2026-06-10
Blog Page 1188

Azpikontratazioetan benetako klausula sozialak bete daitezela bermatu behar du Bilboko Udalak

Sindikatuetako eragileok eta Bilboko langabetuen Batzarkideok Bilboko udaleko Gobernu Batzordeari LAB sindikatuak aurkeztu mozioan agertzen diren neurriak aintzat har ditzala eskatzeko elkartu gara gaur Udaletxearen aurrean. Enplegu eta lan baldintza duinen alde udal honek kontratatutako obretan eta zerbitzu publikoetan diharduten langileen aldeko klausula sozialak bete ditzala eskatzen dugu.

Bilboko udalak, erakunde publikoa eta diru publikoaren kudeatzailea izanik, erantzukizun handia du hiritarrekin.

Bilbo etengabe berritzen ari da hirigintza arloan. Horren adierazgarri egiten ari diren edota esleitzeke dauden herri-lanak ditugu. Horien adibide ditugu: Zorrotzaurren, Deustuko kanaleko herri-lanak, Termibuseko lanak, Prim parkekoak, Garellanokoak, Sabino Arana berreskuratzeko lanak,… Horiek guztiak diru-publikoaz egiten ari dira eta Bilboko udala kudeatzen ari da.

Horrez gain, gure udalak hainbat zerbitzu azpikontratatu ditu, hala nola, polikiroldegien kudeaketa, lorezaintza, bide garbiketa, eraikuntzen garbiketa, putzu septikoen garbiketa,… Zeregin hauek guztiak diru publikoaz kudeatzen dira.

Eraikuntza sektorean nahiz azpikontratazioan lanari lotutako problematika handia dago. LAB sindikatua aurre egiten ari zaio, hainbat proposamen eginez erakunde publikoetan.

Urrian, duela 4 hilabete, LABek mozio bat aurkeztu zuen klausula sozialak sustatu nahian. Horren harira, 11 neurri zehatz aurkeztu zituen Bilboko udalean. Neurriok, gure ustez, laneko problematikari aurre egiteko balio dute, lanetan zein azpikontratatutako zerbitzuetan. Hala ere, EAJk uko egin zion urriko udalbatzan eztabaidatzeari. Duela gutxi, Bilboko udalak jakinarazi du ez zituela eztabaidatuko urtarrileko udalbatzan ere eta klausula sozial batzuk onartu dituztela.

Aztertu ditugu udalaren gobernu-batzarrak onartu dituen klausulak eta etsipen handia eragin digute. Klausula sozial horiek boluntaristak dira, ez da jasotzen nahitaez bete behar direla. Haietan esaten denez, beharginen kontratazio berriak egin behar izango balira langabetuei emango zaie lehentasuna; esaten denez, ezarri behar izango diren lan baldintzak bete behar izango dira, bestelako zehaztasunik adierazi gabe; esaten denez, azpikontratatu behar izango balitz, batik bat, halakoak kontratatzeko….

Enpresak ez dituzte behartzen probintzia hitzarmena betetzera; aukera ematen dute beste probintzia hitzarmenak, estatuko hitzarmena edota behe-mailako enpresetako hitzarmenak erabiltzeko.

Ez dute eragozten estatu mailako enpresen hitzarmena ezartzea (normalki, probintziakoaren azpitik daudenak).

Ez dute eragozten, enpresak erabaki badu hitzarmena ez aplikatzea.

Ez dute ziurtatzen beharginen subrogazioa, kasu guztietan; hori eginez prekarietatea sustatzen da.

Ez dute ziurtatzen, une oro, behar beste beharginei eutsiko zaiela, zerbitzua edo obra betetzeko.

Ez dute hizkuntza eskubideen aipamenik egiten, zerbitzua eta lanpostuak euskalduntzeko.

Ez dute ziurtatzen probintzia hitzarmena azpikontratetan ezarriko denik.

