2025-12-18
Blog Page 14

LABek uko egin dio ZF Aftermarketeko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteari eta kritikatu du sindikatu sinatzaileen ‘konfiantza itsua’

LABek balorazio negatiboa egin dio ZF Aftermarket enpresarekin gehiengo sozialak sinatutako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteari, eta uste du akordio horrek sindikatu sinatzaileen enpresarekiko ‘konfiantza itsua’ islatzen duela. Sindikatuaren arabera, espedienteak ez du etorkizuneko bermerik eta ez ditu langileak behar bezala babesten.

Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea produkzio eta antolakuntza arrazoiengatik aurkeztu zen, baina LABek salatu duenez, “lehen egunetik, enpresak proposatutako konponbide bakarra Txinako plantara produkzioa ateratzea izan da, produktiboago izateko”. Sindikatuak salatzen du ez dela beste proposamenik egin, nahiz eta ordezkariek aho batez eskatu enpresari.

Sindikatuak adierazi duenez, enpresak “ez du etorkizunerako edo bideragarritasunerako planik aurkeztu, argudiatuz sei astetik harago ezin dutela ezer aurreikusi, ez produkzio, ez inbertsio, ez berme aldetik”, eta hori guztia kontraesanean dago, LABen ustez, “urtebeterako espedientea justifikatzen saiatzen ari direnean”.

LABek kritikatu du 2023ko kontu auditatuen ondoren, enpresa taldeak dibidenduak banatu arren, “ez direla %100eko soldata osagarriak sinatu kaltetutako langileentzat”. Sindikatuaren arabera, ia urte osoa emango dute langile batzuk erregulazioarekin, eta horrek kalte nabaria ekarriko die haien langabeziari, sinatutako egutegiaren arabera.

Sindikatuak zalantzan jarri du zenbait sindikatuen jarrera, “sinatutakoa publikoki goraipatu dute eta lanpostuen bermetzea lortu dutela esan dute, egia ez denean”. Hori ikusita, LABek ez du akordioa sinatu, nahiz eta negoziazioetan azken momenturarte proposamenak aurkeztu dituen.

Azken bileran, hasieratik sindikatu guztiek adostutako mugak ez zirela bete salatu du LABek. Sindikatuaren esanetan, orduak igaro ahala, muga guztiak gainditzen joan ziren, azkenik sindikatu batzuk enpresak aurkeztutako guztia sinatzeko prest zeudelarik.

Hortaz, LABek balorazio negatiboa egin dio espedientari, “enpresaren etorkizuna kontuan hartu gabe adostu” delako, eta bestelako kasuak gogorarazi ditu, hala nola Berrioplanoko MOVINORD edo Esquirozeko BSH, non, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak ondorio latzak izan dituzten.

BM-ek ez ditu errespetatzen Aiaraldeko langileak 

BM-ek Amurrio eta Laudioko langileen eskubideak murriztu nahi ditu

Duela bi urte, BM-ek Gasteizeko eta Arabako denda guztiekin akordio berria negoziatu eta sinatu zuen, Aiaraldeko (Amurrio eta Laudio) dendak alde batera utzi zituelarik. Ordutik eta bereziki azkenengo urte osoan zehar, enpresako ordezkariek BM Aiarako komiteri eta langileei akordio berria negoziatuko zela eta eskubiderik galduko ez zutela esan eta konprometitu ziren. 

Negoziatzeko garaia heldu denean, enpresak lehenengo negoziaketa hainbatetan atzeratu du eta azkenean benetako negoziaketari uko egin dio. Zuzendaritzak unilateralki nahi dituen baldintzak inposatzen saiatzen ari da langileei. Gaineratu behar da, BM Lan Harremanetarako Kontseiluan (LHK) bideratutako eta proposatutako kontziliazioari eta mediazioari uko egin diola Irailean.

