2025-12-27
Blog Page 128

ADEGIk aurrez aurre izango gaitu soldata eta etxebizitza duinen aldeko borrokan

Etxebizitza duina izatea, gazte problematika soilik izatetik urrun, langile sektore geroz eta gehiagoren errealitate bihurtu da, pobretze eta prekarizazio egoerak orokortzearen ondorioz.

LABek alokairu publiko eta sozialen aldeko defentsa irmoa egiten du, baita alokairu zein maileguen prezioak mugatu eta jaisteko beharra aldarrikatu. Etxebizitza eskubidea bermatu eta desmerkantilizatzearen bidean lehentasunezko neurriak dira LABen ustez. Etxebizitza gehiago eraikitze hutsa, irtenbidea baino, espekulatzaile, higiezin eta etxejabe handien negozio asmoak elikatzeko baliatu nahi du patronalak; eta banketxeekin zorretan egotera eraman langileak gatazka laboralak murrizteko. 

Horregatik salatzen dugu Jose Miguel Ayerza ADEGIko zuzendari nagusiaren hitzak higiezin merkatuarekin negozioa egiten dutenen interesak defendatzeko direla: putre-funts, higiezin eta etxejabe handien etekinak bermatzeko.

Oraingoan ere, patronalak aurrez aurre izango du LAB sindikatua. Gipuzkoako enpresarien elkarteak esandakoaren kontrara, langileok arazo erreala dugu gure soldata eta lan baldintzekin eta hau zuzenean dago lotuta etxebizitza duina izateko zailtasunekin. Gipuzkoan etxebizitzen prezioak biderkatu diren bitartean, kapital errentak handitu eta lan errentak txikitzen ari dira. Arazo beraren bi aurpegi dira, eta ADEGIk bere ardura desbideratu nahi du. Bukatzeko, Gipuzkoan fiskalitateari buruzko eztabaida irekita dagoen honetan, LABek sakoneko erreforma fiskalaren aldeko proposamena plazaratuko du

Gizain fundazio publikoko langileak mobilizatu egin dira Nafarroako Gobernuari hitzarmena bete dezala eskatzeko

Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Gizain fundazioko langileek atzo arratsaldean Parlamentuko lan saio batean hartu zuten parte eta gaur goizean elkarretaratzea egin dute legebiltzarreko egoitzaren aitzinean, Gobernuari eskatzeko fundazioa arautzen duen hitzarmena errespetatu eta bete dezan. Langileek, lehenik, eskatzen dute hitzarmenean ezarritakoaren arabera ordaintzea; eta, bigarrenik, soldata osoa gainontzeko langile publikoekin parekatzea, ondoren subrogazioa egin dadin, Gobernuko lan-kontratudun finko izateko.

Gizain fundazioa Nafarroako Gobernuaren jarduerak eta zerbitzuak kudeatu eta garatzeko sortu zen, bereziki Eskubide Sozialen Departamentuarenak. Gizainek oso beharrezkoak diren programak garatzen ditu, bertzeak bertze, adin txikikoekin eta haien familiekin esku hartzea, haurrei laguntzeko taldeak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta haien familiei laguntza ematea, sexu-indarkeriaren biktimei laguntza ematea, gazteen justizia-zentroa, gizarteratzeko eta laneratzeko taldeak, etab.

Gizain fundazio publikoa da eta horrexegatik, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuarekin lotuta dagoelako, bertako langileek ez dute ulertzen exekutiboa bere hitzarmenean ezarritakoa betetzeko gai ez izatea. “Ezin diogu gure haserrea adierazteari utzi, gure lehen hitzarmenaren aplikazioa blokeaturik dagoelako, eta horrek esplizituki bigarren hitzarmena negoziatzen jarraitzea eragozten duelako”, adierazi dute. “Ezin gara besoak gurutzaturik gelditu, lan berdina egiten duten bertze profesional publiko batzuek beren lan hobekuntzetan aitzina egiten dutela ikusita”.

