2025-12-28
Blog Page 1220

Garraio Publikoko enpresa batzorde guztiek atxikimendua eman diote Bizkairako bidai-txartel bakarraren aldeko adierazpenari

0

Garraio Publikoko enpresa batzorde guztiek ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek joan den martxoan Bizkaian txartel bakarraren alde egindako adierazpenarekin bat egiten dutela adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko Plaza Biribilean. Raul Mendezek, Metroko LABeko delegatuak, komiteen irakurketa plazaratu zuen.

GARRAIO PUBLIKOKO ENPRESA BATZORDE GUZTIEN IRAKURKETA BIZKAIKO BIDAI-TXARTEL BAKARRAREN HARIRA
Deialdi honen bidez gure babesa erakutsi nahi diogu garraio publikoko langileok ELA-LAB-CCOO-UGT-ESK eta USO sindikatuek joan den martxoan Bizkaian txartel bakarraren alde egindako adierazpenari.

Bizkaiko garrio publikoko enpresa-batzorde GUZTIETAKO ordezkariak gaude hemen ordezkatuta. 14 enpresa-batzordek egin dugu bat txartel bakarraren adierazpenarekin, eta gehien-gehienok, denka ez esatearrean, AHO BATEZ gainera.

7 tren-enpresa: EuskoTren, Euskal Trenbide Sarea, Metro Bilbao, Renfe, Adif eta oraingo Renfe zabalera metrikoa eta Adif zabalera metrikoa, FEVE zenetik datozenak.

7 autobus-enpresa: BioBide (Bilbobus), eta Bizkaibusen 6 emakidak (TCSA, CAVSA, PESA, ADNOR, Enkarterriak eta Loiuko Autobusak).

Gainera, hasierako adierazpena sinatu genuen 6 sindikatuei ELA-LAB-CCOO-UGT-ESK eta USO, indar sindikal gehiago ere batzea lortu dugu, hala, SEMAF, SCF, CIM, TRENBIDEGINEN, eta abar.

Azken batean, baieztatzen dugu sektoreko 3.000 langile baino gehiagok babesten dugula Bizkaian txartel bakarraren aldeko adierazpena.

Bizkaiak txartel bakarra behar du garraio publikoaren kalitatea hobetuko bada, sektoreko langileen lan-baldintzak bermatuz. Horregatik, gure txartel bakarraren proposamena BARIK kontaktu gabeko txartela baino askoz urrutirago doa.

BARIK euskarri elektronikoa baino ez da, plastikozko txartela, hainbat garraiobidetan erabiltzeko aukera ematen duena. Baina poltsa edo zorroan abonu eta txartel gutxiago eroatea soilik dakarkigu, ez, ordea, kalitate hobeko garraioa.

Garraio publikoko langileok TXARTEL BAKARRAREN alde gaude, ezaugarri hauekin:

1.- Bi punturen aldeko bidaiak, edozein garraiobidetan, tarifa bera izatea beti. Tarifak bateratzea, alegia.

2.- Garraio publikoaren erabilera sustatu eta saritzea. Zenbat eta bidaia gehiago, hainbat eta merkeago.

3.- Justizia sozialean oinarritzea, pertsonen diru-sarreren araberako tarifekin.

4.- Intermodalitatea bermatu eta erraztea, zerbitzuaren kalitatea hobetuz inplikatutako alde guztientzat, erakunde, herritar zein langile.

5.- BIZKAIKO garraio publikoko enpresa guztietan erabilgarria izatea, eta operadoreen arteko lehiaren aurrean garraioa koordinatzea erraztea. Premiazkoa da Garraioaren Agintaritza Bakarra eratzea.

Horrela soilik, TXARTEL BAKARRAREN ezaugarriak ikuspegi sozialetik definituz, alegia, lortuko dugu Bizkaiko garraio publikoaren kalitatea hobetzea hainbat ikuspegitatik, kudeatzen duenaren, erabiltzen duenaren eta egunero funtzionatzea ahalbidetzen dugunon ikuspegietatik: ERAKUNDEAK, JENDARTEA ETA LANGILEAK uztartuta, hain zuzen.