Langileak akordioa gabe usteaz gain, langileei eta langileen ordezkariei gezurretan ibili dela argi esan dezakegu. Hainbat bilera, akta eta elkarrizketetan, enpresako ordezkariek akordio berri bat negoziatu eta akordatuko zela esan zuten eta konprometitu ziren, eta ez hori soilik langileek ez zutela eskubiderik ezta erosteko ahalmenik galduko hainbatetan ere aipatu zuten.

Baina egoeri muzin eginez, enpresa bere baldintzak inposatzen ari da eta edozein negoziazio eta akordio mota ukatzen du. Gaur egun, Amurrioko eta Laudioko BMko dendak dira egoera tamalgarri honetan dauden bakarrak. 

Honetaz gain, eguneroko lan-baldintzei eta lan kargei dagokienez, egoera prekarioa hobetu beharrean enpresa ez da plantilla indartzen ari, langileak ez dira ordezkatzen eta horietako batzuei ez zaie kontratua berritzen ari, are gehiago egoera guztiaren ondorioz langile batzuek enpresa ustea erabakitzen ari dira.

Hau gutxi ez balitz, azken hilabeteetan hainbat langileek eta langileen ordezkariek, presioa eta xantaia pairatu behar izan dute, bai dendetan zein enpresak langileentzat antolatutako jardunaldi batzuetan.

LAB ez dago inposizio horien aurrean isilik geratzeko prest. Langileen eskubideak eta baldintza duinak defendatzea legitimoa da. Horregatik, udan zehar hainbat ekintza sindikal egin dira, eta egoera ez dela aldatu edo hobetu ikusita, gaur, urriak 29, 3 orduko lanuztea egin dugu Amurrioko eta Laudioko dendetan, eta BMk Bilbon dituen bulegoen aurrean mobilizatu gara. 

Eusko Jaurlaritza: aurrekontuetan EHUrako beharrezko finantzaketa bermatu! unibertsitate publikoa lehenetsi!

2026ko EAEko aurrekontuen eztabaida hasi da Legebiltzarrean eta ezinbestekoa da unibertsitate publikoaren azpifinantzaketa beste behin ere agerian uztea. Izan ere, 2026rako EHUra bideratutako finantzaketa zertxobait igotzea aurreikusten bada ere, EHUko beharrak betetzetik oso urrun egoten jarraituko du, baita USLOk helburu moduan markatutako BPGren % 1etik ere. Aldi berean, unibertsitate pribatuetara bideratutako baliabideak, izan finantzaketa zuzena izan beste baliabide publikoen lagatzea, gero eta handiagoa da.

Unibertsitate publikoarekiko utzikeria interesatua dagoela berretsi behar dugu, EHUk dituen gabezi endemikoei aurre egitea ahalbidetzen ez duena.

EHUko irakasle-ikertzaileon oinarrizko soldatak bigarren hezkuntzako irakasleen oinarrizko soldatak baino baxuagoak dira eta erosahalmenaren galera oso nabaria izan da. Datu bat emateagatik, 2008tik irakasle agregatu eta unibertsitate titularren soldatek % 24,3ko galera izan dute. Horri gehitu behar zaio soldatak osatzeko 2006an sortutako osagarriak izoztuta mantentzen direla, urte horretatik hona KPIa % 46,6 igota.
Horrez gain, prekaritate egoera lazgarriak mantentzen dira. Ordezko irakasleak arduraldi osoan kontratatu ahal izateko bidea topatu bada ere, arduraldi partzialean jarduten duten irakasleek 400 eta 800 arteko euro kobratzen jarraitzen dute, egiten dituzten ezinbesteko aktibitate batzuk aitortuak izan gabe. Ikuspegi ekonomikotik, behintzat, unibertsitateko irakasle-ikertzailea izateko egin beharreko fondo-lasterketak ez du erakargarria egiten lanbide hau, eta jakintza arlo batzuetan gero eta irakasle lanpostu berri gehiago hutsik geratzen ari dira. Horrek ondorio larriak izango ditu epe ertain eta luzean, unibertsitate publikoaren sail batzuetan irakasle nahikorik egongo ez baita.

Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZELen) kasuan azken 15 urteetan gauzatutako erosahalmenaren galera % 18,2koa izan da, eta zerbitzu eta sail askotan langile gehiago behar da. Ordainsari-maila txikieneko lanpostuak berrikusi egin behar dira, eta bizitzaren benetako kostuarekin bat datozen soldata-baldintza duinak bermatu. Irakaskuntza, ikerketa eta gainerako aktibitateak era egokian garatzeko TEKAZELen lana ezinbestekoa da. Hala ere, Europako beste herrialde batzuetan irakasle-ikertzaile/TEKAZEL ratioa 2koa den bitartean, EHUn 2,76koa da.

Unibertsitate publikoak euskal jendartearen formazioa, ikerketa edota ezagutzaren transferentziaren beharrei erantzun ahal izateko ezinbestekoa da plantilla nahikoa izatea, promozionatzeko eskubidea bermatzea, lan-baldintza duinak izatea eta langileak zaintzea. Beharrezkoa da doktorego-tesietarako kontratu kopurua handitzea, ikerketarako baliabide nahikoa bermatzea, behar diren instalazio berriak martxan jartzea, eraikinen mantentze-lanak egitea (zentro batzuetan ohitu gara urteroko itoginetara…), zerbitzu batzuen pribatizazioarekin bukatzea, baita sailak eta zerbitzuak ondo hornitzea ere.

Era berean, errektoretza taldeari EHUrako beharrezko finantzaketa lortzeko jarrera irmoa exijitzen diogu. EHUko zuzendaritzaren erantzukizuna da jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitate publikoaren beharrei erantzuten dien finantziazioa kemenez defendatzea Eusko Jaurlaritzaren aurrean.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak bideratzen duen finantzaketak oso baxua izaten jarraitzen du. Izan ere, 2025erako EHUri egindako ekarpena 2024ko Euskal Erkidego Autonomoaren Barne Produktu Gordinaren % 0,46 izan da, Unibertsitate Sistema Lege Organikoak 2031erako markatzen duen BPGren %1etik oso urrun. Okerrena da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzaren sailburuak medio batzuetan egindako adierazpenetan argi uzten duela ez dutela inolako asmorik kopuru horretara hurbiltzeko. Horrez gain, bi hizkuntza ofizialetan aritzen diren unibertsitateek gain-finantzaketa lortzeko USLOk eskaintzen duen aukera ere ez du aipatzen. Europako Estatu askotan unibertsitate publikoen finantzaketak BPGren % 1 gainditzen duen bitartean, EHU finantzatzeko ardura dutenak bere oraina eta etorkizuna kolokan jartzen ari dira kontzienteki.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak alfonbra gorria jartzen die unibertsitate pribatuei, hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatuz. Guztion itsasontzi indartsua izan beharko litzatekeen EHU pixkanaka-pixkanaka hondoratzen ari dira, unibertsitate pribatuen flota gero eta anitzagoa eta indartsuagoa den bitartean, instituzioetatik erraztasun guztiak emanda eta diru publikoz era zuzenean zein ez-zuzenean finantzatuta.

Horregatik, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza batzordean EHUko egoera eta beharrak azaltzen ari gara gaur. Horregatik, aurrekontuak definitzen ari diren honetan, eredu pribatizatzaile eta neoliberalaren aurrean euskal jendarteak behar duen unibertsitate publikoa defendatzea eta behar duen finantzaketa bermatzea exijitzen diegu alderdi politiko guztiei eta, bereziki, EHU indartzeko ala ahultzeko erabakia bere esku duten Eusko Jaurlaritzari eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuari.

Unibertsitate publikoaren defentsan, EHUrako beharrezko finantzaketa bermatu!

