2025-12-31
Blog Page 1211

CONFEBASKen jarrera salatuko du LABek bihar Donostia, Bilbo eta Gasteizen

LAB sindikatua kalean izango da bihar negoziazio kolektiboan bizitzen ari garen blokeo egoeraren erantzule den CONFEBASK patronalaren jarrera salatzeko, erantzuleak seinalatzeko eta instituzioei, bereziki Jaurlaritzari, egoera konpontzeko erabakiak har ditzala eskatzeko. «Patronala lapurrak! Enpleguaren defentsan, hitzarmenak orain!» lelopean hiru manifestazio burutuko dira goizean Bilbo, Gasteiz eta Donostian.

Bide beretik, eta kasu honetan bereziki ADEGIren jarrera salatzeko, arratsaldean Gipuzkoako eskualde guztietan mobilizazio ezberdinak egingo dira, (Donostia, Ordizia, Orereta, Azkoitia, Eskoriatza…).

Mozioak udaletxe ezberdinetan
Bide beretik eta Instituzioei interpelatzeko asmoz, udaletxe ezberdinetan mozioak aurkezteko dinamika bati eman dio hasiera LABek, udazkenean segina izango duena.

Patronala lapurrak! Uztailaren 2an KALERA! Enpleguaren defentsan hitzarmenak orain!

Mobilizazioaren helburua
– Mobilizazioaren helburua da, negoziazio kolektiboan bizitzen ari garen blokeoa salatzea, erantzuleak seinalatzea eta instituzioei bereziki Jaurlaritzari egoera konpontzeko erabakiak har ditzala eskatzea.

– Negoziazio kolektiboa guztiz blokeatzen du CONFEBASKek. Lan erreforman sakontzeko ez bada, soldata igoerak mugatu eta lan baldintzak kaskartuz, sortzen den aberastasuna gero eta okerrago banatzeko ez bada, akordioei atea ixten diete. Salbuespena dira sinatzen diren sektoreko akordioak.

Nola da posible hainbeste denboran blokeoa mantentzea? Hiru arrazoi nagusi daude:
– Enpresariek legeetatik jaso dituzten onurak, lan erreforma negoziazio kolektiborako eskubidea ezerezean uzteko helburuz egin da.

– Inoiz neurtua izan ez den ordezkaritza: honek, negoziazio mahai gehienetan gehiengoa ematen die CONFEBASKen barnebiltzen diren enpresa elkarteei, ADEGI/CEBEK/SEA. Gehiengo hau erabiltzen ari dira erabaki politiko baten arabera negoziaizo mahaiak blokeatzeko eta akordiorako aukera guztiak zapuzteko.

– Jaurlaritzaren babesa: patronalaren jarrera hau ez litzateke posible izango Jaurlaritza – PNVk eskaintzen dien babes politiko eta sozialik gabe. Jaurlaritzak ezin du ustez ekidistantzia jarrera mantendu patronal eta sindikatuen artean baina gero egun bat bai eta hurrengoan ere bai CONFEBASK babesten jarraitu bai egiten dituzten adierazpenetan, bai burutzen dituzten politika publikoetan. 

CONFEBASKek gero eta zilegitasun gutxiago dauka jarrera honekin jarraitzeko
– LABek, denbora darama CONFEBASKek elite txiki baten interesak baino ez dituela defendatzen esanez, enpresarien gehiengoa ez duela ordezkatzen edota euskal ekonomiaren beharrei bizkar eman diela salatuz. Azken hilabete hauetan geroz eta argiago ikusten ari garen errealitatea da honakoa.

– Uztailaren 7ak sortu zuen egoera berriaren aurrean, ikasturte honetan, negoziazio kolektiboaren defentsa enpresatara eramatea erabaki genuen, beti ere sektoreko hitzarmenak defendatzen jarraituz. 

– Honela, enpresatan, hainbat enpresarirekin egotea egokitu zaigu. CONFEBASKek egun jokatzen duen paperarekiko zalantzak edota desadostasunak geroz eta gehiago ari dira nabarmentzen. Desadostasunak nabariak da, asko eta asko dira Adegi, Cebek edota Seak daramaten negoziazio kolektiborako lerroarekin bat egiten ez dutenak. Egia bada ere, hortik haratago beste urratsik ematea kosta egiten dela eta desadostasun hori ez da publiko egiten.

– Enpresari ertain eta txikiak, autonomoak….. ezinegona areagotzen ari da, enpresen arteko sinergiak bilatu ordez, euren arteko lehia nagusituko delako lan harreman erabat desaratu batean, konpetentzia desleala. Baita, lan kostuen etengabeko merkatzean lehiatzeak kontsumoa eta enplegua kaltetzen dituelako ere.

