2026-04-20
Blog Page 118

Gizain fundazioko langileek lanuztea egin dute euren soldatak Foru Administraziokoekin parekatzea eskatzeko, eta 26an grebara joanen dira

Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Gizain fundazioaren Enpresa Batzordeak deituta, bertako langileek lanuztea egin dute gaur, 12:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, Nafarroako Gobernuak fundazioaren lehenbiziko hitzarmenean sinaturikoa bete dezan eskatzeko, bigarren hitzarmenaren negoziazioak desblokea daitezen eskatzeko eta haien soldatak Administraziokoekin parekatzea eskatzeko. Azaroaren 26an greba eginen dute.

Lehenik eta behin, Gizaingo Enpresa Batzordeak –LABeko 9 ordezkarik, ELAko 2k eta CCOOko 2k osatua– salatu nahi du Nafarroako Gobernua ez dela betetzen ari fundazioaren 6.3 artikulua, hauxe dioena: “2023ko urtarriletik aurrera, FGko langileen ordainsariak, oinarrizko soldataren eta lanpostu-osagarriaren kontzeptuak batuta, FNTPAkoekin (FUNDAPA) parekatuko dira, eta hitzarmena ultraaktibitatean dagoen aldian, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileei oro har aplikatzen zaien soldata-igoera aplikatuko da”.

Gobernuak artikulu hori bete izan balu, 2023an Gizaingo langileek Administrazioko soldataren %93ko soldata izanen zuketen. Baina ez zuen bete, eta 2024an langile publiko guztiei aplikatu beharreko %2ko igoera egin zuen %93tik behera zegoen soldatari aplikatuta.

Gizaingo langileen ordezkariek bilerak egin dituzte Nafarroako Parlamentuan dauden talde politiko ezberdinekin, eta gehienek Gizain Fundazioaren I. Hitzarmena osorik betetzearen eta aplikatzearen alde agertu ziren. Baina 2025eko Nafarroako aurrekontuak negoziatzeko unea ailegatu zelarik, borondate politiko gutxi erakutsi zuten administrazioko langileekiko soldata arrakala murrizteko, eta are gutxiago langileen eskubideak errespetatzeko eta indarrean dagoen hitzarmena aplikatzeko.

Bigarrenik, Enpresa Batzordeak II. hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoera salatu nahi du. Batzordearen iritziz, zuzendari gerenteak jarrera immobilista hartu du negoziazioa 2023ko martxoan hasi zenetik oztopoak jarrita, eta hitzarmena ultraaktibitatean dago 2024ko urtarriletik.

Hori guztia dela eta, Enpresa Batzordeak lanuzterako deia egin zuen gaurko, eta greba egunerako deia azaroaren 26rako. Gaur, lanuzteaz gain, Gizaingo langileek elkarretaratzea egin dute Iruñean, PAGNA pertsonen autonomiarako eta garapenerako Nafarroako agentziaren aitzinean. Azaroaren 26an elkarretaratzea eginen dute 09:30ean Gurbindo Etxearen ondoan (Arantzadi); 12:00etan manifestazioan joanen dira Gizaingo bulegoetatik Nafarroako Jauregiraino, eta 18:00etan bertze manifestazio bat eginen dute San Jose plazatik Sarasate pasealekuko PSNren egoitzaraino.

Garbiñe Aranburu: “Osakidetzak behar duen aldaketa eragiteko unea daeta LABentzat lehentasunezko borroka da”

Azaroaren 28an Osakidetzako hauteskundeetan LAB bozkatzea osasun sistema publiko sendo eta duin baten alde egitea izango da. Hala adierazi dute sindikatuko ordezkariek Bilbon egindako agerraldian.

