2026-01-22
Blog Page 1170

CONFEBASKek ELA eta LAB legez kanporatzeko bidea ireki dezan eskatzen dio Madrilgo Gobernuari

LABek Confebasken barne dokumentu bat eskuratu du eta bertan iniziatiba berriak aipatzen dira, ELA eta LABen ilegalizazioa helburu luketenak.
Dokumentuan jasotzen dena laburtuz, badira bi sindikatu Confebaskek menderatu ezin dituenak, bidean galga egiten diotenak; dokumentuan jasotzen denez euskal enpresarientzat onena bi sindikatuok euskal eremu soziolaboraletik baztertzea litzateke, sindikatu izaera “kenduz”.

Dokumentua benetakoa bada, ELA eta LABen ilegalizazioa eskatzen ari da Confebask, sindikatu elkarte izaera kentzeak praktikan sindikatu gisa desagertzea baitakar. Sindikatuen ilegalizazioaz geroztik gaurdaino sindikatuon aurka egin den erasorik larrienaren aurrean geundeke, beraz.

Confebaskek guztiz mespretxatzen ditu gutxieneko arau demokratikoak: euskal jendarteari bakoitzak nahi duen sindikatuarekin antolatzeko eskubidea kendu nahi dio mekanismo administratibo baten bidez. Alegia, tramite administratibo batekin oinarrizkoa den eskubide bat desagerrarazi nahi du eta errealitate sindikala aldatu.
Zantzu guztien arabera dokumentu ofiziala da LABen eskuratu duguna. Tramitea martxan da (errege dekretu bidez) eta CEOEk lurralde-patronalei alegazioak egiteko eskatu die (ikus Alikanteko patronalaren web-a).

Eta larriena dena: dokumentuari sinesgarritasunik handiena Confebasken jarrera eta jokamoldeak berak ematen dio. Bere izarera autoritarioa behin eta berriz salatu dugu, langileen beharren aurrean etengabeko mespretxuzko jarrera du. Eskubideak soberan ditu eta demokrazioa ez du gogoko. Eskandalu hutsa da, bereziki honako arrazoiengatik:
Confebaskek eredu frankistara itzuli nahi du, orduan bezala, sindikatuak izan ala ez izan patronalaren erabakiek finkatu dezaten eta Estatuak arautu, langileak otzanduz eta patronalari bere erabakien garapenean lagunduz. Dokumentuak ez ditu oso toki onean uzten CCOO eta UGT.

Patronalak aukera ikusten badu bere grina frankistak aldarrikapen politiko bihurtzeko, egoerak laguntzen diolako da, eta hori bereziki larria da. Patronalak ikusten du baduela eremu politiko eta instituzionalean bere eskaerak non egin.

Dokumentu honekin 1999an enpleguaren mahaitik altxatzean hasitako bidea burutzen du Confebaskek. ELA eta LAB sindikatuok enpleguaren defentsan greba deitzean altxatu zen eta adierazi zuen bere boterearen kontra egiten zuten sindikatuekin ez zuela gehiago negoziatuko. Geroztik bere jarrera muturrera eraman du, bere interesak ororen gainetik jarriz, gehiago krisi garaian, non bere benetako altxorra eskuratu duen: euskal hitzarmenak deusezteko erreforma. Bien bitartean, alditik aldira gehiago, aurre egin diogun sindikatuon kontra aritu da, esaterako, LABek soluzioak posible egiteko proposamenak egin dituen bakoitzean.

Confebaskek ez du akordioa bilatzen, ez ditu arazo ekonomiko eta laboralak konpondu nahi. Bere arazoak konpondu nahi ditu, lan eskubideak ditu arazo, eta horien defentsan elkartu eta antolatzen diren langileak.

Herri honek krisiaren aurrean irtenbidea bilatzeko duen arazorik handiena patronal hau da. Ez LAB, ez euskal sindikalgintza, Confebask da hemen benetako arazoa, eta Eusko Jaurlaritzak harekiko duen menpekotasuna.

Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu patronal hau zilegiztatu eta babesteari uzteko behingoz. Gainera, ez dugu uste euskal enpresarien gehiengoak bat egiten duenik Confebasken jarrerarekin. Aspaldi utzi zion Confebaskek enpresa txiki eta ertainaren interesak defendatzeari, enpresa handien bozgorailu izateko.

Ordua da benetako eztabaida eta negoziazio bat irekitzeko behar dugun lan harreman esparruari buruz. Euskal instituzioen ardura da askatasun sindikala, antolatzeko eta gure interesen alde borrokatzeko eskubidea ziurtatzea.
ELArekin harremanetan gaude eta beste sindikatuekin ere egongo gara. Estatuko beste sindikatuei dokumentuaren berri emango diegu erantzun partekatu bat adoste aldera.

Amaitzeko, langileok osatzen dugun euskal gehiengo sozialaren interesen alde elkarrekin borrokatzeko antolatu diren langile guztien lana azpimarratu nahi dugu. Gure aitortza osoa LABen bat egin duten langileen lanari, sindikatu honetatik patronalari aurre egiten jarraitzen dutenei, lan eskubideak eta eskubide sozialak defendatuz. Ez dugu inolako asmorik eskubide horiei muzik egiteko. Lan zentruetan antolatzen jarraitzeko deia egiten dugu, baita jendartean ere, hori da bidea. Bai, galga gara, oztopoa, patronalarentzat, eta horrela izaten jarraituko dugu, lanean, enpresetan eta jendartean orohar erresistentzia gero eta handiagoa izan dadin.
 

 

LABen bere balorazioa publiko egin nahi du Kataluniako Cominter enpresak papelera erosi izanaren inguruan

0

Gureola Hernaniko papelera historikoan ordezkaritza osoa LABek izanagatik, ez du publiko egin orain arte Gureolan egin duen lana ezta baloraziorik egin. Hala ere, azkenaldian agertutako albisteei erantzunez, bere balorazioa publiko egin nahi du Kataluniako Cominter enpresak papelera erosi izanaren inguruan.

Lehenik eta behin, krisiak gogor zigortutako Buruntzaldea eskualdean enplegua eta aberastasuna sortuko duen proiektu baten sorrera pozez ikusten dugu. Jadanik papelera martxan jartzeko lanetan ari dira, eta enpresak egiten dituen aurrikuspenen arabera, datorren urterako denera zuzeneko 50 bat lanpostu sortuko lirateke, gehi sortuko liratekeen zeharkako lanpostuak. Zentzu horretan, LABek Cominter enpresarekin adostutako akordioa bete eta lanpostuetan Gureolako langileek lehentasuna izan dezatela exijitzen dugu, bai eta lan baldintzen inguruko akordioa betetzea ere.

Hartzekodunen konkurtsoaren barruan enpresa batek interesa agertu izanak eta papelera martxan jarri izanak, LABek bere garaian egin zuen irakurketa berretsi du, hau da, papelera isteko arrazoia ez zela papeleraren ustezko lehiakortasun falta, eta itxieraren atzean zegoen arrazoi nagusia urteetan egindako kudeaketa txarra dela.

Prozesu honek nabarmen uzten du gaur egun, industria ehunaren desagerpenaren aurrean, honelako proiektuak martxan jartzeko benetako borondate eta konpromisoa agertzen duten bakarrak langileak direla. Kasu honetan, kaleratuak izanagatik, Gure-Olako langile sentitu izan diren langileak izan dira hilabete luzez euren etorkizunaren alde borroka egin dutenak, euren egoeraren erantzuleak salatuz eta hilabeteetan enpresako ondasunak babestuz, lanpostuen defentsa egin dutenak. LABek, langileen ordezkaritza izanagatik, prozesu horretan hamaika bilera eta hamaika lan egin ditu enpresarentzat irtenbide bat topatzeko. Aipatu behar dugu baita ere, LABek langile kolektibo osoaren eskubideak defendatu ditugula, eta langile guztien borroka txalotu nahi dugu: Langileengatik ez balitz, proiekturik ez litzateke egongo, eta makineria aspaldian hondatuta legoke. Langileen borrokaren ondorioz piztu da enpresak aurrera egiteko aukera.

