2026-11-01
Blog Page 14

Euskararen desofizializazio prozesuan urratsak ematen jarraitzen dute auzitegiek

Sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretua baliogabetu izanak agerian uzten du euskara eta gaztelania maila berean jarriko dituen arkitektura juridikoaren beharra. LABetik Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu auzitegien mehatxuei aurre egin diezaiela eta euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu berria osatzeko prozesua has dezala.

Administrazioan euskararen erabilera normalizatu eta hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri guztien aurkako erasoaldi sistematikoarekin jarraitzen dute auzitegiek. Oraingoan Eusko Jaurlaritzaren 2024ko dekretua jarri dute jopuntuan, horren txosten ekonomikoa eskasa dela argudiatuta. Auzi bakoitzerako espresuki bihurritutako argudioak erabilita, urteak daramatzate auzitegiek euskalduntzea sustatzeko lan deialdiak eta arkitektura juridikoa desegiteko ahaleginean. Begi-bistakoa da euskararen desofizializazio prozesuen beste urrats bat dela honako hau.

Bereziki larria da Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua bertan behera utzi izana. Dekretu horrek EAEko administrazioa euskalduntzeko aspektu guztiak arautzen ditu, eta, ondorioz, bertan behera utzi izanak erabateko ziurgabetasunean uzten du euskararen erabilera normalizatzeko prozesu guztia. Urteetan ezagututako epaiek prozesu horren ziurtasun juridikoa arrakalatud ute, eta azken honek goitik behera desegin du.

Dekretua onartu zenean LAB oso kritiko agertu zen, guztiz ez-nahikoa zelako euskararen egoerak dituen beharrei egoki erantzuteko, baita herritarren zein langile publikoen hizkuntza eskubideak bermatzeko ere. Administrazioaren euskalduntzean jauzia emateko anbizio falta zuela salatu zuen LABek. Alta, ez-nahikoa izanda ere, eragile eta epaile euskarafoboentzat gehiegizko dekretua izan da, urrunegi joan dena. Eta neurriak guztiz gutxienekoak izanik ere, eta horien aurka juridikoki egitea justifikaezina izanik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak txosten ekonomikoaren “eskastasuna” erabili behar izan du argudiotzat.

Ekainean onartutako Enplegu Publikoaren Lege berriak dekretu hori baliogabetu eta berri bat onartu beharrean kokatzen du Eusko Jaurlaritza. Berritzeko prozesu hori hasi behar duen honetan, mehatxu gisa har daiteke auzitegiaren epaia. Horregatik, LABek Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio auzitegien mehatxu inplizituei aurre egin diezaiela eta benetan euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu egokia osatzeko prozesua has dezala, inplikatutako eragile guztion parte hartzearekin.

Epaien kate luzearen azken katebegi honek, beste behin ere, agerian uzten du administrazio euskalduna lortu ahal izateko legedi egoki baten beharra dagoela. Euskara gazteleraren maila juridiko berdinean kokatuko duen legedia onartu ezean, ziurgabetasun juridiko honekin eta epaitegien uneko apetaren mende jarraituko du administrazioaren euskalduntzeak.

Euskararen normalizazioaren aurkako epai larri honen aurrean, LABek dei egiten die herritarrei eta langileei euren lan eta hizkuntza eskubideen defentsan mobilizatzen jarraitzera.

Desgaitasunaren sektorea Administrazioarekin parekatzea eskatu dugu, zaintza-sistema publiko baterantz aurrera egiteko

LABetik proposamen formal bat helaraziko diogu mahaiari, bi urte baino gehiagoko geldialdi sektorialaren ondoren, eta ANADPen pribatizatutako langileen subrogazioa eskatzen dugu.

LAB sindikatuan estrategia aldatuko dugula iragarri dugu Nafarroako Desgaitasunaren Hitzarmen Sektorialaren negoziazio mahaian. Sindikatuak proposamen formal bat aurkeztuko du kanpora ateratako sareko langileen lan- eta soldata-baldintzak Foru Administrazioko langileen baldintzekin parekatzeko, eta neurri hori planteatuko dugu elkarrizketari berriro ekiteko eta sektorearen kudeaketa publiko zuzenerantz aurrera egiteko bide gisa.

Ekintza-ildo berri hori LABetik Hego Euskal Herrian zaintzari lotutako hitzarmenetan eskubideak parekatzeko garatzen dugun estrategia globalaren barruan kokatzen da. Gure ustez, zaintza pribatizatuko langileak Administrazio publikoko langile gisa onartu behar dira, 2023ko Greba Orokorrean mugimendu feministaren, kolektiboen eta beste sindikatu batzuen eskutik defendatu genuen bezala. Zaintza-sistema publiko-komunitario bat finkatu behar da, erakundeek zerbitzu horiek enpresa pribatuen mesedetan kanpora ateratzeari utz diezaioten.

Proposamenak zuzenean helarazten du interpelazioa politika- eta enpresa-esparrura. Alde batetik, LABetik Nafarroako Gobernuari eskatu diogu erantzukizuna bere gain har dezala, eta gogorarazten dugu interes publikoko txosten juridiko bat dagoela, gobernuak berak egina. Txosten horrek gomendatzen du sektoreko baliabide guztiak publiko egitea, Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziari (ANADP) pribatizatutako langileak subrogatuz. Sindikatuaren arabera, gobernuak aurrera egin behar du gomendioetatik harago, eta urrats sendoak egin behar ditu parekatzearen bidean.