Langileen lan baldintzak hobetzeko, azken urteetako politika neoliberal eta klientelarrak salatzeko eta osasun sistema publikoa indartzeko hainbat ekimen jarri ditu martxan LABek. Lehenik, LEPetako iruzurra epaitegietan salatu du eta sindikatuekin adostua izango den eredu berri bat exijitu du. Bigarrenik, pribatizazio eta kanporatze prozesuak salatu eta geratu ditu, 194.000.000 euroko balioa dutenak orotara (azkenak, Arabako ESIko arreta episodioen kodetze zerbitzua eta Osakidetzaren komunikazio, lankidetza, prestakuntza eta web osagaien soluzioen zerbitzuak). Hirugarrenik, kontratuen esleipen irregularrak salatu ditu. Eta, azkenik, langileen eguneroko arazoei erantzun die.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak adierazi du Osakidetzak eraldaketa sakona behar duela: “Orain arteko politikak alboratu eta osasun sistema publikoaren aldeko apustu politiko argia behar da”.

LABek, Osakidetzan, langileen lan baldintzak hobetzeko eta eredua hobetzeko hainbat iniziatiba hartu ditu, ekintza sindikalean, lantokietan eta kalean mobilizatuz eta mahaietan eraginez.

LABen eraldaketarako ekintza sindikal konprometitua

1. Pribatizazio eta kontzertazio politikak alboratzeko ekintza sindikala: pribatizazioa eta kontzertazioa osasun sistema publikoa ahultzen eta defentsarik gabe uzten ari dira. Ez dira kudeaketan gertatzen diren hutsuneak, erabaki politiko argiak baizik; EAJren gobernuak enpresa pribatuen negozioen mesedetan hartzen dituen erabaki politikoak.

LABentzat lehentasunezkoa da politika neoliberal eta klientelarrak aldatzea. Lehentasunezkoa da publikoa defendatzea. Horregatik:

  • Pribatizazioak geratzen ari gara: Osakidetzak bere pertsonalarekin eta modu publikoan egin beharreko hainbat lan kanporatzen ditu. Publikoa edukiz eta funtzioz husten ari dira. Tantaz tanta egiten ari den pribatizazio isila da hau. Jarraipen estua egiten diogu eta hainbat salaketa sartu ditugu, bai hainbat pribatizazio geratzea lortu ere.
  • Kontzertazioa ez da soluzioa: lehen arretan hitzordua lortzeko zailtasunak eta ebakuntza edo espezialistaren osasun arreta jasotzeko eta artatua izateko dauden itxaron zerrenda luzeak izan ohi dira zerbitzuen ituntzea justifikatzeko edo aparteko orduak ezartzeko erabiltzen diren arrazoiak. Guk argi dugu hori ezin dela soluzio iraunkorra izan, eta langile publikoen kopurua eta publikoaren zerbitzu eskaintza handitu behar direla.

Azken urteetako politika desegokiek Osakidetzaren irudia eta zerbitzua kaltetu dute. Publikoak ez duela behar bezala funtzionatzen eta pribatua beharrezkoa delako ideia zalbaltzen ari da. Horrek berarekin dakar osasun sistema pribatua indartzea eta aseguru pribatuak geroz eta jende gehiagok izatea. Pribatizaziorako joera horrek, herritarren eta klase sozialen arteko arrakalak handitzea eragiten du.

EAJk aseguru pribatuak defendatzen ditu eta berriki ikusi dugu Aitor Esteban horientzat onura fiskalak mantentzea defendatzen. Osasun sistema publikoari lan karga kentzen diotela argudiatu du. Modu horretan, EAJk publiko-pribatu harremana nola ulertzen duen erakutsi du: publikoa geroz eta gehiago murriztu eta diru publikoarekin pribatuan negozioak egin,.Kasu askotan, gainera, alderdiari lotutako enpresak izaten dira onuradunak.

2. Langileekiko politikak aldatzeko eta hobetzeko ekintza sindikala: pribatizazioarekin batera, azken urteetako Osakidetzaren gainbeheraren arrazoi nagusia langileen kudeaketa desegokia izan da. Langile politikak aldatzea eskatzen dugu. Lan kargak aztertzea, plantillak handitzea, egonkortzea eta lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da; ratioen lege berri bat behar da; eta politika feministak behar dira. Izan ere, emakumeek* ardura postuetara iristeko zailtasunak dituzte, eta kontziliazio eta erantzunkidetasun politika egokirik ez dago. Azken batean, dauden Aukera Berdintasun Planak ez dira eraginkorrak.