GARRAIO PUBLIKOAREN ALDE txartel bakarra orain.
 

 

 

Kutxabanken pribatizazioaren aurkako giza-katea egin dute eragile sozial eta sindikalek Bilbon

Finantza sistema publiko baten alde eta Kutxabanken pribatizazioaren aurkako manifestua sinatzen duten Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalek Sabin Etxearen aurrean hasi, eta Gran Vian, Kutxabankek aurrean amaituko den giza-katea burutu dute gaur. Bide batez, datorren ekainaren 21ean Kutxabanken pribatizazioaren aurka Bilbon izango den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.

Finantza sistema publiko baten alde eta Kutxabanken pribatizazioaren aurkako manifestua sinatzen duten erakundeen irakurketa
Gaur gaurkoz BBK eta Vitaleko batzarrak ez daude oraindik deituak, baina ditugun informazio kontrastatuen arabera, esan dezakegu Kutxak Fundazio Bankario bilakatzeko hartu nahi den erabakia Kutxabankek etorkizuna argitu gabe hartu nahi dela. Gure iritziz hori oso larria da, finantza erakundearen pribatizazioarekin amaitzen den nobelaren kapitulu berri bat osatzea baitakar.

EAJk borondatea azaldu digu gutxienez BBK hilabete honetan, ekainean, Fundazio Bankario bihur dadin. Eta onartu zaigu ere, ez dagoela inolako legezko obligaziorik hilabete honetan egin behar izateko, beraz, horrekin ondorioztatu dezakegu “egintza burutu” politikan aurrera egin nahi dela.

Sortutako eztabaida soziala galarazi nahi duen erabakia da eta pribatizazioaren aurkako mobilizazioak geldiaraztea ere badu helburu.

Finantza sistema publiko baten alde eta Kutxabanken pribatizazioaren aurkako manifestua sinatzen dugun erakundeek dei egiten dugu ekainaren 11n goizeko 10.30etan Bilboko Albia lorategietan, Sabin Etxearen aurrean hasi, eta Gran Vian, Kutxabankek aurrean amaituko den giza-katean parte hartzera.

Amaitzeko, datorren ekainaren 21ean, Bilboko kaleetan egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeak duen garrantzia gogoratu nahi dugu. Ziur gaude borroka hau irabazi daitekeela eta guztion babesarekin lortuko dugula.
 

 

MICHELINgo malgutasun akordioaren kontra garaipena lortu du LABek

Atzo, Madrilgo Audientzi Nazionalean, orain urtebete Michelinek CCOO eta UGTekin adostu zuen malgutasun akordioaren kontra LABek sartutako demanda epaitzeko epaiketa eman da. Atzokoa LAB sindikatuarentzat garaipena izan da. Langileen eskubideak urratu ez daitezen ituna aldaraztea lortu dugu.

Malgutasun akordioa Madrilen negoziatu zuten CCOO eta UGTk estatu mailan daukaten gehiengoz baliatuz, eta estatuan dauden lantegi guztietan indarrean ipini zuten. Malgutasun akordioaren aplikazioaren bidez, LABen iritziz, langileen eskubideak urratzen ziren, langileak gaixotasun bajan egonda ere enpresarekiko lan egunetan zorretan egon zitezkeelako.

Honen aurrean LABek salaketa sartu zuen eta epaiketa burutu baino lehen, hau da, kontziliazio aktoan enpresak, CCOOk eta UGTk ez zuten gure proposamena onartu, euren akordioa berretsiz.

Atzo epaiketa bukatu zen aldeen akordio batekin, hain zuzen ere, estatuko lantoki guztien langileengan eragina duen malgutasun akordioari eranskin bat gehitu behar zaiola jasotzen duen akordioa, hau da, gaixotasunagaitik eta baimen bereziagaitik lan egin ez diren egunak modu indibidualean errekuperatzeko ezintasuna onartuz. Honek suposatzen du malgutasun akordioa moldatu behar dela langileen eskubideak urratu ez ditzan.