Desblokeoarako estrategia behar da:
– LABetik Borrokatzen jarraitu: lantokietan eta kalean, jarraituko dugu instituzioak interpelatzen. Jarraituko dugu proposamen berriak egiten, jarraituko dugu mobilizatzen. Beti iparorratz argi batekin eta estrategia koherente batekin. Euskal herriko langile guztien negoziazio kolektiborako eskubidea defendatzea.

– Negoziaizo eremu guztiak defendatuko ditugu. Eta ez hori bakarrik, hitzarmen horiek sektorean edo enpresan, gutxieneko eduki batzuk bermatu behar dituzte (atzerapausorik ez, KPIaren erreferentzia kontuan izango duten soldata igoerak, lan erreforma mugatzeko klausulak)

– Eta hau da defendatuko duguna patronal guztien aurrean, eremu guztiak gutxieneko edukiekin, eta hau edozein patronalen aurrean defendatuko dugu, CONFEBASKen barruan egon edo ez. Guretzat erabakigarria hitzarmenaren edukia da, hau da eragindako eremu horretako langileen interesak defendatzea.

– Insituzioak interpelatzen jarraitu: geroz eta dimentsio politiko handiagoa hartzen ari den arazo politiko baten aurrean gaude. Arazoa CONFEBASK da, blokeoaren erantzulea CONFEBASK da. Eta desblokeoan erabakigarria izango da instituzioek hartzen duten jarrera, erabakigarria izango da herri honen gehiengoaren eta herri honetako ekonomiaren mesedetan hartuko dituzten erabakiak edota elite ekonomiko txiki bati men egiten jarraituko duten.

• Jaurlaritzari dei zuzena egiten diogu: CONFEBASKeri duen blokeo jarrera apurtzea eska diezaiola, ematen dion babes politiko eta soziala kendu deizaiola. 
Uztailaren 5ean proposamen bat jarri zuten mahai gainean, CONFEBASK izan zen akordiorako aukera zapuztu zuena. Hori izan da azken urte luze hauetan daramenten jarreraren adierazlerik nagusiena. Ondorioz, Jaurlaritza eta CONFEBASKen artean, inoiz izan den tarterik handiena sortu zen. Aurteko ikasturtean harremanak bideratu dituzten eta urak etorri dira bere onera. Bitartean ondorioak begi bistakoak dira: negoziazioak blokeatuak, soldatak behera edota langabezia gora.

• GFA hartu ditu langileen eskubideak defendatzeko erabakiak, Arau Forala edota erresidentzien gatazkan izaniko jarrera esate baterako. Adegiren haserrea eragin dute, epaitegietaraino iritsi delarik. Oso ondo erakusten du honek ze nolako prepotentziarekin jokatzen duten

– CONFEBASKekiko dugun jarrera:babes politiko eta soziala kendu behar zaio, derrigortu egin behar dugu erreformaren bidea alboratu dezan eta negoziazio kolektiboan duen bloeko jarrera apurtu dezan.

– Horretarako, CONFEBASken monopolioa hautsi nahi dugu patronalari bere ordezkaritza akreditatu behar duela eskatu eta horretarako bideak topatu behar dira, hor da Eusko Jaurlaritzari eskatu dioguna. Patronal berriei negoziazio mahaietan sarbidea ematearekin eta hori bultzatuko dugu. Baina LABentzat bidea ez da negoziazio mahai berriak irekitzea (Bizkaidendak) eta jada ikutua dagoen negoziazio kolektibo sektorialari oztopo gehiago jartzea.

– Negoziazio kolektiboaren defentsan, hitzarmenen defentsan, borroka egin nahi duen orori, gure eskua luzatzen diogu CONFEBASKeri elkarrekin aurre egiteko.
 

Goizeko Mobilizazioak
– Eguerdian LABeko delegatuen manifestazioa ARABA, BIZKAIA eta GIPUZKOAN
(Donostia 11:00 Artzai Ona, Bilbo 11:00 Arriaga, Gasteiz 11:30 Ahate Iturria)

Arratsaldeko mobilizazioak Gipuzkoan

Donostia:
Konzentrazio-Parodia.
Patronala eta langileen arteko sokatira bat irudikatuko da, 19:00etan Bulebarrean.

Goierri: Ordiziko plazan 19:00etan konzentrazioa eta informazio banaketa. 

Oarso:
Prentsaurrekoa eta ondoren manifestazioa 19:30etan Oreretan Herriko Plazatik. 

Kosta:
Azkoitin konzentrazioa udaletxe aurrean 18:30etan.

Debaldea:
Eskoriatzatik eta Itziartik bi kotxe karabana irtengo dira eta Bergaran batu. Konzentrazioa 19:00etan Bergarako udaletxeko plazan.