Ez dute ziurtatzen, udalak kontratatuko dituen obretan edota zerbitzuetan, langabetuak kontratatuko dituztela, ez dutelako egoera horretan daudenentzat kontratatze-portzentajerik jasotzen obra edota zerbitzu guztietan eta bakoitzean; langileen kontratazio berriak beharrezkoak gertatuko balira, kontrata daitekeela bakarrik proposatzen dute.

Bilboko langabezia-tasa %20koa izanik, 31.042 langabetu ditugu, ARBUIATZEN DUGU herri-lanak edo zerbitzuak egiteko kontratatzen diren langileak probintzia-hitzarmenean ezartzen diren lanordutan baino gehiagotan lan egitea, hitzarmenaren azpitik kobra dezatela, lanetik egoztea beste enpresa batek esleituko duelako zerbitzua eta haren langileak dakartzalako, ez dadila langabeturik kontratatu enpresek langile guztiak dakartzatelako,…

Ez da erraz ulertzen Udalak bere burua zuritu nahian Lan Erreformak eragozten duela esan izanak, duela egun batzuk, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren bi epairen berri izan dugunean. Haietan onartzen da Gipuzkoako Aldundiak sustatzen dituen obra publikoetan probintzia hitzarmena bete behar dela agintzen duen Foru Arauaren klausula sozialen legaltasuna.

Berriro ere jazoerek frogatzen dute borondate politikorik eta konpromisorik badago hiritarrekin, langileriari dagozkion eskubideen alde aurrera egin daitekeela.
Udal ekintza edota geldotasuna ez daiteke lan baldintzekin, langileen bizitzarekin, lana bilatzeko itxaropenarekin,… jolastu.

Horrengatik, hemen elkartu garenok, sindikatuetako eragileok eta Bilboko langabetuen Batzarkideok Bilboko udaleko Gobernu Batzordeari eskatzen diogu aintzakotzat har ditzala LAB sindikatuak aurkeztu mozioan agertzen diren neurriak eta onartu ditzala Udal honek kontratatutako obretan eta zerbitzu publikoetan diharduten langileen aldeko klausula sozialak, benetan betez.
 

 

 

«Emakume, gazte eta langabetuok lan egiteko gaitasuna eta prestutasuna soberan dugu, enplegu duina da falta dena»

0

Gezurra da langile kualifikatuen faltan gaudenik Euskal Herrian. Baina hori esateko ausardia izan du FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalak. Emakumeak ez gaudela prest industrial aritzeko, gazteek tailerra baino moketa nahiago dugula… Jose Luis Lopez Gil FVEMeko buruak esandako gezurrek ezinegona eta amorrua eragin dute. Euskal langileon kontrako irainak dira hark egindakoak, eta bereziki, gazteak, emakumeak eta langabetuak iraindu ditu. Industrian lan egiteko gaitasuna eta prestutasuna duten herritarrak soberan daudela erakutsi eta benetan falta dena kalitatezko enplegu duina dela ikus dadin, Lan Delegaritzari zuzenduriko lan eskaerak bidaltzeko ekimena jarri da martxan.

Sortutako egoeraren aurrean, emakume arlotik, langabetuek arlotik eta ERNAI gazte antolakundearen arlotik, LABekin lankidetzan, ekimen bat iragarri da gaur: Euskal Herrian lan egiteko gaitasuna eta prestutasuna duten herritarrak soberan daudela erakutsiko dugu, eremu ezberdinetako langile kualifikatuen lan eskariak batu eta aurkeztuz Lan Delegaritzan (LABeko egoitzetara edota www.lab.eus helbidera bideratu daitezke lan eskaerak).

“Bizi dugun egoera larriaren erantzule egiten gaitu patronalak” salatu dute ekimenaren sustatzaileek. “Belaunaldirik prestatuena gara, soberak prestatuak gaude”, azpimarratu dute. Prestaketa akademikoaz haratago lan egiteko prestutasuna ere badutela adierazi dute, baina ez daudela prest prekarietatera kondenatuak bizitzek.

