2026-04-24
Blog Page 140

Salatzen dugu Osakidetzako Emergentzietan 80 txanda baino gehiago bete gabe geratu direla uztailean

Uztailean, Osakidetzako emergentzietako zentro koordinatzaileetako eta anbulantzia medikalizatuetako 88 txandatan ez da medikurik egon.

Osakidetzako Emergentziak zerbitzuan gero eta gehiago ari dira egoera hauek pairatzen. Funtsezko zerbitzua izanik, ez da iristen ezarritako gutxienekoetara. Jada ohikoa da Emergentziazko deiari erantzuten zaion koordinazio-zentroetan beharrezko mediku guztiak ez egotea eta gero eta gehiagotan anbulantzia medikalizaturen bat medikurik gabe egotea.

Kudeaketa-taldearen antolamendu-faltaren eta lan baldintza duinen gabeziaren ondorioz, egoerak okerrera egin du udan.

Horrek guztiak akats larriak dakartza Emergentzia Sarean. Medikua duen talde batek artatu behar duen gaixoa, medikurik gabe artatzen da edo gehiago itxaron behar izaten du, askotan, gaixoaren egoera denboraren menpekoa denean.

Langileek estres handiagoko egoerak jasaten dituzte taldea osorik ez izateagatik, eta horietako batzuk txanda luzeak egiten dituzte horrek dakartzan arriskuekin.

Emergentziak Osakidetzako Langileen Batzordeak, LAB, ELA, CCOO, SATSE, SME, ESK eta UGT sindikatuek osatutakoak, Luisa Larrauri Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariari, Susana Lopez Altuna Osakidetzako zuzendari nagusiari eta Alberto Martinez Ruiz Osasun sailburuari uztailean bete ez diren txanda guztien zerrenda bidali diegu, batez ere medikurik gabe egon direnak, eta zenbait profesional zerbitzua bete ahal izateko egiten ari diren txanda luzeena ere bai. Honekin batera, egoeraren berri eman eta erantzukizunak argitzeko eskatu zaie. Emergentziak bezalako funtsezko zerbitzu batean ezarritako gutxienekoak bete daitezen eta horrela, profesionalak arriskuan jar ez daitezen eta herritarrentzako kalitatezko arreta bermatu dadin.

Euskotreneko langileak Bilbon mobilizatu dira lankide baten kontrako erasoa salatzeko

Batzorde iraunkorraren deialdiari erantzunez, Euskotreneko langileek elkarretaratzea egin dute Bilbon, Zazpi Kaleetako geltokiaren aurrean. Ekimen honekin, pasa den uztailaren 27an Zurbaranbarriko geltokian bidaiari batek euren lankide bati eraso egin ziola salatu dute.

Eraso horri arbuioa erabatekoena erakutsi nahi izan diote, eta baita langileek euren lanaldian jasandako eraso guztiei ere.

Gogorazi dute Euskotreneko langileek (esku-hartzaileak, geltokiko langileak, gidari agenteak, bezeroen arretako bulegoak) euren lanaldia “herritarren aurrean” egiten dutela eta erabiltzaileak informatu eta laguntzeko lan egiten dutela, baita garraio publikoaren erabilera zuzena izan dadin.

Adierazi dute erabat onartezina dela beraien lana egiteagatik irainak, mehatxuak edo erasoak jasotzen dituzten langileak egotea. Nabarmendu dute indarkeriazko jarrera hauek erabiltzaileen gutxiengo batek egiten dituela, baina kezkagarritzat jo dituzte. Harremanak hezkuntzan eta elkarrekiko errespetuan oinarrituak izan beha direla ere gaineratu dute.

Adierazi dute erabat onartezina dela beraien lana egiteagatik irainak, mehatxuak edo erasoak jasotzen dituzten langileak egotea. Nabarmendu dute indarkeriazko jarrera hauek erabiltzaileen gutxiengo batek egiten dituela, baina kezkagarritzat jo dituzte. Harremanak hezkuntzan eta elkarrekiko errespetuan oinarrituak izan behar direla ere gaineratu dute.

Zuzendaritzak hartutako azken erabakiaren aurrean, Cementos Rezolako langileek greban jarraituko dute

Enpresako zuzendaritzak asteartean, abuztuak 6, jakinarazi zuen mahai gainean dagoen EREari buruzko bere azken erabakia, eta 56 langileen kaleratzearekin aurrera jarraitu nahi du.

