2025-12-27
Blog Page 1202

BBVAko langileek Txente Askasibar euren lankidea berehala askatzea eskatu dute

0

Kontzentrazioa egin dute gaur Bilbon, BBVAren egoitzaren aurrean Topaseko kartzelan preso dagoen Askasibarrek bizi duen egoeraren inguruan informatuz.

BBVAko LABen atal sindikalaren irakurketa
TXENTE ASKASIBAR ASKATU!

Txente Askasibar, BBVAko lankide jubilatuak, 18/98 sumarioan epaitua izan zen eta 8 urte eta erdiko kartzela zigorra jasan zuen bere jarduera politikoagatik. Txentek 71 urte bete ditu, eta adin honekin Salamancako Topas kartzelan preso dago.

Bere militantzia politikoagatik kartzelan zazpi urte baino gehiago eman ostean, etxetik urrun gainera, uz dute ez begirune ez errukirik bere adinarengatik, eta kartzelan jarraitzen du zigor osoa betetzen inolako errebisio barik. Halaber, bere emazte, semeak eta senide zein lagunak ere kondenatu dituzte, astero astero 800 kilometro baino gehiago egin behar baitituzte Txente ikusteko, horrek dakarren gastu ekonomiko zein arrisku fisikoaz.

Espainiako PPren gobernuak itus eta gor jarraitzen du, eta gatazka politikoaaren zauria sendatu baino zornea dariola mantendu nahi dutela ematen du. Txente, eta bera bezala hainbat preso politikok (gaixo daudenak, zigorraren 3/4a beteta dutenak, adinez nagusiak direnak…) kalean egon behar ziren jadanik, gobernuak egungo legedia beteko balu.

BBVAko lankideeok Txente berehala askatzea eskatzen dugu, bere atxiloketa inoiz gertatu behar ez bazen ere, are ankerragoa baita oraindik gartzelan mantentzea.
 

 

 

Aste Nagusian babesa Urtzi eta Telle grebalariei

0

Grebalariak Aske herri-plataformak elkarretaratzea egin zuen astelehen arratsaldean, Bilboko udaletxe aurrean, Urtzi Martinez eta Jon Telleriaren egoeraren aurrean protesta egiteko. Bi gazteek 15 hilabeteko espetxe zigorrari aurre egin beharko diote duela bi urteko martxoaren 29ko greba orokorrean margoketa batzuk egiteagatik.

Ehundaka pertsona bildu zen 18:30ean udaletxe aurrean. Bertan, plataformako kideek adierazi zuten, agerikoa dela "ez dituztela desordena batzuk zigortu, baizik eta beste eredu sozioekonomiko baten aldeko borroka eta konpromisoa".

Margoketa batzuk egiteagatik bi gazte kartzelaratzea "bidegabekeria ikaragarria" dela azpimarratu eta gogora ekarri zuten epaia laster betearaziko dela biak espetxeratuz.

Plataformako kideen arabera gazteen kontrako epaia "sistema kriminal honen beste adibide bat" da. Ondorioz, "horrelakorik berriro gerta ez dadin lan egiteko eta beste eredu sozioekonomiko baten alde borrokatzeko" deialdia egin zuten.
 

 

 

2014ko urtarrilaren 8an Gerdau-Basaurin langile bat hil zuen istripuak argi uzten du honelakoek arrazoiak eta erantzukizunak dituztela

Duela egun batzuk LAB sindikatuak Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eginiko txostena jaso du, Pine Instalaciones y Montajeseko M.A.L.J. langilea hil zuen istripuari buruzkoa. Istripua urtarrilaren 8an izan zen, Gerdau-Basauriko (lehengo Sidenor) lantokian azpikontratuta lanean ari zela.

Osalan eta Lan Ikuskaritzak elkarrekin egindako ikerketaren ondorio den txosten honetan jasotzen ditugun irizpideekin bat egiten dugu.

Istripu hau, gehientsuenen antzera, saihets zitekeen inplikatutako enpresetako prozedurak bete izan balira: Gerdau, Cesinel Ingenieria, Pine Instalaciones y Montajes eta Argilan SAL, baina ez ziren betearazi eta ondorioa langile baten heriotza izan zen.

Aipatu ez betetzeak, ia beti gertatzen den bezala, lan edo konponketak amaitzeko estuasunetan oinarritzen dira, ahalik eta azkarren ekoizpenari berrekiteko helburuarekin.

Gainera, azpikontrateko langileek aginduak bete behar dituzte eta gero betetzen dira txekeorako zerrendak, egiaztatzeak energia egonda egongo dira edo agindutako jardueran oztopa lezaketen jarduerak burutzen ari badira ere.

