2026-04-21
Blog Page 128

Nafarroan gutxieneko soldata eta lanaldia arautzea eskatu dugu

1.600 euroko gutxieneko soldata eta 30 orduko lan astea ezartzea eta zerbitzu publikoak indartzea bilatzen duen Langileen alde kanpainaren barnean, LAB sindikatuak 300 delegatu baino gehiago elkartu ditu gaur Burlatako (Nafarroa) kultur etxean eginiko batzarrean. Ondoren, manifestazioan joan dira Iturrondo Nafarroako Enplegu eta Formakuntza Agentzia Integralaren egoitzaraino eta han Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak eskatu du Nafarroan gutxieneko soldata eta lanaldia arautzea eta kritikatu du aldaketa instituzionala eman eta hamar urtera ez dagoela zerbitzu publikoak indartzeko apustu estrategikorik.

Igor Arroyo LABeko koordinatzaileak 1.600 euro gordineko gutxieneko soldata eskatu du Nafarroarentzat, bizitzaren kostua Espainiako Estatuan baino handiagoa baita. “Gutxieneko soldata bat ezartzea posible da, lanbide arteko akordio baten bidez”, adierazi du. “Arazoa da CENek ez duela inolako interesik horretarako. Eta negoziatzera eseri dadin CENi presio egin beharrean, Nafarroako Gobernuak enplegu plan bat iragarri du, langile klasearentzat funtsezkoa den gai hori alboratzen duena”.

Arroyoren ustez, hemendik gutxira aurkeztuko duten Nafarroako enplegu plan berria “edukirik gabeko akordio bat” da, “aldeek bete beharreko neurririk gabea”. “Ez dio batere mesederik egiten langileriari. Nafarroako patronala behartu beharra dago, borroka sindikalaren eta presio instituzionalaren bidez, gutxieneko soldata igo, soldata-arrakala ezabatu, lanaldia murriztu eta baimenak luzatzera”.

Ildo horretan, Arroyok bere hitzari huts egin izana aurpegiratu dio Maria Txibite lehendakariari: “2020an, LABek eta beste sindikatu batzuek deitutako greba orokorraren ondoren, Nafarroarentzat gutxieneko soldata propioa ezartzeko aukera aztertzeko konpromisoa hartu zuen Txibitek. Bada, ez dugu konpromiso horretaz ezer gehiago jakin. Txibitek bere hitza jan du. Eta orain, Euskal Autonomia Erkidegoan gai horri buruz eztabaidatzen ari diren bitartean, Nafarroako Gobernuak beste aldera begiratzen du, arazoa berbera denean: Espainiako Estatuko gutxieneko soldatarekin ez dago hilaren amaierara iristerik Hego Euskal Herrian”.

Era berean, Arroyok lanaldia murriztea eta lizentziak nahiz baimenak zabaltzea eskatu du, enplegua eta zaintza bateratu ahal izateko: “Enpleguan dagoen arrakala eta zaintzan dagoen arrakala, biak ala biak dira ezabatu beharrekoak. Hau da, emakume* langileei gizonen lan-baldintza berberak bermatu behar zaizkie. Eta gizon langileok erantzukizun berberak hartu behar ditugu zaintza lanei dagokienez”.

Azkenik, Arroyok zerbitzu publikoen egoera aipatu du: “2015eko aldaketa instituzionala gertatu zenetik hobekuntza partzial batzuk izan dira, batez ere ekintza sindikalari esker: administrazioan mileurismoa ezabatu da, Osasunbideko osasun langile guztiei aitortu zaie karrera profesionala, azpikontratetan klausula sozialak ezarri dira, Esku-hartze Sozialerako Nafarroako lehen hitzarmena sortu da, zerbitzu jakin batzuk publifikatu dira… Baina, ikusita, hamarkada bat geroago Irakaskuntzako sindikatu guztiak grebara joan direla ratioen hobekuntza eskatuz, Osasunbideko itxaron-zerrendak inoiz baino luzeagoak direla edota etxebizitza eskuratzeko eskubidea urratzen dela, premiazkoa da zerbitzu publikoak garatzeko hausnarketa eta apustu estrategikoa egitea. Osasuna, zaintza, hezkuntza eta etxebizitza dira indartu beharreko lau zutabe nagusiak. Eta lau zutabe horiek finantzatzeko, kapitalaren errenten pribilegio fiskalekin amaitu behar da”.