Desgaitasun eta zahar egoitzen sektoreetako profesionalak mobilizatu dira hitzarmenak desblokeatzeko eskatzeko

Desgaitasun eta zahar egoitzen sektoreetako langileek elkartu dira gaur Iruñean, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren aurrean, LAB sindikatuak deitutako elkarretaratze batean, lan-hitzarmenen negoziazioan aurrerapausoak ematea eta lan-baldintzak hobetzea eskatzeko.

Sektoreko langileek patronalen “jarrera arduragabea eta setatia” salatu dute, lan-baldintzak hobetzeari uko egiten diotelako, eta horrek erosteko ahalmena galtzea eragin du kasu batzuetan. Baldintza horiek, diotenez, gizartearentzat funtsezkoa den sektore bati eragiten diote: “gure lanak pertsona ahulenen arreta eta zaintza babesten ditu, eta dagozkigun errespetua eta duintasuna eskatzen ditugu”.

Nafarroako Gobernuaren jokabidea ere kritikatu du LABek, “erantzukizun argia du, enpresa pribatuei diru publikoa ematen baitie”. Dirulaguntzak jaso arren, enpresek sektoreko lan-baldintzak hobetu gabe jarraitzen dutela ohartarazi du sindikatuak, “beste behin ere enpresen irabaziak zaintza-sistemari eusten diotenen ongizatearen gainetik daudela erakutsiz”.

Negoziazioa bultzatzeko asmoz, LABek iragarri du beste deialdi bat egingo duela azaroaren 13an, 10:00etan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean, eta bi sektoreetako langile guztiei parte hartzeko deia egin die. Sindikatuak azpimarratu duenez, “indar kolektiboarekin, batasunarekin eta mobilizazioarekin bakarrik lortuko dugu hitzarmenak desblokeatzea eta urteak eskatzen daramatzagun hobekuntzak lortzea”.

LABek konpromisoa exijitzen du Estatu Batuek Kubaren aurka duten blokeoa amaitzeko NBEn egingo den bozketan

Gaur, Nazio Batuen Erakundeko estatu kideek Estatu Batuek Kubari ezarritako blokeo ekonomikoa, komertziala eta finantzarioa bertan behera uztea eskatzen duen ebazpena bozkatuko dute. 1992az geroztik, estatu kideen gehiengo osoaren babesa jasotzen du bozketa horrek; iaz, 187 gobernuk babestu zuten ebazpena, eta soilik bi herrialdek —AEBk eta Israelek— egin zuten kontra, bat abstenitu egin zelarik.

Kubaren aurkako blokeoa sei hamarkada baino gehiagoz luzatzen da. 2019tik, Donald Trumpen lehen administrazioak presio handieneko politika eta 243 zigor berri ezarri zituenetik, pandemiaren ondorioekin batera, Kubako ekonomiaren aurkako “ekaitz perfektua” gertatu da. Egoera ez zen hobetu Bidenen etorrerarekin, izan ere, ez zituen zigor horiek eten eta blokeoa indarrean egon zen bere gordintasun osoan. Gaur egun, Trumpen bigarren administrazioak, Marco Rubio Estatu idazkariarekin, zigor sorta berri bat ezarri du.

Gainera, LAB sindikatuko Nazioarteko Harremanetarako Idazkaritzako kide Amanda Verronek jakinarazi duenez, aurtengo bozketan aurrekaririk gabeko mehatxu, presio eta xantaiak jaso dituzte herrialde batzuek —batez ere Europa eta Latinoamerikakoak—, blokeoaren amaieraren aldeko boto historikoa alda dezaten. Ukrainarekin izandako gatazkan Errusiarekin izandako ustezko “Kubaren lankidetza militarra” bezalako gezurrak erabiliz (ez dago horrelakorik, eta ez dute inolako frogarik aurkeztu), Trumpen administrazioak bere makineria diplomatiko guztia jarri du martxan azken asteetan.