Gizaingo langileek bereziki nabarmendu dute egoera “tamalgarria” dela adingabeen behaketa eta harrera zentroetako kideen artean. “Adin txikiko horiek Nafarroako Gobernuaren ardurapean daude, baina baliabide eskaseko zentro batzuetan pilatuta daude, zeinetan ezinezkoa baita hezkuntza eta pedagogia jarduerak aurrera eramatea. Nola liteke hain beharrezkoa den gizarte lana duen fundazio publiko batek bere plantilla langileak babesik gabe uztea?”.

Araban kontrol, planifikazio eta herritarron parte hartzerik gabe proiektatzen ari diren berriztagarrien azpiegiturekin oso kritikoak gara

Larrialdi ekologiko betean murgilduta gaude eta abiadura eta sakontasun handiko eraldaketak gauzatu behar dira, betiere interes kolektiboak enpresen etekinen gainetik jarrita. Hala, LABetik aldarrikatzen dugu gure ehun sozioproduktiboan eman beharreko eraldaketetan langileon parte hartzea ezinbestekoa dela, baita gure ekonomiaren deskarbonizazioa gauzatzeko behar den trantsizio energetikoan kontrol publiko eta soziala lehenestea ere.

Gaur egun soilik agenda erreakzionarioa babesten dutenek jartzen dute zalantzan larrialdi ekologiko betean murgilduta gaudela. Hazkunde ekonomiko etengabea lehenetsita, planetaren muga biofisikoekin egin dugu talka eta hamarkadetan zehar ohartarazitako arriskuak nozitzen hasiak gara: aldaketa klimatikoaren eraginak, material eta lehengaien eskasiak, lurzoruaren degradazioa…

Eraldaketa sakona gauzatzea ezinbestekoa den honetan, lurraldearen planifikazioa lehen mailako ardura bihurtu da; baita merkatuaren interesen araberako joerak mugatu eta eskuhartze publikoa indartzea. Trantsizio energetikoa egiteko, planifikazioa, kontrol publikoa eta parte hartze demokratikoa behar-beharrezkoak dira.

Gauzak horrela, LABetik salatzen dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa oraindik ere Lurralde Plan Sektorialik gabe daudela, enpresen araberako kontrolik gabeko azpiegituren asmoari ateak irekitzen zaizkiolako. Hortaz, Araban une honetan nagusitzen ari den eredua ez dugu inolaz ere konpartitzen. Horren adibidea da SOLARIA enpresak Arabatik Zierbanaraino energia eramateko plaka fotoboltaikoekin egin asmo duen proiektua. Trantsizio ekosozial justu baten ikuspegitik nekez ulertu daiteke eta LABen proiektu honen erabat aurka agertzen gara.

Lurraren erabilera arautu behar da eta elikadura sistema ere trantsizio ekosozial justurako eremu gakoa da. Horretarako, elikadura merkatuaren arauak aldatu behar dira, Itun Askeko logikatik atera eta eredu agroekologikoaren alde egin, eta lehen sektorea duindu. Elikadura burujabetzaren bidea urratu eta agroindustria eta ongarri kimikoen eredua baztertuta soilik garatu daiteke herritarrokin, langileekin eta Planetarekin justua den eraldaketa.

LABetik aldarrikapen hauen arabera mobilizatu izan gara eta borrokan jarraituko dugu, ikuspegi honekin bat datozen deialdietan parte hartuz eta lantokietan, kalean eta instituzioetan gure ekarpen propioa eginez. Aldiz, ezinegona bideratu nahiean dabilen agenda erreakzionarioari inolako lekurik ez ematea lehen mailako eginkizuna dela uste dugu. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagotzat jotzen dugu aliantzak eraiki, diskurtsoak findu eta langileak eraldaketa ekosozial justuaren alde lerratu eta mobilizatzea.

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalek greba amaierako akordioa betetzeko oztopoak jartzen jarraitzen dute soldata edota enpleguan

Azken hilabeteetako ekintza eta mobilizazioei esker materia batzuk, lanaldi murrizketak eta Lanbide Heziketako konpentsazioa kasu, betetzen hasteko konpromisoa hartu zuten atzoko mahaian. Gainerako materietan, esaterako soldatetan, akordioa betearazteko bide juridikoari ekingo diogu.