Kimiketako estatu mailako hitzarmenean CCOO eta FEIQUE patronalak lortutako akordioaren aurrean, euskal hitzarmenen alde borrokatzen jarraituko dugu

LABen Euskal Herrian lan egin eta hemen erabakitzeko markoak defendatu ditugu beti, hemen dagoen errealitate sindikalak lan baldintza hobeak lortzeko aukera ematen digulako.

Tamalez, Euskal Herriko kimiketako sektoreko 22.000 langile inguru, Espainiako Estatu mailako hitzarmenaren pean daude eta gaur jakin dugun bezala, CCOO eta FEIQUE patronalak horrela izaten jarraitzea erabaki dute, sinatu berri duten akordioan agerian geratzen den bezala, horrek suposatzen duen prekaritatearekin. Besteak beste, langileen lan eta bizi baldintzetan hobekuntzarik ez ditu ekarriko, akordio honek eros ahalmena ez duelako bermatzen. Lanaldiari dagokionez, 2026an indarraldia amaitzen denean, 1.744 ordutako lanaldia izango du, Euskal Herrian indarrean ditugun industriako sektore ezberdinetako hitzarmenen batez besteko lanaldia gaindituz. Beste esparru batzuetan negoziatzea ukatzen duen klausulak ere bere horretan jarraituko du.

Hasieran aipatu bezala, Euskal Herrian negoziatu eta erabakitzeak langileontzat lan baldintzak hobeak lortzeko aukera emango liguke eta Euskal Herrian bide hau jorratzen hasiak gara. LABek bide horretan behar diren urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa berresten du, Euskal Herriko kimiketako sektoreko langileekin gure eskubideen eta lan baldintzen defentsan.

Emakumeen Mundu Martxaren irakurketa: erailketa matxista Iruñean

Emakumeen Mundu Martxaren irakurketa dakargu hona.

Bart berriro ere berri latz batekin esnatu ginen Euskal Herrian, 20 urteko emakume* bat eraila izan zen atzo goizean Iruñeko Errotxapea auzoan gizon baten eskutik.

2024.urte honetan, indarkeria matxistak Euskal Herrian uzten digun bostgarren erailketa matxista da gaurkoa.

Lehenik eta behin, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu senide, lagun eta gertukoei. Ez zaudete bakarrik. Urteak daramatzagu salatzen indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela.

Indarkeria matxistaren azken ondorio lazgarrienak eta ikusgarrienak erailketak badira ere, indarkeria matxistak milaka aurpegi ditu eta gure bizitzako alor guztietan eragiten digu egunerokotasunean. Emakumeak* emakume* izateagatik soilik erail egiten gaituzte.

Horren aurrean, neurriak ipini eta arazo larri honi dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon* aurkako erasoak gorantz doaz. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu.

Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!

Ez dugu halaber aipatu gabe utzi nahi erabat deuseztatzen ditugula indarkeria matxista gorrotozko diskurtso arrazistak hedatzeko baliatzen dituzten hedabide eta jendarteko jokabideak, arrazakeriak ez gaitu inoiz alboan izango.

Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu. Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak.

Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte! Azkenik, dei egiten dugu gaur eta bihar Santutxuko auzoan eta Euskal Herriko beste hainbat herri eta hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko. Adi mobilizazioei.

Erailketa matxistarik ez, denak libre izan arte!

EAEko Osasun Sailaren diagnostikoak ez ditu jaso LABek egindako ekarpen garrantzitsuenak

Gaurko Osasun Itunaren mahaira gobernuak jatorrizko Diagnosia dokumentuari eragile desberdinek egin dizkiogun ekarpenen inguruko “sintesi dokumentu” bat ekarri du. LABek ezin du dokumentu hori sintesi dokumentu moduan baloratu, ez baititugu beste eragileak aurkeztu dituzten ekarpenak ezagutzen, Osasun Sailak horiek mahaikideei ez banatzea erabaki duelako.