Hori dela eta, Euskadi-Kuba elkartasun elkartea eta Sierra Maestra-Euskadi eta Desembarco del Granma Kubako emigrazioaren Euskal Herriko elkarteak LABen Bilboko egoitzan bildu dira gaur, uhartea ezegonkortzeko ahalegin berri hori salatzeko eta NBEko bozketa gertutik laguntzen dutela eta blokeoaren amaieraren alde daudela adierazteko.


Kubaren aurkako blokeoa amaitzeko nazioarteko borrokari laguntza

José Manzaneda, Euskadi-Cuba adiskidetasun elkarteko kidearen arabera, oso estrategia zehatza dago uharteko diru-sarrera, inbertsio edo kreditu iturri guztien aurka: turismoa, hitzarmen medikoak, bidalketak, esportazio farmazeutikoak, eta abar. Urtero 5.000 milioi dolar inguruko kostua du blokeoak. Aurten %50 hazi da, eta 7.500 milioira iritsi da. Horren arrazoia da jaso gabeko ondasun eta zerbitzuen esportazioengatiko diru-sarreren suntsipenaren eraginkortasun handiagoa, turismoan izandako inpaktua nabarmenduz. Blokeorik gabe, Kubak urteko %9tik gorako hazkundea izan dezake bere makroekonomian.

Gogora ekarri behar da Bruselako Nazioarteko Auzitegiak Kubaren blokeoaren aurka emandako epai irmoa, 2023ko azaroan Europako Parlamentuan bertan sinbolikoki eman zena. Kontzientzia-auzitegi honek, mundu osoko legelari, intelektual eta lider sozialek osatuak, Estatu Batuetako gobernua ERRUDUNTZAT jo zuen gizateriaren aurkako krimenak egiteagatik eta genozidio saiakeragatik, gaur egun Kubako osasun publikoari bereziki eragiten dion blokeoa ezarriz.


Azken sei urteetako zigorrek Kubako osasun publikoan izan duten eragina

Milagros Acea, Sierra Maestra-Euskadi eta Desembarco del Granma Kubako emigrazioaren elkarteetako kideak azaldu duenez, gaur egun Kubako ospitaleek eta farmaziek oinarrizko sendagaien %30 baino ez dute. Gainera, gutxienez 94.700 pazientetako “zor kirurgikoa” dute, eta horietatik ia 10.000 haurrek ez dute aurten behar duten ebakuntza egiteko aukerarik izan.

Kezkagarria da, halaber, haurren heriotza-tasak gora egin duela: 2019an jaiotako 1.000 umetik 5 ekoa zen, eta azken neurketetan 7,5 izatera igaro da. Kubako ekonomialariaren arabera, 16 egunez blokeoagatik jaso ez den balio ekonomikoarekin —hau da, 339 milioi dolarrekin— urtebeterako oinarrizko botiken erosketa guztia estali ahal izango litzateke. 14 orduko blokeoaren diruarekin (12 milioi dolar), dialisia edo intsulina behar duten pazienteek hilabetez jaso lezakete tratamendua.


Sendagaien, osasun-materialen eta taupada-markagailuen kanpaina solidarioa

Amanda Verronek, LABeko Nazioarteko Idazkaritzako kideak, jakinarazi duenez, blokeo kriminal horren aurkako erantzun internazionalista gisa, LAB sindikatuak aipatutako elkarteekin bat eginda, sendagaiak, osasun-materiala eta taupada-markagailuak erosteko funtsak biltzeko kanpaina abiarazi zuen irailaren 1ean: “Langileon elkartasunez blokeoa hautsi!” izenekoa.

Bilketa-guneak sindikatuaren 22 egoitza izan dira Hego Euskal Herri osoan, LABek ordezkaritza sindikala duen osasun-zentroak (hala nola Basurtuko Ospitala), Euskadi-Kubako Bilboko egoitza eta herriko taberna batzuk. Beste ezeren gainetik, LABeko osasun-ordezkarien lan militantea aitortu behar da, batez ere Osakidetzan eta Osasunbidean.