Atzo, EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako negoziazio mahaia bildu zen. Greba amaierako akordioa otsailaren 5ean sinatu zenetik, sindikatuon ekimenez gauzatzen den zazpigarren bilera da.

Bilera hauetan guztietan, Kristau Eskolak eta AICE-IZEA patronalek akordioaren aplikazioa atzeratzeko eta akordioa adostutako terminoetan ez betetzeko asmoak utzi dituzte agerian. Ondorioz sindikatuok egoera publikoki salatu, mobilizazioak bultzatu eta akordioa betearazteko bide juridikoa aztertzeari ekin behar izan diogu.

Atzo, azken hilabeteetan sindikatuok, ikastetxeetako ordezkariek eta langileek gauzatutako ekintza eta mobilizazioei esker materia batzuk aplikatzen hasteko konpromisoa hartu dute patronalek. Horrela adostutako lanaldi murrizketak eta Lanbide Heziketako jardunaldi irregularraren konpentsazioa 2023-2024 ikasturtean aplikatzen hasiko dira, nahiz eta sindikatuok defendatu dugun parametrotan ez izan.

Soldaten inguruan adostutako igoerak jasotzen dituzten soldata taulak Jaurlaritzaren onespenaren eta finantzaketaren menpekotasunari lotuta aurkezten jarraitzen dute eta tamalez, 2024rako adostutako igoeren araberako ordainketak egiten hasteko data bat finkatu gabe.

Aldi berean akordioan jasotako edukiak Lan Hitzarmen berrian adostutako baldintzetan txertatuko dituen erredakzio oso bat aukeztu gabe jarraitzen dute.

Enpleguan birkokapen araudia hitzarmenean txertatzeko eta kalte ordainak eta aintzinatasuna aitortzeko araubide berria zalantzan jartzen jarraitzen dute eta irakasleentzat adostutako eskola orduen murrizketa hitzarmeneko artikulatuan txertatzeko oztopoak jartzen.

Hau horrela, sindikatuok jada betearazpen epea daukaten gaiak epaitegietara eramateko aukera aztertuko dute hurrengo egunetan, 2024rako adostutako soldata taulen araberako ordainketak kasu.

Bestalde, patronalei ekainaren 19an izango den hurrengo bilerarako hitzarmenaren erredakzio proposamen oso bat aurkezteko galdegin diete. Aurkezten duten erredakzio proposamena sinatutako akordioak jasotzen dituen baldintzak jasoko ez balitu eman beharreko urratsak aztertuko dituzte.

Kanakyar herriari elkartasuna adierazi diogu bertako askapen mugimenduko ordezkariekin izandako bileran

Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak, Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko arduradunak eta Koldo Saenz Nazioarteko idazkariak osatutako LAB sindikatuaren ordezkaritza bat FLNKSeko (Kanakyako Nazio Askapen Mugimendu Sozialista) ordezkaritza batekin bildu da gaur Donostian. Kanakyatik etorritako ordezkaritza FLNKSeko exekutiboko kide eta Kanakyako gobernuko kanpo aferen arduraduna den Mickael Forrestek eta FLNKS-eko exekutiboko kide nahiz Batasun Kaledoniarreko Komisario Orokor ondokoa den David Wanabo-k osatu dute.

Kanakyako ordezkaritzak Frantziako estatuaren kolonia honetan bizi den gatazka egoeraren berri eman digu, eta Macronek kolonizazioa betikotzeko helburuarekin hautesle-errolda erreformatzeko planteatu duen lege proposamena salatu du. LABetik Kanakyako herriak libre eta demokratikoki erreferendum baten bitartez etorkizuna erabaki eta deskolonizazio prozesua bururaino eramateko duen eskubideari elkartasuna berretsi diogu, eta sindikalgintzatik gure esku dagoen guztia egiteko borondatea berretsi diogu Kanakyako ordezkaritzari. Norabide horretan, Foro Sindikal Soberanistak ateratako adierazpena eta Munduko Federazio sindikalak publiko egindako agiria eman dizkiegu eta esparru horietan eragiten jarraitzeko borondatea adierazi diegu.

