2026-04-13
Blog Page 13

LABek Hezkuntza Sailari eskatzen dio Euskara Zerbitzuaren berrantolaketaren etorkizuna langileokin adosteko eta aldabakartasunarekin bukatzeko

Azken aste eta hilabeteetan bolo-bolo dabil IRALE programa irakasle, guraso eta hezkuntza komunitatea osatzen dutenen artean. Izan ere, zurrumurru asko eta informazio gutxi, edo batere ez, jaso dugu azken 40 urteotan ehunka irakasle euskaldundu eta euskal kulturan murgildu dituen programaren etorkizunaren inguruan.

Azken urteetan irakasleria euskaldundu eta alfabetatzeko IRALEk, beste proiektu batzuekin batera, egindako lanari esker irauli egin da 80 eta 90. hamarkadetako egoera. Egun, ordea, gizartean bezala, euskararen erabilera, kalitatea, belaunaldi berrien euskalduntzea edota euskal kulturaren transmisioa egoera zailean aurkitzen dira. Testuinguru horretan, aurrera urrats ausart eta sendoak emateko abagunean gaude, eta horretarako behar-beharrezkoa da irakasleen prestakuntzarako baliabideak gehitzea; euskalduntzean eta euskal kulturaren transmisioan aurrera urratsak eman ditzagun.

Datorren ikasturteari begira, Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutua sortuko da; dakigun bakarra da 17/2023 EAEko Hezkuntza Legeak zehazten duena: bere eginkizun nagusia hizkuntza-metodologiak lantzea eta irakasleak prestatzea izango dela, eta horretarako, Institutuak bere gain hartuko dituela hezkuntzaren arloko eskumena duen saileko Euskara Zerbitzuak sortu zenetik bete izan dituen eginkizunak. Legeak dioenaz harago, besterik ez dakigu. LABen ulertzen dugu institutu horrek IRALE programak bere gain hartzen dituen helburuak hartu beharko dituela, behar eta garai berrietara egokituta eta hobetuta, aurretik aipatutako egoerak eskatzen duen neurrian.

Zentzu horretan, dena delako egituraren bidez, irakasleen murgiltze-ikastaroak eta euskal kultura lantzekoak mantendu eta indartu egin behar direla adierazi nahi du LABek, ez ikastetxe jakin batzuetara mugatuta. Izan ere, belaunaldi berrien euskalduntzean aurrerapausuak eman nahi baditugu, behar-beharrezkoak izango dira murgiltze-ikastaroak, beste jarduera batzuekin batera; hala nola, kultur transmisioko curriculuma ikasmaterialetara egokitzea. Era berean, ikastaro horien eraginkortasuna areagotzeko prestakuntza, planifikazioa eta ebaluazioa hobetu behar direla uste dugu. 

Aurrekoari lotuta, murgiltze-ikastaroen eta euskal kultura lantzekoen ondorioz, egiturazko ehunka lanpostu hornitzen dira ikasturtero, eta sistemari irakasle horiek egiten dioten ekarpena azpimarratu nahi dugu.

Aipaturiko prestakuntzaz gain, era orokortuan euskararen irakaskuntzaren ebaluazio egokirako egiturazko neurri eta baliabideak sortu behar direla adierazten du LABek. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean ikasle guztiek euskaran B2 maila eskuratu dezaten jarraipen egoki eta planifikatua egiteko.

Bestalde, LABek salatu nahi du Hezkuntza Saila gai hori gardentasunik gabe, aldebakarrez eta informaziorik gabe kudeatzen ari dela bai langileen ordezkari garen sindikatuekiko, bai IRALEko langileekiko, baita irakasleekiko ere. Are gehiago, urtarrilaren 15ean izan zen mahai negoziatzailean IRALEri buruz galdetuta, Sailak mantendu egingo zela adierazi zuen, nahiz eta Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuarekin lotuta izan honen jarraipena. Hori dela eta, IRALE eta Institutuaren inguruan azalpenak emateko azken horren zuzendariak otsailaren 26ko mahai negoziatzailean informazioa helaraziko zigula adierazi zuen Hezkuntza Sailak; bada, aurreko astean Sailak sindikatuoi jakinarazi zigun zuzendaria ez dela mahai negoziatzailera azalduko. Jokabide horrek agerian uzten du Sailak duen aldebakarreko jokamoldea eta planifikazio eza. Seriotasun falta nabarmena adierazten du honek.