Kanpaina urriaren 31n amaituko da, eta gaur egun biltzen, sailkatzen eta paketatzen ari dira. Amanda Verronek lehen datuak partekatu ditu, oso behin-behinekoak oraindik:

  • Bost tona inguru material biltzea aurreikusten da;
  • Honako materialak bildu dira: sendagaiak; xiringak, maskarak, eskularruak, esparatrapuak, bendak, zundak, josturak eta higiene-produktuak (pixoihalak, konpresak eta preserbatiboak);
  • Kanpainak 12.000 euro ere jaso ditu, eta Medicuba Europa GKEaren “Eskua bihotzean” kanpainan txertatuko da. Horrekin, kamara bakarreko 20 taupada-markagailu inguru eskuratuko dira.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatutik irlaren aurkako azken eraso inperialistak salatzen ditugu, nazioarteari eskatzen diogu blokeo kriminal horren aurkako NBEren aurreko bozketan konpromisoa har dezala, eta berriro ere adierazten dugu gure defentsa Kubako herriaren subiranotasunaren eta autodeterminazioaren, Kubako Iraultzaren eta mundu guztiari transmititu dizkion balioen alde.

Kuba terrorismoa babesten duten herrialdeen zerrenda zitaletik kentzea ere aldarrikatzen dugu. Oso argi daukagu, eta harro diogu, Kuba zerrendaren batean egon beharko balitz, bizitza, elkartasuna eta giza eskubideak defendatzen dituzten herrialdeen zerrenda izango litzatekeela. Azkenik, gure elkartasuna bidaltzen diegu Central de Trabajadores de Cuba-ri eta Kubako herri osoari, bai uhartean bai Euskal Herrian.

LABek salatu du Telesonic enpresak ikus-entzunezko teknikarien %45 kaleratu duela

LAB sindikatuak, Nafarroako Ikuskizun eta ekitaldi langile teknikoen sektorean %100eko ordezkaritza duenak, salatu du Baluarten zerbitzua ematen duen Telesonic enpresak langileen %45 kaleratu duela.

Enpresak kaleratze hauek jakinarazi dituenean, antolaketa eta produkzio arrazoiak argudiatu ditu, baita langileen egokitzapen falta ere. LABek “erabat” ukatzen ditu argudio horiek, bereziki egokitzapenarekin zerikusia dutenak, sindikatuaren arabera, langileek ez dutelako beharrezko prestakuntza jaso Baluarteko areto nagusian azkenaldian ezarri diren aldaketa tekniko garrantzitsuei egokitzeko.

Sindikatuak gogorarazten du Telesonic arduratu behar dela bere langile teknikoak sistema berriaren erabileran trebatzeaz, eta adierazi du “ezin dela egokitzapen faltaz hitz egin, egokitzapen horretarako prestakuntzarik eta beharrezko baliabiderik eskaini ez bada.” Gainera, kritikatu dute enpresak ez dituela beharrezko neurriak hartu kalitatezko ikus-entzunezko zerbitzu bat bermatzeko Baluarten, eta “kalera bota dituzten langile teknikoei bere lan kudeaketarako arduragabekeria ordaintaraziz.”

Sindikatuak prozesua kudeatzeko modu onartezina salatu du ere; langile kaltetuek kaleratu dituztela jakin dute kontu korrontean finikitoa ikusi dutenean, aurretik jakinarazpenik edo azalpen pertsonalizaturik jaso gabe.

Sektoreko hitzarmenaren negoziazioa oztopatzen duen mugimendua

Kaleratze hauek Nafarroako Ikuskizun eta ekitaldi sektoreko lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazio-prozesuaren erdian gertatu dira. Testuinguru horretan, kaleratze hauek “abisu gisa, prozesuaren oztopo gisa, eta langileen antolaketa eta indarra ahultzeko saiakera gisa” ikusten ditu LABek.