Zentzu horretan, onartezina deritzogu Industria Sailari dagokion zeregin bat (ehun industrialaren defentsa eta enpresen bideragrritasuna bultzatzea) langileek eta LABek euren bizkar hartu ondoren, hauteskundeetako kanpainarako Jaurlaritzan agintean dagoen PNVk enpresaren irekiera erabili izana.
 

 

 

Eskubide Sozialen Kartaren aurkezpena Iruñean eta Kalejira Bilbon

Azaroaren 21ean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren aurkezpena egin zen Nafarroan, Iruñeako Katakraken. Bilbo berriz, eskubideak bermatu asmoz politika publikoak aldatzeko kalejira burutu zen Bilbon.

Santi eta Josu gogoan

0

Azaroaren 20an, eta urtero moduan, gogora ekarri zituzten Bilbon duela 30 eta 25 urte, hurrenez-hurren, erahildako Santi Brouard y Josu Muguruza politikari abertzaleak. Militante, lagun eta familiak lore eskaintza egin zuten bai Muguruzaren eta bai Brouarden omenez jarritako bi monolitoen aurrean. LAB sindikatuko ordezkaritza bat bertan izan zen.

 

 

 

Oso arrakastatsua izan da gaurko greba Osakidetzako Gipuzkoako zentroetan

0

Gaur Gipuzkoako zentroen txanda izan da eta bertan deituta dagoen grebaren jarraipena garrantzitsua izan da. Aurreko lanuzteetan bezala, ezin dugu inolako zifrarik eskaini, inposaturiko zerbitzu minimoekin ez dagoelako jakiterik zenbat langilek atera behar zuten grebara.

Bestaldetik, Donostian manifestazioa burutu dute langileek Arabako eta Bizkaiko zentroetan kontzentrazioak burutzen ziren bitartean.

Ez dugu amore emango Jaurlaritzak inposaturiko “gutxieneko zerbitzuak” salatzeko orduan greba eskubidea bertan behera uzten baitute. Bestaldetik, Osakidetzak eman dituen jarraipen kopuruak errealitatetik oso urrun daude: langileen %6,7 edo % 10 atera dela grebara diotenean, soilik ari dira kontuan hartzen zerbitzu minimorik ez daukan langile kopuru txikia. Beraz, honetan ere tranpa. Eta lotsagarriena da greba egunetan inoiz baino operazio onkologiko gehiago programatzen dituztela dena martxan egotera behartzeko, asteburu, jaiegun eta oporretan ez direnean programatzen… orduan bai itxaron daiteke? Minbiziak ba al daki egutegiaz? LABek exijentzia argia luzatzen dio Osakidetzari: itxaron zerrendak gutxitzeko helburutan, gaur bezalako onkologi eta urgentziazko ebakuntza kopurua egin ditzala asteburu eta jaiegunetan ere, baina ordu estrarik ordaindu gabe. Beste exijentzia bat: gaur bezalako langile kopurua mantentzea jaiegun guztietan.

Datorren astean Bizkaiak hartu du lekukoa, bertan greba eguna deituta baitago. Eta abenduaren 4ean, greba orokorra Osakidetza osoan 24 orduz. Bitartean, sindikatukok 24rako gaude deituta mahai sektorial berri batera. Bertan Osakidetzak aukera ezin hobea izango du zentzuko jarrera arduratsuz jokatzeko eta honako lanuzteak geldiarazteko. Jadanik ez dute inor engainatzen. Euskal jendarteak oso argi dauka zein den gure borroka eta zein den osasun publikoaren gainbeheraren erruduna. Garaiz gaude bide onera bueltatzeko.
 

 

 

Ogasunaren azoka eraikinak langileei osasun-arazoak eragiten dizkie, airea girotzeko instalazio desegokia baitu

0

Lan Ikuskaritzak errekerimendua egin dio Ogasunari, eta Osalanek ere neurriak hartzeko eskatu dio. Horrez gainera, azken neurketetan bakterio-kutsadura handia dagoela hauteman da.

Duela 20 urte Aldundiak Ogasuneko bulegoak Azoka eraikinera aldatu zituenetik, behin eta berriz salatu dugu zergadunei eta langileei dagokienez beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez dituen eraikin industrial bat dela.