Egoera honen aurrean, Hezkuntza Sailari Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuaren baitan IRALEk izango duen berrantolaketa sindikatuokin negoziatu eta adostea eskatzen dio LABek, baita horien inguruan, otsailaren 26ko mahai negoziatzailean LABek helarazitako galderei erantzuna ematea ere. 

Lan-baldintza duinen defentsan, EAEko jangelen lehen greba egunean, jarraipen jendetsua

Gaur, EAEko eskola publikoetako kudeaketa zuzeneko jangeletako langileek mobilizazio jendetsua egin dute euren lan eskubideen alde. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek grebaren jarraipen handia nabarmendu dute, erakutsitako batasuna, antolaketa eta indar kolektiboa azpimarratuz, gutxieneko zerbitzu neurrigabeak eta gehiegizkoak izan arren.

Lan baldintza duinak eta hezkuntza komunitatearen funtsezko zati gisa aitortzea aldarrikatzen dute, haien lana ez baita soilik janaria zerbitzatzea, baizik eta baita ikasleak heztea, laguntzea eta zaintzea ere. Enpresen presioak salatu dituzte, mobilizazioa geldiarazteko, baina ez dutela zatitzea lortu adierazi dute.

Hauek dira bere eskaera nagusiak:

  • Hitzarmena betetzea eta soldata-igoeren ordainketa osoa, Eusko Jaurlaritzako langileekin parekatuz.
  • Benetako negoziazio bat, eduki zehatzekin.
  • Hezkuntza Sailarekin elkarrizketarako prozesu bat irekitzea, jangelen araudia aldatzeko, ratioak, funtzioak eta jardunaldiak landuz.

Patronalak soldata igoera %0,5era mugatu nahi izatea salatu dute, eta adostutako soldata parekatzea urratzen duen edozein interpretazio baztertu dute. Sektorearen prekarietatea ere salatu dute: lanaldi partzialak, kontratu prekarioak eta beren hezkuntza arduren aitortza falta.

Hezkuntza-komunitate osoari eta kalitatezko jangela publikoa defendatzeko deia egin diote, lan-prekarizazioak ikasleek jasotzen duten zerbitzuari zuzenean eragiten diola adieraziz.

Mobilizazioek aurrera jarraituko dutela iragarri dute, benetako erantzunik eta negoziaziorik ez badago, eta borroka hori aldarrikapen ekonomiko gisa ez ezik, duintasun, aitortza eta errespetu kontu gisa ere hartzen dute.

Atzera ez egiteko eta lan baldintza duinen defentsan antolatuta jarraitzeko determinazioa berretsiz amaitu dute.

Bihar, otsailak 25, mobilizazioekin jarraituko dute Eusko Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen lurralde ordezkaritzetan. 

LABek Algeposako 16 langileren kaleratzea salatu du, Papresak kontratua eten ostean, eta mobilizazioak iragarri ditu

LAB sindikatutik, Papresan (Errenteria) lan egiten duen Algeposako langileen ordezkari garen aldetik, jakinarazi nahi dugu Papresak Algeposarekin zuen kontratua bertan behera utzi izanak sortu duen egoera larria.

Joan den otsailaren 18an, Papresak Algeposari jakinarazi zion indarrean zuten kontratua bertan behera geratu zela. Hurrengo egunean, otsailaren 19an, Papresako instalazioetan azken lan eguna izango zutela jakinarazi zitzaien langileei. Erabakia bat-batean hartu zen, langileak erabateko ziurgabetasun egoeran utziz.

Erabaki horren ondorio zuzen gisa, Algeposak jakinarazi du Papresan lan egiten zuen plantilla osoari eragiten dion Enplegu Erregulazio Espediente (EEE) bat aplikatu duela, 16 langileen kaleratzea emanez.