Horren aurrean, langileek gaur egin dute batzarra eta, aho batez, greban jarraitzea erabaki dute: “Akordio baterako baldintza izan da hasiera-hasieratik kaleratze traumatikorik ez egotea, eta ez da horrela izan”. Ez da bermatu irteerak borondatezkoak izan zitezen, eta, horrez gain, enpresak langile jakin batzuk kaleratu nahi ditu gainerakoak baino baldintza okerragoetan.

LABek argi dauka kaleratzeak efektibo egin arte enpresak bere erabakia alda dezakeela eta, zentzu horretan, borrokan jarraituko du lanpostuen eta enpresaren etorkizunaren defentsan.

Nafarroako Gobernuak aurrera jarraitzen du Merezimenduei buruzko Dekretuarekin, sindikatuon babesik gabe

Mahai Orokorrean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok Nafarroako Gobernuak defendatzen duen Dekretuaren aurka bozkatu dugu, CCOOk izan ezik, abstenitu egin baita. Horrela, sindikatuen inolako babesik gabe abiatu den Dekretua tramitatzen jarraituko du Gobernuak.

Ez da ezustekorik izan, eta Mahai Orokorrean sindikatu guztiok berriz adierazi ditugu gure argudioak, Gobernuak aurkeztutako Merezimenduen Dekretuaren aurka gaudela adierazteko. CCOO bakarrik abstenitu da, eta gainerakook aurkako botoa eman dugu, hainbat arrazoirengatik. Hemendik aurrera, prozedurak bere bidea egingo du, Gobernuak behin betiko onartu arte.

LABeko kideok Gobernuaren jokabidea salatzen dugu, langileen ordezkarien borondatearen gainetik hartu baitu erabakia, beste behin ere. Ohartarazi dugu lehenago ere: dekretu honek herritarren eta Administrazioko langileen eskubideen urraketan sakontzen du, eta ez du inola ere bermatzen herritarrek Administrazioarekin harremanak izatea Nafarroako hizkuntza ofizialetako batean.

Patronalak araudia ez betetzeak eta administrazioaren utzikeriak langileak erailtzen dituela salatu dugu

LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Bilbon, Bizkaiko eraikuntza patronalaren aurrean, astelehenean Berangon lanean hil zen langilearen heriotza salatzeko. Izan ere, odolusteak ez du etenik, eta aurten gutxienez 35 langile hil dira lanean Euskal Herrian, langile bat sei egunean behin, laneko gaixotasunek eragindakoak kontuan hartu gabe.

Eraikuntzaren sektorean, gainera, behin eta berriz gertatzen dira istripu hilgarriak, bai altueratik erortzeagatik, bai materialen erorketagatik, baita lan-baldintzetatik eratorritako beste faktore batzuengatik ere. Eraikuntza patronalak horretan guztian ardura eta erantzukizun zuzena du.

Instituzioek, odol isuriaren aurrean, politika publikoak aldatu behar dituzte premiaz, osasuna eta bizitza lehenetsiz. Neurri erradikalak behar dira, hau da, arazoaren errora doazen neurriak: azpikontratazioa eta prekarietatea. Ikuskatzaile eta kontrol gehiago egon
behar dira. Patronalari ezin zaizkio tranpak doan atera; langileen osasun galerak eta araudia ez betetzea, alegia.

Faltsuki hitz egiten digute absentismoaz eta zifra tranpatiez, baina benetako gaitza lan osasunarena da: langileok osasuna eta bizitza galtzen dugu lanean. Horri buelta emateak izan behar luke lehentasuna administrazioarentzat eta gobernu duin baten agendan egon behar luke, baina, aldiz, gobernuak kapitalaren ta enpresen diru-gosera makurtzen direla agerikoa da.

Horrean aurrean, enpresen zigorgabetasunarekin amaitzea eta administrazioak beste aldera begiratzeari uztea exijitu dugu sindikatuok, eta osasuna, bizitza eta eskubide duinak aldarrikatu langileontzat.

Ayra Cardaneko enplegu erregulazio espedienteak 42 langileri eragin die

Duela urtebete, Ayra Cardaneko langileek jakin zuten bezero garrantzitsuenetako batek, Mercedesek, kontratua etengo zuela, eta, horrekin lotuta, produktibitatea jaitsi egingo zela. Urte osoan enpresak ez du konponbiderik bilatu, ezta arazo horri buruzko plan aringarririk egin ere, eta albistea jakin eta urtebetera, zehazki 2024ko ekainaren 28an, enpresak 42 kaleratze dituen ERE bat aurkeztu zuen, udako oporren atarian.

Hasieratik, LABek EREa bertan behera uzteko eskaera egin zuen, eta hainbat mobilizazioren bidez presioa egiten hasteko proposamena mahaigaineratu zuen, beste irtenbide batzuk egon zitezkeela jakin baikenuen.

