2025-12-22
Blog Page 125

Lizarrako osasun barrutiko etxeko ospitalizazioa, ixteko arriskutan berriz ere

Lizarrako Osasun Barrutiko kudeatzailetza ez da gai arazoari konponbide bat bilatzeko, eta litekeena da uda osoan herritarrak etxeko ospitalizaziorik gabe uztea berriz ere, arretarako funtsezkoa den baliabide hori kenduta. Gure sindikatutik salatu nahi dugu kudeatzaileak eta zerbitzuburuak ez dutela deus ere komunikatu itxiera horri buruz eta ez dutela gaitasunik herritarren eta langileen kalterako izanen den egoera hori konpontzeko.

Ez da Osasunbideak Lizarrako herritarrak bigarren mailakoak direla erakusten duen lehenengo aldia. Etxeko ospitalizazioaren itxierak, itxura batean uda guztirako izanen denak, argi eta garbi erakusten du plangintza txarra egin dela, eta, horren ondorioz, erabiltzaileen eta langileen eskubideen urraketa gertatuko da.

Izan ere, orain garrantzitsuena itxaron-zerrendak direla aitzakia hartuta, estaldurarik gabe uzten ari dira hala paziente kronikoa, nola Lizarrako osasun eskualde osoko oinarrizko osasun laguntza. Gure sindikatutik behin baino gehiagotan salatu dugu eskualde hori desegiteko ahalegina, bai eta prozesu anbulatorioen aldeko apustu garbia ere, alde batera utzita herritarren arreta integrala.

LAB sindikatuan argi daukagu profesionalen lan onari esker mantentzen dela hango jarduera, baliabide material eta pertsonalen eskasia handia dagoelako. Lizarran behar bezalako osasun etxerik ez egotea, arreta ginekologikoan gertatzen diren atzerapenak, espezialisten falta endemikoa, osasun etxeetako langile falta eta abar Lizarrako eskualdeko arretaren hondamendiaren isla besterik ez da, zeinaren ondorioz herritarrak kanpora joan beharko baitira arreta duina jasoko badute.

Lizarrako osasun eskualdean bizi diren pertsonen kopuruak nabarmen gora egin duen arren, udan bisitari gehien izan arren eta jarduerak behera egin ez duen arren, osasun barrutiak erabaki du etxeko ospitalizazioa ixtea, langile fakultatiborik ez dagoela argudiatuta, baina hori duela hilabete batzuk aurreikusita eduki beharko lukete. Ezin dute esan etxeko ospitalizazioaren jarduerak behera egiten duela udan; aitzitik, iazko abuztuan okupazio-indizea % 82tik gorakoa izan zen, Iruñekoa eta Tuterakoa baino handiagoa, eta horrek Lizarrako ospitalearen funtzionamendu egokia ahalbidetu zuen.

2023. URTEA
OHEAKOKUPAZIO INDIZEAETXEKO OSPITALIZAZIOEN %, GHO-KO GUZTIEN ALDEANOSPITALIZAZIOAK
UZTAILA12% 79,3% 13,737
ABUZTUA12% 82,8% 9,229
IRAILA12% 70,6% 10,129
METATUA12% 82,5% 11400

Zerbitzua ixten bada, pazienteak Iruñera bideratuko dira, eta, horrez gain, lan-karga handiagoa izanen dute bai Lizarrako Ospitaleko ospitalizazio arloko langileek, bai oinarrizko osasun laguntzako langileek, haien jarduera handituko baita ezinbestean.

Argi utzi nahi dugu profesionalek atsedenerako eta oporretarako eskubidea dutela. Kudeaketa-lanetan dauden gabezien erantzuleak ez dira langileak. Gure sindikatuak zerbitzu horren itxiera salatu du Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailearen eta Osasuneko kontseilariaren aurrean, zeinak erabakiaren ondorioez erabat jakitun baitira. Osasun eskualde honen egoera tamalgarria da, eta, orain, beste ziri bat sartu nahi diote gurpilean, argi utziz gure kudeatzaileek ez dutela interesik osasun arreta berdina izan dadin Nafarroa osoan.

Idazki honen bidez, ospitalizazio zerbitzuaren jarduera mantentzea eskatzen dugu, eta gure laguntza eskaintzen diegu egoera honen kudeaketa txarraren ondorioz kaltetuak gertatuko diren profesionalei.