LABetik salatzen dugu egoera hau ez dela gertaera isolatu bat, baizik eta Papresak bizi duen egoera larriaren eta bere zuzendaritzak egiten ari den kudeaketaren lehen ondorio zuzena. Kudeaketa oso kaxkarra dela deritzogu eta enpleguan eta langileen bizi baldintzetan eragin zuzena izaten ari da, azpikontratazioek industria sarean sortzen duten prekarietate eta ezegonkortasunaren isla ere badena.

Ez dugu onartzen langileek enpresa-erabakien eta kudeaketa txarraren ondorioak ordaintzea. Erantzukizunak eskatzen dizkiogu Papresari eta Algeposari, bi enpresak baitira 16 langileei sortzen ari zaizkien egoeraren erantzule.

Egoera horren aurrean, langileek mobilizazioekin hastea erabaki dute, euren lanpostuen defentsan eta gertatutakoa publikoki salatzeko.

Lehenengo mobilizazioa datorren otsailaren 23an izango da, eta ez dugu baztertzen ekintzak areagotzea enplegua bermatuko duten benetako irtenbideak eskaintzen ez badira.

LABetik lan eskubideen defentsarekin dugun konpromisoa berresten dugu, eta ohartarazi nahi dugu ez dugula onartuko plantillak gatazka enpresarialetan trukerako txanpon gisa erabiltzea. 

Ipar Euskal Herriarentzat egiturazko tresnak ezartzeko prest diren galdetu die LABek herriko bozetara aurkeztu dien hautagaiei

LABek agerraldia egin du gaur Baionan, herriko bozetarako kanpaina betean. Hautagaiak interpelatu ditu, LABentzat, sindikatu abertzalea den neurrian, funtsezkoa baita galdetzea ea Ipar Euskal Herriarentzat egiturazko tresnak ezartzeko prest diren.

LABeko kideek adierazi dute hautagaitza askok lurraldeko biztanleen baldintzak hobetzea eta autonomia edo eskumen gehiago aldarrikatzen dituztela, baina galdera bikoitza egin dute: “gauza bera gertatzen al da lurraldeko langileen kudeaketari dagokionez? Prest al dira gure lurraldeari burujabetza handiagoa emango lioketen eta, aldi berean, sektore publikoko langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetuko lituzketen tresna zehatzak martxan jartzeko?”

2020an egin zuen bezala (orduko hauteskundeetan galdetegi bat bidali zien LABek aurkeztutako zerrenda guztiei), orain, sei urte beranduago, berriz ere interpelatu ditu, hiru tresna zehatz martxan jartzeko engaiamendua hartuko duten galdetuz.

Lehenik eta behin, Behatoki sozioekonomikoa. LABetik gogora ekarri dute 2017an Elkargoa sortu zenetik posiblea dela egitura hau sortzea eta honen lehendakaritzari hau sortzea eskatu ziola. Lehendarkariak, ordea, behatokia eremu ekonomikora mugatzea erabaki zuen. “Akatsa” izan zela adierazi du LABek eta gaineratu du nabarmenak direla honekin lotutako “hutsuneak”. “Gure lurraldean datu sozialak falta zaizkigu, eta horrek ez du uzten politikak biztanleen benetako beharretara egokitzea, nahiz eta jada badiren maila horretan lanean ari diren egiturak”, zehaztu dute sindikatuko ordezkariek.

Bigarrenik, Euskal Herriko Kudeaketa Zentroa. LABetik gogora ekarri dute, gaur egun, Centre de Gestion 64 Paueko egoitzatik eta departamendu mailan kudeatzen dela. Erakunde honek lurraldeko funtzionarioen hautaketa eta karrera-kudeaketari lotutako

eginkizunak betetzen ditu. Sindikatuko kideen iritziz, “urrunegi dago Euskal Herritik, eta zaila da bertan indar-harreman bat eraikitzea”. “Ipar Euskal Herriaren mailara hurbildu behar da”, aldarrikatu dute.

