2026-06-13
HomeEkintza SindikalaIntersindikalarekin mobilizatuko da LAB Maiatzaren Lehenean Baionan, bazterketa gaindituz

Intersindikalarekin mobilizatuko da LAB Maiatzaren Lehenean Baionan, bazterketa gaindituz

Prentsaurrekoa egin dugu Baionako Merkatuan LAB, CFDT, CGT, UNSA, FSU eta Solidaires sindikatuok aurtengo Maiatzaren Lehenean bertan egingo den manifestazioa iragartzeko. Bertan izan da Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko bozeramailea, izan ere, aurten LAB intersindikalarekin batera mobilizatuko gara langileen egunean, urte luzez pairatu behar izan dugun bazterketa gaindituz.

Ez da lehen aldia LAB intersindikalarekin batera mobilizatuko garena, adibidez, 2020an, covid garaian, horrela izan zen. Iaz, erretretaren erreformaren borroka zela eta Parisen intersindikal bat bazenez, LAB berriz ere baztertuak izan ginen, bai mobilizazio guztietan bai Maiatzaren Lehenean.

Bazterketa honen unerik ikusgarriena 2023ko martxoaren 28ko manifestazioan izan zen, Force Ouvrière sindikatuko kide bat Argitxu Dufau LABeko ordezkaria mobilizazioaren burutik bortizki botatzen saiatu zenean, oso modu zakarrean, Maite Ubiriaren bideo honetan ikus dezakegun bezala.

Aurten, berriz ere intersindikalarekin mobilizatuko da LAB, baina ez da beti horrela izan, batez ere manifestazio interprofesionaletan. “Batzutan intersindikalean gara, eta beste batzuetan ez”, Argitxu Dufauk zehaztu duen moduan: “gure kasuan ez gaude automatikoki barruan, beste sindikatuak bezala, egoeraren arabera baizik”.

Maiatzaren Lehen batzutan intersindikalaren barruan onartua izan den arren, LAB baztertua izan da beste manifestaldietatik 2000. urtean Ipar Euskal Herrian hedatu zenetik.

Iazko bazterketa bortitz eta zentzugabekoaren ondoren, Dufauk nabarmendu du “berriz lortu dugula Maiatzaren Lehena intersindikalean antolatzea”.  

LABek etengabeko lana egin du bazterketa sindikala gainditu eta dagokion aitortza lortzeko. Izan ere, 2000. urtean Ipar Euskal Herrian antolatu zenetik, gero eta gehiago zabaldu da bertako lan-zentroetan, ordezkaritza etengabe handituz.

LABen bultzatu du mobilizazio bateratua ekarri duen sindkatuen arteko elkarlana, otsailetik hasita intersindikaleko sindikatu guztiak interpelatu baititu Maiatzaren Lehena elkarrekin egiteko, eta hori “garrantzitsua” da Dufauren esanetan. Honetan sakonduz, Dufauk zehaztu du “lan kolektiboa” egin dugula, “kartel eta trakta bateratu bat ateratzeko, adostu ditugu lelo bat eta irakurketa bat”. 

Santa Ursula plazatik 11:00etan abiatuko da Maiatzaren Leheneko Baionako manifestazioa eta ondotik herrixka sindikala izanen da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ekainaren 15eko eta 17ko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundiko beharginak

Telelan plan duin baten alde eta Bizkaiko Foru Aldundian akordioa/hitzarmena negoziatzearen alde deitu ditugu mobilizazioak. Bizkaiko Foru Aldundian (BFA) maiatzaren 18an egindako langileen batzarrean mobilizazio...

Nafarroan aurkeztutako Industria Foru Lege proposamenak eduki gehiago behar ditu sektorearen erronkei erantzun ahal izateko

LABen iritziz, Nafarroako parlamentuan aurkeztu berri den lege proposamenak iraganeko akatsetan sakontzen jarraitzen du, hainbat arlotan norabide egokia hartu baldin bada ere.

Fundiciones del Estandan hitzarmena sinatzea #LortuDugu

Azken asteetan mobilizazio fase luze bat aurrera eraman eta hainbat lanuzte eta greba egun egin ostean etorri da lorpena.