Bestalde, patronalaren eta Administrazioaren aldetik aurrerapausorik ez dagoela kritikatu dugu, prozesuak bi erakundeen arteko etengabeko “tira-biraren eta lasaitzearen” antza duela adieraziz, plantillaren lan-baldintzen kontura. Amaitzeko, mahaian ordezkaritza duten gainerako indar sindikalen erantzukizun eta koherentziarako dei esplizitua egiten dugu, sektoreak eskatzen dituen helburuak modu bateratuan babesteko.

Santurtziko Ander gaztearen kasuan dauden ardura zuzen eta politiko guztiak argitu ditzatela exijitzen diegu udalari eta Segurtasun Sailari, justizia egin eta gertakari larri hauek berriz gertatu ez daitezen

Gaur publiko egin den bideoak agerian utzi du Santurtziko Ander gaztearekin era oso bortitz eta desegokian jardun zuten udaltzainek gertatutakoa ezkutatu dutela eta haien arduradunek babestu egin dituztela.

2026ko ekainaren 22an Santurtzin gertatua, tamalez, ez da berria Euskal Herrian. Poliziaren gehiegikeriaren eta esku hartze bortitz baten ondoriorik larrienaren adibidea da. Gertaerok, polizia bakan batzuen jarrera indibidualetik harago, egiturazkoak diren arrazoiak dituzte oinarrian, baita ereduari lotuta hamarkadetan hartu diren erabaki politikoak ere.

LABen kezkaz eta ezinegonez bizi dugu Santurtziko kasua; izan ere, hasiera-hasieratik modu bortitz, larri eta desegokian eginiko kudeaketa izan zen, eta Anderren heriotza izan zen emaitza. Zerbitzu publiko bat eman eta herritarren beharrizanak, kasu honetan Anderrenak, babestu behar zituzten udal langile batzuek —udaltzainak— haien funtzioak ez betetzearen zein gaizki betetzearen ondorioz gertatu zen. Osasun mentaleko arazoak zituen Anderrek, eta gehiagotan artatzeagatik ezaguna zen herritarra zen. Laguntza eta babesa eskaini ordez, muturreko indarkeria aplikatu zioten. Taser pistolarekin tirokatu zuten, udaltzainek taserrak erabiltzeko dituzten protokoloak bete gabe. Denbora luzez atxikita izan zuten eta osasun asistentziarako behar zen informazioa ezkutatua izan zen.

Jarduteko modu hau agintari politikoek poliziaren edozein jarduera babestu eta estaltzeko dagoen ohiko jarrerari lotuta dago. Gardentasun falta honek eta erantzukizunei heltzeari uko egite honek inpunitatea areagotzen du, eta ezein jendarte demokratikok zaindu beharreko oinarrizko zutabeak kaltetzen ditu. LABentzat guztiz salagarria da Santurtziko Udala eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila mutu egon izana.

Haatik, udal gobernuaren zein Segurtasun Sailaren isiltasun horrek bide eman die ordena soziala ezartzeko indarkeriaren muturreko erabilera sustatu eta babesten duten polizien sindikatu korporatiboei, hau da, irtenbidea indarkeria gehiago aplikatzeko formazio teknikak ikastetik etorriko dela eta polizien edozein interbentzio defendagarria dela uste dutenei. Klase sindikalismoa gure jardunaren oinarri dugunez gero, LABen ondo dakigu langileen interesen defentsa ez dela inpunitate gehiago defendatzea, ez eta agenda erreakzionarioa sustatzen dutenen marko sekuritarioa irenstea ere.

Bada, zein momentutan bihurtzen da zerbitzu publiko bat jaso eta laguntza eskatzera doan pertsona polizia jakin batzuentzat mehatxu? Gertaturikoa onartezina da, are gehiago horrelakoak ekidin daitezkeenean. Horregatik, eraldaketa sakona beharrezkoa da segurtasuna ulertzeko erari dagokionez, oro har, eta zehazki polizia ereduaren eta indarkeriaren zein armen erabilerari dagokionez. Udal agintariek urgentziazko erabakiak hartu behar dituzte, zuzenean esku-hartu zuten udal langileetatik hasi, ekintza protokolo guztietatik igaro eta horrelakorik berriro gerta ez dadin egin beharreko aldaketa guztietaraino. Era berean, Segurtasun Sailak gardentasuna erakutsi behar du, erantzukizun politikoak argitu eta egikaritu behar ditu eta kontrol mekanismo zorrotzak eta gardenak aplikatu behar ditu horrelakorik berriro gerta ez dadin. Eta, nola ez, Arkautin ezarri den polizia eredua, orain arte halako gertakariak normalizatu egin dituena, iraultzeko ezinbesteko eztabaida ireki behar du.

LAB sindikatutik eztabaida eta eraldaketa horretan buru-belarri arituko gara, udalez udal zein, era orokorrean, segurtasun ereduaren eraldaketan borrokan. Aspaldi hasi genuen bidean sakonduko dugu, eraldaketa horren parte diren udaltzainak antolatuz eta haiekin lan eginez. Herritarren beharren mesedetan zentratuko den eta gatazkak konpontzeko bitartekaritza metodoetan oinarrituko den formazioa exijituko dugu, baita udal langile diren polizien profilak eta funtzioak zehaztu daitezela eta hautaketa prozesu propioak adostu daitezela ere, eta gardenak izango diren kontrol mekanismo zorrotzak eskatuko ditugu.

LABetik Anderrentzat justizia galdegiten jarraituko dugu, eta bere senide eta hurbilekoei babes osoa adierazten diegu.