Sail guztiak Abandoibarrara eramateko proiektuak huts egin ondoren, Aldundiak baztertu egin zuen, eta, 2010ean, Ogasunak instalazioak guztiz berritzeko proiektu bat aurkeztu zigun. Baina, 2012an, berritze-lanak bertan behera utziko zituztela jakinarazi ziguten, eta, beraz, langileen artean zabaldutako lan-baldintzak hobetzeko itxaropen guztiak zapuztu zituzten.

Denbora honetan, langileen kexak etengabeak izan dira eta hainbat salaketa aurkeztu dira eraikineko ingurune-baldintza txarrengatik. Salaketaren muina da airea girotzeko sistema desegokia dela, karga elektrostatiko handia duela eta giroan hezetasun erlatibo eskasa dagoela.

2008an, LABek lipoatrofia kasuak agertu izana salatu zuen. OSALANek eraikin gaixoaren arazoa zegoela baieztatu zuen, eta giroan hezetasun erlatiboari dagokionez zegoen arazoa konpontzeko neurriak hartu behar zirela jakinarazi zuen.

Aurtengo martxoan, eraikineko baldintzek osasun-arazoak sortzen zituztela agerrarazteko, eraikineko langileen 592 sinadura bildu ondoren, LABek salaketa bat aurkeztu zuen. Lan Ikuskaritzak errekerimendu bat bidali zuen erantzun gisa. Errekerimendu horretan, giroan % 50etik gorako hezetasun erlatiboa bermatzeko neurri zuzentzaileak hartzeko eskatzen zion Aldundiari.

Aldi berean, eraikina bisitatu ondoren, OSALANek esan zuen ez zegoela daturik airea girotzeko sistemak instalazioetan sartzen duen airearen berritze-mailari buruz. Egoera horren aurrean, gomendio hauek egin zituen: ozonoaren jatorria zehazteko eta kanporako aire-erauzketak jartzeko, formaldehidoaren iturriak bilatzeko eta maila ahalik eta txikiena lortzeko neurriak hartzeko. Karga elektrostatikoari dagokionez, instalazioak eta altzariak aldatzeko eta aldaketa arrisku elektrostatikoa aintzat hartuta egiteko zioen.

Horrez gainera ingurumen-kalitateari buruzko txosten berri batek ezarri du, ekainean egindako neurkeren arabera, bakterio-kutsadura handia dagoela. Zehazki, bulegoetan egindako neurketen emaitzen % 66,6 arauturakoaren kontrakoak da.

Aldundiak ez ditu zehaztu hartuko dituen neurri zuzentzaileak, eta eraikinean neurketa gehiago egitera mugatu da. Gainera, ez du betetzen Lan Arriskuen Prebentzioaren Legeak xedatutakoa, ordezkari sindikalak kontsultatzeari eta ordezkari horien parte-hartzeari dagokionez.

Egoera honen aurrean, Ogasuneko langileek pasa den ostiralean egin zuten batzarrean erabaki zen hilaren 20an protesta egitea eta Ogasunari arazoa konpontzeko eskatzeko idazkiak aurkeztea. Hala egiten ez badu, mobilizazioak deitzeko aukera aztertuko da.
 

 

 

Negoziazio kolektiboari egindako erasoa salatu dugu EUDELen

Gaur, azaroak 20, LAB sindikatuko udal-foru sektoreko delegatuok EUDELek Bilbon duen egoitzaren aurrean bildu gara, udalen elkarte honek Negoziazio Kolektiboarekiko duen jarrera salatzeko eta toki erakundeetako langileon lan-baldintzak (25.000 langile baino gehiago EAEko udal-sektorean) arautzen dituen UDALHITZ akordioa berritzea helburu izan behar duen benetako negoziazioa aldarrikatzeko. Ildo horretan, sindikatuko ordezkariek gaur bertan Bilbon biltzen zen EUDELeko exekutiboari idazki bat helarazi diote.