LABek egin dituen ekarpenei dagokienez, esan behar dugu garrantzitsuenak ez daudela jasota aurkeztu duten “sintesi dokumentuan”. Honako hauek dira horietako batzuk:

-Ez da azaltzen itunaren helburua osasun sistema publiko indartsu bat lortzea denik, eta jarraitzen du izaera publikoa aitortu gabe. haueki dira horietako batzuk.

-Pribatizazioaren inguruan datu apur batzuk txertatu badira ere, ez dira aipatzen LABek eskatutako pribatizazioari buruzko datuak, ezta politika horien baloraziorik egiten ere. LABentzat pribatizazio politikak Osakidetzaren gainbeheren arrazoi nagusienetariko bat dira, eta diagnosian jasota egon beharko litzateke politika hauek alboratzeko bidea hartu behar dela.

-Langileei aplikatu dizkieten politiken inguruan ere oso datu gutxi jaso dira (ez da plantillaren bilakaeraren azterketarik egiten, ez etorkizunari begirako prospekziorik, ez behin-behinekotasun tasa altuak duen eraginaren baloraziorik, ez kodifikatu gabeko postuen zerrendatzerik, ez MIR eta EIRean dauden langileen egoeraren baloraziorik….), eta ez da politika horiek izan dituzten ondorioez ezer aipatzen, noiz eta lehen arretaren, larrialdien edo itxaron zerrenden egoeran ondorio zuzenak dituztenean. Diagnostikoan jaso beharko litzateke langileen inguruko politikak desegokiak izan direla eta horiek zuzendu beharra dagoela.

-Lehen arretaren egoeraren daturik ere ez da jasotzen, ezta datu horien zergatia (langileak ordezkatzerik ez, errotazioa…) ere. Kasu honetan ere egoeraren arrazoiak diagnosian txertatu beharko lirateke.

-Euskararen erabileraren inguruko daturik eta balorazio berririk ere ez da txertatu, LABek eskatu zuen moduan. Horrekin lotuta, aipatu behar dugu gaurko bilera gaztelania hutsean egitera behartuak izan garela, Jaurlaritzak itzulpen zerbitzurik ez duelako jarri.

Osasun Sailak “sintesi dokumentu”-ari ekarpenak egiteko aukera ireki du, eta LABek ekarpen berriak prestatuko ditu dokumentu hori zuzentzeko, momentuz dokumentuan jasoak izan ez diren diren egoerak bertan txertatuak izan daitezen. Espero dugu oraingo honetan osasun sistemaren izaera publikoa jasotzea, pribatizaziaren inguruko balorazio ezin txarragoa egitea, langileen inguruko politiketan aldaketa sakonak egin beharra jasotzea edo lehen arretaren egoeraren arrazoiak eta hori zuzentzeko beharra agertzea.

Azkenik, salatu behar dugu mahai honetan Osasun Sailak aldebakarrez aplikatzea erabaki duen metodologia ez dela egokia, eta adostasunak eraiki beharrean, adostasunak irudikatzea duela helburu.

[IRITZIA]: Osasun Mentala Osakidetzan

Urriaren 10ean da Osasun Mentalaren Munduko Eguna. Bezperan, Ainhoa Gutierrez San Torkuatoren iritzi-artikulua dakargu hona. LABeko delegatua da Bizkaiko Osasun Mentaleko sarean.

Zein polita geratzen den egutegian halako egunak jartzea! Eta zein polita instituzioentzat eta komunikabideentzat halako egunaz egunean berean hitz egitea eta urte osoan berriz ahaztutzat ematea.

Atzo, gaur eta bihar, LAB sindikatuarentzat osasun mental publiko eta duin baten aldeko egunak dira.

Aurtengo leloa “Lana eta osasun mentala, funtsezko lotura” da.

Lana duin eta baldintza egokietan izatea ezinbestekoa da gure osasunarentzat. Eta Osakidetzan halakorik ez da gertatzen. Estresa, ratio ez egokiak, baldintza psikosozialen ebaluazio eza, gure eskubideen errespetu eskasa, lan zentroen egokitzapenetan dauden inbertsio ezak, amiantozko eraikinetan lan egitera behartuta egotea, zaintzaile garen heinean gure zaintza bigarren lerrora egotera kondenatuak, eta abar dira gaur egungo arazoak.