Kaleratzeen iragarpena LABek antolatutako informazio-batzar baten egun berean eta ordutegi berean egin zen. Batzarraren helburua negoziazioen egoera aztertu eta egin ahal ziren mobilizazioei buruz eztabaidatzea zen. Aldi berean ere, sindikatuak patronalean dauden enpreseei komunikazio bat bidali zien hitzarmenaren negoziazioan parte hartzeko deia eginez. “Ez dugu uste kasualitatea denik,” adierazi dute LABetik.

Arduraz jokatzeko, elkarrizketa sustatzeko eta kaleratzeak berehala atzera botatzeko eskakizuna

LABek eskatzen dio Telesonic enpresari bere ardura bere gain har dezala Baluarteko ikus-entzunezko zerbitzuaren esleipendun gisa, kaleratzeak atzera botatzeko eta enpleguaren egonkortasuna bermatzeko. Sindikatuak ohartarazi du mota honetako ekintzek ez dutela “adostasunera heltzen laguntzen, sektoreko lan-baldintzak hobetu ordez, prozesua are gehiago tentsionatzen dute.”

Sindikatuak ziurtatu du Nafarroako Ikuskizun eta ekitaldi sektoreko langile teknikoen eskubideak indarrez defendatzen jarraituko duela, “lan duina bermatuko duen hitzarmen baten alde apustua eginez, eta komunitatearen jarduera kultural eta eszenikoan parte hartzen dutenen garrantzia kontuan hartuko duten lan-baldintza egokiak bermatuz.”

LABek negoziatzen jarraitzeko borondatea duela azpimarratzen du eta prozesu honetan era konstruktiboan parte hartzen ari diren enpresekiko balorazioa adierazten du, baina argi uzten du “negoziazioa desegonkortzeko provokazioetan” ez dela eroriko eta “hitzarmenaren negoziazioan lortutako aurrerapenei sabotaje edo oztopoak jartzen saiatzen diren mugimenduei aurre egiteko irmotasunez” jokatuko duela.

Bakelite Ibericako langileek lanuzteak egingo dituzte enpresa-itunaren negoziazioa desblokeatzeko

Gaur, 2025eko urriaren 28an, Bakelite Iberica enpresako langileek hiru eguneko lanuzte partzialei ekin diete, itunaren negoziazioa desblokeatzeko; izan ere, ituna berritu gabe dago 2020tik. 2 orduko lanuzteak egingo dituzte urriaren 28an, azaroaren 1ean eta 5ean, eta lan-txanda guztietan egingo dituzte.

Langileen Legezko Ordezkaritzak (LLO) 8 hilabete baino gehiago daramatza enpresarekin negoziatzen enpresa-ituna berritzeko. Negoziazioa desblokeatzeko hainbat mobilizazio egin ostean, enpresako zuzendaritzak jarrera pasibo bera erakusten jarraitzen du, eta oraindik ez du gerturatzea ekar dezakeen proposamenik aurkeztu.

Azkenik, salatu nahi dugu enpresak bere aldetik gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri dituela, eta, alde honen ustez, zerbitzu horiek Lantarongo ekoizpen-instalazioaren mantentze- eta segurtasun-lanetarako behar direnak baino handiagoak dira. 

Guztiz publikoa izango den eta Asuncion Klinikako langileen subrogazioa bermatuko duen ospitalea aldarrikatuko dute azaroaren 22an Tolosan

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak egun hauetan ospitale berriaren inguruan eman dituen xehetasun batzuen harira, LABek eta ELAk salatu dute ez dela bermatu Tolosaldeako herritarrentzat 100% publikoa izango den eta zerbitzu guztiak izango dituen osasun arretarik, ezta gaur egun Asuncionen lanean ari diren langileek ospitale berrian lanean jarraitzerik ere. Horregatik, azaroaren 22rako manifestaziora deitu dute, Asuncioneko 350 langileen enplegua bermatu dadin aldarrikatzeko.

LABek eta ELAk azaldu dutenez, langileek urte asko daramatzate herritarrekin batera Tolosaldeako ospitale publikoaren aldeko aldarrikapenetan murgilduta, baina hasieratik zehaztu zituzten hiru aldarrikapenetatik bakar bat ere ez dute bermatuta.

