2026-04-23
Blog Page 126

Eusko Jaurlaritza da La Pauren anbulantziekin gertatu denaren erantzule nagusia

Zerbitzuaz arduratu diren azken enpresek, Larrialdiak-ek zein La Pauk, porrot egin dute. LABen iritziz, argi dago hau ez dela jarraitu beharreko eredua, subkontratazioak kalteak baino ez ditu ekartzen. Eusko Jaurlaritzak egoera aztertu beharko luke eta zerbitzuaren publifikaziorantz jo.

Espainiako Estatuko beste autonomia erkidego batzutan publiko egin dute zerbitzua, adibidez Errioxan eta Balear Uharteetan. Azken leku honetan, Gobernuak publifikazioarekin dirua aurreztea lortu zuen, eta 6 anbulantzia gehiago sartu zituzten zerbitzuan aurreztutako diruarekin.

Gainera, salatzekoa iruditzen zaigu langileek ez dutela inolako informaziorik jaso, komunikabideen bidez ezagutu ahal izan dutena kenduta, honek sortzen dien antsietate eta etorkizunarekiko ziurgabetasunagatik. Izan ere, ez dakite nola geratuko diren La Pauk haiekiko dituen zorrak.

Egoera hau oso larria da eta denbora darama larria izaten, eta gainera, Eusko Jaurlaritzak beste alde batera begiratu du. Orain arte, langileak kriminalizatzen ibili da eta orain, enpresari egozten dio erantzukizuna, baina inoiz ez da arduratu benetako arazoaz, hots, pribatizazioaz.

Industria kimikoko hitzarmena negoziatzeko eskatu diegu EAEko patronalei

Legeak lehentasuna ematen dio hitzarmen autonomikoari Espainiako Estatukoaren aldean, eta horrek sektoreko 17.000 pertsonen baldintzak hobetuko lituzke.

Kimika sektoreko Espainiako Estatuko hitzarmen berri baten negoziazioa 2024aren hasieran hasi zen, baina iaztik sindikatuok mahai bat irekitzeko eskatzen ari gara, EAEko sektoreko 17.000 langileen baldintzak hemen finkatuko dituen hitzarmen bat negoziatzeko.

2023ko abenduan euskal hitzarmen baterako negoziazio-mahaia eratzen saiatu ginen, baina Confebaskek, Adegik, SEAk, Cebekek eta estatuko kimika patronalak deialdira ez joatea erabaki zuten. Idazki baten bidez, ekimen sindikalaren aurka zeudela adierazi zuten, kimikei buruzko estatuko hitzarmenaren legerian eta artikuluetan oinarrituta, erabakia justifikatzeko. Sindikatuok gure gaitzespena adierazi genuen hainbat mobilizazio eginez eta patronalen egoitzen aurrean kontzentratuz.

Hala ere, joan den ekainaren 20an, 2/2024 Lege Dekretua baliozkotu zen Espainiako Kongresuan. Horren bidez, hitzarmen autonomikoek eta probintzialek lehentasuna izango dute estatukoen aldean. Lege aldaketa hori euskal legebiltzarkide gehienek babestu zuten, eta EAEko sindikatuen aho bateko babesa izan zuen. Gainera, EAEko patronalek ez zuten inolako eragozpenik jarri lege aldaketaren aurka.

Legezko errealitate berriaren aurrean, sindikatuak joan den uztailean berriro deitu genituen patronalak euskal hitzarmen baten negoziazioari ekiteko. Tamalez, patronalek ez zuten joan nahi izan Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) deitutako bilerara. ELAk, LABek eta UGTk salatu egiten dute patronalaren ezezkoari, sektorean lan egiten dutenen baldintzak hobetzeko edozein aukera oztopatzea baino ez duelako bilatzen.