Ozen salatu dituzte patronalaren adierazpen “lotsagarriak” . Eta mozorroa kendu diote: Emakumeak industria eremuko lantokietan ez egotea ez da emakumeen erabakia, patronalarena baizik, emakumeak zokoratu izan dituelako historikoki. “Zaintza arloko lanak besterik ez dizkigute utzi edo hirugarren sektorekoak, beti ere baldintza prekarioetan”, baieztatu dute.

Gazteek lan munduan “iraunkorki” pairatzen duten egoera salatu dute. Gordina da errealitatea, gazteen %50 langabezian dagoelako. Eta lan munduan, aldi baterako kontratuak, kontraturik gabeko lanpostuak eta enpresetako praktikaldi esplotatzaileak dira patronalak eskaintzen dizkienak.

Bestalde, langabezia tasak hizpide izan dituzte langabetuek. Urteetan industrian aritutakoak dira, urteetan aberastasuna sortu dute, eta urteetan esperientzia pilatu. Haiek ere, beraz, kualifikazioa soberan, baina emakumeak eta gazteak bezala, kalitatezko enplegua falta. “Patronalak ahalik eta gehien irabazi nahi du ahalik eta denbora gutxienean, eta eredu honetan langileontzako pobrezia besterik ez dago”, salatu dute.

Gazteak, emakumeak eta langabetuak, guztiak gogor jo ditu egungo egoera sozioekonomikoak eragindako prekarietateak. Eta ez daude prest, ez gaude prest, patronalaren irainen aurrean isilik geratzeko. Gaurdanik ekimena martxan da: herri honetan langile aski kualifikatuak daudela adierazi eta haien neurriko lanpostu duinak falta direla erakusteko kanpaina abiatuko dute, LABekin elkarlanean.

 

 

Iosu: “LABek nigandik proiektu baten parte aktiboa izatea bilatzen du”

Iosu Nafarroako Gobernuko langilea da. Langile publikoen izaera pasiboa irudikatzen dutenen aurrean, zerbitzu publikoen defentsan langileek jokatu beharreko papera aldarrikatzen du. Zerbitzu publikoak guztionak diren heinean, guztion parte hartzea eskatzen dutelarik.
 

 

 

Prekarietateak eta enpleguaren ezegonkortasun handiak langabeziaren gorakada eragin dute

Eguberrietako kanpainaren amaierak urtaroko enplegu prekario askoren suntsipena ekarri du berekin Hego Euskal Herrian; halaxe adierazten du Gizarte Segurantzaren afiliazioa 12.709 pertsonetan urritu izanak.

Hortaz, horren ondorioz, enplegu-zerbitzu publikoek langabeziaren gorakada handia erregistratu dute urtarrilean. Zehaztearren, 8.036 pertsona gehitu zaizkio langabeziari; hauetako gehienak, zerbitzu sektoretik datozen emakumeak dira. Izatez, emakumeak eta gazteak dira langabeziaren handitzeak gehien zigortu dituen gizarte-taldeak. Bi talde hauetan, %5,6an areagotu da langabezia-tasa.

Bestalde, ekonomia hazkundea sendotzen ari dela esaten ari den honetan, egokia deritzogu gure kezka nagusienetako bat azpimarratzea, ekonomia suspertzen ari den egungo egoeran, enplegua sortzen ari den erritmo eskasa eta motela dela.

Baina enplegua, kuantitatiboki, gutxi hobetzeaz gain, salatu behar dugu ere enpleguaren kalitatean jasan dugun atzeratze gogorra, lan baldintzei nahiz soldatari dagokienez. Horrela, lanaldi partzialeko enplegua gero eta gehiago hedatu izanak eta sinatu diren kontratuen %92,5a behin-behinekoak izateak laneko prekarietatea orokortzeko eta langileriaren maila zabaletara pitinka hedatzeko arriskua dakarte.