Pentsio sistema publiko propioaren norabidean eginiko proposamena jendaurrean aurkeztu dugu Iruñean

LAB sindikatuaren Haritik argitalpenaren ale berrian, pentsio sistema publiko eta propio baterako gure proposamena bildu dugu, hiru zutabe nagusi dituena: zaintzagatiko pentsioa, trantsizioa bideratzeko sistema osagarri publiko, unibertsal eta birbanatzailea eratzea eta Gizarte Segurantzaren arloko eskumen osoa keskuratzea. Gaur Iruñean, proposamen hori Nafarroako zenbait eragile sozial eta politikori aurkeztu diegu, Amanda Verrone politika publikoen azterketarako arduradunaren eta LABeko bozeramaile Imanol Karreraren eskutik.

Karrerak nabarmendu duenez, Nafarroa Garaian pentsiodunen %38,9k 1.134 euroko pentsioa (edo baxuagoa) jasotzen du. “Oraingo pentsio sistemak ez die oraingo pentsiodunei bizimodu duinik bermatzen”, ondorioztatu du Karrerak. “Eredua ahultzen ari da, eta pribatizatzen -batak bestea eragiten baitu-, eta ezberdintasun sozialak sortzen ditu. Horregatik, nahitaezkoa da bertako pentsio sistema publikoa sortzea. Premiazkoa da. Baina baita egingarria ere, teknikoki eta legalki. Hartara, Maria Txibite lehendakariari eskatzen diogu ez dadila autokonplazentzian erori eta anbizioz joka dezala Nafarroako pentsiodun guztien bizitzak duintze aldera”.

LABeko eledunaren hitzetan, pentsio duina bermatzeko benetako alternatiba bakarra hemen lan egiten duenak lurraldean bete-betean kotizatzea eta aberastasuna sistema publiko indartsu eta sendo baten bidez banatzea da. “Eta hori soilik izanen da posible Nafarroan sistema propio baterantz aurrera egiten badugu”, gaineratu du.

Ildo horretan, LABen proposamenaren neurri nagusietako bat da zaintzagatiko konpentsazio pentsioa sortzea, nolabait alarguntasun pentsioa ordezkatuko lukeena, kotizatzeko eskubidea ukatua izan duten emakumeekin gizarteak duen zor patriarkala ordaintzeko. Bertze neurri bat litzateke Nafarroako langileen egoera sozioekonomikora egokitutako gutxieneko pentsio kopurua hemen zehaztu ahal izateko Gizarte Segurantzaren eskumenak eskuratzea, bertako oinarrizko legeria garatuz eta aurrekontu publikoen bidez finantzatuz. Eta hori guztia enpleguari lotutako sistema osagarri publiko, unibertsal eta birbanatzaile bat bultzatzeko, kapitalizazio eta espekulazio-irizpideetara lotua egonen ez dena eta egungo eredu osagarri pribatua ordezkatuko duena.

Pentsio sistema publiko eta propioa

Politika publikoen azterketarako arduradun Amanda Verronek esplikatu duenez, Haritik argitalpenean jasotako azterketa hori LAB sindikatuak Euskal Herrirako pentsio sistema publiko eta propioa eratzeko egindako ekarpena da. LABen Programa Sozioekonomikoan marraztutako norabidean kokatutako analisiak, hausnarketak eta proposamenak biltzen ditu txostenak. Haritik txostenaren lehen zatian, Verronek aipatu duenez, lehen aldiz aurkeztu da pentsioen mapa nazionala, “gure lurraldean ezarritako bi pentsio sistemen izaera pribatizatzailea” azpimarratuz. Hego Euskal Herrian, 200.000 pentsiodunek baino gehiagok 1.080 eurotik beherako diru sarrerak dituztela nabarmendu du. Bada, horien artean, ia %70 emakumeak dira. Pentsiodun guztien artean, %10 soilik da pluripentsioduna. Hauetatik %80, ordea emakumeak dira, zaintza-lana ez aitortzearen ondorioz.