Confebaskek, bere aldetik, jarrera horrekin erakusten du estatuko negoziazioa defendatzen duela eta Euskal Herriko hitzarmenei aplikatzeko lehentasuna ematen dien Langileen Estatutuaren aldaketak aplikazio praktikorik ez izatea bilatzen duela.

Auzitegietara eramango dugu jarrera hori, negoziazio kolektiboan fede ona izatearen aurka egiten duelako eta ekainaren 20an baliozkotutako lege-dekretuaren helburua betetzen ez duelako. Joan den urriaren 9an, CCOOk eta FEIQUEk, estatuko patronalak, aurreakordio bat sinatu zuten Estatuko kimika-hitzarmen berri baterako. Hiru erakundeok oso gutxiegitzat jo ditugu KPIren igoera bermatzen zuen klausula ezabatu eta lanaldi oso altuari eusten dion akordioaren edukiak. Salatu nahi dugu EAEko patronalak eta CCOOk lan-baldintza prekarioei eusten dietela hitzarmen honetan.

LABek, ELAk eta UGTk mobilizazioei eta kanpainei ekingo diegu lantokietan, sektorea aktibatzeko. Era berean, ELAk, LABek eta UGTk eskatu dute kimikei buruzko estatuko hitzarmena legezkotasunera egokitzeko, eta negoziazio autonomikoaren edo probintzialaren edozein muga ezabatzeko.

Akordioa #LortuDugu Altsasuko Josefina Arregui Klinikan lan hobekuntza nabarmenekin

Hainbat hilabetetako negoziazioen ondoren, LAB sindikatuak —hiru ordezkari ditu bosteko Batzorde batean— akordioa lortu du azkenean Altsasuko Josefina Arregui Klinika Psikogeriatikoko zuzendaritzarekin, 2026. urtearen bukaera arte indarrean egonen dena eta lan-hobekuntza oso onak jasotzen dituena, hala nola soldata-igoerak Nafarroako KPIaren arabera edo 58 ordu arteko lanaldi-murrizketak.

LABek oso balorazio positiboa egin du Josefina Arreguin lorturiko akordioaz, bukaera eman baitzaio etapa bati zeinetan soldata igoera txikiek ez zuten ahalbidetzen eros-ahalmena berreskuratzea, eta aurrerapausoak lortu baitira eskubide sozialen arloan, lanaldi-murrizketekin eta lizentzien hobekuntzekin. Honakoak dira:

  1. Indarrean dagoen urte bakoitzeko soldata-igoera, Nafarroa Garaiko KPIarekin lotua. Orain arte hori ez zen islatzen aurreko hitzarmenetan. Igoera horrek oinarrizko soldatari, hitzarmenaren plusari eta antzinatasun-osagarriari eragiten die.
  2. Lanaldia 58 ordutan murriztea hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, kategoria hauetan: medikuak, mantentze lanak, administrazioa eta administrazioko laguntzaileak, erizaintzako gainbegiralea, Eguneko Zentroko erizainak, Eguneko Zentroko eta intzidentzietako erizaintzako zaintza lagungarrien teknikariak, informatikariak, sukaldariak, garbitzaileak.
  1. Jaiegunetako plusa. Aurreko hitzarmenak zioen oporretako nomina kalkulatzeko ez direla aintzat hartuko batez besteko plusak. Hemendik aurrera plus hori hobetu eginen da, aurreko hilabeteetako plusak kontuan hartuko baitira.
  1. Hitzarmeneko hainbat testu eguneratu eta aldatu dira, bestelako interpretazio posiblerik izan ez dezaten. Testuak lizentziei (lanegunetan hartuko dira), aparteko orduei, ordu osagarriei eta lan-egutegiari buruzkoak dira.
  1. Mediku espezialistaren kontsultara joateko beste egun bat jasotzen da.
  1. Laneko benetako denboratzat hartzen dira erizaintzako txandetan informazioa hartu-emateko gainjartzen diren 15 minutuak. Gainera, kolektibo horri urtero egun libre bat aitortzen zaio, analisiak herriko osasun-zentrora eramateagatik.
  1. Eguneko Zentroko erizainen kasuan, atsedenaldia benetako lan-denboratzat hartzen da (3 hilabeteko proba).

