2026-07-02
Blog Page 136

Pikete Feminista aktibatu dugu Bilboko Udalean zaintzaren pribatizazioa salatzeko

Gaur egindako ezohiko osoko bilkuran datorren urterako aurrekontuak onartu dira. Aurrekontu hauek zaintzaren pribatizazioa betikotzen dute; Bilboko bizilagunetaz ahaztu eta enpresei eta turistei alfonbra gorria jartzen dien hiri-eredu bat bultzatzen dute.

LAB sindikatuko dozenaka emakume militantek protesta egin dute gaur Bilboko udaletxean. Udal barruan datorren urteko aurrekontuei argi berdea ematen zitzaien bitartean, kanpoan tamaina handiko bi pankarta zintzilikatu dituzte zaintzaren pribatizazioa salatzeko.

19.080.000 euro Serveo multinazionala edo SSI Taldea bezalako enpresa handietara joango dira Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) ardura har dezaten. Azken honek, SSI Taldeak, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua (GLUZ) kudeatuko du ere, 1.247.000 euroren truke.

ELZko langileek hilabeteak daramatzate mobilizatzen azken urteetan zerbitzuak okerrera egin duela salatzeko. Serveo bezalako enpresa multinazionalak protagonismo handiarekin sartu dira sektorean, zaintza sektoreak aberasteko eskaintzen dituen aukerak ikusi eta gero. Administrazio Publikoen esku-hartzearekin -dirutza enpresa pribatuen esku ipintzen dutela, ondoren azpikontratatutako zerbitzuaren jarraipen eta kontrolik egin gabe- etekin handiak lortzen dira.

Duela gutxi mobilizazioak ere ikusi ditugu GLUZaren egoera salatzeko. Bilbon 500 pertsona baino gehiago daude arretarik gabe eta etxerik gabe, eta hilabete luzeak itxaron behar dute hitzordua izateko. Duela hilabete batzuetatik ez dira artatzen jantoki sozialetarako txartelak, ezta aterpe-eskaerak ere. Urtero jasotzen dituen milioika bisitariez harro dagoen hiri batean, ehunka bizilagun daude kalean lo egiten, oinarrizko eskubideak bermatuta izateko aukerarik gabe.

Eskua hartu beharrean, Bilboko aurrekontuek arazo horri erantzutetik oso urrun dagoen egoera bat betikotzen dute.

Eta hori guztia gertatzen da Denon Bizitzak Erdigunean-ek deitutako Greba Feminista Orokorraren lehen urteurrena ospatzeko egun bat falta denean. Milaka pertsonak, Bilboko udaletxearen aurrean, zaintza-sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatu zuten greba horretan. ELZ edo GLUZ zerbitzu publikoak dira, asetzen dituzten beharrak funtsezkoak dira eta herritar guztientzat bermatuta egon beharko lukete. Zergatik enpresa pribatuen bitartez eskaini? Zergatik ez du Bilboko Udalak baliabide propiorik zerbitzu hori modu garden eta zuzenean emateko? Paradigma aldatzearen aldeko apustua egiten dugu, zaintza-zerbitzuak publiko egitearen alde.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuko militanteek protesta bat egin dugu aurrekontu hauei ezetz esateko, gure bizitzak erdigunean jarriko dituen hiri eredu batean berresteko eta herritar guztiak animatzen ditugu bihar, azaroaren 30ean, Denon Bizitzak Erdigunean-ek deitutako mobilizazioan parte hartzera; 18:00etan Bilboko udaletxetik abiatuko dena.

LABek bat egiten du EHEk “Euskaraz bizitzeko euskararen errepublika!” lemarekin abenduaren 7an Durangon deitu duen manifestazioarekin

Euskararen normalizazio-prozesuak bizi duen geldialdia eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen aurka sektore judizial, mediatiko, sozial eta politiko batzuetatik indarrean duten oldarraldia ikusita, beharrezkoa da euskaldunon ahalduntze eta aktibazio indartsua. Hedatzen ari den olatu erreakzionario eta zentralistaren baitan kokatzen da oldarraldi hori, horregatik euskararen berreskurapena bururaino eraman eta Euskal Herrian euskaraz normaltasunez bizitzera iristeko ezinbestekoa dugu Euskal Herri independente eta euskalduna eraikitzea, ezinbestekoa dugu euskararen errepublika eraikitzea. Ondorioz, LABeko kidegoari eta oro har euskal langileei abenduaren 7an Durangora joateko deia luzatzen die.