Osakidetzako zuzendaritzak beste behin ere iskin egin dio langile faltaren arazoa konpontzeari eta aparteko orduen bidez ezarri nahi du adabakia

Astebete igarota, gaur beste mahai sektorial bat egin da, baina horrek ez du esan nahi zuzendaritzak edozelako negoziazio kolektiboren aurrean izan ohi duen blokeo-jarrera baztertu duenik; aitzitik, behartuta ikusi du bere burua, urte luzez bere erantzukizuna saihestu ostean, egoera kaotiko honi behin-behineko erantzuna ematera.

Udaren atarian gauden honetan, Lehen Mailako Arretako zentroen % 40k bakarrik funtzionatuko dute normaltasunez: Etengabeko Arretako Puntuek 1.000 txanda baino gehiagoko langile-defizita dute udan betetzeko, eta larrialdietan egoera kaotikoa da arrazoi beragatik. Era berean, eta herritarrei emandako zerbitzuen gainbehera horren aurrean, ospitaleko larrialdietan ere ez da errefortzurik planteatu kalte horien ondorioei aurre egiteko. Hain zuzen ere, Txagorritxuko larrialdietako lankideek argi utzi dute asteburu honetan, beste behin ere, zer gertatzen ari den larrialdi-zerbitzuetan, eta egungo kudeatzaileen utzikeria ikusarazi dute.

Hutsune handia sortuko denez, zuzendaritzak epe laburreko neurriak planteatu ditu berriro, urtez urte narriadura handiagoa izatea eragiten duten neurri berberak, hain zuzen ere. Autokontzertazioa, aparteko orduak eta deribazioak/pribatizazioak baino ez ditu planteatzen zuzendaritzak, beste urte batez egiturazko arazo larriak alde batera utzita.

Zuzendaritzak planteatzen duen “negoziazioa”, autokontzertazioan zentratzen dena (aparteko orduak), plangintzarik eta konponbiderako borondaterik ezaren ondorio da. Bada, horren aurrean lau kontu plazaratu ditugu LABetik:

  • Udan, Gabonetan, eta azkenaldian are Aste Santuan gertatzen den egoera ez da koiunturala, urtez urte errepikatzen da, eta, hain zuzen ere, “koiunturaltasun” izaera hori emateak eragiten du egoera onbideratzeko neurri sakonik ez hartzea. Zuzendaritzak koiunturaltasuna aipatzen du bere erantzukizuna ezkutatzeko, eta ekintza burutuen egoera bat ezartzen saiatzen da herritarrentzako, Osasun Sailak planteatutako “aldaketa kulturalak” markatutako ibilbide-orria normalizatze aldera.
  • Neurri horiek erabat zapuzten dute lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliaziorako aukera oro. Lan-karga handitzen da, atsedenaldiak gutxitzen dira eta estres-egoerak areagotzen dira, funtsezko zerbitzu asko itxi eta murrizten direlako, eta, beraz, pentsatzekoa delako lana zaildu egingo dela. Gogoan izan behar da, era berean, plantillaren zati handi baten egoera psikosoziala, muturreko akidura eta burn-out koadroak baitituzte. Gainera, autokontzertazioak soldata-arrakala areagotzea dakar.
  • Urtez urte eta hamarkadaz hamarkada luzatu da plangintza iraunkorrik gabeko egoera, eta horrek oso egoera larrian jarri du Osakidetza. Testuinguru horretan, lankidetza publiko-pribatua sartu nahi dute ekuazioan. LABek inola ere ez du onartuko negoziazio sakon oro (2008tik datorren hitzarmena berritzea, esaterako) blokeatzen urteak daramatzan zuzendaritzak egoera kritikoaz hitz egitea, ustekabekoa balitz bezala. Beste behin ere, aurreikusi egin zitekeen, eta azken mahai sektorialean adierazi zuen bezala, urte askoan proposamenik egin ez denez, LABek zalantza bakarra dauka: ea egoera horrenbeste tenkatzearen arrazoia zuzendaritzaren gaitasunik eza izan den edo, aldiz, bilatutako eszenatoki bat izan ote den.
  • Hori gutxi balitz, proposamena erabat diskriminatzailea eta arbuiagarria da, erizaintza eta medikuntza kategoriak bakarrik hartzen baititu kontuan. Argi dago zuzendaritzak sindikatu korporatiboen babesa bilatzen duela neurri onartezin horiek aurrera ateratzeko.