Euskal Herriko Lurraldeko Gizarte Batzorde Interkomunala. Gaur egun, 50 langile baino gutxiago dituzten Herriko etxeetako langileen karrera indibidualak eta negoziazio kolektiboak Paueko CDG64tik kudeatzen dira. LABen ustez, “beharrezkoa da Ipar Euskal Herria mailan egiturak sortzea”.

LABen iritziz, ikuspegi instituzionaletik, urrats bat egin zen Elkargoaren sorrerarekin. Hala ere, “ikuspegi sozialetik ez dugu aurrerapausorik eman: dena Pauean kudeatzen da oraindik, eta halako egituren bidez soilik hornituko dugu gure lurraldea burujabetza sozial handiagoz” gaineratu dute sindikatutik.

Sindikatutik adierazi dute, hautagaiek, LABek defendatzen dituen tresnetako bat edo gehiago martxan jartzeko konpromisoa har dezakete. Horretarako, hautagaiek online erantzun dezakete edo dokumentua deskargatu eta sindikatuko kideei itzuli.

Erantzunak publiko egingo ditu LABek lehen itzulia baino lehen, boto-orientaziorik eman gabe.

Gaineratu dute LABentzat “garrantzitsua” dela “hautagaiak jabetzea lurraldeko agenteen enplegatzaile izateko lehian ere badaudela”. Era berean, gogorarazi nahi izan dute Funtzio Publikoko hauteskunde profesionalak urte bukaean eginen direla, eta LABek berriro ere zerrendak aurkeztuko dituela. “Kalitatezko eta guztiontzat eskuragarri diren zerbitzu publikoen alde borrokatzeaz gain, agenteek lan baldintza egokietan eta bizitza duin baterako moduan jardun dezaten ere borrokatzen gira”, gaineratu dute.

Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalari buruzko gogoetak indarra hartzen ari dira herriko bozen kanpainaren testuinguruan. “Haren garapen eta aitortza sozialak ere eztabaida honen erdigunean egon behar dute”, adierazi dute LABetik.

LABeko ordezkariek gogoratu dute, langile sindikatu gisa, herriko etxeetan eta Euskal Hirigune Elkargoan ere antolatua dagoela. Honela, hautagaiei oroitarazi die, hautatuak badira, Lurraldeko Funtzio Publikoko langileen enplegatzaile ere izanen direla.

Hemen erabaki” dokumentua aurkezteko erronda

2024ko irailean, “Hemen erabaki” dokumentuaren bertsio eguneratua aurkeztu zuen LABek, eta ordutik hona, Ipar Euskal Herriko hainbat eragileri aurkeztu die, sindikatuak, arlo politiko, ekonomiko eta sozialekoak eta erakunde patronalak.

Bilera errondaren balorazio “positiboa” egin du LABek. “Hamar urteren buruan, lurraldetzearen eta negoziazio kolektiboaren ideiak bidea egin du”, nabarmendu dute sindikatutik, gero eta babes zabalagoa duela azpimarratuz, “langileen bizitza hobetzeko bide zehatza delako”. “Frantziako zentralismoaren eta indar-harremana eraikitzea zailtzen duten erreforma antisozialen aitzinean, beharrezkoa da gure lurraldeari ekiteko ahalmena ematea”, gaineratu dute LABeko ordezkariek.

LABek EAEko sukaldaritza kolektiboko lehen hitzarmena sinatu du

Akordioak amaiera ematen dio sektorearen estatalizazioari eta nabarmen hobetzen ditu milaka langileren lan baldintzak.

Hainbat urteko borroka, mobilizazio eta antolakuntza sindikalaren ondoren, LAB sindikatuak EAEko sukaldari kolektiborako lehen hitzarmena siantu du gaur, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektoreko langileei eragiten dien akordio historikoa.

Joan den 2025eko irailaren 04an, sektoreko enpresa nagusien aurrean egin genituen mobilizazioen ondorioz, negoziazio-mahaia eratzea lortu zen, eta, lehen aldiz, negoziazio-eremu propioa ireki zen orain arte estatu-esparruen inposizioak eta lan-prekarietateak markatutako sektore batentzat. Hitzarmen hau sinatzeak paradigma aldaketa dakar, sektoreko lan baldintzak Euskal Herrian erabakitzera pasako baitira. Hemen lan egin, hemen erabaki.