Ezin dugu ahaztu ere, langabeziaren babesa gero eta hondatuagoa dagoela. Egun, estaldura tasa %44,7ra erori da (krisialdia hasi zenean %67a gainditzen zuen); horrek esan nahi du 126.000 langabetu baino gehiagok ez duela inolako langabezia-saririk jasotzen.

Horrengatik, beharrezkoa deritzagu lan eskubideen eta eskubide sozialen usurpazioa amaitutzat emateari, PSOEren eta PPren gobernuek onartu dituzten erreformen bidez gauzatu duten erasoak eragin dituen ondorio kaltegarriak zuzentzeari eta langabetu guztiei eta diru-sarrerarik ez dutenei babes duina bermatzeari.

 

 

 

Lasarteko Michelineko plantilak zentroetako komitetik irtetea erabaki du

Enpresa Komiteak deitutako erreferendumean, hilaren 2an, plantillaren gehiengoak estatuko zentroarteko komitea uztea erabaki zuen. Platillaren %90 hartu zuen parte eta “Lasarteko fabrika Zentroarteko komitean egotea nahi duzu?” galderari 322 pertsonek baiezkoarekin erantzun zioten, hau da bozken %64a, 170 pertsonek kontra bozkatu zuten (%34). 554 pertsonek osatzen duten plantillatik, 501ek hartu zuten parte.

Esan beharra dago Komitea osatzen duten talde sindikal guztiek erreferendumaren emaitza bere gain hartzeko konpromisoa hartu zutela.

Michelineko LABeko sail sindikalak emaitza hau oso positiboki baloratzen du, plantillaren gehiengoak gure sail sindikalak aspalditik egiten duen eskaria babestu baitu Lasarteko komitearen soberania babestuz.

Datozen egunetan gai hau landuko da Enpresa komitean, eta espero dugu gainontzeko taldeak eta enpresak berak Lasarteko plantillaren gehiengoak erabakitako errespetatzea.
 

 

 

Bizkaiko ordezkaritza sindikal osoak Correosen ematen ari den lanpostu suntsiketa salatu dute

0

Bizkaiko Correoseko ordezkaritza sindikal osoak (CCOO, Esk, UGT, LAB, ELA y CSI-F) bere kezka azaldu du Estatu Elkarteak Bizkaian burutzen ari den enplegu suntsiketaren aurrean. Atzo Gernikako Banaketa Unitatearen eta Bilboko 6 Banaketa Unitateko (3, 5, 7, 8 eta 10 barrutiek osatua) lanpostuen berrikusketa txostena helarazi zieten. Txosten hauen atzean, 2014an ikusi bezala, lanpostu suntsiketa dakar eta ondorioz ordekaritza sindikalek ez dute bere hain hartzen eta mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute.

Correoseko ordezkaritza sindikal osoaren (CCOO, Esk, UGT, LAB, ELA y CSI-F) irakurketa

CORREOS-en LAN SUNTSIKETARI EZ

 «Beste behin Bizkaiko Correoseko ordezkaritza sindikal osoak (CCOO, Esk, UGT, LAB, ELA y CSI-F) bere kezka azaldu nahi du, herrialde honetan, Estatu Elkartea burutzen ari den enplegu suntsiketaren aurrean.

Gaur, otsailak 3, Correos-ek sindikatuoi Gernikako Banaketa Unitatearen eta Bilboko 6 Banaketa Unitateko (3, 5, 7, 8 eta 10 barrutiek osatua) lanpostuen berrikusketa txostena helarazi digu. Gernikako kasuan banaketa sekzio bat galtzen da eta Bilbokoan 15 dira galtzen diren sekzioak. Ikerketa hauen inplantazioa otsailan zehar jarriko da matxan, ongi ezagutzen ditugun ondorioekin: lanpostuen murrizketa gogorraren ondorioak agerian geratzen dira lan zentrora iristen den ohiko eta zertifikatutako korrespondentzia egunero banatzeko ezintasunean. Kalitatezko Zerbitzu Publiko bat eskeintzeko plantilla faltagatik atzerapenak eta pilaketak sortzen dira.