Enpresak eta langileen ordezkariek konpromisoa hartu dute akordioaren jarraipena egiteko eta hurrengo hitzarmenari buruzko negoziazioak hasteko, hilero bilerak eginez. LABek, berriz, lan baldintza are hobeak lortzeko borrokan eta lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du.

Mobilizazioa egingo dugu Gasteizen langile guztientzako erretiroa 60 urterekin eskatzeko

Urteak daramatzagu langile guztiek, gremioa edo sektorea kontuan hartu gabe, erretiroa 60 urterekin hartzea defendatzen. Gainera, 2010. urteaz geroztik, Coordinadora de Sindicatos de Transporterekin (CST) batera lanean ari da 60 urterekin erretiroa hartzeko deitutako mobilizazioetan. Hau da, LABek 60 urte arteko lan-bizitza aldarrikatzen du langile guztientzat, baita garraiolarientzat ere, baina ez haientzat bakarrik. Ohikoa da koefiziente murriztaileez hitz egitea sektore maskulinizatuetan, eta beti ahazten dira sektore feminizatuak, non nekagarritasuna ere oso handia den.

Nolanahi ere, garraioaren sektorea da nekagarritasun handiena duen sektoreetako bat, eta hala berresten dute hainbat azterketa medikok. Horrek ezbehar-tasa altuetan eta baja fisiko zein psikologikoen ehuneko altuetan eragiten du.

CCOOk eta UGTk greba deitu dute garraio sektorean, hain zuzen ere gidarien erretirorako koefiziente murriztailea eskatzeko.

LAB sindikatutik UGTren eta CCOOren deialdiaren aurrean dugun testuingurua aztertu dugu, eta oso gai garrantzitsua dela eta langile guztientzat erretiroa 60 urte aurreratu behar dela ulertzen badugu ere, lanuzteen deialdiarekin bat EZ egitea erabaki dugu, batez ere arrazoi hauengatik:

1. Greba Espainiako Estatuan deitu da. LABen Euskal Herritik eragiten diguten lan gai guztiak negoziatzeko dugun eskubidea defendatu eta defendatuko dugu, horregatik ez dugu Espainiako Estatutik deitutako greba batean parte hartuko. Bestalde, greba deialdia Euskal Herriko langileengana zabaldu nahi duen eragile orok hemengo errealitate sozio- politikoa eta sindikala errespetatu behar du eta, kasu honetan, argi dago ez dela horrela izan.

2. Mesfidantza sortzen digu bi sindikatu horiek, Espainiako Gobernuarekin batera, gure erretiroak erabakitzeak. Ez dugu ahaztu behar sindikatu horiek Estatu mailako akordio bat sinatu zutela 2011n, legezko adina eta beharrezko kotizazio- urteak handitzeko helburuarekin. Horrela, langile guztiek erretiroa hartzeko aukera atzeratu zuten, eta, jakina, garraio- langileak ere horren parte dira. Hau da, bi sindikatu horiek lortutako adostasunak eraman gaitu egungo egoera prekarizatzaile honetara.

3. Erabaki horien parte ezin bagara izan, ez gara greba sustatzen dutenak izango. CCOOk eta UGTk greba bertan behera uzteko akordioa lortzen dutenean, euren eta patronalaren artean egingo dute, deialdi horri babesa ematen dioten gainerako sindikatuak eta erakundeak kontuan hartu gabe.

Bukatzeko, argi dugu esparru propioa aldarrikatzeko aukera bat dela. Euskal Herriaren burujabetzarako bidean, Lan Harreman eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatu nahi dugu, hemen erabaki ahal izateko lanari eta arlo sozialari dagozkion gai guztiak. Azken batean, hemen lan egiten dugun eta hemen bizi garen heinean, argi dugu hemen erabaki behar dugula.