Hitzarmena 2025etik 2032ra egongo da indarrean, eta lan-hobekuntza nabarmenak izango ditu; besteak beste, hauek: 

• Lanaldia: 1.592 ordu urtean hitzarmenaren indarraldia amaitzean. 

• Soldata-igoerak: % 20 eta % 24 artean indarraldi osoan. 

• Antzinatasuna: % 3,5eko hirurteko mugagabeak. 

• Gaueko lanaren, igandeen eta jaiegunen osagarriak. 

• Aldi baterako ezintasuna (ABE): %75 bajako lehen egunetik 

• Berdintasun-plana, jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko protokoloak…

Lan-eskubideei eta egonkortasunari dagokienez, hitzarmenak beste aurrerapen garrantzitsu batzuk ere jasotzen ditu. Izan ere, sektore hori oso feminizatuta dago, eta funtsezkoa da sukaldaritza kolektiboan; hain zuzen ere, jangela eta enpresa-jantokietan, ospitaleetan, zahar egoitzetan, sukalde zentraletan, eskola-garraioan eta beste zerbitzu publiko eta pribatu batzuetan dago.

LABek azpimarratu du akordio hau sektoreko langileen mobilizazioaren emaitza zuzena dela, eskubideak lortu eta lan baldintzak hobetzeko antolakuntza kolektiboa ezinbestekoa dela erakutsiz.

Datozen egunetan, LAB sindikatuak lantokietan emango du akordioaren edukiaren berri zehatz-mehatz.

LABek sukaldaritza kolektiboko langile guztiak zoriondu nahi ditu lorpen historiko kolektibo honengatik, hori gabe lehen hitzarmen hau ez baitzen posible izango.

Borrokak merezi du! 

LAB, TEKNIKARIOK, ESK, UGT eta CCOO sindikatuek, EAEko ikuskizunen eta ekitaldien lehen Hitzarmen Kolektiboaren negoziazio-mahaiko kide guztiek, negoziazioak bizi duen blokeoa salatu dute

Bi urte igaro dira 2024ko urtarrilean EAEko ikuskizun eta ekitaldien hitzarmena negoziatzeko lehen mahaia eratu zenetik. Eguneroko oinarrizko eskubideen urraketa eta prekaritateak markatutako sektorea da hau eta langileok horren aurka egin nahi izan dute.

Enpresa askok sektorearen antolamendu eta ekoizpen-berezitasunak baliatu izan dituzte, praktikan, Langileen Estatutuan jada jasota dauden gutxieneko eskubideetako batzuk ere egunerokora irits ez daitezen. Lanbide gehienetan segurutzat jotzen diren oinarrizko eskubideak zapaldu egiten dira ikuskizun eta ekitaldien sektorean, jardueraren aldizkakotasuna aitzakia hartuta.

Mahai negoziatzailea eratu zenetik, sindikatuek konpromiso sendoa erakutsi dute sektorea erregulatzeko eta neurriz kanpoko praktikekin amaitzeko. Are, enpresek bizi duten antolaketa-errealitate konplexua ulertuta, baita, etengabeko elkarrizketa sustatzeko ere.

Hala ere, badirudi patronala (sektoreko enpresa gehienak biltzen dituen EUKI Elkarteak ordezkatuta) gehiago dagoela praxi txarrak eta gaur arte jasandako eskubide-urraketak idatziz finkatzeko saiakeran, akordioak lortzeko benetako saiakeran baino.

Besteak beste, EUKIk langileei bizitza pertsonala eta familiarra bateragarri egiteko eskubidea ukatu nahi die praktikan. Izan ere, ordutegiak, egutegiak eta lan-txandak guztiz onartezina den aurrerapenarekin eman nahi ditu.

Enpresek haien jarduera erosotasunez eta malgutasun osoz kudeatu nahi dute eta, horretarako, langileei beren bizitza (eta ingurukoena) antolatzeko aukera ukatu nahi diete. Alegia, etengabeko prestasun egoeran egotera behartu nahi dituzte. Gainera, hori guztia inolako konpentsaziorik eman gabe egin nahi dute, eta haien azken eskaintza egin dutela ziurtatu diete nahiz eta bertan proposatutakoa Langileen Estatutuak ezartzen dituen gutxienekoen azpitik egon.