Bigarren kapitulua, berriz, zahartzarora iristean egungo pentsio eredu horiek langileengan duten eraginaren erradiografia da. Hego Euskal Herrian, generoagatiko soldata-arrakala %21 baino handiagoa den bitartean, pentsioetan genero-arrakala %38 baino handiagoa da. Horrek erran nahi du gizon pentsiodunek emakumeek baino 517 euro gehiago kobratzen dutela hilean, batez beste. “Indarrean dauden pentsio sistemek ez digute bizitza duin baterako bermerik eskaintzen. Erreformaz erreforma, pentsio-sistema publikoa ahulduz doa sistema pribatuaren mesedetan, langileen arteko desberdintasunak areagotuz, bereziki, genero-arrakala”.

Askatasun sindikala defendatu dugu gure jarduna oztopatzeko saiakeren aurrean

11 langile baino gutxiagoko enpresa oso txikietako hauteskunde sindikalak (TPE deitzen ditugunak) 2024ko azaroaren 25etik abenduaren 9ra iraganen dira Ipar Euskal Herrian.

Guk, LAB sindikatuak, Bretaniako SLB eta Korsikako STC sindikatuek, gure hautagaitzak aurkeztu ditugu eta guztiak Lan Zuzendaritza Nagusiak (DGT) onartu ditu. Baliozkotze hori gure estatutuak eta kontuak egiaztatu ondoren egin da, eta 2024ko martxoaren 13ko erabaki batean finkatua.

Joan den maiatzaren 6an, LAB, SLB eta STC sindikatuok Parisko Auzitegi Judizialean ginen, CGT-FOk gure hautagaitzaren aurka aurkeztutako errekurtsoen ondorioz.

Hain zuzen, FO sindikatuari egokia iduritu zaio epaitegietara jotzea gure hautagaitzak zalantzan jartzeko eta, hartara, gure baztertzeko bozketatik.

Gure sindikatuek trabatzen dute

Sindikatu batzuek nahiago dute patronala handiaren jokoan aritu, langileen interesak defendatu ordez. 2012an SLBren aurkako eraso bat izan zen, 2016an berriz STC eta LABen aurkako bat. Ez da lehen aldia sindikatuek gure erakundeei eraso egiten dietela, eta zoritxarrez pentsa daiteke ez dela azkena izango.

Lan egiteko modu hori FOren diskurtsoen eta ustezko balioen kontra doa, hala nola demokraziaren, pluralismoaren eta elkartasunaren errespetua, langileen eskubideak eta interesak defendatzeko helburu bakarrarekin.

Sindikatuak, eta aldi hontan bereziki FO, edozertarako prest dira haien interesak eta ordezkaritza bermatzeko. FOk ez ditu hobekiago defendatu nahi TPEetako ordezkaririk gabeko langileak. FOk hauteskunde hauek erabiliko ditu elkarrizketa sozialaren dirua berreskuratzeko, bizirauteko ezinbestekoa zaiolako.

Botere-goseak erabat ahantzarazi dizkie konstituzio-printzipio handiak eta OIT edo Lanaren Nazioarteko Erakundearen 87. Hitzarmena, batez ere, bakoitzak bere hautuzko sindikatuari afiliatzeko eskubidea, bakoitzak aukeratutako antolaketaren arabera sindikatu gisa eratzeko eskubidea, autonomiarako eta sindikatu-aniztasunerako eskubidea.

Gure erakunde sindikalei eta militanteei eraso egitean, FOk langile guztiak erasotzen ditu, eta, beraz, sindikalismoari oro har. FO, hurrengo hauteskundeetan, langileei, LAB, SLB edo STC bozkatzeko eskubidea kentzen saiatzen da. Gure sindikatuak etengabe ari dira garatzen, eta, gaur egun, Parisko zentral sindikal handien benetako alternatiba sindikala gara.

Maiatzaren 24an Parisko Auzitegi Judizialeko epaileek erabakia hartu zuten. Zoritxarrez, lehenengo txanda juridiko honetan, STCk eta SLBk beren hautagai-zerrendak onartezinak zirela erran zuten, gurea mantentzen duten bitartean. FOk askatasun sindikalari aurre egiten dio, eta Parisko auzitegi judizialaren erabaki hori OITk onartutako oinarrizko eskubideen aurka doa. Erabaki-mota horrek zailtasunak ekar diezazkieke sindikatu guztiei, eta, bihar, egiturek ezin izango lukete sindikatu bat izatea aldarrikatu. Horrela, FO langileen interesen aurka doa.

