripu eta gaixotasunak ekidin daitezkeelako, prebentzioa bermatzeko betebeharrari behingoz heltzeko eskatuko diegu arduradunei

Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren bueltan, aste bereko ostegunean (apirilak 25) mobilizazioak egingo ditugu LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxande eta Hiru sindikatuak bat eginda. IruƱean, Donostian edota Bilbon egingo diren mobilizazioen bitartez langileen aktibazioan eta prebentzio neurrien garrantzian jarriko dugu arreta berezia.


Ia hiru hamarkada igaro dira Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea onartu zenetik. Hiru hamarkada dira patronalak laneko osasunari buruzko araudia behin eta berriz urratzen duela, gobernuen beharrezko konplizitatearekin. Ez dira guk asmatutako datuak, datu ofizialek berresten dute: 2024an %30 igo dira lan-istripu larriak eta arinak, ia %50 lan-istripu hilgarriak eta% 19 gaixotasun profesionalak. Ez da uneko egoera soil bat, langileen lan-osasunaren galeraren egoera kezkagarri baten isla baizik.

Hori dela eta, apirilaren 25ean, apirilaren 28ko Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-ETXALDE eta HIRU sindikatuok kalera aterako gara Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan, eta langileen lan-osasunaren galeraren egoera zehatzak salatuko ditugu, arduradunak seinalatuz. Sektore feminizatuei lotutako lanbide-gaixotasunak sistematikoki ezkutatu eta ukatzen direla ere salatuko dugu, eta laneko arriskuen balorazioetan ez dela kontuan hartzen sexu-generoaren osagaia. Borrokarako eta aldarrikapenerako eguna izango da, eta aipatutako sindikatuok jarraipena emango diogu lan-ezbeharren gaitzaren aurrean egiten ari garen elkarlanari.

Egungo prebentzio-sistema errotik aldatzeko beharra jarriko dugu erdigunean. Sistema honek, hiru hamarkadatan enpresak araudia bete gabe egon ondoren, porrot egin duela frogatu da. Patronalak ezin du laneko osasunari buruzko araudia urratu; izan ere, ez du ondorio larririk jasotzen. LANEKO OSASUNARI BURUZKO ARAUDIA BETE BEHAR DU. Langileen lan osasuna galtzea ezin da zigorgabe geratu.

Eta, horretarako, EAEko eta Nafarroako gobernuek hori betearazteko behar diren bitartekoak jarri behar dituzte. LAB, ESK, STEILAS, EHNE-ETXALDE eta HIRUk honako hau exijitzen dugu:

  • Egungo lan-ikuskatzaileen kopurua nabarmen handitzea, Europako batezbestekoarekin parekatuz.
  • Osalanek eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) gaitasun exekutiboa izan behar dute, ezin dira aholkulari hutsak izan.
  • Administrazioak jarrera aktiboa izan behar du laneko osasunari buruzko araudia betetzen dela bermatzeko, eta, enplegatzailea den tokian, beharrezko lan osasuneko klausulak txertatu behar ditu kontratazio-pleguetan.

Azkenik, dei egiten diegu langileei antolatzen jarrai dezaten, eta egunero borroka egin dezaten gure osasunaren alde lantokietan eta sektoreetan. Apirilaren 25ean bultzada handia emango diogu laneko osasunaren defentsari, baina beharrezkoa da egunero defendatzea.

Gure eguneroko antolaketarekin eta borrokarekin patronala gure osasuna bermatzeko derrigorrezko neurriak hartzera behartzen jarraituko dugu, eta ziur gaude gobernuak eta erakundeak ere behartuko ditugula prebentzioa benetakoa izan dadin eta ez lortu beharreko betiereko helburua.

Izan ere, datuek ere gauza bat argi uzten dute: langileak antolatuta dauden eta prekaritate txikiagoa duten lekuetan, lan-istripuak eta gaixotasun profesionalak izateko arriskua nabarmen jaisten dela. LANEKO ISTRIPUAK ETA LANEKO GAIXOTASUNAK EKIDIN DAITEZKE!