14.07.01
 Negoziazio kolektiboaren defentsan LABek sustatutako mozioa onartua izan da Tolosako Udalean

 

 


Bizkaiko Gizartegintza sektorearen defentsan kalera irten dira ordezkaritza duten sindikatuak

Bizkaiko sektorean ordezkaritza duten eta Bizkaiko Gizartegintzako Hitzarmen Kolektiboaren negoziazio mahaian alderdi soziala osatzen duten sindikatuak sektorea defendatzeko dinamika bati ekin diote. Atzo Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean bildu ziren ematen ari diren murrizketak geldi daitezela eta hauek dakartzaten eraginak salatzera.

LAB sindikatuaren irakurketa
BIZKAIKO GIZARTEGINTZAREN DEFENTSAN
«Bizkaiko laugarren Gizartegintzaren hitzarmen kolektiboa bete-betean negoziatzen ari gara gaur egun. Negoziazio kolektiboa langileriak daukan baliabidea da, sektore edo jarduera jakin baten lan baldintzak, eta neurri batean, haren jarduera bera arautzeko eta hobetzeko. Guri dagokigunez, hori egiazta daiteke.

Egun arte egin diren negoziazio kolektiboetan eta hauetatik atera diren hitzarmenak, erabakigarriak gertatu dira zerbitzuak zelan eta zein baldintzetan gauzatu behar diren finkatzeko.

Hirugarren Sektorea izenarekin ezagutzen den esparruan sartzen diren jarduera eta ekimen oro, Gizartegintzaren esparruan kokatzen direnak (hauen titularrak, sustatzaileak eta/edo finantzatzaileak erakundeak dira) azken urtetan erabilitako politiken ondorioak nozitzen ari da.

Etengabe jazotzen dira murrizpenak eta atzeratzeak diru-laguntzen emakidan, programen, hitzarmenen eta kontzertuen argitalpenean; dagokion aurrekontu-partida etengabe urritzen dute edo euren kabuz ezabatzen dute eta programa eta/edo zerbitzua bera deuseztatzen dute. Horrek berekin dakar: jendeak gizarte-estaldura galtzen ari dela, prebentzio eta sustatze neurriak erabiltzen ari direla, eta baita ere, lan baldintzak nabarmenki galtzea eta enplegua suntsitzea. Beharrezkoa den eta balio erantsi garrantzitsua duen enpleguaz ari gara.

Sinesten dugu gizartean sartzea eta partaidetza sustatzeko erabili behar diren politika sozialen garapena (prebentziozkoak edo gizarte-bazterketa prozesuak leuntzeko arlo sozio-laboralean, soziosanitarioan, sozioedukatiboan) eta hiritartasun osoa bermatuko duten, gizarte-justizia sustatuko duten eta bazterkeriaren egiturazko zioei ekitea xede duten politika sozialen garapena inoiz baino beharrezkoak gertatzen direla gaur egun, eta balio sozial garrantzitsua ordezkatzen dutela, sustatzen duten gizarte-kohesioagatik eta eragiten duten enpleguagatik.

Bizkaiko sektorean ordezkaritza dugun sindikatuok eta Bizkaiko Gizartegintzako Hitzarmen Kolektiboaren negoziazio mahaian alderdi soziala osatzen dugunok sektorea defendatzeko dinamika bati ekin diogu. Erakundeetan ordezkatuak dauden alderdi politikoei bilerak egitea eskatu diegu, gure diagnostikoa agertzeko eta zerbitzu hauen titularrak izanik, partaide diren erakunde guztietan konpromisoak har ditzaten.

Baina sektorea babestu eta garatu nahi badugu, sektorean dihardugun pertsona eta erakunde guztien arteko indarrak eta asmoak batzeko, eta hau guztia mobilizazioetan isla dadin, gauza izan beharko dugu.

Honengatik guztiarengatik, gure lehen deia sektorean lan egiten duten langile eta boluntario guztiei egiten diegu; sektorearen defentsan parte hartzera animatzen zaituztegu.

Gogoratu, zure partaidetza eta ekarpena ezinbestekoak direla!!»
 

 

 

LABek KYB Steering enpresari salaketa jarri dio Lan Ikuskaritzan

0

KYB STEERING SPAIN S.A. enpresan dauden LAB sindikatuko ordezkariek Nafarroako Lan Ikuskaritzan salaketa jarri dute mutuarekiko kontratazio irregularra egiteagatik. Uztailaren 4ean sindikatuak elkarretaratzea deitu du FREMAP mutuaren aurrean egoera salatzeko.

KYB enpresa nahiz Mutua UNIVERSAL jakitun badira ere egun indarrean dauden hitzarmenetan ezin dela inolako aldaketarik egin, aipaturiko enpresa mutua UNIVERSALekiko hitzarmen berri bat sinatzear dago.

Estatu espainolean 2012ko abenduaren 27an Xedapen iragankorra onartu zen, zeinak mutuarekiko edo gizarte segurantzarekiko hitzarmen guztiak luzatzen dituen Mutuen Lege berria indarrean egon arte.
Xedapen hau 2013ko urtarrilaren 1etik aplikatzen ari da eta egun langileon gertakizunen estalduran ezin da inolako aldaketarik egin.