Horrela, argi dago osasuna, eta sarritan bizitza, kendu ahal diguten arriskuak ezagututa, eta prebentzio neurriak ere bai, egitura jerarkikoa egokitu beharko litzateke eta prebentzioaz arduratzen direnek neurriok betearazi beharko lituzkete.

Espero dugu Enplegu eta Politika Sozialetako Saileko zuzendaritza politikoak bere egitea Osalan eta Lan-Ikuskaritzak egindako ikerketa. Honekin lotuta, inplikatutako lau enpresentzat proposatzen diren 6 arau-hauste aktak berrestea ere espero dugu: Gerdau Aceros Especiales Europa SL, Cesinel Ingeniería SL, Pine Instalaciones y Montajes SA eta Argilan Instalaciones y Montajes Eléctricos SAL. 2 dira arau-hauste oso larriak eta 8 larriak.

Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak proposatutako prestazioen errekargua inposa dezala ere espero dugu. Gizarte Segurantzaren prestazioen %50a suposatzen du honek.

Gure aldetik, gure lanpostuetan edo horien ondorioz istripuak edo gaixotasunak sortzen dituzten lan-baldintzak aldatzeko konpromisoa berresten dugu eta hau lehentasunezko helburu bezala onar dezala langileriak.
 

 

 

Imanol Ugalde “Manolito”-ri omenaldia ostiralean Lezon

Imanol Ugalde “Manolito” pasa de igandean hil zitzaigun gaixotasun larri baten ondorioz. Oarso Bidasoako administrazioko arduradun hainbat urtez izandakoa, sektoretik haratago eskualdean militante eredugarria izan zen Manolito. Eskualdean bere ardura zela eta ezagun eta erreferente, sindikatuko belaunaldi berrientzat maisu.

Ezingo dugu ahaztu sindikatuarentzat egin duzun lan guztia, zure prestutasuna eta zure laguntasuna. Gure oroimenean zure irripar bihurria. Agur eta Ohore Manolito, gure kontura kafesnea eta purito!

Omenaldia Lezoko Herriko plazan, abuztuaren 22an, ostirala, 20:00etan.
 

 

 

LAB eta CGTk murrizketak salatu dituzte Nafarroako Correosen

0
Bi sindikatuek kontratazioan egindako murrizketak, lan-baldintza prekarioak eta zerbitzuaren kalitatea kaskartzea salatu dituzte. Egoeraren berri emateko Parlamentuan agerraldia egitea ere eskatu dute.

Sindikatuen agerraldiaren bideoa hemen (ahotsa.info).
 

 

 

LAB sindikatuak doluminak adierazi nahi dizkie Inazio Agirreren senide eta gertukoei

Inazio Agirre ezker abertzaleko militante eta euskaltzalearen heriotzaren aurrean, LAB sindikatuak doluminak adierazi nahi dizkie bere senide eta gertukoei momentu latz hauetan. Nabarmentzekoa da Agirrek euskalgintzaren esparru ezberdinetan urtetan zehar egindako lan eskerga.

Gaur arratsaldean egingo diote azken agurra Agirreri, 17:00etan, Tolosako hilerrian.
 

 

 

Txente Askasibarren askatasunaren alde, kontzentrazioa Bilbon

0

BBVAko LABeko Sail Sindikalak mobilizazioa egingo du Askasibarren askatasuna eskatzeko abuztuaren 20an, asteazkenez, Bilboko Gran Via, 12ko BBVAren parean, 13:00etan.

Txente Askasibar, BBVAko langile jubilatua, 18/98 sumarioan epaitu eta 8 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten bere jarduera politikoagatik. Askasibarrek 70 urte bete zituen 2012an eta egun, Salamancako Topas kartzelan dago preso.

BBVAko LABeko Sail Sindikalak mobilizazioa egingo du Askasibarren askatasuna eskatzeko abuztuaren 20an, asteazkenez, Bilboko Gran Via, 12ko BBVAren parean, 13:00etan.

Txente Askasibar, BBVAko langile jubilatua 18/98 sumarioan epaitu eta 8 urte t’erdiko kartzela zigorra ezarri zioten bere jarduera politikoagatik. Askasibarrek 70 urte bete zituen 2012an eta egun, Salamancako Topas kartzelan dago preso, etxetik ehundaka kilometrotara.
 

 

 

Mobilizazioak Bizkaiko Correosen enplegua eta zerbitzua hobetzearen alde

0


Langileak mobilizazioak egiten ari dira murrizketek sortzen dituzten posta pilaketen aurrean eta enplegu suntsiketaren kontra. Erabiltzaileei dei egiten diete arazoen aurrean kexa jartzeko, telefonoz (902 197 197) zein idatziz edozein posta bulegotan.