Jarrera immobilista eta zuzenbidearen aurkako horren aurrean, gaur gaurkoz ez dago negoziazioei berriro heltzeko benetako baldintzarik. Bitartean, neurriz gaindiko jarrerek eta lege-urraketek presente jarraitzen dute. Sindikatuek hitzarmen bidez patronalaren jarrera zuritu eta berresteari uko egiten diotenez, EUKIk negoziazioak blokeatu besterik ez ditu egiten.

Horregatik, mahai negoziatzailea eratu zenetik bi urte igaro direnean, alde sozialak mobilizazio faseari ekingo diola iragarri du. Laster grebak, lanuzteak eta bestelako ekintzak iragarriko dituzte beren eskubideen defentsan eta Hitzarmen Kolektibo duin baten alde; ez patronalaren gehiegikerientzako txeke zuri baten alde.

Kanpaina hau gaur bertan hasiko dute, sektoreko hainbat enpresaren aurka Lan Ikuskaritzan salaketak erregistratuko baitituzte. Izan ere, negoziazioaren blokeoa baliatzen jarraitzen dute oinarrizko lan-araudia etengabe urratzeko.

Patronalak bere jarrera berriz ere aldatzen badu, sindikatuek adierazi dute oraindik garaiz daudela egoera bideratzeko. Alabaina, gaur argi eta garbi esan nahi dute: Hitzarmen duin baten alde, ilegalitate bakar bat ere ez erantzunik gabe!

LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxaldek Nafarroak gutxieneko soldata propioa izateko benetako aukera defendatu eta posible egiteko deia egin dute

EH Bilduk eta Geroa Baik Nafarroak bere Lanbide arteko Gutxieneko Soldata finkatzeko eskumenak izateko Lege Proposamena Parlamentuan erregistratu zuten. Ekimen horren aurrean, Nafarroako Gobernuak inongo zorroztasunik gabeko txosten bat egin du, nafar langileen beharrak eta errealitateak aintzat hartzen ez dituena, lege proposamenaren tramitazioarekin ados ez dagoela adieraziz. Hala ere, ekimena sustatu duten sindikatuek oztopoen aurrean benetako aukera dagoela nabarmendu dute, eta hori defendatzera eta posible egitera deitu dute, martxoaren 17ko Greba Orokorraren deialdiarekin bat eginez, Parlamentuak legea onar dezan lortzeko.

Lege Proposamenak Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatu nahi du, Autonomia Erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezarri ahal izateko. Langileen Estatutuaren aldaketa hori lortzeko, lehen urratsa da Nafarroako Parlamentuak foru-lege bat onartzea Estatuko Gobernuari eskatzeko Madrilgo Kongresuan estatu-lege bat susta dezala, Espainiako Konstituzioaren 87.2 artikuluak jasotzen duen bezala.

Ondorioz, EH Bildu eta Geroa Bairen lege-proposamenean jasotzen denak legezkotasuna du, Parlamentuko zerbitzu juridikoek 2025eko urtarrileko txostenean egiaztatu zutenez. Gainera, LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxaldek proposatutako formularen arabera, autonomia-erkidegoek bakarrik erabili ahal izango dute mekanismo hori Estatukoa baino gutxieneko soldata handiagoa ezartzeko, eta Estatuak eskumen esklusiboa mantenduko du gai horretan.

Onartezina eta ulertezina da, Nafarroako gizarte osoaren ikuspegitik, Gobernuak eta Lehendakariak, plazaratutako txostenaren bidez, duten jarrera beligerantea lan-merkatuko kolektibo ahulenentzako (pertsona migratuak, gazteak, kolektibo feminizatuak…) aldarrikapen eta ekimen justuen aurrean. Proposamenak soldatak hobetzen ditu eta gure lurraldeko aberastasunaren banaketa bidezkoagoa bultzatzen du, Nafarroako bizi-kostuarekin koherentea da eta autogobernuan oinarritzen da. Herritarrek zabal eta zorrotz babesten dute eta Nafarroako erakunde guztiek defendatu beharko lukete ere.