LAB sindikatuak joan den apirilaren 28an Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian bere langileon estalduraren aldaketa eskatu zuen. Hau da, mutuatik atera eta Gizarte Segurantzaren bitartez gertakizunen estaldura bermatu.
Gizarte segurantzako probintzia zuzendaritzatik ukatu egin zuten aldaketarako eskaera, aipaturiko xedapen iragankorra oinarri izanik. Eta beraz, mutuen lege berria indarrean egon arte inolako aldaketarik ezin dela egin argudiatuta.

Halere, jakin badakigu zenbait enpresetan (KYB ez baita kasu bakarra) eta mutuen ezinbesteko laguntzarekin gertakizunen estalduraren hitzarmenak berritzen ari direla edo saiatzen ari direla. Eta hau ilegala eta irregularra da.

Hori dela eta, gaur SALAKETA jarri egin dugu KYB STEERING SPAIN S.A enpresaren kontra.

Halaber, LAB sindikatutik horrelako gertaera guztiak salatuko ditugu eta mutuen erreformaren aurka posizionatuko gara.
Gure ustez Gobernu Espainola prestatzen ari den Mutuen legeak langileon lan baldintza eta osasun eskubideen ukazio berri bat suposatuko du. Langileon gaineko kontrola eta presioa areagotuko da, mutuei konpetentzia gehiago emanez.
Patronalaren ofentsiba berri honen aurrean, LABetik Osasun Sistema Publikoaren aldeko hautua egiten dugu eta langileon gertakizunen estalduraren hitzarmenak mutuekin egin beharrean gizarte segurantzarekin egitea proposatzen dugu.

Azkenik, hurrengo ostiralean, uztailak 4an, FREMAP mutuaren aurrean (Pio XII,16) burutuko dugun mobilizazioaren deia luzatu nahi dugu.
 

 

 


Kutxabanken pribatizazioaren kontrako elkarretaratzeak Vital Kutxa eta BBKren batzar nagusietan


Euskal Finantza sistemaren aldeko eta Kutxabanken pribatizazioaren kontrako plataformak deituta elkarretaratzeak egin ziren atzo Bilbo eta Gasteizen "Euskal Herrian sistema finantziero publikoa. Kutxabank pribatizaziorik ez!" lelopean. Plataformaren partaide diren LAB eta ELA sindikatuek Kutxabanken lehentasuna aurrezki lokalaren kudeaketa izan beharko lukeela aldarrikatu eta Kutxabankek jarraitu beharreko modeloaren inguruko eztabaida soziala irekitzea eskatu zuten.

LAB eta ELAko konpromisarioek egindako irakurketa 
KUTXABANK PRIBATIZAZIORIK EZ! Euskal Herrian sistema finatziero publikoa

1. Kutxabanken lehentasuna aurrezki lokalaren kudeaketa izatea nahi dugu, euskal gizartearen eta bere ekonomia produktiboaren zerbitzura jartzeko. Hau egiteko, derrigorrez, Kutxabanken titulartasunak eta kontrolak gizartearen eta bere erakundeen eskuetan egon behar du. Kapital pribatua sartzeak erabateko aldaketa ekarriko luke, kapitalaren etekinak eta dibidenduak izango liratekeelako helburu, beste edozein bankutan bezala. Kutxabank defendatzeak konpromezu zehatza eskatzen du: kapitalaren %100ak aurrezki-kutxen eskuetan jarrai dezala.

2. BBK eta Vital ekainaren 30ean banka-fundazio bihurtzea ez da derrigorrezkoa. Honek, burutzen bada, BBK eta Vitalen Biltzar Nagusiak desagertzea ekarriko du eta, beraz, ez da atzera egiterik izango. Hori ez da inolaz ere aukera bakarra, eta egungo legeriaren barruan badaude beste batzuk:

• Kutxak banka-fundazio bihurtzea kasu batzuetan bakarrik da derrigorrezkoa, ez guztietan.
• Fundazio bihurtzea erabakitzeko epea 2014ko abendura arte luzatzen da eta ez dakar inondik ere kapital pribatua sartzeko beharra.

3. Vitaleko eta BBKko Biltzar Nagusirako deiaren gai-ordenetik IX. puntua kentzea eskatzen dugu. Emandako arrazoiez gain, oso larria iruditzen zaigu BBKn mehatxuen bitartez (ekonomikoak, kargutik kentzea eta ezgaitzeak) iritzia eta botua askatasunez erabakitzeko eskubidea urratzea. Jokatzeko modu antidemokratiko eta ilegal hau gaitzesten dugu, eta zehazki:

• Hain desberdinak diren gaientzako bozketa bakarra egitea, hala nola banka-fundazio bihurtzea, banka-fundazioaren estatutuak onestea eta haren patronatua hautatzea.
• Alde bozkatzen ez dutenei 500.000 eurora arteko isunekin mehatxatzea, IX. puntuko proposamenek aurrera egingo ez balute. Honek akatsa eragiten du biltzarkideengan eta ez da onargarria gizarte demokratiko baten.