Iragan ostiralean, azaroak 14, EUDELek negoziazio mahaia deitu zuen UDALHITZ akordio/hitzarmenaren negoziazio kolektiboari ekiteko. Batzarraren aurrekaria hau da: LAB sindikatuak 2010etik berritu gabe dagoen UDALHITZ akordioa berritzeko negoziazio prozesua zabaltzea eskatu zuen 2014ko martxoan eta bere proposamena edo plataforma helarazi zion EUDELi. Horren ondorioz uztailean egin zen batzarrean EUDELek irailean negoziazio mahaia deitzeko konpromiso hartu zuen. Irailean ez zuen deialdirik egin eta pasa den ostiralean, bi hilabete berandu, egin zen bilera.

EUDELek, ostiralean, proposamen bat helarazi zigun bertaratutako langileen ordezkarioi. EUDELeko ordezkarien hitzetan proposamenak exekutibo osoaren oniritzia (EAJ, PSE eta PP) eta "iraungitze data" zeukan, alegia, gaur bertan, azaroak 20, exekutiboaren batzarrean behin betiko erabakia hartu behar zela eta sindikatuok 48 ordu lehenago “edo hartzen da ez da hartzen” erantzun behar genuela, hau da, azaroaren 18rako.

EUDELen eskaintza 2014 eta 2015 urteetarako da eta hau jasotzen du: kendutako 2012ko abenduko aparteko ordain-saria kontsumo-mailegu baten bitartez konpentsatzea (itzulketa nola saihestuko duten zehaztu gabe), 2014rako % 0,6ko igoera produktibitate-osagarri baten bitartez (soldatan kontsolidatuko ez litzatekeena), 2015erako ezer ere ez eta 2012-2013 urtetan galdutako erosteko ahalmenaren aitortza, baina kuantifikatu gabe eta ordaintzeko konpromiso irmorik gabe. Horrez gain, EPEen aktibazioari buruz hitz egiten dute, ordezkapenekin eta hutsik dauden plazak betetzearekin lotuz, baina inongo zehaztapen edo aplikazio praktikorik gabe, EPEak eta ordezkapenak Estatuak debekatuta baititu.

LABen iritziz:
1) EUDELen jarrera onartezina da, langileok daukagun negoziazio kolektiborako eskubidea larriki urratzen duelako, alde batetik, negoziazio-gaiak nabarmen mugatzen dituelako eta, bestetik, proposamen itxi bat egin duelako eztabaida eta sindikatuon ekarpenak saihestuz. NEGOZIAZIO-EZA eredu hori modu larrian zabaltzen ari da sektore pribatuan ez ezik sektore publikoan ere, Eusko Jaurlaritzaren mahai orokorrean etengabe ikusten ari garen bezala.
2) Bestaldetik, EUDELek eta exekutiboa osatzen duten EAJ, PSOE eta PP alderdiek lau txakur txikirengatik erosi nahi dituzte langileon eskubideak. Azken urteotan galdutako erosteko ahalmenarekin konparatuta lansarien igoera benetan kaskar bategatik langileok amore ematea eta funtsezkoak diren gaiak alboratzea nahi dute: lanaldia, kontziliazio neurriak, lan-baldintzak, lan-osasuna, euskararen sustapena, genero berdintasuna lortzeko neurri eraginkorrak, kalitatezko zerbitzuak bermatzeko enplegua sortzea, pribatizazioei aurre egitea, subkontratetako langileen eskubideak eta abar luze bat.
LAB sindikatuak ez du inolaz ere onartuko ez negoziazio txantajistarik ez eta salerosketa planteamendu hori ere; aitzitik, irmoki defendituko ditu langileen eskubideak eta herritarron zerbitzu publikoak.

Horrenbestez, LAB sindikatuak EUDELi UDALHITZ akordio/hitzarmena berritzeko benetako negoziazio kolektiboa –gaiak aurretiaz mugatu gabe eta sindikatuon ekarpenak kontuan izango dituena– zabaltzea galdegin dio. Hala ez balitz, EUDELek langileok aurrez-aurre izango gaitu.
 