Izan ere, egun hauetan Osasun sailburuak enpresa batzordeari emandako informazioaren eta publiko egin dituen berrien arabera, gaur egun Asuncionen lanean dauden 350 langileek ez dute inolaz ere bermatuta lanean jarraitzea. Kontuan izan behar da langile horietako asko urte luzez aritu direla eskualdeko herritarrei zerbitzu publikoa ematen, pribatizatuta eta egoera kaskarrekin. Sailburuak mahai gainean, hitzez, jarri duen proposamenak soluzio partziala eta denboran mugatua eskaintzen du, eta langileek ez dute ontzat ematen.

Orain hilabete gutxi, Donostiako Onkologikoko langileak subrogatuak izan ziren, eta, gaur egu, Osakidetzako langileak dira. Beraz, ahoz egindako proposamen horretan atzera egin dezala eta Onkologikoan egin den bidea hartzeko eskatu diote LABek eta ELAk Osasun sailburuari. Asuncion klinika publifikatzearekin batera, langileak subrogatzeko eskatu diote.

Ospitalak izango dituen zerbitzuei dagokienean, langileek salatu dute plan funtzionalik ez daukatela, eta, beraz, xehetasunak falta dituztela, baina aurreratu dituzten datu batzuk aztertuta, adierazi dute ez dagoela ospitalea %100 publikoa izango den bermerik, ezta zerbitzu guztiak izango dituen ospitalea izango denik ere. OSI Donostialdearen menpeko bereizmen handiko anbulategi baten itxura duela adierazi dute.

Horregatik guztiagatik, manfiestaziora deitu dituzte herritarrak azaroaren 22rako Tolosan; 12:00etan, Triangulo plazatik. Eskualdeko eragileei atxikitzeko eskatu diete, eta Tolosaldeako alkateei, langileen subrogazioa bermatzen ez bada, proiektua ontzat ez emateko.

Aludiumeko langileen aurkako eraso gehiagorik ez!

LABek Aludiumen jarrera autoritarioa salatzen du eta norabidea aldatu ezean mobilizazioak egingo direla ohartarazi du.

Aludium Transformcion De Productos Amorebietako enpresa bat da. 537 pertsonak egiten dute lan bertan.

LAB sindikatutik publikoki salatu nahi dugu Aludiumeko zuzendaritza hartzen ari den norabide autoritarioa, azken aldian aldebakarreko erabakiak hartzen ari baita, plantillaren eskubideetan atzerakada nabarmenak eta lan-prekarietatea areagotzea dakartenak. Duela gutxi, bulegoetan ezkutatuko kamerak jartzeagatik zigortu zuten enpresa, bajan dauden edo egon diren langileen aparteko ordainsariak osatzeari utzi dio, eta orain langileak kriminalizatzen hasi da.

Enpresa inposaketan, elkarrizketarik gabe eta botere-abusuan oinarritutako lan-harremanen alde egiten ari da, ordezkaritza sindikalari entzungor eginez eta langileen eskaerei eta kezkei entzungor eginez. Jarrera hori oso lan-giro txarra sortzen ari da, eta horrek ez die mesederik egiten ez langileei ez enpresari berari.

LABen ustez, jokabide hori arduragabea eta onartezina da, eta Aludiumeko zuzendaritzari exijitzen diogu berehala zuzentzeko, alde bakarretik ezarritako neurriak indarrik gabe hutzi eta langileak eta entzuteko benetako prozesua irekitzeko.

Errespetua, negoziazioa eta parte-hartzea izan behar dira edozein lan-harreman duinen oinarri. Horregatik, enpresak inposizio eta jarrera honi eusten badio, LABetik Aludiumeko langileak aktibatzera eta mobilizatzera deituko ditugu, haien eskubideen eta lan-baldintza justuen alde egiteko.