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa deitu dugu LAB sindikatuak eta Testako maizterrek

Etxabakoitz, Buztintxuri, Artika, Sanduzelai eta Arrotxapeko bizilagunek, LABen babesarekin, manifestazioa iragarri dute Iruñean urriaren 17rako. Mobilizazioaren helburua da salatzea Testak ez dituela berritu BOE kalifikazioa galdu duten 500 etxebizitzen kontratuak, eta eskatzea etxebizitza horiek parke publikoaren parte izatera pasa daitezela.

Azken hilabeteotan, Testa, Blackstoneren (higiezinen inbertsiorako munduko funts handienaren) filiala, maizterrei jakinarazten hasi da beren kontratuen amaiera eta etxebizitzak merkatu pribatuan salgai jartzeko asmoa. Enpresak bidea libre du ehunka familia langile kanporatzeko eta etxebizitzak merkatu pribatuan prezio izugarrietan saltzeko, espekulazioa eta gero eta desberdintasun handiagoa sortzen duen eredu errentista elikatuz.

500 higiezinak diru publikoarekin eraiki ziren eta maizterrek hogei urte baino gehiago daramatzate alokairuak ordaintzen. Askotan, gainera, errenta horien zati bat prestazio sozialen bidez osatu da. «Etxebizitza horien kostuaren % 100 baino gehiago ordainduta dago. Bai etxe horietan bizi garenok, bai Nafarroako jendarte osoak ordaindu ditugu. Gure etxeak dira”, adierazi dute bizilagunek. Operazioa onartezinatzat jo dute, “Nafarroan inoiz ikusi ez den mazterron aurkako erasoa, betikoak aberasteko.”

Urriaren 17an, 17:30ean, Baluartetik abiatuko da manifestazioa. Kaltetuek eskatuko dute etxebizitza horiek parke publikorako berreskuratzea, etxegabetze mehatxuak gelditzea eta bizitoki egonkortasuna bermatuko duten kontratu mugagabeak sinatzea. Alokairuaren prezioak bizilagunen errealitate ekonomikora egokitzeko neurriak ere eskatuko dituzte, eta Testa eta Blackstone “Non Grata” enpresatzat jotzea Nafarroan. Etxebizitza bakoitza, antolatutako bizilagun-komunitate bakoitza eta auzo bakoitza toki egokiak dira haiei aurre egiteko eta bizi-proiektu duin bat eraikitzeko dugun eskubidearen alde borrokatzeko.

Bizitegi-larrialdiko testuinguruan gertatzen da egoera hau, Nafarroa Eremu Tentsionatua izendatuta dagoelarik. Bada garaia etxebizitza eskubidea lehenesteko aktibo finantzario eta espekulazio produktu gisa erabiltzearen gainetik.

LABetik gogorarazten dugu Txantrea auzoko Ezkabako bizilagunen borrokak lagundu zuela joan den ekainean legearen aldaketa bat onartzen, gaur egun baldintza hori duten etxebizitzetan BOE kalifikazioa mantentzea ahalbidetzen duena. Hala ere, aldaketa hori berandu iritsi da Testako etxebizitzetarako.

Hala, higiezinen patronalaren aurrean ekintza sindikala garatzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu. Posible eta bideragarria da: borroka hau Blackstoneri irabazi diezaiokegu.

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.

Azken urteetan euskal langileek euren eskubideak irmoki defendatzeko hautua egin dute. Hamaika izan dira borroka sindikalak, eta horri esker hainbat hitzarmen berritzea lortu da. Gainera, 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko Greba Orokor arrakastatsua egin genuen martxoaren 17an. Urrats garrantzitsua izan zen soldaten etengabeko debaluazioari muga jartzeko, aberastasunaren banaketaren auzia agendan kokatzeko eta negoziazio kolektiborako baldintza zailagoak dituzten sektore prekarioak (horietako asko feminizatuak eta arrazializatuak) babesteko.

Bai Confebaskek eta bai CENek uko egin diote negoziazio mahaian esertzeari. Eta, Greba Orokorra egin eta sei hilabete igaro direnean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute iniziatibarik hartu, ez patronalak mahaian eser daitezen lortzeko, ez gutxieneko soldataren eskumena eskuratzeko, ezta administrazio publikoak azpikontratatutako eremuetan 1.500 euroak bermatzeko ere.

Edozein kasutan, egindako urratsak ez du atzera bueltarik: Hego Euskal Herrian ezarria dago 1.500 eurotik gorako soldata beharrezkoa dela eguneroko bizitzan aurrera egiteko. Zinez eskertzekoa da martxoaren 17an ehunka mila langilek egindako ekarpena, hauspoa eman baitio sektore prekarioen borrokari eta, oro har, aberastasunaren banaketaren aldarrikapenari. Ordutik hona, LABek sinatutako hitzarmenetan 1.500 euroko gutxieneko soldata bermatu da eta LABek gehiengoa duen esparruetan ia ez dago 1.500 euroz azpiko soldatarik. Horixe da LABek negoziazio kolektiboan hartu duen konpromisoa: 1.500 euroko gutxieneko soldata hitzarmenez hitzarmen errealitate izan dadin ekarpen egitea. Horrekin batera, interpelazio politikoari eutsiko diogu, bai Hego Euskal Herriko bi gobernuei begira eta baita Madrilgo Gobernuari begira ere: goizago ala beranduago, gutxieneko soldata ezartzeko ahalmen legegilea eskuratuko dugu.