Langile guztiok gara ezinbestekoak. Zerbitzu publiko on bat eskaintzeko guztion lana (medikuak, erizainak, zeladoreak, garbitzaileak, administrariak…) beharrezkoa da, eta guztien defentsa ezinbestekoa. Hori da LABen konpromisoa.

Kolektibo bakoitzak eskaera eta behar propioak ditu, eta aintzat hartu behar dira, baina beti ikuspegi kolektiboa zainduz. Konpartimentazioak zatitu eta ahuldu egiten gaitu Osakidetzako zuzendaritzaren aurrean. Azken urteetako negoziazio prozesuek hori oso argi utzi dute, Osakidetzak eremukako negoziazioak bultzatu eta akordioak bilatzen baititu.

Gainera, langile guztien lana balioan ez jartzeak pribatizazio prozesuak justifikatzea eta gauzatzea errazten du eta hori zerbitzu publikoaren eta, beraz, langile guztion kaltetan izaten da.

3. Euskalduntzearen aldeko jarrera argia: Osakidetza euskalduntzeko plana eskatzen dugu. Plaza guztiek izan beharko lukete profila, eta egun ez da horrela. Euskalduntzea borondatezkoa da, eta, noski, horrek ondorioak ditu: ezinezkoa da euskaraz lan egitea eta zerbitzua euskaraz jasotzea.

Eraldaketarako, eremu guztietan borrokatu: lantokietan, kalean eta mahaietan

Ez da nahikoa proposamen eraldatzaileak egitearekin; proposamen horien aldeko indarrak bildu behar ditugu. Indarrak bildu dinamika sindikal eta sozialak hauspotuz eta indar hori baliatu dauden markoetan, Osakidetza hobetzeko eta langileen aldeko neurriak lortzeko. LABetik horretan ari gara, eta horretan jarraituko dugu.

  1. Greba eta mobilizazioak dira gure bandera. LABeko jendea aktibo bat da. Lantokietan bezala, kalean ere borroka sozialak bultzatzen jarraitu behar dugu. Zentzu horretan, osasun plataformen mobilizazioak babestu ditugu eta babesten jarraituko dugu.
  2. Osakidetzako Mahai Sektoriala: Osakidetzako Mahai Sektoriala inposizioaren eta aldebakartasunaren mahaia izan da. Ez da negoziazio kolektiborik egon. Gobernu berriari Mahai Sektoriala negoziazio errealerako espazio bilakatzeko eskatzen diogu, eta LABek horretan indar handia jarriko du.
  3. Osasun Mahaia: Osasun sistema publikoaren inguruko eztabaida faltsuan ez ixteko lanean jarraitzen dugu. Diagnostikoaren fasea amaitu da. Hasierako diagnostikoak hutsune handiak zituen: eredu pribatizatzaile eta klientelarra mantentzen zen, eta egondako ekarpenekin, tartean sindikatu honenak, diagnostiko hori hobetu da: Osasun sistemaz beharrean, osasun sistema publikoaz aritzea lortu dugu; lanen kanporatzearen ondorioak aztertu behar direla jaso da; langile politikari dagokionez, datu batzuk osatzea lortu dugu, bai kontratazio politikaren eta LEP ereduaren berrikuspenaren beharra ere; osasun mentalean edo lehen arretan planteatu ditugun erronka edo hobekuntza batzuen beharra jaso da.

Hala ere, ez da gure diagnostikoa, eta ez dugu bat egiten; ez gaitu asebetetzen: pribatizazio politiken arrazoiak eta ondorioak ez dira jasotzen; ez da argitzen osasun sistema publikoaren zerbitzua titularitate publikotik eta baliabide publikoekin eman behar denik eta ez azpikontratatuz, itunduz edo pribatizatuz; pertsonala dimentsionatzearen beharra edo euskalduntzearen beharra ez dira jasotzen. Garrantzitsuak diren ekarpenak dira, eta, jaso ez direnez, boto partikularra aurkeztu dugu.