Euskararen aurkako azken epaia salatzeko mobilizatu dira gaur Pasaiako Udaleko langileak

Bihar beste hitzordu bat izango dugu, 18:30ean Pasai Antxoko Biteri plazan, Euskalgintzaren Kontseiluarekin eta Bokale elkartearekin batera. Izan ere, azkenaldian bizi izaten ari garen oldarraldi judizialaren enegarren epai honek bigarren mailako hizkuntzatzat jotzen du euskara, eta LABek ez du halakorik onartuko.

Jarraian irakur daiteke Pasaiako Udalaren aurrean gaur eguerdian eginiko elkarretaratzean irakurritako adierazpena:

EUSKARAREN AURKAKO OLDARRALDIARI EZ!
EUSKARAZ LAN EGITEKO ETA BIZITZEKO ESKUBIDEA ALDARRIKATZEKO GAUDE HEMEN


Euskal langileok Euskal Herrian euskaraz lan egiteko eta bizitzeko dugun eskubidearen aurkako oldarraldirik ez dugu onartuko, lanerako dugun eskubidea eta gure herrian euskaraz bizitzeko duguna ez baitira kontrajarriak, osagarriak baizik. Ildo horretan, ez dugu ontzat emango Pasaiako Udalean kale-garbitzaile lanpostuetan gutxieneko euskara mailaren ezagutza kentzeko kaleratu diren ebazpen judizialak.

Deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera, kale-garbitzaile izateko beste hainbat eskakizunen artean, euskarazko B1 (1. hizkuntza eskakizuna) maila ezarri zen 2015. urtean. Bada, epaiei jarraikiz, diskriminatzailea da euskararen gutxieneko eskakizun hori ezartzea, argudiatzen baita lanpostu publikoetara baldintza beretan iristeko oinarrizko eskubidea urratu egiten dela.

Baina zergatik da diskriminatzailea gutxieneko euskara maila bat eskatzea eta ez deialdiaren oinarrietan ezartzen diren gainerako eskakizunak eskatzea? Udaleko langile guzti-guztiek ordezkatzen dute Udala, kalean dabiltzanek nahiz bulegoetan dihardutenek. Guztiak dira Udalaren ispilu. Eta herritar guztiek dute herri administrazioarekin nahi duten hizkuntza ofizialean harremanak izateko eskubidea. Ezinbestean, beraz, herri-langileen betebeharra da eskubide hori muga edo trabarik gabe betetzen dela ziurtatzea, kontuan izanda langile bakoitzak bere lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizunaren arabera jardungo duela.

Euskararen erabilera sustatzeko eta euskararen normalizazioa planifikatzeko Udalari legez ezarri zitzaion eskumena baliatuz, urteak daramatza Udalak erakundea bera zein udalerria euskalduntzeko planak bideratzen, eta horretarako, langileei dagokien hizkuntza eskakizuna lortzeko baliabideak eskaintzen.

Hortaz, lege arloan ez dugu ulertzen azken 40 urteotan indarrean egon den Euskara Legea, eta lege hori garatzeko dekretu guztiak gehi 2/2016 Legea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa, normaltasunez bideratu direnean, horiek aldatu gabe orain sekulako oldarraldi juridikoan murgildu izana. Legeak onartu badira, zergatik jotzen dute epaileek lege horien kontra? Ez al dira ba gehiengo zabal batez onartu? Zer aldatu da? Ondorio linguistikoak dituen inboluzio politiko zabalagoaren baitan dago erantzuna. Erabat antidemokratikoa da, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea zapuztea legaltzat jotzen bada ere.