Agerian utzi nahi dugu, Correosek murrizketa politikak aurrera eramateko oinarri hartzen dituen txosten hauek, sindikatuoi beti eztabaidaezin bezala aurkezten zaizkigula nahiz eta hutsune eta omisio tekniko ugari izan. Ondorioz ordezkaritza sindikalak ezin ditu bere gain hartu

Txosten hauekin, Correosek, 2014ean zear eta 2015eko lehen hilabetean 64 lanpostu suntsitu ditu Bizkaiako postetxeetan. Suntsiketa hau era honetara banatu da:

• Bilboko postetxean, 52 banaketa sekzio gutxiago.
• Barakaldoko postexean 5 sekzio gutxiago.
• Portugaletekoan 3 sekzio galdu dira.
• Basaurikoan 3 sekzio gutxiago.
• Gernikan sekzio bat gutxiago.

Sindikatuen iritziz, enpresa burutzen ari den pertsonalean aurrezteko politika honek, Correosek dituen obligazioak —operadore publiko den heinean, herritarrei posta zerbitzua unibertsala eskeintzekoa— ez betetzea dakar, eta honek eskeintzen duen zerbitzuen kalitatearen txartzea ekarri du, honen azken adibidea eguberritako kanpainan ikusi dugu.

Esan dugun guztiaren aurrean, Bizkaiako Correoseko sindikatuok, otsailan, asteazkenero elkarretaratzea egiten jarraituko dugu 11etatik 11.30arte, Bilboko Correoseko Bulego Nagusiaren aurrean (Alameda. Urquijo-19) Correoseko enplegu suntsiketa salatzeko.

CCOO Esk UGT LAB ELA CSI-F »

 

 

 

CAFeko langileek omenaldia eskaini diote amiantoaren ondorioz hildako lankideari

0

Pasa den urtarrilaren 3an amiantoarekin lana egitearen ondorioz, CAFeko langilea zen Emilio Sanchez Ballesteros-ek bizia galdu zuen 67 urte zituela. Gaur lankideek omenaldia eskaini diote lantegian amiantoaren biktimen omenez eginiko momumentuan.

Langileek 10.00etatik 11.00etara geldialdia eta konzentrazioa burutu dute CAF Beasaingo Sarrera Nagusian amiantoaren biktimen omenez eginiko monumentuan.

Beasaingo lantegian dagoeneko 25 langile dira , beraien lanpostuetan amiantoa erabiltzearen ondorioz hildakoak eta beraien heriotza amiantoa manipulatzeak eragin duenaren errekonozimendua lortutakoak. 

CAFeko LABek gai honetan nahastuta dauden enpresen jarrera salatu dute, gaixo edo hildakoengatik indemnizazio edo laguntzen errekarguak eskatzeko oztopoak jartzeagatik. Era berean administrazioen jarrera itxia ere salatu dute, biktimak laguntzeko bideak zaildu eta Europako beste hainbat herrialdetan funtzionatzen duten konpentsazio fondo baten sorrerari uko egiten diotelako. Bide hauek ireki eta garrantzia emango balie, biktimek ez lukete auzitegietara joan beharrik izango.
 

 

 

Kitzikan sortu dute, sexu askapenaren alde borroka egingo duen gazte antolakunde iraultzailea

0

(Topatu.info).- Bi urtez eratze prozesuan murgilduta egon ostean, hausnarketa eta eztabaidetatik ekintzetara jauzi egiteko sortu dute Kitzikan. Mezu argi bat zabaldu dute Bergarako gaztetxean egindako aurkezpenean: “Kaleko indarrean sinesten dugu, kalean aurkituko gaituzue, kalea baikara”.