Ayra Cardaneko arazoa bi zatitan bana genezake: alde batetik, Mercedesen joanarekin sortu zen egiturazko arazoa izango genuke, eta, bestetik, unean uneko arazoa, salmenten beherakadak eragindakoa. Argi daukagu enpresak “irtenbide” neurrigabea, partziala eta guztiz interesatua sustatzeko baliatu duela egoera; izan ere, guk argi daukagu beste irtenbide mota batzuk ere bazirela, eta LABek alternatiba horiek proposatu eta borrokatu ditu behin eta berriz; adibidez, malgutasun- neurriak eta beste asko. Era berean, uste dugu gertatu dena gaur egun bizi dugun kapitalismo basati eta eskrupulurik gabekoaren beste adibide garbi bat dela, non langileen kolektiboa ez den errespetatzen, ezta aintzat hartzen ere. Haien lan indarrarekin eta izerdiarekin egunero altxatzen duten enpresak, beste behin ere, bizkarra eman die, eta langile-klasea da kolpeak jasan dituena.

Enpresak bere kartak jokatu ondoren, UGT eta CCOO sindikatuek enplegu erregulazio espedientea sinatu zuten, eta, horren ondorioz, 42 langilek beraien lanpostuak galdu eta kalera joan dira.

Milaka jakinarazpen trabatuta daude Correosen, langile faltagatik

LABek Arabako Correosen duen atal sindikalak salatu du Correoseko zuzendaritza berriak egindako murrizketak eta kontrataziorik egin ez izanak kaosa sortu duela posta banaketan. Are gehiago orain, udan, oporretan dauden langileak ez baitira behar bezala ordezkatzen ari.

Banatu gabeko milaka bidalketa daude Gasteizen, Lautadan, Añanan, Gorbeialdean eta abar, oporretan edo bajan dauden langileak ez direlako ordezkatuak izaten ari. Badira hilabetez baino gehiagoz banaketarik egin gabe dauden zonaldeak. Horri gehitu behar zaio enpresarentzat lehentasuna paketeria jakin bat banatzea dela, jakinarazpenen banaketa alde batera utziz, herritarrentzat oro har oso garrantzitsuak izan arren.

Langileei esaten zaie urtean milaka milioi euro gordin fakturatzen dituzten enpresa multinazionalen paketeak banatzea lehenesteko, eta, bitartean, jakinarazpen ofizial, mediku-hitzordu, epaitegietako jakinarazpen, burofax eta enpresa txiki edo partikularren paketeen banaketa etenda geratzen da. Galdera egin beharrean gaude: posta zerbitzu unibertsala betetzen du ala zergarik ordaintzen ez duten Internet bidezko enpresa erraldoien interesak asetzen ditu Correosek?

Correosek ia kontrataziorik ez du egin oporraldian, eta bajak ez dira ordezkatu, eta, gainera, aipatutako enpresa horien interesak interes orokorraren gainetik jartzea erabaki du. Hori dela eta, kaosa sortzen ari da zerbitzu publikoan. Milaka jakinarazpen trabatuta daude Correosen. Bi adibide jartzearren: abuztuaren hasieran 8.000 jakinarazpen baino gehiago pilatuta daude Zabalgana, Sansomendi eta Lakua auzoei dagokionez, eta 6.000 baino gehiago Txagorritxu, El Pilar, Errota eta Zaramagako zonaldean.

Zerbitzu publikoek giza beharrei erantzun behar diete, eta ez errentagarritasun ekonomikoari, eta inondik ere ez lukete multinazionalen zerbitzura egon behar. Correosek behar bezalako plantilla izan behar luke posta zerbitzu unibertsala behar bezala bermatzeko, herritarren eskubidea baita. Horregatik, lan baldintza duinak eta posta publiko eta kalitatezkoa aldarrikatzen ditu LABek.

Dagoeneko 35 langile hil dira Euskal Herrian urtea hasi zenetik

Gaur, laneko beste heriotza baten berri izan dugu. Eraikuntzako sektorean aritzen zen 63 urteko langile bat hil zen atzo Berangon, eraikuntza-obra batean karga bat buru gainera erori ostean.

Ezer baino lehen, LAB sindikatutik gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu familiari, lagunei eta lankideei. Azken heriotza honekin, gutxienez 35 dira Euskal Herrian aurten lan istripuz hildakoak, gaixotasun profesionalen ondorioz hildakoak kontuan hartu gabe.