4. Kutxabanken Euskal Autonomi Erkidegoan, azken hiru urteetan, 1.000 lanpostu baino gehiago suntsitu direla salatu nahi dugu. Gainera, langile gehienen borondatearen aurka, estatu mailako hitzarmen bat inposatu da, lan baldintzak prekarizatzen dituena. Kutxabanken euskal eremuko hitzarmen baten negoziazioa eskatzen dugu eta lantaldea handitzea gure erakundean kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko.

5. Kutxabankek jarraitu beharreko modeloaren inguruko eztabaida soziala irekitzea eskatzen dugu. Ez da behin-behineko erabakirik hartu behar eztabaida horretan hipotesi guztiak eta bakoitzaren kostuak aztertu gabe.

ELA eta LAB sindikatuak
2014ko ekainaren 30ean
 

BILBO

GASTEIZ

«KUTXABANKen pribatizazioa herritarrok galtzaile»
14.06.30
  LAB eta ELA: «Kutxabankeko hamarna milaka kreditu-kontu eta mailegu putre-funts bati salduko dizkiote datozen egunotan»
14.06.30
  LAB eta ELAk Kutxabanken pribatizazioari ezezko botoa ematea legala eta zilegia dela aldarrikatu dute
14.06.21
 «Milaka euskal herritar Bilboko kaleetara irten dira KUTXABANKen pribatizazioari ezetz esatera»
14.06.21

 «Bea Martxueta, LABeko politika sozialetako idazkariaren interbentzioa»
14.06.20

 «Pribatizazioaren kontrako bozka emateak zigorra ekarriko duela jasotzen duen puntua gai ordenetik erretira dezala eskatu diote LAB eta ELAk BBKri»
14.05.13
 «Esta batalla la vamos a ganar. En Euskal Herria, Banca Pública»
Bea Martxueta y Txomin Lorca
14.06.06
 Euskal Kutxen likidazioa bizkortzen ari da. Hilak 30 baino lehen gauzatu nahi dute

 

 

Bizkaiko Aldundiak hitzarmenaren negoziazio eta akordio blokeatu ditu

Urtarrilean Bizkaiko Aldundiarekin Hitzarmen berri bati buruzko negoziazioak hasi ziren. Bizkaiko Foru Aldundian ordezkatuta dauden sindikatu guztiek plataforma bateratua aurkeztu zuten oinarrizkotzat jotzen dituzten aldarrikapenak jasoz. Negoziazio Mahaiaren batzar batzuen ostean, ekainaren 24an, negoziazioak apurtuta gelditu ziren Aldundiaren borondate eskasa eta akordioak lortzeko gaitasun eza agerian geldituz.

Bizkaiko Foru Aldundian ordezkatuta dauden sindikatu guztien irakurketa (LAB, ELA, UGT eta CCOO)
ALDUNDIAK HITZARMENA/AKORDIOAREN NEGOZIAZIOA BLOKEATU DU

«Urtarrilean Bizkaiko Aldundiarekin Hitzarmen berri bati buruzko negoziazioak hasi ziren. Abiapuntua hau zen, negoziaziorik gabeko urte luzeak eta epealdi honetan gertatutako murrizketak: lan-sarien murrizketa garrantzitsua, langileen kontratazioaren murrizketa larria eta hainbat zerbitzu publikoen pribatizazioa.

Bizkaiko Foru Aldundian ordezkatuta gauden sindikatu guztiok plataforma bateratua aurkeztu genuen oinarrizkotzat jotzen genituen aldarrikapenak jasoz. Aldundiak, bere aldetik, kontra-proposamena aurkeztu zuen, hitzarmenaren negoziaziorako oinarrizko dokumentu gisa.

Negoziazio Mahaiaren batzar batzuen ostean, ekainaren 24an, negoziazioak apurtuta gelditu dira. Izan ere, sindikatuok adostasunerako gure oinarrizko baldintzak azaldu genituen eta Aldundiak ez ditu onartu:

– Egun lantoki publikoetan eta langile publikoekin ematen diren zerbitzuak ez pribatizatzeko konpromisoa.
– Enplegua mantendu eta sortzeko asmoarekin, ordezkapen, EPE eta lekualdatze lehiaketei buruzko akordioa, bai Aldundian bai GUFEn.
– Lansarien inguruko akordioa: 2014an eta 2015ean KPIren egoera, eta azken urteotan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko bermeak, berreskurapen hori 2015ean hasita.