Frantziako Gobernuaren erreformek langileen interesak eta eskubideak kaltetzen dituzte. Senatuak greba-eskubidea murriztu nahi du, beraz gure eskubideak guttitu.

Azken egunetan, frantses gobernuak bere hamaikagarren erreforma indarrean pasa du langabeziari buruz, lanik gabe dauden langileak ziblatuz. FOk ez al du besterik egiteko? Bere lehentasuna beste sindikatu batzuen kontra egitea da, hala nola Bretainiako SLBri,
Korsikako STCri eta Euskal Herriko LABi. CGT-FOren praktikak onartezinak dira eta salatzen ditugu. Eta jakinarazten dugu ez garela geldirik egonen.

LABek irabazirik pozten bagira, gure lagun korsoek eta bretoiek gure eskubide berberak ez izatea, sindikatu handien eskubide berberak, onartezina zaigu. Antolatzen segituko dugu, existitzen segituko dugu, prozedura honen bukaera arte segituko dugu. Bigarren txanda juridikoa hurrengo egunetan egin beharko da, kasazioan.

Horrek denbora eta dirua kostatuko die STCko eta SLBko afiliatu diren sindikalista askori, baita LABekoei ere, baina zapaldu nahi gaituzten prozedura guztiei aurre eginen diegu. Ez dugu amor emanen!

FOk ez du bozkatzaileei bozka hori lapurtzeko eskubiderik. Bakoitzak aukeratuko du zein sindikaturi eman nahi dion konfiantza bere ordezkatzeko.

Langile guziak eraso honen salatzera deitzen ditugu eta dei egiten diegu LAB, STC eta SLB sustengatzera, eta gure alde bozkatzera masiboki hurrengo TPE hauteskundeetan.

Ekintza sindikal antirrazista faxismoaren eta eskuin muturraren aurka

Maiatzaren 24an eta 25ean, Etxeko eta Zaintzako Langileen Atal Sindikalak eta LAB sindikatuko Idazkaritza Antirrazistak “Arrazismoa eta eskuin muturra lan mundutik borrokatuz” jardunaldietan parte hartu genuen, Bartzelonan. UCFR Unión contra el fascismo y el racismo elkarteak eta Desparekotasunen Institutuak antolatu zituzten jardunaldiok.

Oso espazio aberasgarria izan zen, eta eremu horretan erreferentzia diren lankideak egon ziren. Riz Husseinek, Britainia Handiko TUC Trade Union Congres-eko Arrazakeriaren Aurkako Politiken arduradunak, sindikalismoaren esperientziari eta arrazakeriaren eta eskuin muturraren aurkako borrokari buruzko ponentzia bat egin zuen, sindikatu britainiarren esperientziatik abiatuta, aitzindariak baitira zentzu horretan; izan ere, hainbat hamarkada daramatzate lanean sindikalismo antirrazistaren bueltan. Bestalde, Pastora Filigranak (abokatu laboralista, sindikalista, feminista eta arrazakeriaren aurkakoa, eta SAT Sindicato Andaluz de las y los y los trabajadores sindikatuko kidea), Salma Laghzaoui Al Bachirik (lan-arrazakeriako kasuen abokatua) eta Paula Rossok (SOS Racismo Catalunyakoa) hainbat tailer eskaini zituzten. Tailer horietan landu ziren gaien artean, honakoak: arrazakeriari lan-zuzenbidetik nola aurre egin, arrazakeriaren aurkako ikuspegia negoziazio kolektiboan nola indartu, eta enplegu-zentroetan arrazakeriaren errealitatea zein den eta horri nola aurre egin.

Sindikatu batzuen barruan hasia da sindikalismo antirrazista modu organikoan eta benetako borondate politikoarekin jorratzen, kitatzeke dagoen zor horri heltzeko asmoz.