Osakidetzak ez du gure osasun mentala zaintzen. Ez langileona ezta gizartearena ere. Ez du prebentzioa lehenesten eta profesional falta izugarria du. Europa mailan, erkidegoa atzeko postuetan dago. Adibide bat jartzearren, Munduko Osasun Erakundeak 100.000 biztanleko 20 psikologo behar direla dio, gurean soilik 6 dira, eta hauetako batek gaixotasun baja, amatasun edo aitatasun lizentzia edo oprrak hartzen dituenean ez dute beste batekin ordezkatzen. Itxaron zerrendak amaigabeak dira eta batzuetan gaitzak ezin du itxaron.

Arduragabekeriaz ari da jokatzen Osakidetza Osasun Mentalean. Gero eta behar gehiago dagoenean, gero eta diru gutxiago inbertitzen du. Herrietan dauden Osasun Zentroetara joatea besterik ez dugu egia diogula baieztatzeko. Erratza gordetzen den lekua hustu eta bertan Gizarte Langilea izatea ez da bidezkoa. Leihorik gabe, mugitzeko espaziorik gabe, pertsonak artatzeko lekurik eta baldintzarik gabe…Horrela gaitu Osakidetzak. Zulo txiki eta ez egokietan. Hori da Osakidetzarentzat Osasun Mentala. Ikusiezina egin nahi duen errealitate bat. Pribatizaziora bideratu nahi duen beste atal bat.

Bestalde, arazo larria dugu gizartean estigmatizazio eta bazterkeriarekin. Osasun Mentaleko arazoak dituztenek askoz zailago (edo kasu askotan ezinezko) dute lana aurkitzea. Ezin ditugu gizarteratu, eta beraientzat ezinbestekoa da hau betirako kondenatuak izan ez daitezen
Ez ditugu gazteak aipatu gabe utzi nahi. Gero eta Osasun Mentaleko arazo gehiago dituzte dugun gizarte formatuaren ondorioz. Izan adikzioak, izan antsietate edo depresioak, bakardade sentimenduak edo etorkizun ikuspegi ezak… gazte askok laguntza behar dutela oihu egiten digute. Ezin diegu entzungor egin haien eskariei. Haiek dira etorkizuna eta haien gaurko ongizatea izango da gure/denon geroa
LABek argi du. Egoerari buelta eman behar zaio. Langileen bizi baldintzak hobetzeko izango gara lanean egunero, baina ahaztu gabe gizartearen parte garela eta gure Osasun Mentala ere jokoan dagoela.

Atzo, gaur eta bihar ere gure lehentasuna izaten jarraituko du Osasun Mental Publiko eta duin baten alde borrokatzeak.

Nafarroako Gobernuaren utzikeria ikusita, greba egingo dugu urriaren 29an irakaskuntza publikoan

LABek, hezkuntza arloko gainerako sindikatuekin batera, beste greba deialdi bat erregistratu du urriaren 29rako, ikusirik Nafarroako Gobernua bere irakasleekin erakusten ari den erantzukizun falta. Horrez gainera, Gobernuarekin bilera bat egitea ere eskatu dugu.

Lanuztea iragarri genuenetik astebete pasatu da eta Nafarroako Gobernua ez da sindikatuekin bildu, gure aldarrikapenak Mahai Orokorrera ere eraman ditugun arren.

Egoera horren aurrean, irakasle guztiei dei egiten diegu grebara batu daitezen eta Gobernuari eskatzen diogu benetako negoziazio prozesu bati hasiera eman diezaiola behingoz.

Greba deitu dugu urriaren 17rako Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioetan, herrialdeko lehen hitzarmena aldarrikatzeko

Gaur batzartu da sektoreko mahai negoziatzailea, eta bertan eduki berririk egon ez denez, eta blokeo egoera honen aurrean beste greba egun bat deituko dugu urriaren 17an.

Egun horretan langileek kontzentrazioa egingo dute Gasteizko Probintzia plazan, 11:00etan, eta arratsaldean manifestazioa egingo dute 18:00etik aurrera Desamparadas plazatik hasita. Mobilizazioa Diputazio plazaraino izango da, eta bertan ekitaldi bat egingo da.