Gure ustez, gainera, deialdi horrek kanpoan uzten ditu sektorearentzat oso garrantzitsuak diren beste hainbat gai, hala nola gaixotasun profesionalak, lan-kargak eta abar.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak ez du bat egiten UGTk eta CCOOk aurkeztutako greba-deialdiarekin, eta gure mobilizazio-egutegia proposatu dugu. Hala, datorren urriaren 25ean mobilizazioa egingo dugu Gasteizen, Parlamentuaren aurrean, “Hemen lan egin, hemen erabaki. Erretiroa 60 urterekin langile guztientzat”.

Lanuztea eta mobilizazioak egin ditugu Fekoorren hitzarmen propioaren alde

Desgaitasun fisikoa edo/eta organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea da Fekoor. Bertako langileak borrokan ari dira, htizarmen propioaren alde 3 orduko lanuztea egin dute gaur eta mobilizazio zaratatsu bana egin dute Fekoorren lan zentro biren aurrean, Bilboko Deustu auzoan, hitzarmen propioa eskatuz.

Bizkaiko aniztasun funtzionaleko beste enpresa batzuetan (Gorabide, Apnabi eta Gauden, besteak beste), langileek enpresa hitzarmenen bidez hobetu dituzte haien lan baldintzak, baina Fekooren kasuan, hitzarmen estatala ezartzen zaie. Honek langileen lan-baldintzak kaskartzen dituela salatu dute. Honela, langileek salatu dute, besteak beste, eros-ahalmenaren %20 galdu dutela, sektoreko gainontzeko elkarteetan baino 100 ordu gehiago lan egiten dutela urtean eta ez dutela antzinakotasuna aitortua.

Honek guztiak ez du langileen osasunean soilik eragiten, baita ematen duten zerbitzuan ere. Langileek euren egoera prekarioa salatu dute, eta gaineratu dute Fekoorreko zuzendaritzak ez duela enpresa hitzarmenik sinatu nahi.

Era berean, mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi dute.

CEBEK patronalari Bizkaiko grafikagintzako negoziazioak blokeatzeari uzteko eskatu diogu

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Bilbo, CEBEK Bizkaiko patronalaren egoitzaren aurrean, Bizkaiko grafikagintza sektorerako hitzarmen duina eskatzeko, urriaren 29, 30, 31 eta azaroaren 4 eta 5erako deitutako 5 greba-egunen aurretik.

Urriaren 15ean egin zen orain arte egin den negoziazio mahaiaren azken bilera. Honetan, patronalak beste aukera bat galdu zuen negoziazioak desblokeatzeko. Aurretik, sindikatuok 5 eguneko greba deitu genuen, eta, hala eta guztiz ere, CEBEKi ez zitzaion beharrezkoa iruditu inolako mugimendurik egitea. Soldaten inguruan sindikatuok eta patronalak duten jarrera oso aldenduta daude, eta sindikatuok eskatzen ditugun beste hobekuntza-eduki batzuetan ia ez dago aurrerapausorik.

Gaur, urriaren 21ean, greba-ziklo berria hasteko astebete pasatxo falta denean (guztira 12 egun egingo lituzkete), sektoreko langileak patronalaren aurrean bildu dira Bilbon. Hitzarmen duina eskatu diote CEBEKi, eta 5 eguneko greba egiteko eta enpresen ekoizpena gelditzeko konpromisoa eta indarra berretsi dute. Gogoratu behar da urriaren 24an Negoziazio Mahaiaren beste bilera bat egongo dela. CEBEKek beste aukera bat izango du eta ikusiko dugu aprobetxatzen duen.