Beste era batera esanda, Nafarroako Gobernuak eta bere kontseilariek, baita PSN eta Zurekin alderdiek ere, ondo baino hobeto dakite ekimen honek ez duela inola ere zalantzan jartzen pertsona guztien duintasuna bermatuko duen gutxieneko soldata finkatzeko Estatuak duen eskumen esklusiboa. Gainera, Estatuko gainerako lurraldeak kontuan hartzen dituen arrazoizko proposamena da, ezin izango bailitzateke erabili beste eskualde batzuetako langileei kalte egiteko. Hala ere, betikoen alde (CEN, UGT eta CCOO) eta Nafarroako herritarren interesen kontra, modu alderdikoi eta korporatiboan jokatzea erabaki dute, gehiegizko zentralismo espainiarra defendatuz, nafar izate hutsagatik kalte egiten diguna.

LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxaldek eskatuta, EH Bilduk eta Geroa Baik Parlamentuan erregistratutako lege-proposamenak aukera errealak ditu onartua izateko eta Nafarroak bere testuinguru ekonomiko eta sozialera egokitutako gutxieneko soldata baten inplementaziorantz aurrera egiteko. Eta hori horrela da, adostasunerako beharrezkoak diren oinarrizko elementuekin osatzen den planteamendua jasotzen duelako.

Hori lortzeko, funtsezkoa da borondate politikoa, eta UPN, PSN eta Contigo-Zurekin alderdi politikoak deitzen dituzte sindikatuek hura haien gain hartzera. Herritarren babes aktiboa nahitaezkoa da ere, batez ere langileena, funtsezkoak baitira ekimen hau defendatzeko. LGS propioa onartzeko aukera mahai gainean egotea 2025ean zehar mobilizatu diren eta martxoaren 17ko Greba Orokorraren inguruan aktibatzen eta antolatzen ari diren langileei esker da, eta haien garaipena. Jarraitu beharreko lana.

Mobilizazio antifaxista egin dugu Gasteizen, Euskal Herria ekosozialista, antirrazista, feminista eta euskalduna aldarrikatzeko

Eraso eta probokazioen aurrean, Euskal Herria eraldatzeko eta askatzeko borroka erdigunean jartzeko deia egiten dio LABek antifaxista orori. EHUko errektoretzak adierazitako borondatea aintzatetsi nahi du LABek, eta Jaurlaritzaren irmotasun falta deitoratzen du.

LAB sindikatua Steilas eta ELArekin batera mobilizatu da gaur Gasteizen, eskuin muturrak bultzatu nahi dituen diskurtso espainolista, supremazista, klasista, xenofobo, matxista eta euskarafoboei aurre egiteko. Antifaxistak garen langileok Euskal Herrian horrelakorik onartuko ez dugula esateko mobilizatu da LAB, eta Euskal Herri ekosozialista, antirrazista, feminista eta euskalduna eraikitzeko beharra aldarrikatzeko.

Izan ere, espainiar faxismoarentzat hain seinalatua den egunean, otsailaren 23an, Vox alderdi ultraeskuindarrak ekitaldi bat antolatu du EHUko Gasteizko campusean. LABek argi du hain egun seinalatuan ekitaldi horren kokagune gisa Euskal Herriko hiriburu bateko unibertsitate publiko bateko campus bat aukeratzeak zer helburu duen: istiluak eragin, polarizazioa elikatu eta bere zalegoari bazka eman.

Bilatu nahi duten agertokia ekiditeko EHUko errektoretzak adierazitako borondatea aintzatetsi nahi du LABek, erabaki zaila hartu baitu unibertsitate publikoko hezkuntza komunitatea babesteko eta Voxen ekitaldiaren helburuei bide ez emateko.

Alta, LABek kezkaz bizi du Eusko Jaurlaritzak adieraziko irmotasun falta. Voxek eta ildo bereko talde ultraeskuindarrek horrelako ekimenen bidez bilatzen duten konfrontazioa ekiditeko neurriak hartu beharko lituzke.