Aldundiaren erantzuna irmoa eta zurruna izan da: EZ zerbitzu publikoak mantentzeko konpromisorik, EZ enplegu sorrera eta antolaketaren gaineko hurbilketarik, eta harrigarriena dena, lansarien kontuan atzerapausoa, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko inolako bermerik ez baitute eskaintzen. Baldintza horietan, Negoziazio Mahaia apurtu da Aldundiaren negoziaziorako borondate eskasa agerian geldituz.

Sindikatuok langileon lehentasunezko aldarrikapenak asetzen dituen hitzarmen bat erdiesteari ez diogu uko egiten. Aldundiaren jarrerak, aldiz, mahaia apurtu du eta agerian uzten du bere negoziazio borondate eskasa eta akordioak lortzeko gaitasun eza.»
 

 

 

LAB euskara eta euskal kulturarekin bat eginez «.eus» domeinuaren aitzindarietako bat da

0

Larunbatean PuntuEus Fundazioak «.eus» domeinuaren aitzindarien zerrenda publiko egin zuen Bilbon. 92 dira aukeratutako talde eta erakundeak eta tartean LAB sindikatua dago. Hemendik aurrera LAB sindikatuaren webgune eta postak «labsindikatua.org» izatetik «lab.eus» izatera pasako dira. Hala ere, eta arazo teknikoak ekiditeko asmos, bi domeinuak batera martxan izango dira denbora tarte batean.

.eus :: zergatik eta zertarako
Internetek, kultura-aniztasuna mailarik gorenean kokatzen du eta, kultura-aniztasun horren baitan, gaur egun euskarak eta euskal kulturak Interneteko aterpe teknologiko propioa izan dezakete: .EUS domeinua, ‘Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea’-ren [ EEKK ] Interneteko izena.

Ikur hori euskara eta euskal kultura sustatzeko tresna izango da eta, hori horrela, .EUS domeinua mundu mailako hizkuntza normalkuntzarako tresnatzat ulertzen dugu: .EUS domeinuak, Interneteko espazio birtualean, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen baitu. Are gehiago, .EUS domeinuak euskara lehen mailako hizkuntza bihurtzen du Interneten, mundu mailako aitorpena eskainiko baitio eta hura sustatzeko bitarteko eraginkor bihurtuko baita.

Era berean, .EUS domeinuak Internetek berezkoa duen aniztasuna sendotu, hedatu eta egiazkoagoa bilakatzen du, izan ere, hizkuntza eta kulturen komunitateek beren domeinu propioa izateak kultura-aniztasuna sarean ere kokatzen duelako. Biak ala biak, beraz, bai Interneteko Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea eta baita Internet tresna gisa ere, onuradunak dira hizkuntzari eta kulturari loturiko domeinuez ari garenean.
 

 

Formakuntzarik gabe ez dago prebentziorik

0

Gaur, ekainak 30an, EHAAn argitaratu da Osalan Zuzendariaren Ebazpena, 2014ko ekainaren 9koa, Prebentzio Delegatuen prestakuntzarako diru-laguntzetarako deialdia ebazten duena.

Prebentzio delegatuek jaso beharreko prestakuntzari dagokionez, Ebazpenak Gasteizko Gobernuaren eta Osalan beraren urteetako pasibotasunari makillajea baino ez dio jartzen. Aipatu prestakuntza CONFEBASK enpresa-elkarteak eta ELA, UGT, CCOO eta LAB sindikatuek 1997an izenpetu zuten. Akordioaren ondorioz Osalani dagokio baliabideen kudeaketa, eta Prebentziorako Ordezkarien Prestakuntza ekintzek maila bi dituzte: lehengoa, araudi, eskubide eta betebeharrei buruzkoa (16 ordu), sindikatuek ematen dute; eta bigarrena, Osalanen ardurapeko arlo teknikoa, hezkuntza-sistemak aitortutako eta homologatutako zentroek ematen dute.

Ebazpenari buruz badugu zer esan:

• Beste behin ere Osalanek ez du ezer kontrastatu giza eragileekin

• Ez da ziurtatzen Osalani dagokion prestakuntza teknikoa, kalitatea eta gardentasuna bermatzeko, zentro publikoetan ematea. Ez da ikusten ere diru poltsa hori Osalan bera sendotzeko erabiltzea, teknikari gehiago izan ditzan eta ikastaroak berak eman ditzan. Aldiz, berriz ere, diru publikoa interes pribatuak indartzera bideratzen da.

• Aukera zabaltzen da mutuak edo eta prebentzio zerbitzuek prestakuntza hau emateko, eta horrela finantziaziorako beste iturri bat dute enpresa hauek, edo eta sinatzaileok ere maila teknikoa ematekoa aukera izatea; LABk azken honen kontrako iritzi garbia izan du hasieratik.