Azkenik, jakinarazi nahi dugu joan den astean jakin genuela lan-ikuskaritzak akta bat egin duela Etxebarriko Arteos Digital enpresari arau-hauste larria egiteagatik, aurreko greba-zikloan greba-eskubidea urratzeagatik. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok positibotzat jotzen dugu akta hori; eta berresten dugu ez zela kasu bakarra izan. Patronalari zein sektoreko enpresei eskatu diegu bertan behera uzteko Bizkaiko grafikagintzako langileen greba-eskubideari eraso egiteko asmoa, datozen greba-egunei begira

Israel egiten ari den genozidioaren aurrean Palestinarekin elkartasunez mobilizatu gara

Hego Euskal Herriko sindikatuok mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruñea eta Tuteran. Igor Arroyo koordinatzaile orokorra Bilbokoan egon da eta adierazi du “nabarmena” dela “Euskal Herriko sindikatu guztiak elkartu garela gaurko mobilizazioetan”.

“Euskal Herriko langileon ikuspegia garbi geratzen da: gu Palestinako herriarekin gaude eta genozidioaren kontra”, gaineratu du Arroyok eta Euskal Herriko erakunde publiko eta patronalak interpelatu ditu jarraian. “Zein da zuen posizioa? Nolako jarrera hartuko duzue genozidio honen eta bereziki, berau bultzatzen ari den sionismoaren aurrean? Hemengo erakunde publikoei eta patronalari exijitzen diegu genozidekin harremanak apurtzeko, genozidak presionatzeko eta haiekin negoziorik ez egiteko, momentu latz hauetan”.

Mobilizazioetan, minutu bateko isilunea egin dute mobilizazioetan Mahasen Al-Khatib ilustratzaile palestinarraren hilketa salatzeko.

Hego Euskal Herriko ikastetxeetan ere hainbat kontzentrazio egin dituzte.

Arratsaldean, Gernika-Palestina ekimenak mobilizazioak deitu ditu 19:00etan udaletxeen aurrean eta horietan ere parte hartzeko deia egin dugu.

LAB, Osakidetzak behar duen aldaketarako bermea

Osasun sistemak behar dituen erroko aldaketak sustatzeko palanka izan da LAB, eta bere indarra biderkatzeko aukera du orain, 10 urteren ondoren.

Mobilizazio sindikal eta sozialari esker, osasun publikoaren gainbehera agerian geratu da azken urteetan. Hain da horrela, ezen, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak berak ere aitortu behar izan behar baitu osasun sistemaren egoera kritikoa. Osasun sistema publiko indartsu baten aldeko borrokan motorra da LAB, gauzak aldatu daitezen lanean ari da. LABek argi du: benetako aldaketarik izango bada, horrek langileen parte hartzearekin izan behar du, eta langile guztionarekin, bereizketarik gabe.

Osasun sistemak dituen egiturazko arazoak ez dira berriak, ordea, ezta horiei erantzuteko LABen proposamenak eta ekinaldiak ere. Lan itzela egin du: Osakidetzak modu okerrean kanporatu edo pribatizatu nahi zituen kontratazioak geratzea lortu du, 194,5 milioi eurokoak; langile faltari aurre egiteko eta plantilla egonkortzeko borroka egin du; lehen arretari premiaz erantzuteko eta autokontzertazioa baztertzeko beharraren etengabeko salaketa; langileen zein pazienteen hizkuntza eskubideak errespetatu eta bete daitezen egindako lana… Ekimen propioz horrela dagokigunean, eta, elkarlana lehenetsiz beste sindikatu eta eragile sozialekin batera ahal den guztietan, Osakidetzak behar duen aldaketarako motorra izaten ari da LAB.

Berria dena beste hau da: Osakidetzan, 10 urte eta gero, hauteskunde sindikalak egingo dira. Osakidetzako langile gehienek ez dute inoiz hauteskunde sindikaletan parte hartu, ESIen sorreraren ondoren hauteskunde-eremu berriak negoziatzeko orduan zuzendaritzak ezarri izan duen blokeoagatik eta gertatzen ari den belaunaldi-aldaketagatik. Orain, baina, Osakidetzako langileek LAB bozkatzeko aukera dute, eta LABek Osakidetzan duen ordezkaritza handitzeko, sindikatuaren balioak islatzen dituzten hautagaitzen bidez; hautagaitza pluralak, kategoria guztietako ordezkariekin, eta, batez ere, ezagutzaz eta ilusioz betetako jendearekin.