Ezin da onartu negoziazioa horrela bideratzea, ordu estren prezioetan zentratuta, aurreikus zitekeen lehen mailako larrialdi asistentzial baten aurrean gauden honetan. Osakidetzan lan egiten duten pertsonek oporrak hartzeko eskubidea dute, bai, noski, eta bizitza pertsonala eta lan-bizitza uztartzeko eskubidea ere badute. Beraz, eskubide horiek kontuan hartuta zehaztu beharko litzateke plantillaren tamaina. Herritarren osasun-arreta ezin da profesionalen aparteko orduak egiteko prestasunaren menpe utzi. Kontziliazio-eskubideen aurkako erasoa da egiturazko gabezia guztia langileen bizkar uztea.

Autokontzertazioaren negoziazioa, planteatzen ari den bezala, salerosketa kutsuko negoziazioa da, eta LAB ez da inoiz joko horretan sartuko. Plantilla egonkortzeaz gain, berau handitzeko estrategia bat markatu behar da, eta lan-baldintzak hobetu behar dira hori lortzeko. Plantilla behar bezala dimentsionatzeko ahalegin guztiak egiten ez diren bitartean, autokontzertazioa negoziatzeak epe ertain eta luzerako konponbideak bilatzea eragozten duen zurrunbiloa dakar, eta egiturazko arazoak arazo ekonomiko huts bihurtzen ditu. Konponbidea ez da hain erraza, eta halako neurriek benetako konponbidea atzeratzen dute.

Bestalde, hauteskunde sindikalen prestaketak aurrera darrai. Urtearen amaieran egingo dira, eta azkenean, Osakidetzako zuzendaritzen erruz urteetan blokeatuta egon ondoren, ordezkaritza sindikalak berritu egingo dira, behingoz amaiera emateko hauteskunde sindikalik izan gabeko tarte honi, hamarkada bat baino gehiago luzatu denari.

Sestaoko Arcelor Mittalen mobilizazioekin hasi gara negoziazioen desblokeoa aldarrikatzeko

Ekainean eta uztailean zehar lanuzteak egingo ditugu 20 egunetan.

Ekainaren 6an, ArcelorMittal Sestaoko langileek mobilizazio-egutegi bat hasi zuten, hiru orduko lanuzteak jasotzen dituenak egun hauetarako: ekainak 6, 7, 10,11, 14, 15, 18, 19, 22 eta 23 eta uztailak, 2, 3, 6, 7, 10, 11, 14, 15, 18 eta 19, azken hauek ere txanda bakoitzeko hiru orduko lanuzteak izango direlarik.

ArcelorMittalek hitzarmena negoziatzerakoan langileen batzordeari ezarritako blokeoaren ondorio dira lanuzte horiek. ArcelorMittalek diru-kopuru handia zor die langileei, epai irmoaren arabera legez kanpo kendutako ekoizpen-prima baten kontura, eta orain hitzarmen berria blokeatzeko baliatzen ari da egoera hori.

2022/01/01etik berritu gabeko hitzarmen batekin eta 2023/01/01etik eguneratu gabeko soldata batekin, eta bi urte baino gehiago irauten duen negoziazioarekin, enpresak negoziazioa luzatzen du edo proposamen erabat barregarriak aurkezten ditu.

Langileek aski ondo dakite ArcelorMittal bezalako multinazional batek nola funtzionatzen duen, etekin handiak lortzen baititu eta azken 15 urteetan Euskal Herriko plantilla murriztu baitu 1.000 lanpostutik gora kenduz. Hala ere, beti daukate beste azpijokoren bat gordeta. Bada, ArcelorMittal Sestaoko langileek nahikoa dela esan eta mobilizazioei ekin diete.

Bizkaiko esku-hartze sozialean aurreakordioa #LortuDugu

Bi urte eta erdiko borrokaren ostean, 32 negoziazio-mahai eta 8 greba egun nahiz hainbat eta hainbat batzar, mobilizazio eta ekimen aurrera eraman ostean, sektoreak merezi duen hitzarmena erdietsi du. Borrokak merezi du!