Era berean, aipatzekoa da enpleguaren defentsan euskal langileak erakusten ari diren konpromisoa. Maderas de Llodiokoa eta Tubos Reunidosekoa bezalako gatazketan argi ikusi da patronalak etekinak baino ez dituela lehenesten eta langileak direla enpleguari eta ehun industrialari eustearren borrokan ari direnak. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren jarrera ulertezina eta inkoherentea da: industria lurraldean errotzeaz mintzo dira, baina, horren alde egiten duten langileen bidelagun izan ordez, enpresen zuzendaritzekin lerratzen dira maiz.

Hirugarrenik, zerbitzu publikoen egoerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren apustu estrategiko baten falta nabarmena da. Biek ala biek uko egiten diote enpresarien eta errenta altuen pribilegio fiskalekin amaitzeari eta, ondorioz, uko egiten diote zerbitzu publikoen garapena ahalbidetuko lukeen aurrekontu politikari. Era berean, sektore pribatuaren aldeko ildoari eusten diote hezkuntza, zaintza, osasuna edota etxebizitzaren eremuan, Nafarroan zenbait urrats eman badira ere (anbulantzien publifikazioa eta babes ofizialeko etxebizitzen blindajea, kasurako). Salatzekoa da, halaber, euskarak bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzen duela administrazio publikoan. Azkenik, deitoragarria da Eusko Jaularitzak, Nafarroako Gobernuak eta Eudelek (Udalhitz udaletako hitzarmenaren kasuan) negoziazio kolektiboan ezarritako blokeoa, Sindikatu Medikua delakoarekin aldebiko negoziazio (eta EAEren kasuan, akordio) baztertzaileak egiten dituzten bitartean.

Aipatutako hiru horiek dira, hain zuzen ere, ikasturte honetarako LABen lehentasunak: gutxieneko soldataren aldeko borrokari jarraipena ematea, enpleguaren defentsa irmoari eustea, zerbitzu publikoetan negoziazio kolektiboa desblokeatzea, euskara hizkuntza ofiziala izatea eta zerbitzu publikoak indartzea, etxebizitza, hezkuntza, osasuna eta zaintzaren eremuetan. Azken horri dagokionez, zaintzako langileen bizi baldintzak hobetzearekin batera (ekiparazioa, ratioen hobekuntza, hitzarmenen berrikuntza), Euskal Herriko mugimendu feministak zaintza sistema publiko komunitarioaren alde antolatutako dinamika berrian parte hartuko du LABek.

Funtsean, politika publikoetan egiturazko aldaketak egin daitezen aldarrikatuko du LABek eremu guztietan, eta hori da, hain justu, indartzen ari den oldarraldi erreakzionarioari aurre egiteko modua ere. Izan ere, fase kapitalista geroz eta bortitzago honek autoritarismoan eta faxismoan topatzen du bizirauteko bidea, langileak langileen kontra jarriz, migranteen kontrako jazarpena sustatuz; Ceutan, manteroen kontra… LABek aldarrikatzen dituen neurriek politika publikoen norabidea aldatzea eskatzen dute, kapitalari mugak jartzea, aberastasunaren metaketaren ordez birbanaketa politiken aldeko apustua egitea. Hori da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko bidea.

Gobernua eta patronala: herri ikuspegirik ez eta langileei bizkarra emanda

Bistan da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dutela borondaterik edota gaitasunik eskari hauen aldeko neurri esanguratsuak hartzeko. Are eta gehiago: kontrabotere sindikalismoak egiten dituen eskariak gustuko ez dituztenez, nahiago dute CCOO eta UGTrekin elkarrizketa sozialaren antzezpena egitea.

Jarrera hori bereziki larria da Eusko Jaurlaritzaren kasuan. Greba Orokorraren biharamunean, elkarrizketa sozialaren instituzionalizazioan urrats berria emateko asmoa iragarri zuen gobernuak, Confebask eta UGT-CCOOekin batera. Gutxieneko soldataren inguruan negoziatzeari ezezkoa ematen dion patronala zilegiztatu eta ordezkaritza sindikalaren %27,6ren babesa besterik ez daukaten sindikatuak instrumentalizatu zituen horretarako.

Ildo berean, Confebaskek “lehiakortasunerako euskal ituna” proposatu du. Confebaskek ez du herri ikuspegirik, ez du herri itunik bultzatu nahi. Etengabeko hazkundean oinarritzen den ikuspegi produktibista kapitalista dago bere gogoetaren oinarrian, eta planteatzen dituen errezetak betikoak dira: batetik, instituzioak interpelatzea birbanaketa politika oro baztertu eta neurri fiskal erregresiboak har ditzaten; bestetik, sindikalismo borrokalaria indargabetzeko presio egitea.

Nafarroan ere gobernua eta patronala elkarrizketa sozialaren eskemari eusten saiatzen ari dira, gero eta zailtasun handiagoekin. Nafarroako testuinguru politikoa aldatu egin da, sindikalismo abertzalearen eragiteko gaitasuna handitu egin da eta hauteskunde sindikaletan indar harremanak aldatzen ari dira: UGTk eta CCOOk ordezkaritzaren %47,9 baino ez dute, sindikatu abertzaleek %41aren langa gainditu duten bitartean.

Hauteskunde sindikalen garai trinkoa

Testuinguru horretan hasiko da hauteskunde sindikalen garai trinkoa. Aukera ezin hobea izango da langileei bizkar ematen dieten patronala eta gobernuari mezu argia helarazteko. Langileek LAB sindikatuari emandako babesa erabakigarria izan da garaiz garai: LAB zenbat eta indartsuago, orduan eta aukera handiagoa euskal langileon aldeko aldaketak eragiteko. Eragin izango da, hain zuzen ere, hauteskunde sindikal hauetako lelo nagusia. Eta, horrekin batera, Kontraboterea gara, LABek ordezkatzen duen eredu sindikala aldarrikatuz.

