2026-10-06
HomeEkintza SindikalaLABek jarraibide argiak eta zehatzak eskatzen ditu Nafarroako 0-3 zikloko tenperatura mugei...

LABek jarraibide argiak eta zehatzak eskatzen ditu Nafarroako 0-3 zikloko tenperatura mugei buruz

LAB sindikatuak Hezkuntza Departamentuari eta Osasun Publikoari eskatu die tenperatura-mugei buruzko jarraibide argi eta zehatzak ezartzea 0-3 zikloa eskaintzen duten haur-eskoletan eta hezkuntza zentroetan.

Azken egunotan izandako tenperatura altuen aurrean, LABek salatu ditu 0-3 zikloa eskaintzen duten haur-eskoletan eta hezkuntza-zentro askotan pairatzen ari diren baldintza termikoak, klima aldaketaren ondorioz maiztasun eta intentsitate handiagoz errepikatzen direnak. Zentro askotan, azaldu du, tenperaturek langileen osasuna eta ongizatea arriskuan jartzen dituzte, eta haien lan-jarduera baldintza egokietan garatzea zailtzen dute.

Halaber, sindikatuak gogorarazi du 0 eta 3 urte bitarteko haurrak bereziki zaurgarriak direla muturreko tenperaturen aurrean, eta horrek are premiazkoagoa egiten duela administrazio eskudunek neurri eraginkorrak hartzea.

Horregatik, LABek Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eta Osasun Publikoari exijitu die jarraibide argi eta zehatzak idatzi eta publiko egin ditzatela, 0-3 zikloan aurrez aurreko jarduera eten beharko litzatekeen gehieneko eta gutxieneko tenperaturak ezarriz, eta betiere zentroetan dauden pertsona guztien osasuna lehenetsiz.

Era berean, LABek Nafarroako haur-eskolen titular diren administrazio publikoei eta toki-erakundeei, baita 0-3 zikloa eskaintzen duten hezkuntza-zentroen arduradunei ere, eskatu die berehala har ditzatela ingurumen-baldintza egokiak bermatzeko beharrezko prebentzio-neurri guztiak.

LABek azpimarratu du laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudiak behartzen dituela administrazioak eta enplegatzaile diren erakundeak langileen osasuna babestera. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen du muturreko tenperaturek eragindako arriskuak prebenitzeko eta lan-baldintza seguru eta osasungarriak bermatzeko beharrezko neurriak hartzea.

Azkenik, sindikatuak berretsi du sektoreko langileen eskubideen defentsan jarraituko duela, eta administrazioei dagokien erantzukizuna beren gain har dezatela eskatzen jarraituko duela, lan- eta hezkuntza-ingurune seguruak bermatzeko, bai profesionalen osasuna bai 0-3 zikloko haurrena babestuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Pedrosa sailburuari eskatzen diogu euskara indartzeko neurriak hartzeko, baliabide berriak ezartzeko, akordioak garatzeko eta digitalizazioaz hausnartzeko

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.