Jarraituko dugu mahaian lanean, iraultza hitzez ez, ekintzez egiten delako. Gobernuaren erabakietan ikuspegi kritikoarekin eragiten jarraituko dugu, hobekuntzak lortzen.

LABek Palestinako auziaren aldeko jardunaldi juridikoetan parte hartu du

Nazioarteko komunitateak Israelen zigorgabetasunarekin amaitzeko eta Palestinako herriaren segurtasuna, itxaropena eta eskubideak bermatzeko erakutsi duen ezintasunaren harira, Gernika-Palestina eta Yala Nafarroa herri ekimenek, European Association of Lawyers for Democracy and World Human Rights legelarien sarearekin batera, Palestinako kausaren aldeko jardunaldi juridikoak antolatu dituzte azaroaren 16an eta 18an Bilbon, Gernikan eta Iruñean.

LAB Bilboko jardunaldien inaugurazioan egon da, Amanda Verrone eta Txente Rekondo Nazioarteko Harremanen Departamenduko kideek, Amaia Gomez Federazioko Publikoko abokatua eta Mirian Campos Bizkaiko Tokiko Administrazioko arduradunak osatutako ordezkaritzarekin.

Jardunaldien helburu nagusia legelari adituek eta Palestinako herriaren autodeterminazio eskubidearekin konprometitutako elkarteek bultzatutako kasu enblematikoen egungo egoera partekatzea izan da, nazioarteko zuzenbidearen esparruan ikusten dituzten oztopo eta estrategia nagusiak nabarmenduz. Azpimarratzekoa da Palestinari buruzko NBEko Errelatore Bereziaren eta Abokatu Demokraten Frantziako Elkarteko ohorezko presidentearen parte hartzea. Goizeko lehen zatian, Nazioarteko Justizia Auzitegiak genozidioa bezalako krimenen inguruan duen iritzi aholku-emaileari buruz hitz egin da, Arabako Abokatuen Batasunaren eta Turingo Abokatuen Elkargoaren begiradaren bidez.

Goizeko bigarren zatian, Israelek Nazioarteko Zigor Auzitegian egiten dituen jarduera kriminalak zalantzan jartzeko erronkak eta aukerak aztertu ditugu, Apartheidaren aurkako Europako ekimeneko eta PAL Batzorde Juridikoko kideen eskutik. Azkenik, Palestinako Abokatuen Elkargoko kideek txosten sakona aurkeztu dute abokatu palestinarren egoerari buruz, lanbide juridikoan eta justizia sozialaren bidezko bilaketan ari direnen aurkako errepresioa eta jazarpena nabarmenduz.

Palestinar herriak amets egiteko, bere etorkizuna erabakitzeko, aske izateko eta duintasunez bizitzeko eskubidea du. Horregatik da premiazkoa luzaroegi irauten duen genozidio honi amaiera ematea. Ildo horretan, bide diplomatikoak ireki behar dira berehalako su-etena eta Palestinaren kolonizazioaren eta okupazioaren amaiera zein Palestinako herriaren eskubide nazionalak erdigunean jarriko dituen ebazpen politiko integrala lortzeko.

LAB sindikatutik mobilizatzen jarraituko dugu basakeria horri amaiera emateko, giza eskubideak urratzen dituen Israelekiko konplizitate oro salatuz. Kaleetan, lantokietan eta euskal erakunde publikoetan presio neurri guztiak aktibatzen jarraituko dugu, Israelek nazioarteko zuzenbidea errespeta dezan eta eskualdean bakea eta egonkortasuna lor daitezen. Bestalde, bertako eta nazioarteko erakundeei apartheidaren, gizateriaren aurkako krimenen eta herri palestinarrak pairatzen duen genozidioaren konplize izateari uzteko eskatzen jarraituko dugu.