Emaitza honek argi uzten du LABek arrazoia zeukala demanda planteatu zuenean eta langileentzat onuragarriagoa dela zentzuz jokatzea gehiengoz inposatzea baino.

 

 

Gerediaga eta Elorrio batuko dituen errepidearen obratan irregulartasunak salatu ditu LABek

0

Gerediaga (Abadiño) eta Elorrio batuko dituen errepidearen obratan egiten ari diren irregulartasunak salatu ditu LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzaren aurrean.

Obra hauek, Bizkaiko Diputazioaren mendeko den INTERBIAK-ek esleitu zizkion Autovía Gerediaga – Elorrio UTEari, eta honek, modu berean, beste enpresa batzuk azpikontratatu ditu obra hauen parte bat egin dezaten.

Obra bisitatu eta gero, LAB sindikatuak egiaztatu ahal izan du Bizkaiko Lurralde Historikoan derrigorrez bete beharreko Eraikuntzako hitzarmena ez dela betetzen azpikontratatutako enpresetan.

LABek salatu du, azpikontratatutako enpresa hauek, modu orokorrean, hitzarmenean jasotzen den eguneko jardunaldia baino luzeagoak egitera behartzen dituztela; markatutako atsedenaldietan lan egiten dela eta, horrela, ez dela betetzen urte hasieran sindikatuen eta patronalaren artean sinatutako lan egutegia. Era berean, hitzarmeneko soldata tauletan agertzen diren kantitateak baino txikiagoak, aparteko pagak prorrateatuak izanik, kobratzen direla egiaztatuta LABek salatu du ere soldaten kontuan ez dela betetzen hitzarmena eta, gainera, kotizazioetan balizko iruzurrak egon daitezke.

Aurtengo apirilaren 3an, obra hauetako tunel batean langile bat zaurituta suertatu zen istripu batean eta helikopteroz eraman zuten Galdakaoko ospitalera. Halako gertakarien aurrean, LABek bere kezka azaltzen du lan osasuneko eta segurtasuneko neurriak ondo aplikatzen ote diren.

LAB sindikatuarentzat gertaera hauen erantzukizuna azpikontratatutako enpresetan dago, irabazi haundiak eta arinago lortzeko grinagaitik enpresetako langilei hitzarmeneko lan baldintzak aplikatu beharrean ezegonkortzen dituzte, lan baldintzen kalterako. Ezin dugu ahaztu obra egiteagaitik kobratu behar dutenaren zati bat “gerizpeko peaje”ko formatuan kobratuko dutela UTE-ko enpresek, hau da, 30 urtez azpiegituraren mantenimenduaz arduratuko direla. Obra zenbat eta lehenago bukatu, hainbat eta lehenago kobratzen hasi.

Gure iritziz, gertaera hauen erantzukizuna ez da bukatzen enpresetan, baizik eta langileak sufritzen ari diren egoera ilegal honen aurrean beste aldera begira dagoela dirudien administrazio kontratatzailearengana iristen da, hau da, Bizkaiko Diputazioarengana. Enpresen diruzalekeriaren aurrean administrazio publikoak langileen eskubideak babestu behar ditu eta, horregaitik, gogoratzen dugu Bizkaiko Diputazioak berak ateratako jarraibideak obra honetan ez direla betetzen. Administrazio honi dagokio kontrolatzeko eta zigortzeko neurriak ipintzea, enpresen lukurreriak langileak esklabuak bihur ez ditzan edozein baldintzetan lan egiten euren eskubideak eskatu ezkero lana galtzeko arriskuagaitik.

 

 

 

FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalak aurkeztutako proposamena ezagutu ostean, LABen balorazioa

0

FVEMek metalgintzako sektoreko lan baldintzen desarauketaren aldeko apustua egiten duela konfimatu du, lan erreforman sakonduz eta gaur egungo lan hitzarmenanaren indarraldiaren aldeko epaia aintzat ez hartuz. Modu horretan bakarrik uler daiteke beste sektore batzuetan sinatzen dituen klausulak, zeinak hitzarmenaren egiazko betetzea bermatzen duten, honetan ez onartzea.