LABek inoizko ordezkaritzarik handienarekin eta hazten jarraitzeko anbizioarekin eta aukerarekin ekingo dio garai trinko honi. Azken datu ofizialen arabera (2026-6-30), honako hau da LABen ordezkagarritasuna: Nafarroan, %18,53; EAEn, %20,89; eta Hego Euskal Herrian, %20,25. Epe luzeko ikuspegiarekin aztertuta, LABen hazkundea ikusgarria ari da izaten:

NAFARROA2010eko abenduaren 312026ko ekainaren 30a
LAB%12,59%18,53
ELA%21,03%23,23
CCOO%25,27%23,34
UGT%30,69%24,62
EAE2010eko abenduaren 312026ko ekainaren 30a
LAB%16,24%20,89
ELA%40,50%40,30
CCOO%20,07%17,38
UGT%12,91%10,25
HEGO EH2010eko abenduaren 312026ko ekainaren 30a
LAB%15,33%20,27
ELA%35,54%35,82
CCOO%21,36%18,94
UGT%17,37%14,02

Langileen aldeko politiketan suspentsoa atera duela ohartarazi diogu Pradales lehendakariari

Errondaren ekimenari sinesgarritasuna kendu, eta behingoz bizitzaren prekarizazioan sakontzen duten politikak alboratzeko eskatu diogu, politika neoliberalei eustea faxismoarentzat bazka baita.

2024an, Imanol Pradales lehendakariarekin izandako lehen bileran, langileen aldeko politikak egiteko eskatu genizkion LABetik. Lau eskaera zehatz egin genizkion: soldatak eta lan baldintzak hobetu eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioaren alde egitea; zerbitzu publikoak indartzea; trantsizio ekosozialerako industriaren birmoldaketa eta enplegu industrialaren defentsa; eta autogobernuan sakontzea.

Bi urte hauetan Jaurlaritzak bultzatu dituen politiken inguruan LABen ezin du balantze positiborik egin. Langileen aldeko erabakirik hartu ez, eta patronalaren eskakizunen aurrean men egiten jarraitzen du. Horixe da, gaur, lehendakariari helarazi diogun ideia nagusia. Ondoren, azaldu gure kritika eremuz eremu zertan sostengatzen den azaldu dugu.

Birbanaketa politikei uko egin eta aberastasunaren metaketa desorekatua bultzatzen duten politika publikoak egiten ari dira, patronala saritzen eta langileei bizkarra ematen. Faxismoaren gorakada betean, olatu erreakzionarioari bidea egiten uztea eta faxismoari bazka ematea da langileen bizi baldintzen prekarizazioan sakontzen duten politikei eustea, langileen arteko arrakala matxista, arrazista edo belaunaldi arrakalei erantzun egokirik ez ematea.

Aurreko gobernuaren politika neoliberalen bidean sakontzen du Imanol Pradalesen gobernuak eta hori ezin da estali elkarrizketarako deiak eginez, ezta adostasunak eraikitzeko helbururik ez duten markoen sorrerarekin ere.

Osakidetza eraberritzeko eta indartzeko beharraren aurrean, Osasun Mahaia faltsuan itxi zen. Sindikatu bakar bat ere ez zen batu bertan ateratako ondorioetara. Sistema publikoaren higaduraren jatorria inbertsio falta, pribatizazio eta kontzertazio politikak dira. Horrek langileen lan baldintzetan eragin zuzena du. Konponbidea osasungintzaren pribatizazioa dakarten erabakiak alboratzetik hasten da, baina ez dute horretarako borondate politikorik.

Hezkuntzan, segregazioaren gaiari erantzun egokirik eman gabe itxi zen horretarako ireki zen mahaia. Hezkuntza publikoari dagokionez, iazko ikasturtean soldatak hobetu eta egungo erronkei hobeto erantzuteko, baliabide gehigarriak jasotzen zituen akordioak itxi zituen LABek lan kolektibo desberdinetan. Akordio horiek greba eta mobilizazio dinamika indartsu baten ondorio izan ziren, eta Hezkuntza Sailak akordioak bere osotasunean bete gabe jarraitzen du. Bereziki larria da hori, hezkuntza sistemak dituen beharrak, PISA txostenak berriro ere azalerazi dituenak, kontuan hartuta.

Euskararen kontrako oldarraldi betean, ausardia politikoa handiagoa eta PSErekin gai horretan dituen hipoteketatik askatzeko eskatu diogu Pradalesi. Administrazio publikoa euskalduntzeko, ezinbestekoa da euskarak eta gaztelaniak estatus juridiko bera izatea eta hori gaur-gaurkoz ez dago erabat ziurtatua. Oldarraldia hezkuntzara ere zabaltzen ari da, uda honetan unibertsitatera sartzeko probekin ikusi bezala. Horregatik, LABen kezkaz hartu ditugu PISA azterketaren emaitza kaxkarrak euskararekin lotzeko zenbait alderdi politikotako ordezkariek egindako adierazpenak, eta, batez ere, Jaurlaritzak berak ere emaitza txarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Hizkuntza eskubideei dagokionez, atzerapausoei galga jartzeaz gain, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan eta erabileraren zabalpenean aurrera egiteko neurriak eskatu ditugu; esaterako, negoziazio kolektiboa euskaraz gauzatzea bermatzeko neurriak.