Errenteriako Sanmarkosene egoitzako langileek greba hasi dute, lan jardunaldi osoa eskatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiari langile prekariorik gabeko eredua aldarrikatzen diote.

Gaurtik hasita eta asteazkenera arte, greban daude Errenteriako Sanmarkosene zehar egoitzako langileak. 125 bat langilek egiten du lan bertan, gehienak emakumeak. Gureak enpresak kudeatzen du enpresa, baina eskaintzen dituen 130 plazen %96 Gipuzkoako Foru Aldundiarekin kontzertatutakoak dira. Langileen %36k borondatezkoak ez diren jardunaldi partzialak dituzte.

Gainera, joan den irailean, enpresak lan ordutegi eta egutegi proposamen bat egin zuen. 18 langileren lanaldi murrizketa jasotzen zuen proposamenak. Horregatik, Foru Aldundiari langile prekariorik gabeko egoitza eredu bat eskatzen diote. Halaber, langile guztiei %100eko lan kontratuak ezartzea eta egutegietan akordioak egitea ere eskatzen dute. Horrez gain, Errenteriako Udalari ere konponbiderako esku har dezan eskatzen diote.

Irunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean

Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, laneko azken heriotza hau salatzeko. Azken honekin, gutxienez 54 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak.

“Prekaritateak hil egiten du. Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lemapean egin dugu mobilizazioa, garraiolaria gogoratu, lan istripua eta heriotza salatu eta heriotza hauek prekaritate eta lan baldintza kaskarren ondorio direla adierazteko.

Langileek erretiro duina izateko eskubidea aldarrikatu dugu, langile ororen adina 60 urtera aurreratu ahal izateko, batez ere ezbeharren bat izateko arriskuan daudenena. Azken urteetako kontrako joera kritikatu dugu: legezko adina eta beharrezko kotizazio-urteak luzatzea, eta erretiroa hartzeko epea atzeratzea.

Garraiolarien kasuan, aldarrikapen historikoa da 60 urterekin erretiroa hartzeko eskubidea. Argi dago adin horretatik aurrera arreta gal dezaketela gidatzerakoan, edo arrisku handiagoa dutela gaixotasun kardiobaskularra edo bihotzekoa izateko, ondorioz istripua izan, garraiolariaren beraren eta errepideetako gainerako erabiltzaileen bizitza arriskuan jarriz. Kontuan izan behar da garraiolariek tona asko karga izaten dituztela bizkarrean, eta bezeroek presaka ibiltzen direla.

Datu esanguratsua da hilero hiltzen diren garraiolariena. Estatistika latza da, hilero garraiolari bat hiltzen baita errepidean. Honezkero 11 dira aurten Euskal Herrian hildako garraiolariak. Alferrik dira estatistikak arintzeko administrazioaren trikimailuak: trafiko-istriputzat hartu nahi dituzte, noski, berez, lan-istripua dena. Garraiolariaren ezbeharra lan-istripua da, argi eta garbi, errepidean ari da lanean.

Behin eta berriz salatu dugu lan-baldintza prekarioak daudela ezbehar horien atzean. Alde batetik, patronalak ez ditu lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudiak betetzen, haien irabaziak eta onurak lehenesten baitituzte langileen bizitza eta osasunaren gainetik. Bestalde, Administrazioaren utzikeria dago, ez baitu beharrezko baliabiderik jartzen ez neurririk hartzen enpresek prebentzio-arau horiek bete ditzaten: ez dago ikuskatzaile nahikorik eta arau-urraketak ez dira zigortzen.

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRUk eskatu dugu edozein langilek izan dezala 60 urterekin erretiro duina hartzeko aukera. Batez ere, ezbeharren bat izateko arrisku handiagoa dutenek, hau da, laneko ezbehar tasa eta arriskua handiagoa dutenek. Ez dezatela pentsio-sistemaren “finantza-oreka”ren aitzakia erabili. Hala ere, azken urteetako joera, oro har, kontrakoa da: legezko adina eta beharrezko kotizazio-urteak luzatzea, eta erretiroa hartzeko aukera atzeratzea. Argi ikusi da hori, bai CCOO eta UGT sindikatuek pentsioen arloan patronalekin egindako gizarte-akordioetan, eta baita Gizarte Segurantzako arduradunek izan duten jarreran. 2013Ko azken erreforma horren adibidea da.