Aldi berean, hitzarmena bere probetxurako txantaia gisa erabili nahi duela baieztatu du. Modu horretan uler daiteke desenplegu handia dugun egoera honetan malguntasunez erabili ahal izateko 250 orduren planteamentua (lan erreformak inposatzen duena baino gehiago), edota hainbat eskubideen galera planteatzea, esaterako, in itinere gertatzen diren lan istripuengatik edo arazo muskulu-eskeletikoengatik konplementuak kobratzeko eskubidearen galera, besteak beste.

Hori ez da bidea Bizkaiko metalgintzako 50.000 langile baino gehiagok behar duten egonkortasuna lortzeko. LABek bere proposamena babeste jarraituko du mahaian zein lan zentruetan.
 

 

 

LABek elkarretatzea burutu du SEAren aurrean Metalgintzako Hitzarmen blindatuaren alde

0

Ohar honen bidez jakinarazi nahi dugu LABek elkarretatzea burutu duela gaur goizean Gasteizen, SEAren egoitzaren aurrean “SEA, Metaleko konbenioa, zergatik ez?” lelopean. Elkarretatzearen bidez, sindikatuak interpelazio zuzena egin dio Arabako patronalari herrialdeko Melagintzako Hitzarmenari begira.

Jakina denez, bihar bilduko da Arabako Metalgintzako Mahaia baina badira ia 4 astebete LABek bere proposamena aurkeztu zuenetik: 36 hilabetetako ultraktibitatea, KPIko soldata igoera, deskuelge unilateralak ekiditeko klausula eta gainontzeko lan baldintzak mantentzea.

Azken finean, adostasunean oinarritutako hitzarmena defendatzen dugu, adostutakoaren aplikazioa bermatuko duena. Ez dugu onartzen, aldiz, enpresen alde bakarreko inaplikazioa, 18 hilabetetan SEAren inposaketa erraztea, KPIaren erreferentzia galtzea, ezta lan baldintzetan murrizketak egotea ere. Ez dugu onartzen beraz, “España” eredua Arabako metalgintzara ekartzea, patronalaren neurriko hitzarmenak onartzea, aski ongi erakutsi baita horrek pobrezia eta prekarietatea zabaltzea besterik ez duela lortzen: soldatak jaisten dira, deskuelgeak eta inaplikazioak areagotzen dira, ezta ez ditu inolaz ere bermatzen enplegua eta langileen eskubideak.

Beraz, LABek uste du oinarri sendoak egon badaudela Arabako metalgintzan hitzarmena lortzeko eta jarrera horrekin parte hartuko dugu biharko negoziazio mailan; jarrera berarekin ere jarraituko dugu mobilizazioak eta dinamikak bultzatzen. Orain, SEAri dagokio argitzea ea adostutasunean oinarritutako hitzarmena nahi duen edo inposeketaren eskeman jarraituko duen.
 

 

 

Negoziazio kolektiboaren defentsan ADEGIren egoitza okupatu du LABek



Gaur goizean, LABeko 30 kide inguru ADEGI patronalaren Donostiako egoitzan sartu dira negoziazio kolektiboa bloketu eta bahitzeko duten erabakia salatzera. LABek ekimen honekin sektoreko hitzarmenak negoziatu bitartean borrokan jarraituko duela eta bere posiziotik ez dela mugituko adierazi nahi izan du. ADEGIren deiari jarraituz Ertzantza bertan zeudenak desalojatzera hurbildu da, banan banan atera dituztelarik bertatik.