Aste honetan mobilizazioak egin dituzte Portugalete, Barakaldo, Bilbo eta Basaurin. Datorren astean, abuztuaren 20an, kontzentrazioa egingo dute Bilboko egoitzaren aurrean (Urkixo Zumarkalea, 19), goizeko 11:00etan.

CCOO, ESK, UGT, LAB, ELA eta C-SIF sindikatuen irakurketa

CORREOS-EN ENPLEGUA SUNTSITZEARI EZ

Correos zorrozki murrizten ari da bere plantilla. Banaketa-ataletan lanpostuak galtzen dira eta laneratze ezak ez dira ordezkatzen. Ondorioz, jardunean dabiltzanentzat lan-karga handitzen da eta posta ezin da egunean banatu. Hori dela-eta, herritarrek posta egunero jasotzeko duten eskubidea urratzen da eta Correosek, posta-zerbitzu publikoaren emaile den aldetik, ez ditu betetzen legez dagozkion eginbeharrak. Bestalde, lanpostuen urritzeak plantilla-soberakinak sortzen ditu, eta enplegatu horien lan-etorkizuna ez da batere ziurra.

Egoera hau udan larritzen da, ez direlako plantillaren oporrak ordezkatzen, eta horrek posta-pilaketak sortzen ditu, baita atzerapenak posta banatzerakoan (bai korrespondentzia arrunta bai posta ziurtatua) Horrexegatik kexa bat egitera gonbidatzen dugu, nahiz telefonoaren bidez (902 197 197) nahiz idatziz, Correos-en edozein bulegotan.

Gure asmoa presioarekin jarraitzea da eta enpresa-zuzendaritzarekin hurrengo puntu hauek negoziatzea:

1.- Banaketa-atalen berregituratzeak berriro aztertzea.

2.- Soberako pertsonala nor bere lan-atalean jarraitzea.

3.- Posta Zerbitzu Unibertsala egokiro emateko behar den plantilla izatea.
 

Aurrejubilazioen ukapena: Barrabaskeria berriari erantzunez, erreklamazioak egin eta mobilizazioak sustatuko ditu LABek

Adin handiarekin kaleratuak izan eta prestazioak agortu ostean, hainbat langilek hitzarmen berezia egiten zuten, euren poltsikotik kotizatzen jarraitu eta 61 urterekin jubilatu ahal izateko. Gizarte Segurantzak berak, orain arteko irizpidea aldatu eta 63 urtera arte jubilatzea ukatzen die orain. Irizpide aldaketa honek ez die eragiten, momentuz, 2013ko apirilaren 1aren aurretik enplegu erregulazio espediente edo akordio berezien bidez kaleratutakoei baina, Gizarte Segurantzako arduradunen arduragabekeria ikusita, adi egon beharko dugu.

Irizpide aldaketa iraingarria da langileriarentzat oro har. Kaltetutako langileei emandako tratu txarra. Neurri hau, PSOEk hasitako (jubilazioa 67 urterekin, kotizazio urteen zabalpena, kalkulua egiteko urteen zabalpena, izozketa) eta PPk jarraitutako prozesuan (KPIarekiko lotura haustea, iraunkortasun aldagaia, aurrejubilazioei oztopo berriak) kokatzen da, pentsio sistema publikoa eraitsi eta pentsio plan pribatuak sustatzeko xedea duena. Ez dago inolako arrazoi teknikorik prozesu honen jatorrian, kapitalak inposatutako erabaki politikoa baizik: pentsioak eskubide ez baina negozio bilakatu nahi dituzte. Pentsio plan pribatuetan interes aitorrezinak dituzten UGT eta CCOO sindikatuek prozesu hau ahalbidetu dute, kasu batzuetan modu aktiboan (jubliazioa 67 urterekin, aurrejubilazioei oztopoak) eta bestetan besoak gurutzatuz (KPIrekiko lotura haustea, iraunkortasun aldagaia). Horregatik azaltzen dira horren lotsagabe PPren Gobernuko arduradunak, aipatzen ari garena bezalako neurri basatiak aplikatuz.

LABen iritziz, ezinbestekoa da barrabaskeria berri honen aurrean mobilizatzea eta, era berean, Euskal Herrian pentsio sistema propioa eraikitzeko prozesua azkartzea, herri honetako gizon-emakume orok pentsio duina izan dezan.

Sindikatuarekin harremanetan jartzeko deia egiten diegu kaltetutako langileei, dagokion helegitea jartzeko. Era berean, irailerako mobilizazioak prestatzen ari gara.