Garbiñe Aranburu: “Mezu apurtzaileak ez ezik, eguneroko arazoei erantzungo dieten praktika eraldatzaileak asmatzea da gakoa”

Gaur amaituko da “Lana eta sindikalismoa XXI. mendean” Nazioarteko Biltzarra, Bi egunez, Leioako EHUn elkartu dira hainbat sindikalista, tartean LABeko kide esanguratsuak, sindikalismo eraldatzailearen erronka nagusi eta estrategiez eztabaidatzeko. Ekimen honen antolatzaileen artean dago Ipar Hegoa LABen ikasketa sindikalen fundazioa.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak mahai inguru batean parte hartu zuen atzo, ELA, CGT, CIG eta Intersindical-CSCko idazkari nagusiekin batera. Bertan, sindikatuon egitekoaz galdetuta, Aranburuk adierazi zuen momentua ondo irakurtzen jakitea dela. “Langileen beharrei erantzungo dien politika eta neurriak proposatzea. Langileei tresnak, antolakuntzarako eta borrokarako bideak eskaintzea”. Honetan sakonduz, gaineratu zuen “langileekin eta langileak entzunez egin behar dugu, LABen parte hartze kultura sustatu eta entzute ariketari garrantzia handia ematen diogu”.

Euskal Herrian sindikalismo borrokalariari buruzko konfiantza maila handia dagoela gaineratu zuen LABeko ordezkariak, honakoa gaineratuz: “Gure indarra, langileekin zuzenean egiten dugun lana da, hitza eta ekintza gara”.

Alternatibak plazaratzearen inguruan zehaztu zuen “mezu apurtzaileak ez ezik, egunoroko arazoei erantzungo dieten praktika eraldatzailean asmatzea da gakoa”.

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua da LABen aldarrikapen historikoetarako bat. Izan ere, aurten bete dira 30 urte honen alde gehiengo sindikalak egin zuen manifestazio historikotik. Honen inguruan, Aranburuk zehaztu zuen euskal esparruaren defentsa ez dela eslogan bat, “praktika independentista eraldatzailearekin eraiki behar dugun zerbait” baizik.

Sindikalismo antirrazista, ekosozialista eta feminista

Koordinatzaile orokorraz gain, LABeko beste kide batzuk ere hartu dute parte Biltzarrean. Txefi Roco sindikatuko Idazkaritza Antirrazistako arduradunak ekintza sindikal antirrazistaren inguruan egindako ibilbidearen berri eman zuen “Sindikalismoa enpresatik harago” izenburupean egin den mahaian.

Bestalde, Martin Lallana trantsizio ekosozialeko LABeko arduradunak sindikalismo ekosozialistarako hipotesi eta estrategiez aritu zen “Sindikalismoa, eredu ekonomikoak, desazkundea eta ekonomia soziala” izenburupean egin zen mahaian.

Azkenik, Maddi Isasi Idazkaritza Feministaren arduraduna sindikalismo feminismoari buruz aritu zen, eta, praktikatik, definitzen ari den kontzeptu horren hurbilpen bat egin zuen.

LABek 2.250 boto lortu ditu Osakidetzako hauteskunde sindikaletan, eta 45 delegaturaino handitu da bere ordezkaritza

Emaitzek korporatibismo arazo larria erakusten jarraitzen dute Osakidetzan. Ez dugu uste plantillaren zatiketa dakarten hauteskunde-joerak positiboak direnik.

Hala ere, klaseko sindikalismoak eragina handitu du, LABek hirugarren postua finkatu du eta delegatuen kopurua handitu du, eta horrek bermatzen du LABek osasun-eredu desberdinak aurrez aurre jartzen jarraitzea: batek publikoaren, kalitatezko enpleguaren eta plantilla egonkorren aldeko apustua egiten du, eta besteak Osakidetza higatu eta hustu nahi du, “lankidetza publiko-pribatua” bultzatzeko.