 

 

Emakumeon pobretzeari aurre egingo dio LABek Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñean

Azaroaren 25a, emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna gerturatzen ari den honetan LABek ezinbestekotzat jotzen du emakumeon pobretzeari aurre egitea. Jada ez du inork zalantzan jartzen euskal herritarron gehiengoa gero eta pobreagoa garela. Pobretze prozesu honen adierazle diren datu eta estatistikek, gehienetan, genero ezberdintasunak ezkutatzen dituzten arren, kaltetuenak emakumeak izaten ari gara.

Emakumeon parte hartzea lan merkatuan beti izan da bigarren mailakoa, aitortza baxuagoko eta lan baldintza prekarioenetako sektore eta lanpostuetara bideratu gaituzte. Gaur egun egoera are gehiago gogortu da.

Guzti hau salatzeko, bihar, azaroak 21, Arabako Emakumeen Bilkura antolatu du sindikatuak, eta ondoren, 12:30etan, Bilbo plazan konzentrazioa egingo da "Emakumeon pobretzeari aurre egin" lemapean. Gainontzeko hiriburuetan ere mobilizazioak egingo dira, Donostian, elkarretaratzea azaroaren 24ean egingo da 12.30etan gizarte segurantzaren aurrean (Zurriola kalea 12), Bilbon azaroaren 25ean, giza katea abiatuko dute Bizkaiko Diputaziotik 12etan eta Iruñean 12.30etan Udaletxe aurrean mobilizazioa egingo da.

«Emakumeon POBRETZEARI aurre egin»
Espainiar eta Frantziar estatuek, zein Gasteiz eta Iruñeko gobernuek, herria pobretzearen aldeko hautu politikoa egin dute. Horretarako krisiaz baliatu, eta ezarritako neurri, erreforma zein murrizketa guztiak bide beretik joan dira; gehiago dutenek gehiago izan dezaten, eta gutxiago dutenek aldiz, gero eta gutxiago.

Jada ez du inork zalantzan jartzen euskal herritarron gehiengoa gero eta pobreagoa garela. Pobretze prozesu honen adierazle diren datu eta estatistikek, gehienetan, genero ezberdintasunak ezkutatzen dituzten arren, kaltetuenak emakumeak izaten ari gara.

Emakumeon parte hartzea lan merkatuan beti izan da bigarren mailakoa, aitortza baxuagoko eta lan baldintza prekarioenetako sektore eta lanpostuetara bideratu gaituzte, gure lana gizonezkoen lanaren osagarritzat jo dutelako.

Gaur egun egoera are gehiago gogortu da, behin behinekotasun tasak gero eta handiagoak direnean, emakumeon kasuan %23,8koa da, gizonezkoen %17,7aren aldean. Patronalak lanaldi partzialak gero eta gehiago zabaltzeko apustua egin du eta ezin dugu ahaztu lanaldi mota honetan dihardutenen %94,69a emakumezkoak direla. INEren azken datuen arabera, gizonezkoek baino %36,2 gutxiago kobratzen dugu. Gizon eta emakumeon soldaten arteko aldea gero eta gehiago handitzen ari da eta honek, gainera, ondorio zuzenak ditu ondoren jasotzen ditugun prestazioetan (langabezian, ezgaitasunak, erretiro pentsioak…).

Bien bitartean, erakunde ezberdinek, arazoaren muinera jo eta erabaki ausartak hartu beharrean, dagoeneko ahula eta nahikoa ez den babes sozial sistema eta prestazioak hartu dituzte jomugan. Honek kolpe bikoitza dakarkigu emakumeoi: alde batetik, emakumeok gara hein handi batean prestazio hauen jasotzaileak (datu esanguratsu bat: guraso bakarreko familien artean %88,6ak emakume bat dute buru eta, hauetatik, %40k langabezian dagoen emakume bat) eta, bestetik, sistemak bete beharko lituzkeen premiak, zaintza kasu, emakumeon bizkar uzten dituzte.

Pobrezia ere indarkeria da, emakumeak pobreziara kondenatu nahi gaituzte, menpeko izaki bihurtu. Emakumeok burujabetza ekonomikoa behar dugu gure bizi proiektuak modu aske batean garatu ahal izateko. Honetako gaur egungo lan harremanen eredua irauli behar dugu, eredu berri bat behar dugu, generoen araberako lan banaketa gaindituko duena eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna oinarri izango duena. Lana eta aberastasuna banatzea bideratuko duen eredua, langabezia, prekarietatea eta pobrezia egoerei aurre eginez eta langileen eskubideak errespetatuz !