LABen irakurketa
Gaur goizean LABeko kide batzuk Adegiren egoitzara sartu dira eta protesta egin dute bertan, ondorengo mezu hau helarazteko:

LAB Adegira joan da beste behin ere negoziazio kolektiboa blokeatu eta bahitzeko duten erabakia salatzera. Atzo Gipuzkoako metalgintzako mahaian izan zuen jarrera, mahai guztietan errepikatzen ari dena, onartezina da. Langileek negoziazio kolektiborako duten eskubidea ez da eztabaida juridikoa, borondate politiko kontua da eta atzo berriro ere os argi erakutsi zuten ez dutela negoziatzeko inolako borondate eta asmorik.

Gaurkoan Adegiren egoitza barrura sartu gara, irudikatzeko borrokan jarraituko dugula sektoreko hitzarmenak negoziatu bitartean.

Adegik berriro ere elkarrizketa eta akordioaren bideari uko egin eta Ertzantza deitu du eta barruan zeuden LABeko kideak Ertzantzak atera ditu banan banan. Beste behin ere ez dute inolako asmorik erakutsi egoerari irtenbide bat bilatzeko.

CONFEBASKek ordezkatzen duen patronalak, eta konkretuki Adegik, gero eta zilegitasun sozial gutxiago dute. Ez dute enpresarien gehiengoa ordezkatzen, ez dituzte enpresa txiki eta ertainez osatua dagoen ekonomia errealaren interesak babesten. Eta inoiz neurtua izan ez den baina negoziazio mahaietan gehiengoa ematen dien ordezkaritzaz baliatzen dira hitzarmenak blokeatzeko.

Enpresaz enpresa patronalaren estrategia pitzatzen ari gara LABetik. Enpresako akordioak lortzen ari gara eta hori positiboki baloratzen badugu ere, LAB moduan oso argi dugu bertako langile guztiek negoziazio kolektiborako eskubidea bermatua izan dezaten, sektoreko hitzarmenen alde borrokatzen jarraitu behar dugula enpresatan eta kalean.

Negoziazio kolektiboaren blokeoa ez da arazo laboral soila, arazo politikoa da eta horregatik eskatu dugu Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa guzti honetan. CONFEBASK–ADEGIren blokeo jarrera ez litzateke posible izango, hauengandik babes politikoa jasoko ez balute.

Bada garaia behingoz, Jaurlaritzak hitzarmenak desblokeoatzeko iniziatiba politikoa har dezan, arazoari behingoz aurre egin diezaion eta mantentzen duen ekidistantzia hori apurtu dezan, erantzunkizunak dauden lekuan kokatuz, CONFEBASKen alegia.

 







 


Gipuzkoako metalgintzako bileraren LABen balorazioa

0

Adegik gaurko bileran, duela urtebete negoziaketak bertan behera utzi zituenean agertu zuen jarrera bera erakutsi du (baieztatu da ez duela negoziatuko Auzitegi Gorenaren epaia eman arte). Bere izaera autoritarioa eta negoziaketarako borondate eza agerian gelditu dira.

Adegiren jarrera guztiz arduragabea eta oso larria da. Eskandalagarria da. Adegik ondo dakien moduan, arazoa ez da juridikoa, negoziatzeko borondate eza baino. Inongo epaitegik ez du erabikirik hartuko Gipuzkoako metalgintzaren hitzarmenaren inguruan. Hau soilik aldeei dagokie, patronala eta sindikatuei. LABek sektoreko langile guztientzako hitzarmena nahi duela frogatu du gaurkoan. Adegik, aldiz, lan harreman eredu indibidualaren alde egin duela uste dugu, hau da, sektoreko langileei inposaketa ezarri eta mehatxu egin Estatuko hitzarmena aplikatzearekin.

Gaurko bileran, egiaztatu dugu ADEGI patronal autoritario eta erreakzionarioena dela.

Jakin badakigu, horrela esan digutelako, herrialdeko hainbat eta hainbat enpresari ez datozela bat Adegiren jarrerarekin. Nor ordezkatzen dute? Zer interes defendatzen dituzte? Enpresetara gatazka eramaten duten bitartean, eurek euren enpresetan akordioak adosten dituzte, Adegiren presidente Pello Gibelalderen kasuan, esaterako.