Aurreko bileran langile publikoen negoziazio kolektiborako eskubidea gauzatzeko eskatu genion LABetik, eta ezer gutxi aurreratu da horretan. Mahai Orokorreko negoziazio mahaian ez dago negoziaziorik; Osakidetzan, mahaitik kanpo eta SMErekin, gutxiengo sindikalarekin, akordioa egin du Jaurlaritzak; hezkuntzan ez dituzte akordioak betetzen. Adostasunak eraikitzearen garrantziaz hitz egiten duen gobernu batek sinesgarritasuna galtzen du enplegatzaile den kasuetan kontrako jarduteko modua duenean.

Zaintzan, merkantilizazio eta pribatizazioaren aldeko apustuari eusten zaio. Zaintza duina jasotzea eskubidea da, baina egun ez da ziurtatzen. Zaintza lanak emakumeen, nagusiki migratzaileen, esplotazioan eta prekaritatean oinarritzen dira. Zaintzarekin negozioa egiten jarraitzen dute enpresa pribatuek, eta gobernu honek ez du inolako asmorik zaintza eraldatzeko, zaintza sistema publiko komunitarioa eratzen hasteko urratsik emateko.

Industriaren egoera kezkagarria da. Enplegu industrialaren defentsan borrokaldi gogorrak egin ditugu. Ez dago industriak dituen erronkei erantzuteko industria politikarik. Globalizazioaren eraginei eta krisi klimatikoari aurre egingo dien industriaren birmoldaketaz ez dago gogoetarik. Egiten den politika bakarra enpresen esku diru publiko gehiago jartzea da; horixe da patronalak eskatzen duena. Enpresetan dirua txertatzeak berez ez du ezer bermatzen. Diru publikoa jasotzeko baldintza batzuk bete beharko lirateke (enpresen errotzea, kalitatezko enplegua eta kaleratzerik ez egitea, kontratazioetan diskriminaziorik eza….) eta diru horren erabilpenaren gaineko kontrol publiko eta sozialerako bideak zehaztu beharko lirateke.

Eskumenak, Confebasken interesak zaintzeko

Autogobernu maila zabaltzeari dagokionez ere ez da indarrik egin funtzio publikoko langileen soldatak bertan negoziatu ahal izateko. Soldata arrakalarekin amaitzeko neurria den gutxieneko soldata propioari dagokionez, gogora ekarri behar da eskuduntzak eskuratzea aldarrikatzen zuen Herri Ekimen Legegilearen eztabaida oztopatu zutela gobernukideak diren EAJk eta PSEk modu guztiz antidemokratikoan. Zentzu berean, LABetik salatzen dugu orain hilabete batzuk Mikel Torres lehendakariordeari gehiengo sindikalak bilera eskaera egin geniola eta ez dugula erantzunik jaso. Ez dugu modu horretako gutxiespenik onartuko eta bi aste barrurako lehendakariari gai horren inguruan espresuki aritzeko bilera berri bat eskatuko diogu.

Ditugun eskuduntzak eta kontzertu ekonomikoa Confebasken interesak zaintzeko erabiltzen direla salatzen dugu. CEOEk berak eredutzat hartu eta txalotu dituen neurriak dira. Bi alderdi horiek adosturiko neurri fiskalekin, zerga politikan norabide okerrean sakontzen jarraitzen da, pribilegio fiskalak mantendu eta areagotzen dira, herritarren kaltetan, zerbitzu publikoen kaltetan.

Gobernuak egiten dituen politikekin kritikoak izateko arrazoiak soberan ditugu. Patronalarekin erabateko sintonia dute; aldiz, sindikatuei, langileei, etengabe borrokari uko egiteko eskatzen zaie. Zorionez, gurean, sindikalismo borrokalariak badu indarra, eta baita ordezkaritza sindikalaren gehiengo zabala ere. Horregatik, LABen larria iruditzen zaigu elkarrizketa soziala instituzionalizatu eta sindikalismo otzana saritzeko Legebiltzarrera eraman nahi den lege proposamena. Asmo hori bertan behera uzteko eskatu diogu Pradalesi.

Bilera berri honek LABentzat lehentasunezkoak diren gaien inguruan aritzeko aukera eman du, eta, berriro ere, langileen hitza errespetatu dezala eta langileen aldeko neurriak har ditzala eskatu diogu sindikatutik lehendakariari.

2026-2027 ikasturtearen hasieran, EHUren azpifinantzaketa eta unibertsitate publikoaren defentsa berriz ere mahai gainean jarri ditugu

EHUko ikasturte hasiera ekitaldiaren harira, LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN sindikatuok elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin ditugu Gasteizko Letren fakultatean.

Aurten ere, 2026-27 ikasturtearen hasieran unibertsitate publikoaren arazo nagusiak salatu behar ditugu. Horien artean, EHUren azpifinantzaketa da larriena. Finantzaketa nahikorik gabe, unibertsitate publikoak ezin ditu bere eginkizunak behar bezala bete. Ezin die euskal jendartearen behar eta erronkei erantzun, ezta bere langileen lan-baldintza eta soldata egokiak bermatu ere.

Duela urte bete, EHUren finantzaketak eztabaida publiko handia piztu zuen, EHUko zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko talkaren eta sindikatuon mobilizazio eta salaketen ondorioz. Urtea pasatu ondoren, egoera berean gaude. Oraindik ez dakigu zein izango den 2027rako Eusko Jaurlaritzak EHUra bideratuko duen aurrekontua. Oso posiblea da aurreko urtearekin alderatuta igoera mugatu bat iragartzea. Egia ordea, bestelakoa da: EHUren benetako beharretatik oso urrun geratuko da berriro ere, baita USLOk berak 2030erako ezarritako helburutik ere: gutxienez BPGren % 1 (egun ez da ehuneko horren erdira heltzen). Argi daukagu unibertsitate publikoa indartzea ez dela Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna. EHUren azpifinantzaketa ez da urte bateko arazoa, egiturazko arazoa baizik, eta ez da konponduko milioi gutxi batzuk gehituta.