Beraz, oso garrantzitsua da esperientziak gurutzatzea, hainbat praktika ezagutzea eta askotariko sindikatu eta erakundeetatik balizko artikulazioei buruz hausnartzea. Bide luzea dago egiteko, eta hobe da aliantzetatik abiatzea. Faxismo globalaren eta ultra eskuinaren aurrerabidearen aurrean, arrazakeriaren aurkako ekintza sindikala izan dadila langileen oinarrizko eskubideak defendatzeko antidotoa.

Indarkeria matxista lantokietako prebentzio planetan sartzeko eskatu dugu

Lan Osasuneko ebaluazioetan arrisku bezala identifikatu eta landua izan dadin, Osalan zein NOPLOIra eramango dugu proposamena.

Erasoen aurrean protokolo bat ezartzeaz harago, erasoa bera ekidingo duen prebentziorako sistema neurgarri bat ezartzeko eskatzen dugu LABen, eta sistema hori instituzioetan eta lantokietan aldarrikatuko dugu.

Indarkeria matxista sistema kapitalista heteropatriarkalaren tresna nagusietako bat da, emakumeak* eta genero-identitate disidenteak zapalduta mantentzeko. Lan-munduan indarkeria hori etengabe gertatzen da eta emakumeak*, askotan, babesik gabe aurkitzen dira; gainera, beste zapalkuntza batzuekin eta prekarietatearekin gurutzatzen da sarritan. Lantokiak indarkeria matxistarik gabeko gune seguru bihurtzeko baldintzak eskatzea lan sindikalaren ardatzetako bat izanik, lan osasunean eta prebentzio neurrietan ere fenomeno honek daukan inpaktua aintzat hartzearen garrantzia azpimarratu dute LABeko Lan Osasuneko arduradun Inko Iriartek eta Idazkaritza Feministako buru den Maddi Isasik gaur eginiko aurkezpenean.

Indarkeria matxista ezinbestean sartu beharko litzateke prebentzio planetan, eta gaia jorratu dadin eskatzen dugu, lan munduan prebentzioa nola landuko den zehazteko. Lan munduan indarkeria matxistaren prebentzioak ezin du borondate kontua izan, legezko betebeharra baizik. Hala, jada badagoen prebentzio sistemaren egituran txertatu beharko litzateke, modu integral eta sistematikoan. Prebentzioan, arrisku ebaluaketan zein babes neurrietan indarkeria matxistaren inpaktua identifikatu, aitortu eta kontuan hartu behar da.

Lanpostuen arrisku ebaluaketan, indarkeria matxista emakumeentzako* arrisku faktore bezala jaso behar da. Bai enpresaren barruan gertatzen denean, zein enpresatik kanpo gertatzen denean ere. Hori nola egin, alegia; nola neurtu, detektatu eta neurriak nola hartu zehaztu behar da kasu guztietan. Beraz, LABetik proposatzen dugu horretarako sistema oso bat garatu behar dela:

  • Prebentzioa, arriskuak ebaluatuz eta lehentasunak markatuz. Informazioa eta formazioa ere barnebildu behar dira; enpresetan sentsibilizazio eta formazio planak zehaztu. Bistan da, faktore psikosozialak paper garrantzitsua jokatzen duela eraso matxisten eremuan eta horien eraginean, beraz, faktore psikosozialak ere prebentzioaren atalean kontutan hartzekoak dira. Honek, prebentzio planean atal espezifikoa behar du.
  • Hartu beharreko babes neurriak zehaztuz: indarkeria matxistaren aurkako protokolo eraginkorrak garatu behar dira.
  • Urtero langileen osasuna ikuskatzerakoan, osasun zaintza deritzon zerbitzuan, zeina enpresak eskaini behar duen, indarkeria matxista kasuak edo zantzuak arakatzeko baliabideak integratu beharko dira.
  • Proposamen honek administrazioaren ikuskatzaileak formatuta egotea eskatzen du (baita prebentzio delegatuei ematen zaizkien formazioetan prestakuntza zehatza integratzea ere, besteak beste). Noski, lan ikuskaritzak behar hori asetzeko egitura propioa eta espezializatua behar du.

Beraz, zuzenean interpelatzen ditugu gobernuak, Osalanera eta NOPLOIra eramango dutelarik eskakizuna, irizpideak marka ditzaten enpresetan neurri hauen inplantazioa bultzatzeko.