• Ebazpena berandu dator, abenduaren 15ean itxiko da deialdia, eta beraz, udako hilabeteak alde batera utzita, 4 hilabete baino ez dago ikastaroetarako. Are larriago dena, kontuan hartzen badugu 2012ko bigarren seihilekotik oso ikastaro gutxi eman direla (ordutik hona 95 delegatuk soilik jaso dute prestakuntza, urtean bataz beste 1.000 delegatuk jaso ohi dutenean). Gainera, hauteskunde sindikaletako aldi trinkoan datorrela, prebentzioa delegatu askok ordezkaritza-aldia amaituko dute prestakuntza jaso gabe.

• Osalani dagozkion Ikastaroak euskaraz ematea ez da bermatzen.

Egoera ez da berria, eta lan arriskuen prebentzioa garatzeko borondate eza du oinarri. Urkulluren Gobernuari ez zaizkio interesatzen langile klasearen osasuna eta segurtasuna, itxurak mantentzen ditu soilik. Halaber, kaxoi batean ahazturik hiru hilabete eman ondoren, martxoaren 13an, Osalanek prebentzio delegatuentzako eskuliburu berria aurkeztu zuen eta udara arte ez da argitaratuko. Hots eta zarata handiaz iragarri zen eskuliburu berria, hedabideak jardunaldia eta guztiz; baina ikastaroak egiteko aukerarik ez zela izango jakitun ere!

Hau guztia aspaldi OSALANek hartutako okerreko bidearekin lotuta dago: prebentzioaren gaietarako instituto teknikoa eta aholkularia izateari utzi egin dio. Ezer egin gabe itxurak mantendu; kea besterik ez du saltzeko. Arazoa ez da OSALANeko teknikariena edo medikuena (hauek ere pairatu egiten baitute egoera hau eta murrizketen politika), Urkulluren Gobernuaren postulatuen arabera, patronalaren interesen defentsan diharduen zuzendaritzarena, baizik. Eta jakin badakigu lan osasunaz eta segurtasunaz zer nolako arduragabekeria duen patronalak.

Horrengatik guztiagatik, LAB sindikatuak Gasteizko gobernuaren utzikeria, Osalanekin agerikoa dena, salatu nahi du. Prestakuntza ezaren arazoa konpontzeko berandu eta neurri eskaxekin datorren ebazpena salatu nahi dugu. Hots handia eta ganora gutxiko politika prebentiboak salatu nahi ditugu. Eta dei egiten die Gasteizko Gobernuari eta OSALANi, prebentzioaren giltzarria diren delegatuentzako benetazko formakuntzari eutsi diezaion, kultura prebentiboaren kalitaterako klabeak baitira prebentzio delegatuak.

 

 

 

LAB: «Zorrotzaurreko obretan EAJk eta PPk argi eta garbi erakutsi dute zein interes babesten dituzten»

0

Ekainaren 26an Bilboko udalak egin zuen udalbatzaren emaitza ezagutu ostean, non LABek eskatuz, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen udalak zehatz zitzan Zorrotzaurreko lanen segimendua burutzeko erabili behar zituen neurriak, eta horrela, Bizkaiko Eraikuntza Hitzarmenaren lan baldintzak betearazi ditzan, LAB sindikatuak adierazi gura du ez datorrela bat EAJk eta PPk lotu duten akordioarekin.

Honez gain, bi alderdi hauen joko nabarra salatu gura dugu: leheneik LABek eskatu zuen bilera egitera ukatu zirelako, eta bigarrenez, akordio orokorra bozkatu zutelako, eta horrela, LABek aurkeztu zuen mozioa bozkatzea eta Deustuko kanalaren obren jarraipena egiteko neurri zehatzak ekidin dituzte. Berriro ere, argi eta garbi erakutsi dute zein interes babesten dituzten.

Salatu gura dugu ere, gure ustez, Bilboko Udal Gobernu taldearen jarrera arduragabea, lanak duela hilabete eta erdi hasi zirenetik, aditzera eman duelako Osalan eta Eusko Jaurlaritzarekin protokolo bat sinatuko duela ikuskaritzak areagotzeko. Hilabete eta erdian, eta kontrol barik, aukera handia dago enpresek bete ez dezaten probintziako hitzarmena.

LABen ustez, osoko bilkura egiteko 2 egun falta zirela gure sindikatuarekin biltzera ukatu ostean, Juan Felix Madariagak (EAJ) LABi deitzea sindikatuak obretan antzeman litzakeen irregulartasunak hari jakinaraztea eskatuz, bere burua zuritzeko eta hari dagozkion ardurak bere gain ez hartzeko saiakera hutsa besterik ez da.

Argi eta garbi geratu da LABen ekarpenik gabe, EAJ-k ez lukeela hats bakar bat ere mugituko Zorrotzaurreko lanetan erabili behar dituzten lan baldintzen alde, eta lan istripuei eta salaketei ezikusiarena egingo liekeela.
 