Jendarteari zerbitzuak era egokian eta euskaraz eman ahal izateko, unibertsitate publikoa ondo hornitu behar da, bai plantillari dagokionez baita azpiegitura eta baliabide materialei dagokienez ere. Aldi berean, egiturazko arazoei aurre egin behar zaie: kolektibo batzuen prekaritatearekin bukatu; langileen promozionatzeko eskubidea bermatu; azken hamarkada eta erdian galdutako erosahalmenari aurre egin eta oinarrizko soldatak igo, exijitutako kualifikazioa kontuan hartuta; sail batzuetan jada dagoen irakasleen erreleborik ezari konponbidea eman; beharrezkoak diren irakasle eta ikertzaile plaza berriak sortzeko blokeoa gainditu; TEKAZEL (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak) /IRI (Irakasle Ikertzaileak) ratioa handitu, premia dagoen zerbitzuetan TEKAZEL lanpostu berriak sortuz; TEKAZEL lanpostuak berrikusi eta baloratu dagokien mailan txertatzeko, 13. eta 14. mailak desagerrarazi eta 15.era igo; azpikontratatutako zerbitzuak (garbiketa, IKT…) publifikatu; berdintasunean eta EHUren euskalduntzean ere pauso asko eman behar dira oraindik… Horietarako guztietarako finantzaketa nahikoa bermatu behar da.

Halaber, beharrezkoa denean ikasketa-plaza gehiago eskaintzeko aukera izan behar du unibertsitate publikoak. Horretarako ere finantzaketa behar da. Baliabide ekonomiko horiek ez bideratzeak edota aldaketa horiek ez baimentzeak unibertsitate pribatuen hazkundea sustatzen du. Azkenaldian unibertsitate pribatuak nabarmen ugaritu dira. Euskal Herrian dauden unibertsitate pribatu batzuk EHUk jada eskaintzen dituen ikasketa berak eskaintzen ari dira. Azken adibidea EUNEIZek ikasturte honetan eskaini berri dituen erizaintzako graduko 60 plazak dira. Eskaera eta beharra badago, zergatik ez handitu unibertsitate publikoaren eskaintza?

Bitartean, erakunde publikoek babes instituzional eta ekonomiko handia ematen diete unibertsitate pribatuei: lur publikoen lagapenak, azpiegiturak eta bestelako erraztasunak eskaintzen dizkiete, hala nola Donostian BCCeko Goe eta Gasteizen BCCeko EDA Drinks & Wines zentroak eraikitzeko udal zoruak 75 urtez lagatzea, Gasteizko bus geltokiaren aparkalekua uztea, edota Querejetari Buesa pabiloi publikoa eta Salburua udal-eremu berdearen lursailak saltzea. Horiei gehitu behar zaizkie unibertsitate pribatuek diru publikoa jasotzeko irekita dituzten bideak, kontratu-programen edota ikerketa-deialdien bitartez. EHUri emandako igoera apalak publikoaren aldeko apustu gisa saldu nahi dituzte, unibertsitate pribatuen hedapena sustatzen duten bitartean.

Testuinguru horretan, prestatzen ari diren Euskal Unibertsitate Lege berriak ere kezka handiak sortzen dizkigu. Lege-proposamenak aurkezten ditu unibertsitate publiko eta pribatuak euskal unibertsitate sistema harmoniko baten osagaiak gisa. Gainera, unibertsitate pribatuek diru publikoa jasotzeko aukerak berresten dituen bitartean (adierazitako irabazi asmoko unibertsitateak barne), EHUren ohiko finantzaketa gero eta gehiago lotzen du kanpo-finantzaketa lortzeko gaitasunarekin. Horrez gain, unibertsitate pribatuei ezartzen zaizkien baldintzak (irakasleen kualifikazioari, euskararen presentziari, zerbitzuen eskaintzari edota langileen kudeaketa eta baliabide ekonomikoei buruz kontu emateko mekanismoei dagokienez) unibertsitate publikoari eskatzen zaizkionak baino askoz malguagoak dira edo ez dira ezta ezartzen ere.

Horregatik guztiagatik, ikasturte honen hasieran ere, unibertsitate publikoaren alde mobilizatzeko unea da. Eredu pribatizatzaile eta liberalaren aurrean, EHUk behar duen finantzaketa eta euskal jendartearen beharrei erantzungo dien unibertsitate legea exijitzen ditugu, unibertsitate publikoa benetan indartuko duena eta interes pribatuen menpe egongo ez dena. Publikotasunean, euskaran, euskal kulturan zein unibertsitate sistema burujabean oinarrituko den unibertsitatea, hain zuzen ere.

LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN-k, Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu behingoz EHUk behar duen finantzaketa bermatzea eta unibertsitate publikoaren aldeko benetako apustua egitea. Baina EHUko zuzendaritzak ere ezin du ikusle hutsaren papera jokatu. Ez da nahikoa finantzaketa falta salatzea; baliabide horiek ziurtatzeko beharrezkoak diren kudeaketa politiko eta instituzionalak sustatzen jarraitu behar du, eta, aldi berean, dituen eskumenen barruan langileen lan-baldintzak hobetzeko eta hartutako konpromisoak betetzeko neurriak hartu behar ditu. Orain arte, ordea, askotan Eusko Jaurlaritzak ezarritako muga estuak aplikatu eta langileen eskaerak bigarren mailan geratu dira. Unibertsitate publikoaren defentsak irmotasuna eta ausardia eskatzen ditu.