Sindikatu horiek defendatzen dute langileek eskubidea dutela, hala dagokienean, erretiroa hartzeko, adina aurreratzeko laneko ezbehar-tasa eta laneko arriskugarritasun handiak dituzten sektoreetan, eta ez gehiago luzatzeko gainerakoena, beti planteatzen den pentsio-sistemaren “finantza-orekaren” argudioarekin. Kolektibo kaltebera batzuentzat, erretiroaren adina haien bizi-itxaropenarekin parekatzea litzateke hori.

Era berean, ez da gehiago luzatu behar erretiro partziala hartu ahal izateko kotizatutako denbora, gaur egun 33 urtean dagoena 2013ko azken lan-erreformatik. Orduan, 65 urte bete baino 5 urte lehenago hartzeko aukera zegoen, orain 66 urte eta erdi, eta 2027an 67 urte izatera iritsiko da. Gazteak lan-merkatuan sar daitezen sustatu beharko litzateke, eta erretiroa sektore guztietan atzeratu gabe.

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Metro Bilbaoko LAB sindikatuak salatzen du “Zuzendaritzako laguntzailea” hautatzeko azken prozesuan Amaia Artetxe Barkin sartu dela erakundera.

20 urte luzez hutsik egon den tokira ekarri dute, lehenago zuzenean Gerentziaren pean zegoen eta orain iaz sortutako Komunikazioaren eta Markaren Garapenaren Zuzendaritzan kokatu dute.

Zuzendaritza berria sortu izanak eta erakunde publikoetatik datozen pertsonekin pisu handiagoa emateak, Eneko Arruebarrena Elizondo zuzendari gerenteak, 2013an Leioako alkatetza utzi eta metrora etorriak, komunikazioak gehiago kontrolatu behar edo nahi duela adierazten du, LABen ustez.

Arruebarrenaren agintaldian, 2023ko udan, zuzendaritzako bi kidek erretiroa hartu, haien eginkizunak beste zuzendari batzuen artean banatu eta bi zuzendaritza berri sortu ziren: Bezeroak eta Gizarte Berrikuntza, eta Komunikazioa eta Markaren Garapena. Bigarren horretara Estibaliz Ortiz Tinoco ekarri zuten Bizkaiko Foru Aldunditik.

Komunikazioen esparruan gehitutako langile horiei lehendik 2022ko urrian Santurtziko udaletik zetorren komunikazio-teknikari bat sartu zen metrora.

Azkenik, aste honetan Zuzendaritzako laguntzailea lanean hasiko zela iragarri da, Amaia Artetxe Barkin, Bizkaiko Foru Aldunditik bera ere. Gainera, jakin dugunez, hautatze-prozesuaren amaierara heldu diren beste bi hautagaik ere harreman edo laguntasunen bat dute Gerentziarekin.

Garrantzitsua da gogoratzea Zuzendaritzako laguntzaile postu hori beren beregi sortu zela 2000n, Ibone Bengoetxea Otaolea oraingo Lehen Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuarentzat, eta hutsik zegoela 2003tik, Metro Bilbaotik Bilboko Udaleko zinegotzi postura joan zenetik azken 21 urteotan.

LAB sindikatuak salatzen dugu “neurrirako” hautatze-prozesu hauek sortu izana, gerentearen gertuko pertsonak sartzea errazten dutelako eta, gainera, berehala ekarri eta probaldi laburren ostean Metro Bilbaoko langile finko bihurtzen dituztelako. Aldiz, lehen lerroko langileak (makinistak, geltokietakoak, mantentze-lanetakoak…) behin-behineko kontratuekin egoten dira laupabost urte, batez beste, lanposturen bat behin betiko hartzea lortzen duten arte.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.