Koherentziaren eta ahaleginaren emaitza dira emaitzak, eta, horregatik, bereziki zoriondu nahi ditugu langileak, oro har, prozesuaren garapenagatik eta parte-hartzeagatik, eta gure afiliazioa, zalantzarik gabe, lagundu digulako hauteskunde-mahai guzti-guztietan egoten, eremu guztietan aurkezten eta LABen komunitate osoarenak diren emaitza onak ateratzen.

Emaitza horiek ematen duten bermearekin, LABek Osakidetzako langile guztiak defendatzen jarraituko du, sindikalismo borrokalaria eginez eta osasun-sistema publiko indartsu baten alde borrokatuz, plantillaren eta osasun publikoaren etorkizuna jokoan dagoen lekuetan.

Asteasuko Siemens Gamesako langileek Aldi Baterako Erregulazio Espedientea bertan negoziatzea exijitzen diote enpresari

Elkarretaratzea egin dute gaur Asteasuko lantegiaren aurrean.

Hilabete luzeak igaro dituzte ekoizten dituzte turbinen inguruko arazo teknikoak tarteko, etorkizun hurbilean zuzendaritzak beren lan baldintza eta lanpostuen aurkako neurriak hartuko zituela entzuten, enpresari behin eta berriz gardentasuna eskatuz baina erantzun argirik jaso gabe, komunikabideetan zabaltzen ziren berri ilunek sortutako ziurgabetasun eta ezinegonarekin.

Udako oporren aurretik, urte bukaerarako Aldi Baterako Erregulazio Espediente (ABEE) baten beharraz mintzatu zen zuzendaritza lehenengoz, eta azken asteak neurria martxan jartzeko intentzioa formalki komunikatu zain igaro dituzte langileek.

Iragan azaroaren 19an jaso zuten kontsulta epearen hasierako jakinarazpena eta bertan, ordura arte igaro gabeko marra gorria zeharkatu du enpresak: Asteasuko ABEEaren negoziaketa Burgos, Lerma eta Zamudioko plantekin batera izatera behartu ditu.

Modu honetan, enpresak, langileak modu justuan ordezkatuak egongo ez diren mahai batean negoziatu nahi ditu ABEEaren nondik norakoak, beren lanpostu eta lan baldintzen gainean negoziatu eta erabakitzeko duten aukera deuseztatuz. Erabakiak intentzionalitate argia baitu: bertako negoziazio esparruak ahuldu eta enpresari komenigarriagoak zaizkion indar harremanak dituzten markok bilatzea, akordio merkeagoak lortzeko.

Egoeraren aurrean, Asteasuko langileek argi eta ozen diote ez dutela enpresaren erabakia onartzen eta aurrean izango dituztela. Horregatik, erabakia atzera botatzeko exijitzen diote zuzendaritzari eta hartu asmo dituen neurriak bertako mahai batean negoziatzera eser dadila, langileen lan baldintzetan ahalik eta eragin gutxien izango duen ABEEaz hitz egiteko borondatez.

Euskal Herriaren eraikuntzan aktibo izaten jarraitzea opa diogu Gaindegiari, bere 20. urteurrenean

Arlo sozioekonomikotik Euskal Herriaren nazio garapenean lagungarri zaizkion edukiak landu eta eskaintzea. Horixe da 20 urte bete dituen Gaindegia behategi sozioekonomikoak bere buruari esleitutako helburu nagusia. 2004. urtean sortu eta bi hamarkadatan sektore zein lurraldeetako errealitatea ezagutarazteko, hala nola ekonomia zein jendarte alorrean, eta herri gisa garatzearen beharra azaleratzeko eragile aktiboa izan da LAB sindikatuarentzat.

Gaur, Donostiako Tabakaleran ekitaldia antolatu du behategiak. Urtemuga baliatu dugu garai ezberdinetan Gaindegian parte hartu edota elkarlanean arituriko LAB sindikatuko hainbat kideri 20 urteotako ibilbideaz galdetzeko.

LABeko idazkari nagusi zelarik, 2004n Gaindegiaren sorreran parte hartu zuen Rafa Diezek. Bi helburu nagusirekin ekin zioten, “batetik, edozein estatuk bezala Euskal Herriko argazki sozioekonomikoa izatea, hedatzea eta barneratzea. Eta, bestetik, adierazle ekonomiko nagusi haien inguruko hausnarketa esparruak sortzea, gure nazioaren erronka estrategikoekiko kultur analitiko-propositiboa sustatuz”.