Egoera horren aurrean, Euskal Herriko antifaxistok kaleak hartu eta mobilizatzea ezinbestekoa dela uste du LABek, gure unibertsitate publikoan eta gure herrian ultraeskuinak hauspotzen dituen diskurtso faxistarik ez dugula nahi ozen adierazteko. Antagonikoak diren baloreak dituen unibertsitate publikoa okupatuko ez digutela aldarrikatzeko. Denon bizitzak erdigunean jarriko dituen, aniztasuna bere egingo duen eta denon eskubideak bermatuko dituen Euskal Herria nahi dugula aldarrikatzeko. Haien aurrean murru bat eraikitzeko.

Gaur, eta urte osoan zehar, ezinbestekoa deritzogu faxismoari erantzun argia, tinkoa eta eraldatzailea ematea. Vox bezalako alderdi baten atzean elite ekonomikoen interesak daudela seinalatzea. Bere mezu xenofoboari gure konpromiso antirrazista indartuz erantzutea. Bere jarrera patriarkal eta matxisten aurrean, eraldaketa feministaren aldeko apustua berrestea. Bere jardun euskarafoboaren aurrean, Euskal Herri euskalduna eta burujabea aldarrikatzea. Eta bere diskurtso klasistaren aurrean, langileon batasunez erantzutea.

Hortaz, euren eraso eta probokazioen aurrean, indartu dezagun Euskal Herria eraldatzeko eta askatzeko borroka. Langile batasunez, murru indartsu bat jarri diezaiegun faxismoa hauspotu nahi dutenei, eta eraiki dezagun Euskal Herri ekosozialista, antirrazista, feminista eta euskalduna. 

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek grebara deitu dute otsailaren 24, 25 eta 26rako, EAEko jangeletako langileen lan baldintza duinen defentsan

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte otsailaren 24, 25 eta 26rako, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) kudeaketa zuzeneko jangeletako langileentzat lan-baldintza duinak eskatzeko.

Deialdiak honako hauei erantzuten die: hitzarmen kolektiboaren blokeoari, enpresek dagoeneko itunduta dauden soldata-igoerak aplikatzeari uko egin izanari eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Begoña Pedrosaren zuzendaritzapean, jangelen egungo araudia aldatzeko borondaterik ez izateari, bertan arautzen baitira ratioak, funtzioak eta lanaldiak.

Era berean, sindikatuek gehiegizkotzat jotzen dituzten gutxieneko zerbitzuak salatu dituzte, Mikel Torres Lan sailburuak ezarritakoak, baita enpresen jarrera ere, langileei komunikazioak bidali baitizkiete borrokarako prest dagoen sektore bat desmobilizatzeko helburuarekin.

-Deitutako mobilizazioak

Jangeletan lan baldintzak duindu! Hitzarmena orain. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek ondorengo mobilizazioak antolatu dituzte:

  • Otsailak 24: Manifestazioa Bilbon, 12:00etan, Eusko Jaurlaritzaren aurrean amaituz.
  • Otsailak 25: Elkarretaratzeak 12:00etan Eusko Jaurlaritzak hiru probintzietan dituen Hezkuntza ordezkaritzetan.
  • Otsailak 26: Elkarretaratze jendetsua 12:00etan Bilboko Eusko Jaurlaritzaren aurrean.

Sindikatuek azpimarratu dute mobilizazio hauek ez direla soilik lan aldarrikapena, baizik eta jangelako zerbitzu publikoaren kalitatearen defentsa ere bai. Langileentzat lan-baldintza duinak bermatzea ikasleei arreta egokia eta kalitatezkoa ematea bermatzen du zuzenean.

Hori dela eta, sektoreko langileei, hezkuntza komunitateari eta gizarte osoari dei egiten diete deitutako mobilizazioetan aktiboki parte har dezaten.

Otsailaren 24, 25 eta 26an, langileek kaleak beteko dituzte lan baldintza duinak aldarrikatzeko.

Borroka da bide bakarra!