LABetik sektoreko beharginak zoriondu nahi ditugu egindako lan kolektiboagatik, eta azpimarratzen dugu esku-hartze sozialeko langileak langile publikoak direla, zerbitzu publikoa ematen dutenez gero. Bada, hitzarmen honek, lan-baldintzen arloan hobekuntza nabarmenak ekartzeaz gain, sektorearen aitortzan aurrerapausoa ekarriko du, orain arte ikusezintzat hartu izan bada ere. Izan ere, sektore feminizatua izateaz gain, gizarteak erabakigune guztietatik kanpo uzten dituen pertsonekin lan egiten dute. Ondorioz, administrazio publikoen abandonua pairatu izan dute behin eta berriro: gero eta dirulaguntza gutxiago, neurriz kanpoko eskakizunak eta baldintza onartzeinak planteatzen dituzten hitzarmenak, gehiegizko burokratizazioa…

Gaur, ordea, fruituez hitz egin dezakegu. Izan ere, honakoak dira aurreakordioak biltzen dituen hobekuntza nagusiak:

  • Indarraldia: 2022-2025
  • 2026ra arte guztira %24ko soldata-igoera finkoa, KPIaren bermea gainditzen duena.
  • Erreformen aurkako klausulak. Besteak beste, subrogazioarekin lotutako hobekuntzak, ultraaktibitatea indartzea edota hitzarmen kolektiboa aplikatzeko lehentasuna Estatuko hitzarmenen aurrean.
  • Arrisku psikosozialei buruzko hobekuntzak. Beste neurri batzuen artean, lanpostuen arrisku-ebaluazioak egingo dira lau urtean behin, mediku-azterketetan arrisku psikosozialen ebaluzioa eta burn out adierazleak sartzea eta bikote edukatiboa ezartzea unitate estandar gisa zenbait zerbitzutan. Bestalde, haurdunaldiengatiko baimenei lotutako arrisku ebaluazioak ere ezarriko dira, eta horien emaitzen araberako hainbat neurri aurreikusten ditu testuak.
  • Urtean 1564 orduko lanaldia (13 orduko murrizketa)
  • Aldi Baterako Ezintasunagatiko osagarriak: 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, kontingentzia arruntengatiko ezintasunen osagarria %100ean ordainduko da lehen egunetik.
  • Ordezkapenak lehen egunetik, administrazioekin adostutako langile-ratioak bermatzeko.
  • 60 urtetik gorakoen urteko gehienezko lanaldia 7 ordu murriztea
  • Berdintasun planak negoziatzeko betebeharra
  • Eszedentzien baldintzetan hobekuntzak

Hitzarmen hau sinatzea urrats historikoa da, eta guztion artean aktibatu ahal izan dugu erdigunean egotea merezi duen sektorea.

Patronalak ahozko proposamen bat aurkeztu du Nafarroako zahar egoitzen hitzarmenerako, eta hurrengo egunetan langileei helaraziko diegu

Nafarroa Garaiko zahar egoitzen lehen hitzarmena izanen denaren negoziazio mahaia gaur eguerdian bildu da berriz, eta patronalak, azkenean, negoziazio prozesua desblokea dezakeen proposamen bat aurkeztu du. Proposamena ahoz egin du, eta sindikatuei idatziz helaraziko diela hitzeman du, egun batzuk barru. Heldu diren astelehen eta asteartean, LAB sindikatutik batzarrak eginen ditugu Nafarroa osoan, proposamen hori zahar etxeetako langileei helarazteko eta euren iritzia jasotzeko.

Zahar egoitzen lehenbiziko hitzarmenaren aldeko lau urteko borroka kontuan izanik, LABen modu positiboan ikusten dugu patronalak behingoz aurkeztu izana negozia daitekeen proposamen bat. Aitzitik, ez da hain positiboa ahoz egin izana, eta, beraz, datozen egunetan idatziz aurkezteko konpromisoa hartu duen arren, orain arte izan dituzten jarduteko moduak kontuan hartuta, LABen beharrezkotzat jotzen dugu tentsioa mantentzea Nafarroako hitzarmen duin bat lortzeko borroka horretan.