Txomin Lorcak ere hurbiletik bizi izan zituen Gaindegiaren hastapenak: “Euskal Herriaren eraikuntza nazionalari bultzada emango zion erreferentziazko tresna sortzea zen helburua, garapen eredu propio baten aldeko proposamen zein ekimenak sustatuz”. Gaindegiaren sorrera behar objektibo batetik eratorri zela gaineratu du Lorcak “adierazle ekonomiko zein soziolaboralak behar genituen, eraiki nahi genuen nazioaren errealitatea eta espektatiba sozioekonomikoak ezagutzeko”.

Pasatu da denbora eta hamaika ekimen zein elkarlan martxan izan da geroztiz. Gaindegiak egindakoa balioan jarriz gogoeta utzi digu Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak. “Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialarekin konprometituak gaude. Euskal Estatu baten eraikuntzaren aldeko lanean murgilduak gaude eta LABentzat funtsezkoa da Gaindegiak egiten duen lana. Nabarmena da esparru soziolaboral edota esparru sozioekonomiko burujabe bat ez izateak langileen erabaki ahalmena urratzen duela; hainbat neurri, estatuetatik inposatzen zaizkigu eta ez hori bakarrik, estatu egiturak ez izateak datu sozioekonomikoak eskuratzea zaildu egiten du”.

LABek 2000an sindikatu nazional bilakatzeko jauzia egin zuen, eta Gaindegiak ere ikuspegi nazionalarekin dihardu. “Euskal Herria irudikatzen laguntzen du eta bertako errealitate sozioekonomiko anitza ezagutzera emateko bitartekoa da” dio Aranburuk. “Azterketak ez dira neutroak izaten eta nolakotasunean ere jarri nahiko nuke arreta. Langileon errealitate zehatz eta ez interesatua datuez janzten, garapen ereduak dituen indargune zein ahulguneak azaleratzen edo lurralde eta eskualde desberdinen arteko desorekak mahai gaineratzeko egiten duen ahalegina ere azpimarratzekoa da”, gaineratu du.

Ideia beretik doa Oihana Lopetegiren ondorioa ere. Haren hitzetan, “Gaindegiak Euskal Herriaren errealitatea ulertzeko tresna eskaini dio langileriari”. Errealitatea eraldatzeko, lehenik ongi ezagutzeak duen garrantzia azpimarratu du: “Langileok bultzatu nahi dugun eraldaketa gauzatzeko ezinbestekoak dira etxebizitza datuak, langabeziari zein ekonomia ehunari dagozkionak, edota pobrezia tasa, eskualdeetako datuak… euskal langileriaren esku eta erabilgarri jartzea. Gaindegiak hori guztia eman digu, Euskal Herria ulertzeko bitarteko bat, beste inork egin ez duen bezala, gainera, nazio ikuspegi osoa barnebilduz”.

Zorion Ortigosak ere ongi ezagutzen du Gaindegiaren ekarpena. “Aukera eman digu begiratzeko, ulertzeko, aztertzeko eta hausnartzeko. Uste batzuk berretsi eta beste batzuk baztertzeko, konturatzeraino zenbateraino lausotzen den Euskal Herria bi estatuen itzalpean” adierazi du. Estatu propioa aldarrikatu du, “munduko estatu guztiek bezala, gure erabaki eta bide propioak hartzea, geure egitura sozioekonomikoa bertako erronka eta beharren arabera antolatu ahal izateko”.

Eñaut Aramendirentzat, Gaindegia “Euskal Herri osoaren aldeko ezagutza, eragiletza eta saretzea sustatu duen Behategia” da bereziki. Haren hitzetan, “Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoaren aitortza instituzional politiko edota sozial eskasak, hiru lurraldeak Frantziako mapan disolbatzen ditu”. Eta horri aurre egiteko tresna eraginkorra izan da Gaindegia: “Santiago zubiaren bi aldeak nazio bakarra garela ikusarazteko tresna da”.