Bartzelonako Post-Op kolektiboaren hitzaldi batek ireki du ospakizuna. Generoaz eta post-pornoaz ikertzen duen taldea da, eta esku artean duten proiektu baten berri eman dute: “Pornortopedia“, dibertsitate funtzionala duten gorputzen gozamena helburu duen egitasmoa. “Kontua ez da post-pornoak zer egin lezakeen dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako, baizik eta haiek egin ahal dioten ekarpena post-pornoari”, azaldu dute. Premisa batetik abiatzen dira: “Ezin dugu politika queer eta feministen hitz egiten jarraitu, kontuan hartu gabe gorputz desberdinak eta horiek ematen dizkiguten aukerak”. Bide horretan, mugikortasun eta gorputza sentitzeko modu anitzak kontuan hartuko dituzten jostailuak, protesiak eta ortopedia diseinatzen dituzte.

Hitzaldiaren ondotik iritsi da gazte antolakunde berriaren aurkezpena. Kartzela Zaharra leporaino beteta eta jendea ikusminez. Umorez gidatu dute ekitaldia bi klownek, publikoa norbere buruaz eta kontraesanez barre egitera bideratuz.

1969an New Yorkeko Stonwell tabernan izandako istiluak ekarri dituzte gogora ekitaldia hastearekin bat, gertaera hori baita ekainaren 28ko nazioarteko aldarrikapen egunaren jatorria. Polizia, ohi bezala, tabernan sartu eta bertan zeuden maritxu, lesbiana, transexual eta trabestiak identifikatzen, sailkatzen eta atxilotzen hasi zen. Egun horretan, baina, Poliziaren aurka altxatu ziren 600 lagun inguru, eta istiluak jazo ziren auzo guztian zehar. Gertaera hori marketingera eta kontsumo produktu batera bideratu zuten eta dutenen aurka egin dute ekitaldian: “Gu ez gara alde horretan egongo, ez gara kapitalismoaren tranpan jausiko”.

Hain zuzen ere kapitalismoaren aurka egin eta gorputz, praktika eta herri askeak eraikitzeko, ezinbestekotzat jo dute elkarlanean aritzea eta aliantzak eraikitzea: “Ez gara lehenak izan, ezta izango ere, sustraiak iraultzeko borrokan, eta bidelagunak behar ditugu borroka honetan”. Elkarlan horretarako prest agertu dira Bilgune Feminista, Ernai, LAB sindikatua eta Medeak taldea.

LABeko kide batek azaldu du heteroaraua deseraikitze bidean prozesu feminista bat gauzatzen ari direla lantokietan, bitartekoak eta espazioak eskaintzen. Halere, oraindik egiteko asko dutela nabarmendu du: “Hasi gara gauzak aldatzen, baina zuen beharra dugu lantokiak ere askatzeko”. Bilgune Feministako kide batek hartu du hitza jarraian, eta sexualitatea eta plazera bizitzaren erdigunean jarri eta dimentsio politikoa eman behar zaiela ohartarazi du. Medeakekoek ere gorputzari egin diote erreferentzia, besteak beste: “Gorputza borrokarako arma bat da, eta bizitzaren erdigunean jarri behar dugu”. Amaitzeko, gorputzen, bizitzen eta herrien burujabetza lortze bidean feminismoak jokatzen duen ezinbesteko paperaz mintzatu da Ernai: “Gure helburua zernahi izatea da, baina beti feminismotik abiatuta”.

“Mugimendu ezkertiar eta abertzaleen arteko aliantzak ezinbestekoak dira benetako hausturak emateko”, errepikatu dute, eta gogoan izan dituzte mugimendu horietan parte hartzeagatik preso dauden euskal herritarrak: “Gurekin nahi ditugu kalean, borrokan”.

Bidelagunak alboan, antolakundearen izena eta izana lau haizetara zabaltzeko momentua iritsi da. Kitzikan, kitzikatuz eraikitzen dutelako askatasuna, askatasuna eraikitzen dutelako Kitzikan. Gauetik, kale kantoi ilunetatik, ertz zikin eta beltzetatik jaio, tranpa guztiez jabetu eta irainak itzultzen ikasi dutela azaldu dute. “Behartu gaituzte beste mundu batean bizitzera, beste unibertso batean nahi ez duguna izatera”, salatu dute, “Baina biktima izendatu nahi izan bagaituzte ere, bihurtu gara subjektu aktibo”.