Gogoratzekoa da LAB izan zela zahar egoitzen hitzarmen nafar baten aldarrikapena kalean jarri zuen lehen sindikatua. 2020. urtearen hondarrean izan zen. Ordutik hona, dozenaka mobilizazio eta ekimen egin ditugu, bai intersindikalean bai bakarka, eta ez dugu inoiz amore eman langile horien lan baldintzak duinago bihurtuko dituen hitzarmena lortzeko ahaleginean. Eta horretan jarraituko dugu hitzarmena egia bihurtu arte.

Exijitu dugu nafar zerga ikuskaritzara bideraturiko giza baliabideak eta baliabide teknikoak handitzea eta arreta fortuna zein enpresa handietan zentratzea

Nafarroako Foru Ogasunak deituta, Iruzur Fiskalaren eta Ezkutuko Ekonomiaren Aurkako Batzordeak bilera egin du gaur eguerdian, eta 2023ko ekitaldiko zerga-kontrolaren emaitzak aurkeztu ditu. Bilera horretan, LAB sindikatuan 2024rako Zerga Kontrolerako Urteko Planari buruz egin ditugun gogoeta eta aldarrikapen garrantzitsuenak azaldu ditugu, hiru neurri nagusi dituztenak: ikerketa eta egiaztapen jarduerak indartzea, arreta iruzur poltsa handietan zentratzea, eta inolako jarduerarik ez duten sozietateen IFZ ezeztatzea.

Hona hemen, zehaztuta eta argudiatuta, LAB sindikatutik egin ditugun hiru proposamen nagusiak:

1. Ikerketa eta egiaztapen jarduerak indartzea, lan horiei prebentzio ekintzen maila eta lehentasun bera emateko.

Plan horretan, Foru Ogasunak aitortu du azken urteotan iruzur fiskala kontrolatzeko bereziki prebentzio jarduerak bulkatu dituela. Eta baliabideak mugatuak direnez, argi dago norabide hori iruzurra eta ezkutuko ekonomia ikertzeko eta egiaztatzeko bertze jarduera ildo batzuen kaltetan joan dela.

Baina ikerketa eta egiaztapen lan horien garrantzia agerikoa da; izan ere, bertzeak bertze, 2022an eginiko lanak 192,2 milioi euro berreskuratzea ahalbidetu zuen. Beraz, kopuru hori ez da inola ere baztergarria, zergen zuzeneko kudeaketaren bidez urte hartan sartutako diru bilketa likidoaren % 6ren baliokidea baita1.

Puntu honetan adierazi behar da Foru Ogasunean gastaturiko euro bakoitzeko ia 5 euro (4,9 zehazki) berreskuratu direla, zerga iruzurra ikertu eta egiaztatzeko jardueren bitartez.

Hala eta guztiz ere, efizientzia indize hori Espainiako Estatuko Zerga Agentziaak lorturikoaren erdia baino txikiagoa da2; izan ere, 2022an, gastaturiko euro bakoitzeko 10,5 euro berreskuratu zituen zerga eta aduana iruzurraren aurkako borrokan. Desberdintasun nabarmen horren azalpen bat izan daiteke ikuskapen eskumenak desberdinak izatea bi administrazio mailetan (adibidez, aduana-kontrola edo lurraldetik kanpo helbideraturiko enpresa handiak), baita tributu administrazio bakoitzean biztanleriaren arabera lan egiten duen langile-kopurua ere.

Zehazki, plantillaren tamainari dagokionez, aipatu beharrekoa da 2022an 1.833 biztanle zeudela Espainiako Zerga Agentzian lan egiten zuen langile bakoitzeko; Nafarroan, berriz, Foru Ogasunean lan egiten zuen langile bakoitzeko 2.025 biztanle zeuden.

2. Zerga ikuskaritzara bideraturiko giza baliabideak eta baliabide teknikoak handitzea, eta arreta iruzur poltsa handietan jartzea.

Espainiako Ogasun Ministerioko Teknikarien Sindikatuaren arabera3, zerga iruzurraren % 70 baino gehiago fortuna handietan eta enpresa handietan kontzentratzen da; hala ere, zerga administrazioaren baliabideen % 80 autonomoak, mikroenpresak, enpresa txikiak eta soldatapeko pertsonak ikertzera bideratzen da. Puntu honetan azpimarratu behar da, gainera, batzuetan harrigaria gertatzen dela ikustea nolako dotoretasunarekin tratatzen dituzten sozietate eta pertsona juridikoak, pertsona fisikoen aldean.