 

 «Emakumeon POBRETZEARI aurre egin» [PDF]
 Azaroak 25 Kartela [PDF]

Deialdiak

ARABAN
– Azaroaren 21ean, 9:30 etan Arabako emakumeen bilkura
(Gasteizko egoitzan)

– 12:30etan Bilbo plazan
konzentrazioa/ingura

GIPUZKOAN
– Azaroaren 24ean, 9:30etan Gipuzkoako emakumeen bilkura
(Emakumeon etxean, alde zaharrean)

– 12:30etan
konzentrazioa gizarte segurantzaren aurrean (Zurriola 12)

BIZKAIAN
– Azaroaren 25ean, 9:30etan Bizkaiko emakumeen bilkura
(Bilboko egoitzan)

– 12:00etan giza katea
Bizkaiko Diputaziotik abiatuta

NAFARROAN
Azaroaren 25ean, 9:30etan Nafarroako emakumeen bilkura
(Areto Gorrian)
12:30etan Udaletxe
plazan mobilizazioa
 

 

Praktikan, estatuko eskaintza eta Eusko Jaurlaritzaren eskaintza berdina da, koste sozialean oinarritutako jarduera ekonomikoa

0

Enpresa itxierak, enplegu suntziketa eta sare produktiboa bera kolokan jarraitzen dute, nahiz eta Eusko Jaurlaritzatik politika industriala oinarri gauzak ondo egiten ari direla behin eta berriz esan. Zoritsarrez errealitateak politikoen titularrak ireinsten ditu, langileek pairatzen dituzten erasoen aurrean bakardade egoera nagusituz.

Hemengo enpresak ixten dira merkatua eta produktua edukita energia eta finantza kostuak Europako beste edozein herrialdean baino altuagoak direlako. Hemengo hainbat enpresa deslokalizatzen dira subentzio publikoak jaso eta gero subentzioen atzean erantzunkizun sozialeko baldintzarik ez delako jartzen. Industria sailak eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenek ez diote egoera honi begirako interbentzio propiorik, eskaintza propiorik, nahiz eta beharra agerikoa izan.

Industriaren pisuaren galera ez da krisi honetan hasi, suntziketa iraunkorra duela 30 urte hasi zen, baina krisi honek agerian utzi du gobernuaren politika industrialaren planteamenduak dituen mugapenak egoera integralariri benetan buelta eman ahal izateko. Azken urteetan, 2008-2013 epean, metalak sare produktiboaren %15a galdu du eta enplegu zenbakiak oinarri sektore manufaktureroak enpleguaren %26a galdu egin du. CAVen Eusko Jaurlaritzak argitaratutako enplegu zensoa oinarri 60,000 enplegu suntsitu egin dira. Eusko Jaurlaritzaren interbentzioa eremu honetan erabat kontinuista, eta multinazionalekiko eta kapital handiekiko erabat menpekoa.

Sindikatuak askotan errepikatzen du: Euskal herriak badu sare produktibo handia eta dibertsifikatua, langile kualifikatuak eta inoiz eduki dugun gazteriarik formatuena. Klabe hauek oinarri indargune nahiko ditugu EHko langileei beste eskaintza bat egiteko, aberastasunaren eta enpleguaren banaketan oinarritutako eskaintza, balio erantsian eta industrian oinarritzen den eskaintza bat egiteko. Baina, I+Dan eta inbertsioan atzean geratzen ari gara

Iniziatiba publikoa, ekimen politikoa horra begira egon behar da. Eusko Jaurlaritzak bere buruari galdetu behar dio: Estatuak Dekretu bidez eskainitako erreforma zikloa oinarri EHko langileei balio erantsian, enpleguan eta aberastasunaren banaketan oinarritutako eskaintza bat egin daiteke? LABek dio ezetz.