EAEko administrazioan ordezkaritza handiena LABek du, eta, horri esker, administrazioaren mahai orokorrean eragiteko gaitasuna dugu. Hau da, Eusko Jaurlaritzan, Hezkuntzan, Lanbiden…. hauteskundez hauteskunde, bozka gehien lortu dituen sindikatua izateagatik, zer esana eta eragin gaitasuna dugu zerbitzu publiko guztietan langileon ahotsa entzun dadin. Kategoria zehatzetara mugatzen diren sindikatuek ez bezala, LAB erroko eraldaketak hauspotzeko palanka izango da. Gaitasun hori biderkatzeko aukera daukagu orain, langileen aldarrikapenak ozenago entzunarazteko eta horien alde eraginkortasun handiagoz borrokatzeko.

Lizarrako langile baten heriotzak 48ra igo du Euskal Herrian aurten hildako langileen kopurua

Gaur goizeko 10:45ak aldera leherketa handi bat izan da Lizarrako ardogintza sektoreko Agralco S. Coop enpresan. Horren ondorioz, Villatuertako Lamaison enpresako 56 urteko langile bat hil da, mantentze-lan industrialetan aritzen zena. Bertze heriotza honekin, gutxienez 15 langile hil dira aurten Nafarroa Garaian. LAB sindikatuak salatu nahi du foru erkidegoa Espainiako Estatuaren buruan dagoela lan istripuei dagokienez, eta exijitzen du Nafarroako Gobernuak lehenbailehen bere gain har ditzala lan ikuskaritzaren eskumenak eta beharrezko baliabideak jar ditzala enpresarien gaineko kontrola sakona eta eraginkorra izan dadin.

LAB sindikatuak bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die hildako langilearen familiari, lankideei eta gertukoei. Sindikatuak bildutako datuen arabera, langilea silo bat soldatzen ari zen leherketa handi bat gertatu denean, eta, ondorioz, hil egin da. LABek ikerketa zorrotza eskatzen du gertakariak eta horien ondorioz sor litezkeen erantzukizunak argitzeko.

Laneko heriotza berri honek, aste honetan Euskal Herrian izan den hirugarrenak, agerian uzten du gaitz sozial eta laboral hau eragozteko neurriak berehala hartu behar direla. Horretarako, funtsezkoa da erakundeen kontrola; hau da, erakundeek lan-osasunari buruzko araudia benetan bete dadila eskatzea. Nahitaezkoa da patronalari lan osasunaren araudia betearaztea, behartzen ez bazaie, langileak zigorgabetasun osoz hiltzen baitituzte.

Lan Ikuskaritzak 10 ikuskatzaile baino ez ditu Nafarroa osorako; eta erkidego honetan, adibidez, 26.000 lan-istripu traumatiko erregistratu ziren 2023an. Argi gelditzen da, beraz, enpresariak lan prebentziorako legea betetzera behartzeko baliabideak ez direla batere nahikoak, eta horren ondorioak nafar langile klaseak ordaintzen dituela, hildako askorekin: 2018tik, batez bertze, 13 hildako urtean; aurten, eta oraindik urtea bukatu gabe dagoela, gutxienez 15 hildako.

Hil ala biziko kontua da. Nafarroako Gobernuak berehala eskatu behar du Lan Ikuskaritzaren eskumenak bere gain hartzea, ahalik eta lasterren beharrezkoak diren baliabideak jartzeko enpresaburuak lan prebentzioaren inguruko araudi guztia betetzera eraginkortasunez behartze aldera.