Beraz, eraginkortasuneko eta zerga justiziako irizpideak aplikatuz, beharrezkoa litzateke arreta gunea birbideratzea eta iruzurra ikertu eta jazartzeko ahaleginak egitea, hain zuzen ere, iruzurra gehien kontzentratzen den lekuetan.

3. Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren ezeztatzea.

Foru Ogasunak berak onartu duenez, Nafarroa Garaian mila sozietate baino gehiago daude inolako jarduerarik egiten ez dutenak eta baliogabetzeko arrazoi ukaezina dutenak.

Uste dugu, sozietate horiek tributu betebeharrak ezkutatzeko pantaila gisa erabiltzeko edo iruzur fiskalaren sare antolatuen parte izateko arrisku handia dagoenez, zuhurtasun printzipioa aplikatuz, komeni dela egungo sozietateen errolda premiaz garbitzea.

Beraz, ezinbertzekoa da araua zorrotz betetzea eta identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) ofizioz ezeztatzea, hiru ekitaldiz jarraian Sozietateen gaineko Zergaren aitorpena aurkezten ez denean.

Segurtasun juridikoaren ikuspuntutik, gogora ekarri behar da IFZ baliogabetzeko prozeduran zergapekoari jakinarazi behar zaiola eta entzunaldi-izapidea ireki behar dela alegazioak aurkeztu ahal izan ditzan. Gainera, IFZ baliogabetzea ez da atzeraezinezko neurria.

1Nafarroako Foru Ogasunaren memoria. 2022. urtea.

2Zerga Administrazioaren memoria. 2022. urtea.

3Datuok Espainiako estatu osoari dagozkio, baina ez dago arrazoi funtsaturik Nafarroako egoera oso bestelakoa dela pentsatzeko.

Vianako Saica Pack enpresako langileek greba mugagabea eginen dute ekainaren 13tik aurrera, hitzarmen duin baten alde

Papelera del Ebro bezala ezaguna den Vianako (Nafarroa) Saica Pack enpresako 150 langileak ekainaren 13tik aitzinera greba mugagabea egitera deitu ditu Enpresa Batzordeak (CCOO 4, USO 3, LAB 2). Langileek batzarrean erabaki zuten greba mugagabera jotzea, hitzarmen duin bat lortu ahal izateko enpresa jartzen ari den trabak direla-eta.

Saica Pack-eko langileen ordezkariek hainbat hilabete daramatzate enpresarekin hitzarmenarne berritzea negoziatzen, baina ikusten dute ez direla beren proposamenak kontuan hartzen ari, nahiz eta oinarri-oinarrizkoak diren, errealistak eta egingarriak. Proposamen horien artean daude soldatak KPIren arabera igotzea eta enpresak ezarri nahi dituen malgutasun neurri arrazoirik gabeak ez onartzea. Hala, enpresaren itxikeria ikusita, greba mugagabera jotzea bertze aukerarik ez dute ikusi langileek.

Vianako bertze enpresa batean ere, Mondelez-en, greba mugagabea hasiko dute ekainaren 10ean, eta hango langileekiko elkartasuna adierazi nahi izan dute Saica Pack-ekoek, bi enpresetan antzeko gatazka baitute.

Nafarroako langileen lan eta bizi baldintzak erdigunean jarriko dituen industria lege baterako neurriak aldarrikatu ditugu

LAB sindikatuko Industria federazioko delegatuekin batzarra egin dugu gaur Iruñean eta aldarrikatu dugu irailean Nafarroako Gobernuak aurkeztuko duen industria legearen zirriborroak jaso beharko lituzkeela langileen lan eta bizi baldintzak erdigunean paratuko dituzten neurriak; besteak beste, 30 orduko lan astea ezartzea, lan formakuntza pribatua debekatzea, fiskalitate politika justuagoak aplikatzea edota deslokalizaio legean sakontzea.