Estatuak hartutako erabakia da alde batetik kostuetan konpetitzea da. Hau da, España Europako Txinan bihurtu. Eta beste alde batetik soldatak dibidendoaren bermatzailea izatea, soldata eta baldintzak iraunkorki erasotuak izateko egoera juridikoa sortu epe motzeko enpresa handien dibidendoen nahia bermatzeko. Lan kostuak eta baldintzak ez dira eta ez dira oztopo izango, honela laburtu daiteke estatuak egiten duen eskaintza.

Balio erantsian oinarritutako jarduera ekonomikoan formakuntzak balio zentrala du, langileak iraunkorki bereganatutako formakuntzak balio zentrala du. Pertsonek balio zentrala dute. Estatuak eskeinitako eskeman pertsona epe motzeko bariable ekonomiko izaerara mugatzen du, balio gabeko bariable ekonomikoak dira.

Horregatik Eusko Jaurlaritzak erabaki behar du, edo estatuko dekretuak oinarri industriaren suntsiketaren aurrean erabaki berririk ez hartu edo benetan iniziatiba politiko oinarri bide propio bat eskaintzea hemengo sare produktibo eta langileei. Gaur egun praktikan, estatuko eskaintza eta Eusko Jaurlaritzaren eskaintza berdina da, koste sozialean oinarritutako jarduera ekonomikoa.

Eusko Jaurlaritzaren lan eskeman irabazle bakarra patronal handia da, konpromiso sozial gabeko subentzio politikak aurrera egiten duelako nahiz eta langileen baldintzak eta enplegua erasotzen jarraitu. Tapia periodikoetatik enteratzen da itxiera berri batetaz enpresa handiek badakitelako diru publikoa, subentzio politika, ez dagoela zalantzan. Baina Eusko Jaurlaritza benetan kezkatu behar diona da langileen egoeran Tapia medioen bidez enteratzea edo aurretik jakitea ez dagoela ondoriorik, langileak enpresa handien erabakien aurrean umezurtz daudelako.

Adibideak behin eta berriz errepikatzen dira. Tapiak atzo esan zuen Candy bideragarria dela. Zer egingo du berak eta bere ekipoak itxiera eman ez dadin?Cables multinazionalak, irabazi haundiak metatzen dituen itxiera baten aurrean, Jaurlaritzak proposatzen duen irtenbidea indemnizazio altuak negoziatzea da. Hala ere, LABek, enpresaz enpresa enpleguaren aldeko borrokan aurrera egingo du, egiten ari garen bezala bideragarriak diren enpresen itxieratan, proiektu industrial berriak martxan jartzeko borrokan. Tamalez, langileak umezurtz daude, eta askotan eurak dira ehun industrialaren defentsa egiten duten bakarrak.

Bidegurutze batean gaude eta hau da iniziatiba politikoetarako momentua. LABek irteera bide propioan, bide berrian kokatzen du, berriro ere eztabaidak honela kokatuz:

-Langile eta gazteriari aitortza. Lan harreman eredu berri bat beharrezkoa da langileak bariable ekonomiko bat ez izateko, balio erantsiaren subjektuaren aldeko aitortza beraz egin behar da. Lan harreman eredua eta eredu produktiboa edo garapen eredua, eskutik doaz. Milaka ikasketak argi esaten dute lan kostuen murrizketen bidetik ez dagoela lehiakortasunik, soilik epe motzeko dibidendoa.

-Sare produktiboaren aitortza. Subentzioen konponente soziala bermatu behar da. Diru publikoa erantzunkizun soziala bereganatzen duenarentzat, izan enpresa handia zein txikia.

-Erabaki propioak hartu politika energetikoan eta enpresen finantziazio arazoen aurrean. Alternatiba errelaka eskeini eremu industrialari.

-Eremu publikoaren benetako interbentzioa Ehko ekonomiak dituen sektore estrategikoak bermazteko. Estrategiakoak badira horri begirako benetazko interbentzioa egon beharko da.

Urgentziaz erabaki politiko hauek hartzen ez badira, enpresak ixten jarraituko dute; langabezia, prekarietate eta pobrezia egoerak areagotu egingo dira eta sortzen den aberastasuna gero eta okerrago banatua egongo da, gizartearen dualizazioan urrats berriak emango direlarik.