Berako San Jose zahar etxearen patronatuaren asmo murriztaileen berri iragan urtearen bukaeran izan zuen LABek ‒Enpresa Batzordeko hiru delegatuak bereak dira‒. Izan ere, patronatuak indarrean zegoen hitzarmena salatu zuen hitzarmenaren negoziazio-mahaia irekitzeko. Eta negoziazioa irekitzearekin batera, zenbait murrizketa ezarri zituen aldebakarrez: aplikatu beharreko soldata igoerak (KPIaren eguneratzea) aplikatzeari utzi zion; egutegian markaturiko jaiegunen harira langileek urte luzez kobratu izan duten plusa kendu zuen; bajan egoteagatik kobratu beharreko osagarria murriztu zuen; eta urtean zituzten bortz egun pertsonalak berreskuratuarazi zizkien.

Murrizketa horien aitzinean, elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera azaldu izan du beti LABek, eta negoziazio mahaian murrizketa horiekiko bere desadostasuna agertu zuen. Udan, patronatuak KPIren eguneratzea aplikatu zuen, langile bakoitzaren erreklamazioaren ondorioz. Baina ez du bertze hiru murrizketetan gibelera egin.

Zaintza pertsona guztiak zeharkatzen dituen gaia izanik, LABek ezin du onartu egoera ekonomiko zehatz bat konpondu nahi izatea sektore feminizatu hau prekarizatzeko neurriak hartuz. Langileen lan baldintzetan gibelera egiten ari da patronatua, hitzarmenean jasota dauden eskubideak urratzen ari baita.

Horregatik guztiagatik, langileek sinadura bilketa abiatu dute, Berako herritarrei zuzendua, patronatuari murrizketak alde batera utz ditzan exijitzeko. Eta ez badu egiten, langileek mobilizatzen jarraituko dute, ez baitute inongo eskubide urraketarik onartuko.

Hezkuntza Laguntzako Espezialistek greba eguna izan dute gaur, baldintza duinen eta benetako negoziazioaren alde

Goizean, mobilizazio bana egin dute Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren aurrean, eta Tuteran, Foruen plazan. Arratsaldean ere mobilizatuko dira, Iruñean, Diputaziotik abiatuta, 18:00etan.

Jose Paulos LABeko ordezkariak negoziazio prozesua irekitzea eskatu du, Hezkuntza Sailak aurreko legealdiaren hasieran bertan behera utzi zuena. Gainera, hezkuntza-laguntzako espezialisten lan-baldintzak hobetzea eskatu du, baita hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntza emateko baldintzak ere.

“Hemen, zoritxarrez, esan behar dugu Nafarroako gizarteari etengabe hitz egiten zaiola inklusioaz eta engainatzen ari direla, ikasle horiekiko hezkuntza-esku-hartzean atzerakada bat dagoelako. Hain da horrela, ezen praktikan ez baita aurreikusten ez koordinaziorik, ez saioen eta materialen prestaketarik, ezta talde-lanik ere, eta horrela, ezinezkoa da inklusioan aurrera egitea”, adierazi du Paulosek.

Larunbatean hildako langilearen heriotza salatu dugu Bilbon, istripua izan zuen lekuan

Azaroaren 9an, 55 urteko G.V.M. langile autonomoa hil zen Bilboko Plaza Zirkularrean, kristalak garbitzen ari zenean 3 metroko altueratik erori ondoren. Gaur, mobilizazioa egin dugu bertan LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok, patronalak eta instituzioek gaixotu eta hil egiten gaituztela ozen salatzeko.

Azaroaren 8tik hona, hiru langile hil dira Euskal Herrian, eta urte hasieratik, gutxienez 54. Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Azken heriotza hau salatzeko mobilizazioa egingo dugu bihar, azaroaren 15ean, Donostian. 12:00etan izango da, Gizarte Segurantzaren aurrean, Loiolako Erriberetan.