Metalgintza ezezik, Gipuzkoa osoa prekarietatera eta desarautzera kondenatu nahi dute. Adegik presio lobby moduan dihardu, eta hori LABentzat ez da onargarria.

LABek metaleko langile guztiek hitzarmen duin bat izateko eskubidea defendatzen jarraituko du, lan baldintza minimo batzuk izateko eskubidea. Metaleko hitzarmena ez da Adegi edo epaitegi baten eskuetan dagoen jostailua, Gipuzkoako langileen eskubideen bermea baizik.

 

 

 

LABek suspentsuan jartzen du PRECOren sinadura

ELAk PRECO berritzeko akordioa ez sinatzeko hartutako erabakiaren aurrean LABek bere sinadura suspentsuan jartzea erabaki du. PRECO da momentu honetan lau sindikatuen parte hartzearekin bizirik eta bere funtzioa betetzen jarraitzen duen akordio bakarra, eta LABek uste du sinadura lortuko bada gaurdainoko adostasun mailari eutsi behar zaiola.

LABen posizioa PRECO berritzeko akordioaren aurrean
PRECO da momentu honetan bizirik jarraitzen duen akordio bakarra, lau sindikatuok parte hartzen dugu eta modu normalitzatu batean funtzionatzen duelako bete du bere funtzio. PRECO berritzea erabaki genuen hori positiboa eta beharrezkoa baloratu genuelako. Organu hau gaurkotzeak lan gatazkak bideratzeko aukerak hobetzen ditu eta horrek hemen, gatazka denean nagusi, garrantzi handia du.

PRECOaren berritzea arazo eta gatazka politikoa bihurtzen den momentutik hasierako helburuak ezerezean geratzen dira. Hobekuntza bat behar lukeena arazo berri bat izango da, gatazka iturri izango da. 

Egoeraz
Arazo bat dagoela bistakoa da, hemen ez dago ezta guztiok konpartitzen ditugun akordioak egiteko baldintzarik eta modurik ere. HORI DA ARAZOA. Arazo horri aurre egin behar zaion behingoz, eta guk ez dugu ikusten sasi eztabaidekin eta ihes bideak bilatzen arazoa konponduko dugunik.

Batetik, patronalaren zilegitasunaren auzia ez da Bizkaidendak auziarekin sortu eta Bizkaidendak auzia ez da konponduko PRECO ez sinatzeagatik. PRECOk ez du patronalaren auzia konponduko. EZ DEZAGUN PRECOra ERAMAN aipatu auzia ETA PRECO ALFERRIK HIPOTEKATU.

Hemen arazoa Confebask da, arazo politiko bat da, ez da teknikoa (ze ordezkaritza maila duen hemen edo han), eta ez da azaleko. EZ DAGO PATRONALIK LAN MUNDUARI BEGIRA DITUGUN ERRONKEI AURRE EGITEKO, EZ DAGO PATRONALIK GURE EREMUAN BEHAR DITUGUN AKORDIOAK ERAIKITZEKO. Arazo bat da euren posizioagatik. Arazo bat da euren egoeragatik. Eta arazo konpontzen edo bideratzen ez den heinean handitu egiten da, gatazka berrien iturri izango delako.

• Negoziazio kolektiboa ez da bideratu eta ez da desblokeatu Confebaskek ezetz esan ziolako Jaurlaritzak babesten zuen akordio interprofesional bati.
• Hitzarmenak blokeatuak daude Confebasken helburu bakarra lan erreforma ezartzea delako, hori da bere borroka euskal ekonomia berreraikitzeko borrokatu beharrean. 
• Eta horrela ezinezkoa da akordioen bidea hartzea. Ezin dira akordioak egin lan munduan negoziazio kolektiboen bidez, ezin dira akordioak egin organismo soziolaborelatan eta ezin dira, noski, akordio politiko sendoak eraiki. Jaurlaritzak nola berreraikiko du elkarrizketa soziala baldintza hauetan? Eskaintzarik gabe garatzen da Confebaskek ez duelako aukerarik ematen.
1998an altxatu zen Confebask enplegu mahaitik eta egoera aldatu egin zen, akordioaren bidea txikitu eta gatazka nagusitu zen. Eta oraindik horrela gaude. Jaurlaritzak egoeraren ardura eta interpelazioa beti jarri du ELAren eta LABen gainean. Bada garaia Confebaskek bide guzti honetan eta egoera honetan duen ardurei begiratzeko eta arazoari aurre egiteko.
 