Nafarroako industria legea izanen denaren ezaugarriak landu dituzten Industria Foroko lantaldeetan hartu dugu parte LABetik azken urtean. Lantalde horietan askotariko proposamenak egin ditugu, hainbat arlotan. Baina, tamalez, lantalde horietako ondorioak bere mesedetara bideratzeko estrategia izan du patronalak, eta horretan Gobernuaren babesa izan du. Horren adierazle argia da, lanketetako ondorioetan, nahiz eta Gobernuak LABen ekarpen batzuk hartu dituen, patronalarenak guzti-guztiak hartu izana, jakin badakitenean guztiz kontrajarriak direla eta ez daudela, prezeski, langile klasearen mesedetan pentsatuak.

Horregatik, LAB sindikatuan ezinbestekoa iruditzen zaigu Nafarroako Industriarentzako eta bertako lanpostuen duintzerako hainbat aldarrikapen egitea, eztabaida publikora eramateko, betiere norabide bat markatzeko neurri bezala ulertuta, hau da, gutxieneko neurri gisa ulertuta.

Aldarrikapenak hurrengoak dira:

  1. Ekidin ezina den Industriaren transitzio ekologikorako langileen trantsizio batzordeak osatzea, eraldaketa hau betikoen mesedetarako ez izateko
  1. Banaketa hirukoitzarako (zaintza, lana eta aberastasuna), 30 orduko lan astea
  1. Diskriminaziorik gabeko (generokoa, arrazakoa eta sindikala) kontratazio politikak.
  1. Formakuntza laboralaren pribatizazio enpresariala debekatu
  1. Industriaren inplementazioa modu orekatuan banatzea lurralde osoaren zehar
  1. Lan istripu eta gaixotasunak benetan ekiditeko bitartekoak ezartzea
  1. Transnazionalen boterea mugatzeko, deslokalizazio legean sakontzea
  1. Aberastasuna modu orekatuan banatzeko, fiskalitate politika justuak ezartzea
  1. Bertako beharrei erantzuteko, herrialde mailako hitzarmenen babestea eta bultzatzea

Aldarrikapen horiek ez dira modu bakartuan ulertu behar. Euskal Herriko industriak eta, oro har, sektore guztietako langile guztiek dituztenak dira. Erronka eta aldarrikapen amankomunak badira Euskal Herriaren luze zabalean, nahiz eta momentu honetan Nafarroko Industria legearen baitan aldarrikatu, langileentzat onuragarria den lege bat lortzeko aukera badagoelako da, baina aldi berean nahi ez dugunarekin aurkitzeko arriskua dugu.

Vianako Mondelez fabrikako langileek greba mugagabea eginen dute, enpresaren irabazi handiak berdintasunez banatuko dituen hitzarmen duin baten alde

Mondelez gaileta fabrikako langileak, Vianan (Nafarroa), masiboki atera dira gaur eguerdian Enpresa Batzorde osoak (CCOOko 7, LABeko 5 eta ELAko 1) deituriko elkarretaratzeara, hitzarmen justu bat eskatzeko. Kontzentrazio hori ekainaren 10ean hasiko den greba mugagabearen atarikoa izan da, zeinaren bidez lortu nahi baititutze soldata igoerak, antzinatasuna berreskuratzea eta lanaldia murriztea.

LAB sindikatuan ulertzen dugu Mondelez Viana enpresak irabazi handiak lortu izan dituela aurreko urteetan, eta irabazi horiek ekarri beharko luketeela langileen soldatak nabarmen igotzea. Hauexek dira negoziazioen hasieran LABetik mahai gainean jarri genituen aldarrikapen nagusiak:

  • KPIri loturiko soldata igoera, gehi puntu bat.
  • Aparteko orduei bertaratze eta puntualtasun plusa eranstea.
  • Antzinatasunagatik soldata igotzea: urtean %1 gehiago.
  • Urteko lanaldia 3 egunetan murriztea.
  • Erretiro partziala.
  • Hobekuntzak aldi baterako ezintasun kasuetan.

Baina enpresak, bortz hilabete eta hamar negoziazio bilera egin ondoren, mugitu gabe jarraitzen du. Beraz, Mondelez Vianako langileek, batzarretan bildu eta gero, mobilizatzen hastea bertze aukerarik ez dute ikusi; gaur kontzentrazio baten bidez eta astelehenetik aurrera greba mugagabe baten bidez. LABen argi daukagu batasunak, borroka elkarrekin egiteak eta guztion inplikazioak enpresaren zuzendaritza mugiaraziko dutela. Orain da unea hitzarmen duin handi bat lortzeko.