Aurrera begira jarrita, etorkizuneko erronkei heldu die Edurne Larrañagak. Haren esanetan, “Gaindegiaren erronkak Euskal Herriak parez pare dituen berberak direlakoan nago, izan lan merkatuaren prekarizazio prozesua, zaintza krisia, egoera zaurgarrien ugaritzea, larrialdi klimatikoa… zertan diren ezagutu behar dugu, langile guztientzat eredu hobe baterantz urratsak emateko”. Bide horretan, gogorarazi du disziplina arteko eta lurralde anitzetako Batzorde Zientifikoa martxan jarri dagoela, “adierazle galeria eguneratu eta azterketen norabidea zehazteko”.

Beste hainbeste urtez, Euskal Herriaren eraikuntzan aktibo izatea opa diogu Gaindegiari.

Zaintzen antolamendu soziala eraldatzeko borrokan berretsi gara, Greba Feminista Orokorretik urtebetera

Instituzioak eta patronalak inteperlatuko ditugu, eta negoziazio kolektibora hainbat neurri eramango ditugu, zaintza sistema publiko eta komunitarioranzko norabidean.

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak agerraldia egin du gaur Bilbon. Horrela, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok honako irakurketa hau egin dugu.

Borroka sindikal eta sozialaren bidez, zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzeko borrokan jarraitzen dugu: Euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioaren bidean epe ertaineko erronka horretarantz urratsak ematen jarraitu ahal izateko aliantzak eta konpromisoak garatzen.

Zentzu horretan, instituzioen arduragabekeria salatu nahi dugu, pribatizazioaren eta negozioaren ereduan sakontzen jarraitzeko egindako hautuagatik eta oraindik ere zaintzaren eremuan ematen diren egoera prekario eta kolapsatuen erantzule egiteko neurririk hartu ez izanagatik.

Egoera honen aurrean, instituzioak eta patronalak interpelatuko ditugu eremu sindikalean negoziazio kolektibora premiazko neurri hauek eramateko konpromisoa hartuz:

Bizitza duinen alde, lanaldi murrizketa, 30ko asteko lanaldiaren bidean, soldata jaitsierarik gabe. Progresiboa eta adierazgarria:

  • Bizitza bizigarriagoak egiteko.
  • Gizonek ardurak hartu ditzaten, erantzunkidetasunez zaintza lanak banatzeko.
  • Ez dadila instituzioek hartzen ez duten ardura, emakumeok zaintzarako denbora irabazteko neurri bat izan.
  • Trantsizio ekosozialaren bidean, lanak birbanatu.

Zaintza sistema publikoaren alde: Pribatizazioaren kontra, publifikazioa. Zerbitzu publikoen pribatizazio gehiagorik ez, publifikatu (orain arteko pribatizatutakoa publifikatu, langileak subrogatuz) eta irabazi asmoa guztiz ezabatzea.

  • Zerbitzuetan baliabideak jarri eta lurralde historikoen arteko oreka bermatzea.
  • Ekiparazioa, baldintza berdinekin: zerbitzua, langileen baldintzak…

Zaintza langileen baldintza duinen alde, lan-baldintzak hobetu:

  • Publifikaziorako bidean… Trantsizio gisa hitzarmenak hobetueta ez daudenetan berriak egin (herrialdekoak, erkidegokoak). Lan hitzarmenen prebalentzia eta eskumena.
    • Lurraldeen arteko desorekak saihestuz.
    • Zerbitzu eta lan baldintzak hobetu
  • Ratioak jaitsi: Dekretuak berritu eta hobetu. Eguneratu eta baliabide gehiago jarriz ratioak jaisteko.
    • Dekretua aldatzeko trantsizio bidean eskumenak dauden tokietan hobetzeko prozesuak ireki. Erabiltzaile zein langileen baldintzak hobetzeko.

Zaintza lanak banatzeko, erantzunkidetasunez: egungo egoeraz zapaltzailea betikotuko ez duten kontziliazioa, lizentzia eta baimenak… eraginkorrak guztiontzat.