Gauzak horrela, bost dei egin nahi ditugu gaur:
1.- Pasaiako Udalari errekurtsoa jartzeko eta egonkortze-prozesuarekin aurrera egiteko eskatzen diogu, Lanpostuen Zerrendan onartutakoa errespetatuz. Horrekin batera, eskatzen diogu euskara maila hobetzeko udal langileek beharrezkoak dituzten baliabideak ematen jarraitzeko.
2.- Dei egiten diogu euskal klase politikoari horrelako oldarraldia ekidin dezakeen bidea eta akordio politikoa jorra dezan, horretarako legea egokituz, alegia, Euskararen Legea sendotuz. Egia da hizkuntza bat ez dela legez eta dekretuz normalizatzen, baina hizkuntzaren kontrako erasoak ekiditeko tresna izan behar dute legeek eta dekretuek, eta gaur artekoek dagoeneko ez dute horretarako balio.
3.- Dei egiten diogu euskal jendarteari oldarraldiari aurre egiteko, besteak beste, euskaraz bizitzeko hautua egin dezan, euskara nonahi harrotasunez erabiliz.
4.- Dei egiten diegu euskal langileei euskararen alde ager daitezen eta lan-mundua euskalduntzeko prozesuan indar erabakitzaileak izan daitezen.
5.- Dei egiten diegu herritarrei Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak deitu duten elkarretaratzean parte har dezaten: bihar, apirilaren 12an, 18:30ean Pasai Antxoko Biteri plazan.


EUSKAL LANGILEOK EZ DUGU EUSKARAREN AURKAKO EPAIRIK ONARTUKO!

ā€˜Eskuz esku LAB zabaltzen’ dokumentalaren aurkezpenak eta solasaldiak eskualdeetan, 50. urteurreneko ekitaldien barruan

Sindikatuaren 50. urtemugaren baitako ekitaldiak martxan dira. Horrela astelehenean estreinatu genuen Eskuz esku LAB zabaltzen sindikatuaren historia jasotzen duen dokumentala, Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian.

Orain, Euskal Herriko eskualdeetan barrena aurkeztuko dugu dokumentala, eta honekin batera, solasaldiak ere egingo ditugu LABen ibilbidearen inguruan.

Atzo izan genuen aurkezpen eta solasaldi hauetan lehena, Hernaniko Biteri Aretoan, eta apirilean eta maiatzean zehar beste 30 egingo ditugu, herri ezberdinetan. Jarraian duzue zerrenda:

Apirilean

12. Azkoien. Kultur etxea. 18:30

18. Burlata. Kultur etxea. 19:00

19. Lizarra. Los Llanos kultur etxea. 17:00

       Tutera. Lourdes gizarte etxea. 18:00

       Altsasu. Iortia. 18:00

20. Tafalla. Kulturgune. 11:00

21. Lesaka. Kultur etxea. 11:30

22. Sestao. Musika eskola. 18:30

23. Sodupe. Kultur Etxea. 18:30

      Donostia. Ernest Lluch aretoa. Bi saio: 10:15 / 18:00

      Ordizia. Barrena kultur etxea. 18:00

      Leitza. Herri Aretoa. 19:00

24. Muskiz. M gela. 18:30

       Tolosa. Kultur Etxea. 18:00

       Zumaia. Aita Mari antzokia. 19:00

       Gasteiz. Aldabe gizarte etxea. 18:00

25. Bilbo. Itsas Museoa. 18:00

       Lemoa. Gaztetxea. 19:00

       Algorta. Azebarri Kultur Elkartea. 18:30

       Eibar. Portalea. 18:00

26. Irun. Amaia antzokia. 19:00

       Zangoza. Kultur etxea, erakusketa gela. 18:00

       Oion. Bazterra aretoa. 18:30

27. Galdakao. Musika Eskola. 11:30

Maiatzean

3. Ondarroa. Kofradia Zaharra. 19:00

9. Gernika. Astra. 19:00

     Orereta. Niessen aretoa. 19:00

10. Amurrio. Antzokia. 18:30

16. Hazparne. Haritz Barne. 19:45

22. Arrasate. Kulturate. 18:00