Istripuak ez dira halabeharraren ondorio, eta, aldiz, lan-baldintza kaskarren eta osasunaren gainetik etekinak lehenesten dituen ekoizpen ereduaren ondorio dira. Horregatik, prebentzio neurrien kausei eta gabeziari buruzko ikerketa zorrotza egitea eta argitzea eskatzen dugu. Produktibitatea osasunaren eta bizitzaren gainetik jartzen duen eredu honek ezartzen dizkigun bizi eta lan baldintzak gure osasunarekin ordaintzen ditugu langileok.

Eraikuntzaren sektorean, gainera, behin eta berriz gertatzen dira istripu hilgarriak, bai altueratik erortzeagatik, bai materialen erorketagatik (kasu honetan hala izan dela dirudi, jasotako informazioaren arabera), baita lan-baldintzetatik eratorritako beste faktore batzuengatik ere; hala nola, presiozko prestakuntza baliabideen faltagatik. Istripu horiek gure ekonomiaren eta lan ereduaren emaitza dira, eta eredu horretan lehentasuna ematen zaio presari, segurtasun, osasun eta prebentzioaren aurretik.

Patronalak absentismoari buruz egiten duen eztabaida antzuaren aurrean, honen benetako kausetara jo gabe, herri eta lan munduan benetan aldatu behar dena politika publikoak dira, patronala kontrolatzeko eta kontrol, zigor eta ikuskapenak ezartzeko, benetako eredu-aldaketa bati begira, non, behin eta berriz esan dugun bezala, bizitza eta prebentzioa lehentasunezkoak izango diren.

Horregatik, LABetik heriotza berri hau salatzen dugu eta dei egiten dugu hari erantzuteko deituko diren mobilizazioetara. Halaber, langile klasearen segurtasuna eta osasuna lehenetsiko dituen eredu baten beharra ere aldarrikatzen dugu.

Barakaldo Kirolak-en instalazioen garbiketarako azpikontratatutako langileei ez dizkiete nominak ordaindu, berriz ere

Barakaldoko Udalak udal kiroletako instalazioak garbitzeko azpikontratatutako enpresak bere betebeharrak larriki urratu ditu, langileek ez baitute joan den uztaileko nominei dagokien ordainketa jaso. Egoera hori ez da isolatua; errepikatu egin da, ia 80 familia egoera larrian utziz.

2021ean, langileek antzeko egoera bat bizi izan zuten, eta, orain, 2024an, egoera larri hau errepikatu egin da. Azpikontratatutako enpresak apiriletik fakturak egin dituela alegatu du, baina Barakaldoko Udalak ez du ordainketarik egin. Bestalde, Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE) likidezia ekonomikorik eza argudiatu du uztaileko nominak ordaintzeko betebeharra ez betetzeko.

LAB sindikatua ez da geldi egongo langile klase gisa ditugun eskubide oinarrizkoenak zapaltzen dituztenen aurrean:

  • Atzo, abuztuaren 5ean, salaketa aurkeztu genuen Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzan, nominak ez ordaintzea enpresak egindako hutsegite larria delako eta laneko arau hauste gisa tipifikatuta dagoelako.
  • Aste honetan bilera sorta bat hasiko dugu alderdi politiko guztiekin, alkatetzarekin eta Barakaldo Kirolakekin, premiazko irtenbide bat eskatzeko.
  • Beharrezkoa balitz, ez dugu baztertzen mobilizazioak egitea, plantillari dagozkion nominak kobratzeko eskatzeko.

    Garrantzitsua da gogoratzea zerbitzu horren lizitazio prozesua Clequali taldeko enpresa batzuek aurkeztu dutela. Lizitazio prozesua udaberrian egin zen, baina joan den uztailean ezohiko osoko bilkura deitu zen, eta horrek lizitazio berriaren esleipena luzatzea ekarri zuen, enpresa esleipendunak, Clequali enpresataldeko Prointalek, Zerga Agentziarekin zituen zorren ondorioz. Egoera horrek agerian uzten du EAJren eta PSOEren udal gobernu taldearen zabarkeria, plantillarekiko betebeharrak betetzen ez dituzten enpresen gain zerbitzuak uzten jarraitzen duelako.

    Beharrezkoa da EAJko alkate Amaia del Campok berehalako neurriak hartzea, langileek soldatak jasoko dituztela bermatzeko. Erakundeen ekintzarik ezak eragindako ia 80 familiaren sufrimendua betikotzen du egoera honek, eta erakundeekiko konfiantza ahultzen du. Barakaldoko Udalak bere gain hartu behar du erantzukizuna, eta ez die utzi behar enpresa arduragabeei bere langileen bizitzekin jolasten.