  • Gizonek ez zaintzearen pribilejioari uko egin diezaioten eta zaintza lanetan ardura har dezaten baimenak hobetzea. Maskulinizatutako sektoreetan korrespontsabilitate bidean baimenetarako pizgarriak diren estrategiak landu.
  • Sektore feminizatuetako lanaldi murrizketetan: ordezkapenak bermatu eta kotizazioan penalizaziorik ez.
  • Familia nuklearretik at, zaintzeko baimenak zabaldu eta handitu: binkulogramak.

Eta zaintza duin bat eta pertsonak modu integral batean ondo zainduak garela bermatzeko, zerbitzu publikoak indartzea ezinbestekoa da. Gizarte zerbitzu, etxebizitza eta osasun sistema publiko, unibertsal eta eraginkorra lortzeko inbertsio handiagoak behar dira. Eta zaintza lanen egoera irauli nahi badugu zalantzarik gabe konzienziazioa eta heziketa dira tresnarik eraginkorrenak, eta horretarako hezkuntza sistemaz baliatu behar gara. Eremu horretan honako aldarrikapenak ditugu:

  • Berdintasun planak adostu, eguneratu eta garatu
  • Curriculumean Zaintza txertatu
  • Beharrezkoak diren baliabideak behar ditugu ikastetxe guztietan hezkidetzarako plan egonkor eta kalitatezkoak egoteko

Amaitzeko, Azaroaren 30ean Euskal Herriko hiriburu, eskualde eta herri ezberdinetan egingo diren mobilizazioetan parte-hartzeko deia egiten dugu: Bilboko zaintzen herrian, Gasteizeko kalejiran, Iruñeako topaketetan, Donostiko elkarretaratzean zein Arabako eta Gipuzkoako gainontzeko eskualdeetan egingo diren mobilizazioetan ere.

Urtebete igaro da, Greba Feminista Orokorra izan zen une historiko hartatik, baina borrokan jarraitzen dugu. Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokan ekarpen sindikala egiten jarraitzeko konpromezua da gaur hartzen duguna. Bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko eta komunitario baterantz goaz, horretarako enpleguaren eremuan ere urratsak emateko tentsionamendua eta agenda markatzea da gure hautua.

60 zuzenketa erregistratu ditugu Nafarroako Industria Legea hobetzeko, kalitatezko enpleguaren, langileen eskubideen eta etorkizun iraunkor baten ikuspuntutik

LAB sindikatuak ez du etsiko. Gobernuak Nafarroako etorkizuneko Industria Legearen aurreproiektua aurkeztu zuelarik, LABek bere dezepzioa agertu zuen foru exekutiboak erakutsi zuen anbizio eskasagatik eta sindikatu honen ekarpenei egin zien ez ikusiagatik. LABen iritziz, aurreproiektuan, legea Industriarena izatetik Enpresa Sustapenarena izatera pasatu zen. Hala ere, sindikatu honek ez du amore eman nahi eta legeari 60 zuzenketa aurkeztu dizkio ikuspegi enpresarial huts hori zuzentzeko.

LABek uste du lege aurreproiektuak bizkarra ematen diela Nafarroako Industriako langileei. Baina Nafarroako Gobernua oraindik garaiz dago norabidea aldatzeko. Hauek dira LABek eginiko zuzenketen ildo nagusiak:

  • Legearen helburuen artean sartzea Industriaren deskarbonizazioa planifikatzea eta erabakiak hartzeko garaian langileen legezko ordezkaritza aintzat hartzea.
  • Nafarroako Industrian heldu diren urteetan izanen diren eraldaketen eragin soziolaboralari buruzko diagnostikoak eta azterketak egitea, eta birmoldaketa, birkualifikazioa eta enpleguaren banaketa ziurtatuko duten proposamenak lantzea.
  • Lanaldia astean 30 ordura murriztea, soldata murriztu gabe, enplegua banatzeko eta karbono-emisiorik gabeko Industria bihurtzeko eragin soziolaborala leuntzeko; baita ordaindu gabeko zaintza-lanak banatzen laguntzeko ere.
  • Karbono-emisiorik gabeko Industria baterako trantsizioaren ondorio soziolaboralak lantzeko konpromisoa jasotzea, etorkizuneko Bidezko Trantsizioko Estrategiarekin koordinatuta.
  • Industriaren errotzea indartzea, deslokalizazioaren aurkako foru legean sakonduz eta hura garatuz.
  • Sodenaren eginkizunak eta aurrekontu publikoa handitzea, titulartasun publikoko industria-proiektuak garatzeko gaitasuna izan dezan eta krisian dauden industria-enpresen erosketa publikoa gauzatzeko behar diren laguntza-mekanismoak eta finantzaketa gaitu daitezen.
  • Enpleguaren prekarizazioaren aurkako neurriak hartzea: lehen enpleguko beken gehiegizko erabilera eragoztea, hitzarmen autonomikoak sustatzea, kategoria profesionalen parekatzea sustatzea, legezko kontrataziorako benetako konpromisoa hartzea migratzaileen erregulazioa errazteko.
  • Berrindustrializazio-mahaiak nahitaez ezarri behar dira jarduera ixtea edo murriztea aurreikusten duten enpresendako, edozein lan-prozedura egin aurretik langileen legezko ordezkariekin batera lan egiteko.
  • Enpresentzako Leihatila Bakarra kentzea.
  • Foru intereseko inbertsiotzat edo proiektutzat ez hartzea enpleguan murrizketa garbia egitea edo langileen lan baldintzak okertzea dakarten ekimenak.
  • 100 langile baino gehiago dituzten enpresetako langileen legezko ordezkariek negoziazio kolektiboan negoziatu duten deskarbonizazio industrialerako plan baten nahitaezkotasuna ezartzea.

EAEko langile publikoen mahai orokorrak antzua izaten eta inposizioaren bidean jarraitzen du

Gaur EAEko langile publikoen mahai orokorraren bilera izan da, eta Jaurlaritza berriak lehengo lepotik du burua, gurpil zoroan mantentzen gaitu langile publikoak. Negoziazio kolektiboa fondoan eta forman ukatzen jarraitzen du eta Madrilen ezarritako soldata mugak txintik esan gabe onartu.

Negoziazio kolektiboari uko egiten dio, gehiengoen adostasunari uko egiten diolako; soldaten negoziazioari ere uko egiten dio, gaia itxitzat emanez, eta aurrekontuen proiektua onartu aurretik egin beharreko bilerarik ere ez da egin. Gainontzeko gaiak ere gaur bertan sinatu nahi izan ditu, negoziatu gabe. Hitza baino, ekintzak baloratzen ditu LABek.

Ohiko legearen errespetua delakoa aitzaki hartuta, aurten ere Madrilek inposatuko duen soldata muga zainduko duela aurreratu du Jaurlaritzak. LABen iritziz, Madrilek birjartze tasan zein soldata igoeran ezartzen dituen tasak, inposizioak ez ezik, onargarriak ere ez dira ikuspegi legal batetik. Kontua da aurrekontu orokorretan halako mugak soilik salbuespen egoeretan ezar daitezkeela, eta 2008ko krisialdiaz geroztik hartu dela ohitura, aurretik ez baitzegoen halako mugarik. Eusko Jaurlaritzak beste gai batzuekin (etxebizitza, zergak…) autogobernuaren eta eskumenen defentsan Madrili aurre egiten dion bezala, langile publikoen lan baldintzen alde ere egin dezan eskatzen diogu. Ez dugu morrontza hau ulertzen.

Erretiro txanda kontratuaren gaia, esan bezala, itxita ekarri du, eta urteroko proposamen bera ekarri du mahaira. Ez da halakorik beste inon ikusten: lan hitzarmen bat sinatu eta gero, gai bat urtero berritzera ekarri nahi izatea. Eragin eremua lan-legepeko langile finkoei mugatuta, ez die beste kolektibo guztiei, funtzionarioei eta behin-behineko langileei ireki nahi. Oraingoz sindikatu bakar batek ere onartu ez duenez, urtero bezala, gaia itxi gabe gelditu da.

LAB sindikatuari argi gelditu zaio legegintzaldi hau ere alferrik igaroko dela Jaurlaritzaren borondatearen esku utziz gero. Bilera antzuen egutegi bat zehaztuko da, baina aurrerapenik ez da egingo, langileok mobilizatzen ez bagara. Iaz gehiengo sindikalak adostutako aldarrikapen zerrendak erantzunik jaso gabe jarraitzen du, eta LABek horien alde borrokan jarraituko du, eta laster mobilizazioak deituko ditu.