Berriz ere negoziazioa aktibatu genuenetik mahairen bilera batzuk egin dira baina ez dira aurrera pausurik eman. Patronalek eginiko eskaintza bakarra ez da nahikoa, soilik jardunaldia eta soldatei buruz hitz egiteaz gain, sektorean prekaritatea betikotzea suposatuko lukeelako. Gaurko mahaian ez da proposamen berririk egon, hortaz, greba deitzea erabaki dugu.

Bestetik, prozesuan inplikatzeko exijitzen jarraituko diegu administrazioei, zehazki, Arabako Foru Aldundiari. Ezin da onartu zaintza sektore hau erabateko prekaritate-egoera horretan egotea, Gizarte Politiketako arduradunek beste leku batera begiratzen duten bitartean.

Historikoa den lehen hitzarmena lortu dugu Sondikan kokatuta dagoen CAE enplegu zentro berezian

CAE (Centro de Ayuda Especializada) 60 langile dituen eta Sondikan kokatuta dagoen enplegu zentro berezi bat da. Bertan, historikoa den lehen hitzarmena lortu dugu. Otsailean aurkeztu genuen hautagaitza bertan lehen aldiz hauteskunde sindikaletan, helburu oso argi batekin; UGTren urteetako immobilismoaren aurrean (ordura arte hau izan zen enpresa-batzordean ordezkaritza zuen sindikatu bakarra) langileak antolatu eta haien lehen hitzarmen propioaren alde borrokarako tresnak ematea.

Hainbat ekintza eta mobilizazioren ostean lortu dugu hitzarmena. Alde batetik, “hemen lan egin, hemen erabaki” aldarrikapena inoiz baino garrantzitsuagoa delako. Euskal herriko langileen lan eta bizi baldintzak prekarizatzen dituzten hitzarmen estatalen aurrean, langile hauei aplikatzen zitzaien hitzarmen estataletik aldendu eta etorkizunean hemen erabakitzeko esparrua sortu duelako. Bestetik, hainbat lorpen erdietsi ditugulako: KPItik gorako soldata igoerak bermatzea, lan orduen jaitsiera nabarmena, langile bakoitzak bere egutegi propioa izatea, plantillaren euskaldunizazioan aurrera pausuak ematea edota plus berriak izatea.

• Soldata igoera KPIra lotuta eta hitzarmenaren indarraldiaren amaiera KPI + %10,3ko soldata igoeraren bermea.

• Jardunaldia: 60 lan orduko jeitsiera.

• Bidaien plusa ordaintzea

• Egutegien antolaketan langileei euren etxetik gertuen duen ibilbideak esleitzea eta haiei dagozkien jai egun guztiak.

• Euskara ikasten duten langileek ikastaroak balio duenaren %50ko aparteko sari bat izango dute. Hau da, langileek ikastaroa gainditzen badute, honen balioaren %50eko besteko aparteko paga bat izango dute.

Horregatik, LABetik, zorionak eman nahi dizkiegu borrokan parte hartu duten langile guztiei. Ezinezkoa ematen zuena borrokaren bitartez lortu delako. Baina, jakina, lanean hasiko gara jada, hurrengo hitzarmena harago joan dadin, soldata igoera eta lanaldi murrizketa handiagoekin, aniztasun funtzionalean sektorearen duintasunean pausuak ematen jarraitu beharra dagoelako, bizitzak erdigunean jartzeko eta langileen bizitzak bizigarriagoak izan daitezen.

Beste behin ere argi geratu da borrokak merezi duela, akordio duinak lortzeko langile borroka ezinbestekoa dela erakutsi baitugu.

Garbiñe Aranburu: “Ezin da inolaz ere itun bati buruz hitz egin langileen gehiengoaren adostasunik ez badago”

LABeko koordinatzaile orokorra Bizkaia Irratian egon da gaur goizean, Goizeko izarretan saioan. Bertan, Alfre Elgezabal kazetariak elkarrizketa egin dio, aktualitateko gaien inguruan.

EAEko Osasun mahaia, osasungintzaren inguruko mobilizazioak, Elma Saiz ministroak bajen inguruan egindako azken proposamena, absentismoa edo kontrabotere sindikalismoa izan ditu hizpide, urriaren 2an Arrasaten egin genituen Topaketa Sindikalak gogoratuz.