EAJk ez du onartu nahi izan administrazio publikorako sarbidean bi hizkuntza ofizialen eskakizuna derrigorrez eskatzea EAEko Enplegu Publikoaren Legean.
Publiko egin berri da EAJ eta EH Bilduren arteko akordioa EAEko Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko prozesuari begira. Akordio horren ondorioz, Legebiltzarraren biharko osoko bilkuran EAJren lege proposamenak aurrera egingo du, legea horren arabera aldatuko da eta EH Bilduk proposaturiko emendakinetako edukiak berehalakoan ez dira onartuko.
EAJk ez du onartu nahi izan administrazio publikorako sarbidean bi hizkuntza ofizialen eskakizuna derrigorrez eskatzea. Horregatik, LABen ikuspegitik ez da hau momentuak eskatzen duen lege aldaketa. Hori esanda, orain arteko egoeran geratzeak oldarraldia ez luke baretuko; beraz, ez zen aukera on bat. Hala ere, alderdien artean adostu den akordioak administrazioa euskalduntzeko behar diren urratsak eman eta sarbidean bi hizkuntzak maila berean jartzea bermatzen ez badu ere, aldaketa horiei aterik ez die ixten. Beraz, LABen ikuspegitik ez da hau momentuak eskatzen duen eta euskal sindikatuetatik eta euskalgintzatik eskatzen zen lege aldaketa. Enplegu Publikoaren Legeak izango duen lege moldaketak bestelako agertoki baterako babes legalak izango dituen ikuskizun dago, eta, horrelakorik ezean, administraziorako sarbidean euskara eta gaztelerari estatus bera emango dion moldaketa legalak egiteko eskatzen dugu. Horiek gerta daitezen LABek presio egiten jarraituko du, eta jarraipen zorrotza egingo dio lege-aldaketaren eta akordioan jasotako beste neurrien betetze mailari. Akordioan jasotzen den moduan, erreforma berri hori lantzeko, bi hizkuntza ofizial dituzten Katalunia eta Galiza oinarritzat hartuta betiere.
Oroitu beharra dugu lege aldaketa hau administrazioaren euskalduntzearen aurkako azken urteetako oldarraldiak eragindakoa dela; nagusiki, hizkuntza eskakizunetan zentratutakoak Orain arte indarrean egon den Enplegu Publikoaren Legeak ez dio babes legal egokirik eskaini administrazioa euskalduntzeko prozesuari eta ez ditu gerarazi eragile eta epaile euskarafobo batzuen gehiegikeriak euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen aurka.
Horregatik, herritarren gehiengoak, euskalgintzak eta euskal gehiengo sindikalak azken urteotan hamaika adierazpen eta mobilizaziorekin exijitu bezala, indarrean dagoen legea aldatzea ezinbestekoa zen, hizkuntza-eskakizunak eta euskalduntzearen bestelako neurriek duten ziurgabetasun juridikoa gainditu eta horiek legez babesteko.
Administrazio euskalduna erdiesteko, hau da, herritar orori euskaraz artatua izateko eskubidea bermatzeko eta langile publikoek euskaraz lan egin ahal izateko eskubidea bermatzeko, gaztelera eta euskara maila juridiko berdinean kokatzea ezinbestekoa da. Horrek eskatzen du lanpostu publiko guztietan bi hizkuntzen eskakizunak derrigorrezkoak izatea, salbuespenak administrazio bakoitzaren hizkuntza plangintzari lotuz eta salbuetsitako horiek ere era progresiboa euskalduntzeko bidea eginez. Benetan eraginkorra izango den lege-aldaketak ikuspegi horretatik abiatu eta neurri horiek jaso beharko lituzke.
Horrekin batera, hemendik aurrera administrazioek egingo dituzten lan-deialdi berrietan ez da inolako murrizketarik egon behar hizkuntza-eskakizunetan. Zeharo kontraesankorra eta onartezina izango da, alde batetik hizkuntza-eskakizunak babesteko lege-aldaketa egiten ari den bitartean, bestetik lan deialdi berrietan eskakizun horien murrizketak egitea, epaitegiek etorkizun batean ustez esan dezaketelako aitzakia merkea erabiliz. Azken hilabeteetan hainbat aldundi eta udaletako lan-deialditan atzerakadak gertatzen ari direla salatzen dugu eta horiekin erabat amaitzea exijitzen dugu.
EAJk prozesu honetan guztian agertu duen malgutasun eza eta bere lege-proposamena egokitzeko adierazi duen borondate eza salatu beharra ere badago. Administrazioaren euskalduntzean benetan jauzia ekarriko zuen hizkuntza-eskakizunen paradigma iraultzeari uko egin dio, herri honen gehiengo sozial eta sindikalaren eskakizunei bizkar emanez. Bere momentuan Hezkuntza Legea berritzeko prozesuan gertatu bezala, EAJk, beste behin, PSErekin duen hipotekatu erakutsi du oraingoan ere, benetan euskalduntzeak eta euskal herritarron hizkuntza-eskubideek eskatzen duten aliantza estrategiko euskaltzaleari uko eginez. Jarrera horrek neurriak hartzea denboran luzatzea eragiteaz gain, egingo den lege-aldaketa egoeraren larritasunari erantzuteko ez-nahikoa izatea ekarriko du ziurrenez.
Horregatik, hemendik aurrera lege berrituaren inplementazioari, tartean legearen arabera moldatu beharko den Euskararen erabilera normalizatzeko Dekretuaren moldaketen nolakotasunari ere, jarraipen zorrotza egiteko konpromisoa hartzen du LABek. Besteak beste, negoziazio kolektiboko markoak babestea eta lan hitzarmenetan euskararen normalizazioan eta lanpostuen hizkuntza eskakizunetan erabaki, adostasun eta akordioak egikaritzea exijituz, izan Jaurlaritzaren zein aldundien menpeko edozein lan hitzarmenetan zein tokiko erakundeen negoziazio markoetan, Udalhitzen barne.
Benetako aldaketa egokirik ezean, administrazioaren euskalduntzeak epaitegien erabaki arbitrarioen eta eragile euskarafoboen mehatxupean jarraituko du etorkizunean ere, egungo ziurgabetasun juridikoak ahalbidetuta. Horregatik, gatazka honen konponbidea administrazioaren euskalduntze-prozesuari segurtasun juridiko erreala ematetik etorriko da. Eta hori euskararen eta gazteleraren eskakizunen onarpen legalak berdintzetik etorriko da.