Bestetik, esan dugunez, arazoa ez da BizkaiDendakekin sortzen eta ez dugu inondik inora konpartitzen PRECOko akordioa auzi horretarako baliatzea. Beraz ez dugu bat egiten ELAren jarrerarekin.

Guztiz kontrajarria iruditzen zaigu hartzen dituen beste erabaki batzuekin. ORPRICCEarekin adibidez. Hor patronala Confebask da, PRECOan dituen arazo berdinekin. Eta hor gaia negoziazio kolektiboa da, are gehiago, negoziazio kolektiboaren balioa da hor gaia erabakitzen dena akordioek duten balioa delako. 

Gainera, Bizkaidendak bada ELAk PRECOren akordioa sinatzeko jartzen duen prezioa, LABek ez du joko horretan parte hartuko. ELAk bere borroka partikularra bihurtu du sektore hitzarmen bat eraikitzeko bidea izan behar duena. Borroka hori benetan irabazteko aukerak murriztuz.

Borroka horren atzean akordio sindikal bat balego sektore langileak askoz ere aukera gehiago edukiko lituzkete irabazteko. Ez dago akordiorik bide hori alboratu zelako. Bere lehiarako tresna bihurtu beraz guk ez ditugu gure erabakia horren arabera hartuko.

Gure ustez bi gauzak nahasteak ez du ezertan laguntzen, PRECO kaltetzen dugu eta ez dugu bestea hobetzen.

LABen jarrera:
• Hasieratik esan genuen bezala, LABen iritziz PRECO berritu behar da, lau sindikatuon babesarekin egin behar da eta organu honen funtzionamendu normalizatua ziurtatuko duen lau sindikatuon parte hartzeak jarraitu behar du. 
• Momentu honetan ezinezkoa da horrela izatea. Egoera hau onartzea huts egite handia dela pentsatzen dugu, akordioa posiblea zen eta posiblea egin behar da. LABek ez du bere erabakia aldatuko: PRECO gaurkotu behar da modu adostuan. Adostasun hori eraiki behar dugu. 
• Lan Sailari bilera eskatu diogu Jaurlaritzari eskatzeko arazoaren aurrean aurrera urrats emateko behingoz.
â—¦ Patronalaren zilegitasunaren auzia hor dago eta ez da bakarrik konponduko, eta ezin zaigu sindikatuoei pasa arazoa eskuetatik ihes ez egiteko ardura.
â—¦ Jaurlaritzak harago egin behar du. Lan harreman eredu berri batera eramango gaituen bidea egin behar badugu, eta hori da Lan Sailak esaten duena, Confebasken aurrean erabakiak hartu behar dira hori delako arazo nagusia. ZER DA JAURLARITZAK PLANTEATZEN DUENA AKORDIOAREN BIDEA POSIBLE EGITEKO CONFEBASK AKORDIOEN KONTRA BADAGO? Uztailaren 7an gertatutako hor dago. Arazoa ez dago sindikatuotan.
• PRECO gaurkotzeko egin hasierako gogoeta eta orduan ikusi ziren asmoak berreskuratzeko eta horiek nagusitzeko eskatuko dugu akordioaren mahaian. Premiak eraman gintuen akordio hau bultzatzera eta premia hor dago.
• Beraz ELAri hori eskatzen diogu. Patronalarekin dugun borroka ez da zertan baztertu behar PRECO sinatzeko, ezta PRECO sinatzeagatik. Horrela ikusi genuelako hasi zen akordio honen bidea. Eta noski, gure eskua luzatzen dugu Confebaskeri batera aurre egiteko. Hori izango da biderik emankorrena langileentzat.