Unibertsitate publikoaren defentsan, Eusko Jaurlaritza, bermatu beharrezko finantzaketa!

Unibertsitate pribatuei mesede traturik ez!

Errektoretza taldea, irmo defendatu EHUk behar duen finantziazioa!

Bizkaiko metal merkataritzan greba egingo dugu urriaren 7an

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok agerraldia egin dugu patronalaren egoitzaren aurrean, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa publikoki salatzeko eta, batez ere, greba iragartzeko.

Hitzarmena iraungita dago 2019tik. Sektoreko langileek sei urte baino gehiago daramatzae beren lan eta soldata baldintzak noiz eguneratuko zain. Sei urte hauetan prezioak igo egin dira, erosahalmena galdu dute eta, kasu batzuetan, sektoreko soldatak ez dira urteko 18.000 eurora ere iristen.

Negoziazioa 2019ko erdialdean hasi zen, baina hitzarmenik gabe jarraitzen dute. Argi eta garbi adierazi nahi dugu zein den erantzulea: CECOBI. Baina ez da soilik patronalaren proposamen eta mugimendu eskasengatik; izan ere, negoziazioa baliatu nahi dute jada lortuta genituen eskubideak murrizteko.

Baja medikoen osagarria okertu nahi dute. Hau da, pertsona bat gaixorik egoteaz gain, haren egoera ekonomikoa txarrera joan dadin nahi dute.

Eta antzinatasuna ere murriztu nahi dute, dagoeneko oso mugatuta dagoen osagarria, 2014ko soldataren gainean kalkulatua eta gehienez zortzi laurtekorekin.

Bada, horren guztiaren aurrean, metal merkataritzako langileek zera adierazten dute:

Soldata duinak nahi ditugu, galdutako eros-ahalmena berreskuratzea eta KPIaren araberako eguneratzea bermatzea.

Lanaldia murriztu nahi dugu, Bizkaiko merkataritzako beste hitzarmen batzuetako urteko 1.725 orduetara hurbilduz, gaur egungo 1.758 orduekin alderatuta.

Eta hori egin nahi dugu jada ditugun eskubide bakar bati ere uko egin gabe.

Metal merkataritzako langileak gara sektore hau egunero martxan jartzen dugunok. Enpresek negozioa egiten jarraitzen duten bitartean, gu gara soldata baxuak, lanaldi luzeak eta urteak eguneratu gabe daramatzaten baldintzak jasaten ari garenak.

Horregatik, egindako mobilizazioen ondoren eta negoziazio mahaian aurrerapausorik eman ez dela ikusita, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok aurrera pausu bat ematea eta urriaren 7an greba egun bat deitzea erabaki dugu.

Horregatik, dei egiten diogu Bizkaiko Metal Merkataritzako sektoreari; antolatzeko, mobilizatzeko eta kalera ateratzeko.

Langile guztiak animatzen ditugu mobilizazioetan parte hartzera, lankideekin hitz egitera eta greba hau erantzun kolektibo eta irmo bihurtzera.

Urriaren 7an milaka pertsona atera behar gara kalera. Sektorea mobilizatzen denean, patronalak entzun egin behar gaituelako.

Urriaren 7an erakutsiko dugu Metal Merkataritzako langileok ez gaudela prest eskubideak eta erosteko ahalmena galtzen jarraitzeko.

Azkenik, Metal merkataritzako patronalari mezu bat helarazi nahi izan diote langileek gaurko agerraldian:

Hurrengo negoziazio mahaia irailaren 21ean izango da eta CECOBIk aukera du benetan akordioa lortu nahi duela erakusteko.

Horretarako, mahaitik kendu beharko ditu bere proposamenaren elementu erregresibo guztiak, eta langileen erosteko ahalmena berreskuratzen dela bermatu behar du.

Urriaren 7an, denok grebara!

Bizkaiko metal merkataritza borrokan!

Arabako ardogintzako langileek beren aldarria eraman dute mahats bilketaren festara

Dozenaka lagun elkartu ziren atzo Kripanen egondako jaian.

Horrela, ardo trago bakoitzean dagoen esfortzua eta lana azaleratu nahi izan dute langileek. Izan ere, upategietan eta landan lan egiten duten langile horiek gabe, ez dago ardorik. Pradales lehendakariari berari eskura eman ahal izan dioten eskuorrian ere halaxe azaldu dute.

Urte luzeetan diru publikotan milioiak eta milioiak jaso dituen sektoreko langileen baldintza duinak bermatzea ezinbestekoa da sektorearen biziraupenerako. Hori dela eta, instituzioei ardura eskatzen diegu eta sektorean inbertitzen den diru publikoak Arabar Errioxako ardogintza eredua defendatzeko balio dezala exijitu. Kezkaz ikusten dugu upategi txikiak zokoratzen direla, handienen mesedetan.

Badira hilabeteak Intersindikalak upategiei proposamen bateratua helarazi ziela. Ordutik, ez dugu erantzunik izan. Jarrera hau, tamalez, ez da arraroa sektore honetako negoziazioetan. Horregatik, sindikatuak hautu argi bat egin dugu, eta sektoreko langileek behar eta merezi duten hitzarmena lortu arte mobilizatzen jarraitzeko konpromisoan berresten gara.