Jendartea gorputz, sexualitate eta identitateen kontroletik askatzea izango du helburu Kitzikanek, antolakuntzaz jendarte osoaren askapen prozesu bat bultzatzea: “Jende askok pentsatzen du gay eta lesbianen mugimendua dela, baina ez da horrela. Sexua duen pertsona oro bildu nahi dugu, jendartea askatu”.

Kalea izango da Kitzikanen joko zelaia: “Kalean dugu etorkizuna, kalea da gure iragana, gure oraina. Kalea gara. Kalean nahi ditugu kandelak sutu, eta kandelak sute bihurtu, kaleko izakiak nahi ditugu piztu, zirikatu”. Eta jokoaren inposatutako arauak “alutik” sartuko dituztela ohartarazi dute, “berdintasun faltsuaren” ideia gaitzetsiz.

“Altxatu gara espetxeetan, estatuen arteko mugetan. Esnatu gara zubi azpian, auzoetako taberna eta gaztetxeetan, eta leku horietan guztietan dastatu dugu laguntasuna, konpromisoa, elkarlana”. Gaur arte bizi eta ikasitako guztia hartu eta bide berriari ekingo dio, beraz, Kitzikanek, hetero-patriarkatuaren kontrako borrokan proiektu politiko ausarta garatzea helburu.

Antolakunde nazional bat izango den arren, eskualdeetatik hasita sustraitu nahi dute mugimendua, eta “behetik gora” antolatuko dira, herrietako taldeek hartuz protagonismoa.
 

 

 

EITBko LABek «Debatea» programan egindako zentsura gaitzesten du

0

Berriro ere EITBko zuzendaritzak Euskal Herritarren adierazpen garrantzitsu bat baztertu egin du, eta erabaki horrekin atzera bueltarik gabeko erabakia hartu du programa oso bati bat batean amaiera emanez.

Komunikabide publikoaren sorreratik bertatik ugariak izan dira EITBko zuzendaritza guztiek boterean egon den alderdiarekin bat egin ez duten adierazpen mota ezberdinak zentsuratzeko eta baztertzeko hartutako erabaki alderdikoiak, bide horretan ezker abertzalearen inguruko zentsura edo kontrakotasuna nabarmendu delarik. Zerrenda luzea aterako litzateke, eta hau osatzeko aste honetan bertan bazterkeriaren beste adibide bat pairatu dugu: «Debatea» programan ezker abertzaleko kide den Mikel Zubimendiren parte hartzea etetea.

Alderdi espainolistei egindako presioei aurre egin beharrean, EAJren esanetara dagoen zuzendaritzak zentsuraren bideari heldu dio, eta gainera ez du solaskidearen parte hartzea etetearekin nahikoa izan eta programa osoa da bertan behera utzi duena. Alderdi horiei guziei gainezka egin die ahoak «gu gara Charlie» leloa errepikatuz. Argitaratutako aitzakiak ulertezinak eta onartezinak dira: Non ikusi da ordea komunikabide (eta publiko!) batek solaskide baten iritziekin bat ez etortzea horren urduri, ozen eta esplizituki adieraztea? Gainontzeko solaskide guztien iritziekin bai orduan? Bazterkeria horretan argi uzten du EAJk nor duen bidelagun.

EITBko LABek EITBren erabilera alderdikoia gaitzesteaz gain behin betiko konponbidea bilatzeko eskatzen die alderdi eta eragileei. Izan ere zuzendaritza bat joan, beste bat etorri, ildo editorialaren eta informazioaren kontrolaren sakoneko arazoa bertan mantendu izan da beti. Horretan lanean jarraituko dugu, eta berehala aldaketarako proposamen bat lantzen hasiko gara.

Euskal Herrian 2015eko urtarrilaren 30ean