 

 

Abortua libre, publiko eta doakoa eskatzeko elkarretaratzea Bilbon

Pasadan ostiralean, hilak 27, Gallardonen legea Ministroen Kontseiluan aurkeztu ondoren uztailean legeak berehalako tramitazioa izango du Kongresuan. Horri erantzuteko, elkarretaratzerako deia egin du Bizkaiko Abortatzeko Eskubidearen aldeko Plataforma Feministak gaurko. Mobilizazioa arratsaldeko 19:00etan izango da Bilboko Plaza Eliptikoan.

LAB sindikatuak Emakumeon gorputzen gainean erabakitzeko eskubidearen alde dauden emakume eta gizonezkoei bertara hurbiltzeko deia egiten du Gallardonen lege erreforma erabat gaitzesteko.

Abortatzeko Eskubidearen aldeko Bizkaiko Plataforma Feminista
GALLARDÓN LEGEARI EZ! 
ABORTUA LIBRE, PUBLIKOA ETA DOAKOA

«Ostiral honetan Gallardonen legea Ministroen Kontseiluan aurkeztu ondoren uztailean legeak berehalako tramitazioa izango du Kongresuan. Horri erantzuteko, datozen asteotan antolatuko ditugun ekintza desberdinetan parte hartzera dei egiten zaitue Bizkaiko Abortatzeko Eskubidearen aldeko Plataforma Feministak. Emakumeon gorputzen gainean erabakitzeko eskubidearen alde dauden emakume eta gizonezkoei bertara hurbiltzeko deia egiten die Gallardonen lege erreforma erabat gaitzesteko. 

Abenduan aurkeztu zenetik ozen eta irmo salatu dugu, legearen erreforma hau gure erabakitzeko eskubidearen aurkako erasoa dela, izan ere emakumeak ernaltze gordailu soil lez ulertzen ditu, beraien bizitzaren gainean erabakitzeko beste pertsona batzuen baimena behar dutenak. Gainera, legearen eduki ideologikoak biktima pasibo lez ikusten gaitu, eta ez erabakitzeko gaitasuna dugun subjektu aktibo bezala. 

Gizarteko sektore gehienak agertu dira legearen aurka: gizarte eragileak, alderdi politikoak, komunikazio hedabideak…etab., bai hemen bai nazioartean. Europako muturreko eskuin kontserbadore eta integristenek baino ez dute babestu lege hau, Europako eta nazioarteko erakundeen kritika gogorrak jasoz. Azken hilabeteetan herritarrek, mugimendu feministarekin batera, hainbat ekintza, manifestazio eta elkarretaratzetan argi eta garbi salatu dugu lege erreformaren aurka gaudela eta berriz ere, Rajoyren gobernuak herritarrak entzuteko beharra ahaztu egin du. 

Mugimendu feminista hasi da antolatzen erresistentzia eta abortatu nahi duten emakumeenganako elkartasuna. Onartu nahi den legea, 2013an indarrean egon balitz, urte hartan estatu espainolean abortatu zuten 110.000 emakumeak delikuenteak izango ziren. Erreforma honek bereziki ondorio larriak izango ditu baliabide urriko emakumeengan, izan ere klandestinitatean baino ezin izango dute abortatu, bizitzak arriskuan jarriz. Bitartean, klase ertain-altuko emakumeak klinika pribatuetan abortatzen jarraituko dute, beti egin duten moduan. Azken finean, abortatu nahi duten emakumeek edozein kasutan egingo dute. 

Rajoyren gobernuak bizitzaren defentsaz dihardu, zerbitzu publikoak suntsitu eta oinarrizko eskubideak erasotzen dituen bitartean, hala nola osasun publikoa, hezkuntza, pentsioak edota mendekotasunerako laguntza, besteak beste. Gu BAI, gu bizitzaren alde gaude, horregaitik ama izan nahi dugunean izateko emakumeok dugun eskubidea defendatzen dugu, amatasuna aukera delako, ez betebehar bat. 

Emakumeon eskubideak murrizten eta urratzen dituen lege erreforma honen aurrean: 

  • Exijitzen dugu emakume ororen abortatzeko eskubidea osasun sare publikoan gauzatzea bermatzen duen legedia.
  • Uko egiten diogu emakumeen sexualitatea amatasunera mugatzeari. Legedi honek ziurtatu behar du gure gorputzaren gainean era askean erabakitzea eta gure
  • sexualitateaz gozatzea. Sexu aukera guztietatik bizitako sexualitate askea defendatzen dugu. Hezkuntza eta informazio sexuala eta antisorgailuak doan eta aske eskuratzea eskatzen dugu.
  • Exijitzen diogu Eliza katolikoari bertan behera uztea emakumeon aurka abiatutako gurutzada eta okupatzeari uztea ez dagozkion espazio eta eztabaidak.

Abortua eskubide bat da, eta eskubideak ez ditugu negoziatzen. GORA EMAKUMEON BORROKA!!! »